VI
Neguko arratsalde bat zen. Urtarrilaren amaiera. Bazkalordua baino lehen, kontsulten ordua baino lehen. Harrera-gelako atearen goiko habean paper-orri zuri bat zegoen esekirik, eta hau zeukan idatzirik, Filip Filipovitxen eskuaz:
«Debekaturik dago etxean ekilore-haziak jatea. F. Preobrajenski.»
Eta, arkatz urdinez, talo-itxurako letra lodietan, Bormentalen eskuaz:
«Debekaturik dago arratsaldeko 5etatik goizeko 7ak arte musika-tresnak jotzea.»
Gero, Zinaren eskuaz:
«Itzultzen zarenean, esan Filip Filipovitxi ez dakidala nora joan den. Fiodorrek esan du Shvonderrekin dagoela.»
Preobrajenskiren eskuaz:
«Ehun urte egon beharko dut beiragilearen zain?»
Daria Petrovnaren eskuaz (moldiztegiko letretan):
«Zina dendara joan da, ekarriko duela esan du.»
Jangelan arratsaldeko iluntasuna zen nagusi, lanpararen zetazko pantailaren kariaz. Arasako argia bitan banaturik hedatzen zen, beirak alderik alde zeharka gurutzaturiko paper-zerrendez finkaturik baitzeuden. Filip Filipovitx, mahai gainera makurturik, egunkariaren irakurketan murgildu zen, orri erraldoietako bat aurrean zabaldurik zeukala. Haserrearen suak aurpegia itxuragabetzen zion, eta loturarik gabeko hitz osagabeak murduskatzen zituen hortz artean. Albiste bat irakurtzen ari zen:
«Inolako zalantzarik gabe, bere seme sasikoa du (gizarte burges ustelduan esaten zuten bezala). Horra nola jostatzen den gure burgesia sasijakintsua! Haietako bakoitzak zazpi gela erabili ahal izan ditu, harik eta, tximista gorri baten antzera, justiziaren ezpata argitsuak haien gainean distiratu duen arte.
Shb....p»
Bi horma harago balalaika jotzen ari zen norbait, ekin eta ekin, trebetasun adoretsuz, eta Ilargiaren distira doinuaren bariazio sotilaren hotsak albisteko hitzekin nahasten ziren Filip Filipovitxen buruan, halako ahi nardagarri bat eratuz. Irakurtzen amaitu zuenean, listurik bota gabe sorbalda gainetik tu egin eta, ohartzeke, ezpain artean abesten hasi zen:
— Ilargi-i-iaren distira... ilargi-i-iaren distira... ilargi-i-iaren distira... Puf!, buruan sartu zait doinu madarikatu hori!
Txirrina jo zuen. Zinaren aurpegia agertu zen oihalezko errezel lodien artean.
— Esaiozu 5ak direla, jotzeari uzteko eta hona etortzeko, mesedez.
Filip Filipovitx mahaiaren alboko besaulkian eseririk zegoen. Zigarro-punta gaztainkara bati eusten zion ezker eskuko hatzen artean. Ateko errezel lodien aldamenean zutik, ate-uztarrian bermaturik eta zangoak gurutze, gizon txiki eta itxura gozakaitzeko bat zegoen. Buruko ileak tente hazten zitzaizkion, landa jorratu bateko zuhaixkak balira bezala, eta bilo moztu gabez estalirik zeukan aurpegia. Harrigarria gertatzen zen bekokiaren zapala. Bekain beltz ile-nahasiek pintzel bi gogorarazten zituzten, eta buruko adats sarri latza ia tarterik gabe hasten zen haien gainean bertan.
Haren jaka tarrataturik zegoen ezkerreko galtzarbean eta lasto-izpiak zituen nonahi, galtza marradunek urratu bat zuten ezkerreko belaunean eta zikingune lilakolore bat eskuinekoan. Gizakumearen lepo inguruan zeru-kolore urdin mineko gorbata bat zegoen loturik, eta gorbatako orratzak errubi faltsu bat zeukan apaingarri. Gorbataren kolorea hain zen bizia, ezen, noizean behin, Filip Filipovitxek, begi nekatuak itxi, eta zuzi gartsu bat ikusten baitzuen iluntasun beltzean, noiz sabaian, noiz horman, argi-koroa urdin batez inguraturik. Begiak ireki orduko, berriro itsutzen zen, zeren lurretik, kolore-sorta zabalduz, azpantar zuriek eta larru bernizdunezko zapatek ikusmenari eraso egiten baitzioten.
«Bazirudik eskalapoiak dauzkala oinetan», pentsatu zuen Filip Filipovitxek, sentipen gozakaitz batez; arnasa sakon hartu, sudurretik putz egin, eta atxiki bat eman zion zigarro itzaliari. Ateko gizakumeak begi ilun samarrez begiratzen zion profesoreari eta zigarreta bat erretzen zuen, errautsa alkandoraren paparrera erortzen zitzaiola.
Hormako erlojuak bostak jo zituen zurezko ganga azpibeltzaren alboan. Erlojuaren barruan zer edo zer intzirika ari zen oraindik Filip Filipovitxek elkarrizketari ekin zionean.
— Oker ez banago, gutxienez bi aldiz esan dizut ez lo egiteko sukaldeko etzalekuan, are gutxiago egunez.
Gizakumeak eztul egin zuen, indarrez, eztarrian hezurtxo bat trabatu balitzaio bezala, eta erantzun zuen:
— Sukaldeko airea atseginagoa da.
Haren ahotsa berezia zen, sorra eta ozena aldi berean, upel txiki batetik irtengo balitz bezala.
Filip Filipovitxek, buruari ezker-eskuin eragin, eta galdetu zuen:
— Nondik atera duzu itsuskeria hori? Gorbataz ari naiz.
Gizontxoak, begiradarekin hatzari jarraituz, begiak bere ezpain irtenaren gainetik okertu eta maitasunez begiratu zion gorbatari.
— Zergatik «itsuskeria»? —ekin zion Gorbata dotorea da, Daria Petrovnaren opari.
— Bada, Daria Petrovnaren opari hori itsusi-itsusia da, zapatak bezalaxe. Zer da gero purtzilkeria distiratsu hori? Nondik atera dituzu? Zer esan nizun? Zapata e-go-ki-ak erosteko; eta zer da hori, ordea? Ez didazu esango Bormental doktoreak zapata horiek aukeratu dizkizula!
— Ez, nik agindu nion txarolezkoak erosteko. Zer dugu, baina?, ni jendea baino txarragoa naiz, ala? Zoaz Kuznetski kalera, han denek eramaten dituzte txarolezkoak.
Filip Filipovitxek, buruari eragin, eta larderiaz esan zuen:
— Ez duzu gehiago lo egingo sukaldeko etzalekuan. Ulertzen? Zer lotsagabekeria da hori? Enbarazu egiten duzu. Emakumeak egoten dira hor.
Gizakumeak, bekozko iluna jarri, eta ezpainak luzatu zituen.
— Hor emakumeak egoten dira, bai. Eta? Hori dama parea! Neskame arrunt-arruntak dira, baina komisario bi baino harroputzagoak. Eta Zinka hori salatari hutsa da.
Filip Filipovitxek zorrotz begiratu zion:
— Etzaiozula Zinari Zinka deitu! Ulertu duzu?
Isiltasuna.
— Galdetu dizut ea ulertu duzun!
— Ulertu dut.
— Ken ezazu zabor hori lepotik. Begiratu zeure... heure... zeure buruari ispiluan, begiratu nolako itxura duzun. Bufoia ematen duzu. Ez bota zigarreta-puntarik lurrera, ehungarren aldia da hori eskatzen dizudala. Ez dut entzun nahi irain-hitz gehiagorik etxe honetan! Ez tu egin! Hor daukazu listu-ontzia. Behar bezala erabili txizatokia. Eta solasaldi gehiagorik ez Zinarekin. Kexu da ilunpetan zelatatzen duzulako. Kontuz ibili, gero! Lehengo egunean nork erantzun zion paziente bati «Jainko txakurrak daki»? Tabernan zaudela uste duzu, ala?
— Uste dut gogorregi hartzen nauzula, aitatxo —esan zuen bat-batean gizakumeak, negar-antzean.
Filip Filipovitx gorri jarri zen, betaurrekoek ñir-ñir egin zioten.
— Nor da hemen zure aitatxo? Zer da familiartasun hori? Ez dut hitz hori berriro entzun nahi! Izenaz eta patronimikoaz dei iezadazu!
Ozartasuna piztu zen gizakumearen begitartean.
— Ez tu egin. Ez erre. Ez joan horra... Horrela ari zara denbora guztian. Zer da hau, gero! Tranbian gaudela ematen du. Zergatik ez didazu bizitzen uzten? Eta «aitatxo» deitzeari dagokionez, alferrik ari zara. Nik eskatu nizun ebakuntza egiteko, ala? —gizakumea haserre biziz zaunkaka ari zen Hau da hau! Animalia bat harrapatu, labanarekin burua ireki, eta orain arbuiatu egiten dute. Nik ez nizun baimenik eman ebakuntza egiteko. Ezta... —gizakumeak sabaira begiratu zuen, adierazpideren bat gogoratu nahi balu bezala ... nire senideek ere. Zu auzitara eramateko eskubidea dut.
Filip Filipivotxen begiak biribil-biribil zabaldu ziren, zigarroa eskutik erori zitzaion. «Hau tipoa!», pentsatu zuen une labur batez.
— Gizaki bihurtu zaitugu, eta hala ere ez zaude pozik? —galdetu zion, begiak ñarroturik Beharbada, aukeran nahiago duzu berriz ere zabortegiz zabortegi ibili? Atari-azpietan izoztu? Ondo da, jakin izan banu...
— Zabortegiak, zabortegiak... Zergatik leporatzen didazu hori behin eta berriro? Eguneroko ogi-puska lortzen nuen horrela. Eta ebakuntzan hil banintz? Zer erantzuten diozu horri, tobaritxa?
— Filip Filipovitx! —lehertu zen, garrasika, Filip Filipovitx Ni ez naiz zure tobaritxa! Mustrokeria handiagorik!
«Hau amesgaiztoa duk, amesgaiztoa», egin zuen bere artean.
— Ez, jakina, horrelakorik bururatzea ere... —esan zuen gizakumeak, ironiaz, eta zangoak zabaldu zituen garailearen harrotasunaz ulertzen dugu. Nolatan izango gara gu zure tobaritxak? Nondik nora? Guk ez dugu unibertsitatean ikasi, gu sekula ez gara bizi izan 15 gela eta komunak dituzten etxebizitzetan. Baina, orain, amaitu da hori guztia. Gaur egun nork bere eskubideak ditu...
Filip Filipovitxek zurbil entzuten zuen gizakumearen arrazoibidea. Hark solasa eten zuen, eta, arranditsu, hautsontzira hurbildu zen, zigarreta hozkatua eskuan. Baldarra zen ibileran. Luzaz egon zen zigarretaren punta hautsontzian zapaltzen, begitarteak honakoa argi adierazten zuela: «Har ezak hori!». Zigarreta itzalitakoan, hortzak klaskatu zituen eta galtzarbean sartu zuen sudurra.
— Arkakusoak hatzekin harrapatzen dira! Hatzekin! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, amorru biziz Ez dut ulertzen nondik ateratzen dituzun!
— Zer uste duzu?, hazi egiten ditudala? —mindu zitzaion gizakumea Inondik ere, gogoko naute arkakusoek —hori esanik, mahukaren barruko forradura haztatu, eta kotoi-puska gorrixka arin bat atera zuen.
Filip Filipovitxek sabaiko girlandetara jaso zituen begiak eta hatzekin mahaia atabalatzen hasi zen. Gizakumea, arkakusoa hildakoan, urrundu eta aulki batean eseri zen, besoak behera eroririk eta eskuak jakaren papar-hegalei erantsirik. Parketean josi zituen begiak. Bere zapatei begira zegoen, eta horrek atsegin handia ematen zion. Filip Filipovitxek zapaten punta kamutsek biziki distiratzen zuten aldera begiratu zuen; begiak ñarrotu eta esan zuen:
— Zein da jakinarazi nahi zenidan beste kontua?
— Beste kontua? Kontu erraza da. Nortasun-agiria behar dut, Filip Filipovitx.
Dardara arin batek hartu zuen Filip Filipovitx.
— Jum... Deabrua! Nortasun-agiria! Egia da... Mmm... tira, beharbada, nola edo hala konpon daiteke hori... —haren ahotsak doinu zalantzati eta goibela zuen.
— Mesedez —erantzun zuen gizakumeak, ziurtasunez nolatan ibiliko naiz nortasun-agiririk gabe? Barkatu, baina lehenbailehen behar dut. Zuk zeuk ondo dakizunez, nortasun-agiririk ez duenak zorrotz debekaturik dauka izatea bera. Hasteko, etxeko batzordea...
— Zer ikusteko du honetan etxeko batzordeak?
— Zer ikusteko duen? Nirekin topo egiten duten bakoitzean, zera galdetzen didate, noiz erroldatuko zara, jaun agurgarri hori?
— Jainko maitea! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, goibel Zurekin topo egiten dute, galdetzen dizute... Susmatzen dut zer esaten diezun. Gainera, debekatu egin dizut eskaileretan usnaka aritzea.
— Zer, preso naukazu, ala? —harritu zen gizakumea, eta zuzen zegoelako segurantza piztu zitzaion are errubian bertan ere Eta zergatik esan duzu «usnaka aritzea»?! Zure hitzak iraingarri samarrak dira niretzat. Ni ibili egiten naiz, jende guztia bezala.
Hori esateaz batera, parketa jo zuen larru bernizdunezko zapatekin.
Filip Filipovitx isilik geratu zen eta bazterrera jiratu zituen begiak. «Nolanahi ere, neure buruaren jabe izan behar diat», pentsatu zuen. Arasaraino joan, eta edalontzi bete ur edan zuen arnasa batean.
— Ondo da —esan zuen, lasaiago hitzak ez dira kontua. Orduan, zer dio zure batzorde kuttun horrek?
— Zer esango du ba! Eta bidegabeki iraintzen duzu kuttuna deituz. Batzordeak interesak babesten ditu.
— Noren interesak? Esadazu, mesedez.
— Gauza jakina da: langileriarenak.
Filip Filipovitxek zabal-zabal ireki zituen begiak.
— Eta zu langilea zara, ez da?
— Jakina, ez naiz merkataria.
— Tira, ondo da. Beraz, zer behar du batzordeak zure interes iraultzaileak babesteko?
— Argi dago zer behar duen: ni erroldatzea. Zera esaten didate, ea Moskun noiz ikusi den erroldatu gabe bizi den gizakumerik. Hori, hasteko. Eta garrantzitsuena: soldadutzarako txartela. Ez dut desertorea izan nahi. Eta, gainera, sindikatua, estatuaren lan-bulegoa...
— Baina, azal iezadazu, mesedez, non erroldatuko zaitut? Zamau honetan ala nire pasaportean? Zeren, nolanahi ere, kontuan hartu behar dugu zure egoera! Ez ahaztu zu... zera... mmm... zu, nola esango nuke?, ustekabean agerturiko izaki bat zarela, laborategikoa. —Filip Filipovitxek gero eta ziurtasun ahulagoz hitz egiten zuen.
Gizakumea isil-isilik zegoen, garaile-antzean.
— Ondo da. Labur esanik, zer egin behar dugu zu erroldatzeko eta dena zure batzorde horren egitasmoen arabera antolatzeko? Kontua da ez duzula ez izenik ez abizenik.
— Ez da bidezkoa hori esatea. Izena nik neuk aukera dezaket lasai asko. Egunkarian argitaratu, eta kito.
— Eta nola deitu nahi diozu zeure buruari?
Gizakumeak, gorbata zuzen jarri, eta erantzun zuen:
— Poligraf Poligrafovitx.
— Ez izan ergela —erantzun zion Filip Filipovitxek, bekozko ilunez serio ari naiz zurekin hizketan.
Irribarre maltzur batek gizakumearen bibotea okertu zuen.
— Bada gauza bat ulertzen ez dudana —esan zuen, alai eta zentzudun Ezin dut zure ama aipatu. Ezin dut tu egin. Baina zuri gauza bakarra entzuten dizut: «Ergela, ergela». Antza denez, Resefeseren profesoreek bakarrik dute zilegi iraintzea.
Filip Filipovitx gorri-gorri jarri zen, eta edalontzia hautsi zitzaion, une horretan betetzen ari baitzen. Beste batetik edan eta gero, pentsatu zuen: «Hemendik gutxira, irakaspenak ematen hasiko zaidak, eta arrazoi osoa izango dik. Ez nauk gai neure burua menderatzeko».
Aulkian jiratu, neurriz gaineko jendetasunez makurtu, eta gogortasun latzez esan zuen:
— Bar-katu. Dantzari dauzkat nerbioak. Bitxia iruditu zait zure izena. Gustatuko litzaidake jakitea nondik atera duzun.
— Etxeko batzordeak proposatu dit. Egutegia arakatzen ari ginen, eta esan didate: zein nahi duzu? Eta aukeratu dut.
— Ezinezkoa da inongo egutegitan horrelako izenik agertzea.
— Harrigarri samarra da hori —gizakumeak irribarre txikia egin zuen izan ere, azterketa-gelan daukazu esekirik.
Filip Filipovitxek, altxatu gabe, atzerantz bermaturik, hormako paperean zegoen botoia sakatu zuen, eta, txirrin-hotsa entzunik, Zina agertu zen.
— Azterketa-gelako egutegia.
Etenaldia egin zuten. Zina egutegiarekin itzuli zenean, Filip Filipovitxek galdetu zuen:
— Non?
— Martxoaren 4an ospatzen da.
— Erakutsi... Jum... Deabrua... Bota hau sutara, Zina, oraintxe bertan.
Zina, izuaren izuz zabal-zabalik begiak, egutegiarekin joan zen, eta gizakumeak ezker-eskuin eragin zion buruari, gaitzespenez.
— Eta jakin dezaket zein abizen aukeratu duzun?
— Ados nago oinordetzaz dagokidana hartzearekin.
— Nola? Oinordetzaz? Zein?
— Sharikov.
* * *
Etxeko batzordeko lehendakaria, Shvonder, zutik zegoen langelako mahaiaren aurrean, larruzko jaka batez jantzirik. Bormental doktorea besaulkian eseririk zegoen, Filip Filipovitxengandik hurbil. Hotzak gorriturik zeuzkan masailak (itzuli berria zen), eta haren aurpegiak Filip Filipovitxenak bezain harridura handia agertzen zuen.
— Zer idatzi behar dut? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, luzetsirik.
— Zer? —hasi zen Shvonder Ez da batere zaila. Ziurtagiri bat idatzi behar duzu, herritar profesorea. Hau dela eta bestea dela, agiri hau aldean daramana Sharikov Poligraf Poligrafovitx dela benetan eta... zera... zure etxean jaio dela.
Bormental urduri mugitu zen besaulkian, txunditurik. Filip Filipovitxek biboteari tira egin zion.
— Jum... Deabrua! Ezin dut ergelkeria handiagorik irudikatu. Bera ez da jaio, inola ere ez, besterik gabe... zera... hitz batean...
— Jaio den ala ez, zure arazoa da —esan zuen Shvonderrek, poz gaizto lasai batez Azken batean, zeuk egin duzu esperimentua, profesorea! Zeuk sortu duzu Sharikov herritarra.
— Oso erraz gainera —egin zuen zaunka Sharikovek liburuen armairutik. Gorbatari tinko begira zegoen, ispiluko sakontasun hondogabean islatzen baitzen.
— Biziki eskertuko nizuke —zapuztu zitzaion Filip Filipovitx elkarrizketan ez sartzea. Arrazoirik gabe esan duzu «oso erraz gainera», ez da batere erraza izan.
— Zergatik ezin naiz sartu elkarrizketan? —murduskatu zuen Sharikovek, mindurik.
Shvonderrek haren alde egin zuen berehala.
— Barkatu, profesorea, Sharikov herritarrak arrazoi osoa du. Eskubidea du bere zoriari buruzko eztabaidan parte hartzeko, batez ere kontuan izanik nortasun-agiriaz ari garela. Nortasun-agiria munduko gauzarik garrantzitsuena da.
Une horretan, edonor gortzeko moduko zarata hurbil batek elkarrizketa eten zuen. Filip Filipovitxek, telefonoaren mintzagailua hartu, eta esan zuen: «Bai»... Gorritu, eta garrasika hasi zen:
— Mesedez eskatzen dizut huskeriekin ez eragozteko. Zuri zer axola dizu horrek?
Eta indarrez eseki zuen mintzagailua bere kakoan.
Alaitasun zerutiar bat jabetu zen Shvonderren aurpegiaz.
Filip Filipovitxek, gorri-gorri, oihu egin zuen:
— Buka dezagun behingoz!
Koaderno batetik orri bat kendu, presaka hitz batzuk idatzi, eta, amorru biziz, ozenki irakurri zuen:
— «Behean sinatzen duenak ziurtatzen du»... Arraioa... Jum... «Paper hau aldean daramana burmuinean ebakuntza eginik laborategiko esperimentu baten bidez lorturiko gizakia dela eta, beraz, ez duela nortasun-agiririk»... Mila deabru! Ni honelako agiri ergelen kontra nago erabat. Sinatzailea: «Preobrajenski profesorea».
— Bitxi samarra da gero, profesorea —mindu zitzaion Shvonder Nolatan esan dezakezu honelako agiriak ergelak direla? Nik ezin dut onartu nortasun-agiririk gabeko bizilagunik etxean, eta hemengo hau, gainera, poliziak ez dauka errejistraturik soldadutzarako zerrendan. Eta bat-batean gerra hasiko balitz harrapari inperialisten kontra?
— Ni ez naiz joango inongo gerratan borrokatzera! —egin zuen oihu bat-batean Sharikovek, bekozko ilunez, liburuen armairuaren aldamenetik.
Shvonder harri eta belarri eginik geratu zen, baina laster seneratu zen eta adeitasunez ohartarazi zion Sharikovi:
— Sharikov herritarra, arduragabetasun izugarri handiz hitz egiten ari zara. Ezinbestekoa da soldadutzarako zerrendan errejistraturik egotea.
— Errejistratuko naiz, baina gerrara joan, ezta pentsatu ere —zakartu zen Sharikov, gorbataren korapiloa antolatzen zuen bitartean.
Orduan, Shvonderri egokitu zitzaion harritzeko txanda. Preobrajenskik gaiztotasunez eta goibel begiratu zion Bormentali: «To morala! Hori nahi zenuen, ez da?». Bormentalek baiezkoa egin zuen buruaz, oso modu adierazkorrean.
— Zauri larriak ditut ebakuntzaren ondorioz —egin zuen intziri Sharikovek, bekozko iluna jarririk begira, begira nola utzi nauten —eta burua seinalatu zuen. Ebakuntzako orbain berri-berriak alderik alde zeharkatzen zion bekokia.
— Zu anarkista indibidualista zara? —galdetu zuen Shvonderrek, bekainak gora jasorik.
— Nik soldadutzatik salbuetsirik geratzeko eskubidea dut —erantzun zion Sharikovek.
— Tira, ondo da, oraingoz horrek ez du garrantzirik —erantzun zuen Shvonder harrituak Profesorearen ziurtagiria poliziari bidaliko diogu eta nortasun-agiria egingo dizute.
— Zera... —moztu zion ustekabean Filip Filipovitxek, ideiaren batek nabarmenki estuturik baduzu gelarik libre etxean? Erosi egingo nizuke.
Txinpart horixkak agertu ziren Shvonderren begi gaztainkaretan.
— Ez, profesorea, tamal handiz. Eta gerora ere ez dut izango.
Filip Filipovitxek ezpainak estutu zituen eta ez zuen ezer esan. Telefonoak ero legez jo zuen berriro. Filip Filipovitxek, ezer galdetu gabe, isilik hartu zuen mintzagailua bere kakotik, hain bortizki, ezen apur batean jirabiraka aritu eta bere hari urdinetik zintzilik geratu baitzen. Zirgit egin zuten denek. «Zainak airean zegok zaharra», pentsatu zuen Bormentalek, eta Shvonder, begiak bi txinpart eginik, buru-makurtua egin eta han joan zen.
Sharikov haren atzetik abiatu zen, oinetakoek kirrinka egiten ziotela.
Profesorea bakarrik gelditu zen Bormentalekin. Isilune labur baten ondotik, Filip Filipovitxek astiro eragin zion buruari eta esan zuen:
— Hau amesgaiztoa da, benetan. Ikusi duzu? Zin egiten dizut, doktore maitea, bi aste hauetan azken 14 urteotan baino gehiago nekatu naizela! Nolako tipoa! Jakinarazi behar dizut ezen...
Beira bat zarata sorra eginez hautsi zen gelatik urrun; gero, emakume baten garrasi itoa entzun zen une batez, eta bertantxe itzali zen. Halako indar eragabe batek korridorearen bi aldeak jo zituen, azterketa-gelako bidean, han zalaparta izugarria sortu, eta atzera itzuli zen berehala. Ateak danbadaka hasi ziren, eta sukaldean Daria Petrovnaren oihu apala entzun zen. Gero, uluka hasi zen Sharikov.
— Jainkoarren, zer dugu orain? —oihukatu zuen Filip Filipovitxek, oldar bizian aterantz zihoala.
— Katua —egin zuen kontu Bormentalek, eta lasterka joan zen haren atzetik. Zangoen eginahal guztian joan ziren harrera-gelara korridorean barrena, oldarrean sartu ziren biak han, handik korridorera jo zuten eta komunera eta bainugelara abiatu ziren. Zinak, sukaldetik lasterka irten, eta tupust egin zuen Filip Filipovitxen kontra.
— Zenbat aldiz esan dizuet ez dudala katurik nahi etxean? —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, amorru bizian Non dago? Ivan Arnoldovitx, Jainkoaren izenean, zoaz harrera-gelara pazienteak lasaitzera!
— Bainugelan, bainugelan dago deabru madarikatu hori —egin zuen garrasi Zinak, arnasestuka.
Filip Filipovitxek indarrez bultzatu zuen bainugelako atea, baina ez zen ireki.
— Ireki ezazu oraintxe bertan!
Erantzun gisa, zer edo zer jauzika hasi zen bainugela itxiko hormetan, garbiontziak zarataz erori ziren lurrera, Sharikoven ahots basatiak orro sorra egin zuen ateaz bestaldean:
— Berton hilko haut...
Urak zarata egin zuen hodietan eta isurtzen hasi zen. Filip Filipovitx indarrez bermatu zen atean eta bere erroetatik ateratzen saiatu zen. Daria Petrovna sukaldeko atean azaldu zen, izerditan blai eta aurpegia antzaldaturik. Gero, bainugelako sabaiaren azpian bertan sukaldera ematen zuen beira handia alderik alde pitzatu zen, bi beira-puska erori ziren lurrera, eta haien ondotik katu erraldoi batek jauzi egin zuen kanpora. Marra tigrekarak zituen, eta udaltzain-itxura ematen zion begizta urdin argi bat lepo inguruan. Mahaian zegoen azpil luze baten gainera erori zen zuzen-zuzenean, bi zatitan puskatu zuen, azpiletik lurrera jaitsi zen, gero hiru hanken gainean atzera jiratu zen eta airean eragin zion eskuinekoari, dantzan ari balitz bezala, eta zerbitzarien eskailerara ematen zuen zirritu estutik sartu zen berehala. Zirritua handitu egin zen, eta adineko emakume buruzapidun baten aurpegiak ordeztu zuen katua. Emakume adintsuaren gona orban zuriz betea sukaldean sartu zen. Emakume adintsuak, hatz erakuslearekin eta lodiarekin bere aho horzgabea xukatu, bere begi handitu eta zorrotzekin sukaldea arakatu, eta jakin-minez esan zuen:
— Oi, ene Jesus!
Filip Filipovitxek, zurbil, sukaldea zeharkatu zuen eta larderiatsu galdetu zion emakume adintsuari:
— Zer nahi duzu?
— Begiratu bat eman nahi nioke txakurtxo hiztunari —erantzun zuen, ahots-doinu gozoz, emakume adintsuak, eta gurutzearen seinalea egin zuen.
Filip Filipovitx are zurbilago jarri zen, ondo-ondoraino hurbildu zitzaion emakumeari eta ahots itoz xuxurlatu zion belarrira:
— Ospa sukaldetik, segituan!
Emakume adintsua atzeraka joan zen ateraino, eta mindurik esan zuen:
— Zure jokabidea oso lotsagabea da, profesore jauna.
— Ospa esan dizut! —errepikatu zuen Filip Filipovitxek, eta hontzarenak bezain biribil jarri zitzaizkion begiak. Danbada batez itxi zuen zerbitzarien atea emakume adintsuaren atzean Daria Petrovna, lehenago ere esana dizut!
— Filip Filipovitx —erantzun zuen Daria Petrovnak, etsia harturik eta ukabilekin beso biluziak estutuz Zer egin ahal dut nik? Jendea samaldaka etortzen da egunero, etxera indarrez sartu nahirik. Dena bertan behera uzteko gogoa ematen dit!
Urak sor eta larderiatsu egiten zuen burrunba bainugelan, baina ez zen ahotsik berriro entzun. Bormental doktorea sartu zen.
— Ivan Arnoldovitx, arren eskatzen dizut... jum... zenbat paziente daude?
— Hamaika —erantzun zuen Bormentalek.
— Bidali denak etxera, gaur ez dut inor hartuko.
Filip Filipovitxek, hatz-koskorrez atea jo, eta oihu egin zuen:
— Irten zaitez oraintxe bertan! Zergatik itxi zara?
— Au-au! —erantzun zuen Sharikoven ahotsak, erostari eta ahul.
— Mila deabru!... Ez dut ezer entzuten, itxi ura.
— Guau! Guau!...
— Itxi ezazu ura, bada! Zer egin ote du? Ez dut tutik ulertzen... —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, sutan.
Zina eta Daria Petrovna sukaldetik begira zeuden, atea irekirik. Filip Filipovitxek berriro jo zuen atea, ukabilaz.
— Hemen dago! —egin zuen garrasi Daria Petrovnak sukaldetik.
Filip Filipovitxek heriosuhar jo zuen hara. Sabai azpiko leiho hautsian Poligraf Poligrafovitxen aurpegia agertu zen, sukaldera begira. Kizkurturik zegoen, begiak negartsu, eta odol isuri berriak su-kolorez gorrituriko atzaparkada luzea zeukan sudurrean.
— Zoratu egin zara? —galdetu zion Filip Filipovitxek Zergatik ez zara irteten?
Sharikovek, gogoilun eta beldurrez atzera begiratu, eta erantzun zuen:
— Itxirik geratu naiz.
— Eragin kisketari. Inoiz ez duzu kisketarik ikusi, ala?
— Ez da mugitzen, madarikatua! —erantzun zuen Poligrafek, izuturik.
— Ene Jainkoa! Segurtagailuaz itxi du! —egin zuen oihu Zinak, eta espantuz jaso zituen besoak.
— Hor bada botoi txiki bat! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek, uraren zarata baino ozenago hitz egiten saiatuz saka ezazu beherantz... Beherantz sakatu! Beherantz!
Desagertu zen Sharikov, eta minutu bat geroago berriro azaldu zen leihoan.
— Ez dut ezer ikusten —egin zuen zaunka leihoan, ikaraturik.
— Bada, piztu lanpara! Amorruak hartu du!
— Katutzar horrek txiki-txiki egin du lanpara madarikatua —erantzun zuen Sharikovek eta, gainera, piztia zital horri hanketatik heltzen saiatu naizenean, bere lekutik atera dut uraren giltza, eta orain ezin dut inon aurkitu.
Hirurek espantuz jaso zituzten besoak eta horrelaxe gelditu ziren.
Bost minutu geroago, Bormental, Zina eta Daria Petrovna elkarren aldamenean eseririk zeuden tapiz bustiaren gainean, atearen oinean biribilkatua baitzuten, eta ate azpiko zirrituaren kontra estutzen zuten ipurmamiekin, eta Fiodor atezaina, berriz, sabaileihoraino igotzen ari zen zurezko eskailera batetik, eskuan Daria Petrovnaren eztei-kandela zeukala, pizturik. Haren atzealde lauki gris zabalez jantzia une batez azaldu zen airean eta irekigunean desagertu zen berehala.
— Au... au, au! —Sharikov zer edo zer oihukatzen ari zen uraren burrunbaren erdian.
Fiodorren ahotsa entzun zen:
— Filip Filipovitx, edonola ere, ireki egin behar dugu atea. Irten dadila ura, sukaldetik xurgatuko dugu gero.
— Ireki ezazu! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, haserre.
Tapizetik altxatu ziren hirurak, bainugelako atea bultzatu zuten, eta ura bertantxe isuri zen korridorera, parrastan eta indarrez. Korridorean, hiru uholdetan banatu zen: bata zuzen-zuzen komunerantz, aurrez aurre baitzegoen, bestea eskuinetara sukalderantz, eta hirugarrena ezkerratara harrera-gelarantz. Plisti-plasta eta jauzika, Zinak danbadaz itxi zuen atea. Ura orkatiletaraino zeukala irten zen Fiodor, arrazoiren batengatik irribarrez. Blai-blai eginik zegoen burutik oinetaraino.
— Ondo kostata eten dut isuria, urak presio handia zekarren —azaldu zuen.
— Non da bera? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, eta, madarikazioka, zango bat altxatu zuen.
— Ez da ausartzen irteten —jakinarazi zion Fiodorrek, irribarre zozoa eginez.
— Jo egingo nauzu, aitatxo? —iritsi zen bainugelatik Sharikoven ahotsa, negar-antzean.
— Babo arraioa! —erantzun zuen Filip Filipovitxek, labur.
Zinak eta Daria Petrovnak, oinetakorik gabe eta gonak belaunetaraino bildurik, eta Sharikovek eta atezainak, oinutsik eta galtzak gora jasorik, trapu bustiak jaurtitzen zituzten sukaldeko zorura, eta zakarrontzian eta harraskan urgabetzen zituzten gero. Sutegia marruka ari zen, inork kontu egiten ez ziola. Ura eskailera zaratatsura irteten zen ate azpitik, zurubi-zulora zuzen, eta handik sotora erortzen zen.
Bormentalek, harrera-gelako putzu sakonean oin-puntetan tente, jendearekin negoziatzen zuen ate doi bat irekitik zehar, katetxoaz itxirik baitzeukan.
— Gaur ez dago kontsultarik, profesorea ondoezik dago. Urrundu atetik, mesedez, ur-hodi bat lehertu zaigu...
— Eta noiz hartuko nau? —ekin zion ahots batek ateaz bestaldean minutu bat baino ez dut behar...
— Ezin dut —Bormental orpoetan bermatu zen, oin-puntak altxaturik profesorea ohean dago, eta ur-hodia lehertu egin zaigu. Itzuli bihar, mesedez. Zina! Laztana! Xukatu inguru hau, bestela ura eskailera nagusira helduko da eta.
— Trapuek ezin dute ur gehiago hartu.
— Pitxerrekin bilduko dugu, berehala —erantzun zuen Fiodorrek berehala.
Txirrinak behin eta berriro jotzen zuen, eta ordurako Bormental oin-zolen gainean zegoen uretan.
— Noiz izango da ebakuntza? —tematzen zen ahots bat, norbaitek ate-zirritutik sartzeko ahaleginak egiten zituen bitartean.
— Ur-hodi bat lehertu da...
— Eskalapoiak jantziko ditut...
Silueta urdinkarak agertzen ziren ateaz bestaldean.
— Ezinezkoa da, etorri bihar, mesedez.
— Baina gaurko daukat ordua.
— Bihar. Hondamendia gertatu zaigu ur-hodiekin.
Fiodor eginahalean ari zen doktorearen oinen inguruan, aintziraren erdian, pitxer batekin urari ekin eta ekin, eta Sharikov atzaparkadaz josiak bide berri bat asmatua zuen. Trapu izugarri handi bat biribilean bildu, sabelaz behera uretan etzanik jarri, eta ura harrera-gelatik komunerantz bultzatzen hasi zen.
— Zertan habil, deabru hori? Etxebizitza osoan barreiatzen ari haiz ura! —haserretu zitzaion Daria Petrovna Harraskara bota.
— Zergatik harraskaraino eraman? —erantzun zuen Sharikovek, ur uherra eskuetan hartuz eskailera nagusira helduko da laster.
Korridoretik aulkitxo bat irten zen kirrinka eginez, eta Filip Filipovitx tente jarri zen haren gainean, aldaroka oreka gordez, galtzerdi marradun urdinak jantzirik.
— Ivan Arnoldovitx, utziozu erantzuteari eta zoaz logelara, oinetakoak emango dizkizut.
— Eskerrik asko, Filip Filipovitx, ez kezkatu nitaz.
— Gutxienez, jantzi eskalapoiak.
— Ez du merezi, dagoeneko busti-bustirik dauzkat oinak.
— Ai, ene Jainkoa! —muzindu zen Filip Filipovitx.
— Bai animalia kaltegarria! —egin zuen bat-batean Sharikovek, eskuan zopa-ontzi bat zekarrela kukubilko itzuli berria baitzen.
Bormentalek danbadaz itxi zuen atea, eta, barregurari ezin eutsirik, irri-karkaraka hasi zen. Filip Filipovitxi sudur-zuloak puztu zitzaizkion, eta betaurrekoek ñir-ñir egin zioten.
— Nortaz ari zara? —galdetu zion Sharikovi aulkitxoaren gainetik Horixe jakin nahi nuke.
— Katuaz ari naiz. Bilaua alaena! —erantzun zuen Sharikovek, begiak baztertuz.
— Sharikov —erantzun zuen Filip Filipovitxek, arnasa hartuz sekula ez dut zu baino izaki lotsagabeagorik ikusi, benetan.
Bormentalek irribarre txikia egin zuen, isil-gordeka.
— Lotsagaldu hutsa zara —jarraitu zuen Filip Filipovitxek Nola ausartzen zara hori esaten? Zure erruz gertatu da hau guztia, eta, hala ere, ausartu egiten zara... Hau jasanezina da! Bai horixe!
— Sharikov, esadazu, mesedez —ekin zion Bormentalek noiz arte ibiliko zara katu-harrapaketan? Lotsa eman beharko lizuke! Sumingarria da! Basati hutsa zara!
— Basatia ni? Zer dela eta? —erantzun zuen Sharikovek, bekokia zimurturik Ni ez naiz basatia. Ez dago jasaterik katu hori etxean. Ahal duen guztia lapurtzea beste asmorik ez du. Okela xehatua jan dio Dariari. Eskarmentu on bat eman nahi nion.
— Zuk behar duzu eskarmentu on bat! —erantzun zuen Filip Filipovitxek begira iezaiozu zeure aurpegiari ispiluan.
— Begia atera ez didanean! —erantzun zuen Sharikovek, goibel, begia esku busti zikinarekin ukituz.
Parket hezetasunak belztua apur bat lehortu zenean, ispilu guztiak ur-lurrunez gandutu ziren, bainuetxeetakoak bezala, eta txirrin-hotsak eten egin ziren. Filip Filipovitx zutik zegoen harrera-gelan, eskuan ahuntz-larruzko txapin gorri bi zeuzkala.
— Hartu, Fiodor, zuretzat.
— Mila esker.
— Aldatu jantziak oraintxe bertan. Eta joan Daria Petrovnarengana edalontzi bete vodka edatera.
— Mila esker. —Fiodorrek zango batetik bestera aldatu zuen gorputzaren zama, urduri, eta gero esan zuen Bada beste kontu bat, Filip Filipovitx. Barkamena eskatzen dizut, lotsa handia ematen dit esateak, baina... zera... 7. etxebizitzako leihoa da arazoa... Sharikov herritarra harriak botatzen ibili da...
— Katu bati? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, begitartea ilundurik, hodei batek itzal egin balio bezala.
— Bai zera, etxeko nagusiari berari. Salatu egingo duela esan dio.
— Deabrua!
— Sharikovek haien sukaldaria besarkatu du, eta etxeko nagusia kanpora bidaltzen saiatu da. Hitz batean, liskarraldia izan dute.
— Jainkoaren izenean, gertatu bezain laster jakinaraz iezazkidazu beti horrelako gauzak! Zenbat zor dizut?
— Errublo bat eta erdi.
Filip Filipovitxek, berrogeita hamar kopekeko hiru txanpon distiratsu atera, eta Fiodorri eman zizkion.
— Horrelako gizatxar baten erruz errublo bat eta erdi ordaintzea ere! —entzun zen ahots sor bat atean bera izan da...
Filip Filipovitx atzera jiratu zen; ezpainak hozkatu, ezer esan gabe Sharikov harrera-gelaraino bultzaka eraman, eta giltzaz itxi zuen han. Sharikov bertantxe hasi zen ukabilekin atea barrutik jotzen.
— Aski da! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek, ahotsa nabarmenki gaitziturik.
— Egia esan —ohartarazi zuen Fiodorrek, oso modu adierazkorrean neure bizitza osoan ez dut lotsagabe handiagorik ikusi.
Bormental agertu zen orduan, lur azpitik irten balitz bezala.
— Filip Filipovitx, ez aztoratu, mesedez.
Eskulapio bihoztunak harrera-gelako atea ireki zuen, eta haren ahotsa iritsi zen handik:
— Zer da hau, gero! Tabernan zaudela uste duzu, ala?
— Hori da eta! —gaineratu zuen hitzetik hortzera Fiodorrek Hori da... Belarrondoko on bat merezi du...
— Ez horrelakorik esan —murduskatu zuen Filip Filipovitxek, goibel.
— Barkatu, Filip Filipovitx, pena ematen didazu.
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales