ESKERREGITE EGUNEKO BISITARIA

 

        Hitz egin dezagun gaiztoez! Odd Henderson da ezagutu dudan gizakirik gaiztoena.

        Eta hamabi urteko mutiko batez ari naiz, ez gaizkirakoak zoritzeko astia izan duen pertsona helduaz. 1932.ean behinik behin hamabi urte zituen Oddek, biok ere bigarren mailako ikasleak izan eta Alabamako nekazari-giroko herrixka bateko eskolan genbiltzanean.

        Garaia zen bere adinerako, ile gorri arre eta begi-zehar horidun mutiko hezurtsua, ikaskide guztien artean nabarmentzen zena; beharko, beste denok zazpi edo zortzi urte besterik ez baikenuen. Oddek birritan suspenditua zuen lehen maila, eta bigarrena lehen aldiz berregiten ari zen. Marka penagarri hori, ez modorroa zelako —azkarra zen Odd, edo agian maltzurra da hitz egokiagoa—, beste Henderson guztien ezpalekoa zelako baino. Sendi osoa (hamar lagun, alkohol kontrabandista izan eta ia beti espetxean zegoen Dad Henderson kontatu gabe, lau gelatako etxe batean pilatuta denak, beltzen eliza baten ondoan) alfer eta sesiozale koadrila bat ziren, denak ere zakur-joko egiteko prest beti; Odd ez zen taldean txarrena, eta motellak, hori bada zerbait esatea.

        Eskolako haur asko Hendersondarrena baino familia pobreagokoak ziren; Oddek bazuen zapata parea; aldiz, beste mutiko eta neskato batzuek oinutsik ibili beharra zuten eguraldirik beltzenarekin ere, halakoxea baitzen Alabama jota zeukan Beheraldiaren gogorra. Baina, nik dakidala, inor ez zen ageri Odd bezain baldres: txorimalo flako, pekaztoa, espetxeratu batentzat ere lotsagarria zatekeen buzo izerditu zarpailtsuaz jantzia. Hain gorrotagarria izan ez balitz, errukia ere, sentiaraziko zigun. Haur guztiek zioten beldurra, ez guk bakarrik, txikienok, baita bere adinekoak edo zaharragoak ziren mutilek ere.

        Inor ez zitzaion inoiz batbadagoka hasi, salbu eta behin, Ann «Jumbo» Finchburg zeritzan neska bat. Herriko beste liskartia gertatu hura. «Jumbo» horrek, marimotrailu mozkote baina gogor bat, borrokan dena libre izaten zuena, heldu zuen behin Odd atzealdetik jolasorduan, goiz arre batez, eta hiru irakaslek, haiek ere borrokalariek elkar hil zezaten irrikitzen egongo ziren baina, denboratxoa behar izan zuten biak banatzeko. Hainbana-edo geratu ziren: Jumbok hortz bat eta tximen erdiak galdu zituen, eta ezkerreko begian lausoa irabazi (handik hara sekula ez zuen atzera ondo ikusi); Odden matxuren artean, behatz lodi bat hautsita, eta hilobiraino berekin izango dituen hatzaparken orbainak. Hurrengo hilabeteetan, Oddek jukutria guztiak saiatu zituen Jumbori errebantxa hartzeko; baina Jumbok bazeukan zer miazkatu eta ixkin egiten zion. Nik ere egingo nion, utzi izan balit; ai ene! Oddek etengabe egiten baitzidan kontu.

        Garaia eta lekua kontuan hartuta, modu on samarrean nengoen. Antzinako etxalde batean bizi nintzen, sabai altuduna, herria amaitzen zen eta basoak eta soroak hasten ziren lekuan zegoena. Etxea izter-senide batzuena zen, lehengusu-lehengusina zahar batzuena, eta lehengusu-lehengusina hauek, hiru emakume ezkongabe eta anaia, ezkongabea hau ere, berenean hartua ninduten, senide hurbilenen artean izandako istiluak zirela eta; nitaz arduratzeko istiluak alegia, hainbat arrazoi zela medio, Alabamako etxetzar urrun hartan galduta utzi nindutenak. Izan, han ez nintzen zorigaiztokoa; egia esatera, urte urri haietako une batzuk zoriontsu gertatu zitzaizkidan berez gogorra izan nuen haurtzaroan, batez ere lehengusinetan gazteena, hirurogei urtetik gorako emakumea, nire lagunik onena bihurtu zelako. Bera ere ume bat zenez (eta askok are gutxiagotzat zeukaten, eta han jarduten zuten hartaz, Lester Tucker koitaduaren bizkia bailitzen, kalerik kale zorabio gozoan ibili ohi zen baten bizkia alegia), ulertu egiten zituen haurrak, eta erabat ulertzen ninduen ni.

        Beharbada, mutiko batentzat bitxia zen lagun hoberentzat urteetan aurrera zihoan neskazaharra izatea, baina ez batak ez besteak genuen ikuspegi edo eskarmentu normalik eta, hala, ezinbestekoa gertatu zitzaigun, gure bakardade banatuetan, aparteko adiskidetasuna konpartitzera iristea. Eskolan ematen nituen orduez kanpo, hirurok, ni eta Queenie zaharra, gure arratoi-zakur bihurria, eta Miss Sook, halaxe deitzen zioten denek nire lagunari, beti genbiltzan elkarrekin. Belar bila ibiltzen ginen basoan, urruneko errekastoetara joaten ginen arrantzan egitera (kainaberatzat azukre-kainabera ihartuak hartuta) eta garo eta landare bitxiak hartzen genituen, eta gero aldatu eta xortaka hazten ziren pote eta txoletetan. Baina batez ere sukaldean egiten genuen gure bizimodua: nekazari-giroko sukaldea, egurra erretzeko sutegi beltza buru zuela, sarritan itzal eta eguzkitsu aldi berean.

        Miss Sookek, garo herabea bezala sentibera, konderriaren mugak inoiz ere pasatu gabea izaki, ez zuen anaiaren eta ahizpen antzik batere, hauek emakume ekinzaleak baitziren, marigizon samarrak, ehundegia eta beste zenbait merkataritza zeramatenak. Anaiak, osaba B.k, zenbait kotoi-etxalde zeuzkan herri-inguruetan zehar sakabanatuta; autoa gidatzeari edo garraio-makineriarekin edozein harreman klase izateari uko egiten zionez, zaldi gainean ibiltzen zen, etxalde batetik bestera egun osoan. Gizon xaloa zen, baina isila: bai edo ez marmarkatzen zuen eta, egia esatera, jateko bakarrik irekitzen zuen ahoa. Otorduetan, negu osoa lotan eman duen Alaskako hartz arrearen pareko entrama agertu ohi zuen, eta Miss Sooken ardura zen hura asetzea.

        Gosaria zen gure otordu nagusia; eguerdikoa, igandeetan salbu, eta afaria, halamoduzko otorduak ziren, ia beti goizean geratutakoa jaten genuen. Gosariok, bost t'erdietan beti, urdaila asebeteta uzten ziguten. Oraindik ere sentitu ohi dut oilariteko jan-edan haien gose-mira: urdaiazpikoa eta oilasko frijitua, txerri-txuleta frijitua, katuarrain frijitua, katagorriki frijitua (sasoia zenean), arrautza frijituak, artirina saldatan, ilar begi-beltzak, azaburuak beren saltsan eta artogia bustitzeko, bizkotxoak, pastela, opiltxo gozatuak, eztia, etxeko urdaiazpiko eta peladak, erreberoa, esne-gurina eta kafe txikoritu bero-beroa.

        Sukaldaria, laguntzaileekin batera, Queenie eta biokin alegia, lauretan jaikitzen zen goizero, sua piztu, mahaia jarri eta dena prestatzeko. Ordu horretan jaikitzea ez zitzaigun uste litekeen bezain gogorra egiten; ohituta geunden eta, nolanahi ere, beti oheratzen ginen eguzkia ezkutatu eta txoriak zuhaitzetara bildu orduko. Gainera, nire laguna ez zen uste bezain ahula; nahiz eta umetan gaixotia izan, eta sorbaldak makur zituen arren, esku indartsu eta zango irmoduna zen. Bazekien bizkor, kemenez eta erabakiz mugitzen, teniseko oinetakoak jantzita beti, sukaldeko zoru ezkotuan kirrinka; eta aurpegi dotoreak, bere hazpegi fin moldagabe eta begi gazte ederrekin, indarra adierazten zuen, barne-distira izpirituzkoaren saria zirudien indarra, osasun on hutsaren erakustokia baino.

        Hala ere, urtesasoia eta osaba B.ren etxaldeetan ari izaten ziren langileen kopurua gorabehera, batzuetan hamabost lagun ere biltzen ziren goizaldeko otordu haietara. Langileek egunean otordu bero baterako eskubidea zuten, soldataren partea zen hori. Emakume beltz bat etorri ohi zen oheak egin eta platerak, etxea eta arropak garbitzen laguntzera. Alferra zen, eta fidagarria apenas, baina Miss Sooken betiko laguna izan eta, beraz, burutik pasatu ere ez nire lagunari haren ordez beste norbait hartzerik, eta berak egiten zuen lana, besterik gabe. Egurra txikitzen zuen, oilasko, indioilar eta zerri askoren ardura hartu, fregatu, hautsak harrotu, gure arropa guztia garbitzen zuen; baina eskolatik etortzen nintzenean, beti han hura niri lagun egiteko: iruzurtia izeneko karta-jokoan jokatzeko, edo perretxikotan ibiltzeko, edo burukoak hartuta borrokan egiteko, edota, sukaldean arrasbeherako argi hildura esertzen ginenean, eskola-lanetan laguntzeko.

        Nire liburuak begiztatzea maite zuen, batez ere atlasa. («Ene, Buddy» esango zidan, halaxe deitzen hark niri, «begira, Titicaca izeneko lakua. Hori ere izango da munduan nonbait»). Nire heziketa harena ere bazen. Umetako gaixotasunagatik, ia ez zen eskolan ibili; haren idazkera zirriborro mailatu sail bat zen; ebakera, asmakeria fonetiko guztiz berea. Nik hark baino leun eta seguruago irakur eta idatz nezakeen (nahiz eta bera egunero moldatu, nola edo hala, Bibliako kapitulu bat «ikasten», eta inoiz ez galdu Mobileko egunkariak zekartzan «Anne umezurtxoa» edo «Katzenjammer haurrak» komikiak). Oso harro zegoen «gure» notekin. («Jaungoiko maitea, Buddy, bost bikain! Aritmetikan ere bai. Ez nuen uste aritmetikan bikain atera behar genuenik»). Harentzat misterioa zen nik eskola gorrotatzea, goiz batzuetan negarrari eman eta osaba B.ri, famili buruari, etxean geratzen uzteko eskatzea.

        Eskolari ez nion gorrotorik, noski; Odd Henderson gorrotatzen nuen. Hark pasarazten zizkidan pasaraztekoak! Adibidez, nire zain egon ohi zen, eskolako sailen ertz bat itzalpean zeukan haritz baten azpian; eskuan paperezko zorro bat izaten zuen, eskolara bidean bildutako kardu-latz arantzatsuz beteta; alferrik hari ixkin egiten saiatzea, suge zelataria baino bizkorragoa zen eta; sugegorri baten antzera etorri, jo eta lurrera botatzen ninduen eta, begi zeharrak pozez diz-diz, karduak buruan igurzten zizkidan. Gehienetan haur talde bat izaten genuen inguruan, barrez edo barre antzo; egia esatera, ez zeritzoten barregarria, baina Oddek urduri jartzen zituen, atsegin emateko prest. Gero, mutilen gelako garbitegian ezkutatuta, ilean katigatutako karduak askatzen nituen; denbora hartzen zidan honek eta lehen kanpai-deia galdu erazten zidan beti.

        Bigarren mailako irakaslea, Armstrong andereñoa, lagunkoi agertu ohi zen, bazuen eta gertatzen zenaren susmoa; baina azkenez, behin eta berriz berandutzen nintzelako haserre, demanda egin zidan talde osoaren aurrean:

        — Hara gure gizontxo galtzaundi! Hori da aurpegia! Kanpai-deia jo eta hogei minutura agertzen ez zaigu ba! Ordu erdira!

        Horren aurrean nire onetik atera nintzen. Odd Henderson seinalatu eta garrasi egin nuen:

        — Egiozu demanda berari, berak du errua. Sasikume alaena!

        Nik birao asko ezagutzen nituen, baina neu ere harritu egin nintzen hitzok entzutean, isiltasun izugarri hartan hain ozen, eta Armstrong andereñoak, etorri niregana eskutan erregela astuna hartuta eta hala esan zidan:

        — Luzatu eskuok, jauna. Ahurrak goraka, jauna!

        Eta ondoren, Odd irribarre gazi batez begira zegoen bitartean, maskuiluz bete zizkidan esku-ahurrak ertz metalezkodun erregelaz, gela lausotu zitzaidan arte.

        Letra txikiz inprimatutako orri osoa behar nuke Oddek emandako zigorrak adierazteko. Baina gehien sentitu eta sufritu nuena iragartzen zidan etorkizun goibela izan zen.

        Behin, horma baten kontra harrapatuta nindeukala, garbi galdetu nion ea zer egin ote nuen nik halako gorrotoa merezi izateko; bat-batean lasaitu, askatu eta esan zidan: «maritxu bat haiz. Hi onbideratzen ari nauk». Arrazoi zuen. Ni maritxu modukoa nintzen, eta esan bezain laster ulertu nuen ez neukala ezer egiterik hark iritzia alda zezan, neure burua konbentzitu eta zer hori onartu eta defenditzea baino.

        Sukaldearen epeleko bakea irabazi bezain laster, non Queenie lurpetik ateratako hezur bat marraska eta nire laguna oreren batekin arituko ziren, Odd Hendersonen zama nire sorbaldetatik lerratuko zen zorionez. Baina gauean sarriegi, lehoi-begi zehartuak agertzen ziren nire ametsetan, haren ahots ozen lakarrak, ankerkeriak aginduz, nire belarrietan ziztu egiten zuela.

        Nire lagunaren gela neurearen ondoan zegoen; batzuetan nire amesgaizto zalapartatsuetatik sortzen ziren negarrek esnatu egiten zuten; orduan etorri eta astindu egiten ninduen Odd Hendersonen komatik ateraz. «Begira», esango zidan argia piztuz, «Queenie ere esnatu duzu barren! Ikara batean dago». Eta gero «Sukarra al duzu? Blai zaude. Beharbada Stone doktoreari deitu beharko genioke». Baina bazekien hura ez zela sukarra, bazekien nire eskolako arazoengatik zela, esana bainion nola tratatzen ninduen Odd Hendersonek.

        Baina jadanik ez nion hartaz hitz egiten, ez nion inoiz gehiago aipatu, ez zuelako onartu nahi gizasemeren bat hain gaiztoa izan zitekeenik. Inozentziak, Miss Sook beti isolatu zuen esperientzi faltak babestuta, ezgai uzten zuen halako deabru osoaz jabetzeko.

        «Ene!», esango zuen, nire esku hotzak igurtzi eta berotuz, «zeloengatik aukeratzen zaitu zu. Ez da dotorea eta polita, zu bezala». Edo txantxa gutxiagoz, «kontuan eduki beharrekoa hau da, Buddy, mutil horrek ezin jardun dezakeela era itsusi horretaz bestela; ez daki besterik. Hendersondarren ume horiek guztiek ez dute samurra izan. Eta hori Dad Hendersoni leporatu behar zaio. Ez dut gogoko hau esatea, baina gizon hori bazter-nahasle eta ero bat besterik ez da izan beti. Ba al zenekien osaba B.k behin zigorrez astindu zuela? Zakur bat jotzen harrapatu eta hantxe bertan zehatu zuen. Sekula gertatu den gauzarik onena, Estatuko kartzelan sartu zutenekoa. Eta gogoan dut Molly Henderson, Dadekin ezkondu aurretik. Hamabost-hamasei urte izango zituen, eta ibaiaz bestaldeko nonbaitetik etorria zen. Sade Danvers-entzat egiten zuen lan, kalean behera, jostun ikasten. Hemendik pasatu ohi zen, eta begira geratzen zitzaidan baratzean aitzurrean ari nintzela; halako neska polita, ile gorri eder harekin, eta hain eskerronekoa; batzuetan etxilar eskutada bat ematen nion, edo ira-sagarren bat, eta hain eskerronekoa hura beti. Gero Dad Hendersonekin besotik ibiltzen hasi zen —eta hau askoz zaharragoa izan, eta alferrontzi bat, mozkortuta nahiz mozkortu gabe. Dena den, Jainkoak bere arrazoiak izango ditu. Baina lotsagarria da; Mollyk ez ditu izango hogeita hamabost urte baino gehiago, eta hor duzu, ez hortzik ez xemeikorik duela bere izenean. Etxea bete haur besterik ez, eta denei jaten eman behar. Hori guztia hartu behar duzu kontuan, Buddy, eta pazientzia izan».

        Pazientzia! Zertarako eztabaidan jarraitu? Azkenez, nire lagunak ulertu zuen nire desesperazioaren larria. Ohartzea era lasai batez gertatu zen, ez zen izan gauerdiko esnaldi zoritxarreko haien edo osaba B.ri erreguka aritzearen ondorio. Azaroko inularre euritsu batez gertatu zen, sukaldean bakarrik geundela, sutondo hilean; afalondoa zen, platerak pilatuta zeuden, eta Queenie kulunkaulki batean etzanda, lozorroan. Nire lagunaren ahotsaren murmurra entzuten nuen, teilatutik zetorren euri-zaparradaren hotsaren azpitik kulunkari, baina gogoa nire beldurrei emanda neukan eta ez nion kasurik egiten, nahiz ohartu astebete barru zetorren Eskerregite egunaz ari zela.

        Nire lehengusu-lehengusinak ezkongabeak ziren (osaba B. ia ezkondu zen behin, baina emaztegaiak eraztuna itzuli zion, ikustean ezen etxea hiru mutxurdin oso berezirekin banatu beharra tratuaren partea zela); hala ere, harro azaltzen ziren, inguruetan famili harreman zabalak zituztela eta; lehengusu-lehengusina ugari, eta izeba bat, Mrs. Mary Taylor Weelwright, ehun eta hiru urtekoa. Gure etxea handiena eta ondoen lekutua izaki, senide horiek gurerako bidea hartu ohi zuten Eskerregite egunean; hogeita hamar lagunetik behera gutxitan izaten ziren arren, ez zen hainbesteko lana, zeren eta guk lekua eta indioilar pila bat erreta besterik ez baikenuen jarri behar.

        Gonbidatuek beren goarnizioak ekartzen zituzten, bakoitzak bere berezitasunarekin laguntzen zuela: izter-lehengusina batek, Flomatongo Harriet Parker-ek, anbrosia perfektua egiten zuen, laranja-atal gardenak koko berriarekin nahastuta; Harrieten ahizpa Alizia gehienetan gozatutako patata eta mahats irabiatuzko plater bat ekarriz iritsi ohi zen; Conklindarrek, Conklin senar-emazteek eta haien lau alaba ederrek, beti ekartzen zuten udan poteratutako barazki ezti sail bat. Nire gogokoena banana-budin hotza zen —bere zaharrean artean etxeko lanetarako kementsu zegoen izeba zahar baten isilpeko errezeta; gure atsekaberako, berekin eraman zuen sekretua 1934.ean hil zenean, ehun eta bost urtetako adinean (eta ez adinak menderatu zuelako; zezen batek eraso eta hankapean erabili zuen zelai batean).

        Miss Sook gauza hauetaz ari zen hausnarrean, nire gogoa labirinto batean zehar galduta zebilen bitartean, arrasbehera hezea bezain goibel. Bat-batean, hatz-koskoez sukaldeko mahaia jotzen zuela aditu nuen:

        — Buddy!

        — Zer?

        — Ez didazu hitz bakar bat ere aditu.

        — Barkatu.

        — Uste dut bost indioilar beharko ditugula aurten. Osaba B.rekin honetaz hitz egin nuenean, esan zidan zuk hiltzea nahi zuela. Baita maneatzea ere.

        — Baina zergatik?

        — Mutil batek horrelako gauzak egiten jakin behar omen du.

        Animaliak hiltzea osaba B.ren lana zen. Niretzat izugarria zen zerri bat nola hiltzen zuen edota oilasko bati lepoa nola bihurritzen zion ikustea. Nire lagunari ere gauza bera gertatzen zitzaion; ezin genuen jasan euliak zanpatzea baino bortizkeria odoltsuagorik eta, beraz, zur eta lur geratu nintzen ustekabean bezala agindu haren berri eman zidanean.

        — Tira, ez dut halakorik egingo.

        Irribarre egin zuen.

        — Jakina, nola egingo duzu ba. Esango diot Bubber-i edo beste mutiko beltzen bati. Dolar bat ordainduko diot. Baina» esan zuen ahotsa jaitsiz, konspirazio gisan, «osaba B.ri zeu izan zarela pentsaraziko diogu. Hartara gustura geratuko da eta hau oso gauza txarra dela esateari utziko dio.

        — Zer da txarra?

        — Gu beti elkarrekin ibiltzea. Beste lagun batzuk izan beharko omen zenituzke. Zeure adineko mutikoak. Eta zuzen dabil horretan.

        — Nik ez dut nahi beste lagunik.

        — Ixo, Buddy. Orain ixo. Zu gauza handia izan zara niretzat. Ez dakit zer egingo nukeen zu gabe. Atso marmarkari bat bihurtu, besterik ez. Baina zoriontsu ikusi nahi zaitut, Buddy. Gogorra, munduan zehar ibiltzeko gai. Eta ez duzu halakorik lortuko Odd Henderson bezalakoekin konpontzen ez bazara, eta lagun egiten ez badituzu.

        — Hura! Hura da munduan nahi nukeen azken laguna!

        — Mesedez, Buddy; gonbida ezazu mutil hori Eskerregite eguneko bazkarira.

        Behin edo behin hika-mikarik izaten bagenuen ere, sekula ez ginen haserretzen. Lehenengoan ez nintzen gai izan haren eskakizuna txantxa gazi-geza bat baino gehiago izan zitekeenik pentsatzeko; baina gero, serio ari zela ikustean, haserretzeko zorian geundela ohartu nintzen harrituta.

        — Nire laguna zinela uste nuen.

        — Eta banaiz, Buddy. Benetan.

        — Izango bazina, ez zenuke halakorik pentsatu ere egingo.

        — Odd Hendersonek gorrotatu egiten nau. Nire etsaia da.

        — Zera gorrotatuko zaitu! Ez zaitu ezagutzen eta.

        — Bo, ba neuk gorrotatzen dut bera.

        — Ez duzulako ezagutzen. Horixe besterik ez dizut eskatzen. Elkar ezagutzeko aukeratxo bat. Orduan uste dut zer guzti hau bukatu egingo dela. Eta akaso zuzen egongo zara, Buddy, akaso zuek biok sekula ez zarete lagunak izango. Baina duda egiten dut berriz ere zurekin sartuko denik.

        — Ez duzu ulertzen. Inoiz ez duzu inor gorrotatu.

        — Ez. Inoiz ez. Hain denbora gutxi ematen zaigu lurrean, eta ez nuke nahi Jaunak era horretan alferrik galtzen ikus nazan.

        — Ez dut halakorik egingo. Erotuta nagoela pentsatuko luke. Eta halaxe nengoke egon.

        Ateri zegoen, eta euriaren ordez izugarri luzatzen zen isiltasuna. Lagunaren begi argiak niri begira nituen, iruzurreko karta bat banintz bezala, eta nola jokatu pentsatzen egongo bailitzen; ile-xerlo gatz-pipermintsu bat bekokitik kendu eta hasperen egin zuen.

        — Orduan, neuk egingo dut. Bihar —esan zuen—, jantzi kapelua eta bisita egingo diot Molly Hendersoni.

        Adierazpen honek egiaztatu zuen haren deliberamendua, zeren eta inoiz ez bainuen ikusi Miss Sook inori bisita egitea pentsatzen, ez bakarrik jendarterako inolako talenturik ez zeukalako, baita inork ongi etorria egingo ziola pentsatzeko apalegia zelako ere.

        — Ez dut uste horienean Eskerregite handirik izango denik. Seguruenera Molly asko poztuko da Odd gure mahaira ekartzearekin. Ene, badakit osaba B.k inoiz ez lukeela begi onez ikusiko, baina zuzenena horiek denak gonbidatzea litzateke.

        Nire barreak Queenie esnatu zuen; eta harridura une baten ondoren, nire lagunak ere barre egin zuen. Matrailak gorritu zitzaizkion, eta argi batek dirdai egin zion begietan; zutitu eta besarkatu egin ninduen, esanez:

        — Ene, Buddy, banekien barkatuko zenidala, eta onartuko zenuela nik pentsatutako horrek baduela zentzu apur bat.

        Oker zegoen. Nire pozak beste jatorri bat zuen. Bi. Bat osaba B.ren irudia zen, Hendersondar kopetilun guzti haientzat indioilarra zatitzen. Bigarrena, beste hau: otu zitzaidan ez neukala izutu beharrik; Miss Sookek agian luzatuko zuen gonbitea, eta Odden amak onartu ere onartuko zion; baina Odd ez zen milioi bat urtetan ere agertuko.

        Harroegia hura hartarako. Hara adibide bat: Beheraldiak iraun zuen urte guzti haietan, gure eskolak esnea eta ogitartekoak banatzen zizkien egunero janari-poltsa emateko pobreegiak ziren familietako haurrei. Baina Oddek, hain zargail egonda ere, ez zuen ezer jakin nahi izaten saritxo haietaz; han zehar ibiliko zen, hara eta hona, eta eskutada bat kakahuete irentsi edo arbi gordinen bat karraskatuko zuen. Era honetako harrokeria zen Hendersondarrena: lapurretan egingo zuten, hildako bati hortzetako urrea erauziko zioten, baina sekula ez zuten onartuko libre eskainitako saririk, karitatezko zapladatxo oro iraingarri zitzaien. Oddek karitatezko keinutzat hartuko zuen Miss Sooken gonbitea, seguru-seguru; edota xantai jokotzat hartuko zuen —eta ez zebilkeen oker—, nirekin lasaiago ibil zedin egina.

        Bihotz-argi oheratu nintzen gau hartan, seguru bainengoen halako bisitari desegoki batek ez zidala hondatuko Eskerregite eguna.

        Biharamunean katarro txar bat nuen, gustuko gauza; ez nuela eskolarik izango, alegia. Gelan sua izango nuela ere esan nahi zuen hark, eta patata-purea, eta orduak eta orduak bakarrik Mr. Micawber eta David Cooperfieldekin: ohealdirik zoriontsuena. Lanbroa ari zuen berriro; agindutakoari eutsiz, nire lagunak jantzi bere kapelua, lastozko gurdi-gurpil bat, eguraldiak higatutako arrosa tertziopelozkoz apaindua, eta Hendersondarrenera abiatu zen.

        — Berehala naiz bueltan —esan zuen. Egia esatera, ia bi ordu egin zituen kanpoan. Ez nezakeen imajina Miss Sook hain elkarrizketa luzean lotuta, nirekin edo bere buruarekin ezik (sarri hitz egiten zuen bere buruarekin; berez bakarti diren pertsona osasuntsuen ohitura bat); eta itzuli zenean, hustuta zirudien, bai.

        Artean kapelua eta gabardina triste zaharra soinean zituela, termometroa sartu zidan ahoan, eta ondoren ohearen oinean eseri zen.

        — Gustatzen zait —esan zuen irmo—. Beti gustatu izan zait Molly Henderson. Ahal duen guztia egiten du, eta etxea Bob Spencer-en azkazalak bezain garbi zegoen —Bob Spencer elizgizon baptista bat zen, bere garbi itxuragatik famatua— baina pittin bat hotz. Uralitazko sabaiarekin, eta haizea barrura zuzenean, eta su arrastorik ez sutegian. Zerbait hartzeko eskaini dit, eta dudarik gabe eskertuko nion kafe bat, baina ezetz esan diot. Zeren eta ez baitut uste han kaferik zegoenik. Edo azukrerik.

        «Lotsarazi egin nau, Buddy. Izugarri mintzen nau norbait Molly bezala borrokan ikusteak. Egun argiren bat inoiz ikusi ezinik. Ez dut esaten jendeak nahi duen guztia izan behar lukeenik. Baina, pentsatzen jarrita, horri ere ez diot ezer txarrik ikusten. Zuk bizikleta bat izan behar zenuke, eta zergatik ez luke Queeniek izan behar hezur bat egunero. Bai, orain pentsatzen jarrita, ulertzen dut bai: egiatan, guk denok izan behar genuke nahi dugun guztia. Apustu egiten dizut horixe nahi duela Jaunak. Eta gure inguruan premiarik arruntenak bete ezin dituen jendea ikusten dugunean, lotsatuta sentitzen naiz. Ene, ez niregatik; izan ere, nor naiz bada ni, inoiz fitsik izan ez duen atso zahar bat; nire bizimodua ordaintzeko familia bat izan ez banu, goseak hilda nengokeen, edo zahar-etxean. Zerbait sobran dugun guztiongatik sentitzen dut lotsa, beste batzuek ezer ez duten bitartean.

        «Hemen inoiz erabiliko ez ditugun ohazal batzuk ditugula aipatu diot Mollyri —bada hondarrekin egindako ohazalez betetako kutxa bat ganbaran, neska gaztea nintzela egin nituenak, askorik ezin irten eta. Baina eten egin zidan, eta esan zidan Hendersondarrak ondo zeudela, eskerrik asko, eta nahi zuten gauza bakarra Dad libre egotea zela, eta beretarrengana etxeratzea. «Miss Sook», esan zidan, «Dad senar ona da, ez dio axola hortik kanpo zer den». Bitartean, han zituen haurrak zaintzeko.

        «Eta, Buddy, oker egon behar duzu mutil horretaz, Oddez. Partez behinik behin. Mollyk dio laguntza handikoa zaiola, erosotasun handikoa. Inoiz ez omen da kexu, nahiz eta berak lan asko agintzen dion. Irratitik entzuten duzun bezain ondo kantatzen omen du, eta haur txikienak buila ateratzen hasten direnean, kantatu eta lasaitu egiten omen ditu. Jainko maitea» kexatu zen, termometroa jasoz, «Molly bezalako pertsonen alde egin dezakegun guztia errespetatzea eta gure otoitzetan gogoan izatea da».

        Termometroak isilik eduki ninduen ordura arte; hala galdetu nion:

        — Baina zer gertatu da gonbitearekin?

        — Batzuetan —esan zuen, kristal barruko marra gorriminari begira— pentsatzen dut begiak nekatzen ari zaizkidala. Nire adinean, pertsona bat oso hurbiletik begiratzen hasi ohi da. Gogoan izango duzu nolako itxura duten amaraunek. Baina zure galderari erantzunez, Molly asko poztu da Odd Eskerregite egunerako gonbidatzeko adina estimatzen duzula entzutean. Eta —jarraitu zuen, nire keinuari ezikusia eginez— esan dit seguru-seguru joateko irrikitzen egongo dela. Zure sukarra ehun markatzen duen puntuan dago justu. Uste dut bihar ere etxean geratu beharko duzula. Horrek irribarrea merezi du! Ea, erakutsi irribarre hori, Buddy.

        Halaxe gertatu zen, irribarre asko egin nuen hurrengo egunetan, jai handiaren aurreko egunetan; izan ere, katarroa zintzurmin bihurtu zitzaidan eta aldi baterako eskolarik gabe geratu nintzen. Ez nuen harremanik izan Odd Hendersonekin eta, beraz, ezin izan nuen frogatu gonbitea nola hartu zuen; baina iruditzen zitzaidan lehenengo barrea eragingo ziola, eta ondoren tu. Benetan agertu egin zitekeela pentsatzeak ez ninduen larritzen; oso urruneko posibilitatea zen, Queeniek niri hozka egitea edo Miss Sookek nion konfiantza traizionatzea bezalakoa

        Baina Oddek presente jarraitzen zuen, errainu ilegorri bat nire alaitasunaren atarian. Hala ere, nahigabetuta nengoen haren amak emandako deskribapenagatik; egia ote zen beste alde bat zuela, gaiztoaren azpian nonbait gizatasun aleren bat bazela. Baina hori ezinezkoa zen! Hori uste zuenak giltzatu gabe utziko zukeen etxea ijitoak herrira etortzen zirenean. Hari begiratzea nahikoa.

        Miss Sook ohartzen zen nire zintzurmina ez zela nik egiten nuen bezain larria eta, beraz, goizetan, beste guztiak atera eta gero —osaba B. bere etxaldeetara eta ahizpak kinkila-dendara—, uzten zidan ohetik jaikitzen eta udaberrian bezalako etxe-garbiketan laguntzen, horixe egiten baitzen beti Eskerregite egunaren aurretik. Hainbeste zegoen egiteko, dozena bat eskurentzako adina. Egongelako altzariak, pianoa, armairu bitxi beltza (Stone Mountain-go pusketa bat besterik ez zegoen bertan, ahizpek Atlantara egindako negozio-bidaia batetik ekarria), intxaur egurrezko kulunkaulkiak eta Biedermeier pieza loratuak ezkotzen genituen —limoi-urrinezko argizariz igurzten genituen, lekua limoi-azala bezain distiratsu egon eta zitroin basoan bezalako usaina zuen arte. Gortinak ere garbitu eta berriz esekitzen ziren, burukoak harrotu, alfonbrak makilatu; noranahi begiratuta ere, hauts pinportak eta lumaxkak hegaztatzen ziren gela altuetan sartzen zen azaroko argi distiratsuan. Queenie gaixoa sukaldean utzi genuen, ileren bat galduko ote zuen beldurrez, agian arkakuso bat, etxearen alde duinduagoetan.

        Zereginik delikatuena jangela apainduko zuten mahai-zapi eta zamauak prestatzea zen. Zamauteria nire lagunaren amarena izan zen, ezkontzako oparitzat hartu zuen hark; urtean behin edo birritan erabilia izan arren, alegia berrehun bat aldiz aurreko laurogei urteetan, hala ere laurogei urte izan hark, eta agerian zituen adabakiak eta orin koloregabetuak. Seguruenera berritan ere ez zen gai finekoa izango, baina Miss Sookek zeruetako ehundegietan urrezko eskuz ehoa bailitzen tratatzen zuen: «Gure amak hala zioen, "baliteke egunen batean ura eta artogi hotza besterik ez izatea eskaintzeko, baina gutxienez hori lihoz jantzitako mahai batera atera ahal izango dugu"».

        Gauean, eguneko garbiketen ondoren eta etxea ilunetan zegoenean, lanpara ahul bat berandura arte egon ohi zen piztuta, nire lagunak, ohean finko altzoan mahai-zapiak pilatuta, akats eta tarratadak hari eta jostorratzaz konpontzen zituen bitartean, bekokia zimur, begiak krudelki tinkotuta, baina bidaiaren buruan aldarera hurbiltzen den erromesaren zorabio nekatuak argiturik.

        Ordutik ordura, urruneko udaletxeko erlojuaren kanpai-hots ikaratiek hamarrak, hamaikak eta hamabiak jotzen zituztenean, ni esnatu egingo nintzen eta haren lanpara piztuta ikusiko nuen artean, eta erdi lotan aldaroka haren gelara joan eta errieta emango nion:

        — Lo egon behar zenuke!

        — Berehala, Buddy. Orain ezin dut. Datorren jendetza guztia gogoratzen zaidanean, beldurrak hartzen nau. Burua jirabiran hasten zait —esaten zidan, josteari utzi eta begiak igurtziz—. Izarrekin jirabiran.

        Urreliliak: batzuk haur baten burua bezain handiak. Penike kolorez hosto kiribilduen sortak, izpiliku dardarati kolorgez.

        — Urreliliak —iruzkintzen zuen nire lagunak baratzean zehar genbiltzala, ageri ziren loreak guraizez biltzen— lehoiak bezalakoak dira. Errege-izaerakoak. Beti izaten dut susmoa ez ote didaten jauzi egin behar. Orroka eta marruka oldartuko ote zaizkidan.

        Gisa hartako oharrek eragiten zuten jendearen harridura Miss Sooki buruz, nahiz nik hau orain, pentsatzen jarrita, ulertzen dudan, zeren eta beti jakiten bainuen zehazki zer esan nahi zuen, eta hala, lehoi orroari eder guzti haiek etxera eraman eta ontzi zaharretan ipintzeko ideiak (Eskerregite eguneko gure azken apainketa-lana) hain jartzen gintuen barrebera eta txorabiatuta eta txoro-haize, ezen laster ginen arnasestuka.

        — Begira Queenie —esan zidan lagunak, pozez hitz-totelka—. Begira bere belarriei, Buddy. Tente-tente. Pentsatzen ari da, hara zer txoropito parearekin nabilen ni. Ene, Queenie. Zatoz hona, laztana. Kafe berotan bustitako gaileta bat emango dizut.

        Egun alaia, Eskerregite egun hura. Alaia, euri-zaparradak tarteka, bat-batean zerua garbi, eguzki bizizko kolpeekin eta udazkeneko orbel eroriak harrotzen zituzten bat-bateko haize traidoreekin.

        Etxeko hotsak ere maitagarriak ziren: lapiko eta zartagin hotsa eta osaba B.ren ahots ezohizko eta erlatsa, etxearen sarreran igandeetako jantzi kirrikatsuaz, gonbidatuak iritsi ahala agurtuz. Banaka batzuk zaldiz edo mandoei lotutako gurdietan etorri ziren, gehienak etxaldeetako kamioneta distiratsuetan eta tramankulu zaratatsuetan. Conklin senar-emazteak eta beren lau alaba ederrak 1932.eko Chevrolet berde-mendazkoan etorri ziren (Conklin jauna aberatsa zen; zenbait arrainontzi zituen, Mobiletik kanpo jarduten zutenak), han zeuden gizonen artean jakin-min bizia eragin zuen gauza; aztertu eta ukitu, eta desmuntatu ez beste guztia egin zioten.

        Iritsi ziren lehen gonbidatuak Mary Taylor Wheelwright andrea eta lagun zituen zaindariak izan ziren, iloba bat eta beronen emaztea. Polita eta bitxia, Wheelwright andrea; oso arin zeramatzan urteak, ile zuriaren gainean itxuroso jarrita zeukan kapelutxo gorri mehea bezala, bainilazko izozkiaren gaineko gerezia bailitzen.

        — Bobby maitea —esan zion osaba B.ri, besarkatuz—, jabetzen naiz pittin bat goiztxo etorri garela, baina ezagutzen nauzu, puntualegia ni beti.

        Egin beharreko zuriketa zen hura, artean ez baitziren bederatziak eta gonbidatuak ez ziren eguerdia baino askoz lehenago etortzekoak.

        Hala ere, denak iritsi ziren guk uste baino goizago; Perk McCloud-en sendia salbu, bi gurpil-zulaketa izan baitzituzten hogeita hamar miliatan eta hain umore beltzean iritsi ziren, batez ere McCloud jauna, non beldur izan baikinen gure portzelanazko ontziengatik. Gehienak leku bakartietan bizi ohi ziren urtean zehar, irtenbide zailekoetan: etxalde isolatuetan, trenaren pausaleku eta bidagurutzeetan, ibai ertzeko herrixka hustuetan edo egur-kanpamenduetako komunitateetan, pinudietan barrena; beraz, egonezinak ekartzen zituen hain goiz, bilkura maitagarri eta gogoangarri hark eraginda.

 

 

        Eta halaxe gertatu zen. Orain denboraldi bat gutuna jaso nuen Conklin ahizpetako batengandik, orain marinako kapitain baten emazte eta San Diegon bizi dena; hala idazten zidan: «sarritan gogoratzen naiz zutaz urtearen sasoi honetan, gure Alabamako Eskerregite egunetako batean gertatu zenagatik, nik uste. Miss Sook hil baino urte batzuk lehenago izan zen, 1933.ean beharbada? Jaungoiko maitea, ez dut sekula ahaztuko egun hura».

        Eguerdirako ez zen arimarik kabitzen egongelan, emakumeen berriketez eta urrinez gainezka zegoen erlategi bihurtuta: Wheelwright andreak lili-uraren usaina zuen, eta Annabel Conklinek geranioek euriaren ondotik bezalakoa. Tabakoaren usaina atarian zehar zabaltzen zen, han pilatu baitziren gizonik gehienak, nahiz eguraldia aldakorra izan, euri-tantak eta eguzki-argitako haize-bolak txandaka. Tabakoa gai arrotza zen leku hartan; egia esatera, Miss Sookek behin edo behin ezkutuan erretzen zuen, auskalo nork erakutsitako ohitura, eta hartaz hitz egiteari muzin egiten zion; ahizpak nahigabetu egingo ziratekeen susmoa izan balute, eta osaba B. ere bai, zeren eta oso jarrera gogorra baitzuen kitzikagarri guztien kontra, moralki eta medikoki kondenatzen zituen.

        Zigarroen gizon-usainak, pipa-kearen ausiki sarkorrak, gogora zekarten dortoka-maskor ugaritasunak, etengabe bultzatzen ninduen egongelatik atarira irtetera, egongela nahiago izan arren, Conklin ahizpengatik, txandaka jotzen baitzuten gure piano gozagaiztua, talentuz eta batere harrokeriarik gabe. «Indioen maite-deia» zuten errepertorioan, eta baita 1918.eko gerrako balada bat, haur baten lantua etxean sartutako lapur batekin ari dela. «Ez lapurtu aitatxoren dominak, ausardiagatik irabazi zituen» zuen titulua. Annabelek jo eta abesten zuen; ahizpetan zaharrena eta maitagarriena zen, haien artean aukera egitea eginkizun zaila bazen ere; izan ere, altuera desberdineko laukiak ziruditen. Sagarrak gogoratzen zizkizuten, tinko eta zaporetsuak, gozoak baina sagardoaren garratzaz; haien ileak, hala-hola txirikordatuta, ebanozko lasterketa-zaldi ondo apaindu baten zira urdinxka zuen, eta zenbait ezaugarri, betileak, sudurra, ezpainak irribarre egitean, haien xarmari umorea eransten zien estilo jator batez taxutzen ziren. Politena, aukeran potolatxoak zirela: «potolo atseginekoak» esanda hobeto deskribatzen dira.

        Annabelek pianoa nola jotzen zuen adi nengoela, eta hartaz maitemintzen, sentitu nuen Odd Henderson. Sentitu diot, ikusi baino lehen ohartu bainintzen hartaz: arriskuaren senak, alegia eskarmentu handiko basagizon bat sugegorri batekin edo basakatu batekin topo egitear dagoela ohartarazten duen senak, jarri ninduen erne.

        Jiratu nintzen, eta han zegoen hura geldi, egongelaren sarreran, erdi barruan, erdi kanpoan. Besteei hamabi urteko mukizu zikin bat irudituko zitzaien, ile zaila partituz eta leunduz ospakizunari zegokion bezala etortzen saiatu zena; orraziaren ildoak artean umel zeuden. Baina niretzat botila batetik jaregindako jeinu bat bezain ustekabekoa eta zorigaiztokoa zen hura. Ni izan nintzen astalapikoa!, agertuko ez zela pentsatzea ere! Asto batek ez, beste edonork asmatuko zukeen amorruagatik etorriko zela: itxaroten nuen eguna hondatzeko pozagatik.

        Hala ere, Oddek ez ninduen artean ikusi: Annabelek, beronen hatz tinko eta txerpolariek, pianoaren tekla higatuen gainetik saltoka, erakarri zuten haren arreta, hari begira baitzegoen, ahoa zabalik, begiak zirritu eginik, neska herriko ibaian biluzik eta freskatzen aurkitu izan bailuen. Ikuskizun desiraturen bati begira zegoela zirudien; belarri lehendik gorriak piper-kolore bihurtu zitzaizkion. Hainbeste zurtu zuen sarrerako ikuskizunak, ni haren ondotik pasa eta egongelatik sukaldera lasterka joan ahal izan nintzen.

        — Hemen da!

        Nire lagunak zenbait ordu lehenago burutua zuen lana; gainera bi emakume beltz zituen laguntzeko. Hala ere, sukaldean zegoen ezkutuan gure jaia hasi zenetik, Queenie koitaduari lagun egitearen aitzakiaz. Egia esatera, beldurra zion edozein talderekin nahasteari, baita senideena izanda ere, eta horrexegatik, hain zuzen, nahiz fede osoa izan Biblian eta beronen Heroian, apenas joaten zen elizara. Nahiz haurrak maite izan eta haiekin gustura egon, ez zuten haur gisa onartzen, baina berak ezin zuen bere burua helduen arteko onartu, eta halako talde batean neskatxa herabe baten gisan jarduten zuen, isilik eta izutu samar. Baina jaialdiez pentsatze hutsak bere senetik atera ohi zuen; a ze pena ikusiezin izanik parte hartzerik ez izatea, orduan bai ibiliko zela alai.

        Nire lagunaren eskuak ikara zeudela erreparatu nuen; nireak ere hala zeuden. Haren ohizko arropak perkalezko jantziak, teniseko oinetakoak eta osaba B.k baztertutako jertseak izaten ziren. Egun hartan bere ahizpa ausartetarik batek utzitako zerbaiten barruan galduta zegoen, soineko itsas-urdin beldurgarri bat, jabeak, auskalo noizdanik, konterriko ileta guztietan jantzitakoa.

        — Hemen da —jakinarazi nion hirugarren aldiz—. Odd Henderson.

        — Eta, zergatik ez zaude berarekin? —esan zidan agiraka bezala—. Hori ez dago ondo, Buddy. Zeure gonbidatua duzu. Han egon behar zenuke, denak ezagutu ditzan eta ondo pasa dezan kontu eginez.

        — Ezin dut. Ezin diot hitz egin.

        Queenie altzoan zuen kiribilduta, eta buruan hazka egiten zion; laguna jaiki egin zen, Queenie jaurtiz eta itsas-urdinezko zatia zakur ilez zipriztinduta erakutsiz, eta hala esan zidan:

        — Buddy, oraindik mutil horrekin ez duzula hitz egin esan nahi duzu? —Nire arrunkeriak herabetasuna kendu zion; eskutik helduta, egongelara eraman ninduen.

        Ez zeukan Oddez arduratu beharrik. Annabel Conklinen xarmak pianoraino erakarria zuen. Hain zuzen, neskari pegatuta zegoen pianoaren eserlekuan han eserita neskaren hazpegi gozoari beha, begiak itsu, uda hartan ikusia nuen balea disekatuaren betzuloak bezala, herritik komediante batzuk pasatzean (benetako Moby Dick iragartzen zuten, eta bost xentimo kostatzen zen hondarrak ikustea; hura lapur-koadrila!). Annabeli dagokionez, hark oinez edo narrazka zebilkeen edozerekin jardungo zukeen maitekerietan —ez, hau ez dago ondo; izan ere, harena bihotz onaren forma bat zen, edo bozkarioarena, besterik gabe. Hala ere, min eman zidan neska astakirten harekin ondo-ondo jotzen ikusteak.

        Aurrera bultzatzen ninduela, nire laguna aurkeztu egin zitzaion:

        — Buddy eta biok oso pozik gaude etorri zarelako.

        Oddek basaker baten moduak zituen: ez zutitu ez eskua luzatu, hari justu-justu begiratu zion, niri batere ez. Bihozgabetuta baina etsi-etsian, lagunak hala esan zion:

        — Beharbada Oddek zerbait kantatuko digu. Badakit ondo egiten duela, amak esan zidan eta. Annabel, maitea, jo ezazu zerbait Oddek kantatzeko.

        Berrirakurtzean, konturatzen naiz Odd Hendersonen belarriak ez ditudala osotara deskribatu —izugarrizko hutsegitea, izan ere, ez zegoen begia haiei kentzerik, Our Gang komikietako Alfalfarenak bezalakoak ziren. Orain, Annabelek nire lagunaren eskaerari abegi on egin zionez, haren belarriak erremolatxaren koloreko bihurtu ziren, norberaren begiei hazkura emateraino. Zerbait murmurikatu zuen, buruari eragin zion lotsatuta; baina Annabelek esan zion:

        — Ba al dakizu «Argia ikusi dut»?

        Ez zekien, baina neskaren hurrengo proposamena baiezko keinu batez onartu zuen; tontoenak ere esango zukeen haren apaltasuna itxura hutsa zela.

        Barretxoak eginez, Annabelek akorde ozena jo zuen, eta Oddek, goiz gizondutakoaren ahotsaz, hala kantatu zuen: «Txantxangorri, gorri, gorria, kulun, kulun, kulunka datorrenean». Zintzur-sagarrak salto egin zion eztarri tenkatuan; Annabelen poza areagotu egin zen; emakumeen kalaka ozena apaldu egin zen entretenimenduaz ohartu zirenean. Odd ona zen, seguru kantatzen zuen, eta niregan metatzen ari zen jelosiak hiltzaile bat elektrokutatzeko adinako indarra zuen. Hilketa nuen nik buruan; eltxo bat zanpatzen den bezain erraz hilko nukeen. Errazago.

        Berriz ere, nire laguna ohartu gabe, musika-saioari erabat emanda baitzegoen, egongelatik alde egin eta Irlara joan nintzen. Izen horixe nion emana etxeko leku bati, eta hara joaten nintzen triste sentitzen nintzenean, edo ulergabeki oparo, edo justu gertatutakoez pentsatu nahi nuenean. Gure bainugela bakarrari erantsitako armairu eskerga bat zen; bainugela bera, komuneko zerez aparte, neguko egongela eroso bat bezalakoa zen, zaldi-zurdazko aulki kuttuna zuena, alfonbrak han-hemenka sakabanatuta, idazmahai bat, sutegia, eta «Sendagilearen bisita», «Iraileko alba», «Zisneen urmaela»ren aldakiak markoetan, eta egutegiak ugari.

        Bi beirin-leihotxo zeuden armairuan; argi arrosa, anbar eta berdezko erronbo gisako irudiak iragazten ziren leihotxoetatik, bainugelara bertara begira zeudenak. Han eta hemen kristal zatiak kolore galduta edo markestuta zeuden; argiune horietako bati begia emanez, jakin zitekeen nor zen gelari bisita egiten ziona. Han pixka batean gordeta nengoela, nire etsaiaren arrakasta gogoan jiraka, pausu-hotsa aditu nuen: Mrs Mary Taylor Wheelwright-ek, ispiluaren aurrean gelditu, aurpegia hautseztatu, masaila higatuak gorri-koloretu eta segidan, ondorioari beha, hauxe bota zuen:

        — Oso polita, Mary. Nahiz hori Maryk bere buruari esan.

        Gauza jakina da emakumeak gizonak baino luzeago bizi ohi direla; ez ote da banitate handiagoak eusten dielako? Nolanahi den, Mrs Wheelwrightek aldartea gozatu zidan, eta hura irten ondoren, etxean zehar bihotzez jotako kanpaiaren afal deia entzun zenean, nire babeslekutik irtetea eta jaia ospatzea erabaki nuen, nahiz Odd Henderson han izan.

        Baina justu orduantxe pausu hotsak aditu nituen berriro. Nor izango eta bera agertu, inoiz ikusi ez nion bezala, ia betozkorik gabe. Harroxko. Txistuka. Praketako botoiak askatu eta zurrusta indartsua jareginez, txistuka jarraitu zuen, eskinosoa eguzki-lore sail batean baino biziago. Irtetera zihoala, idazmahai gaineko kaxa ireki batek erakarri zion arreta. Zigarro kaxa bat zen, nire lagunak han gordetzen zituen egunkarietatik jasotako errezetak eta beste purtzileria batzuk, bai eta aitak aspaldi batean emandako brotxe bat ere. Balio sentimentalaz aparte, irudimenak ematen zion prezio berezia gauza hari; ahizpen edo osaba B.ren kontra kexu izateko arrazoi larriak genituenean, hala esango zidan, «lasai, Buddy. Nire kamafeoa saldu eta alde egingo dugu. New Orleanserako autobusa hartuko dugu». Nahiz inoiz aritu ez New Orleansera iritsi eta gero egingo genuenaz, edo nondik biziko ginen kamafeoaren dirua xahutu eta gero, biok dastatzen genuen fantasia hura. Beharbada gutako bakoitza bere baitan ohartzen ginen brotxea purtzileria hutsa zela; hala eta guztiz ere, egiazko, nahiz frogatu gabeko, magia-talismana iruditzen zitzaigun: askatasuna agintzen zigun kuttuna, geure zoria inoiz asmakizunen munduan bilatzea otuz gero. Beraz, nire lagunak ez zuen inoiz janzten, altxor handiegia baitzen galtzeko edo hondatzeko arriskuan jartzeko.

        Orduan Odden hatz sakrilegoak hara hurbiltzen ikusi nituen, esku-ahurrean saltotxoka begiratu, berriz ere kutxan utzi eta irteteko itzultzen. Ondoren buelta berriz. Oraingoan kamafeoa bizkor hartu eta poltsikoan gordetzen. Bero-beroan, nire lehen asmoa komunetik irten eta erronka egitea izan zen; une hartan, uste dut Odd lurrera botako nuela. Baina —zera, gogoan al duzue nola, egun sinpleagoetan, komikilariek, ideia bat sortzen zela adierazteko, bonbilla bat marrazten zuten Mutt edo Jeff edo edonoren bekoki gainean? Halaxe gertatu niri ere: bonbilla dizdizkari batek argitu zidan bat-batean garuna. Haren txoke eta distirak erredura eta ikara eragin zizkidan, baita barrea ere. Oddek mendeku bide aparta eskuratzen zidan, kardulatz guztien zorrak kitatzeko adinakoa.

        Jangelan, mahai luzeak T baten forman zeuden batuta. Osaba B. zegoen goialdearen erdian, Mrs. Mary Taylor Wheelwright eskuinean eta Mrs Conklin ezkerrean zituela. Odd Conklin ahizpa biren erdian zegoen, bat Annabel zen, eta honen konplimenduek oso harro zeukaten. Nire laguna mahaiaren oinean jarri zen, haur txikienen artean; berak zioenez, leku hura sukaldera sarbide errazagoa ematen ziolako hartu omen zuen, baina, jakina, hantxe egon nahi zuelako hartu hark. Queenie, nolabait askatuta, mahai azpian zegoen —ikara eta dardaraka estasiz, hanka-ilaren artean lerratzen zela— baina inork ez zuen ezer kontrakorik esaten, seguruenera indioilar zatigabe eta dotore glaseztutakoek, eta okra eta arto, tipula txigor eta pastel mehe beroei zerien usain ederrak liluratuta.

        Neuri ere ahoa urtuko zitzaidan mendeku osoaren ikuskizun bihotz-pizkortzaileak lehor utzi ez balit. Segundo batez, Odd Hendersonen aurpegi blaituari begiratzean, damu pittin bat sentitu nuen baina, egia esan, ez nuen eskrupulorik.

        Osaba B.k mahaia bedeinkatu zuen. Burua makur, begiak itxita, esku zailduak otoitzerako jarrita, hala intonatu zuen:

        — Bedeinkatua zu, Jauna, mahai honetakoak opa dizkiguzulako, eskertzen ditugu fruitu hauek guztiak, urte zail honetako Eskerregite egunean —haren ahotsak, hain gutxitan entzuna, karranka egin zuen eliza abandonatu bateko organo zaharraren akats sakonekin— Amen.

        Gero, aulkiak ondo jarri eta mahai-zapien hotsaren ondoren, itxaroten nuen pausaldia etorri zen.

        — Hemengo norbait lapurra da.

        Argi hitz egin nuen eta berriro egin nuen salaketa, tonu neurtuagoan:

        —Odd Henderson lapurra da. Miss Sooken kamafeoa lapurtu du.

        Mahai-zapiek distira egin zuten esku zintzilik geldituetan. Gizonek eztula egin zuten, Conklin ahizpak ahoa zabalik geratu ziren laurak batera eta Perk McCloud txikia zotinka hasi zen, haur txiki-txikiek ikaratzen direnean egiten duten bezala.

        Nire lagunak, destaina eta larriaren arteko ahotsez, hala esan zuen:

        — Buddyk ez du hori esan nahi. Txantxetan ari da.

        — Horixe esan nahi dut. Ez badidazu sinesten, joan eta begira zeure kutxan. Kamafeoa ez dago han. Odd Hendersonek dauka bere poltsikoan.

        — Buddyk zintzurmin ustela izan du —murmurikatu zuen—. Ez egiozu kasurik, Odd. Ez daki zer ari den.

        Nik esan nuen:

        — Joan eta begira zeure kutxan. Hartzen ikusi dut.

        Osaba B., hoztasun izugarri batez begiratzen zidalarik, egoeraz jabetu zen:

        — Beharbada horixe duzu onena —esan zion Miss Sooki—. Horrexek argituko du auzia.

        Nire lagunak ez zion askotan desobeditzen anaiari; orduan ere ez zion desobeditu. Baina haren zurbilak, haren sorbalda abailduek, argi erakusten zuten zein disgustuz hartu zuen agindua. Minutu bakar batez egon zen kanpoan, baina haren faltak mila urte iraun zuela ematen zuen. Etsaigoa erne eta sortu zen mahaiaren inguruan, arantza sartuta lukeen aihen baten abiadura misteriotsuaz —eta haren zirgiletan harrapatutako biktima ez zen salatua, salataria baizik. Urdaileko minak harrapatu ninduen; Oddek, beste aldean, hilotza bezain lasai zirudien.

        Miss Sook itzuli egin zen, irribarrez.

        — Lotsatu egin behar zenuke, Buddy —egin zidan demanda, behatza astinduz—. Halako jolasekin. Nire kamafeoa neuk utzitako lekuan zegoen.

        Osaba B.k hitz egin zuen:

        — Buddy, gure gonbidatuari nola barka eskatzen diozun entzun nahi dut.

        — Ez, ez du hori egin beharrik —esan zuen Odd Hendersonek, zutituz—; egia esaten ari da. —Eskua poltsikoan sartu eta kamafeoa mahai-gainean utzi zuen—. Nahiago nuke zuritzeko modurik baneuka. Baina ez dut batere. —Aterantz eginez, esan zuen— emakume berezia izan behar duzu, Miss Sook, niregatik gezurra hala esateko. —Eta ondoren, madarikatua izan bedi haren anima, irten egin zen.

        Nik ere horixe egin nuen. Baina korrika. Aulkia atzera bultzatu nuen, lurrera jaurtiz. Kolpeak dantzan jarri zuen Queenie; mahai azpitik bizkor irten, zaunka egin eta hortzak erakutsi zizkidan. Eta Miss Sook, haren ondotik pasatzen nintzenean, ni gerarazten saiatu zen: «Buddy!» Baina ez nuen ezer nahi berarekin eta Queenierekin. Zakur hark marraska egin zidan eta nire laguna Odd Hendersonen alde jarri zen, gezurra esan zuen haren larrua salbatzearren, iruzur egin zion gure adiskidetasunari, nire maitasunari: inoiz gertatuko ez zirela uste nituen gauzak.

        Simpsonen larrea zegoen etxearen azpialdean, azaroko urreaz eta belar gorrixkaz distiratsu zegoen zelai bat. Larrearen ertzean ukuilu gris bat, zerri-korta bat, oilategia eta keztategia zeuden. Keztategian sartu nintzen, udako egunik beroenetan ere hotz egon ohi zen gela beltz batean. Lurrezko zorua zuen, eta intxaur egurraren errautsen eta kreosotaren usaina zuen kezuloa; urdaiazpikoen ilarak zeuden zintzilik kakoetatik. Erreparo handia izan nion beti leku hari, baina orain hango iluntasunak babesle zirudien. Lurrera erori nintzen, saihets-hezurrak hondartzan baratutako arrain baten zakatzak bezala mugituz; eta ez zitzaidan axola nire traje dotore bakarra hondatzea, praka luzedun bakarra, zoru gainean arrastaka lurrez, errautsez eta zerri-koipezko nahas-mahas zikinean.

        Gauza bat nekien: alde egin behar nuen etxe hartatik, herri hartatik, gau hartantxe. Hanka egin. Merkantzi tren batera salto eta California aldera. Zapatak garbitzen atera bizimodua Holliwooden. Fred Astaireren zapatak. Clark Gablerenak. Edo... akaso neu bihurtuko nintzen zine-izar bat. Hara Jackie Cooper. A, orduan bai damutuko zirela. Ni aberats eta ospetsu izatean eta haien gutunei eta telegramei ez erantzutean.

        Bat-batean damu handiagoa sentiaraziko zien zerbait bururatu zitzaidan. Estalpe hartako atea erdi irekita zegoen, eta eguzkiaren argi-lerro batek botiladun apal bat erakusten zuen. Botila hautsez beteak, buru-hezurra eta bi hezur gurutzatuta etiketetan. Haietako batetik edaten banuen, orduan jangelan zeuden guztiek, jan eta edan ari zen ardaila hark, jakingo zuen bai zer zen sentitzea. Merezi zuen, osaba B.ren damua ikusteko bestetarako ez bazen ere, ni hotz eta gogortuta aurkitzen nindutenean keztategiko zoruaren gainean; merezi zuen gizakien negarrak eta Queenieren intziriak entzutea nire hilkutxa hilerriko sakonetara jaisten zutenean.

        Akats bakarra, ez nuela halakorik ikusi edo entzuterik izango: nolatan gero, hilda banengoen? Eta batek dolu-ekarleen kulpa eta damua ikusi ezin baditu, seguruenik ez da atseginik hilda egotean.

        Osaba B.k debekatu egin bide zion Miss Sooki nire bila etortzea azken gonbidatua mahaitik altxatu bitartean. Arratsa aurreratu samarra zen haren ahotsa larrean zehar kulunka entzun nuenean: emeki esaten zuen nire izena, malenkoniatsu, dolu-uso batek bezala. Nengoen bezala geratu nintzen eta ez nion erantzun.

        Queeniek aurkitu ninduen; keztategiaren ingurura etorri zen usnan eta zaunka egin zuen nire usaina hartu zuenean, gero sartu eta niregana herrestan etorri eta eskua miazkatu zidan, eta belarria eta masaila; bazekien gaizki tratatu ninduela.

        Laster, atea zabaldu eta argia hedatu zen. Nire lagunak «zatoz hona, Buddy» esan zuen. Eta nik harengana joan nahi nuen. Ikusi ninduenean, barre egin zuen.

        — Jaungoiko maitea, motel. Biketan sartu hautela dirudi, eta lumaztatzeko prest hagoela. —Baina nire jantzi hondatuaz akar edo aipurik batere ez.

        Queenie lasterka joan zen behi batzuk esestera; eta haren atzetik poliki gindoazela larrean zehar, motxondo baten gainean eseri ginen.

        — Izter bat gorde dizut —esan zidan, paper ezkotuan bildutako paketea ematen zidala—. Eta gehien gustatzen zaizun indioilar zatia.

        Sentipen beldurgarriagoek sorgortutako goseak urdailean ukabilkada batek bezala jo ninduen orain. Izterraren hezurra garbitu arte karraskatu nuen, gero indioilarraren parterik gozoena zuritu nuen, kabil-xardearen ingurukoa.

        Jan bitartean, Miss Sookek besoa jarri zidan sorbalden gainean.

        — Hauxe besterik ez dizut esan nahi, Buddy. Bi okerrek ez dute zuzenik egiten. Hura oker zegoen kamafeoa hartu duenean. Baina ez dakigu zergatik hartu duen. Akaso ez zuen beretzat gordetzeko asmorik. Dena dela arrazoia, ezin kalkulatua izan. Horrexegatik, zuk egin duzuna askoz txarragoa da: zuk planeatu egin duzu hura iraintzea. Deliberatua izan da. Orain entzun niri, Buddy; bekatu bakar bat dago barkaezina, ankerkeria deliberatua. Beste guztiak barka daitezke. Hori, inoiz ez. Ulertu al didazu, Buddy?

        Zerbait ulertu nuen, eta denborak erakutsi dit zuzen zegoela. Baina une hartan batez ere hauxe ulertzen nuen, mendekuak huts egin bazidan, nire metodoak okerra behar zuela. Odd Henderson nire gainetik legokeen norbait bezala azaldu zen —nola? zergatik?, are zintzoagoa.

        — Bai ote, Buddy? Ulertu duzu?

        — Gutxi gorabehera. Tira hortik —esan nion, kabil-xardearen punta bat eskainiz.

        Zatitu egin genuen; nire erdia zen luzeena, eta horrek desio baterako eskubidea ematen zidan. Zer desio nukeen jakin nahi zuen.

        — Oraindik zu nire laguna izatea.

        — Tuntun hori! —esan zidan, eta besarkatu egin ninduen.

        — Betiko?

        — Ez naiz hemen betiko izango, Buddy. Ezta zu ere.

        Haren ahotsa eguzkia larre ertzean bezala beheratu zen, une batez isilik egon eta gero atzera ere altxatu zen eguzki berri baten indarrez.

        — Baina bai, betiko. Jainkoak nahi badu, zu denbora luzean izango zara hemen ni joanda gero ere. Eta nitaz gogoratzen bazara, orduan beti izango gara elkarrekin...

        Handik aurrera, Odd Hendersonek bakean utzi ninduen. Bere adineko mutil batekin hasi zen borrokak egiten, Squirrel McMillanekin. Eta hurrengo urtean, Odden nota eskasak eta jokaera txar orokorra zela eta, gure eskolako zuzendariak ez zion utzi eskolara etortzen, eta negua behi-etxalde batean eman zuen, peoi lanetan. Azkenekoz ikusi nuen aldia hatza luzatuz Mobilera alde egin, marina merkantean sartu eta desagertu baino pixka bat lehentxeago izan zen. Ni akademia militar bateko patu miseriazko batera bidal nintzaten baino urtebete lehenago izan bide zen, eta nire lagunaren heriotza baino bi urte lehenago. Alegia, 1934.eko udazkenean gutxi gora behera.

        Miss Sookek baratzera eramana ninduen; urreliliz betetako landare bat aldatu zuen upel batera eta laguntza behar zuen aurrealdeko atarirako eskaileretan gora eramateko. Berrogei pirata gizen baino astunagoa zen, eta harekin borrokan burutu ezinik ari ginela, Odd Henderson pasatu zen bidean. Baratzeko atean geratu eta zabaldu egin zuen, esanez:

        — Utzidazu laguntzen, andre.

        Behi-etxaldeko bizitzak on egin zion: sendotuta zegoen, besoak zaintsu zituen eta kolore gorria beltzaran gorrixkara ilundua zuen. Arin-arin jaso zuen ontzi handia eta atarian ipini zuen.

        Nire lagunak esan zion:

        — Eskertzen dizut, jauna. Oso laguntza handia egin diguzu.

        — Ez da ezer —hark, beti ere niri kasurik egin gabe.

        Miss Sookek bere lorerik ikusgarrienen txortenak moztu zituen.

        — Eramaizkiozu hauek amari —esan zion, sorta luzatzen ziola—. Eta eskumuinak eman.

        — Eskerrik asko, andre.

        — Ene, Odd —deitu zion, mutila errepidera iritsia zenean—, kontuz ibili! lehoiak dira, badakizu.

        Baina hura entzuteko urrunegi ordurako. Begira geratu ginen kantoian desagertu zen arte, zeraman arriskuaz ezjakinean: berdetzen ari zen arrasbeheran erretzen eta orro egiten zuten urreliliak.

 

 

© Truman Capote

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"Truman Capote / Eskerregite Eguneko bisitaria" orrialde nagusia