Neure burua zure epaiaren pean jarriko dut, Chamisso maitea, zure onespena azpikeriaz erosten saiatu gabe. Neuk ere gogor eta luzaz epaitu dut neure burua, neure baitan hazkurri emanez har tormentatzaileari. Larritasun hau etengabe eduki dut neure arima aurrean zintzilik, eta begirada zalantzatiz soilik egin ahal izan diot aurre, umil eta damuz. Lagun maitea, aski da oina bide zuzenetik arinkeriaz ateratzea, ustekabean beste xenda batzuetatik behera eta behera amiltzeko. Halakok orduan alferrik izango du izar gidaria zeruan distiraz ikustea, ez zaio aukerarik geratzen, ezinbestekoa du gelditu gabe aldapan behera joatea eta bere burua Nemesis-i sakrifikatzea. Niri madarikazioa ekarri zidan hutsegite arinegiaren ondorioz, eta maitasun-hoben batengatik, beste norbaiten destinoan sartua nintzen bortxaz. Zer beste erremedio neukan, hondamenean egonik salbazio azkarra eskaintzen zidatelarik, hura itsumustuan onartzea baino? Jadanik jo zuen azken orduak. Ez ahal nauzu behintzat hain baxu juzkatuko, Adelbert, baldin pentsatzen ari bazara edozein prezio garestiegia irudituko zitzaidala, izan ere bazegoen niretzat urrea baino lehenagokoa. Ez, Adelbert; baina nire arima sekulako gorrotoz beterik zegoen, jokabide makurreko azpilari misteriotsu haren kontra. Agian oker ari nintzen, baina sutan jartzen ninduen harekiko harremanak. Honetan ere, nire bizitzan hain maiz bezala, eta munduaren historian askoz maizago, gertaera bat suertatu zen ekintza baten ordez. Adiskidetu naiz gerora neure buruarekin. Premiazkoa dena ikasi dut lehenik errespetatzen, eta egindako ekintzaren jabe, jazotako gertaeraren jabe izatea baino aurreragokorik zer dago? Hala, neuk ere errespetatzen ikasi dut premia hori, patu zuhurtzat harturik, jardun guztietan ageri dena, eta geu ere horren barruan gurpilak besterik ez gara, eragindakoak eta eragileak. Hala behar duena hala izaten da, hala behar zuen eta hala izan zen, beti ere patu horren baitan, nik azkenean errespetatzen ikasia, bai nire destinoan eta bai nirearekin zerikusia izandako besteen destinoan ere.

        Ez dakit nire arimako aztoramenari egotzi, hain zirrara indartsuen eraginpean zegoena, edo nire gaitasun fisikoen ahidurari, ahulduta bainengoen azken egunetako ezintasun ezohikoekin, edo bestela nahasmen suntsitzaile hari, deabru gris hura hurbiltzeak barren osoan pizten zidana; hitz bitan, sinadurari ekiterakoan zorabio sakon batek hartu ninduen, eta puska batean heriotzaren altzoan bezala egon nintzen.

        Ostiko-hotsa eta biraoak izan ziren nire belarrietara heldutako lehen hotsak, neure onera etorri nintzenean. Zabaldu nituen begiak: iluna zen. Nire aldameneko gorrotagarria errietan ari zitzaidan.

        — Hauxe da, bada, atso zaharra baino okerrago portatzea! Zeure buruari eutsiz lehen erabakitakoa bete, ala asmoz aldatu eta lantuan aritzekoa zara?

        Etzanda nengoen lurretik ezinean altxatu eta isilik begiratu nuen nire inguruan. Ilunabarra aurreratuta zegoen; basozainaren etxe argitutik festa-musika aditzen zen, eta jende talde bakan batzuk zebiltzan lorategiko pasealekuetan zehar. Bikote bat hizketan hurbildu zen, eta ni arestian eserita egondako bankuan jesarri ziren. Raskal jaun aberatsa eta etxeko alabaren artean goiz hartan ospatutako ezkontzaz mintzo ziren. Gauzatua zen beraz.

        Nire eskuaz buru gainetik baztertu berehala suntsituko zen arrotzaren kapa ikusezintzailea, eta isilik abiatu nintzen presaka, landare arteko gau minean murgilduz, Peter kondearen arkupetik zihoan bidean aurrera, lorategiko irteerarantz. Baina ikusi gabean laguntzen zidan amorragarri hark, hitz gordinekin segika.

        — Hori da beraz hainbeste lan hartu eta jasotzen den eskerra, monsieur, zu bezalako jeinu biziko bati egun osoan kasu egin ondoren. Honela, zoroaren pare ibilita! Ederki, setati alaena, zoaz nigandik ihesi, hala ere bereiztezinak gara. Zuk nire urrea daukazu eta nik berriz zure itzala; horrela ezin trankil egon, ez bata ez bestea. Inoiz entzun al da itzalak bere jabeari ihes egin dionik? Zure itzalak zurekin lotzen nau, harik eta zuk hura berriro onartu eta horrela ni libre geratu arte. Orain nahita huts egin duzuna gogaitasun eta asperkizunez osatu beharko duzu beranduegi denean; ez dago patuari ihes egiterik.

        Horrelaxe aritu zen hitz egin eta hitz egin. Alferrik alde egiten nuen, ez ninduen uzten, eta momenturo mintzatzen zen urrea eta itzalari buruz, isekati. Ez nintzen gauza neure gisa pentsatzeko.

        Inor gabeko kale batzuetatik barrena hartua nuen etxeko bidea. Haren aurrean begira jarri nintzenean, ia ezin izan nuen ezagutu ere egin; leiho apurtuen atzean ez zegoen argi pizturik. Ateak itxita zeuden, ez zebilen miraberik barruan. Orduan beste hark ozenki egin zuen barre nire ondoan.

        — Bai, bai, horrela daude gauzak! Bertan aurkituko duzu zure Bendel hori, izan ere lehentxeago oso nekaturik bidali dute etxera eta ordutik zaintzen egongo zen.

        Berriro egin zuen barre.

        — Makina bat istorio edukiko du kontatzeko! Bo! Gaurkoz gabon eta laster arte!

        Txirrina joka jardun eta argi bat azaldu zen. Bendelek barrutik galdetu zuen ea nor zen. Gizagaixoak, nire boza ezagutzean, ia ezin izan zuen poza menperatu: atea airean zabaldu eta elkarri besarkaturik egon ginen negarrez. Oso aldaturik antzeman nuen, ahul eta gaixo; baina nik ere ilea erabat zuritua neukan.

        Gela txikituetatik barrena eraman ninduen barruko koarto kaltetu gabe batera; ekarri zituen edaria eta janaria, eseri ginen, eta berriro hasi zen negarrez. Kontatu zidanez, nire itzala zeraman griseko gizona aurreko hartan topatu eta halako jipoia eman ondoren, nire aztarna galdu eta kordea joan zitzaion nekeagatik; gero, eta ezin izan ninduenez aurkitu, etxera itzuli omen zen, eta handik gutxira, Raskalek haize emanik, herriko arloteen erasoa izan omen zen, leihoak apurtuz eta modu horretan beren txikizio grinak laxatuz. Horrela tratatu zuten beren ongilea. Nire mirabeak ihesi joanak ziren. Susmagarria nintzela eta bertako poliziak hiritik egotzia ninduen, hogeita lau orduko epea emanez inguru hartatik aldentzeko. Areago, Raskalen aberastasun eta ezkontzari buruz nekienaz gain kontu asko esan zizkidan: nonbait zirtzil hark, hura dena sortu zuenak, aurren aurrenetik jakin zuen nire sekretua, eta itxuraz, urreak erakarrita, nire hurbileko egin eta hasieratik lortu zuen urrearen armairuko giltza, handik bere ondasuna osatuz, nahi beste handitu arte.

        Malko ugarien artean kontatu zidan Bendelek hori dena, eta negar egin zuen ere pozez, berriro ikusi eta berriro ondoan ninduelako, eta zalantza handiak eduki ondoren, zorigaitzak nora eraman ote ninduen asmatu ezinik, egoera hura lasai eta trankil jasaten ikusten ninduelako. Izan ere itxura hori zuen hartua nire etsipenak. Berebizikoa nekusan oinazea nire aurrean finkaturik, agortuak nituen malkoak, nire bularrak ezin zuen deiadar gehiago jaulki, buru-hutsik egiten nion aurre, axola eta ardurarik gabe.

        — Bendel —esan nuen—, hik ezagutzen duk nire patua. Aurreko erruen zigor latza ari nauk jasotzen. Ez duk gehiagoan, errugabe hori, hire destinoa nirearekin lotu behar. Ez diat nahi. Gau honetantxe niak. Jarri zaldiari zela, bakarrik niak. Hemen gera hadi, hala nahi diat eta. Egongo dituk oraindik kutxa batzuk urre. Hiretzat. Bakarrik ibiliko nauk munduan zehar, herraturik; baina noizbait ordu alaiagoren bat egokitzen bazait eta nire patua goxatzen bada, orduan hire leialtasunaz oroituko nauk, ordu latz eta mingotsetan egon bainaiz hire bularraren kontra negarrez.

        Bihotza urraturik obeditu behar izan zuen mirabe prestuak bere nagusiaren azken agindu hau, sekulako atsekabearekin; entzungor egin nien bere erregu eta arrazoiei, ezikusia bere malkoei. Zaldia ekarri zidan aurrera. Berriro estutu nuen bularraren kontra negargile hura, zelara igo eta gauaren estalkipean urrundu nintzen nire bizitzako hilobitik, zaldiak norantz eramango ninduen arduratu gabe; izan ere ez neukan munduan ez helbururik, ez desiorik, ez itxaropenik.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia