Epilogoa

 

        Azterketa-gelako borroka gertatu eta hamargarren egunean, ez lehenago ez geroago, txirrinak zoli-zoli jo zuen Preobrajenski profesorearen etxebizitzan, Obukhov kalezuloan.

        — Polizia judiziala eta instrukzioko epailea. Ireki atea, mesedez.

        Pauso lasterrak entzun ziren, behin eta berriro jo zuten atea, jendea sartzen hasi zen, eta, azkenean, talde handia bildu zen harrera-gela dir-dir argiztatuan, armairu beira-berrituen artean: polizia-uniformez jantziriko gizaseme bi; beroki iluneko gizon bat, agiri-zorroa besapean; Shvonder batzordeburua, zurbil eta irribarre zitala ezpainetan; gazte emakumezkoa, Fiodor atezaina, Zina, Daria Petrovna eta, azkenik, Bormental, erdi jantzirik, lotsa onez gorbatarik gabeko lepoa estaltzen zuela.

        Langelako ateak igarotzen utzi zion Filip Filipovitxi. Bere ohiko mantal urdinxkaz jantzirik irten zen, eta, ikusi bezain laster, denak konturatu ziren Filip Filipovitx guztiz suspertu zela azken aste horretan. Lehengo Filip Filipovitx larderiatsu eta adoretsu bera agertu zen gaueko bisitarien aurrera, duintasunez beterik, eta barkamena eskatu zien mantalez jantzirik azaltzeagatik.

        — Ez kezkatu, profesorea —erantzun zion uniformerik gabeko gizonak, oso aztoraturik, eta, une batez zalantzan egon eta gero, hizketan jarraitu zuen Oso gogaikarria da hau. Zure etxebizitza arakatzeko agindu digute, eta —gizonak, begi-ertzetik Filip Filipovitxen biboteari begiratu, eta bere hizketaldia amaitu zuen zu atxilotzeko, araketaren emaitzak horretara behartuz gero.

        Filip Filipovitxek, begiak ñarrotu, eta galdetu zuen:

        — Galdetzea atrebentzia ez bada, zein da akusazioa eta noren kontrakoa?

        Gizona, masailean hatz egin, eta azalpenak ematen hasi zen, agiri-zorrotik atera zuen paper batean idatzirik zegoenaren arabera...

        — Akusatuak Preobrajenski, Bormental, Zinaida Bunina eta Daria Petrovna dira, eta akusazioa, berriz, MKKh-ko garbiketa-azpisailaren zuzendari Poligraf Poligrafovitx Sharikov hiltzea.

        Zinaren negar-zotinek haren azken hitzak estali zituzten. Urduri mugitu zen talde osoa.

        — Ez dut ezer ulertzen —erantzun zuen Filip Filipovitxek, sorbaldak handikiro jasoz nor da Sharikov hori? A bai, barkatu, inondik ere nire txakurraz ari zara... ebakuntza egin nion nire txakur horretaz...

        — Barkatu, profesorea, ez naiz txakurraz ari, txakur hori jadanik gizakia zen garaiaz baizik. Hori da kontua.

        — Hau da, hitz egiten zuen garaiaz? —galdetu zuen Filip Filipovitxek Horrek ez du esan nahi gizakia zenik, eta, gainera, ez du inolako garrantzirik. Sharik bizi-bizirik dago, eta inork ez du hiltzeko saiorik txikiena ere egin.

        — Profesorea —esan zuen beltzez jantziriko gizonak, harri eta zur eginik eta bekainak jasorik hori hala bada, erakutsi egin behar diguzu. Badira hamar egun desagertu dela, eta, barkatu esatea, baina hari buruz eman dizkiguten albisteak oso txarrak dira.

        — Bormental doktorea, mesedez, erakutsi Sharik instrukzioko epaileari —agindu zuen Filip Filipovitxek, agindu-orria hartzeaz batera.

        Gelatik irten zen Bormental doktorea, irribarre maltzurra aurpegian.

        Harrera-gelara itzuli eta txistu egin zuenean, itxura bitxiko txakur bat azaldu zen haren atzean, langelako atetik lasterka irtenik. Gorputzaren alde batzuk ilegabeak zituen, eta beste batzuk, aldiz, iledunak. Atzeko hanken gainean zutiturik irten zen, zirkurako trebaturiko txakurrek ohi duten bezala; gero, lau hanken gainean jarri eta ingurura begiratu zuen. Hilobietakoaren moduko isiltasun bat gatzatu zen harrera-gelan, jelatina bezala. Bekokian orbain gorria zeukan txakur amesgaiztoko hura berriro altxatu zen atzeko hanken gainean, irribarre egin eta besaulkian eseri zen.

        Bigarren poliziak aitaren egin zuen bat-batean, keinu zabal-zabalez, eta, atzera eginik, bi oinak zapaldu zizkion Zinari.

        Beltzezko gizona, artean ere aho zabalik, honela mintzatu zen:

        — Nolatan liteke, gero!... Garbiketa-azpisailean lan egiten zuen...

        — Nik ez nuen bidali hara —erantzun zuen Filip Filipovitxek Shvonder jaunak gomendatu zuen kargu horretarako, oker ez banago.

        — Ez dut ezer ulertzen —esan zuen beltzezkoak, burunahasirik, eta lehen poliziari galdetu zion Bera da?

        — Bai —erantzun zuen poliziak, ahots sorrez Berbera.

        — Bera da, bai —entzun zen Fiodorren ahotsa baina ilez estaltzen ari da berriro. Doilor arraioa!

        — Baina lehen hitz egiten zuen...

        — Eta orain ere hitz egiten du; gero eta gutxiago, ordea. Beraz, ez galdu aukera hau, luze gabe erabat isilduko da eta.

        — Zergatik, baina? —galdetu zuen beltzezko gizonak, ahapeka.

        Filip Filipovitxek sorbaldak jaso zituen.

        — Zientziak oraindik ez du asmatu animaliak gizaki bihurtzeko modua. Nik saio bat egin dut, baina arrakastarik gabe, ikusten duzuenez. Denboraldi batez hitz egin du, eta gero bere jatorrizko egoerara itzultzen hasi da. Atabismoa.

        — Debekaturik dago hitz gordinak esatea —egin zuen oihu bat-batean txakurrak besaulkian, eta zutik jarri zen gero.

        Beltzezko gizona goitik beheraino zurbildu zen ustekabean; agiri-zorroa askatu, eta alde batera erortzen hasi zen. Polizia batek albo batetik heldu zion, eta Fiodorrek atzetik. Zalaparta handia sortu zen, eta haren erdian argi eta garbi entzun ziren hiru esaldi:

        Filip Filipovitxena: — Belar bedeinkatua. Zorabioa da.

        Bormental doktorearena: — Shvonder Preobrajenski profesorearen etxean berriro azaltzen bada, eskaileretan behera botako dut.

        Eta Shvonderrena: — Jaso ditzatela hitz horiek txostenean.

 

* * *

 

        Bero zeuden hauspo-itxurako hodi grisak. Leihoetako errezelek Pretxistenka kaleko gau iluna eta izar bakarra ezkutatu zituzten. Izaki gorena, txakurren babesle handientsua, besaulkian eseririk zegoen, eta Sharik txakurra, berriz, tapizaren gainean etzanik larruzko dibanaren alboan. Goizetan, txakurrak buruko min handiak pairatzen zituen martxoko lainoaren eraginez. Minok izugarri oinazetzen zioten eraztun baten antzera burua inguratzen zion jostura, baina arratsaldean, beroari esker, joan egiten zitzaizkion. Eta, hain zuzen ere, une horretan apurka-apurka arinduz zihoakion mina, eta pentsamenduak gozo eta epel isurtzen ziren txakurraren buruan.

        «Bai zorte ona nirea, bai zorte ona —pentsatzen zuen, erdi lo ezin azaltzeko moduko zorte ona. Etxe honetan kokatu nauk. Zeharo sinetsirik nagok nire jatorria ez dela garbia. Ternuako txakurren bat zegok tartean. Nire amona emagaldua zuan; goian bego. Ez zekiat zergatik, baina triskantza ederra egin zidatek buruan. Nolanahi ere, ez nauk horregatik hilko. Ez duk kezkatzekoa.»

 

* * *

 

        Flaskoen tintin-hots sorra entzuten zen urrun. Hozkatuak azterketa-gelako armairuak antolatzen ziharduen.

        Azti ileurdina eseririk zegoen, abesten:

        — Nilo sakratuaren ertzean...

        Txakurrak gauza ikaragarriak ikusten zituen. Gizon serio batek, eskularru labainak jantzirik, ontzi batean sartzen zituen eskuak eta burmuin bat ateratzen zuen handik; gizon setatsu, saiatu bat ahaleginean aritzen zen araketa-lanetan eta, ekinaren ekinez, bilatzen zuena aurkiturik, arretaz aztertzen zuen, begiak ñarrotzen zituen, eta abesten zuen:

        — Nilo sakratuaren ertzean...

 

1925eko urtarrila-martxoa

Mosku

 

 

 

© Mikhail Bulgakov

© itzulpenarena: Jose Morales

 

 

"Mikhail Bulgakov / Txakur-bihotza" orrialde nagusia