Nire kontaera honetan arin igaro beharko dut denbora bolada bat, nahiz eta gustura luzatuko nintzatekeen, gauza banintz orduko giro bizia gogora ekartzeko. Baina garai hura bizitu zuen eta oraingoa berriro bizi lezakeen kolorea itzali da, eta nire bularrean berriro aurkitu nahi dudanero aspaldi hartan hain indartsu harrotu zena, oinazea eta zoriona, zoramen dohatsua, halakoetan alfer alferrik aritzen naiz gehiago iturri bizirik emango ez duen harkaitzari joka, Jainkoa aldenduta baitago nigandik. Joandako denbora horrek guztiak zer desberdin begiratzen didan orain! Bainuleku hartan paper heroiko bat antzeztu behar izan nuen, gaizki ikasia, eta ni, taulatu gaineko hankagorri alaena, aho bete hortz geratu nintzen obratik kanpoko bi begi urdini begira! Haren gurasoek, itxurarekin engainaturik, ahalegin guztiak egin zituzten harremana lehenbailehen sendotzeko, eta halako pailazokeria irain batean amaitu zen. Eta hori da den-dena! Ergela eta zozoa iruditzen zait, eta gainera beldurgarria, orain nigana modu honetan agertzea lehen neure barrenean hain indartsu eta oparo loratu zena. Mina maitea, galdu zintudanean bezalaxe egiten dut orain negar, neure baitan ere galdu zaitudalako. Hainbeste zahartu ote naiz? O zuhurtzia tristea! Emadazu garai hartako taupada bakar bat, zoramen hartako une bakar bat. Baina bai zera! Zure itsasgora altu, soilaren bakardade saminean nago, eta aspaldian ahitu ziren azken xanpain kopako txinpartak!

        Zenbait urre zakurekin bidali nuen Bendel aurretik, nire beharren arabera bizileku bat antolatzeko herrixkan. Bertan dirua franko sakabanatu eta ez zuen gauza zehatzik adierazi bere nagusi zen arrotz prestuari buruz, ez bainuen nahi ezagut nintzaten, eta horrek iritzi bitxiak sortu zituen jende on haien artean. Nire etxea prest jarri bezain laster, Bendel itzuli eta nirekin elkartu zen. Horrenbestez abiatu ginen.

        Helmugatik ordubetera edo, ordeka eguzkitsu batean, dotore apaindutako jendetza batek bidea moztu zigun. Kotxea gelditu egin zen. Musika, kanpai errepikak eta kanoikadak aditu ziren, biba ozen batek zeharkatu zuen airea. Kotxearen ate aurrean dontzeila koru bat azaldu zen, zuriz jantzita, edertasun paregabekoak, baina bakar bat nabarmentzen zen batez ere, gaueko izarren aldean eguzkia bezala. Ahizpen artetik irten zen, irudi goxo, lerden hura lotsaz gorriturik nire aurrean makurtu eta zetazko kuxin baten gainean luzatu zidan erramu, olibondo adar eta arrosez txirikordatutako koroa bat, aldi berean maiestate, begirune eta amodioari buruz hitz batzuk esanez, niretzat ulertezinak baina zilarrezko doinu liluragarri batekin nire belarria eta bihotza xoratuz. Neure buru gainetik begitazio zerutar bat hegaldatu zela iruditzen zitzaidan. Koruak laudorio kanta bati ekin zion, errege on bati eta herriaren zorionari buruz.

        Eta agerraldi hura, adiskide maite, eguzki galdatan! Nigandik bi pausotara zegoen belaunikatuta, eta nik, itzalik gabe, ezin nuen amildegi hura gainditu, ezin nuen aingeru haren aurrean belauniko jarri. O, zer ez nuen orduan itzal baten truke emango! Nire kotxe-zulo barrenean ezkutatu behar izan nuen nire lotsa, nire ikara, nire etsia. Azkenean Bendel nitaz oroitu eta kotxearen beste saihetsetik irten zen; hurbiltzeko agindu, eta aldamenean neukan kutxatilatik diamantezko koroa bikain bat luzatu nion, Fanny ederraren apaingarri izan beharko zukeena. Aurrera agertu eta bere nagusiaren izenean mintzatu zen, hark halako agur ohoretsuak ezin zituela onartu eta ez zituela nahi ere esanez; okerren bat izan behar zuela; nolanahi ere eskerrak bihurtzen zizkiela herriko biztanle finei beren borondate onagatik. Bien bitartean, erramuzko koroa bere lekutik hartu eta brillantezko burestuna ipini zuen haren lekuan. Ondoren dontzeila ederrari eskua begirunez eman zutitzeko, eta keinu batekin joanarazi zituen elizgizon, agintari eta ordezkari guztiak. Inori ez zitzaion aurrera etortzea onartu. Jendetzari sakabanatzeko eta zaldientzat lekua uzteko agindu, bera berriro kotxera igo eta aurrera jarraitu genuen lauoinka bizian, hostaila lorez altxatutako ate batetik zehar, herrixka hartarantz. Behin eta berriro lehertzen ziren kanoiak. Nire etxe aurrean gelditu zen kotxea; arin sartu nintzen atetik, ni ikusteko grinaz inguratutako jendetza baztertuz. Herri xehea bibaka ari zen nire leiho azpian, eta nik bi dukatekoak botarazi nituen. Ilunabarrean beren kabuz argitu zuten herri osoa.

        Nik berriz ez nekien zer esan nahi zuen hark guztiak eta nortzat hartu ninduten. Raskal bidali nuen ikerlanera. Kontatu ziotenez, gauza jakina zen Prusiako Errege prestua konde izenez zebilela lurralde hartan bidaian; nire laguntzailea ezagutu eta berak salatu omen zuen bere burua eta nire nortasuna; azkenik, poz handia zeukatela, ni hantxe edukitzearen ziurtasunagatik. Konprenitzen zutela, noski, nik inkognito zorrotzari atxiki nahia, eta oso gaizki egin zutela nire beloa hain zakar urratuta. Baina ni hain onez-onean eta errukior haserretu nintzenez, barkatuko omen zuen, inondik ere, beren ongi nahia.

        Raskal alproja hari hain barregarri iruditu zitzaion kontua, non bereak eta bi egin zituen hizkera tinkoz jende zintzo haren ustea momentuz behintzat indartzeko. Oso txosten xelebrea eman zidan, eta kontent ikusi ninduenez, agerian jarri zuen bere bizkorkeria. Aitortu behar ote dut? Losintxatu egin ninduen ni aitonen semetzat hartzeak.

        Nire etxe aurrea gerizatzen zuen arbolapean festa antolatzeko agindu nuen hurrengo ilunabarrerako, eta herri guztia hara gonbidatzeko. Nire zakutoaren botere misteriotsua, Bendelen ahaleginak eta Raskalen iaiotasun azkarrari esker dena garaiz burutu zen. Harrigarria da zinez, zer bikain eta ederki prestatu zen dena hain denbora gutxian. Han azaldutako luxu eta ugaritasuna, eta baita argiztapen burutsua ere, hain zuhur ageri zen banaturik non erabat seguru sentitu nintzen. Ez nuen ezer gogoan hartzeko, laudatu beharrean nengoen nire zerbitzariak.

        Arratsaldea iluntzen zihoan. Gonbidatuak agertu eta nire aurrean aurkezten ziren. Ez zen «Maiestate» gehiago aipatu, baina «konde jauna» deitzen zidaten begirune eta umiltasun sakonez. Zer egin? Konde izateari amore eman eta handik aurrera Peter kondea nintzen. Festako ardailaren erdian nire izpirituak pertsona bakar batenganako irritsa zeukan. Geroago azaldu zen koroaduna. Lañoki segitzen zien gurasoei, eta bazirudien ez zekiela han ederrena bera zela. Basozain jauna, emaztea eta alaba gisa aurkeztu zitzaizkidan. Zaharrei gauza atsegin eta jator asko esaten jakin nuen; errieta egin dioten mutiko baten antzera geratu nintzen alabaren aurrean, txintik ateratzeko ere gauza ez nintzela. Azkenik totelka eskatu nion festa hari ohore egiteko, eta horrela apaingarritzat zeraman ikurraren esanahia bete. Barkamen eskatu zuen lotsaturik, begirada hunkigarriz; baina bera baino are lotsatuago azaldu nion nik morroi gisa nire omena, begirune sakonez, eta kondearen keinua agindu bat iruditu zitzaien gonbidatuei, eta denak saiatu ziren pozik asko beste hainbeste egiten. Maiestatea, xalotasuna eta fintasuna izan ziren, edertasunarekin batera, festa alai hartan nagusi. Minaren guraso zoriontsuek uste zuten hura dena alabaren ohorez zegoela antolaturik; neu ere aztoramen deskribaezin batean nengoen. Urre gogaikarri hartatik libratu ahal izateko aspaldian erositako joien azken hondarrak, perla guztiak, harribitxi guztiak bi erretilu estalitan jarrarazi nituen, eta, erreginaren izenean, mahaian zehar banarazi nituen bere kide eta dama guztien artean; bitartean, herri loriatuaren artera ari ziren barra-barra urrea atzaparka botatzen.

        Biharamunean, Bendelek konfiantzan eman zidan jakitera aspalditik Raskalen leialtasunaz zeukan susmoa, jadanik ziurtasun bihurturik. Urre zakukada osoak ostu omen zituen aurreko gauean.

        — Onets diezaiogun bilauari —ihardetsi nuen— harrapakin txiki hori; gustura oparitzen diedanez denei, zergatik berari ez? Atzoko egunez, bai berak eta bai zuk lortutako mirabe berri guztiek ere taxuz zerbitzatu naute, festa alaia ospatzen lagundu didate.

        Ez genuen hartaz gehiago hitz egin. Raskal nire mirabetzako lehena izan zen aurrerantzean ere, baina Bendel zen nire lagun eta konfidente. Han ohiturik zegoen nire aberastasuna agortezintzat hartzera, eta ez zen horren jatorriaren atzetik zulomiran aritzen; aldiz, lagundu egiten zidan, nire lekuan jarrita, dirua xahutzeko aitzakiak aurkitzen. Beste ezezagun maltzur hartaz zera besterik ez zekien: hark soilik arin zezakeela nire bizkar gaineko madarikazioaren zama, eta beldur niola nire itxaropen bakarraren jabe zen hari. Horretaz gain, konbentziturik nengoela hark nonahi aurki nintzakeela, nik hura berriz inon ez, eta horregatik utzi nituela alferrikako azterketa guztiak alde batera, hitz emandako egun haren zain.

        Nire festaren handitasunak eta nire orduko jarrerak hasieran sendotu egin zuten herriko biztanle sinesberek aldez aurretik zeukaten ustea. Egunkarien bitartez laster jakin zen Prusiako Erregearen bidaia miresgarriarena funtsik gabeko zurrumurru hutsa izan zela. Baina ni errege nintzen eta errege jarraitu behar nuen, eta gainera izan daitekeen aberats eta erregetiarrena. Inork ez zekien, ordea, zein nintzen. Munduak, gaur egun behintzat, ez du arrazoirik monarka faltaz kexatzeko; jende zintzoak, inoiz halakorik ikusi gabea, zorte berdinaz ematen dio tankera batean bati, bestean besteari. Peter kondeak lehengoa jarraitu zuen.

        Behin batean merkatari bat agertu zen bainuzaleen artean, aberastu nahian hondoa jotakoa, denek errespetatzen zutena eta itzal zabal baina ahul baten jabea. Handikiro nabarmendu nahi izan zituen bere ondasunak, eta nirekin norgehiagoka hastea ere bururatu zitzaion. Nik nire zakutora jo eta gizagaixoa laster asko behartu nuen berriro hondoa jotzera eta mendiaz haraindi joatera, itxurak gordeko bazituen. Horrela libratu nintzen harengandik. Makina bat alproja eta alferrondo sortu ditut inguru hartan!

        Dena neure menpe jarrita errege gisako bonbazia eta ugaritasunez ibili arren, etxe barruan oso xume eta bakarti bizi nintzen. Zuhurtziarik handiena arau bihurtu nuen, Bendel ez beste inor ezin zen nire bizileku zen gelan inolaz ere sartu. Eguzkiak jo bitartean berarekin egoten nintzen han giltzapean, eta, ziotenez, kondeak lanean ziharduen bere gelan. Lan horiekin zerikusia zuten nik edozein huskeriarako bidali eta jasotzen nituen mezulariek. Iluntzean soilik onartzen nuen lagunarteren bat nire arbolapean, edo Bendelen esanei segituz trebe eta erruz argitutako salan. Bendelek Argus-en begiz zaindu behar ninduen kanpora irteten banintzen, eta halakoetan basozainaren lorategira jo ohi nuen, beti ere pertsona bera zela medio: bihotz barruan neraman nire amodioa.

        O Chamisso zintzoa, espero dut ez zenuela oraindik ahaztuko zer den amodioa! Hainbat alderdi uzten ditut hemen aipatzeke. Benetako ume maitagarri, zintzo, dohatsua zen Mina. Nigan atxiki zuen bere fantasia osoa, eta bere apaltasunean ez zekien zergatik nire begiak berarentzat bakarrik ziren; eta amodioa sakabanatzen zuen esku zabalka, bihotz errugabe baten indar gazteaz. Emakumeen antzera maitatzen zuen, gorputz eta arima; bere buruaz ahaztuta, maitetzat zeukanari emanda, batere axolarik gabe bera ere harekin batera hondora joango ote zen; hots, zinez maitatzen zuen.

        Baina nik... O zer ordu latzak haiek! Latzak baina gogoangarriak. Sarritan egiten nuen negar Bendelen bularraren kontra, lehenbiziko zoramen itsuaren ostean neure onera etorri eta neure buruari zorrotz begiratzen nionean, itzalik gabe, neurekoikeria zitalez aingeru hura galbideratu nuelako eta arima garbi hura gezurrez irabazi eta lapurtu! Batean neure burua haren aurrean salatzeko asmoa hartzen nuen; bestean tinko hitz ematen nuen harengandik apartatu eta alde egingo nuela; azkenean berriro negarrez lehertu eta Bendelekin erabakitzen nuen hura iluntzean lorategian bisitatzeko modua.

        Beste zenbaitetan neure burua engainatzen nuen ezezagun ilunaren bisita hurbilari buruzko itxaropen handiekin, eta negar egiten nuen berriro, hartan sinesten alferrik saiatu ondoren. Kalkulaturik neukan izugarri hura berriro ikustea espero nuen eguna; izan ere urtebete eta egun bat barru esan zuen, eta nik sinetsi egiten nuen emandako hitz hartan.

        Gurasoak pertsona zahar, zintzo, finak ziren, beren alaba oso maite zutenak. Harrituta zeuden harreman hura gorputz hartuta ikusita, eta ez zekiten nondik nora jo. Ez zuten inoiz amestu Peter kondeak beren alaba soilik eduki zezakeenik buruan, elkar maiteko zutenik. Ama nahikoa hartu zen, lotura baten aukeran pentsatu eta hartan saiatzeraino; aitaren zentzuak ez zien lekurik ematen hain ideia puztuei. Biak zeuden konbentziturik nire maitasun garbiaz. Beren alabaren alde otoitz egitea besterik ez zitzaien geratzen.

        Gutun bat datorkit eskura, garai hartan Minagandik jasoa. Bai, bere idazkera da! Hementxe jarri nahi dizut.

        «Neska tuntun, ahul bat naiz, eta imajinatzen dut nire maiteak ez liokeela gaixo honi minik egingo, nik bihotz-bihotzez maite baitut. Ai, zu bai zarela zintzoa, zintzoa zarenez ere!, baina ez nazazu gaizki konpreni. Ez duzu nigatik ezer sakrifikatu behar, ez nigatik ezer sakrifikatu nahi izan. O Jauna! Neure burua gorrotatuko nuke, hori egingo bazenu. Ez, zuk ikusgarri zoriontsu egin nauzu, zu maitatzen irakatsi didazu. Zoaz nigandik! Badakit zein den nire patua, Peter kondea ez da nirea, munduarena baizik. Harro egon nahi dut, aditzen dudanean: bera izan da, eta bera izan da berriro ere, eta berak lortu du zera; han miretsi egin dute, eta beste hartan berriz gurtu. Nik horretan pentsatu eta haserretu egiten naiz zurekin, ume xalo baten ondoan ahaztu duzulako zure destino gorena. Zoaz nigandik, bestela pentsatze hutsak zorigaitzeko egiten bainau, nor eta neu, ai!, zugatik hain zoriontsu, hain dohatsu izanik. Ez al naiz neu ere olibondo adarra eta arrosa kimua izan zure bizitzan, eskuratu nizun koroa hartan bezala? Bihotzean zauzkat, maitea, ez beldurrik izan nigandik joateari. Hil egingo naiz, ai!, honen dohatsua naizenez, oso dohatsu ere, zuri esker.»

        Pentsatzen ahal duzu nola erdiratu zidaten hitz horiek bihotza. Azaldu nion ez nintzela ematen nuena; gizon aberatsa nintzela, baina ikaragarri sufritzen nuela. Madarikazio bat neukala gainean, eta hura izan behar zuela bion arteko sekretu bakarra, artean ez bainuen galdu hura konpontzeko itxaropena. Honako honek pozoitzen zidala barrena: amildegian behera eraman nezakeela nirekin, nor eta bera, nire bizitzako argi bakarra, zorion bakarra, bihotz bakarra. Orduan negar egin zuen berriro, dohakabe nintzelako. Ai, zer maitagarria zen, zer ona! Nire malko bat uxatzearren pozik asko sakrifikatuko zuen bere burua.

        Nire hitzak zuzen ulertzetik urrun geratu zen, ordea. Erbesterako agindu gogorren bat jasotako printzeren bat-edo nintzela susmatzen zuen, buruzagi goren desterraturen bat-edo, eta bere irudimen saiatuak heroi gisa imajinatu ninduen, bikain.

        Behin honela esan nion:

        — Mina, datorren hilaren azken egunean nire destinoa aldatu eta erabakita gera liteke. Hala ez bada hil beharrean naiz, ez baitzaitut dohakabe egin nahi.

        Nire bularrean gorde zuen bere burua, negarrez.

        — Zure destinoa aldatzen bada emadazu jakitera zoriontsu zarela, ez baitaukat erantzukirik zuri egiteko. Sufritzen baduzu lot nazazu zure sufrimenari, eramaten lagun diezazudan.

        — Ume, ume, ezpainetatik alde egin dizuten hitz arin, zoro horiek atzera bota itzazu. Izan ere, ezagutzen al duzu sufrimen hori, ezagutzen al duzu madarikazio hori? Ba al dakizu zure maitea nor... berak zer...? Ez al nauzu ikusten gorputza bihurritzeko zorian dardarka eta zugandik sekretu bat ezkutatzen?

        Negar zotinka erori zen nire oinen parera eta zin eginez errepikatu zituen bere erreguak.

        Orduantxe sartzera zihoan basozain jaunari nire asmoa adierazi nion, alegia bere alabaren eskua eskatzera etorriko nintzela hurrengo hilaren lehen egunean. Epe hura finkatzen nuela, bitarte hartan hainbat gauza gerta zitezkeela eta, nire destinoan eragina eduki zezaketenak. Eta bere alabaganako nire maitasuna zela aldatzerik ez zegoen bakarra.

        Gizagaixoa zeharo izutu zen, Peter kondearen ahotik halako hitzak aditzean. Ni besarkatu baina berehala lotsatu zen, egiten ari zenaz ahaztu zelako. Orduan otu zitzaizkion zalantzak, gogoetak eta ikerketak; hizketan hasi zen bere alaba maitearentzako doteaz, segurtasunaz, etorkizunaz. Eskerrak eman nizkion hartaz guztiaz ohartarazi ninduelako. Estimatua nintzela zirudien lurralde hartan finkatu eta estutasunik gabe bizi nahi nuela esan nion. Inguruan salgai zeuden ondasun ederrenak bere alabaren izenean erosteko eta ordainketa neure bizkar uzteko eskatu nion, mesede horixe baitzen aita batek bere alaba maiteari egin ziezaiokeen handiena. Zeregin franko eduki zuen, beti aurrea hartzen baitzion arrotzen batek; hala ere milioi bat inguruko gauza erosi zuen.

        Halako lana ematea, berez, azpikeria xalo bat zen hura ondotik bidaltzeko; lehenago ere jokatua nintzen horrela, aitortu beharra baitaukat gogaikarri samarra zela. Ama gaixoa berriz gor samarra zen, senarra ez bezala, hau beti baitzegoen konde jaunarekin solasean jarduteko grinaz.

        Ama ere etorri zen, eta guraso zoriontsu haiek gogor egin zuten ilunabar hartan beraiekin luzeago gera nendin. Baina ni ezin nintzen minutu bakar batez ere berandutu: mendi hegian nekusan ilargia irteten. Akabo zen nire denbora.

        Hurrengo ilunabarrean berriro joan nintzen basozain jaunarenera. Berokia bizkarrean zabalduta neraman, kapela begietaraino sartuta, Minarengana hurbildu nintzenean. Ikusi eta begiratu zidanean, gorputzak ikara egin zion nahi gabe; orduan jabetu nintzen gau latz hartako agerkariaz, neure burua itzalik gabe erakutsi nuenean ilargi argitan. Harengatik zen, bai. Berriro ere antzeman ote zidaten? Isilik eta pentsakor zegoen. Erabat kargaturik Peter neukan bihotza. Nire eserlekutik altxatu nintzen. Isilik, negarrez oldartu zen nire bular gainera. Hala, joan nintzen.

        Ordutik sarritan topatu nuen negarrez, gero eta ilunago neukan neure barrena. Gurasoak soilik zebiltzan pozez gainezka. Zorigaiztoko eguna hurbilduz zihoan, zakar eta gogor, ekaitz hodei baten antzera. Iritsi zen bezpera, arnasa hartzeko ere lanak neuzkan. Badaezpada urrez beteta neuzkan hainbat kutxa, hamabiak jo zain... Jo zuten...

        Han nengoen eserita, begiak erlojuaren orratzetan josita, segundoak eta minutuak zenbatuz, labankadak bailiran. Edozein hotsek airean jartzen ninduen. Eguna argitu zuen. Ordu astunak elkarri bultzaka zihoazen, eguerdia, arratsaldea, gaua... Orratzak aurrera eta itxaropena ahitzen zihoakidan; jo zuten hamaikak eta ez zen ezer ageri, azken orduko azken minutuak igaro eta ez zen ezer ageri, jo zuten hamabietako lehen eta azken kanpaiak, eta negarrez puskatzen hondoratu nintzen ohean, itxaropenik gabe. Biharamunean, itzalik gabe betiko, nire maitearen eskua eskatzekoa nintzen. Logale urduri batek itxi zizkidan begiak goizaldera.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia