UDA
14. Ilargia eta GNAC
Gauak hogei segundo irauten zuen, eta hogei segundo GNAC hark. Hogei segundotan zeru urdina ikusten zen, hodei beltzez ñabar, ilgoraren igitai urrezkoa, ukitu ezinezko argi-koroa batez nabarmenduta, eta izarrak ondoren, haien puntu dizdizariak —zenbat eta gehiago begiratu— ugariago egiten zirelarik, Santiago Bidearen hauts hodeiak osatu arte; hau dena azkar-azkar ikusia: edozein xehetasunetan geratuz gero, osotasuna galduko zen, hogei segundoak berehala amaitu eta GNAC hasten zelako.
GNAC hori pareko teilatuan, hogei segundoz piztuta eta hogei segundoz itzalita, SPAAK COGNAC zioen iragarki-errotuluko zati bat zen; piztuta zegoenean ez zen beste ezer ikusten. Bat-batean ilargia zurbildu egiten zen, zerua den-dena beltz eta lau bihurtzen, izarrek argitasuna galtzen zuten, eta katu ar eta emeak, erlaitz eta ur-hodietatik bata bestearen bila nagi mugituz hamar segundo lehenagotik maitasunez miauka ari zirenak, teila gainean makur-makur geratzen ziren, ilea lazturik, neoi argi fosforeszentearen pean.
Bizi ziren mansardako leihotik begira, Marcovaldoren etxekoen gogoan era guztietako burutazioak ari ziren joan eta etorri. Gaua zen, eta Isolina, neska handi egina ordurako, ilargi zuriagatik lilurak aldean eramanda sentitzen zen; bihotza estutua zeukan, eta etxeko azpiko pisuetatik iritsitako irrati karraskarik motelena ere serenata baten doinua bailitzan belarrietaratzen zitzaion; GNAC hura piztu, eta bazirudien irrati hark beste erritmo bati heltzen ziola, jazz erritmoari, eta Isolinari argiz beteriko dantzalekuak zetozkion gogora; eta bera, gaixoa, han bakarrik. Pietruccio eta Michelinok begiak zabal-zabalik zeuzkaten gauean, eta beren barruaz jabetzen uzten zioten inguru guztian bidelapurrez beteriko basoak edukitzeko beldur gozo samur bati; gero GNAC!, eta danba-danba hasten ziren, bata bestearen kontra, hatz lodia gorantz eta erakuslea parerantz luzatuz:
— Altxa eskuak! Nembo Kid nauk!
Domitillak, amak alegia, gaua itzaltzen zen bakoitzean hauxe pentsatzen zuen: «Orain barrura sartu behar dute umeek, aire honek kalte egingo die eta. Eta ordu hauetan Isolina kanpora begira egotea ere ez dago ondo!». Baina gero dena zen argitsu, elektrikoa berriro, bai kanpoan, bai barruan, eta Domitilla handikiren baten etxean bisitan bezala sentitzen zen.
Fiordaligik, ordea, gazte malenkoniatsua bera, argi mehe batez agertzen ikusten zuen buhardila baten leihatila, GNAC hura itzaltzen zen bakoitzean, G letraren beso borobilaren barruan, eta kristal atzean neska baten begitartea, ilargi kolorekoa, neoi kolorekoa, gaueko argi kolorekoa, eta aho bat, ia oraindik neskatilarena zena, eta berak irribarre egin bezain laster ezin ohartzeko moduan irekitzen zena; eta irribarre bat osatuz zabaltzera zihoala zirudielarik, bat-batean, ilunpetik GNAC haren G gupidagabeak bere distiraren geziak jaurti eta aurpegiak bere formak galtzen zituen, itzal bilakatzen zen, zurbil eta ahula, eta ezin jakin neskatilaren ahoak erantzun ote zion ala ez bere irribarreari.
Grina ekaitz horren erdian, Marcovaldo seme-alabei zeru gaineko izar multzoak erakusten saiatzen ari zen.
— Horko hura Gurdi Handia da, bat-bi-hiru-lau eta han gurdiaren pertika; beste hura, ordea, Gurdi Txikia, eta Ipar Izarrak iparra non dagoen erakusten du.
— Eta hango hark zer erakusten du?
— Hark C letra adierazten du. Baina ez du zerikusirik izarrekin. COGNAC hitzaren azken letra da. Izarrek, aldiz, munduko lau bazterrak seinalatzen dituzte: Iparra, Hegoa, Ekialdea eta Mendebaldea. Ilargiak eskuinerantz ditu orain adarrak. Adarrak eskuinerantz baldin baditu, ilbeheran dago. Ezkerrerantz baditu, ordea, ilgoran.
— Aita, orduan koñaka ilbeheran dago? C letrak eskuinerantz ditu adarrak!
— Ez du zerikusirik, ez dago ez ilgoran ez ilbeheran: Spaak fabrikak hor jarritako errotulu bat da.
— Eta ilargia zein fabrikak jarri du?
— Ilargia ez du fabrika batek jarri. Satelite bat da, beti dago hor.
— Beti baldin badago, zergatik aldatzen ditu adarrak?
— Ilargiaren gorabeherak dira. Zati bat baino ez zaio ikusten orduan.
— COGNAC horri ere zati bat baino ez zaio ikusten.
— Pierbernardi etxeko teilatua dagoelako, altuagoa da eta.
— Ilargia baino altuagoa?
Eta horrela, GNAC pizten zen bakoitzean, Marcovaldoren izarrak lurreko negozioekin nahasten ziren; eta Isolinak hasperen egiten zuen marmarrean kantaturiko mambo baten erritmora; eta buhardilako neska eraztun hotz itsugarri hartan itzaltzen zen, bere erantzuna ezkutatuz Fiordaligik azkenik hatz puntetan bidaltzeko adorea izan zuen musuari; eta Filippetto eta Michelino jolasean aritzen ziren ukabilak aurpegi aurrean jarririk, abioi batetik argizko errotulu hura, hogei segundoen ondoren amatatzen zena, ta-ta-ta-ta metrailatzera.
— Ta-ta-ta... Ikusi duzu, aita? Tirokada bakar batez itzali dut —esan zuen Filippettok;
Baina ordurako, neoi argitik kanpo, gerrarako bere grina desagertua zen, eta loguraz betetzen zitzaizkion begiak.
— Hobe genuke —irten zitzaion aitari— zati-zati egingo balitz! Orain Lehoia, Bikiak eta..., erakutsiko dizkizuet.
— Lehoia! —gogo beroa piztu zitzaion Michelinori—. Itxaron!
Burutapen bat izan zuen. Tiragoma hartu, beti poltsikoan zeramatzan harritxoez bete, eta indar oso-osoaz barri txintxarrak jaurti zizkion parrastan GNAC hari.
Aurreko teilatuko teiletan eta hegaleko txapan barreiaturik erortzen entzun zen kazkabar hura, bai eta jotako leiho bateko kristala ere txin-txin, barri bat behera erori eta farola bateko metalezko txapelean klonk egiten, eta espaloian ahots bat:
— Harriak erortzen dira! Eh, goiko hori! Babolio halakoa!
Baina argizko errotulua tiro egitearekin batera itzali zen, bere hogei segundoak amaituta. Eta buruz kontatzen hasi ziren mansardako denak: bat, bi, hiru..., hamaika, hamabi..., hogeira arte. Hemeretzi kontatu zuten, arnasa bota, hogei kontatu, hogeita bat; hogeita bi kontatu zuten, bizkorregi kontatu ote zuten beldurrez; baina ez, ezer ez, GNAC ez zen berriz pizten. Igarri ezineko zirriborro beltz bat geratzen zen bere euskarrizko egituran txirikordatuta, mahatsa hagan bezala.
— Aaaah —oihu egin zuten denek.
Eta zeru sabaia, milaka eta milaka izarrez beterik, amairik gabe altxatu zen haien gainean.
Marcovaldo, Michelinori eman nahi zion belarrondokoagatik eskua altxaturik zuela, geldi-geldirik geratu eta espaziorantz jaurtirik bezala sentitu zen. Teilatuen parean orain nagusi zen goibeltasunak nolabaiteko hesi ilun bat bezala osatzen zuen, handik aparte uzten zuena beheko mundua, non zurrunbiloka jarraitzen baitzuten hieroglifiko hori-berde-gorriek, eta semaforoetako begi keinukariek, eta tranbia hutsen joan-etorri argitsuak, eta faroen argi errainuak aurrerantz jaurtitzen dituzten auto ikusiezinek. Mundu horretatik distira lauso bat baino ez zen iristen gora, kea bezain eragabea. Eta begiak altxaturik, itsutuko zituen ezer ez zegoenez gero ordurako, espazioen ikusbitartea zabaltzen zen, izar taldeak sakon-sakoneraino iristen ziren; zeru-sabaia, bere barruan dena duen eta inolago muga baten barruan ez dagoen esfera hori, alde orotan zebilen jira-biran, eta bere bilbea meheago agertzen zen, zulo baten antzera, artizarraren aldean, berau bakar-bakarrik nabarmen uzteko lurraren gain-gainean, eztanda egin eta puntu batean bildutako bere argizko eztenkada geldiaz.
Zeru horretan zintzilik, ilargi berriak ilgora deneko itxura abstraktua erakutsi baino gehiago, izatez esfera itsu bat dela salatzen zuen, lurrak galdu baina —uda hasierako halako gau batzuetan bakarrik ikus daitekeen bezala— bere kolore beroa mantentzen duen eguzki baten errainu makurrek inguruan argitua. Eta han, argi eta itzal artean moztutako ilargi ertz estu hura begiratzean, gauez eguzki argitan mirariz geratutako hondartza batera inguratzeko minez bezala zegoen Marcovaldo.
Horrela zeuden mansardatik begira, umeak beren ekintzaren neurrigabeko ondorioekin ikaratuta, Isolina estasian bezala liluraturik, eta Fiordaligi, bere begiek bakarrik ikusten zituztelarik argi moteleko leihotxo hura eta, azkenik, neskatilaren ilargiaren pareko irribarrea. Ama suspertu egin zen:
— Hara, gaua da, zer egiten duzue hor begira? Gaixorik amaituko duzue ilargi zuri honen azpian!
Michelinok gorantz apuntatu zuen tiragoma.
— Itzaliko dut ilargia!
Tximetatik heldu eta ohean sar erazi zuten.
Horrela, gau hartatik goizera arte eta hurrengo gau osoan ere, aurreko teilatuko errotulu argitsuak SPAAK CO besterik ez zuen esaten, eta Marcovaldoren mansardatik zeru-sabaia ikusten zen. Fiordaligik eta ilargiaren pareko neskak musuak bidaltzen zizkioten elkarri hatz puntetan, eta beharbada keinuka hitz eginez lortuko zuten elkar ikusteko geratzea.
Baina handik bi egunetara, goizean, laneko jantziaz hodi fluoreszenteak eta argindar hariak arakatzen ari ziren bi elektrizistaren irudi mehe-meheak nabarmendu ziren teilatuan, errotulu argitsuko euskarrien artean. Egingo duen eguraldia igartzen duten agureen trazaz, Marcovaldok kanpora begiratu eta esan zuen:
— Gauean GNAC izango dugu berriz.
Norbait ate joka ari zen mansardan. Ireki zuten. Gizon antiojodun bat zen.
— Barkatu, begiratu bat egin nezake zuen leihotik? Eskerrik asko —eta bere burua aurkeztu zuen—. Dottor Godifredo jauna naiz, argizko publizitaterako agentea.
«Gureak egin dik! Kalteak ordain erazi nahi zizkigutek!», pentsatu zuen Marcovaldok, eta begi gaiztoz begiratzen zien semeei, bere liluraldi astronomikoak ahazturik. «Orain leihora begiratu eta konturatuko duk harriak hemendik baino ezin zituztela bota». Bere burua zuritzen saiatu zen:
— Badakizu, umeak dira, harriak botatzen dizkiete txoriei; ez dakit nolatan hondatu den Spaak-en errotulu hori. Baina zigortu ditut, eh, bai horixe! Eta seguru egon zaitezke ez dela berriz gertatuko.
Dottor Godifredo jaunak arretaz entzun zion.
— Egia esan, nik «Cognac Tomawak»-erako egiten dut lan, ez «Spaak»-erako. Teilatu honetan iragarki argitsu bat jarri ote daitekeen aztertzeko etorri naiz. Baina, esadazu, esan hala ere, interesaturik nago.
Halaxe, ordu erdi geroago, kontratu bat izenpetu zuen Marcovaldok «Cognac Tomawak»-ekin, «Spaak»-en lehiakide nagusiarekin hain zuzen ere. Umeek tiragomaz harriak bota behar zizkioten GNACari errotulua konpontzen zuten bakoitzean.
— Ontzia gainezka jarriko duen ur tanta izan behar luke —esan zien Godifredo jaunak.
Eta ez zebilen oker: publizitaterako eginiko gastu handiengatik porrot egiteko zorian zegoela, «Spaak» etxeak zorigaitz seinaletzat hartu zituen bere iragarkirik ederrenaren etengabeko kalteak. Orain COGAC, gero CONAC edo CONC zioen errotuluak kinka larriaren susmoa ematen zien hartzekodunei; halako batean publizitate agentziak uko egin zion beste konponketarik egiteari zorrak ordaintzen ez bazitzaizkion; errotulu itzaliak ikara areagotu zuen hartzekodunen artean; «Spaak» etxeak porrot egin zuen azkenik.
Marcovaldoren zeruan ilargi beteak biribil-biribil agertzen zuen bere argitasun guztia.
Ilbehera zen elektrizistak berriz igo zirenean aurreko teilatura. Eta gau hartan, suzko letrez, letra luze eta lehenagokoak bi halakoez, COGNAC TOMAWAK irakurtzen zen, eta ordurako ez zegoen ez ilargi, ez zeru-sapai, ez zeru eta ez gau; bakar-bakarrik COGNAC TOMAWAK, COGNAC TOMAWAK, COGNAC TOMAWAK, bi segundoz behin piztu eta itzali egiten zena.
Fiordaligi izan zen denetan hunkituena; begiek zulatu ezin zuten egundoko W baten ostean desagertua zen ilargiaren pareko neskatilaren leihotxoa.
© Italo Calvino
© itzulpenarena: Koldo Biguri