Azkenean neure seneratu eta lehenbailehen joan nintzen leku hartatik, ez bainuen han zorionez beste zereginik. Lehenbizi nire poltsikoak urrez bete, gero poltsaren sokak lepo inguruan lotu eta bularrean ezkutatu nuen. Inork nigan erreparatu gabe parketik irten, errepidera iritsi eta hiri aldera abiatu nintzen. Sarrerako aterantz pentsakor nindoala, garrasiak aditu nituen nire atzean:
— Gazte! Aizu, gazte! Entzun, mesedez!
Jiratu nintzen eta atso bat ikusi nuen niri hoska:
— Begirozu, jauna! Itzala galdu duzu.
— Eskerrik asko, amona!
Urrezko txanpona bota nion borondate oneko ohar harengatik, eta arbolapera bildu nintzen.
Atean berriro aditu behar izan nuen zaindariagandik:
—Non utzi duzu itzala, jauna?
Eta lehenaz gain bi emakumek berriro:
— Jesus Maria! Gizagaixoak ez din itzalik!
Amorrarazten hasi nintzen harekin, eta kontu handiz arduratu nintzen eguzkitan ez jartzeaz. Baina ezinezkoa zen beti hala jarraitzea, konparazio batera hurrena gurutzatu beharreko Breitestraie-an, eta hain zuzen ere, hura zoritxarra nirea, orduantxe ari ziren mutikoak eskolatik irteten. Alproja konkor madarikatu bat, oraindik ere aurrean daukat huraxe, agudo konturatu zen itzala falta zitzaidala. Garrasi batean nabarmendu ninduen kalezuloko gazte literaturazale haien aurrean, eta hauek segituan hasi zitzaizkidan kritikatzen eta lokatz botaka.
— Jende zintzoak soinean eraman ohi du itzala, eguzkitan doanean!
Urrea barra-barra bota haiek nigandik uxatzeko, eta arima errukior batzuek lortutako alokairuko auto batera egin nuen jauzi.
Kotxean bakarrik aurkitu bezain laster, saminez eman nion negarrari. Inondik ere, orduan erne zitzaidan nire susmo hau, alegia urrea merezimendu eta bertute guztien gainetik egonagatik munduan, urrea baino askoz gehiago estimatzen dela itzala; eta neuk, ordura arte nire kontzientziaren onbeharrez aberastasuna sakrifikatu nuen honek, urre hutsagatik baztertu berri nuen itzala. Zer ikusteko ote nengoen munduan?
Zeharo nahastuta nengoen, autoa nire ostatu zaharraren aurrean gelditu zenean. Hotzikara eman zidan teilatu azpiko gela zarpail hartan oina jarri beharrak. Nire gauzak jaitsarazi, fardel ziztrin hari higuinez heldu, urrezko txanpon batzuk jaurti eta hotelik dotoreenera gida nintzaten agindu nuen. Ipar aldera zegoen hura eraikia, eta beraz ez nintzen eguzkiaren beldur. Urrea emanda kotxezalea bidali, aurrealdeko gelarik onena erakutsarazi eta bertan sartu nintzen giltzapean, ahal bezain azkar.
Zertan uste duzu hasi nintzela orduan? O, Chamisso maitea, zure aurrean aitortze hutsarekin masailak gorritzen zaizkit. Zorigaiztoko zakutoa golkotik atera, eta sutea bezala bere gisa handitzen zihoakidan amorruz, urrea atera nuen, eta urrea, eta urrea, eta gero eta urre gehiago, eta zoruan zabaldu nuen, eta harexen gainean ibili nintzen, hotsa eginaraziz, eta metala bota nuen metalaren gainera; nire bihotz errukarriak distira eta soinu hartan gozatzen zuen, harik eta leher eginda aberastasun hartan etzan nintzen arte, okiduraz aztarrika eta piririka jarduteko. Horrela igaro zen eguna, arratsaldea, atearen sarraila ireki gabe, urretan etzanda aurkitu ninduen gauak, eta horrela loa nagusitu zitzaidan.
Orduan zurekin egin nuen amets. Zure gela txikiko kristalezko ate atzean nengoela iruditu zitzaidan, eta handixe ikusten zintudala zure laneko mahaian eserita, eskeleto bat eta lore-sorta diat baten artean, zure aurrean Haller, Humboldt eta Lineo zabalduta, zure sofa gainean Goethe-ren liburu bat eta Eraztun Magikoa; luzaro egon nintzaizun begira, eta baita zure gelako gauza guztiei ere, eta ondoren zuri berriro, baina ez zinen mugitzen, ez zenuen arnasarik hartzen, hila zeunden.
Esnatu egin nintzen. Bazirudien oso goiz zela. Geldituta neukan erlojua. Akituta sentitzen nintzen, egarri eta gose ez-ezik; ez nuen fitsik jan bezperako goizaz gero. Suminez eta nazkatuta jaurti nuen bazterrera urre hura, nire bihotz zoroa arestian ase zuena. Kezka neukan, zer egin harekin. Ezin zen hala lurrean geratu; zakutoak berriro irents zezan saiatu nintzen, baina alferrik. Nire leihoetako bakar batek ere ez zuen ematen itsasora. Nekez eta izerdi garratzez gela bateko armairu handiraino urrea arrastaka eraman, eta hantxe bilduta etsi behar izan nuen. Eskukada batzuk soilik utzi nituen lurrean. Lan hura bukatzean, neka-neka eginda jarri nintzen besaulki batean, etxe hartako jendea mugitzen hasi zain. Aukera eduki bezain laster, janaria ekartzeko eta jabea nigana etortzeko agindua eman nuen.
Gizon honekin mintzatu nintzen nire etxearen antolaketaz gerora begira. Nire zerbitzurako Bendel izeneko gizon bat gomendatu zidan, itxura leial eta zuhurragatik berehala begiko egin zitzaidana. Hauxe bera izan zen ordutik aurrera, bere atxikimenduarekin kontsolatuz, bizitzako oinazeetan barrena neure aldamenean egon zena eta nire patu hitsa jasaten lagundu zidana. Nire gelan igaro nuen egun osoa, nagusirik gabeko morroi, zapatagin, jostun eta merkatariekin. Nire bizilekua jantzi eta batez ere gutizia eta harribitxiak erosi nituen erruz, pilatutako urretza hartatik libratzeko; baina bazirudien hango ugaritasuna ez zela batere gutxitzen.
Bitartean zalantza latzen pean nengoen, nire egoera zela eta. Ez nintzen ausartzen nire gelatik kanpora pauso bakar bat ere ematera, eta ilunabarrean berrogei kandela piztarazten nituen salan, ilunpetatik irten aurretik. Izuturik gogoratzen nintzen eskolako ume haiekiko istiluaz. Behar adina balore bildu ondoren, jendearen iritzia berriro frogan jartzea erabaki nuen...
Ilargi gaua zen. Iluntzean beroki handi bat jantzi, kapela begietaraino sartu eta gaizkile baten antzera lerratu nintzen etxetik, dardarka.
Urrutiko plaza batera iristean etxeen gerizpea utzi, ordura arte babestu ninduena, eta ilargi argitara irten nintzen, paseatzaileen ahotik nire destinoa entzutera etsita.
Ez berriro kontarazi, lagun maite, jasan behar izan nuen mingostasuna. Sarritan, emakumeek erruki sakona agertu zuten nirekiko; ateraldi haiek adina erdiratu zidaten bihotza gazteen isekak eta gizonezkoen mespretxu harroak, batez ere lodi eta guri zirenenak, itzal zabalen jabeak. Neskatxa eder xarmant batek, itxuraz gurasoekin zihoana, hauek zuhurki beren hanken parera begiratzen zutelarik, nigana zuzendu zuen kasualitatez bere aurpegi argia; nire itzalik ezaz ohartzean nabarmen ikaratu, bere begitarte ederra beloaren azpian gorde, burua apaldu eta isil-isilik jarraitu zuen.
Ez nuen gehiagoan jasaterik izan. Malko saminak isurtzen hasi nintzen, eta bihotza urraturik itzuli nintzen balantzaka ilunpetara. Etxeen aldamenetik neukan joan beharra, ibilera segurtatzearren, eta astiro eta berandu iritsi nintzen etxera.
Ez nuen gau osoan lorik egin. Hurrengo eguneko nire lehen ardura zamar griseko gizona bilatzea zen. Agian erdietsiko nuen berriro kausitzea, eta hura zoriona, niri bezala hari ere damu bazitzaion tratu zoro harengatik! Nigana etorrarazi nuen Bendel, azkar eta trebe itxurakoa.
Zehazki azaldu nion gizon hura altxor baten jabe zela, zeinaren ezean nire bizitza oinaze hutsa zen. Hura ikusi nuen ordua eta lekua esan nizkion; bertan ziren guztiak azaldu nizkion, eta zera ere seinalatu nion: Dollond betaurrekoa, urrez bordatutako alfonbra turkiarra, estalpe dotorea eta, azkenik, zaldi beltzen berri jakin behar zuela, zeren eta hauen istorioa, nondik nora zehazterik ez egon arren, gizon misteriotsu harenarekin lotua baitzegoen, hau denei hutsala iruditu, baina haren presentziak nire bizitzako bakea eta zoriona hondatu baitzuen.
Hitz egitez bukatzean, urrea hartu nuen, soinean eraman nezakeen guztia, eta harribitxiak eta joiak gaineratu nituen, balioa handitzeko.
— Bendel —esan nion—, honek ate asko zabaldu, eta bestela ezinezkoak diruditen gauza asko errazten dizkik; ez hadi zurkaitza izan, ni ere ez naizen bezala, baizik joan eta poztu ezak hire nagusia bere itxaropen bakar diren albisteekin.
Hala, joan zen. Berandu eta triste itzuli zen. John jaunaren mirabe bakar bat ere, bere gonbidatu bakar bat ere, denekin hitz egin baitzuen, ez zen gauza zamar griseko gizonaz fitsik ere gogoratzeko. Han zegoen teleskopio berria, baina inork ez zekien nondik etorria; han zeuden alfonbra eta estalpea, gainera muino bere hartan zabaldu eta eraikita; nagusiaren aberastasuna goraipatu zuten morroiek, eta inork ez zekien zertatik heldu zitzaizkion gutizia haiek. Hura berriz pozik zegoen, eta ez zen kezkatzen haien jatorria ez jakiteaz; ukuiluan zeuzkaten zaldiak haietan ibilitako nagusi gazteek, eta John jaunaren esku zabala goretsi zuten, haiek oparitu zizkielako. Horiek ziren Bendelen kontaera zehatzeko berriak, eta nire esker oneko laudorioa jaso zuen bere ahalegin sutsu eta jokaera zuhurragatik, nahiz emaitza hutsaren hurrengoa izan. Bakarrik uzteko keinua egin nion, goibel.
— Eman dizut, jauna —ekin zion berriro— zuretzat garrantzitsuena zen txostena. Baina beste mandatu bat geratzen zait gauzatzeko, gaur goizean ate aurrean topatu dudan norbaitek emana, hain zorigaitzekoak izan diren zereginetara nindoala. Hauek izan dira gizonaren hitzak: «Esaiozu Peter Schlemihl jaunari ez nauela hemen gehiago ikusiko, itsasoan barrena naizela joatekoa eta aldeko haizeak porturantz deitzen didala oraintxe. Baina hemendik urtebete eta egun batera ohorea izango dut neu bere bila etortzeko, orduan agian onargarria irudituko zaion tratua eskaintzera. Nire goraintzi apalenak eman eta adieraz iezaiozu nire esker ona». Nik nor den galdetu, baina esan dit zuk ongi ezagutzen duzula.
— Zer itxurako gizona zen? —hots egin nuen susmo sendo batekin.
Eta Bendelek zamar griseko gizona deskribatu zidan zehatz-mehatz, hitzez hitz, lehentxeago bilatze lanei buruz bezain leial.
— Dohakabea! —hots egin nuen eskuak bihurrituz—. Bera zuan!
Orduan ikusi zuen hark argia.
— Bai, bera zen, noski —hots egin zuen izututa—, eta nik, itsu eskas ez besteren honek ezagutu ez, ezagutu ez eta nire nagusia saldu!
Malkoa dariola hasi zen, bere buruaren aurka gaizki esaka saminki, eta bere etsipenak errukia piztu zuen nigan ere. Kontsolatu egin nuen, behin eta berriro adieraziz ez neukala zalantzarik bere leialtasunaz, eta berehala bidali nuen portura, ahal bazen gizon arraro haren aztarnei segitzeko. Baina goiz hartan bertan barku asko, aurkako haizeagatik portuan egonak, itsasoratuak ziren, bazter berrietara, kosta berrietara, eta griseko gizona zantzurik utzi gabe suntsitua zen, itzal baten antzera.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano