Adelbert von Chamisso-k Julius Eduard Hitzig-i

 

        Zu ez zara inortaz ahazten eta gogoan izango duzu Peter Schlemihl izeneko bat, joan den urtean pare bat aldiz nire etxean ikusi zenuena, gizaseme hankaluze bat, baldartzat hartzen zutena moldakaitza zelako, eta bere gelditasunagatik alferra ematen zuena. Nik gogoko nuen. Ez zenuen ahaztuko, Eduard, nola azaldu zen behin gure garai berdeko sonetoetan. Neurekin joan zen tertulia poetiko haietako batera eta idatzi bitartean lo hartu zuen, irakurketari itxaron gabe. Gogoan dut berari sartu zenion ziria. Garai hartan beti soinean eramaten zuen kurtka beltz zahar batekin ikusi zenuen, auskalo non eta noiz, eta esan zenuen: «Gaizkitxo dago gizaseme hori, bere arimak bere kurtkaren erdia irauten badu». Hain zen gauza gutxi gizon hura zuentzat. Nik gogoko nuen. Eta aspaldian bere aditzerarik ez badut ere, Schlemihl horrena da hemen luzatzen dizudan koaderno hau. Zuri bakarrik, Eduard, nire lagun min, leialena, nire kide onena, sekreturik gorde ezin dizudana, zuri bakarrik luzatzen dizut, eta, jakina, gure Fouqué-ri, zu bezala nire ariman txertaturik dagoena —baina berari lagun den heinean luzatzen diot, ez poeta—. Ulertuko duzue zer desatsegina izango litzatekeen niretzat, baldin eta gizon prestu batek nire adiskidetasuna eta bihotz zuzenaz fidaturik egindako aitorpenak jendearen iseka-iturri bihurtuko balira, edo narras erabiliko balira, broma txar baten ondorioa balitz bezala, ez baita hori eta ezin du izan ere. Neuk ere aitortu beharra daukat, noski, lastima dela gizon on horren lumak istorioa makaldu izana, eta beste norbaiten esku iaioagoak indar komiko osoz gorputz eman ezina. Zer ez ote zuen jean Paul-ek honekin egingo! Bestalde, lagun maite, hainbat pertsona ageri dira bertan oraindik bizi direnak; hori ere kontutan hartzekoa da.

 

 

        Orri hauek nola heldu diren nigana azaltzeko bi hitz. Atzo goizean eskuratu zizkidaten, esnatu nintzenean. Gizon arraro batek, bizar zuri luzekoa, zeharo maiztutako kurtka beltz batekin, kutxatila botaniko bat zintzilik, eta eguraldi busti, euritsua egon arren txapinak jantzita boten gainetik, nitaz galdetu eta hauek utzi zituen niretzat. Berlindik omen zetorren.

 

Kunersdorf-en, 1813ko Irailaren 27an.

Adelbert von Chamisso.

 

        P. S. Agerraldi bakan haren marrazki bat bidaltzen dizut, Leopold trebeak egina, orduantxe bere leihoan baitzegoen. Nik zirriborro horri hainbesteko balioa ematen mola ikustean pozik oparitu zidan.

 

 

 

© A. Von Chamisso

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia