UDAZKENA
15. Euria eta hostoak
Lantegian, Marcovaldok zeuzkan eginbeharren artean, goizerogoizero sarrerako landarea ureztatzea zegoen. Etxean eduki ohi diren landare berde horietako bat zen, zuztar mehe zuzen bat, eta hartatik alde banatara hazten ziren txorten luzeko hosto zabal argitsuak zituena: alegia, landare itxura duten landare horietako bat, hosto itxurako hostoak dituena, baina egiazkoa ez dirudiena. Baina landare bat zen, hala ere, eta hori izanda sufritu egiten zuen, hor egotean, gortina eta goardasol ontziaren artean, argia, airea eta ihintza falta baitzituen. Marcovaldok goizero aurkitzen zuen seinale txarren bat: hosto bati txortena makurtu egiten zitzaiola, pisuari eutsi ezinik bezala; beste bat mantxaz betetzen ari zela elgorriak jotako haurraren masailaren antzera; beste baten muturra horitzen ari zela; harik eta bat edo beste, taka!, lurrean aurkitzen zen arte. Bitarte horretan —bihotza horrexek estutzen zion gehien— landarearen zuztarra luzatu eta luzatu egiten zen, ordurako ez behar bezala hostotsu, makila bezain biluzik baizik, eta motots moduko bat azaltzen zuen gainaldean, palmondo itxura ematen ziona.
Marcovaldok eroritako hostoak jasotzen zituen lurretik, hautsa kentzen zien sendo zeudenei eta erregadiatzeko ontzi berde batetik ura isurtzen zuen landare oinera —geldiro, irauli eta baldosak ez zikintzeko—, pote barruko lurrak berehala irensten zuena. Eta keinu sinple horietan bere beste edozein lanetan baino arreta handiagoa jartzen zuen, ia-ia senitartekoren baten ezbeharragatik sentitzen den errukia. Eta hasperen egiten zuen, batek jakin landareagatik ala bere buruagatik: ezen lantegiko hormen artean meharturik horitzen ari zen zuhaixka hura zorigaitz-laguntzat hartzen zuen.
Landarea —halaxe deitzen zioten, besterik gabe, izen zehatzagorik alferrekoa balitz bezala landareen erreinua ordezkatzea berari bakarrik zegokion giro batean— gau eta eguneko ordu guztietan haren gogoetetan nagusi izateraino sartuta zegoen Marcovaldoren bizitzan. Beronek zeruan hodeia nola loditzen den aztertzeko orain egiten zuen begirada ez zen ordurako aterkia hartu ala ez dagoen hiriko kaletarrarena, egunez egun lehortea noiz bukatuko zain dagoen nekazariarena baizik. Eta, burua eginbeharretik altxaturik, almazeneko leihatilaz kanpoan bizi-bizi eta isilik hasia zen euri jasa itzaletik argira begiz jo orduko, dena bertan utzi, landare ondora azkar abiatu, ontzia besoan hartu eta kanpoan utziko zuen, patioan.
Bazirudien landarea, hostoetatik zebilkion ura sentitzean, zabaldu egiten zela, ur tantei ahalik eta gainazalik gehien eskaintzearren, bai eta pozarren bere berderik distiratsuenaz janzten zela ere: edo behintzat horrela iruditzen zitzaion Marcovaldori, hari begira geratzen baitzen, aterpean babesteaz ahazturik.
Patio hartan geratzen ziren, gizona eta landarea, alegia, elkarren aurrez aurre, gizonak ta landare baten sentsazioak sentitzen zituelarik euripean, eta landarea, aldiz —kanpoko airera eta naturaren gorabeheretara ohiturik ez zegoenez gero—, bat-batean burutik oinetara bustirik eta soinekoak blai eginda aurkitzen den gizona bezain harrituta. Marcovaldok, gora begira, euri usaina dastatzen zuen, ordurako baso eta zelai usain bihurtua —bere ustez—, eta buruan hainbat oroitzapen zerabilzkien. Baina oroitzapen horien artetik, argi eta hurbil, urtero jasaten zituen erreuma oinazeak gailentzen ziren; eta aterpera itzultzen zen orduan.
Lanorduak amaitu eta gero, lantegia itxi behar izaten zen. Marcovaldok almazeneko arduradunari honela galde egin zion:
— Kanpoan utz nezake landarea, patioan?
Arduraduna, Viligelmo jauna, neke gehiegiko arduretatik ihes egiten duten horietako bat zen.
— Burutik al hago? Eta lapurtzen baditek? Zeinek erantzungo dik?
Marcovaldo, ordea, euriak landareari zekarkion onuraz ohartuta, ez zen estalpean uzteko gauza: zeruko dohain hura alferrik galtzea izango zen.
— Neuk eduki nezake bihar goizera arte... —proposatu zuen—. Motozikletako otarrean sartu eta etxera eramango dut... Horrela ahal adina euri hartzen jarriko dut...
Viligelmo jaunak apur batez pentsatu zuen horretaz.
— Ongi —esan zuen azkenik—; baina horrek esan nahi dik hi arduratzen haizela.
Marcovaldo zaparrada azpian ari zen hiria gurutzatzen, motozikletako eskulekurantz makurtuta eta uretarako txamarra bat jantzita. Atzean, otarrean, landare ontzia zeraman loturik, eta motorrak, gizonak eta landareak gauza bat bakarra ziruditen; are gehiago, gizona desagertua zegoen okertuta eta arropan bil-bil egina joatean, eta motozikletan zihoan landare bat besterik ez zen ikusten. Tarteka-marteka, txano azpitik, Marcovaldok atzera begiratzen zuen, bere bizkarrean hosto bat tantaka eta inarrosten ikusten zuen arte: eta landarea haziago eta hostotsuagoa zegoela iruditzen zitzaion begiratzen zuen aldi bakoitzean.
Etxean —leihoak teilatuan bertan eginak dituzten mansarda horietako bat zen—, Marcovaldo landare ontzia besoan hartuta iritsi bezain laster, umeak bere bueltan jarri ziren.
— Gabonetako zuhaitza! Gabonetako zuhaitza!
— Bai zera! Zer duzue buruan? Oraindik denbora falta da Gabonetarako! —protestatu zuen Marcovaldok—. Kontuz hostoekin, erraz hondatzen dira eta!
— Sardina lata batean bezala gaude dagoeneko etxe honetan —marmar egin zuen Domitillak—. Zuhaitza ekartzen badiguzu, guk atera beharko orduan...
— Landaretxo bat baino ez da, ordea! Leihoan jarriko dut...
Leihoko landarearen itzala gelatik ikus zitekeen. Afarian, Marcovaldok ez zuen platerera begiratzen, leihoko kristalez haraindi baizik.
Marcovaldoren eta familiaren bizimodua dezente hobetuta zegoen, etxe-azpiko pisua utzi eta mansardara joan zirenetik. Baina teilatupean bizitzeak bazuen alde txarrik ere: tantaren bat edo beste sartzen zen sabaitik barrena, esate baterako. Tantak lau-bost toki jakinetan erortzen ziren, hainbatero-hainbatero; eta Marcovaldok azpilak edo eltzeak jartzen zituen haien azpian. Gau euritsuetan denak ohean zeudenean, itoginak tok-tok-tok entzuten ziren, hotzikarak ematen zituztelarik erreuma iragarriz bezala. Gau hartan, ordea, tok-tok-tok hura doinutxo alaia iruditzen zitzaion Marcovaldori, bere lo urduriaren erdian esnatu eta belarria luzatzen zuen bakoitzean: oraindik euria ari zuela esaten zion, euri arin eta etengabea, eta landarea elikatzen zuela, izerdia gora eramaten zuela hostoetako txorten meharretatik, hostoak belak bailiran zabaltzen zituela. «Bihar begiratzen dudanean hazita aurkituko diat!», pentsatzen zuen.
Goizean leihoa irekitzean, ordea, ezin sinetsirik geratu zen begiek ikusi zutenarekin: landareak orain leiho erdia estaltzen zuen, hostoak lehen baino bi bider gehiago ziren gutxienez, eta ez euren pisuagatik eroriak, baizik eta ezpatak bezain tente eta zorrotzak. Ontzia bularraren kontra estuturik eramanda jaitsi zen eskaileretatik, otarrera lotu eta lantegira abiatu zen.
Ateri zen, baina artean eguraldia nahasia zen. Marcovaldo motozikletako jarlekutik jaitsi gabe zegoela, orduantxe hasi ziren tanta batzuk erortzen. «On egiten diola ikusita, patioan utziko diat oraingoz»,pentsatu zuen.
Almazenean, patiora jotzen zuen leihatilatik begiratzera joaten zen noizik edo behin. Almazeneko arduradunari ez zion grazia gehiegirik egiten gogoa lanean ez beste nonbait edukitze horrek:
— Zer? Zer daukak gaur, kanpora begira egoteko?
— Hazi egiten da! Zatoz zu ere ikustera, Viligelmo jauna! —eta Marcovaldok keinu egiten zion eskuaz, eta ia ahapetik hitz egiten zion, landareak horretaz konturatu beharko ez balu bezala—. Begira nola hazi den! Zer, hazi da, eh?
— Pixkatxo bat hazi duk, bai —onartu zuen arduradunak, eta orduko hori laneko bizitzak langileari bakanka-bakanka ematen dizkion satisfazioetako bat izan zen.
Larunbata zen. Lana ordu batean amaitu, eta astelehenera arte itzuli beharrik ez zegoen. Marcovaldok berriz hartu nahiko zuen landarea berekin, baina ordurako euririk ari ez zuenez gero, ez zekien zein aitzakia aurkitu. Zerua, hala ere, ez zegoen oskarbi: hodei mataza batzuk, beltzak, barreiaturik zeuden apur bat hemen, apur bat han. Arduradunarengana joan zen, beronek, meteorologiarako grina handia izanik, barometro bat baitzeukan bere mahai ondoan zintzilik.
— Zer dio, Viligelmo Jauna?
— Eguraldi txarra, beti txarra —esan zuen berak—. Gainera, hemen ez zegok euririk, baina bai ni bizi naizen auzoan: oraintxe hots egin zioat emazteari.
— Orduan —proposatu zuen berehala Marcovaldok—, euria ari duen lekura eramango dut landarea.
Eta esan eta izan, motozikletako otarrean kokatu zuen berriz ontzia.
Larunbat arratsaldea eta igandea honelaxe igaro zituen Marcovaldok: bere motozikletako jarlekuan eserita itzulinguruak eginez, atzean landarea zeramala, zerua aztertu, asmo onekoa zeritzon hodei bat bilatu, eta euria aurkitu arte ibili zen kalez kale. Noizbehinka, atzerantz begiratuz, zertxobait garaiagoa ikusten zuen landarea: taxiak, kamionetak, tranbia bezain garaia! Eta hostoak gero eta luzeagoak, haietatik euria irristatzen zelarik bere uretarako txano gainera, dutxa batean bezala.
Ordurako, bi gurpilen gaineko zuhaitz bat zen, guardia, kotxezale eta oinezkoak barri eta zur utziz hirian barrena zebilen hura. Eta hodeiak, aldi berean, haizearen bideetatik zebiltzan, auzoak banan-banan euriz astinduz eta gero abandonatuz; eta bidezkoek, banan-banan, eskua luzatu eta aterkiak ixten zituzten; eta kale, plaza eta pasealekuetatik, bere hodeiaren atzetik zebilen Marcovaldo, eskulekurantz makurturik eta txanoan batu-batu eginda, sudurra baino ez zuela agerian, motozikleta abiada bizian eztandaka, landarea tanten ibilbide beretik eramanez, hodeiak bere atzean uzten zuen eurizko isats hura hostoetan biribilkatu eta, horrela, dena —haize, hodei, euri, landare eta gurpil— indar berberak bultzatuta ibiliko balitz bezala.
Astelehenean esku hutsik azaldu zen Marcovaldo Viligelmo jaunaren aurrean.
— Eta landarea? —galdetu zuen almazeneko arduradunak.
— Kanpoan dago. Zatoz.
— Non? —esan zuen Viligelmok—. Ez diat ikusten.
— Horko hori da. Apurtxo bat hazita dago...
Eta bigarren solairuraino iristen zen zuhaitz bat seinalatu zuen. Ontzian ez, baizik eta kupel moduko batean landaturik zegoen, eta motozikletaren ordez Marcovaldok moto-furgoneta bat inguratu behar izan zuen.
— Eta orain zer? —amorratu zen arduraduna—. Nola jarriko diagu sarreran? Atetik ez duk sartzen eta!
Marcovaldok bizkarra jaso zuen.
— Egin dezakegun gauza bakarra zera duk —esan zuen Viligelmok—: hazitegira eraman eta haren ordez neurri egokiko beste bat hartzea.
Marcovaldo ibilgailuko jarlekuan eseri zen berriro:
— Banoa.
Berriz hasi zen hirian zeharreko bidaia. Zuhaitzak berdetasunez betetzen zuen kaleetako erdialdea. Udaltzainek, zirkulazioaz kezkatuta, bidegurutze bakoitzean geldiarazten zuten; gero —Marcovaldok azaltzen zienean landarea hazitegira zeramala paretik kentzearren segitzen uzten zioten. Baina, bira eta bira, hazitegirako kale barrura sartu ala ez sartu zegoen Marcovaldo. Ez zeukan bihotzik berak sortutako landare hartatik banantzeko, halako fortuna handiaz atera baitzuen aurrera: iruditzen zitzaion bizitza guztian ez zuela landare horrekin adina satisfaziorik sentitu.
Eta horrela jarraitzen zuen gora eta behera, kale eta plazetan, zubietan eta erreka bazterreko pasealekuetan. Eta baso tropikalekoa bezalako hostotza bat hedatu egiten zen haren buru, bizkar eta besoak estaltzeraino eta bera berde artean itzaltzeraino. Eta hosto eta txorten horiek guztiak, bai eta zuztarra ere —mehe-mehe geratu zena— bilin-balan ari ziren etengabe dardara eginez bezala, bai zaparrada erori eta jo egiten zituenean, bai euri tantak bakantzen zirenean, bai guztiz gelditzen zirenean ere.
Atertu egin zuen. Iluntzera zihoan. Kaleen barrenaldean, etxarteetan, halako ostadar argi lauso bat pausatu zen. Landarea, euria bitartean tente jarri zuen hazteko ahalegin gartsu haren ondoren, agortuta bezala geratu zen. Helbururik gabeko ibilaldi hartan segitzen zuela, Marcovaldo ez zen konturatzen bere atzean hostoak banan-banan berde bizitik horira igarotzen zirela, urregorrizko hori batera.
Motor, auto, bizikleta eta ume segida batek bazeraman halako denbora bat hiritik igarotzen ari zen zuhaitzaren atzetik, Marcovaldo konturatu gabe. «Baobaba! Baobaba!» zioten oihuka, eta mirespenezko «oooh» handiak egiten zituzten, hostoak horitzen ziren neurrian. Hosto batek erori eta began egiten zuenean esku asko altxatzen ziren airean harrapatzeko.
Haizea hasi zen; urrezko hostoak, parrastan, erdi parean zebiltzan kalean, itzul-iraulka. Artean uste zuelarik gibelean zuhaitz berde hostotsua zuela, Marcovaldo kolpean —haizetan bere burua babesik gabe sentitzean beharbada— jiratu egin zen. Ez zegoen zuhaitzik: makila ziztrin bat besterik ez, aldeetarantz txorten biluzi mordo bat eta puntaren puntan azken hosto hori bat zuena. Ostadarraren argiaz, gainerako guztiak beltza ematen zuen: espaloietako jendeak eta lerroz lerro zeuden etxeetako fatxadek; eta iluntasun horren gainetik, erdi parean, urrezko hostoak zebiltzan jira-biran, distiratsu, ehunka; eta ehunka ere altxatzen ziren, itzalpetik, esku gorri eta arrosak, haiek harrapatu nahirik; eta haizeak barrenaldeko ostadarrerantz harrotzen zituen urrezko hostoak, eskuak eta oihuak; eta zuztarretik atera zuen azken hostoa ere, hori kolorearen ordez laranja, gero arrosa, urdin, berde, eta gero berriro horia hartu eta, azkenik, desagertu zena.
© Italo Calvino
© itzulpenarena: Koldo Biguri