VIII
Batek daki zertara erabaki zen Filip Filipovitx. Hurrengo aste osoan ez zuen ezer berezirik egin, eta, haren jarduerarik ezaren ondorioz beharbada, etxeko bizitza gertakariz bete zen.
Uraren eta katuaren istilua gertatu eta 6 egun geroago, etxeko batzordeko kide batek, azkenean bere burua emakumezkotzat aurkeztu zuen gazteak hain zuzen ere, Sharikovengana jo zuen eta agiri batzuk eman zizkion. Sharikovek bertantxe gorde zituen agiriok sakelan, eta, hori egin bezain laster, Bormental doktoreari deitu zion.
— Bormental!
— Ez, niri izenaz eta patronimikoaz dei iezadazu, mesedez! —erantzun zuen Bormentalek, begitartea aldatuz.
Ohartarazi beharra dago ezen, 6 egun horietan, kirurgialaria zortzi aldiz liskartu zela bere ikaslearekin. Eta Obukhov kaleluzoko geletan ez zen giro.
— Bada, zuk ere izenaz eta patronimikoaz deitu niri! —erantzun zuen Sharikovek, erabateko irmotasunez.
— Ez! —egin zuen orro Filip Filipovitxek atetik Nire etxean inork ez dizu deituko zure izen eta patronimiko horretaz, ez dut onartuko. Konplimendurik gabe «Sharikov» deitzeari uztea nahi baduzu, Bormental doktoreak eta biok «Sharikov jauna» deituko dizugu hemendik aurrera.
— Ni ez naiz jauna, jaun guztiak Parisen daude! —egin zuen zaunka Sharikovek.
— Horra Shvonderren lanaren emaitza! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek Ondo da, kontuak garbituko ditut gizatxar horrekin. Ni hemen nagoen bitartean, jaunak besterik ez da izango etxebizitza honetan! Bestela, biotako batek, edo zuk edo nik, hemendik alde egingo du, eta, zehatzago esanik, zuk. Gaur iragarki bat jarriko dut egunkarietan, eta, sinetsidazu, gela bat aurkituko dizut.
— Hemendik alde egiteko bezain ergela naizela uste duzu? —erantzun zuen Sharikovek, argi eta garbi.
— Zer? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, eta hainbesteraino mudatu zitzaion aurpegiera, ezen Bormentalek, behingoan hurbildu, eta mahukatik heldu baitzion, samurtasunez eta kezkaturik.
— Ez izan lotsagabea, monsieur Sharikov! —esan zuen Bormentalek, oso ozen.
Sharikovek atzera egin zuen, 3 paper atera zituen sakelatik —berdea, horia eta zuria— eta, paperok hatz-puntekin joz, ekin zion:
— Hona hemen. Etxebizitza-kooperatibako kidea naiz, eta 16 arshin karratuko azalera dagokit 5. etxebizitzan, Preobrajenski maizter arduradunarenean alegia.
Apur batean pentsatu, eta ohartu gabe ere Bormentalek esalmode berri gisa buruan gorde zituen hitz batzuk gehitu zituen Sharikovek: plazer baduzu.
Filip Filipovitxek, ezpainak hozkatu, eta batere zuhurtasunik gabe murduskatu zuen:
— Zin egiten dizut azkenean tiro batez hilko dudala Shvonder hori.
Sharikovek, haren begiek salatzen zutenez, arretarik handienaz eta belarriak ondo zorrozturik hartu zituen hitz horiek.
— Filip Filipovitx, vorsichtig... —gaztigatu zion Bormentalek.
— Bai, baina... Hain da zitala haren jokabidea! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek, errusieraz Kontuan izan hau, Sharikov... jauna, lotsagabekeria gehiagorik egiten baduzu, behin bakarrik bada ere, nire etxean ez duzu ez bazkaririk ez inolako janaririk izango. 16 arshin, ederto, baina paper igelkolore horrek ez nau behartzen zuri jaten ematera!
Hori entzundakoan, Sharikov izutu egin zen eta erdi ireki zuen ahoa.
— Ezin naiz jatekorik gabe geratu —murduskatu zuen non aseko dut gosea?
— Orduan, behar bezala porta zaitez! —esan zuten bi eskulapioek batera.
Sharikov zeharo baretu zen eta egun horretan ez zion inolako kalterik egin inori, bere buruari izan ezik: Bormentalen kanpoaldi labur baten egokieraz baliaturik, haren bizar-labana hartu, eta hain ebaki sakona egin zuen masailean, ezen Filip Filipovitxek eta Bormental doktoreak zauria josi behar izan baitzioten, eta Sharikov luzaz aritu zen intzirika horren eraginez, malkoak mara-mara zerizkiola.
Biharamun gauean, bi gizon eseririk zeuden profesorearen langelako erdilunpe berdean: Filip Filipovitx bera eta haren laguntzaile zintzo eta leial Bormental. Ordurako, lotan zeuden denak etxean. Filip Filipovitxek bere mantal urdinxka eta txapin gorriak zeuzkan jantzirik, eta Bormentalek, berriz, alkandora eta galtza-uhal urdinak zituen soinean. Koñak-botila bat, limoiz beteriko platertxo bat eta zigarro-kutxa bat zeuden bi sendagileen arteko mahai biribilaren gainean, album lodi baten alboan. Bi zientzialariak, gela osoa kez beterik zeukatela, sutsuki hitz egiten ari ziren azken gertaerez: arratsalde horretan, Sharikovek paper-pisuaren azpian zeuden 10 errubloko billete bi hartu zituen Filip Filipovitxen langelatik, etxetik alde egin zuen eta berandu eta mozkor-mozkor eginik itzuli zen. Eta ez hori bakarrik. 2 ezezagun azaldu ziren berarekin batera, zalaparta handia atera zuten eskailera nagusian eta gaua Sharikovenean igarotzeko nahia agertu zuten. Fiodorrek, azpiko arroparen gainean udazkeneko berokia jantzirik iskanbilaren lekuko izan baitzen, telefonoz deitu zion poliziaren berrogeita bosgarren sailari, eta orduan soilik alde egin zuten bi ezezagunek. Ziztu bizian joan ziren Fiodorrek mintzagailua eseki bezain laster. Inork ez zuen jakin bi ezezagunek alde egindakoan nora desagertu ote ziren harrera-gelako horma-ispiluaren azpiko mahaitxoan zegoen malakitazko hautsontzia, Filip Filipovitxen kastore-larruzko txanoa eta haren makila bat, zeinean idazkun hau baitzegoen urrezko letra dotoreetan irarririk: «Ospitaleko medikuek Filip Filipovitx agurgarri eta maiteari, esker onez, ......... egunean», eta gero XXV zifra erromatarra.
— Nor dira sasikume horiek? —galdetu zion Filip Filipovitxek Sharikovi, ukabilak estutuz.
Sharikovek, balantzaka eta larruzko berokiei helduz, hortz artean murduskatu zuen gizon haiek ez zituela inondik ere ezagutzen eta ez zirela sasikumeak, jende jatorra baizik.
— Harrigarriena da mozkorturik zeudela bi-biak... Nola moldatu dira horretarako? —esan zuen Filip Filipovitxek, txunditurik, ordu arte urtemugaren oroigarria egon zen euskarriari begira.
— Mozkor profesionalak dira —argitu zuen Fiodorrek, eta lotara joan zen, sakelan errublo bat zeukala.
Hamar errubloko bi billeteei zegokienez, Sharikovek biribilki ukatu zuen berak hartu zituenik, eta, gainera, modu ilun samar batez adierazi zuen bera ez zela etxe horretako bizilagun bakarra.
— Beharbada Bormental doktorea jabetu da diru horretaz? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, ahots apalez baina doinu beldurgarriz.
Sharikovek, zabu egin, bere begi guztiz lausotuak zabal-zabal ireki, eta iradoki zuen:
— Edo, beharbada, Zinkak hartu ditu...
— Zer esan duzu? —egin zuen garrasi Zinak, mamu bat bezala atean agerturik eta bularra esku-ahurraz estaltzen zuela, askaturik baitzeuzkan atorraren botoiak nolatan ausartzen da...?
Filip Filipovitxi gorri-gorri jarri zitzaion lepoa.
— Lasai, Zinushka —esan zuen, besoa harenganantz luzatuz ez asaldatu, argituko dugu hau guztia.
Zina negar-zotinka hasi zen bat-batean, ezpainak ireki zituen eta esku-ahurra dardaraka hasi zitzaion lepauztaian.
— Zina, nolatan ez dizu lotsarik ematen? Nork usteko zuen halakorik? Hau lotsa! —esan zuen Bormentalek, aztoraturik.
— Zina, barkatu, baina tuntuna zara —ekin zion Filip Filipovitxek.
Nolanahi ere, une horretantxe berez eten zen Zinkaren negarra, eta isilik geratu ziren denak. Sharikov ondoezik jarri zen. Buruaz horma jo, eta ez «i» ez «ie» ez zen hots bat egin zuen, «eee!» antzeko bat alegia. Aurpegia zurbildu eta masailezurra dardar bortitzez mugitzen hasi zitzaion.
— Perrail bat doilor honentzat!, azterketa-gelatik!
Eta Sharikov alditxartuari laguntzera lehiatu ziren denak. Lotara zeramatelarik, Sharikovek, Bormentalen besoen artean aldaroka, birao izugarriak bota zituen oso ahots samur eta melodiatsuz, hitzak nekez ebakiz.
Hori guztia ordu bata aldera gertatu zen, eta orain gaueko 3ak ziren, baina bi sendagileak esna zeuden langelan, limoi-uraz nahasiriko koñakak kitzikaturik. Hainbeste erre zuten, ezen kea laino lodi geldoetan higitzen baitzen airean, gorabeherarik txikiena ere egin gabe.
Bormental doktoreak, zurbil, erabakitasun irmoa begietan, gerria sorgin-orratzaren gorputza bezain mehea zuen kopa bat altxatu zuen.
— Filip Filipovitx —esan zuen, hunkiturik sekula ez dut ahaztuko nola, artean ikasle gosetua nintzela, zuregana agertu nintzen eta zuk zure katedraren babespean hartu ninduzun. Sinetsidazu, Filip Filipovitx, zu profesorea baino askoz gehiago zara niretzat, irakaslea baino askoz gehiago... Begirune neurrigabea dizut... Uztazu musu ematen, Filip Filipovitx maitea!
— Bai, ene bihotzekoa... —murmurikatu zuen Filip Filipovitxek, gogonahasirik, eta, aulkitik altxaturik, Bormentalenaga hurbildu zen. Bormentalek, besarkatu, eta musu eman zion bibote leun, tabakoaren ke-usain bizikoan.
— Zin egiten dizut, Filip Fili...
— Bete-betean hunkitu didazu bihotza, bete-betean... Eskerrik asko —esan zuen Filip Filipovitxek lagun maitea, batzuetan agiraka egiten dizut ebakuntzetan. Barkatuko ahal duzu agure zahar honen suminkortasuna! Izan ere, hain nago bakarrik bizitzan... Sevillatik Granadara...
— Filip Filipovitx, ez dizu lotsarik ematen? —esan zuen Bormentalek, kartsuki eta zinezkotasunez mindu nahi ez banauzu, ez esan horrelakorik...
— Ondo da, eskerrik asko... Nilo sakratuaren ertzean... Eskerrik asko... Gainera, nik estimu handia hartu nizun berehala, sendagilea izateko dohain paregabeak erakusten zenituen eta.
— Filip Filipovitx, lehen ere esan dizut... —egin zuen Bormentalek, sutsuki; bere lekutik aldendu, korridorera ematen zuen atea ondo itxi, eta, atzera itzulirik, ahapeka jarraitu zuen hori da irtenbide bakarra. Ni, jakina, ez naiz nor zuri aholkuak emateko, baina, Filip Filipovitx, begira iezaiozu zeure buruari, zeharo ahiturik zaude, horrela ezin duzu inolako lanik egin!
— Guztiz ezinezkoa zait —berretsi zuen Filip Filipovitxek, hasperen eginez.
— Halaxe da, zeharo ezinezkoa —xuxurlatu zuen Bormentalek lehengo egunean esan zenuen nitaz kezkaturik zeundela, eta jakingo bazenu, profesore maitea, nola hunkitu ninduten hitz horiek! Baina ni ez naiz umea, eta badakit zeinen ondorio ikaragarria ekar dezakeen ekintza horrek. Dena dela, etsi-etsirik nago ez dagoela beste irtenbiderik.
Filip Filipovitxek, zutik jarri, eta, besoei haren aldera eraginez, esan zuen:
— Ez saiatu ni gogatzen, ez esan ezer —profesorea batetik bestera ibiltzen hasi zen gelan barrena, ke-uhinak higiaraziz entzun ere ez dizut egingo. Pentsa ezazu zer gertatuko den harrapatzen bazaituzte. Gure lehen epaiketa izanik ere, «gizarte-jatorria kontuan izanik» delako horrek ez gaitu zigorretik libratuko. Izan ere, oker ez banago, zure gizarte-jatorria ez da oso egokia, nire lagun maitea.
— Mila deabru, ez! Nire aita instrukzioko epailea zen Vilnon —erantzun zuen Bormentalek atsekabez, bere kopa koñaka husteaz batera.
— Horra zer dugun! Ondare txarra da hori. Ezin dut jatorri erdeinagarriagorik imajinatu. Ez, barkatu, nirea are txarragoa da. Nire aita katedraleko artzapeza zen. Merci. Sevillatik Granadara... Gau iluneko isiltasunean... deabruak daramala!
— Filip Filipovitx, zu zientzialari ospetsua zara mundu osoan, eta, barkatu honelakoak esatea, sasikume batengatik... ez zaituzte estu hartuko, ez horixe!
— Arrazoi handiagoa hori ez egiteko —esan zuen Filip Filipovitxek pentsakor, gelditurik eta beirazko armairuari begira.
— Zergatik?
— Zu ez zarelako zientzialari ospetsua mundu osoan.
— Baina...
— Halaxe da. Eta, barkatu, baina hondamenaren estualdian lankidea bazterrera utzi eta nik neure ospe handiari esker onik irten, ez, inola ere ez... Nik Moskuko unibertsitatean ikasi dut, ez naiz Sharikov bat.
Filip Filipovitxek, sorbaldak harro-harro altxatu, eta Frantziako antzinako errege baten airea hartu zuen.
— Ai, Filip Filipovitx... —egin zuen Bormentalek, atsekabez eta zer egingo dugu orduan? Zain geldituko zara barrabas hori gizon bihurtzea lortu arte?
Filip Filipovitxek, esku-keinu batez isilarazi, bere kopa koñakez bete, zurrutada bat edan, limoi bat hurrupatu, eta esan zuen:
— Ivan Arnoldovitx, zure iritziz, nik zer edo zer dakit zera, nolabait deitzearren, giza burmuinaren aparatuaren anatomiaz eta fisiologiaz? Zer uste duzu?
— Filip Filipovitx, galdetzea ere! —erantzun zuen Bormentalek, grina biziz, eta besoak zabaldu zituen.
— Oso ondo. Itxurazko apaltasunik gabe. Nik neuk uste dut arlo horretan ez naizela Moskuko azkena.
— Eta nik uste dut lehena zarela, Moskun ez ezik, baita Londresen eta Oxforden ere! —eten zion jarduna Bormentalek, sutsuki.
— Tira, ondo da, demagun hala dela. Baina, hala izanik ere, etorkizuneko Bormental profesore hori, inork ez du arrakastarik izango zeregin horretan. Aski da. Ez egin galderarik. Balia zaitez nire izenaz, esan Preobrajenskik esan duela. Finita. Klim! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek bat-batean, hotsandiro, eta armairuak tintin-hotsa ateraz erantzun zion Klim —errepikatu zuen Zu nire eskolako ikaslerik onena zara eta, horrez gain, nire adiskidea, gaur egiaztatu dudanez. Bada, adiskide zaitudanez, sekretu bat jakinaraziko dizut, ziur bainago ez nauzula lotsaraziko: Preobrajenski astakilo zahar honek hirugarren mailako ikasle baten antzera huts egin du ebakuntza horretan. Bai, egia da, aurkikuntza bat egin dut, zuk badakizu nolakoa —eta, hori esandakoan, Filip Filipovitxek, atsekabez, leihoko errezelen aldera luzatu zituen bi besoak, inondik ere Mosku seinalatuz baina, hala ere, Ivan Arnoldovitx, kontuan izan zein izango den aurkikuntza horren ondorio bakarra: aurrerantzean, Sharikoven zama jasan beharko dugu guztiok, hemen, hementxe —Preobrajenskik eskuaz jo zuen bere garondo zurrun, perlesiak jo hurrena ez izan zalantzarik! Baten batek —jarraitu zuen Filip Filipovitxek, gozamenez berton luze-luze etzanarazi eta jipoi ederra emango balit, nik, zin egiten dizut, berrogeita hamar errublo ordainduko nizkioke! Sevillatik Granadara... Deabruak naramala!... Izan ere, bost urte eman ditut burmuinen barrunbeak arakatzen eta hipofisiak erauzten... Zuk badakizu zer-nolako lana egin dudan; egundokoa! Eta orain galdetzen diot neure buruari: zertarako? Egun batean txakur eder bat ileak lazteko moduko zaborreria bihurtzeko.
— Egintza paregabea!
— Guztiz ados nago zurekin. Doktorea, horra zer gertatzen den ikertzaileak, naturarekiko paralelo eta hari atxikirik ibili ordez, arazoak argitara atera eta ezkutukoaren oihala altxatzen duenean: Sharikov bat aurkitzen duzu, eta hor konpon!
— Filip Filipovitx, eta Spinozaren burmuina jarri bagenio?
— Bai! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek Bai! Baina zitekeena zen zorigaiztoko txakur hori ebakuntza-mahaian hiltzea, zuk badakizu nolakoa den ebakuntza hori. Hitz batean, nik, Filip Filipovitxek, nire bizitza osoan ez dut ezer zailagorik egin. Spinozaren edo horrelako beste edozein jeinuren hipofisia jarri ahal zaio, eta txakur batetik adimen ezinago argiko izaki bat lortu. Baina zer arraiotarako? Hor dago koxka. Azal iezadazu, mesedez, zergatik egin behar dugun guk modu artifizialean Spinoza bat, edozein emakumek gogoak hala ematen dionean sortu ahal badu. Madame Lomonosova, esaterako, bere seme ospetsuaz erdi zen Kholmogori herrixkan! Gizadia bera arduratzen da horretaz, bere kabuz, eta, bilakaeraren katean, urtez urte, temati, masatik zabor oro bereizirik, lurbira edertzen duten hamaika jeinu paregabe sortzen ditu. Doktorea, orain badakizu zergatik gaitzetsi dudan Sharikoven txosten klinikotik atera duzun ondorioa. Nire aurkikuntzak, zuk itsutuki miresten duzun aurkikuntza horrek, ez du piperrik balio, deabruak irents dezala! Bai, halaxe da, Ivan Arnoldovitx, ez eztabaidatu, ulertu dut azkenean. Nik inoiz ez dut alferrik hitz egiten, zuk oso ondo dakizu hori. Teoriaren ikuspegitik kontu interesgarria da. Tira, ondo da! Fisiologoak pozez zoratzen egongo dira. Mosku, deabruzko amorru bizi batek harturik... Baina, praktikari dagokionez, zer? Zer daukagu orain aurrean? —Preobrajenskik azterketa-gelako bazter bat seinalatu zuen hatzarekin, Sharikov lo baitzegoen han.
— Berdinik gabeko doilor izugarri bat.
— Baina nor da? Klim, Klim —egin zuen oihu profesoreak Klim Txugukov —Bormentalek ahoa ireki zuen hau da, bi kondena, alkoholismoa, «dena banatu», txano bat eta hamar errubloko billete bi desagerturik —une horretan, Filip Filipovitxi urtemugako makila etorri zitzaion gogora, eta gorri-gorri jarri zen bilaua halakoa, urde zikina!... Aurkitu egingo dut makila hori. Hitz batean, hipofisi bakoitza gizabanako jakin baten nortasuna eratzen duen gela itxi bat da. Gizabanako jakin batena! Sevillatik Granadara... —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, begiak basaki dantzatuz ez gizadi osoarena! Burmuina bera da, miniaturan. Eta nik ez dut haren beharrik, aldean daramatela deabru guztiek! Lehen, oso bestelako kontuez arduratzen nintzen, eugenesiaz, giza espeziearen hobekuntzaz. Eta orain gaztetzearen kontu horretan nahasi naiz. Zer uste duzu, diruagatik egiten dudala hori? Ez, nolanahi ere, ni zientzialaria naiz.
— Zientzialari bikaina, alajaina! —esan zuen Bormentalek, koñaka irentsiz. Odolez bete zitzaizkon begiak.
— Orain dela 2 urte, lehen aldiz lortu nuen hipofisitik sexu-hormonaren eruzkin bat ateratzea, eta orain esperimentu txiki bat egin nahi nuen. Eta zer lortu dut horren ordez? Jainkoaren izenean! Hipofisiko hormona hauek, ene Jainkoa... Doktorea, etsipenik beltzenak jota nago, zinez diotsut, zeharo nahasirik daukat burua.
Bormentalek, bat-batean, mahukak gora bildu, begiak sudur aldera okertu, eta esan zuen:
— Gauzak horrela, irakasle maitea, zuk egin nahi ez baduzu, neure gain hartuko dut artsenikoa ematearen erantzukizuna. Eta, zer arraio!, bost axola dit aita instrukzioko epailea bazen ere. Azken batean, izaki hori zurea da, zure esperimentu baten emaitza.
Filip Filipovitxek, iraungi, ahuldu, besaulkiaren gainera abaildu, eta esan zuen:
— Ez, ez dizut utziko hori egiten, nire lagun gazte maitea. Nik 60 urte ditut, aholkuak eman ahal dizkizut. Ez egin inoiz inoren kontrako krimenik, ez hartu bide hori. Eskuak garbi iritsi zahartzarora.
— Barkatu, Filip Filipovitx, baina Shvonder horrek Sharikov hezten jarraitzen badu, zer bihurtuko da? Jainko maitea, orain hasi naiz ulertzen zer izatera irits daitekeen Sharikov!
— Hara! Orain ulertu duzu? Nik, ordea, ebakuntza egin eta 10 egun geroago ulertu nuen. Dena dela, Shvonder ezin ergelagoa da. Ez da ohartzen Sharikov askoz ere arrisku larriagoa dela berarentzat niretzat baino. Orain bide guztietatik saiatzen da Sharikov nire kontra xaxatzen, eta ez da konturatzen ezen, egunen batean beste norbaitek Sharikov beraren kontra xaxatzen badu, txiki-txiki egingo duela, hondarrik ere utzi gabe.
— Arrazoi duzu! Katuei egiten diena ikusi besterik ez dago! Gizona da, baina txakur-bihotza du.
— Ez, ez, ez —erantzun zuen Filip Filipovitxek, ezetza luzatuz doktorea, uste ezin okerragoa duzu hori; Jainkoaren izenean, ez iraindu txakurrak. Katuena aldi baterakoa da... Diziplina arazoa, bizpahiru asteko kontua. Ziur egon horretaz. Hilabete barru edo, bertan behera utziko du katu-harrapaketa.
— Eta zergatik ez orain?
— Ivan Arnoldovitx, hori nabari-nabaria da... Galdetzea ere! Hipofisia ez dago airean zintzilik. Txakurraren burmuinaren barruan sarturik dago orain, emaiozu denbora egokitzeko. Sharikovek txakur-izaeraren hondarrak besterik ez du agertzen oraindik, eta, ez badakizu ere, katuen atzetik lasterka ibiltzea da egiten duen gauzarik onena. Baina, hori da benetan izutzekoa, orain ez du txakur-bihotzik, baizik eta, hain zuzen ere, giza bihotza. Eta naturan diren guztietan zitalena.
Asalduaren goren mailara iritsirik, Bormentalek, bere esku argal indartsuak bildu, ukabilak estutu, sorbaldak goratu, eta irmo esan zuen:
— Halaxe da. Hilko dut.
— Debekatu egiten dizut hori egitea! —erantzun zuen Filip Filipovitxek, berean tinko.
— Baina...
Bat-batean, Filip Filipovitx erne jarri zen, hatz bat jasorik.
— Egon apur batean... Oin-hotsak entzun uste ditut.
Belarriak zorroztu zituzten biek, baina korridorean isiltasuna zen nagusi.
— Nire irudipena izan da nonbait —esan zuen Filip Filipovitxek, eta alemanez mintzatzen hasi zen, sutsuki. Haren solasean zenbait aldiz entzun zen «lege-hauste» hitza, errusieraz.
— Zaude pixka batean —esan zuen Bormentalek tupustean, erne jarririk, eta urrats bat egin zuen aterantz. Argi entzuten ziren pausoak, langelatik gero eta hurbilago. Gainera, ahots bat purrustadaka ari zen. Bormentalek, atea alderik alde ireki, eta atzera egin zuen berehala, txunditurik. Filip Filipovitx harri eta zur eginik gelditu zen besaulkian, zeharo lur jota.
Korridorearen lauki argiztatuan Daria Petrovna ageri zen, gau-atorra hutsean, aurpegia gudutsu eta amorruz gorriturik. Sendagilea eta profesorea liluraturik geratu ziren haren gorputz mardul eta, izuaren eraginez iruditu zitzaienez, guztiz biluziaren joritasuna ikustean. Daria Petrovnaren beso indartsuek zerbait zekarten arrastaka, eta «zerbait» hori ipurtaldea lurrean bermaturik zetorren, eta haren zango labur bilo beltzez estaliak sigi-saga mugitzen ziren parketaren gainean. «Zerbait» hori, jakina, Sharikov zen, arrunt burtzoraturik, oraindik mozkorturik, txima-jario eta alkandora hutsean.
Daria Petrovnak, handientsu eta larrugorri, zakarki utzi zuen Sharikov lurrean, patata-zakua balitz bezala, eta hitz hauek esan zituen:
— Begira, profesore maitea, hona hemen gure bisitari Telegraf Telegrafovitx. Ni ezkondurik egon naiz, eta Zina neska garbia da. Eskerrak esnatu naizen.
Bere hizketaldia amaiturik, Daria Petrovnak lotsa handia sentitu zuen; garrasi egin, bularra eskuekin estali, eta arrapaladan joan zen.
— Daria Petrovna, barkatu, Jainkoaren izenean! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek haren atzetik, bere onera etorririk eta gorri-gorri.
Bormentalek are gorago jaso zituen alkandoraren mahukak eta Sharikovenganantz abiatu zen. Filip Filipovitxek begietara so egin zion, izu-laborriak harturik.
— Zer egingo duzu, doktorea? Debekatzen dizut...
Bormentalek, eskuineko eskuaz Sharikovi papar-hegaletik oratu, eta hain bortizki astindu zuen, ezen alkandoraren ehuna aurreko aldetik urratu baitzen.
Filip Filipovitx hura geldiaraztera oldartu zen, eta Sharikov ahuldua kirurgilariaren esku itxietatik askatzeari ekin zion.
— Ez duzu ni jotzeko eskubiderik! —egin zuen oihu Sharikovek, erdi itorik, lurrean eseriz eta mozkorra menderatzen hasirik.
— Doktorea! —egin zuen deiadar Filip Filipovitxek.
Bormental apur bat lasaitu zen eta eskuetatik jaregin zuen Sharikov, zeina hortxe hasi baitzen negar-intzirika.
— Tira, ondo da —murmurikatu zuen Bormentalek goiza arte itxarongo dugu. Ustekabe polita emango diot mozkorra joaten zaionean.
Hori esandakoan, Sharikovi galtzarbeetatik heldu eta herrestan eraman zuen harrera-gelara, lotara.
Bitartean, Sharikov ostikoak ematen saiatu zen, baina zangoek ez zioten men egiten.
Filip Filipovitxek zangoak zabaldu zituen, eta mantal-barren urdinxkak banandu egin zitzaizkion horren eraginez. Begiak eta besoak korridoreko sabaiko lanpararantz jaso, eta esan zuen:
— Ene! Ene!...
Dena dela, Bormental doktoreak agindu zuenaz bestera, Sharikoventzako ustekaberik ez zen izan biharamun goizean, zeren eta Poligraf Poligrafovitx etxetik desagertu baitzen. Bormental amorruzko etsipenean erori zen, astakirtena deitu zion bere buruari ate nagusiko giltza ezkutatu ez zuelako, hori ezin barkatuzkoa zela oihukatu zuen, eta, amaitzeko, autobus batek Sharikov harrapa zezan desiratu zuen ozenki. Filip Filipovitx langelan eseririk zegoen, hatzak ileen artean sarturik, eta honela mintzo zen:
— Imajinatzen dut zer gertatuko den kalean... Ima-ji-na-tzen dut. Sevillatik Granadara, ene Jainkoa!
— Beharbada etxeko batzordean dago —sutu zen Bormental, eta lasterka alde egin zuen.
Etxeko batzordean hain kalapita gogorra izan zuen Shvonder lehendakariarekin, ezen hura Khamovnitxi eskualdeko herri-epaitegiarentzako salaketa bat idaztera eseri baitzen, eta, hori egiten zuen bitartean, oihuka zioen bera ez zela Preobrajenski profesorearen ikaslearen zaindaria, are gutxiago kontuan izanik Poligraf izeneko ikasle hark zital jokatu zuela aurreko egunean bertan, etxeko batzordearen 7 errublo hartu baitzituen, kooperatiban testu-liburuak erosteko behar zituela esanik.
Fiodorrek, lan hori egiteagatik hiru errublo irabazirik, goitik behera miatu zuen etxe osoa. Inon ez zegoen Sharikoven arrastorik.
Gauza bat bakarrik argitu zen: Sharikovek egunsentian alde egin zuen, kapela, lepo-berogarria eta berokia jantzirik, arasatik harturiko gurbe-pattar botila bat, Bormental doktorearen eskularruak eta bere agiri guztiak aldean eramanik. Daria Petrovnak eta Zinak, batere disimulurik gabe, beren poz neurrigabea adierazi eta Sharikov inoiz gehiago itzuliko ez zen itxaropena agertu zuten. Bezperan, Sharikovek hiru errublo eta hamabost kopek hartu zituen Daria Petrovnaren gelatik.
— Ondo merezia duzu! —egin zuen orro Filip Filipovitxek, ukabilei eraginez. Telefonoa jo eta jo aritu zen egun osoan, baita biharamunean ere. Bi sendagileek inoiz baino paziente gehiago hartzen zituzten, baina hirugarren egunean ohartu ziren ezin atzeratuzko zeregin bat zutela: gertaturikoaren berri eman behar zioten poliziari, berak bilatu behar baitzuen Sharikov Moskuko zurrunbiloan.
Eta, «polizia» hitza esan bezain laster, kamioi baten burrunbak Obukhov kalezuloko isiltasun jainkotiarra urratu zuen, eta etxeko leihoek dar-dar egin zuten. Gero, hots irmoz jo zuen txirrinak, eta Poligraf Poligrafovitx berebiziko duintasunez sartu zen etxera; isil-isilik kapela erantzi, berokia kakotik eseki, eta itxuraberriturik azaldu zen. Besteren larruzko jaka bat, larruzko galtza higatuak eta belaunetarainoko lokarriekiko bota ingeles garaiak zeuzkan jantzirik. Katu-usain ikarragarri batek harrera-gela osoa bete zuen berehala. Preobrajenskik eta Bormentalek, biek batera, bularrean gurutzatu zituzen besoak, eta, ate alboan jarririk, Poligraf Poligrafovitxen lehen azalpenen zain geratu ziren. Hark, bere ile latzak leundu, eztul egin, eta halako eran begiratu zuen ingurura, ezen argi nabari baitzitzaion: Poligrafek lasai-itxura eginez ezkutatu nahi zuen bere nahasmendua.
— Filip Filipovitx —ekin zion azkenik kargu baterako izendatu naute.
Bi sendagileek eztarri-hots sor zehazgabe bana egin zuten eta urduri jarri ziren. Preobrajenski etorri zen lehena bere onera, besoa luzatu, eta esan zuen:
— Emadazu papera.
Hau zegoen peperean inprimaturik: «Paper hau aldean daramana, Poligraf Poligrafovitx Sharikov tobaritxa, MKKh-ko karguduna da, Mosku hirian alderrai ibiltzen diren animaliak (katuak etab.) desagerrarazteaz arduratzen den azpisailaren burua».
— Nork eman dizu kargua? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, ahots larriz Ez esan ezer, susmatzen dut nor izan den.
— Bada, bai, Shvonder —erantzun zuen Sharikovek.
— Uztazu galdera bat egiten, mesedez. Zergatik duzu hain usain nazkagarria?
Sharikovek kezkaturik usain egin zion jakari.
— Usain hau? Argi dago, nire lanbideagatik. Atzo katuak itotzen eman genuen egun osoa...
Filip Filipovitxek zirgit egin zuen eta Bormentali begiratu zion. Bormentalen begiek, Sharikovi bekoz beko begira baitzeuden, bi fusil-aho beltz gogorarazten zituzten. Inolako ingurumaririk gabe, Sharikovengana hurbildu zen eta lepotik heldu zion, zalu eta irmo.
— Lagundu! —saiatu zen Sharikov, gero eta zurbilago.
— Doktorea!
— Ez dut ezer txarrik egiteko asmorik, Filip Filipovitx, ez kezkatu —erantzun zuen Bormentalek burdinazko ahotsez, eta gero deiadar egin zuen Zina eta Daria Petrovna!
Harrera-gelara agertu ziren biak.
— Errepika ezazu hau —esan zuen Bormentalek, eta apur bat estutu zuen Sharikoven lepoa larruzko berokiaren kontra barkamena eskatzen dizuet...
— Bai, bai, oraintxe errepikatuko dut —erantzun zuen Sharikovek ahots erlatsez, harri eta zur eginik, baina, bat-batean, arnasa hartu, kuzkurtu, eta «lagundu» oihukatzen saiatu zen, baina oihua ez zen irten, eta haren burua erabat hondoratu zen berokian.
— Doktorea, arren eskatzen dizut.
Sharikovek gora eta behera eragin zion buruari, amore eman eta errepikatu egingo zuela adieraziz.
— ... Barkamena eskatzen dizuet begirune osoz, Daria Petrovna eta Zinaida... zer gehiago?
— Prokofievna —xuxurlatu zuen Zinak, izuak harturik.
— Uf, Prokofievna... —esan zuen Sharikovek, arnasestuka eta ahotsa lazturik barkamena eskatzen dizuet...
— Mozkor-mozkor eginik gauez egin nizuen makurkeria doilorragatik.
— Mozkor-mozkor eginik...
— Ez dut berriro horrelakorik egingo...
— Ez dut be...
— Aska ezazu, aska ezazu, Ivan Arnoldovitx —esan zuten bi emakumeek batera itoko duzu bestela!
Bormetalek aske utzi zuen Sharikov, eta esan zuen:
— Kamioia zure zain dago?
— Ez —erantzun zuen Poligrafek, begirunez ekartzera baino ez da etorri.
— Zina, esan kamioiari alde egiteko. Eta, orain, ondo pentsatu eta erantzun galera honi: berriz itzuli zara Filip Filipovitxen etxera?
— Nora joango naiz bestela? —erantzun zuen Sharikovek, herabeki eta begirada lausoz.
— Ederto. Orduan, jostorratza baino zintzoagoa izango zara aurrerantzean. Bestela, egiten duzun makurkeria bakoitzaren ordaina hartuko duzu niregandik. Argi dago?
— Argi dago —erantzun zuen Sharikovek.
Sharikoven kontrako indarkeriak iraun zuen bitarte guztian, Filip Filipovitx isil-isilik egon zen. Nolabaiteko errukiz, ate-uztarrian bermaturik zegoen, azazkal bat hozkatzen eta begirada parketean josirik. Bat-batean, begiak Sharikovenganantz jaso, eta hitzetik hortzera galdetu zion, ahots sorrez:
— Zer egiten duzue haiekin... zera, hiltzen dituzuen katuekin?
— Etekina aterako diete —erantzun zuen Sharikovek haiekin larru-finak egingo dituzte Langileen Kreditu Erakundearentzat.
Gero, isiltasuna nagusitu zen etxean, eta bi egun iraun zuen. Goizean, Poligraf Poligrafovitx kamioian joaten zen, arratsaldean itzultzen zen eta isilik bazkaltzen zuen Filip Filipovitx eta Bormentalekin batera.
Bormentalek eta Sharikovek gela berean lo egiten zuten, harrera-gelan, baina ez zioten hitzik esaten elkarri, eta Bormental izan zen egoera horretaz aspertzen lehena.
Bi egun geroago, andereño argal bat azaldu zen etxera. Margoturik zeuzkan begiak eta galtzerdi kremakoloreak zeramatzan. Txunditurik geratu zen etxearen bikaina ikustean. Berokitxo maiztua erantzi gabe, Sharikoven atzetik joan zen, eta harrera-gelan Filip Filipovitxekin egin zuen topo.
Profesorea, harriturik, gelditu egin zen, eta, begiak ñarrotuz, galdetu zuen:
— Jakin nezake nor den emakume hau?
— Berarekin ezkonduko naiz, gure mekanografoa da, nirekin biziko da. Bormentalek harrera-gela utzi beharko du. Berak bere etxebizitza du —azaldu zuen Sharikovek, bekozko ilunez eta etsaitasun ezin handiagoz.
Filip Filipovitxek behin eta berriro kliskatu zituen begiak; andereño lotsagorrituari begira une batez pentsakor egon, eta, adeitasun handiz, berekin joateko eskatu zion.
— Mesedez, etorri apur batean nire langelara.
— Ni ere joango naiz —esan zuen Sharikovek, bizkor eta fidakaitz.
Une horretantxe, han agertu zen Bormental ustekabean, lur azpitik irten balitz bezalaxe.
— Barkatu —esan zuen profesoreak damarekin hitz egingo du eta gu biok hemen geratuko gara.
— Ez dut nahi —erantzun zuen Sharikovek, gorrotoz, andereño lotsa-lotsa eginaren eta Filip Filipovitxen atzetik joaten ahaleginduz.
— Ez, barkatu —Bormentalek eskutik heldu zion Sharikovi eta azterketa-gelara joan ziren biak.
Bost minutuan langelatik ez zen inolako hotsik irten, eta gero, bat-batean, andereñoaren negar-zotin sorrak entzun ziren.
Filip Filipovitx zutik zegoen mahaiaren alboan, eta andereñoak malkoak isurtzen zituen farfailezko sudur-zapi zikin batera.
— Gerran zauritu zutela esan dit. Azpisuge zikina! —esan zuen andereñoak, negar-intzirika.
— Gezurra esan dizu —erantzun zuen Filip Filipovitxek, gupidagabe. Buruari ezker-eskuin eragin, eta hizketan jarraitu zuen Erruki zaitut, benetan, baina horrela ezin da, aurkitzen duzun lehenarekin, beraren karguagatik soilik... Hori eragabekeria handia da, ene laztantxoa!... Hartu... —Idazmahaiko tiradera bat ireki eta hogeita hamar errubloko hiru billete atera zituen.
— Neure burua pozoituko dut —esan zuen andereñoak, negarrez jantokian okela gazitua egunero... eta mehatxu egiten dit... Armada Gorriko komandantea dela esaten dit... nirekin luxu handiko etxe batean biziko zara, esaten dit... ananak egunero... bihotz oneko gizona naiz, esaten dit, katuak dira gorrotatzen dudan gauza bakarra. Beretzat hartu du nire eraztuna, oroigarri gisa...
— Hara, hara, hara, bihotz onekoa... Sevillatik Grandara —murduskatu zuen Filip Filipovitxek adorez eraman behar duzu hau... hain zara gaztea oraindik...
— Atari-azpi horretan? Benetan?
— Ea, hartu dirua eskaintzen dizutenean —egin zuen oihu Filip Filipovitxek.
Gero, hotsandiro ireki zen atea, eta, Filip Filipovitxek hala eskaturik, Bormentalek Sharikov sarrarazi zuen. Alde guztietara baztertzen zituen begiak, eta lazturik zeukan buruko ilea, eskuilaren irudiko.
— Gizatxar arraioa! —egin zuen andereñoak, begiak negarrez distiratsu eta sudur hautseztatua malkoen arrastoek marraturik.
— Zergatik duzu ebakiondo hori bekokian? Mesedez, azaldu hori dama honi —galdetu zuen Filip Filipovitxek, zirikatzaile.
Sharikovek galdu-irabazi jokatzea erabaki zuen:
— Frontean zauritu ninduten, Koltxaken kontrako gerran —egin zuen zaunka.
Andereñoa, zutik jarri, eta han joan zen, negar samina zeriola.
— Zaude geldi! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek haren atzetik Egon apur batean. Emadazu eraztuna —esan zuen, Sharikovi zuzendurik.
Sharikovek, otzan-otzan, esmeralda faltsua zeukan eraztun txiki bat kendu zuen hatzetik.
— Tira, ondo da —esan zuen bat-batean, gorrotoz larrutik ordainduko didazu hau. Ikusiko duzu zer-nolako lanpostu-murrizketa antolatzen dizudan bihar.
— Ez izan haren beldur —egin zuen oihu Bormentalek andereñoaren atzetik ez diot ezer egiten utziko.
Jiratu, eta Sharikovi begiratu zion, halako eran, ezen hark atzera egin eta armairua jo baitzuen garondoaz.
— Nola du abizena? —galdetu zion Bormentalek Abizena! —egin zuen garrasi, eta itxura basati eta beldurgarria hartu zuen bat-batean.
— Vasnetsova —erantzun zuen Sharikovek, begiez ihesbide bila ari zela.
— Egunero —ekin zion Bormentalek, Sharikov jakaren papar-hegaletatik heldurik zeukala nik neuk galdetuko dut garbiketa-azpisailaren bulegoan ea Vasnetsova herritarra kaleratu duzun. Eta kaleratu duzula jakiten badut..., tiro batez hilko zaitut hantxe bertan, neure eskuekin. Kontuz ibili, Sharikov, errusiera garbian esaten dizut!
Sharikovek Bormentalen sudurrean tinko josirik zeuzkan begiak.
— Guk ere errebolberrak dauzkagu... —murmurikatu zuen Poligrafek, kemen handirik gabe baina, eta, bat-batean, ate alderantz ihes egiteko modua aurkitu zuen.
— Kontuz, gero! —iritsi zitzaion atzetik Bormentalen oihua.
Gau horretan eta hurrengo egun erdian isiltasuna nagusitu zen etxean, ekaitza dakarren hodeiaren antzera. Isilik zeuden denak. Baina biharamunean, Poligraf Poligrafovitx, goizetik susmo txar baten ziztada sumatu baitzuen barnean, gogoilun joan zen kamioian lantokira, eta, hura joandakoan, Preobrajenski profesoreak, horretarako zeharo ohiz kanpokoa zuen ordu batean, bere lehengo pazienteetako bat hartu zuen, militar jantziriko gizon lodi eta garai bat. Temati, behin eta berriro eskatua zion hitzordua, eta lortu zuen azkenean. Langelara sartzean, adeitasun handiz takoiak joz egin zion diosal profesoreari.
— Min duzu berriro, nire lagun maitea? —galdetu zuen Filip Filipovitx argalduak Eseri, mesedez.
— Merci. Ez, profesorea —erantzun zuen bisitariak, kaskoa mahai ertzean uzteaz batera Esker onik bihotzekoena zor dizut... Mmm... Beste arrazoi batengatik etorri naiz zuregana, Filip Filipovitx... begirune handia dizut... mmm... jakinaren gainean jarri behar zaitut. Zentzugabekeria hutsa da. Hori gizon zitala... —Pazienteak, agiri-zorroa arakatu, eta paper bat atera zuen Zorionez, zuzen-zuzenean jakinarazi didate...
Filip Filipovitxek kebedoak jarri zituen betaurrekoen gainean eta irakurtzen hasi zen. Luzaz aritu zen bere artean marmarka, txitean-pitean aurpegiera mudatzen zitzaiola. «... eta, gainera, mehatxuka esan du tiro batez hilko duela etxeko batzordeko lehendakaria, Shvonder tobaritxa, eta horrek argi frogatzen du su-arma bat daukala etxean gorderik. Hitzaldi kontrairaultzaileak egiten ditu, eta Engels sutara botatzeko agindu dio bere zerbitzari sozialari, Zinaida Prokofievna Buninari. Horrek guztiak salatzen duenez, mentxebike porrokatua da, Bormental Ivan Arnoldovitx beraren laguntzailea bezalaxe, gizon hori ezkutuan bizi baita haren etxean, hor erroldaturik egon gabe. Sinaturik: P. P. Sharikov, garbiketa-azpisailaren zuzendaria. Fede ematen dut. Shvonder, etxeko batzordeko lehendakaria. Pestrukhin, idazkaria.»
— Utziko didazu hau niretzat gordetzen? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, orbantxoz beterik ala, beharbada, zuk behar duzu, auzia legeak agintzen duen eran bideratzeko?
— Barkatu, profesorea —esan zuen pazienteak, oso mindurik eta sudur-zuloak zabaldurik egia esan, oso iritzi txarra duzu gutaz. Ni... —eta puzten eta puzten hasi zen, indioilar baten antzera.
— Ea, barkatu, barkatu, nire lagun maitea! —murduskatu zuen Filip Filipovitxek Barkatu, ez zintudan mindu nahi, benetan. Ez haserretu, nire lagun maitea, ez dakizu zein neke handiak eman dizkidan...
— Sinesten dizut —pazientea zeharo lasaitu zen Inondik ere, gizatxar hutsa da! Gogo handiz emango nioke begiratu bat. Moskun istorio harrigarriak kontatzen dituzte zuri buruz...
Filip Filipovitxek eskuari eragin zion, etsia harturik. Orduan, pazientea ohartu zen profesorea konkortu eta are nolabait ileurdindu ere egin zela azken bolada horretan.
* * *
Krimena umotu eta jalki egin zen, harri bat bezala, hala gertatu ohi baita. Susmo txarrak bihotza sastatzen ziola itzuli zen Poligraf Poligrafovitx kamioian. Filip Filipovitxen ahotsak azterketa-gelara joateko eskatu zion. Sharikov, harriturik, hara joan zen, eta, izu lausoz, begiratu arin bat zuzendu zien Bormentalen aurpegiko fusil-ahoei, eta gero Filip Filipovitxi. Ke-laino batek inguratzen zuen laguntzailearen aurpegia, eta haren ezkerreko eskuak, zigarreta bati eusten ziola, dardara txikiak egiten zituen obstetrizia-aulkiaren beso distiratsuan.
Filip Filipovitxek oso zain gaiztoko lasaitasunez esan zuen:
— Hartu zure gauza guztiak, galtzak, berokia eta behar duzun guztia, eta ospa etxe honetatik!
— Zer esan duzu? —galdetu zuen Sharikovek, zinezko harriduraz.
— Ospa etxe honetatik, gaur bertan —errepikatu zuen, ahots beti-berdinez, Filip Filipovitxek, begiak erdi itxirik bere azazkalei so.
Halako deabru bat jabetu zen Poligraf Poligrafovitxez; nabari zenez, hurbil zeukan heriotza, eta zegokion patu gaiztoak laster hartuko zuen. Ezin saihestuzkoaren besoetara bota zuen bere burua, eta zaunka hasi zen, gorrotoz eta ahots etenez:
— Zer da hau, gero! Zer uste duzu?, ez dizudala gogor egingo? Niri 16 arshineko azalera dagokit hemen, eta hemen geldituko naiz.
— Alde egin etxe honetatik —murmurikatu zuen Filip Filipovitxek, arnasa etenik.
Sharikovek berak egin zion dei bere heriotzari. Ezkerreko eskua jaso eta, jasan ezinezko katu-kiratsa zeriola, keinu zantarra egin zion Filip Filipovitxi, hatz lodi marraskatua erakuslearen eta luzearen artean sarturik. Gero, eskuineko eskuaz errebolber bat atera zuen sakelatik eta Bormental arriskutsuaren aldera zuzendu zuen. Bormentalen zigarreta lurrera erori zen izar iheskor baten antzera, eta, segundo batzuk geroago, Filip Filipovitxek beira hautsien gainetik jauzi egin zuen eta, izuturik, lasterka joan zen armairutik dibanera. Han zegoen garbiketa-azpisailaren zuzendaria, luze-luze etzanik eta ahotsa erlasturik, eta Bormental kirurgialaria haren bularraren gainean jarririk zegoen, bururdi zuri txiki batez hura itotzen.
Minutu batzuk geroago, Bormental doktorea, begitartea bestelakoturik, sarrerako atera joan zen eta ohar bat itsatsi zuen txirrinaren botoiaren alboan:
«Gaur ez dago kontsultarik, profesorea ondoezik dago eta. Mesedez, ez jo txirrina.»
Labanatxo distiratsu batez txirrinaren haria moztu, eta, ispiluaren aurrean jarririk, arretaz aztertu zituen bere aurpegi atzaparkada odoltsuz betea eta bere esku harramazkatu, dardaraldi arin batek astinduak. Gero, sukaldeko atean azaldu zen eta honela esan zien Zinari eta Daria Petrovnari, bi-biak erne zeudela:
— Profesoreak eskatzen dizue etxetik ez irteteko ezertarako ere.
— Ondo da —erantzun zuten Zinak eta Daria Petrovnak, herabetasunez.
— Axola ez badizue, zerbitzarien sarrerako atea itxi eta giltza gordeko dut —esan zuen Bormentalek, ate atzeko iluntasunean ezkutatuz eta aurpegia esku-ahurraz estaliz Behin-behineko kontua da. Uste osoa dut zuengan, baina, norbait badator, amore eman eta ireki egingo diozue, eta gaur ezin digu inork eragotzi. Oso lanpeturik gaude.
— Ondo da —erantzun zuten bi emakumeek, eta bertantxe zurbildu ziren. Bormentalek zerbitzarien sarrerako atea itxi zuen, sarrera nagusiko atea itxi zuen, harrera-gelaren eta korridorearen arteko atea itxi zuen, eta azterketa-gelan galdu ziren haren urratsak.
Isiltasunak mendean hartu zuen etxea, arrastaka zabaldu zen bazter guztietara. Iritsi zen ilunabarra, zital, zelatari..., hitz batean, ilunpea. Egia da egun batzuk geroago patioaren beste aldeko etxelagunek esan zutela ezen, gau hartan, Preobrajenskiren etxebizitzan, azterketa-gelako argi guztiak pizturik egon zirela patiora ematen zuten leihoetan, eta profesorearen txano zuria ikusi zutela... Zaila da hori sinestea. Orobat egia da Zinak esan zuela ezen, dena amaitutakoan, Bormental eta profesorea azterketa-gelatik irten eta gero, Ivan Arnoldovitxek hiltzeko moduko izualdia eman ziola langelako tximiniaren alboan. Esan zuenez, kukubilko zegoen langelan, eta azal urdineko koaderno bat erretzen ari zen tximinian, profesorearen pazienteen txosten klinikoak idazteko erabiltzen zituzten koadernoetako bat hain zuzen! Esan zuen doktorearen aurpegia berde-berde zegoela, eta atzaparkadaz josirik goitik beheraino, bai, goitik beheraino... Eta gau hartan Filip Filipovitxek ez zuela betikoa ematen. Eta, gainera, esan zuen... baina, beharbada, gezurretan ari zen neska xaloa...
Gauza bat bakarrik jo daiteke ziurtzat: gau hartako isiltasuna ezinago betea eta izugarria zen.
Eleberriaren amaiera
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales