Oinezko bat inguratu zitzaidan laster, eta honek, pixka batean nire zaldiaren ondoan ibili ondoren, bide beretik baikindoazen, soinean zeraman berokia nire zaldiaren atzealdean ipintzeko baimena eskatu zidan. Baiezkoa egin nion, isilik. Fintasun xumez eskertu ninduen mesede xume harengatik, nire zaldia goretsi zuen, horrek aukera eman zion aberatsen zoriona eta boterea goraipatzeko, eta, ez dakit nola, bakarrizketa moduko bati ekin zion, ni entzule gisa harturik.
Bizitza eta munduari buruzko bere iritziak azaldu zituen, eta handik gutxira metafisikara heldu zen, honen zeregina enigma guztien soluzioa den gakoa aurkitzea zela esanez. Argitasun handiz azaldu zuen betebehar hori, eta ondoren horren erantzunari buruz hasi zen.
Badakizu, lagun, beti aitortu dudala, filosofoen ezaguera izan nuenetik, ni ez naizela batere iaioa espekulazio filosofikoetarako, eta erabat ukatu diodala neure buruari jakintza hori. Ordutik gauza asko utzi dut bere hartan, zer ikasi eta zer ulertu asko baztertu dut, eta, zuk gomendatu bezala, neure zentzuaz fidatuz, neure baitako mintzoari jarraitu diot ahal izan dudan heinean. Hala ere, iruditu zitzaidan talentu handiko hizlari hark egitura sendo bat zeukala eraikita, bere buruan oinarriturik gora altxatzen zena eta barruko premia batek zutik mantentzen zuena. Baina barren hartan bilatu nahiko nuen zera faltan antzeman nuen, eta beraz arte-lan hutsa iruditu zitzaidan hura, osotasun eta perfekzio airos batez begiei soilik plazer emateko egina. Baina gogo onez entzuten nion hiztun eder hari, nire arreta oinazeetatik beragana saihesturik, eta pozik erakutsiko niokeen neure barrena, nire zentzua aintzat hartu zuen bezala nire arima ere hartu balu.
Bitartean denborak aurrera egina zuen, eta konturatu baino lehen egunsentiak argitua zuen zeru aldea. Hotzikara sentitu nuen, halako batean gora begiratu eta koloreen oparotasuna zabaltzen ikusi nuenean ekialdean, eguzki hurbila iragarriz. Eta une hartan, itzalak beren luzera osoan nabarmentzen zirenean, ez zen ageri eremu hartan ez babesik, ez gotorlekurik! Eta ez nengoen bakarrik! Nire lagunari kirik egin eta hotzikara sentitu nuen berriro: nor izango eta zamar griseko gizona!
Nire txundiduragatik irribarre egin eta honela jarraitu zuen, niri hizketan utzi gabe:
— Munduan ohitura den bezala lot ditzagun pixka batean bakoitzaren abantailak, aski denbora dugu-eta bereizteko. Mendian zehar doan bide hau, oraindik horretan pentsatu ez baduzu ere, zentzuz aukera dezakezun bakarra da; ezin duzu bananera jaitsi eta are gutxiago itzuli nahiko duzu orain arteko mendietan barrena. Hauxe da nire bidea ere. Zurbiltzen ikusten zaitut eguzki sorrerarekin. Elkarrekin goazen bitartean utzi egingo dizut zure itzala, eta horren trukean jasan nazazu zure ondoan. Ez daukazu nonbait Bendel aldamenean; zerbitzu onekoa izango natzaizu. Asko sentitzen dut zuk ni ez maitatzea. Horregatik, nitaz balia zaitezke. Deabrua ez da pintatzen duten bezain beltz. Atzo gogotik haserretu ninduzun, egia, baina gaur ez naiz mendeku gose, eta gainera laburrago egin dizut honainoko bidea, aitortu beharrean zaude. Tori berriro zure itzala, proba dezazun.
Eguzkia sortua zen eta bidetik jendea zetorren guganantz. Higuin minez izan arren, onartu egin nuen eskaintza. Deabruak irribarrez nire itzala lurrean lerratu, eta honek zaldiaren itzal ondoan hartu zuen leku, nire ondoan lau oinean pozik. Oso arraro sentitzen nintzen. Nekazari talde baten albotik igaro nintzen, eta hauek, buru-hutsik, errespetuz utzi zioten leku hain eskuarte zabaleko gizonari. Aurrera jarraitu eta begi irrikatsuz eta bihotza taupaka begiratu nuen saiheska zaldiaren azpira, berez nire itzala zenari, orduantxe arrotz batek, hain zuzen ere etsai batek mailegatua.
Hau kezkarik gabe zihoan nire alboan, eta gainera txistuka. Bera oinez, ni zaldiz. Zorabioak hartu ninduen, handiegia zen tentazioa; bat-batean uhalak jiratu, bi ezproiak tinkatu, eta arrapaladan abiatu nintzen saihesbide batetik. Baina ez nuen itzala neurekin eraman, zaldia jiratzean hura irristatu eta errepidean geratu zen bere ohiko jabearen zain. Lotsaz itzuli behar izan nuen.
Zamar griseko gizonak, txistuka aritzeaz lasai bukatzean, nitaz barre egin, berriro niri itzala zuzen ipini eta azaldu zidan niri itsatsirik eta nirekin geratu nahiko zuela, ostera haren jabe zuzen egiten nintzenean.
— Itzaletik eusten zaitut —jarraitu zuen—, ezin duzu nigandik alde egin. Zu bezalako gizon dirudunak itzalaren premia dauka, nahi eta nahi ez. Gogorra da zu horretaz lehenago konturatu ez izana.
Lehengo bide berari lotu nintzaion. Berriro aurkeztu zitzaizkidan bizitzaren erosotasun guztiak, baita luxuak ere. Libre eta aise ibil nintekeen itzal baten jabe, mailegatua izan arren, eta aberastasunak eskatzen duen errespetua ezartzen nuen leku guztietan. Baina heriotza neukan bihotzean. Nire lagun miresgarria, munduko gizon aberatsenaren morroi eskas omen zena, inor zerbitzatzeko ikusgarri iaioa zen, txit trebe eta abila, benetan zerbitzari aproposa aberatsarentzat. Baina ez zen aldentzen nire ondotik eta etengabe aritzen zitzaidan hizketan, bere konfiantza osoa jarrita nik itzalaren tratua onartuko nuen egunean, bera nire aldamenetik bidaltzeagatik bazen ere. Gogaikarria eta gorrotagarria zen. Beldur ematen zidan haren aurrean egoteak. Haren menpe nengoen. Eutsi egiten zidan, hark ni berriro munduko edertasunera ekarri eta gero, ni ihesi ibili ondoren. Jasan beharra neukan haren hizketako etorria, eta argi antzematen nuen arrazoi zuela. Aberatsak itzala behar du munduan, eta, hark berreskuratutako mailari eutsi nahi banion behintzat, irteera bakarra zegoen. Baina gauza bat ziur nekien, hau da, nire amodioa sakrifikatu ondoren, bizitzak niretzat kolorea galdu ondoren, ez nion doilor hari nire arima saldu nahi, ezta munduko itzal guztien truke ere. Ez nekien nola bukatuko zen hura dena.
Behin batean, mendizaleek bisitatu ohi duten leize baten aurrean geunden eserita. Bertan, sakonera amaigabe batetik datorren lurpeko ibaien burrunba adi daiteke, eta badirudi inongo zoruk ez duela geldiarazten barru hartara botatako harria. Hark, hainbatetan bezala, irudimen oparoz eta kolore biziko xarma distiratsuz azaltzen zizkidan kontu handiz landutako irudiak, nire zakutoari esker munduan burutu nezakeenari buruz, berriro nire itzalaren jabe izanez gero. Ukalondoak belaunetan bermatu eta esku artean neukan aurpegia gorderik, faltsu hari entzuten, bihotza erdibiturik bateko haren lilura eta besteko neure borondate sendoaren artean. Barruko eten hura gehiagoan pairatu ezin eta horrenbestez hasi zen borroka erabakigarria.
— Badirudi, jauna, ahaztu egin zaizula baldintza jakinen pean utzi dizudala nire konpainian geratzen, baina neure askatasun osoari eutsiz.
— Hala agintzen badidazu, banoa hemen hauetatik.
Ohikoa zen bere mehatxu hura. Isildu egin nintzen; berehala hasi zen nire itzala berriro biltzen. Zurbildu egin nintzen, baina hitzik gabe utzi nion hartan. Isiltasun luze batek jarraitu zuen. Bera mintzatu zen lehenik:
— Ezin duzu nirekin burutu, jauna; gorroto nauzu, badakit. Baina zergatik gorroto nauzu? Bide erdian eraso eta habia ebatsi nahi izan didazulako? Edo nire ondasuna, itzala, zure peskizan zegoela uste zenuena, lapur baten gisa kendu nahi izan didazulako? Nik ordea ez zaitut gorroto; normala iruditzen zait zu zeure baliabide, maltzurkeria eta indar guztiak martxan jartzen saiatzea. Horretaz gain, zuk printzipio aski sendoak eduki izana eta zintzotasun osoz jokatzea bitxikeria bat da, eta ez dut ezer horren aurka ere. Nik ez dut zuk bezain zorrotz pentsatzen; zuk pentsatu bezala jokatzen dut. Edo inoiz tinkatu al dizut eztarria atzaparrekin, nik desio dudan zure arima baliotsu hori neureganatzeko? Trukatu nizun zakutoa dela eta, bidali al dut inoiz nire morroirik zure aurka? Saiatu al naiz zu horrekin hunkitzen?
Ez neukan hari guztiari zer ihardetsirik. Aurrera jarraitu zuen:
— Ederki dago, jauna, ederki dago! Ezin duzu nirekin burutu; hori ere ulertzen dut eta ez dizut txarrean hartuko. Apartatu beharra daukagu, argi dago; neu ere hasia naiz zurekin aspertzen. Beraz, hemendik aurrera nire presentzia lotsagarritik erabat libratzeko, berriro aholkatzen dizut: berreskura ezazu zure itzala.
Zakutoa jarri nuen bere aurrean.
— Honen truke.
— Ez!
Hasperen egin eta honela ekin nion:
— Ongi. Arren, jauna, aparta gaitezen. Ez iezadazu gehiago bidea oztopatu, biontzat nahikoa leku badu-eta mundu honek.
Berak barre egin eta erantzun zuen:
— Banoa, jauna; baina lehenik erakutsi egingo dizut niri nola deitu, inoiz zure morroirik apalena ondoan jasan nahi bazenu: aski duzu zure zakutoari eragitea, txintxin egiten baitute barruan beti dauden urrezko txanponek, hots horrekin ni segituan erakarriz. Mundu honetan nor bere buruaren onerako aritzen da: ikusten duzun bezala, nik zugan ere pentsatzen dut, beste ahalmen bat eskaintzen dizut eta! O, hori da hori zakutoa! Eta sitsek zure itzala jango balute ere, oraindik hori lotura gogorra izango litzateke gu bion artean. Nire urrearen bitartez naukazu ni; urruti zaudela ere galde egin ezazu zeure morroiagatik. Badakizu ni nire lagunekin mesede handikoa izan naitekeela, eta aberatsek harreman ona dutela nirekin; zerorrek ikusi duzu. Baina zure itzalari dagokionez, jauna, gogorazten dizut, ez duzu inoiz berreskuratuko baldintza baten pean ez bada.
Garai bateko irudiak azaldu zitzaizkidan ariman. Arin galdetu nion:
— Ba al zenuen John jaunaren sinadura?
Irribarre egin zuen.
— Hain lagun onarekin ez dut beharrik ere izan.
— Non dago orain? Jainkoarren, jakin nahi dut!
Eskua zalantzati poltsikoan sartu, eta ileetatik helduta atera zuen Thomas Johnen irudi zurbil, zarpaila, eta hildako ezpain moreek hitz garratzak jaulki zituzten: Justo judicio Dei judicatus sum; justo judicio Dei condemnatus sum.
Ni orduan laborritu, eta zakuto hotsegilea osin-zulora arin botaz, azken hitz hauek esan nizkion:
— Jainkoaren izenean uxatzen haut, izugarri hori! Alde egin ezak hemendik eta ez gehiago nire begi aurrera azaldu!
Kopetilun zutitu eta berehala desagertu zen landaredi basatiz hesitutako haitz artean.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano