Nire lagun zahar Peter Schlemihl-i
Hona non datorkidan hainbeste urteren ondoren
Zure idazkia eskuetara, eta —zer miresgarria!—
Gogora dakarkit gu biok lagun ginen garaia,
Munduak lehen lezioak ematen zizkigunean.
Ile zuriko agure zahar bat naiz orain,
Gainditu ditut lotsa faltsuak,
Aspaldian bezala zure lagun gisa azaldu nahi dut
Eta munduari hala naizela adierazi.
Nire lagun gizagaixo gizagaixoa, Gaizkiak
Ez nau zu bezain oker tratatu;
Noraezean saiatu eta eduki dut itxaropen,
Bukaeran ezer gutxi lortzeko;
Alferrik saiatuko da nirekin deabrua,
Inoiz itzaletik heldu nahi izan ninduena;
Soinean dut nire sortzezko itzala,
Ez dut hura inoiz galdu.
Haurra bezain errugabe izan arren, neuri datozkit
Zure hutsek ernetako isekak.
Elkarren hainbesteko antza ote dugu?!
Oihu egiten didate: Schlemihl, non duzu itzala?
Nik erakustean haiek itsuarena egin
Eta lehertu beharrean aritzen dira barrez.
Zer egin! Hartu pazientziaz
Eta poztu errurik ez izateaz.
Zer da itzala, ordea?
Horixe galdetu diot askotan neure buruari.
Zergatik ez dio mundu latzak uko egiten
Itzala hain maila gorenean jartzeari?
Jakinduriazko hemeretzi mila egunen ondoren ere
hor jarraitzen du;
Itzalaren menpe bizitza jarri
Eta itzalaren gisa bizitza ihesi.
Gu behintzat gogotik ahalegindu, Schlemihl,
Aurrera jarraitu eta dena lehenean utzi;
Munduaz asko arduratu gabe,
Geure buruari tinkoago atxikitzeko;
Hurbiltzen goaz gure helburura,
Batzuen barreak, besteen isekak gorabehera,
Ekaitzen ondoren portura nahi dugu,
Bertan lo goxoak baketsu har gaitzan.
Berlinen, 1834ko Abuztuan.
© A. Von Chamisso
© itzulpenarena: Antton Garikano