VII
— Ez, ez eta ez! —esan zuen Bormentalek, temati Jantzi egin behar duzu.
— Zergatik, baina? Hau da hau! —egin zuen marmar Sharikovek, muturturik.
— Eskerrik asko, doktorea —esan zuen Filip Filipovitxek, adiskidetsu dagoeneko gogaiturik nago beti kargu hartzen aritzeaz.
— Egin nahi duzuna, baina janzten ez baduzu, ez dizut jaten utziko. Zina, kendu maionesa Sharikovi.
— «Kendu»? Zergatik «kendu»? —nahigabetu zen Sharikov Segituan jantziko dut.
Ezkerreko eskuaz Zinarengandik babestu zuen platera; eskuinaz, berriz, alkandora-lepoaren azpian sartu zuen ezpain-zapia eta ile-apaindegiko bezero baten itxura hartu zuen horrela.
— Eta erabili sardexka, mesedez —gaineratu zuen Bormentalek.
Sharikovek hasperen luzea egin zuen eta platereko saltsa lodian gaizkata-zatitxoak harrapatzen hasi zen.
— Vodka apur bat gehiago edango dut? —ohartarazi zuen, galderati.
— Oraindik ez duzu nahikoa edan? —jakin nahi izan zuen Bormentalek Azken bolada honetan vodkara emanegi zaude.
— Pena ematen dizu zure vodkak? —jakin nahi izan zuen Sharikovek, eta begi-ertzetik begiratu zion.
— Zozokeriak esaten ari zara... —sartu zen tartean Filip Filipovitx, zorrotz, baina Bormentalek moztu egin zion.
— Lasai, Filip Filipovitx, utzi nire esku. Zuk, Sharikov, ergelkeriak esaten dituzu beti, eta amorragarriena da biribilki eta erabateko ziurtasunez esaten dituzula. Vodkak ez dit inolako penarik ematen, are gutxiago kontuan izanik ez dela nirea, Filip Filipovitxena baizik. Kaltegarria da, besterik ez. Hori alde batetik, eta beste alde batetik, berriz, vodkarik gabe ere lotsagabeki jokatzen duzu.
Bormentalek arasako beira paper-zerrendaz finkatuak seinalatu zituen.
— Zinushka, emadazu arrain gehiago, mesedez —esan zuen profesoreak.
Bitartean, Sharikovek botilarantz luzatu zuen besoa, eta, Bormentali zeharka begiratzen ziola, bere kopatxoa bete zuen.
— Besteei ere eskaini behar zaie —esan zuen Bormentalek eta hurrenkera honetan: lehen Filip Filipovitxi, gero niri, eta azkenean zeure buruari.
Sharikovek, ozta-ozta atzemateko moduko irribarretxo batez ahoa okertu, eta kopa guztietara isuri zuen vodka.
— Gala handiko festa batean bezala jokatzen duzue beti etxe honetan —esan zuen ezpain-zapia hor, gorbata hemen, eta «barkatu», eta «mesedez, merci», baina ezertxo ere ez duzue behar bezala egiten. Zeuen burua oinazetzen duzue tsarren garaian bezala.
— Eta zuretzat zer da gauzak «behar bezala» egitea? Esadazu, mesedez.
Sharikovek ez zion ezer erantzun Filip Filipovitxen galdera horri, eta, kopa altxaturik, esan zuen:
— Guztioi opa dizuet...
— Baita guk zuri ere —erantzun zion Bormentalek, nolabaiteko ironiaz.
Sharikovek, arnasa batean bere koparen edukia eztarrian hustu, bekokia zimurtu, ogi-zatitxo bat sudurrera hurbildu, usaindu, eta irentsi egin zuen, begiak malkoz beterik.
— Ohitura —esan zuen ustekabean Filip Filipovitxek, labur eta berebaitaratu-antzean.
Bormentalek begi-ertzetik begiratu zion, harriturik.
— Barkatu...
— Ohitura! —errepikatu zuen Filip Filipovitxek, eta ezker-eskuin eragin zion buruari, saminez ezin dugu ezer egin. Klim.
Bormentalek zorrotz begiratu zion Filip Filipovitxi begietara, interes biziz:
— Hala uste duzu, Filip Filipovitx?
— Ez dut uste, ziur nago hala dela.
— Litekeena da... —hasi zen Bormental, baina bertantxe isildu zen, begi-ertzetik Sharikovi begira.
Sharikovek bekozko iluna jarri zuen, goganbehartsu.
— Später... —esan zuen Filip Filipovitxek, ahopean.
— Gut —erantzun zuen laguntzaileak.
Zinak indioiloa ekarri zuen. Bormentalek ardo beltza isuri zuen Filip Filipovitxen kopara eta Sharikovi eskaini zion.
— Ez dut nahi. Aukeran, vodka edaten jarraituko dut.
Dirdirka zeukan aurpegia, izerdia agertu zitzaion bekokira, aldarte oneko jarri zen. Filip Filipovitx apur bat bihozberatu zen ardoa edan eta gero. Begiak argitsu, samurrago begiratzen zion Sharikovi, zeinaren buru beltza ezpain-zapiaren gainean nabarmentzen baitzen eulia esne-krema garratzean bezala.
Bormentalek, bera ere jan-edanak bizkorturik, ekinerako gogoa erakutsi zuen.
— Zer egingo dugu gaur arratsaldean? —galdetu zion Sharikovi.
Hark, begiak kliskatu, eta erantzun zuen:
— Zirkura joango gara, hori da onena.
— Egunero zirkura —esan zuen Filip Filipovitxek, bihotz onez Aspergarri samarra, nire ustez. Ni, zu banintz, behin gutxienez antzerkira joango nintzateke.
— Ni ez naiz antzerkira joango —erantzun zuen Sharikovek, etsaitasunez, eta aitaren egin zuen ahoan.
— Mahaian zotin egiteak jateko gogoa kentzen die besteei —ohartarazi zion Filip Filipovitxek hitzetik hortzera Barkadazu... Zergatik ez duzu gogoko antzerkia?
Sharikovek bere kopa hutsetik zehar begiratu zuen, urrun-ikusgailua balitz bezala; gogoeta egin eta ezpainak luzatu zituen.
— Txatxukeria galanta delako... Hitz egin eta hitz egin, besterik ez dute egiten... Kontrairaultza hutsa.
Filip Filipovitxek aulkiaren bizkarralde gotikoan atsedendu zuen gorputza, eta barre-algaraka hasi zen, halako moldez, ezen urrezko hortz-buruen ilarak dir-dir egin baitzion ahoan. Bormentalek burua mugitu baino ez zuen egin.
— On egingo lizuke noizean behin zer edo zer irakurtzeak —proposatu zion profesoreak bestela, badakizu...
— Irakurtzen dut, irakurtzen dut... —erantzun zuen Sharikovek, eta, bat-batean, harrapari baten antzera, mugimendu bizkor batez vodkari heldu eta erdiraino bete zuen kopa.
— Zina! —egin zuen deiadar Filip Filipovitxek, asaldaturik eraman ezazu vodka, bihotza. Ez dugu gehiagorik behar. Eta zer irakurtzen duzu?
Bat-batean, irudi bat agertu zitzaion lipar batez buruan: uharte inorgabe bat, palmondo bat, animali larruz jantziriko gizon txanodun bat: «Robinson, horra zer behar duen...».
— Zera... Nola du izenburua?... Engelsek eta beste horrek elkarri idatziriko gutunak... Deabrua, nola du izena besteak?... bai... Kautsky.
Bormentalek erdibidean gelditu zuen sardexka, okela zuri puska bat iltzaturik zeukala, eta Filip Filipovitxek mahaira isuri zuen ardoa. Sharikov egokiera horretaz baliatu zen eta zurrutada bat vodka edan zuen bizkor.
Filip Filipovitxek, ukondoak mahaian bermatu, Sharikovi begiratu, eta galdetu zion:
— Eta zer esan dezakezu irakurri duzunari buruz?
Sharikovek sorbaldak jaso zituen.
— Bada, ez nagoela ados.
— Norekin? Engelsekin ala Kautskyrekin?
— Ez batarekin, ez bestearekin —erantzun zuen Sharikovek.
— Alajainkoa!, hori bai miragarria! Edonork esango luke beste bat zarela... Eta zein da zure iritzia?
— Zertarako behar duzu nire iritzia?... Haiek idatzi eta idatzi egiten dute... ez dakit nongo biltzarra, halako alemaniar batzuk... Burua lehertzeko modukoa. Dena hartu eta banatu, horixe egin behar da...
— Banengoen ba ni! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, esku-ahurraz zamaua joz banengoen, ba!
— Eta badakizu nola egin hori? —galdetu zuen Bormentalek, interes handiz.
— Nola? —esan zuen Sharikovek, vodkaren eraginez berritsu ez da batere zaila. Hara zer gertatzen den bestela: bat zazpi gelaren jabe da eta 40 galtza pare ditu, eta beste bat kale gorrian bizi da eta zakarrontzietan bilatzen du janaria.
— Jakina, zazpi gelen kontu hori esan duzunean, nitaz ari zinen, ez da? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, eta begiak ñarrotu zituen, harro.
Sharikov, uzkurtu, eta isilik geratu zen.
— Oso ondo deritzot, ni ez nago banatzearen kontra. Doktorea, atzo zenbat bezero bidali zenituen etxera?
— 39 —erantzun zuen Bormentalek, bizkor.
— Mmm... 390 errublo. Ondo da, hiru gizonezkoon artean banatuko dugu errua. Damak, hau da, Zina eta Daria Petrovna, ez ditugu kontuan hartuko. Zuk, Sharikov, 130 errublo zor dituzu. Ordaindu, mesedez.
— Ederra kontua! —erantzun zuen Sharikovek, ikaraturik Zergatik?
— Uraren giltzagatik eta katuagatik —oihukatu zuen Filip Filipovitxek bat-batean, bere lasaitasun ironikoa bertan behera utzirik.
— Filip Filipovitx —egin zuen oihu Bormentalek, urduri.
— Egon apur batean. Atzo sortu zenuen istiluagatik, haren ondorioz ezin izan baikenuen pazienterik hartu. Onartezina da. Gizon bat, basati baten antzera, etxe osoan barrena jauzika eta uraren giltzak apurtzen. Eta nork hil zuen madame Polasukherren katua? Nork...
— Zuk, Sharikov, herenegun dama bati hozka egin zenion eskaileran —esan zuen Bormentalek.
— Zu... —egin zuen orro Filip Filipovitxek.
— Baina berak muturrekoa eman zidan —esan zuen Sharikovek, ahots zoliz eta nire muturra ez da publikoa!
— Zuk bularrean atximur egin zeniolako —oihukatu zuen Bormentalek, kopa bat iraultzeaz batera Zu...
— Zu bilakaeraren mailarik behekoenean zaude —oihukatu zuen Filip Filipovitxek, Bormentalek baino ozenago eratzen hasi berria zara oraindik, izaki ahula zara adimenari dagokionez, zure ekintza guztiak zeharo basatiak dira, eta, hala ere, lotsagabekeria ezinago jasangaitzez, unibertsitate-ikasketak dituzten bi gizonen aurrean tamaina kosmikoko eta ergeltasun orobat kosmikoko aholkuak emateko ausarkeria duzu, dena nola banatu behar den azalduz... eta, aldi berean, hortzetako pasta jaten duzu...
— Herenegun —berretsi zuen Bormentalek.
— Bada —esan zuen Filip Filipovitxek, trumoi-ahotsez ondo gogoan gorde hau..., bide batez, zergatik kendu duzu zink-ukendua sudurretik?..., ondo gogoan gorde hau: isilik egon eta esaten dizutenari jaramon egin behar diozu. Neurri apal batean bada ere, gizarte sozialistako kide onargarria izaten ikasi eta ahalegindu behar duzu. Eta, bide batez, zein gizatxarrek eman dizu liburuxka hori?
— Zuretzat denak dira gizatxarrak —erantzun zuen Sharikovek, izuz, bi aldetako erasoak durduzaturik.
— Susmatzen dut nor izan den —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, amorruz gorriturik.
— Tira, ondo da. Shvonderrek eman dit. Eta ez da gizatxarra... Nire adimena garatu nahi du...
— Ikusten dut Kautskyk nola garatzen duen zure adimena —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek, ahots zoliz eta aurpegia horiturik. Hori esandakoan, bortizki sakatu zuen hormako botoia Gaurko gertaerak ezin argiago erakusten du. Zina!
— Zina! —oihukatu zuen Bormentalek.
— Zina! —egin zuen deiadar Sharikov izutuak.
Lasterka iritsi zen Zina, zurbil.
— Zina, harrera-gelan... Harrera-gelan dago?
— Bai, harrera-gelan —erantzun zuen Sharikovek, otzan berdea da, menaslorea bezala.
— Liburuxka berde bat...
— Eta orain erre egingo du —oihukatu zuen Sharikovek, etsia harturik estatuarena da, liburutegikoa!
— Zein da liburuaren izenburua? Gutunak dira... zera... Engelsek eta deabru horrek elkarri idatzirikoak... Bota sutara!
Zinak ziztu bizian alde egin zuen.
— Adar batetik esekiko nuke Shvonder, bene-benetan diotsut —oihukatu zuen Filip Filipovitxek, eta amorruz erantsi zizkion hortzak indioiloaren hego bati zorne-zorro bat bezala daukagu etxean gizon zital harrigarri hori. Eta, gainera, zentzurik gabeko artikulu iraingarriak idazten ditu egunkarietan...
Sharikovek gorrotoz eta ironiaz begiratu zion profesoreari begi-ertzetik. Filip Filipovitxek, berriz, etsaitasunezko begirada bat egotzi zion eta isildu egin zen.
«Oi, uste diat honek ez diola onik ekarriko gure etxebizitzari», pentsatu zuen Bormentalek bat-batean, profetikoki.
Zinak eskuinaldea gorrixka eta ezkerraldea gorrimina zituen budin bat eta kafeontzia ekarri zituen erretilu biribil batean.
— Nik ez dut hori jango —jakinarazi zuen Sharikovek berehala, mehatxuz eta etsaitasunez.
— Inork ez dizu eskaini. Behar bezala joka ezazu. Doktorea, mesedez.
Isiltasunean amaitu zen bazkaria.
Sharikovek zigarreta zimurtu bat atera zuen sakelatik eta kea botatzen hasi zen. Kafea edandakoan, Filip Filipovitxek, erlojuari begiratu, eta malgukia sakatu zuen, eta erlojuak zortziak eta laurden jo zituen, doinu gozoz. Filip Filipovitxek, ohi zuenez, gorputza aulkiaren bizkarralde gotikoan atsedendu, eta besoa luzatu zuen egunkaria mahaitxotik hartzeko.
— Doktorea, mesedez, zoaz berarekin zirkura. Baina, Jainkoarren, egitarauan katurik ez dagoela egiaztatu.
— Nolatan onartuko dute zirkuan horrelako jendailarik? —ohartarazi zuen Sharikovek, bekozko ilunez eta buruari ezker-eskuin eraginez.
— Batek daki nor onartzen duten hor —erantzun zuen Filip Filipovitxek, esanahi lausoz Zer dute?
— Solomoskirenean —hasi zen irakurtzen Bormental Jiussems izeneko lau eta heriotzari erronka jotzen dion gizona.
— Zer dira Jiussems horiek? —jakin nahi izan zuen Filip Filipovitxek, irudikor.
— Batek daki. Hitz hori topatzen dudan lehen aldia da.
— Orduan, hobe begiratzen baduzu zer dagoen Nikitindarrenean. Ezinbestekoa da dena argi eta garbi egotea.
— Nikitindarrenean... Nikitindarrenean... mmm... elefanteak eta giza trebetasunaren mukurua.
— Ondo dago hori. Zer deritzezu elefanteei, Sharikov maitea? —galdetu zion Filip Filipovitxek Sharikovi, mesfidantzaz.
Sharikov mindu egin zen.
— Ez dakit zergatik galdetzen didazun hori! Katuena beste kontu bat da. Elefanteak animalia baliagarriak dira —erantzun zuen Sharikovek.
— Ederto. Baliagarriak direnez, zoaz eta begira iezaiezu. Bete itzazu Ivan Arnoldovitxen esanak. Eta besteren elkarrizketetan ez sartu tabernan! Ivan Arnoldovitx, arren eskatzen dizut Sharikovi garagardorik ez emateko.
10 minutu geroago, Ivan Arnoldovitx eta Sharikov zirkura abiatu ziren. Sharikovek ahate-mokodun kapela bat zeraman buruan, eta oihalezko beroki bat soinean, lepoa jasorik. Baretasuna nagusitu zen etxean. Filip Filipovitx bere langelan sartu zen. Lanpara piztu zuen pantaila berde astunaren azpian, eta langela eskerga oso leku atsegina bilakatu zen horren eraginez. Hori egindakoan, gela urratsekin neurtzen hasi zen. Zigarroaren muturrak luzaz eta biziki distiratu zuen su berde motel batez. Profesoreak galtzetako sakeletan sartu zituen eskuak, pentsamendu larri batek jakintsu-bekoki soilguneduna oinazetzen ziola. Mihiaz klask egin eta hortz artean abesten zuen «Nilo sakratuaren ertzean...», eta zer edo zer murduskatzen zuen. Azkenean, zigarroa hautsontzian utzi, goitik beheraino beirazkoa zen armairu batera hurbildu, eta sabaiko hiru lanpara ahaltsuek langela osoa argiztatu zuten. Filip Filipovitxek flasko estu bat hartu zuen armairutik, beirazko hirugarren apaletik, eta, bekokia zimurturik, arreta handiz aztertu zuen lanpararen argitan. Flaskoko isurkari garden eta lodian, hondora erori gabe, igeri zegoen bolatxo zurixka txiki bat, Sharikoven burmuinaren barru-barrutik erauzia. Sorbaldak apur bat jasoz, ezpainak okertuz eta hortz artean marmarka, Filip Filipovitxek tinko begiratzen zion, Pretxistenka kaleko etxeko bizitza azpikoz gora irauli zuen gertaera harrigarriaren arrazoia hondoratu gabe igeri zegoen bolatxo zuri horretan igarri nahi balu bezala.
Inondik ere, igarri zuen, oso gizon jakintsua baitzen. Behinik behin, nekatu arte burmuinaren luzakinari begira egon eta gero, flaskoa armairuan sartu, atea giltzaz itxi, giltza koratiloko sakelan gorde, eta, burua sorbalden artean hondoraturik eta eskuak jakako sakeletan barru-barruraino sarturik, dibaneko larruaren gainera abaildu zen. Luzaz jardun zuen bigarren zigarro bat erretzen, zeharo hozkatu zion muturra, eta, azkenean, bakar-bakarrik, distira berde batez inguraturik, Fausto ileurdin baten antzera, oihu egin zuen:
— Uste dut erabaki egingo naizela, bai horixe.
Inork ez zion erantzun horri. Itzali egin ziren etxebizitzako hots guztiak. Jakina denez, Obukhov kalezuloan mugimendua baretu egiten da 11etan. Noizetik noizera, oso gutxitan, oinezko beranduturen baten pauso urrunak entzuten ziren, non edo non zarata egiten zuten errezelez bestaldean, eta berehala itzaltzen ziren. Langelan, erlojuaren malgukiak leunki hots egiten zuen sakelatxoan Filip Filipovitxen hatzen azpian... Profesorea berantetsirik zegoen, Bormental eta Sharikov zirkutik noiz itzuliko.
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales