Eremu hutseko bakardadean, agortzen ez zen negar saioari ekin nion, hartara nire bihotz gaixoaren sekulako zama gogor hura arinduz. Baina nire oinaze asaldatuari ez nion ikusten ez mugarik, ez konponbiderik, ez helbururik, eta egarri irrikatsuz edan nuen ezezagunak nire zaurietara isuritako pozoi berri hartatik. Minaren irudiari nire arimaren aurrera hots egin eta gorputz goxo, maitagarri hura zurbil eta negarrez agertu zitzaidanean, nire afrontuko aldi hartan azkeneko ikusi nuen bezala, momentu hartan Raskalen errainua tartekatu zen bion artean, zakar eta isekati. Nire aurpegia gorde eta eremuan barrena joan nintzen ihesi, baina bisione higuingarri hark ez ninduen bakean uzten, jarraitu egiten zidan korrika nindoala, harik eta arnasa estuturik zerraldo etzan eta lurra basitu nuen arte negar jario batekin.
Eta dena itzal batengatik! Eta itzal hori idazlumaren arrasto baten truke berreskuratu ahal izango nukeen. Hausnartzen hasi nintzen eskari harrigarri hura eta nire ukoari buruz. Hutsik neukan barrena, ez zitzaidan geratzen ez juzku ez zentzurik.
Eguna aurrera joan zen, basoko fruituekin berdindu nuen gosea, eta ondoko errekan egarria; gaua abaildu eta zuhaitz baten aterpean jarri nintzen. Goizeko ihintzak loaldi astun batetik esnatu ninduen, hil zorian bezala neure arnasotsa aditzen egon ondoren. Bendelek galdu egin bide zuen nire aztarna, eta poztu egin nintzen horregatik. Ez nuen jendartera itzuli nahi, izuturik nenbilen besterengandik ihesi, mendiko betizua bezala. Horrela igaro nituen hiru egun latz.
Laugarren goizean neure burua zelai hondartsu batean topatu nuen, non eguzkiak jotzen zuen, eta harkaitz batzuen gainean eseri nintzen eguteran, atsegin handiz, goxotasun hura luzaro sentitu gabe egon ondoren. Etsipena zen nire bihotzaren hazkurri. Halako batean, soinu isil batek aztoratu ninduen. Ingurura kirik egin nuen alde egiteko prest, inor ikusi gabe, baina hondar eguzkitsuaren gainean giza itzal bat azaldu zen, nirearen ez oso desberdina, nigana irristaka, jabeagandik libraturik edo, batera eta bestera, bakarrik. Grina gogor bat erne zen neure baitan: «Itzala», pentsatu nuen, «nagusi bila zabiltza? Neuk hartuko zaitut». Eta jauzi egin nuen, haren jabe egiteko; izan ere zera pentsatu nuen, haren aztarnan sartzea lortzen banuen, nire oinekin zapalduz, bertan geratuko zela zintzilik, eta denboraren poderioz nirekin ohitu.
Ni mugitu bezain laster itzalak ihesari ekin zion, eta ehiza neketsu bat hasi behar izan nuen iheslari arinaren atzetik; nire egoera tamalgarritik salbatzeko pentsamendua zen hartarako indar doiaz hornitzen ninduena. Urrutiko baso baterantz zihoan ihesi, eta jabetu nintzenean gerizpe hartan galdu egingo nuela inondik ere, bihotz ximiko bat nabaritu, nire irritsa areagotu, nire korrika saioa azkartu nuen. Nabarmen ari nintzen itzalagana urreratzen. Gero eta hurbilago nengoen, hura iristeko zorian. Bat-batean hor non gelditzen den eta nigana jiratzen den. Lehoia ehizaren gainera bezala oldartu nintzen jauzi galant batekin, haren jabe egin nahian, baina erresistentzia fisiko bat jo nuen ustekabean, gogor. Ukalondokadak jaso nituen ikusi gabe, inork sekula sentitutako latzenak.
Beldurraren ondorioz, nire aurreko gizagaixo ikusezin hura urduri kolpatu eta zanpatu nuen. Ekintza azkar hartan, ahozpez bota nuen neure burua lurrera: nire azpian gizon bat zegoen ahoz gora, nire beso artean, orduantxe azaldu berria.
Orduan konprenitu nuen dena argi asko. Jabea bai, baina honen itzala ikusezin bihurtzen ez duen txori-habia ikusezina zeraman nonbait gizonak, eta lurrera erori berri zitzaion. Nire ingurura kirik egin, habia ikusezinaren itzala begiztatu, jauzi, eta ez nuen hutsik egin sari bakan hura atzemateko orduan. Ikusezin eta itzalik gabe eutsi nion eskuetan habiari.
Gizonak, bizkor zutituz, berehala ingurura so egin bere garaile zorionekoaren aldera, baina ordeka zabal eguzkitsuan ez zuen ez hura eta ez haren itzala ikusi, beldurtu samar zelatan jardun arren. Izan ere aldez aurretik ez zuen konturatzeko betarik eduki, eta ezta susmatu ere, nik itzalik ez nuenik. Konbentzitu zenean han ez zegoela inongo zantzurik, zeharo etsita eskuak burura eraman eta ile guztia banatu zuen. Niri, ordea, lortutako altxor hark aukera ematen zidan, gogoa ez-ezik, berriro jendartera biltzeko. Ez zitzaidan falta neure buruaren kontrako aitzakiarik, alegia lapurreta hura nola zuritu, baina, egia esan, ez neukan halakoren beharrik, eta, antzeko pentsamenduetatik alde egiteko, lasterka joan nintzen handik, atzera begiratu gabe dohakabe hari, haren ahots izutuaren oihartzuna luzaro aditzen nuelarik. Hori niri dagokidanez, orduko gertaera haren gorabeherak direla eta.
Irrikatzen nengoen basozainarenera iritsi eta nik neuk egiaztatzeko gorrotagarri hark adierazitakoa. Baina ez nekien non nengoen, alboko muinora igo nintzen inguruari tankera emateko; hango gailurretik ikusi nituen aldameneko herrixka eta basozainaren lorategia nire behean hedaturik. Gogor hasi zitzaidan bihotza taupaka, eta ordura arte isuri ez bezalako malkoak etorri zitzaizkidan begietara: berriro ikusiko nuen beste hura... Ikusmin biziak arindu zituen nire pausoak bide zuzenenetik behera. Ikusi gabean hurbildu nintzen herritik zetozen laborari batzuengana. Ni, Raskal eta basozainari buruz mintzo ziren; ez nuen deus aditu nahi eta presaka jarraitu nuen.
Sartu nintzen lorategian, itxaropen dardarez beteta bularra. Barre algara bezalako bat aditu nuen nire aurrean, hotzikara sentitu nuen, kirik egin nuen ingurura; han ez zen inoren arrastorik. Aurrera egin nuen, nire ondoan norbaiten pauso-hotsa aditzen nuelakoan; baina ez zen ezer ageri: neure irudipena bide zen. Artean goiz zen, Peter kondearen arkupean inor ez, lorategia hutsik. Ezagunak nituen bideetatik barrena bizitetxeraino heldu nintzen. Lehen baino nabariago jarraitzen zidan hots berak. Bihotz erabat hunkituarekin eseri nintzen banku batean, atari eguzkitsuan aurrez aurre. Ikusi gabeko deabru hura ondoan esertzen zitzaidala iruditu zitzaidan, isekati. Giltzari buelta eman zioten ateko sarrailan, zabaldu, eta basozaina irten zen, eskuetan paper batzuekin. Laino batek burua biltzen zidala iruditu zitzaidan, ingurura begiratu eta... Hura izua! Zamar griseko gizona neukan ondoan eserita, irribarre satanikoz begira. Niri bere kapa magikoa burutik behera bota eta omen parean bere eta nire itzala zeuzkan, baketsu. Axolarik gabe ari zen jolasean arestiko pergaminoarekin, eskuetan hartuta, eta, basozaina paper artean lanpetuta arkupean gora eta behera zebilen bitartean, nire belarri aldera konfiantzaz makurtu eta honela xuxurlatu zidan:
— Nire eskaintza onartu eta orain biok gaude kapa beraren azpian! Ondo da! Baina orain itzul iezadazu nire txori-habia, ez duzu gehiago behar eta gizon finegia zara, hori niri kendu nahi izateko. Ez daukazu eskertu beharrik, gustu handiz utzi dizut.
Zalantzarik egin gabe niri hura eskutik hartu, poltsikoan sartu eta berriro egin zuen barre nire bizkar, eta gainera hain ozen non basozainak ingurura begiratu zuen, hots harengatik. Harri bihurturik bezala nengoen han eserita.
— Aitortu beharra duzu —jarraitu zuen—, honelako kapa askoz erosoagoa dela. Gorputza ez-ezik inoren itzala ere gordetzen du, eta baita gehiagorena ere. Begira, gaur bi dauzkat.
Berriro egin zuen barre.
— Kontura zaitez, Schlemihl, hasieran onez-onean nahi ez dena, azkenean bortxaz izaten dela. Pentsatzen nuen zuk niri itzala erosi, andregaia berreskuratu (oraindik garaiz zaude), eta Raskal urkabean zintzilik utziko genuela; erraza litzateke hori, soka eskasiarik ez bada behintzat. Zera, nire txanoa ere emango dizut, tratua erabakiz gero.
Ama kanpora irten eta elkarrizketa hasi zen.
— Zertan ari da Mina?
— Negarrez.
— Tuntun ederra! Ez du berehalakoan etsitzen!
— Ez noski. Honen azkar beste bati ematea... O, gizon, elkorra zara zeure alabarekin.
— Ez, emazte, oso oker zaude horretan. Ume-malko horiek isurtzez bukatu eta bere burua gizon aberats eta prestu baten emazte ikusten duenean, ametsetatik esnatuta bezala arinduko zaio oinazea, eta eskerrak emango dizkio Jainkoari eta guri. Ikusiko duzu!
— Jainkoak nahi dezala!
— Dezenteko jabetzak dauzka orain. Baina beste abenturazale harekin izandako gorabehera penagarriak harrotutako istiluaren ondoren, zer uste duzu, posible litzatekeela berari honen agudo ezkontide egokiagoa aurkitzea Raskal jauna baino? Ba al dakizu zer ondasunak dauzkan Raskal jaun horrek? Sei milioiko jabetza dauka hemen inguruan, batere zorrik gabe, eskura ordaindurik, neuk eduki ditut dokumentuak esku artean! Berak hartzen zidan beti aurrea onena aukeratzeko orduan; eta gainera karteran agiriak dauzka Thomas Johnen izenean, milioi laurdenen batekoak.
— Asko lapurtuko zuen eta!
— Hori bai gero hizketako modua! Zuhurki aurreztu du, bestek xahutuko zukeena.
— Zer eta soinean librea eraman duen gizonak!
— Berriketak! Itxura aparta du.
— Arrazoi duzu, baina...
Zamar griseko gizonak irri egin eta begiratu egin zidan. Atea zabaldu eta Mina irten zen. Neskame baten besoan bermatzen zen, malko isilak zerizkion masail eder zurbiletan behera. Ezkien azpian berarentzat prest zegoen besaulkian jarri, eta aitak bere ondoan hartu zuen eserleku. Eskutik samur heldu eta goxoki hitz egin zion negar batean hasi berri zen alabari:
— Heu haiz nire ume zintzo, jatorra, eta zentzuz jokatuko dun, aita zaharra atsekabetu gabe, hire zoriona besterik ez din nahi eta. Ongi konprenitzen dinat, laztana, hi horren hunkiturik egotea, baina zoragarri egin dion ihes zorigaitzari! Engainu lotsagarri hari antzeman diogun arte asko maitatu dun zirtzil hura! Bazekinat, Mina, eta ez dinat ezer leporatzen. Neuk ere maitatu dinat, alaba maite, gizon handitzat eduki dudan bitartean. Horra orain, zertan bukatu den hura dena. Zer! Gizagaixoenak ere itzala zeukan eta, nola ezkonduko zen bada nire alaba batere... Ez, ez gehiago harengan pentsatu. Adi ezan, Mina, orain gizon batek eskatzen din hire eskua, eguzkiari beldurrik ez dion gizon ohoragarri batek, ez noski inongo printzea, baina hamar milioiko ondasunen jabe dena, hi baino hamar aldiz gehiago, nire alaba maitea zoriontsu egingo duen gizona. Ez iezadan deus erantzun, ez ezan gogor egin; izan hadi alaba zintzo, esanekoa, utzion aita maiteari hitaz arduratzen, hire malkoak xukatzen. Hitz emadan Raskal jaunari emango dionala eskua. Tira, ez al didan mesedez hitz emango?
Alabak ahots izpi batekin erantzun zion:
— Ez daukat nahi edo desio bakar bat ere mundu honetan. Nire aitak nahi duena gerta bedi.
Orduantxe adierazi zuten Raskal jaunaren etorrera, eta hau harro sartu zen. Mina ondoeza eginda zegoen. Nire adiskide gorrotagarriak niri haserre begiratu eta hitz bizkor hauek xuxurlatu zizkidan:
— Zuk hori jasatea ere! Zer doakizu zuri zainetan odolaren ordez?
Mugimendu azkar batekin niri eskuan zauri arin bat egin, handik odola hasi, eta honela jarraitu zuen:
— Odol gorria, zinez! Sina ezazu behingoz!
Eskuetan neuzkan pergaminoa eta luma.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano