UDABERRIA

13. Ibaia urdinago den lekuan

 

        Garai batean janaririk sinpleenek ere azpijan, amarrukeria eta mehatxuak ezkutatzen zituzten. Egun bat ere ez zen igaroko, egunkariren batek merkatuko salgaietan egindako aurkikuntza ikaragarririk aipatu gabe: gazta, esaterako, halako gal plastiko batez egina omen zegoen; gurina, ordea, argizari zuriz; fruta eta barazkietan bitaminak baino portzentaje handiagoan aurkitzen omen zen intsektiziden artsenikoa; eta oilaskoak halako pildora sintetiko batzuez bete-bete egiten omen zituzten gizentzeko, iztertxo bat jaten zuena oilasko bihurtzeko modukoak. Arrain freskoa aurreko urtean Manthan harrapatua omen zen, eta begiak aldatzen omen zizkioten harrapatu berri itxura emateko. Esne botila batetik sagutxo batek salto egin omen zuen kanpora, ez jakin ordea bizirik ala hilik egin ote zuen. Olio botiletatik ez omen zen olibaren isuri urrezkoa irteten, mando zaharraren koipea baizik, behar den bezala iragazia.

        Marcovaldok lanean edo kafetegian entzuten zituen gauza hauek kontatzen, eta aldi bakoitzean mando batek urdailean ostiko eman, edo hestegorrian barrena sagutxo bat balebilkio bezala sentitzen zen. Etxean, bere emazte Domitilla erosketak eginda itzultzen zenean, behiala hainbesteko poza ematen zion poltsa ikusteak, apio, berenjena, drogeriako eta urdaitegiko paketeetako paper zakar porotsua eta hango denarekin, ikara ematen zion, etxeko hormetatik barrura izaki etsaiak sartu balira bezala.

        Ahalegin guztiak egin behar dizkiat —agindu zion bere buruari— salerosle zurien eskuetatik pasa gabeko jana inguratzeko etxekoei». Goizean lanera joatean, gomazko botak jantzita zeuzkaten gizonak ikusten zituen batzuetan, kanabera eskuan harturik, ibai bazterrera zihoazela. «Horixe egin behar diat nik ere», esan zuen Marcovaldok bere artean. Baina ibaiak, han hirian, zikinkeria eta estoldetako hondakinak biltzen zituenez gero, bizi-biziki nazkatzen zuen. «Ura benetan ur eta arrainak benetan arrain diren leku bat bilatu behar diat —esan zion bere buruari—. Han botako diat amua..

        Egunak luzatzen hasita zeuden: ziklomotorea harturik, lana amaitu ondoren Marcovaldo ibaia bera, eta ura ematen dioten errekak ere arakatzera abiatzen zen hiritik ur gora. Asfaltaturiko errepidetik urrunago zeuden ibai zatiak nahiago zituen batez ere. Bidezidorretatik sartzen zen, sahasti artetik, ziklomotorrean ahal zuen bitartean, eta gero —ibilgailua sasi baten ondoan utzirik— oinez, ur ondora iritsi arte. Behinola galdu egin zen: sasiz beteriko bazter malkartsu batetik zebilen bueltaka, bidezidorrik aurkitu ezinik, eta ez zekien ibaia zein aldetatik zegoen; halako batean, adar batzuk paretik kendu ondoren, beragandik metro gutxi beherago, ur isila ikusi zuen —ibai hegal bat zen, urtegi txiki lasai bat ia—, mendiko osin bat zirudiena, urdin hutsa baitzen.

        Zirrarak ez zion galarazi ur azal kizkurraren azpikoa ikustea. Eta bere setak saria izan zuen: hots motel bat, arrain hegal baten zirkin nahastu ezina ur azal-azalean, eta gero beste bat, eta beste bat; egundokoa, begiek ez sinesteko modukoa!; ibai osoko arrainak harrapatzeko lekua zen hura, arrantzalearen paradisua, berak baino ezagutzen ez zuena, beharbada. Itzultzean —iluntzen ari zen— zumarren azalean koskak egiten eta halako toki batzuetan harri pilak jartzen geratu zen, bidea berriz aurkitu ahal izateko.

        Arrantzurako tresnak eskuratzea baino ez zitzaion falta orain. Lehenago arduratu zen horretaz, egia esan: auzokoen eta laneko lagunen artean arrantzale porrokatu batzuk antzemanak zituen ordurako, hamar bat. Hitz erdiz eta hitz estalika, seguru egon bezain pronto, berak bakarrik ezagutzen zuen eta tenkaz beterik zegoen leku baten berri emateko aginduz bakoitzari, batek hau, besteak hori utzita, sekulan ikusi den arrantzarako tresneriarik osoena inguratu zuen.

        Jadanik ez zitzaion ezer falta: kanabera, haria, amua, bazka, sarea, bota luzeak, otarrea, goiz eder bat, bi ordu libre —seietatik zortziak arte— lanera sartu aurretik, ibaia eta tenkak... Harrapatuko ez zituen, ba? Izan ere, amua bota baino ez, eta arraina horra zihoan; tenkek susmorik gabe heltzen zioten amuari. Kanaberarekin hain erraza zela ikusirik, sareaz egin zuen proba: hain errazak ziren tenka haiek non berehala sartzen baitziren itsu-itsuan sarean.

        Joateko ordua iritsi zenean, bete-betea zeukan otarrea. Bide bat bilatu zuen, ibaitik gora.

        — Aizu!

        Ibai bazterreko ukondo batean, lertxun artean, guarda kapela zeukan morroi bat zegoen, tente, begi gaiztoz hari begira.

        — Zera... Zer dugu? —erantzun zuen Marcovaldok, bere tenkei egiten zitzaien ezkutuko mehatxu batez oharturik.

        — Non hartu dituzu arrain horiek? —galdetu zion guardak.

        — Eh? Zergatik? —eta bihotza eztarrian zeukan ordurako Marcovaldok.

        — Han behean harrapatu badituzu, bota berriz segituan: ez al duzu ikusi hemen, ur gora dagoen fabrika? —eta, izan ere, eraikuntza luze zapal bat seinalatu zion, orain, Ibai ukondoa pasara, lertxunetatik harantzago bereizten zena, airera kea eta uretara sinetsi ezinezko koloreko hodei trinko bat botatzen zuena, erdi turkesa, erdi morea—. Ura ze koloretakoa den ikusiko zenuen gutxienez? Bernizak egiten dituzte: gai urdin horrek ibai osoa pozoitu du, eta arrainak ere bai. Bota itzazu segituan, bestela bahituko dizkizut!

        Marcovaldok orduan albait lasterren bota nahiko zituzkeen urrutira, usain hutsa aski balitz bezala bera pozoitzeko. Baina ez zuen beldurti agertu nahi guardaren aurrean.

        — Eta gorago harrapatu baditut?

        — Ah, hori beste kupeleko sagardoa da! Arrainak bahitu eta isuna jarriko dizut. Fabrikatik ur gora arrantzurako debekua dago. Ikusten al duzu kartela?

        — Nik, egia esanda —esan zuen Marcovaldok azkar—, adiskideekin itxurak egiteko eramaten dut honela kanabera, baina arrainak hemen, ondoko herriko arrandegian erosi ditut, ordea.

        — Orduan isiltzen naiz. Bakarrik, salgaiak udalerri batetik bestera eramateko zerga ordaindu besterik ez duzu egin behar hirira eramateko: hiriko mugetatik kanpo gaude hemen.

        Marcovaldok zabalik zeukan ordurako otarrea, eta ibaian husten ari zen. Artean tenkaren bat edo beste bizirik zegoen, antza, pozaren pozez ura astinduz ihes egin zuelako.

 

 

 

© Italo Calvino

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Italo Calvino / Marcovaldo edo Urtaroak hirian" orrialde nagusia