Itsas bidaia zoriontsu, baina nekagarri baten ondoren, azkenean portura heldu ginen. Txalupaz lehorrera etorri bezain laster nire ondasun apurrak bizkarrean hartu, eta jende emanaren artetik bidea zabalduz sartu nintzen lehenengo etxe kaxkarrenean, atarian iragarki bat zintzilik ikusita. Gela bat eskatu nuen, eta etxeko morroiak, goitik behera begiratu ondoren, teilatu azpira eraman ninduen. Ur freskoa ekartzeko agindu eta zehatz esateko eskatu nion non aurki nezakeen Thomas John jauna.

        — Iparreko Atea baino lehen, aurreneko landetxea eskuinetara, etxe handi berri bat, marmol gorri eta zurikoa, zutabe askorekin.

        Ederki. Artean goiz zen. Nire fardela berehala askatu, handik atera nire zamar beltza, alderantzikoz gain jarri berria, txukun jantzi arropa onenak, hartu gomendiozko eskutitza eta segituan abiatu nintzen gizon harengana, nire itxaropen xumeentzat lagungarri izango zelakoan.

        Iparreko kale luzean gora joan eta Atera iritsi ondoren, laster ikusi nituen zutabeak, berdegunean eguzkitan. «Hemen duk beraz», pentsatu nuen. Oinetako hautsa eskuzapiaz garbitu, lepoko painelua zuzendu, eta Jainkoaren izena gogoan neukala tiratu nuen kanpaitik. Zabaldu zen atea. Ezkaratzean itaunketa bat jasan, baina hala ere atezainak nire etorreraren berri eman eta parkera sartzen uzteko ohorea izan nuen, John jauna lagunarte txiki batekin paseatzen zebilela. Berehala ezagutu nuen bere handiuste mardul nabarmenagatik. Oso ongi hartu ninduen, aberatsak gizagaixoa bezala, nigana jiratu ere egin zen, nahiz gainerako lagunartea bistatik galdu ez, eta eskutik kendu zidan eskainitako gutuna.

        — Hara, hara! Anaiarena. Aspaldian ez dut bere aditzerarik. Ongi da osasunez? Hantxe —jarraitu zuen lagunartera itzulita, nire arrapostuari itxaron gabe, eta muino bat erakutsi zuen gutunaren ertzaz—, hantxe eraikiko dut egoitza berria.

        Zigilua urratu zuen baina ez horregatik elkarrizketa eten, hain zuzen ere aberastasunari buruzkoa.

        — Gutxienez milioi baten jabe ez dena —gaineratu zuen—, halakoa, barkaidazue hitza, txatxu bat da.

        — Egia galanta! —hots egin nuen nik, sentimenduz gainezka.

        Hori nonbait hari atsegin, eta niri irribarrez esan zuen:

        — Gera zaitez hemen, lagun. Ondoren agian izango dut beta, zuri esateko zer iritzi dudan honetaz —eta gutuna seinalatuz, poltsikoan gorde eta berriro jiratu zen lagunartera.

        Dama gazte bati besoa eskatu zion, beste zenbait jaun ere beste ederrekin saiatu ziren, oso modu finean, eta arrosez inguratutako muinorantz abiatu zen segizioa.

        Atzetik lerratu nintzen neu ere, inori oztoporik sortu gabe, inortxok ere ez baininduen aintzat hartzen. Oso alai zegoen lagunartea, txantxetan eta flirteatzen, aldian behin gauza arinei buruz garrantzi handiz hizketan, sarritan garrantzitsuei buruz arinki, eta ziria goxo-goxo sartzen han ez zeuden lagunei eta haien bizimoduari. Ni han arrotzegia nintzen gauza handirik ulertzeko; kezkatuegia nengoen eta neure baitan bilduegia asmakizun haiei aztarna hartzeko.

        Arrosadira iritsiak ginen. Fanny ederrari, eguneko erregina, adaska loratu bat mozteko guraria etorri zitzaion, baina arantza batekin zauritu, eta arrosa gorribeltz batetik bezala isuri zen odol purpura bere esku leunetik. Gertakari honek lagunarte osoa aztoratu zuen. Lokera baten bila hasi ziren. Gizon isil, ihar, argal, luze, adindu batek, ordura arte nire ondoan joana eta artean erreparatu ez nintzaiona, sartu eskua tafetan gris antigoaleko bere zamarraren poltsikoan, handik kartera txiki bat atera, ireki, eta agur umil batekin eskaini zion eskatutakoa dama gazteari. Honek emaileari begiratu edo eskerrik eman gabe hartu, zauria lotu eta berriro jarraitu zuten muinoan gora, haren gainaldetik itsaso amaigabearen ikusmira zabalaz gozatu nahian, parkeko labirinto berdeaz harago.

        Benetan handi eta zoragarria zen handik zegoen bista. Puntu argi bat azaldu zen hodeiertzean, ur arrea eta zeru urdinaren artean.

        — Betaurreko bat azkar! —hots egin zuen Johnek.

        Baina oihua entzunda agertutako morroi jendea mugitzen hasi baino lehen, griseko gizonak, apalik burua makurtuz, eskua zamarraren poltsikoan sartu, handik Dollond eder bat atera eta John jaunari eskuratu zion. Honek, berehala begira eramanaz, lagunarteari jakinarazi zion bezperan itsasoratutako barkua zela, aurkako haizeak portu aurrean zeukana. Eskuz esku joan zen betaurrekoa, atzera jabeagana itzuli gabe; harriturik begiratzen nion nik gizonari, eta ez nekien nola irten ote zen tramankulu handi hura poltsiko tatar hartatik; baina, dirudienez, inori ez zitzaion nabarmena iruditu, eta nitaz bezain gutxi arduratu ziren griseko gizonaz.

        Zizka-mizkak banatu ziren, lur kantoi guztietako frutarik bakanenak ontzirik apainenetan. John jaunak egin zituen ohoreak fintasun xumez, eta orduan zuzendu zidan niri hitza bigarren aldiz:

        — Jan ezazu; ez zenuen itsasoan holakorik izango.

        Nik gur egin nuen, baina hark ikusi gabe, ordurako beste norbaitekin ari baitzen hizketan.

        Gustura etzango ziren denak belardian, muinoaren magalean, ikusmira zabalaren aurrean, lurreko hezetasunaren beldur izan ez balira. «Ederki geundeke», esan zuen lagunarteko norbaitek, «alfonbra turkiarrak bagenitu hementxe jartzeko». Gutizia aipatu bezain laster, zamar griseko gizonak eskua poltsikoan sartu eta apal-apal, baita umil ere, handik alfonbra turkiar dotore, urrez bordatu bat atera nahian ari zen. Zerbitzari batzuek hura berenganatu, jakineko gauza balitz bezala, eta agindutako tokian ezarri zuten. Itzulingurutan aritu gabe hartu zuen lagunarteak han eserleku. Nik ordea txunditurik begiratzen nion gizonari, poltsikoari, alfonbrari, hogei pausotik gora izango baitzituen luzeran eta zabaleran berriz hamarren bat, eta begiak igurtzi nituen, zer pentsatu jakin gabe, batez ere inori ez zitzaiolako harrigarria iruditzen.

        Gustura hartuko nuen azalpenen bat gizon hari buruz, eta baita nor zen galdetuko ere, baina ez nekien norengana jo, zerbitzariei ia ikara gehiago bainien zerbitzatuei baino. Azkenean kemen hartu eta gizon gazte batengana hurbildu nintzen, itxura xumeagokoa, eta maiz bakarrik zihoana. Emeki eskatu nion esateko nor zen griseko gizon eskuzabal hura.

        — Kanabera makila ematen duen hori?

        — Bai, bakarrik dagoen hori.

        — Ez dut ezagutzen —ihardetsi zidan, eta elkarrizketa luzeagoa galarazteko edo, niri bizkarra eman eta axolarik gabeko zer edo zertaz hasi zen beste batekin hizketan.

        Eguzkiak gero eta gehiago berotzen zuen eta astuna bihurtu zen damentzat. Fanny ederrak ardurarik gabe galdetu zion griseko gizonari, inork hitza luzatzen zion lehen aldia nire ustez, ea ez ote zeraman soinean estalperik. Agur sakon batekin erantzun zion, honekin merezi gabeko ohorea egingo balitzaio bezala, eta eskua poltsikoan sartuz, oihalak, hagak, lokarriak, burdinkiak, hots, estalpe bikain batentzat behar den guztia ateratzen ikusi nuen. Gizon gazteek lagundu zuten hura eraikitzen, alfonbraren gainalde guztian zintzilikatuz. Eta inork ez zuen hartan ezer ezohikorik aurkitu.

        Niri parte gaiztokoa eta beldurgarria iruditzen zitzaidan aspalditik hura dena, baina hutsa zen hura, hurrengo desioa aipatzean poltsikotik hiru zaldi ateratzen ikusi bainuen, baietz bada!, hiru zaldi beltz handi eder, zela eta tresna guztiekin. Alajaina, atera kontuak: hiru zaldi zelatu poltsiko beretik, nondik eta ordurako atereak ziren kartera, betaurrekoa, luzeran hogei eta zabaleran hamar pauso zituen alfonbra puntuzkoa, neurri bereko estalpea eta honentzako haga eta burdina guztiak! Neure begiekin ikusi nuela ziurtatuko ez banizu, ez zenidake berehalakoan sinetsiko.

        Nahiz eta gizonak apal eta umila eman, nahiz eta besteek gutxi hartzen zuten aintzat, haren itxura zurbila ikaragarria iruditzen zitzaidan, ezin nion begirik kendu, ezin nuen gehiagoan harekin burutu.

        Lagunarte hartatik ezkutuan ihes egitea erabaki nuen, lantegi erraza, nire ordura arteko hutsaren hurrengo jarduna ikusita. Hirira itzuli nahi nuen, biharamunean John jaunarekin nire zortea berriro frogatu, eta, adorea edukiz gero, baina griseko gizon harexetaz galdetu ere. Hori eta horrenbestez alde egin ahal izan banu!

        Onik lerratu nintzen arrosadian barrena, muinoan behera, eta belardi ageri batean nire ingurura kink egin nuen, bidetik irtenda belarretan barrena joaten atzemango ote ninduten beldurrez. Hura izua, griseko gizona ikusi nuenean niri segika eta hurbiltzen! Nire aurrean berehala kapela erantzi eta agur egin zidan, nire aurrean inork sekula egindako agurrik sakonena. Ez zegoen zalantzarik: nirekin hitz egin nahi zuen, eta ezin nuen galarazi zakarra izan gabe. Neuk ere kapela erantzi, agur egin, eta eguzkitan geratu nintzen lurrari josita bezala, buru-hutsik. Beldurrez puskatzen begiratu nion erne asko, sugeak liluratutako txoriaren antzera. Hark berriz oso nahastuta ematen zuen; begirada altxatu gabe, hainbat bider gur eginaz, ondoraino hurbildu eta ahots isil zalantzatiz mintzatu zen, eskalearen doinu bertsuarekin:

        — Barkatuko ahal didazu zugana ezagutu gabean aurkeztuta enbarazu egiten badizut, baina eskari bat daukat zuri luzatzeko. Arren zilegi bekit...

        — Baina Jainkoaren izenean, jauna —jaulki nuen nire izuan—, zer egin dezaket nik zure moduko gizon...?

        Zur eta lur geratu ginen biok, eta gorritu ere egin ginela uste dut. Isilune baten ondoren, berriro hartu zuen hitza:

        — Zeure ondoan egoteko zoriona eduki dudan tarte laburrean, jauna, zenbait aldiz, esaterik baldin badaukat, berealdiko harriduraz jabetu naiz zeuk eguzkitan islatzen duzun itzal eder apartaz, hortxe oinen parean daukazun itzal zoragarriaz, mespretxu noble batez-edo erreparatu ere egiten ez diozun arren. Mesedez barkatuko ahal didazu ausarkeria nabarmen hau: oso desatsegina iritziko al zenioke zure itzala saltzeari?

        Bera isilik geratu bitartean errotarri antzeko bat zebilen nire buruan jiraka. Nondik nora jo neure itzala emateko eskaintza xelebre haren aurrean? «Hau eroa zegok», pentsatu nuen neure artean, eta hizketako doinua aldatuta haren umiltasunari egokitzeko, erantzun nion:

        — Aizu, adiskide, ez al duzu aski zerorren itzalarekin? Hauxe bai tratu berezia.

        Berehala ekin zion hark:

        — Makina bat gauza badaukat poltsikoan, huskeriak irudituko ez litzaizkizukeenak. Itzal preziatu horren truke kaskarregia da edozein prezio.

        Poltsikoarekin gogoratzean hotzikara nabaritu nuen berriro, eta ez nekien nola deitu ahal izan nion adiskide. Berriro hitza hartu eta jatortasun handiz saiatu nintzen arazoa zuzentzen.

        — Baina jauna, barkaiozu zure mirabe umil honi. Ez dut arras ongi ulertzen zure burutapena, alegia nire itzala... Hitza eten zidan.

        — Zeure baimena besterik ez dut erregutzen, oraintxe bertan itzal prestu hori hartu eta niretzat gordetzeko; neure kontu, hori nola egin. Ordainetan, nire esker on seinaletzat, zeure esku uzten dut poltsikoan daramatzadan altxor guztien artean aukeratzea: benetako Erro Lehertzailea, Mandragora, Txanpon Erruleak, Talero Lapurra, Errolanen Ezkutariaren Mahai Oihala, Urkamendiko Gizonkiloa nahi duzun prezioan... Baina segur aski hutsa izango da hori dena zuretzat. Areago, hemen dut Fortunatoren Desio Kapela, berritu eta sendo konpondua; baita hark zeukana bezalako Zorion Zakua ere...

        Peter Schlewnthl-en istorio miresgarria

        — Fortunatoren Zorion Zakua! —moztu nion hitza, neure onetik aterata bainengoen hura hizketan hasi bezain laster, hainbesteko izua eduki arren. Ondoeza egin zitzaidan eta bi dukatekoen ñirñira bezalakoa nabaritu nuen begi aurrean.

        — Zaku hau aztertu eta froga ezazu, arren.

        Eskua poltsikoan sartu eta erdi tamainako poltsa josi bat atera zuen, aker-larru sendokoa, larruzko bi soka indartsurekin, eta eskura eman zidan. Barruan arakatu eta urrezko hamar txanpon atera nituen, eta hamar gehiago, eta hamar gehiago, eta hamar gehiago. Berehala luzatu nion bostekoa.

        — Kito! Egina dago tratua. Poltsa hauxe nire itzalaren truke.

        Estutu zuen nire eskua, gero berehala nire aurrean makurtu, eta ikusi nuen nola trebetasun miresgarriz nire itzala, burutik hasi eta oinetaraino, astiro belarretatik askatu, altxatu, bil-bil egin, tolestu eta azkenean poltsikoan sartzen zuen. Ondoren zutitu, berriro niri gur egin eta arrosa artera bildu zen atzera. Uste dut bere golkorako barrez sentitu nuela. Baina nik tinko eutsi nion poltsari soketatik; nire inguruko lurra eguzkitan zegoen, eta ni neure senera etorri gabe nengoen.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia