Hitzig-ek Fouqué-ri

 

        Zure erabaki etsituaren ondorioz —geuk soilik zaindu beharreko Schlemihl-en istorioa argitaratzea, alegia—, ez da bakarrik frantses eta ingeles, holandar eta espainiarrentzat itzuli, eta amerikarrek ere ingelesetik berrargitaratu, Berlingo jakintsuen artean jakitera eman dudanez; horretaz gain, gure Alemania maitean ere edizio berria ari dira paratzen, ingeleseko marrazkiekin, Cruikshank ospetsuak naturaletik eginak, eta horrela are gehiago zabalduko da kontua, zalantzarik gabe. Zure jokabide arbitrarioagatik (1814an ez zenidan ezertxo ere aipatu eskuizkribua argitaratzeaz) jaso zenuen zigorra aski ez bazen, izan ere mundua zeharkatzeko 1815etik 1818ra bitartean eginiko itsas bidaian gure Chamisso ere kexu azaldu zen, hain zuzen Txilen eta Kamtxatkan eta Oahu-ko bere lagun Tameiamaia zenaren aurrean, neuk ere kontuak eskatu nahi dizkizut.

        Dena den —hori ere alde batera— gertatua gertatu da eta arrazoi duzu: lagun asko eta asko, azken hamahiru urte garratzotan, liburuxkak munduko argia ikusi zuenetik, gu bezala zaletu dira berarekin. Ez dut inoiz ahaztuko Hoffmann-i istorioa irakurri nion aldia. Bere onetik aterata atseginez eta asalduraz, nire ezpainei itsatsita egon zen bukatu nuen arte; irrikatzen zegoen idazlea aurrez aurre ezagutzeko, eta batere imitatu zale ez izan arren ezin izan zion tentazioari eutsi, itzal galduaren istorioa bere San Silbestre Gaueko Abenturak kontakizunean trakets samar moldatuz, Erasmus Spikher-en ispiluko irudi galduarekin. Bai, umeen artean ere jakin du bidea urratzen gure istorio miresgarriak; banindoan ni behin egilearekin Burgstrasse-n gora neguko arrats argitsu batean, eta, bat-batean, elur patinalekuan zebilen gazte bat, barrez ari zitzaiona, hain ongi ezagutzen duzun bere hartz-larruzko berokiaren azpian hartu eta airean eraman zuen, hura geldi-geldi zegoela; gero atzera lurrean utzi eta aurrera jarraitu genuen biok, ezer gertatu ez balitz bezala, eta gazteak, bere burua nahikoa urruti ikusi zuenean, ozenki hots egin zion bere bahitzaile izandakoari: «Ikusiko duzu hurrena, Peter Schlemihl !»

        Beraz, nik uste dut 1814ko kurtka xumearekin ikusi ez zuten askoren pozgarri izango dela gure adiskidea bere arropa dotore, berriekin; batzuentzat eta besteentzat harrigarria gertatuko da, ordea, botanika-zale, munduan zehar nabigatzaile, garai batean maila oneko ofizial prusiar erregetiar izandakoa, eta baita Peter Schlemihl-en historiografo ere, era berean olerkari gisa ezagutzea; berak, nahiz melodia malaysiarrak nahiz lituaniarrak intonatu, beti frogatzen du behar den lekuan daukala bihotz poetikoa.

        Horregatik, Fouqué maitea, eskerrak ematen dizkizut lehen edizioa paratu zenuelako, eta gure lagunek bezala neuk ere onena opa dizut bigarren honetarako.

 

Berlinen, 1827ko Urtarrilean.

Eduard Hitzig.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia