Artean goiz zen, nire gela aurreko boz batzuek esnatu nindutenean, eztabaida sutsuan. Adi-adi jarri nintzen. Bendelek nire atea defenditzen zuen, Raskalek tinko eta zorrotz adierazten zuen berak ez zuela agindurik onartzen bere maila bereko inorengandik, eta gogor egiten zuen nire gelara sartzeko. Bendel zintzoak jakinarazi zion hitz haiek nire belarrietara helduz gero ordura arteko lan onuragarria galduko zuela. Raskalek eskua gainean jartzeko mehatxu egin zion, sarrera galarazten jarraitzen bazuen.
Erdi jantzita nengoen, atea haserre zabaldu eta Raskalengana jo nuenean.
— Zer nahi duk, bilaua?
Berak bi pauso atzera egin eta hoztasun osoz erantzun zuen:
— Arren eta arren eskatu nahi nioke, konde jauna, berorren itzala ikusten uzteko. Oraintxe eguzkiak ederki jotzen du patioan.
Tximistak jota bezala sentitu nintzen. Luze joan zen, berriro hitz egiteko gai izan nintzen arte.
— Nola ausart daiteke morroia nagusiari...? Lasai asko moztu zidan hitza:
— Morroia oso gizon ohoretsua izan daiteke, itzal gabe bat] zerbitzatu nahi ez badio ere; gure lan akordioa eten nahi dut.
Beste soka batzuei eragin beharko zuen.
— Baina Raskal, Raskal maitea, nork piztu du zugan zorigaiztoko ideia hori, nola pentsa dezakezu...?
Doinu berean jarraitu zuen:
— Zenbaitek dio berorrek ez daukala itzalik. Labur esanda, erakuts biezat berorren itzala edo eten beza gure lan akordioa.
Bendelek, zurbil eta dardarka, baina ni baino zuhurrago, imintzio egin zidan eta gorabehera guztiak baretzen dituen urrean babestu nintzen. Baina urreak ere galdua zuen indarra, hankapera bota baitzidan:
— Nik ez dut itzalgabe batengandik deus onartzen.
Bizkarra emanda irten zen gelatik astiro, buruan kapela eta bere artean txistuka. Ni harri bihurturik bezala nengoen hari atzetik begira Bendelen ondoan, pentsatu edo mugitzeko gauza ez nintzela.
Arnasestu batean eta heriotza bihotzean iltzaturik, prestatu nintzen azkenean nire hitza ezezteko, eta, gaizkilea epaile aurrera bezala, basozain jaunarenean agertzeko. Nire izenez bataiatutako arkupe ilunera igo nintzen, orduan ere han baitziren nire zain egotekoak. Kezkarik gabe eta alai hurbildu zitzaidan ama. Han zegoen Mina eserita, zurbil eta eder, udazkenean azken loreei musu ematen Bien lehen elurra bezala, laster ur garratz gisa desegingo dena. Basozaina, orri idatzi bat eskutan hartuta, hara eta hona zebilen bizkor, eta bazirudien ezkutatu egin nahi zuela batzuetan kolore zuriz eta besteetan gorriz islatzen zitzaiona aurpegian, bestela irmoa. Sartu nintzenean nigana etorri eta hitz etenka azaldu zidan biok bakarrik hitz egiteko nahia. Hark esanda segitu nuen bideak lorategiko alderdi ireki, eguzkitsu batera eramaten zuen. Mutu jarri nintzen nire eserlekuan, eta ondoren isiltasun luze bat egon zen, ama gaixoa ere hausten ausartu ez zena.
Basozaina indartsu zebilen arkupean gora eta behera, abiadura aldatuz, harik eta bat-batean nire aurrean planto egin, eskuko paperera begiratu, eta begirada aztertzailez galdetu zidan arte:
— Ezaguna gertatzen al zaizu, konde jauna, Peter Schlemihl izeneko bat?
Ni isilik nengoen.
— ... Izaera bikaina eta dohain bereziko gizona. Erantzunaren zain jarri zen.
— Eta ni neu banintz?
— Hark —gaineratu zuen indartsu— itzala galdu du!
— O, nik bai antzeman, nik bai antzeman! —hots egin zuen Minak—. Bai, nik aspalditik dakit ez daukala itzalik!
Eta amagana oldartu zen, honek, izuturik, alaba dardaratia besarkatzen zuelarik, purrust eginez halako sekretua bere artean gordeta edukitzeagatik, zorigaitzerako. Baina hura, Arethusa, malko iturri zegoen bilakaturik, nire ahotsa entzunda negarraren emana ugarituz eta aldamenean jartzen banintzen bertan lehertuz.
— Eta zuk gainera —ekin zion amorrazioz basozainak berriro—, atrebentzia izan duzu gu denok inongo erreparorik gabe engainatzeko! Eta nire alaba maite duzun itxura egiten al duzu, tamaina honetan azpiratu eta gero? Begiraiozu negar zotinka. Izugarria da hau! Izugarria!
Hainbesteraino nengoen txundituta non zoroaren pare hasi nintzen: azken finean itzal bat zela, itzala besterik ez, hori gabe ere bizi zitekeela, eta ez zuela merezi halako istilutan hastea. Baina esaten nuenaren zentzurik ezaz jabetu eta isildu egin nintzen, basozaina, berriz, erantzutera ere dinatzen ez zelarik. Zera ere gaineratu nuen: behin galdutakoa beste noizbait aurki daitekeela.
Sutan zuzendu zen nigana.
— Aitor ezazu, jauna, aitor ezazu, nola galdu duzu itzala?
Berriro bota behar izan nuen gezurra.
— Behin gizon trakets moldakaitz batek nire itzala zapaldu eta zulo handi bat egin zion. Konpontzera eramana daukat, dirua gauza askotara iristen baita, eta berez atzo berreskuratu behar nuen.
— Ederki, jauna, oso ederki! —ihardetsi zuen basozainak—. Nire alabaren eskua eskatzen duzu eta hala eskatzen dute gehiagok ere. Aita naizen aldetik neure gain daukat bere ardura, hiru eguneko tartea ematen dizut itzal baten jabe egin zaitezen. Zatoz nigana hiru egun barru itzal egokiarekin eta nire ongi etorria jasoko duzu; bestela, laugarren egunean... Begirozu gero! Nire alaba beste norbaiten emazte izango da.
Hitz bi egin nahi izan nituen Minarekin, baina negar zotinka heldu zion lehen baino are indartsuago amari, eta honek alde egiteko keinu egin zidan, isilik. Balantzaka joan nintzen, munduko ate guztiak itxita neuzkalakoan.
Bendelen zainketa-lan jatorrari ihesi, korrika ibili nintzen noraezean baso eta zelaietan. Beldurraren beldurrez, izerdia neukan kopetan behera dariola, intziri-hots gor batek erdibitzen zidan bularra, zoramena neukan neure baitan taupaka.
Ez dakit zenbat denbora neraman hala, ordeka eguzkitsu batean mahuka muturretik heltzen zidatela nabaritu nuenean. Bertan gelditu, jiratu eta... Zamar griseko gizona zen, itxuraz nire atzetik korrika etorria, arnasa estuturik. Berehala hasi zen hizketan:
— Gaur adierazi nuen etorriko nintzela, baina ez zara izan epearen zain egoteko gauza. Baina dena ongi doa, hartu nire aholkua aintzat, tori zure itzala, eskueran duzu, eta itzul zaitez segituan. Abegi ona jasoko duzu basozainarenean, dena txantxakeria bat izan balitz bezala. Zu salatu eta zure andregaiaren galdea egin duen Raskal neureganatzera noa orain, dagoeneko heldurik dago eta.
Lotan bezala nengoen.
— Gaur etorriko zinela?
Berriro hausnartu nuen epea. Arrazoi zuen, egun bateko hutsegitea izan nuen. Eskuineko eskuaz zakutoaren bila hasi nintzen golkoan. Nire asmoari igarri eta bi pauso eman zituen atzera.
— Ez, konde jauna, hori esku onetan dago, gorde ezazu zerorrek.
Beragan josi nituen begiak, harriturik galdera eginez bezala. Honela jarraitu zuen:
— Zilegi bekit huskeria txiki bat oroigarri gisa eskatzea: sina ezazu mesedez honako orri honetan.
Hitz hauek ageri ziren pergaminoan: «Nire hemengo sinaduraren bitartez honen jabeari utziko diot neure arima, nire gorputzetik bereizten denean».
Harridura mutuz begiratu nien nola izkribuari hala ezezagun grisari ere. Berak, bitartean, nik orduantxe arantza urratu batengatik eskutik dariola zihoakidan odol tanta bat harrapatu, idazluma moztu berri batean, eta huraxe eskaini zidan.
— Nor zara zu ordea? —galdetu nion azkenean.
— Zer axola dio —erantzun zidan—, ez al zait antzematen? Deabru gizagaixo bat, jakintsu eta petrikilo antzeko bat edo, bere abilidade bikainengatik lagunen esker gaiztoa besterik jasotzen ez duena, eta mundu honetan inongo distrakziorik gabea, non eta ez den esperimentu bakar batzuk egitea. Baina sina ezazu. Eskuinetan, hor behean: «Peter Schlemihl».
Burua astindu eta esan nion:
— Barkaidazu, jauna, baina nik ez dut hori sinatuko.
— Ez? —galdetu zuen harriturik—. Eta zergatik ez?
— Susmagarri samarra iruditzen zait arima eta itzala parekatzea.
— Hara, hara! —gaineratu zuen—. Susmagarria beraz! —Eta nire lepotik barre batean lehertu zen—. Eta galdetzea zilegi bazait, zer nolako gauza da zure arima hori? Inoiz ikusi al duzu? Eta hiltzen zarenean zer egingo duzu berarekin? Poztu zaitez interesa duen norbait aurkitu izanaz, zeren eta nik benetako zerbait eman nahi baitizut, bizi zaren bitartean, zera ezezagun horren indar galbaniko, botere polarizatzaile edo dena delako tontakeria horregatik, alegia zure gorputzaren itzalagatik, hartara zure maitearen eskua eta zure desio guztiak konplitzea erdiets dezazun. Nahiago al duzu neskatila gaixo hori Raskal bilau zital horren esku utzi? Ez, zeure begiz ikusi behar duzu hori. Zatoz, kapa ikusezintzailea utziko dizut —zer edo zer atera zuen poltsikotik—. Goazen inork ikusi gabe basozainarenera.
Aitortu beharra daukat zeharo lotsatu nintzela gizon hark nire bizkar ºbarre egin izanaz. Bihotz-bihotzez gorroto nuen, eta nik uste higuin hori zela geldiarazi ninduen arrazoi edo aurreiritzi nagusia, nire itzala, hain premiazkoa izan arren, eskatu bezala izenpearen bidez erosteko orduan. Berak eskainitako bidetik biok elkarrekin joatearen ideia ere jasanezina gertatzen zitzaidan. Odolusten ari ziren bi bihotz urraturen artera, ni eta nire maitearen artera azpilari zatar hura, deabru isekati hura hain burlati sartzen ikusteak neure onetik atera ninduen. Gertatu zena zorigaiztotzat hartu, nire oinazea ezinbestekotzat, eta gizonagana zuzenduz honela esan nion:
— Jauna, nire itzala saldu nizun zakuto bikain honen truke, eta ederki damutu zait. Ez ote da posible tratuan atzera egitea, Jainkoaren izenean!
Berak ezezkoa egin eta bekoki iluna jarri zuen. Aurrera jarraitu nuen:
— Ez dizut nire jabetzako beste deus saldu nahi, ezta nire itzalaren truke ere, eta ez dut beraz deus izenpetuko. Ondorioz, zuk eskaini didazun ikusezin bihurtze hori askoz atseginagoa gertatuko litzateke zeuretzat, niretzat baino; onar ezazu bada nire barkamen eskaria, eta deus aldatu ez denez, bereiz gaitezen!
— Sentitzen dut, monsieur Schlemihl, nik hain jator eskainitako tratua tema horrekin baztertzea. Nolanahi ere, agian beste noizbait zorte hobea edukiko dut. Laster arte! Bide batez, baimena emadazu erakusteko nik erosten ditudan gauzak ez direla lizuntzen, baizik kontu handiz gordetzen ditudala, eta ongi jasota daudela.
Nire itzala atera zuen berehala poltsikotik, eta jaurtiketa iaio batekin zelai gainean askatuz, bere oinen parean zabaldu zuen eguteran, eta bi itzalen artetik joan zen, bere esana egiten zuten nirea eta berearen artetik, zeren nireak ere obeditu egin behar baitzion, eta bere mugimendu guztietara moldatu eta egokitu.
Hainbeste denboraren ondoren nire itzal gaixoa hain morrontza zirtzilera makurturik ikusteak, noiz eta ni haren premia larrian nengoenean, bihotza hautsi zidan, eta saminki hasi nintzen negarrez. Gorrotagarri hura harrotuta zegoen niri kendutako harrapakinarekin, eta batere lotsarik gabe errepikatu zuen bere eskaintza:
— Oraindik ere berreskuratzeko garaiz zaude. Idazlumaz arrasto bat egin eta salbatuko duzu Mina gaixo errukarria beste bilau horren atzaparretatik, konde jaunaren beso ohoretsuetara joateko. Esan bezala, idazlumaz arrasto bat eta kito.
Are ugariago isuri nituen malkoak, baina harengandik jiratu eta keinu egin nion alde egin zezan.
Bendel, kezkaz beterik nire aztarnei segitu ondoren, istant hartantxe azaldu zen. Arima dohatsu, leial hark negarrez aurkitu ninduenean, eta nire itzala, posible baitzen tankera ematea, ezezagun gris xelebre haren mendean ikustean, berehala erabaki zuen, indarrez bazen ere, nire ondasunaren jabe egin behar ninduela berriro, eta goxo nola jardun ez zekienez, berehala eraso zion gizon hari hitzez, eta, galdera handirik gabe, zirt-zart eskatu zion neurea zena segituan itzultzeko. Hura, erantzun beharrean, mutil gazteari bizkarra emanez abiatu zen. Baina Bendelek, berarekin zeraman elorrizko makila altxatu, eta hari orpoz orpo segika, gupidarik gabe sentiarazi zion bere beso gihartsuaren sasoia, itzala bueltatzeko behin eta berriro aginduz. Hark, halako tratura ohiturik bezala, burua makurtu, sorbaldak kuzkurtu eta isilik jarraitu zuen zelaian aurrera ibilera lasaiz, nire itzalarekin batera nire zerbitzari leiala eramanez. Luzaro aditu nuen oihartzun gor hura mortuan barrena durundi egiten, urrunean galdu zen arte. Lehen bezala geratu nintzen, nire zorigaitzarekin bakarrik.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano