UDAZKENA
11. Untxi pozoitsua
Ospitaletik irteteko eguna iristen denean, norberak goizetik jakiten du, eta bizkortuta baldin badago hara eta hona ibiliko da gela handietatik, lehengo moduan ibiltzen hasiko da kanpora irteten denerako, txistua jo eta sendatu itxurak egingo ditu gaixoekin, ez ordea inbidia eragiteko asmoz, baizik eta bihotza suspertzeko doinua erabiltzeak ematen duen atseginagatik. Leihoez bestaldean eguzkia ikusiko du, edo behe-lainoa behe-lainorik badago, eta hiriko zaratak entzungo ditu: eta lehen ez bezalakoa da orduan dena —eskuratu ezinezko mundu bateko argia eta soinua—, ohe hartako burdinen artean esnatzean goizero ikusten edo entzuten zituenean ez bezalakoa. Orain, hor kanpoan, bere mundua dago berriz, eta sendatu berriak berehala ezagutzen du: berezko mundua, betikoa; eta bat-batean ospitaleko usainei erreparatuko die berriro.
Marcovaldo hala zebilen goiz batean usaina hartzen, sendatuta, mutuako liburuxkan halako gauza batzuk noiz idatziko zizkioten zain handik alde egiteko. Doktoreak paperak hartu eta «Itxaron hemen» esan zion, eta bakarrik utzi zuen bere laborategian. Marcovaldok hainbeste gorrotatu izan zituen altzari zuri esmaltatuak eta gai izugarriez beteriko probetak begiratzen zituen, eta barrua alaitzen saiatzen zen guzti-guztia bertan uztekotan zegoela gogoratuz: baina ez zuen lortzen espero zitekeen poza sentitzea. Beharbada burura etortzen zitzaiolako lanean kaxak deskargatzera itzuli beharra, edo bitarte horretan umetxoek dudarik gabe eginak zituzten barrabaskeriak; baina, batez ere, kanpoko behe-lainoagatik, hutsunera irten eta ezerez heze batean desegin beharko zuela pentsa erazten baitzion. Horrela, begiak ingurutik jiratzen zituen, han barruko zerbaiti grina hartzeko behar lauso batez, baina ikusten zuen guztiak atsekabe eta egonezina besterik ez zion ematen.
Untxi bat ikusi zuen ordu-orduantxe kaiola batean. Untxi zuria, ile luze samurrekoa, triangelutxo arrosa bat zuena muturraren lekuan, begi gorri izutuak, belarriak ilerik gabekoak ia eta bizkar gainera eroriak. Ez zen lodia, baina kaiola estu hartan bere gorputz obalatu kukubilkatuak burdin sarea okertu egiten zuen, eta ile sortatxo batzuk irteten zitzaizkion sare zuloetatik kanpora, dardarizo arin batez mugituak. Kaiolatik kanpo, mahai gainean, belar hondakin batzuk eta azenario bat ageri ziren. Marcovaldok pentsatu zuen zeinen dohakabea zen segur aski animaliatxoa, kaiola estu-estu hartan giltzapeturik, azenario hura ikusi eta ezin jateagatik. Eta kaiolako atea ireki zion. Untxia ez zen irten, hala ere: han zegoen geldi, muturra apurtxo bat baino ez zuela mugitzen, mastekatzeko itxurak eginez lasai agertzearren. Marcovaldok azenarioa hartu eta hurbildu egin zion, eta gero atzera kendu geldiro, irtetera gonbidatzeko. Untxiak atzetik jarraitu zion, hozka egin zion serio-serio azenarioari eta bizkor hasi zen marruskatzen Marcovaldoren eskutik. Gizonak laztan egin zion bizkarrean, eta bitartean haztamuka ibili zuen lodi ote zegoen ikustearren. Hezurtsu samar topatu zuen ile azpian. Ondo ikusten zen hortik eta azenarioari heltzeko modutik aski bizimodu eskas eta tristea ematen ziotela. «Nik edukiz gero —pentsatu zuen Marcovaldok—, bete-bete egingo nuke baloi baten traza hartu arte». Eta arimaren grina berean animaliaganako onberatasuna eta okela errearen aurreikuspena batzen asmatzen duen abeltzainaren begi maitaleaz begiratzen zion. Ospitaleko egonaldi urri-mehean egunak eta egunak eman ondoren, horra non aurkitzen zuen, alde egiteko orduan, izaki lagun bat, bere orduak eta gogoetak betetzeko aski izango zena. Baina bertan utzi behar zuen, lainopeko hirira, untxirik aurkitu ezin den leku hartara itzultzeko.
Azenarioa amaituta zegoen ia, Marcovaldok besoan hartu zuen animaliatxoa eta jaten emateko beste zerbaiten bila hasi zen inguruan. Sendagilearen idazmahaian zegoen geranio landare txiki batera hurbildu zion muturra, baina animaliak gustukoa ez zuela erakutsi zuen. Sartzen ari zen sendagilearen oin-hotsa aditu zuen Marcovaldok orduantxe: nola azalduko zion zergatik zeukan untxia besoan? Laneko jaka zeukan jantzia, gerri aldean lotuta. Untxia azkar sartu barruan, botoiak lotu, eta doktoreak sabeleko handidura saltokari hura ikus ez ziezaion, atzera pasarazi zuen, bizkarrera. Untxia, ikaratuta, geldirik egon zen. Marcovaldok bere paperak hartu eta bularrera itzuli zuen untxia, buelta eman eta irten behar zuelako. Horrela, untxia jakan ezkutaturik zeramala, ospitalea utzi eta lanera abiatu zen.
— Ah, sendatu haiz azkenik! —esan zuen Viligelmo kontramaisuak, iristen ikusi zuenean—. Eta zer atera zaik hor? —eta bular irtena adierazi zion.
— Txaplata bat daukat kalanbreetarako —esan zuen Marcovaldok.
Orduan untxiak astindu bat eman zuen, eta Marcovaldok jauzi egin gora, epileptiko baten antzera.
— Zer habil? —galdetu zuen Viligelmok.
— Ezertan ez: zotina izan da —erantzun zuen berak, eta eskuaz bizkarrera bultzatu zuen untxia.
— Hi oso sano ez hago oraindik, ikusten diat —esan zuen nagusiak.
Untxiak bizkarretik gora igo nahi zion eta Marcovaldok bizkarrak astintzen zituen jaitsi erazteko.
— Dardarizoa daukak. Joan hadi etxera beste egun baterako. Ahaleginak egin bihar sendatuta egoteko.
Untxia belarrietatik hartuta itzuli zen Marcovaldo etxera, fortuna oneko ehiztari bat bezala.
— Aita! Aita! —goratu zuten umeek haren aldera korrika eginik—. Non hartu duzu? Erregalatuko al diguzu? Guretzako erregalua al da? —eta eskuan tinkatu nahi zuten berehala.
— Itzuli zara? —esan zuen emazteak, eta bidali zion begiratuagatik Marcovaldok ulertu zuen ospitalean egondako denborak berarekin ernegatuta egoteko motibo gehiago pilatzeko baino ez ziola balio izan.
— Animalia bizi bat? Eta zer nahi duzu egitea horrekin? Dena zikinduko du.
Marcovaldok mahaiko gauzak kendu eta erdian utzi zuen untxia; animaliatxoa, apal-apal jarri zen desagertu nahirik bezala.
— Ez ukitu gero inork! —esan zuen—. Gure untxia da, eta lasai gizenduko da Gabonak arte.
— Untxi arra ala emea da, ordea? —galdetu zuen Michelinok.
Marcovaldok ez zuen pentsatu ere egin emea izan zitekeenik. Beste burubide bat etorri zitzaion berehala: emea baldin bazen, untxikumeak izan zitzakeen, eta berak hazi ahalko zituen. Eta bere ametsean, etxeko horma heze haien ordez baserri berde bat agertzen ari zen soro artean.
Arra zen, ordea. Baina ordurako untxiak jartzeko asmoa sartua zuen buruan. Arra zen, baina at ederra benetan, eta emaztea eta familia sortzeko behar zituenak bilatu ahalko zizkion.
— Eta zer emango diogu jateko, guretzat ere ez badago? —esan zuen emazteak, hotz eta motz.
— Ni arduratuko naiz, utzidazu —esan zuen Marcovaldok.
Biharamunean, lantegian, hosto bana hartu zien Zuzendaritzako landare batzuei, bera baitzen goizero kanpora eraman, ureztatu eta berriz beren lekura itzuli behar zituena; hosto luzeak ziren, argiak alde batean eta ilunak bestean; eta jakan gorde zituen. Gero, lore sorta batekin zetorren laneko neska bati honela galdetu zion:
— Zure laztanak eman dizu? Eta ez didazu bat ere erregalatuko? —eta lore bat ere poltsikoratu zuen.
Madari bat zuritzen ari zen mutil bati, aldiz:
— Utzidak azala.
Eta horrela, hosto bat hemen, azal bat han, petalo bat harantzago, animaliatxoari gosea berdintzea espero zuen.
Halako batean, Viligelmo jaunak dei erazi zion. «Konturatu ote dituk landareei hostoa kentzen aritu naizela?», galdetu zuen bere artean Marcovaldok, beti errudun sentitzera ohituta baitzegoen.
Almazeneko arduradunarekin ospitaleko medikua, Gurutze Gorriko bi soldadu eta udaltzain bat zeuden.
— Entzun —esan zuen medikuak—, untxi bat desagertu zait laborategitik. Zerbait badakizu, hobe duzu zozoarena ez egitea. Gaixotasun izugarri baten germenak txertatu dizkiogu eta hiri guztian zabaldu dezake gaixotasun hori. Ez dizut galdetu jan duzun ala ez, honez gero ez zinatekeelako bizien artean egongo.
Kanpoan anbulantzia bat zegoen zain; bizkor sartu barrura, eta sirena ulu etengabeaz, kale eta hiribideak zeharkatu zituzten Marcovaldoren etxerantz: eta Marcovaldok tristerik leihotik botatzen zuen hosto, azal eta lore arrasto bat geratu zen kalean.
Goiz hartantxe, Marcovaldoren emazteak ez zekien lapikoan zer sartu. Aurreko egunean senarrak etxera ekarri eta orain paper zatiz beteriko nola-halako kaiola batean zegoen untxi hari begiratu zion. «Aukerako momentuan etorri da —esan zion bere buruari—. Dirurik ez; hileko soldata Mutuak pagatzen ez dituen botiketan joan zaigu; dendetan ez digute ezer ematen zorretan. Eta, horrela egonda, untxiak hazi edo Gabonak arte itxaron behar erreta jateko? Ezta pentsatu ere! Guk barau egin eta untxi bat gizendu behar, gainera?».
— Isolina —esan zion alabari—, hi handitxoa haiz dagoeneko, ikasi behar dun untxia nola prantatzen den. Hasi hadi hiltzen eta larrutzen, eta gero azalduko dinat nola egin behar den.
Isolina maitasun istorioak kontatzen dituen aldizkari horietako bat irakurtzen ari zen.
— Ez —esan zuen marmarrean—, hasi zaitez zu hiltzen eta larrutzen, eta gero joango naiz ikustera nola prantatzen duzun.
— Ederki! —amak—. Nik ez dinat hiltzeko bihotzik. Baina bazekinat oso gauza erraza dela, nahikoa dun belarrietatik heldu eta garondoko on bat ematea. Gero ikusiko dinagu nola larrutu.
— Ez dugu ezer ikusiko —esan zuen alabak, begiak aldizkaritik kendu gabe—, nik ez diot garondokorik emango bizirik dagoen untxi bati. Eta larrutu, ezta pentsatu ere!
Hiru semeak begiak zabal-zabalik egon ziren elkarrizketa hori entzuten.
Ama gogoa beste nonbait zuela geratu zen une batez, gero begiratu eta esan zien: «Umeak...».
Semeak, ados jarrita, bizkarra eman amari eta gelatik irten ziren.
— Itxaron, umeak! —esan zuen amak—. Esan nahi nizuen ea untxiarekin kanpora irten nahi duzuen. Zintatxo eder bat jarriko diogu lepo bueltan eta paseotxo bat egitera joango zarete.
Semeek geratu eta begietara begiratu zioten elkarri.
— Paseotxo bat, nora? —galdetu zuen Michelinok.
— Ba, bueltatxo bat eman dezakezue. Gero Diomira andrea ikustera joan zaitezkete: untxia eraman eta esaiozue mesedez hil eta larrutzeko, bera oso emakume adoretsua da eta.
Behar zen lekuan jo zuen amak: umeak, gauza jakina da, gehien maite duten gauzarekin geratzen dira liluratuta, eta gainerakoaz gogoratu ere ez. Horrela, bada, zinta more luze bat aurkitu zuten, animaliatxoari lepo inguruan jarri eta katea bezala erabili zuten, elkarri lapurtuz eta untxia arrastaka eramanez, uzkur eta erdi itoa.
— Esaiozue Diomira andreari —agindu zien amak— hanka bat hartu dezakeela beretzat! Ez, hobe burua esan. Bueno: berak ikusiko du.
Umeak irten berri-berriak ziren, Marcovaldoren etxea erizain, sendagile, guardia eta poliziek inguratu eta inbaditu zutenean. Marcovaldo haien erdian zegoen, bizirik baino areago hilik.
— Hemen al dago ospitaletik eraman duten untxia? Azkar, esaguzue non dagoen ukitu gabe: egundoko gaixotasun baten germenak dauzka barruan!
Marcovaldok kaiola zegoen lekura eraman zituen, baina hutsik zegoen.
— Jan duzue?
— Ez, ez!
— Eta non dago?
— Diomira andrearen etxean!
Eta ehizara itzuli ziren. Atea jo zuten Diomira andrearen etxean.
— Untxia? Ze untxi? Burutik al zaudete?
Atsoari alditxar batek eman zion ia, bata zuriak eta uniformeak jantzita, untxi bat bilatzen zuten ezezagun batzuek etxea leporaino betetzen ziotela ikustean. Marcovaldoren untxiaz ez zekien ezer.
Izan ere, hiru umeek, untxia heriotzatik salbatu nahirik, leku segurura eraman, harekin apur batean jolas egin eta gero joaten uztea pentsatu zuten; eta Diomira andrearen eskaileraburuan geratu ordez, teilatuan zegoen terrazaraino igotzea erabaki zuten. Amari esango zioten katea hautsi eta ihes egin ziela. Baina horrelako ihesa egiteko egokia ez zen animaliarik inon bazegoen, untxi hura zen. Sekulako arazoa zen maila guzti haiek igo eraztea: maila bakoitzean kuzkurtu egiten zen, ikaraturik. Azkenik, besoan hartu eta hala eraman zuten gora.
Terrazan zeudelarik, korrika egin erazi nahi zioten: ez zuen korrikarik egiten. Erlaitz batean jartzeko proba egin zuten, katuak bezala ote zebilen ikustearren: antza, goi-beldurrak jotzen zuen, ordea. Telebistarako antena baten gainera igotzeko proba egin zuten, orekan egoten ba ote zekien ikusteko: ez, erortzen zen. Aspertuta, umeek katea hautsi, animaliatxoa libre utzi teilatuko bideak —itsaso makur eta kantoitsua— parean zabaltzen zitzaizkion lekuan, eta alde egin zuten handik.
Bakarrik geratu zenean, untxia mugitzen hasi zen. Pausu batzuk saiatu zituen, inguruan begiratu, norabidea aldatu, jiratu, eta gero, jauzi txikiak eginez, saltoka, teilatuetatik ibiltzeari ekin zion. Preso jaiotako animalia zen: bere askatasun nahia ez zen urrunera iristen. Une batez beldurrik gabe egon ahal izatea beste alde onik ez zion ezagutzen bizitzari. Bada, orain mugi zitekeen, ikara ematen zion ezer ez zegoelarik inguruan, bizitzan lehen aldiz beharbada. Lekua ohizkoa ez bezalakoa zen, baina inoiz ez zuen oso garbi eduki ahal izan zer zen ohizkoa eta zer ez. Eta bere barruan halako gaitz ilun misteriotsu bat hozka sumatzen zuenetik, gero eta axola gutxiago zion mundu osoak. Halaxe zebilen teilatu gainean; eta saltoka ikusten zuten katuek ez zuten ulertzen zer ote zen hura, eta atzera egiten zuten beldurturik.
Bitartean, teilatuetako leiho, argizulo eta etxe-goietatik untxiaren bidaia ez zen ohartu gaberik geratzen. Batek entsalada atera zuen leiho barrenera, gortina atzean zelatan jarririk; beste batek madari murtxika bat bota zuen teila artera, inguruan laxo bat ipinita; beste batek azenario pusketak utzi zituen erlaitzean lerro-lerro, bere leihoraino hain zuzen ere. Eta lelo bat zabaltzen zen goialdeetan bizi ziren familia guztien artean: «Gaur untxi gisatua», edo «Untxia saltsan» edo «Untxi errea».
Animalia ohartu egin zen sartu-atera horietaz eta janari eskaintza isil horietaz. Eta goseak egon arren, ez zen fidatzen. Bazekien gizonek jatekoa emanez inguratu nahi zutenean, zerbait ilun eta mingarria gertatzen zitzaiola: haragian xiringa batez zulatuko zuten, edo bisturi batez, edo indarrez sartuko zuten botoiz lotutako jaka batean, edo lepoan zinta batetik arrastaka eramango... Eta nahigabe horien oroitzapena bat egiten zen barruan sentitzen zuen gaitzarekin, sumatzen zuen organoen aldatze motelarekin, heriotza susmoarekin. Eta gosearekin. Baina eragozpen guzti horietatik gosea bakarrik arin zitekeela baleki bezala, gizaki maltzur horiek —jasan behar ankerrez gain— halako babes zentzu bat, etxeko beroa —horren beharra baitzeukan, gainera— eman ahal ziotela ulertuko balu bezala, amore eman eta gizonen jokoan sartzea erabaki zuen: zetorrena zetorrela ere. Hala, bada, azenario pusketak jaten hasi zen, preso eta martini izatera —ondo zekien hori— eramango zuen arrastoari jarraituz, baina, baita ere, barazkien lur zapore gozoa dastatuz, azkeneko aldiz beharbada. Teilatuko leihora hurbiltzen ari zen, eta esku bat luzatuko zen bera harrapatzeko: aldiz, bat-batean, leihoa ziplo itxi eta kanpoan utzi zuen esku hark. Hori gertakari arraroa zen bere eskarmentuan: segada batek zarta egin nahi ez! Untxia bueltatu egin zen, inguruko beste amarru arrastoak bilatu zituen, amore ematekotan zein komeni zitzaion aukeratzeko. Baina inguruan entsalada orriak atzera kentzen ari ziren, laxoak botatzen, begira zegoen jendea desagertzen, leihoak eta argi-zuloak ixten, eta terrazak jendez husten.
Hara zer gertatu zen; poliziaren kamioneta batek hiria alderik alde igaro eta bozgorailutik ondoko mezua zabaldu zuen:
— Adi denok! Untxi zuri ile-luze bat, gaixotasun kutsakor larri bat duena, desagertu egin da! Aurkitzen duenak jakin dezala haren haragia pozoituta dagoela, eta ukitu hutsarekin ere germen kaltegarriak kutsa ditzakeela! Norbaitek ikusten badu, parte eman dezala gertueneko polizia postuan, ospitalean edo suhiltzaileen kuartelean!
Ikara zabaldu zen teilatuetan. Denak zeuden ernai, eta haietako batek teilatu batetik bestera jauzi baldar batez igarotzen zen untxia ikusterako alarma jo eta denak desagertzen ziren matxinsalto mordo bat hurbiltzen ikusi izan balute bezala. Untxia orekan zebilen teilatuetako gailurren gainetik; bakardade sentimendu hura are mehatxugarriagoa iruditu zitzaion, jasanezina, gizona hurbil edukitzeko beharra aurkitu zuen une berean, hain zuzen ere.
Bitarte horretan, Ulrico cavaliere jaunak, aspalditik ehiztaria zenak, erbitarako kartutxoez bete zuen bere eskopeta, eta terraza batean jarri zen itxaroten, tximinia baten atzean. Ikusi zuenean laino artetik untxiaren itzal zuria, tiroa bota zuen; baina hainbesterainoko zirrarak hartu zuen animalia zeinen kaltegarria zen pentsatzean, non balatxoek apur bat bazterturik egin baitzuten ttun-ttun, teiletan. Untxiak bere inguruan sentitu zuen danbako hura dantzan, bai eta balatxo batek belarri bat nola zulatzen zion ere. Ulertu zuen: gerra deklarazioa zen hura; orduan, gizonekiko harreman guztiak hautsita zeuden. Eta haienganako erdeinuz, nolabait isileko eskergaiztotzat hartu zuen horrengatik, bere burua hiltzea erabaki zuen.
Burdin xaflaz estalitako teilatu bat jaisten zen makur, eta hutsunean amaitzen, behe-lainoaren ezerez itsuan. Untxiak haren gainean jarri zituen lau hankak, hasieran zuhur, gero bere burua abandonatuz. Eta horrela laban eginez, gaitzak janda eta inguratuta, heriotzarantz zihoan. Teilatu muturrean, ur-hodiak segundo batez atxiki zion, gero beherantz egin zuen...
Eta eskailera batetik goraino igo zen suhiltzaile baten eskunarruen artean amaitu. Animaliaren azken fineko duintasun keinu hura ere eragotzi ziotelarik, untxia anbulantzian sartu eta abiada handiz eraman zuten ospitalerantz. Barruan Marcovaldo, eta haren emazte eta seme-alabak ere bazeuden, obserbaziopean eduki eta txerto proba batzuk egitera baitzeramatzaten.
© Italo Calvino
© itzulpenarena: Koldo Biguri