NEGUA
16. Marcovaldo supermerkatuan
Arratsaldeko seietan hiria kontsumitzaileen menpe geratzen zen. Egun osoan biztanleria produktiboaren zeregina produzitzea zen: kontsumo gaiak produzitzen zituzten. Halako ordu batean, aldiz, norbaitek botoi bat zapaldu balu bezala, produkzioari utzi eta, horra!, denek kontsumitzeari ekingo zioten. Egunero, dendetan eskaparate argituek apenas zuten denbora beren apalategiak antolatzeko, saltxitxoi gorriek zintzilik agertzeko, portzelanazko plater dorreek sabairaino altxatzeko, oihal barrek hegazterrenaren luma-isatsetakoak bezalako tolesturak zabaltzeko; eta orduantxe sartuko zen indarka jendetza kontsumitzailea, desegin, hozka egin, lardaskatu eta den-dena paretik eramatera. Horrelakoetan, lerro etengabe bat ibiltzen zen kiribilka espaloi eta arkupe guztietatik, luzatu egiten zen dendetako kristalezko ateetan barrena, banketxe guztien inguruan, inork inoren saihetsetan emandako ukondokadek bultzatuta, enbolo baten etengabeko kolpeak bailiran. Kontsumitu!, eta salgaiak ukitzen zituzten, eta berriro uzten, berriro hartzen eta tiraka eskutik kentzen elkarri; kontsumitu!, eta behartu egiten zituzten dendari zurbilak denda-mahaietan arropa zuria arropa zuriaren gainean zabaltzera; kontsumitu!, eta koloreko lizta matazak jirabiraka ibiltzen ziren zibak bezala; loredun paper orriek hegal dardaratiak harrotzen zituzten, erosketak paketetxotan biltzeko, paketetxoak paketetan, paketeak paketetzarretan, bakoitza bere lazo itxurako korapiloarekin. Eta gero, nahas-mahas pilaturik zirimolatzen ziren kutxa inguruan paketetzar, pakete, paketetxo, poltsa eta poltsatxoak, diru-zorroaren bila poltsoetan haztamuka hasten ziren eskuak, eta txanpon bila diru-zorroetan haztamuka hasten ziren hatzak; eta behean, hanka ezezagun eta jantzi barrenen arteko basoaren erdian, umeak, eskutik utzita, galdu eta negarrez hasten ziren.
Arratsalde horietako batean, familiarekin denbora-pasa ari zen Marcovaldo. Dirurik gabe egonda, besteak erosten ikustea zen haien denbora-pasa; ezen, dirua zenbat eta gehiago ibili, orduan eta gehiago espero du gabe dagoenak: «Goiz edo berandu iritsiko zait niri ere apur bat patrikara». Marcovaldori, ostera, jaso bezain azkar joaten zitzaion soldata, alde batetik txikia zelako eta etxekoak asko, eta bestetik maileguko epeak eta zorrak ordaintzeko zeudelako. Nolanahi ere, ikuskizun ederra zen hori beti, supermerkatura joan-etorri bat egitean batez ere.
Supermerkatua autozerbitzu moduan antolatuta zegoen. Gurditxoak zeuden, gurpilak dauzkaten burdinazko otarreak itxuraz, eta bezero bakoitzak berea bultzatu eta era guztietako gauzez betetzen zuen. Marcovaldok ere hartu zuen bat sartzean, beste bat emazteak, eta beste bana lau semeek. Eta halaxe, prozesioan ibiliz gurditxoekin, jateko gauza mordo-mordoaz goraino betetako apalategi artean, saltxitxoiak eta gaztak erakutsi eta izenak aipatzen zizkioten elkarri, pilo hartan adiskideen aurpegiak, edo ezagunenak gutxienez, antzeman balituzte bezala.
— Aita, hartuko dugu hau? —galdetzen zuten umeek minuturo.
— Ez, ez ukitu, debekatuta dago —esaten zuen Marcovaldok, gogoan harturik ikustaldia amaitzean zain zuela kutxazaina kontuak egiteko.
— Eta zergatik hartzen ditu andre horrek? —ekiten zioten umeek berriz, ikusten baitzuten nola emakume on horiek, bakarrik azenario parea eta apioa erostera sartu eta gero ezin zioten gogor egin pareko pote piramideari, eta, tun!, tun!, tun!, aurpegiera erdi arreta gabe, erdi etsitua jarriz, zuritutako tomate latak, muxika poteak eta oliotan jarritako antxoa latak ttun-ttuna joz erortzen uzten zituzten gurditxo barrura.
Bestela esanda, zure gurditxoa hutsik egotea eta besteena beteta, neurri bateraino eraman daitekeen gauza da: gero, ordea, halako bekaitz, halako estura batek hartzen zaitu, eta ezin duzu gehiago jasan. Orduan, Marcovaldok, emazte eta umetxoei ezer ez ukitzeko gomendatuta, apalategi batzuen artetik azkar biratu, etxekoen begiradatik ezkutatu eta, datil lata bat apaletik harturik, gurditxoan utzi zuen. Hamar minutuz gurditxoan hortik hona garraiatzeak ematen duen atsegina sentitu nahi zuen bakar-bakarrik, besteen antzera berak ere bere erosketak ageri-agerian eraman, eta gero hartutako lekuan utzi. Lata hori eta, baita ere, saltsa-min botila gorri bat, eta kafe paketetxo bat, eta spaghetti poltsa urdin bat. Seguru zegoen Marcovaldo, tentuz ibiliz gero, gutxienez ordu laurden batez dastatu ahalko zuela produktua aukeratzen dakienaren poza, eta sos bat ere ordaindu beharrik gabe. Baina, ai ene umeek ikusten bazuten! Berehala hasiko ziren berak bezala egiten, eta auskalo zer nolako nahaste-borrastea prestatuko zuten!
Marcovaldok ahaleginak egiten zituen haien bistatik ezkutuan geratzeko, sekzioetatik zeharka-meharka ibiliz, batzuetan neskame lanpetu baten atzetik, besteetan larruz jantzitako andreen atzetik. Eta batak edo besteak eskua luzatzen bazuen kalabaza hori usaintsu bat edo triangelu itxurako gazta zatiak dituen kaxa bat hartzeko, beste horrenbeste egingo zuen berak ere. Bozgorailuek doinutxo alaiak aireratzen zituzten: haien erritmoaren arabera mugitu edo geratu egiten ziren erosleak, eta une egokian besoa luzatu, objektu bat hartu eta beren otarretxoan kokatzen zuten, dena musikaren erritmoan.
Marcovaldoren gurditxoa salgaiz gainezka zegoen orain; bere oinek jende gutxiago zegoen sekzioetara zeramaten; gero eta izen ulergaitzagoak azaltzen zituzten han zeuden produktuek, eta kaxetako irudiak ikusirik ez zegoen garbi letxugetarako ongarriak ote ziren, letxuga-haziak, letxuga hutsak, ala letxuga-harrak hiltzeko pozoia, honelako harrak jaten dituzten txoriak erakartzeko pentsua, ala bestela entsalada edo txori erreak prantatzeko osagaiak. Edonola ere, Marcovaldok bi edo hiru kaxa hartu zituen.
Halaxe zebilen apalategi-hesi garai biren artean. Tupustean, pasabidea amaitu eta leku luze huts bat azaldu zitzaion, jenderik gabe, baldosei diz-diz eginarazten zien neoi-argiaz. Han zegoen Marcovaldo, gauzez beteriko bere gurditxoaren ondoan bakarrik, eta leku huts haren bestaldean irteera eta kutxa.
Buruak lehen-lehenik eman ziona gurditxoa tanke baten antzera aurretik bultzatuz burumakur korrika hasi eta kutxazainak alarma jo baino lehenago harrapakin horrekin supermerkatutik hanka egitea izan zen. Baina une hartantxe aldameneko beste pasabide batetik beste gurditxo bat agertu zen, berea baino beteagoa, bere emazte Domitillak bultzaturik. Eta beste alde batetik beste bat agertu zen, Filippettok bere indar guztiaz bultzatua. Leku hartantxe biltzen ziren hainbat sekziotako pasabideak, eta bakoitzetik Marcovaldoren ume bana azaltzen zen, denak merkatal ontzien antzera kargaturiko gurditxoak bultzatuz. Burutapen berbera izan zuten denek, eta orain, elkar aurkitzean, denen artean supermerkatuak zituen aukera guztien katalogoa bildu zutela konturatu ziren.
— Aita, aberatsak gara orduan? —galdetu zuen Michelinok—. Urtebeterako jana izango dugu?
— Atzera! Azkar! Goazen kutxatik urrun! —bota zuen Marcovaldok, buelta erdia egin eta bere burua eta erosketak apalategi atzean ezkutatuz.
Eta lasterrari eman zion, etsaien tiro artean bezala gorputz erdia makurtuz, eta berriz galdu zen sekzioen artean. Burrunba bat aditzen zen haren atzean; atzera begiratu eta etxeko guztiak ikusi zituen, trenen antzera beren bagoiak bultzatuz, orpoz orpo tarrapatan zebiltzalarik.
— Milioi bateko kontua eskatuko digute hemen!
Supermerkatua handia zen eta labirintoak bezain korapilatsua: orduak eta orduak eman zitezkeen gora eta behera. Eskumenean hainbeste bizigarri edukita, handik irten gabe negu osoa igaro zezaketen Marcovaldok eta etxekoek. Baina bozgorailuak doinutxoa eten eta hor ari ziren esaka:
— Entzun mesedez! Ordu laurden barru itxiko da supermerkatua! Hurbildu kutxara albait lasterren, mesedez!
Zama hura bistatik galtzeko ordua zen: orain edo inoiz ez. Bozgorailuen deiarekin lehia zoro batek hartu zuen bezero mordoa, mundu osoko azken supermerkatuko azken minutuak balira bezala —ezin jakin, ordea, hango dena hartzeko ala han uztekoa ote zen lehia hura—; apalategi artean bultza eta bultza has, ziren denak, alegia. Eta Marcovaldo, Domitilla eta umeak aukera horretaz baliatzen ziren salgaiak apaletara itzultzeko edo beste pertsona batzuen gurditxoetara lerratzeko. Gauzak nolanahi itzultzen zituzten, ordea: euli-papera urdaiazpikoaren apalean, azaburua tarta artean. Ez ziren konturatu emakume batek gurditxoa ez baizik eta ume-kotxe bat zeramala, eta jaioberri bat barruan: bada, Piamonteko ardo botila bat pasa zioten.
Dastatu ere gabe gauzei uko egin behar hori penagarria zen, begiei negarra ateratzeko modukoa. Eta horrela, maionesa pote bat uzten zuten une berean platano sorta bat agertzen zitzaien eskumenean, eta hartu egiten zuten; edota oilasko erre bat nylonezko eskoboiaren ordez; era horretara, beren gurditxoak hustu ahala bete egiten ziren berriro.
Familia bere erosketekin igo eta jaitsi egiten zen eskailera automatikoetatik, eta solairu guztietan nonahi aurkitzen zuten parean derrigorrezko pasabideren bat, zeinetan guardiako kutxazainak kalkulatzeko makina bat, metraileta baten antzera zartaka ari zena, apuntatzen baitzuen irteteko bidean jarriak ziren guztien kontra. Handik hona eta hemendik hara ibiliz, Marcovaldo eta etxekoek kaiolako piztiak edota koloreko panelez osaturiko harresiak dituen espetxe argitsu bateko presoak ziruditen gero eta gehiago.
Halako leku batean, pareta bateko panelak kenduta zeuden, eskailera bat zegoen han jarrita, mailuak eta arotz eta igeltsero tresnak. Enpresa bat supermerkatua zabaltzen ari zen. Lanorduak amaitu eta gero, langileek alde egin zuten, dena bertan utzirik. Marcovaldo, erosketak aurrean eramanez, hormako zulotik igaro zen. Ilun zegoen bestaldean; berak aurrera egin zuen. Eta etxekoek, gurditxo eta guzti, atzetik jarraitu zioten.
Gurditxoen gomazko gurpilak punpa-punpaka zebiltzan azpia kenduta zeukan eta hor eta hemen hareaz estalita zegoen halako zoru batean, eta gero egurrezko ohol lotu gabeez eginiko zoladura batean. Marcovaldo orekari eutsiz zihoan ohol batetik; besteak atzetik. Halako batean, aurre, atze, goi eta behe, hainbat argi ikusi zituzten barreiaturik, eta inguruan hutsunea.
Aldamio baten gainean zeuden, zazpi solairuko etxe baten altueran. Hiria haien azpian zabaltzen zen, leiho argituen, iragarkien eta tranbietako antenen txinparta elektrikoen dizdiraz; gorago, aldiz, zeruko izarrak eta irrati etxeen antenetako argi gorriak. Aldamioak dardara egiten zuen hor goian orekan jarritako salgai guzti haien pisuagatik.
— Beldurrez nago! —esan zuen Michelinok.
Ilunpetik itzal bat aurreratu zen. Aho erraldoi bat zen, hortzik gabea, metalezko lepo luze batetik zabaltzen zena: garabi bat. Haien gainera erortzen zen, haien parean germen, beheko matraila aldamioko ertzari pega-pega eginda. Marcovaldo gurditxoa makurtu, salgaiak burdinazko eztarri zulora irauli, eta barrura sartu zen. Domitillak berdin egin zuen. Umeek ere gurasoen antzera. Garabiak eztarri zuloa itxi zuen supermerkatuko harrapakin guztia barruan harturik, eta txirrikaren kirrinkaz lepoa atzeratu eta urrutiratu zen. Behean, pizten eta jiraka zebiltzan supermerkatu handian salgai zeuden produktuak erostera gonbidatzen zuten kolore askotako errotulu argitsuak.
© Italo Calvino
© itzulpenarena: Koldo Biguri