Fouqué-k
lehengo berari
Eduard maitea, gorde egin behar dugu Schlemihl gizagaixoaren istorioa, ongi gorde ere, ikusi ez duten begietatik babesteko. Zeregin zaila da. Makina bat begi badago, eta zer hilkorrek erabaki dezake eskuizkribu baten geroa, ia zaintzen zailagoa baita esandako hitza baino? Hala, zorabioak hartuta dagoenak bezala egitera noa, bere izuan amildegira jauzi: istorio osoa argitaratuko dut.
Nolanahi ere, Eduard, nire jokabideak baditu arrazoi sendo eta hobeak. Zeharo oker ez banago behintzat, gure Alemania maitean bihotza taupaka dute Schlemihl gizagaixoa ulertzeko gai diren eta balio duten askok, eta bizitzak sartutako ziri saminen aurrean hainbat hiritar jator eta zintzoren aurpegian irribarre hunkitu bat agertuko da. Eta zuk, ene Eduard, zuk liburu errespetagarri hori ikusi eta pentsatzen duzunean gure pareko bihotz ezezagun askok hura guk bezalaxe maite dutela, orduan agian nabarituko duzu baltsamu-tanta bat isurtzen heriotzak zugan eta zu maite zaituzten guztiengan irekitako zauri mingarrira.
Eta bukatzeko: ez dago —hainbat esperientziak konbentzitu nau honetaz— ez dago liburu argitaratuentzat izpiritu guardakorik, haiek esku egokietara eramango dituenik, eta, beti ez bada ere sarritan, okerreko eskuak handik aldenduko dituenik. Dena den, giltzarrapo ikusezin bat dauka adimenaren eta arimaren benetako lan guztientzat, eta trebetasun leialez daki ireki eta ixten.
Izpiritu guardako horren esku, hots, nire Schlemihl maitearen esku uzten ditut zure irribarre eta malkoak, eta beraz ongi izan!
Nennhausen-en, 1824ko Maiatzaren bukaeran.
Fouqué.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano