Zertarako ditu hegoak burdinaz lotutako gatibuak? Lehenaz gain gehiago desesperatzeko besterik ez. Faffner bere altxorraren ondoan bezala nengoen, inoren kontsolamendurik gabe, nire urrearen alboan usteltzen. Harekiko grina eduki beharrean madarikatu egiten nuen, hura zela medio etenda ikusten bainuen neure burua eguneroko bizitzatik. Sekretu hits hura neure baitan gordeta, nire morroi guztietan apalenari ere beldurra nion, eta aldi berean bekaitza; izan ere hark itzala zeukan, bere burua eguzkitan erakuts zezakeen. Nire gelako bakardadean pairatzen nituen gauak eta egunak, eta tristurak bihotza atsekabetzen zidan.

        Bazegoen beste norbait ere nire aurrean nahigabez. Nire Bendel leialak etengabe oinazetzen zuen bere burua purrustezko hitz isilekin, bere nagusi prestuaren konfiantzari huts egin eta ez zuelako ezagutu bilatzeko agindu zioten hura, bere ustetan harexekin baitzegoen nire destino tristea kate motzean loturik. Baina nik ezin nuen errudun egin, gertaera hura ere bat zetorren-eta ezezagunaren izaera miresgarriarekin.

        Ezerekin saiatu gabe ez geratzeko, behin batean Bendel brillantezko eraztun dotore bat hartuta bidali nuen hiriko pintorerik ospetsuenagana, ni bisitatzeko gonbitarekin. Etorri zen, joanarazi nituen nire morroiak, itxi nuen atea, eseri nintzen gizonaren ondoan eta, bere artea laudatu ondoren, bihotz kargatuz heldu nion arazoari, sekretuari zorrotz eusteko hitza emanarazi ondoren.

        — Maisu —jarraitu nuen—, izan daitekeen zorigaitzik handienaz itzalik gabe geratu den gizon bati itzal faltsua margotzeko gauza izango zinateke?

        — Errainu bat alegia?

        — Horixe bera.

        — Baina —galdetu zidan ere— zer baldarkeriagatik, zer zabarkeriagatik gal lezake inork errainua?

        — Berdin da nola izan zen —ihardetsi nion—, baina tira! —eta lotsarik gabe esan nion gezurra—: Joandako neguan, Errusian barrena zihoala, berebiziko hotzarekin itzala izoztu eta lurrari itsatsi zitzaion, hura handik ezin askatzeraino.

        — Baina nik margo nezakeen errainu faltsua —ihardetsi zuen maisuak— berriro galduko luke mugimendu txikiena egin orduko. Batez ere sortzezko itzalari hain atxikimendu txikia dionak, zeure kontaeratik pentsatzekoa denez; itzalik ez duena ez dadila eguzkitan jarri, hori da zentzuzko eta seguruena.

        Jasaterik ez neukan begirada zorrotza botatzen zidalarik, zutitu eta joan zen. Nire besaulkian murgildu eta aurpegia estali nuen eskuekin.

        Horrela topatu ninduen Bendelek, sartu zenean. Nagusiaren mina ikusi eta atzera egin zuen isilik, errespetuz. Gora begiratu nuen. Nahigabearen zamak azpiratzen ninduen, hitz egin behar nion.

        — Bendel! —hots egin nion—. Bendel! Nire oinazea ikusi eta errespetatzen duan bakarra, azterka saiatu gabe nirekin batera isilik eta dohatsu sufritzen duala dirudian hori, hator nigana, Bendel, eta izan hadi nire bihotzaren euskarri. Ez dizkiat nire urre altxorrak higandik gorde, eta ez dizkiat higandik gorde nahi ere nire atsekabearen altxorrak. Bendel, ez nazak utzi. Bendel, aberats ikusten nauk, eskuzabal, ongile, munduak goratu behar nindukeela iruditzen zaik, baina horren ordez ni munduari ihesi eta harengandik saihesten ikusten nauk. Bendel, munduak epaitu eta baztertu egin naik, eta agian hik ere alde egingo duk nigandik, nire sekretu izugarria jakinda: Bendel, aberatsa nauk, eskuzabala, ongilea, baina... O Jainkoa, ez zeukaat itzalik!

        — Ez daukazula itzalik? —hots egin zuen gazte zintzoak beldurturik, eta mara-mara irten zitzaizkion malko gardenak begietatik—. Ene bada, itzalik gabeko nagusia zerbitzatzeko jaiotzea ere!

        Hura isildu, eta nik aurpegia gorde nuen eskuetan.

        — Bendel —gaineratu nuen geroago dardarka—, jakin duk nire sekretua eta libre duk zabaltzea. Hoa eta sala nazak.

        Bere buruarekin borroka bizian zirudien, harik eta azkenean nire aurrean belaunikatu eta eskutik heldu zidan arte, malkoekin zeharo bustiz.

        — Ez —egin zuen oihu—, munduak zernahi pentsaturik ere, ezin dut eta ez dut itzal gorabehera batengatik nire nagusi ongilea abandonatuko. Zuzen jokatuko dut eta ez zuhur, ondoan geratuko natzaizu, nire itzala utziko dizut, ahal dudanean lagundu eta ezin dudanean zurekin egingo dut negar.

        Lepotik helduta besarkatu nuen, ezohiko sentimendu haiekin harriturik, ziur bainengoen ez zuela diruagatik egiten.

        Aurrerantzean zertxobait aldatu ziren nire destinoa eta nire bizimodua. Deskribaezina da zer kontuz ezkutatzen zuen Bendelek nire akatsa. Denetara joaten zen nire aurretik eta nirekin, dena aurrez iragarriz, prestaketak eginez, eta ustekabean arriskua agertzen zenean ni bere itzalaz agudo estaliz, ni baino handi eta mardulagoa baitzen. Hala, berriro jendartera ausartu eta munduan paper bat edukitzen hasi nintzen. Itxura hutseko bitxikeria eta fantasia asko hartu behar izan nituen, noski. Baina aberatsengan ohikoak dira horrelakoak, eta egia gordeta egon bitartean, nire urrearen hotsera etorritako guztien ohore eta begiruneaz gozatzen nuen. Ezezagun misteriotsuak handik urtebete eta egun baterako hitz emandako bisitarekin lasaiago nengoen.

        Ongi jabetzen nintzen itzalik gabe ikusi ninduten lekuetan ezin nuela luzaz jarraitu, aise sala nintzaketenez. John jaunaren aurrera azaldu nintzen aldia ere gogoan neukan, oroitzapen gogorra niretzat, eta beraz froga egin nahi nuen nengoen lekuan bertan, beste edonon aise eta irmoago azaldu ahal izateko. Baina bolada batean jendea nire harrokeriaren bizkar egon zen bizitzen, bertan aurkitzen baitu aingurak lurrik sendoena.

        Fanny ederrak ere, berriro topatu nuenean, ni inoiz ikusi izanaz oroitu gabe, atentzio apur bat eskaini zidan, oraingoan grazia eta zentzua neukanez. Mintzatzerakoan arretaz entzuten ninduten, eta ez nekien nola iritsi nintzen elkarrizketa hain aise zuzendu eta menperatzera. Eder harengan sortutako zirraraz konturatuta, tentel huts bihurtu nintzen, berak gura bezalaxe, eta ordutik mila nekerekin jarraitzen nion itzaletan eta ilunbistan, nire mugen barruan. Nitaz harrotzen zenean soilik nengoen barro, baina, gogotik saiatuta ere, ezin nuen zoramen hura burutik bihotzera eraman.

        Baina zertarako hain istorio arrunta luze eta zabal errepikatu? Zerorrek eman izan didazu behin baino gehiagotan horren berri, jende ohoretsua dela eta. Jolas zahar, guztiz ezagun boni, non nik zeregin hutsal bat neukan onez onean neure bizkar hartuta, katastrofe txit berezi bat gaineratu zitzaion, nire eta Fanny-ren eta denen ustekabean.

        Arrats eder batean, ohitura nuen bezala lorategi argitu batean lagunartea bildu ondoren, besoz beso nenbilen andereñoarekin, beste gonbidatuengandik bazter samarrean, ateraldi bizkorrak asmatu nahian. Hark, bere aurrera lañoki begira, emeki erantzuten zion nire eskuaren estutuari; orduan bat-batean gure atzean hodei artetik ilargia atera, eta bere itzala bakarrik ikusi zuen gure aurrean erortzen. Beldurrez dardara egin, txundituta lehenik niri eta ondoren berriro lurrera begiratu zuen, begiekin nire itzala gutiziatuz. Barruan zebilkiona hain modu berezian islatu zen bere aurpegian non barrez lehertuko nintzen, neuk bizkarrezurrean behera hotzikara sentitu ez banu.

        Nire besotik askatu, zorabioak har zezan utzi, ziztu bizian alde egin gonbidatu izutuen artetik, ateraino heldu, bertan geldirik kausitu nuen lehen kotxean sartu eta hirira itzuli nintzen, zoritxarrez bertan utzia bainuen Bendel zuhurra. Beldurtu egin zen ni ikustean; hitz bakar batekin ulertu zuen dena. Posta-zaldiak etorrarazi zituen berehala. Mirabe bakar bat eraman nuen nirekin, Raskal izeneko alproja maltzurra, bere trebetasunari esker bere burua ezinbesteko egiten jakin zuena eta egun hartako gertaeraz ideiaren arrastorik ez zeukana. Gau hartantxe hogeita hamar milia utzi nituen nire atzean. Hirian geratu zen Bendel, nire etxea bildu, urrea banatu eta niri premiazko zerak ekartzeko. Hurrengo egunean heldu zenean, nire besoetan hartu eta hitza eman nion zorakerian gehiago erori gabe zuhurrago jokatuko nuela aurrerantzean. Etenik gabe jarraitu genuen gure bidaia, muga eta mendiaz gaindi, eta hurrengo mendi magalean, aurreko lur zorigaiztoko hartatik gotorleku altu batek bereizten gintuen lekuan, onartu egin nuen bisitari gutxiko ondoko bainuleku batera joatea, nozitutako nekeetatik atseden hartzera.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia