HITZAURREA

 

        Adelbert von Chamisso (1781-1838), Erromantizismo garaiko poeta garrantzitsua dugu Alemanian. 1790ean, eta bera artean mutil kozkorra zela, bere familiak Berlinen hartu zuen babesa, Iraultza Frantsesetik ihesi. Hala, sortzez frantsesa izan arren alemanez argitaratu zituen bere lanak.

        Prosazko lan bat da osperik handiena eman eta Europan zehar ezagun egin zuena: 1814an azaldutako Peter Schlemihl-en istorio miresgarria, hain zuzen ere. Bertan, hain bitxiak diren gertaeren azpian gorderik, oso nabaria da doinu errealista. Izan ere, istorio hau eguneroko bizitzatik erne zen: Chamisso-k, agi danean, ibilaldi batean kapela, bidai poltsa, eskularruak eta painelua galdu zituen, eta, hartan, bere lagun La Motte-Fouqué-k galdetu omen zion ea ez zuen itzala ere galdu. Eta adierazpen horretatik jaio zen liburu honetako istorioa. Bere adiskideen oharrek diotenez, bere lagunartetik bilduak dira bertan ageri diren erretratuak, eta liburuko Peter Schlemihl-en itxura eta bizimodua ere bat datoz egilearenarekin. Hala, bete egiten da E.T.A. Hoffmann-en printzipio serapiotarra: sufrimendu garratzenarekin batera fantasiarik biziena txertatzen da eguneroko bizitzan. Ildo beretik, aipagarria da ere zer trebe batzen diren liburuan osagai tragikoa eta komikoa, garaiko joerei jarraituz.

        1815etik 1818ra bitartean munduan barrena espedizio errusiar batean hartu zuen parte, eta horren txosten atsegina da Reise um die Welt (1821), idazle askorentzat mugarri izan dena bidai literaturan. Azkenik, eta gugandik hurbil, 1828an idatzi zuen Des Basquen Etcheons Mage izeneko lantuzko poema ere, Etxahun Barkoxe Zuberoako koblakariari eskainia.

Anton Garikano

 

 

 

© Antton Garikano

 

 

"A. Von Chamisso / Peter Schlemihl-en istorio miresgarria" orrialde nagusia