V

 

BORMENTAL DOKTOREAREN EGUNKARITIK

        Koaderno mehea, idazteko orri arrunten tamainakoa. Bormentalen letraz bete-betea. Lehen bi orrialdeetakoa txukuna, argia eta sarria; gainerakoetakoa trakets samarra eta urduria, tinta-orbanez josia.

 

1924ko abenduaren 22a. Astelehena.

Txosten klinikoa

 

        Laborategiko txakurra, 2 urte ingurukoa. Arra. Arraza: nahasia. Izena: Sharik. Ilajea bakana, tximatsua, soilguneekin eta izpil gorrixkekin. Buztana esne labean egosiaren kolorekoa. Guztiz orbainduriko erredura baten arrastoak eskuineko saihetsean. Elikadura profesoreak jaso zuen arte, txarra; aste beteko egonaldiaren buruan, lodi-lodi. Pisua: 8 kg. (Harridura-ikurra.) Bihotza, birikak, urdaila, tenperatura...

        Abenduaren 23a. Arratsaldeko 8:30ean Preobrajenski profesorearen metodoaren araberako ebakuntza egin dugu, horrelako lehena Europan: kloroformoz anestesiaturik, barrabilak erauzi dizkiogu Shariki, eta ebakuntza egin baino 4 ordu eta 4 minutu lehenago hil den 28 urteko gizonezko bati kendu eta Preobrajenski profesorearen metodoaren arabera isurkari fisiologiko esterilizatuan gorderik eduki ditugun barrabilak jarri dizkiogu haien ordez, beren luzakin eta hodi seminiferoekin.

        Gero, etenik gabe, garunaren hezur-estalkia trepanatu dugu, burmuinaren luzakina (hipofisia) erauzi dugu eta giza hipofisi bat jarri dugu haren lekuan, goian aipaturiko gizonezko horrena.

        8 zentimetro kubiko kloroformo erabili ditugu, 1 xiringa alkanfor, eta 2 xiringa adrenalina bihotzean.

        Ebakuntzaren helburua: hipofisia eta barrabilak batera transplantatzea, esperimentu gisa. Preobrajenski profesoreak bi auzi argitu nahi zituen esperimentu horren bidez: hipofisiak zenbaterainoko gaitasuna duen organismo berri batera egokitzeko eta luzarora nolako eragina izan dezakeen giza organismoaren gaztetzean.

        F. F. Preobrajenski profesoreak egin du ebakuntza.

        I. A. Bormental doktorea izan du laguntzaile.

        Ebakuntzaren ondoko gauean: pultsuaren ahultze kezkagarriak behin eta berriz. Hiltzeko arrisku larria. Alkanfor-dosi izugarri handiak Preobrajenskiren metodoaren arabera.

        Abenduaren 24a. Goizean, hobekuntza. Arnasa bi aldiz azkarragoa, tenperatura 42. Alkanforra eta kafeina azal azpian.

        Abenduaren 25a. Okerrera berriro. Pultsua ozta-ozta atzematen zaio, hankak hotz, begi-niniek ez dute erreakzionatzen. Adrenalina bihotzean, alkanforra Preobrajenskiren metodoaren arabera, isurkari fisiologikoa zainetan.

        Abenduaren 26a. Nolabaiteko hobekuntza. Pultsua 180, arnasa 92, tenperatura 41. Alkanforra, enemak.

        Abenduaren 27a. Pultsua 152, arnasa 50, tenperatura 39,8, begi-niniek erreakzionatu egiten dute. Alkanforra azal azpian.

        Abenduaren 28a. Hobekuntza nabaria. Eguerdian izerdia bat-batean, tenperatura 37,0. Ebakuntzako zauriak lehen bezalaxe. Lotailu berriak. Jateko gogoa. Elikatze likidoa.

        Abenduaren 29a. Bekokiko eta enborraren alboetako ilea erortzen hasi zaio bat-batean. Aholku eskatu diegu Vasili Vasilievitx Bundarev larruazalaren eritasunen katedrako profesoreari eta Moskuko Albaitaritza Institutuaren zuzendariari. Esan dutenez, medikuntza-liburuetan ez dago horrelako beste ezein kasuren aipamenik. Ez da diagnostikorik egin. Tenperatura, normala.

 

(Arkatzez idatzia.)

 

        Arratsaldean lehen zaunka egin du (8 h 15 min). Aipatzekoak dira tinbrearen bat-bateko aldaketa eta tonuaren apaltzea. «Au, au» egin beharrean, «a-o» hotsak ebaki ditu, eta doinuak intziriaren nolabaiteko antza eman dio zaunkari.

        Abenduaren 30a. Ile-erortzea alopezia orokor bilakatu da. Pisatzearen emaitza ustekabekoa izan da: 30 kg, hezurrak hazi (luzatu) izanaren ondorioz. Txakurra ohean etzanik dago, lehen bezala.

        Abenduaren 31. Jateko gogo izugarria.

        (Tinta-orbana koadernoan. Tinta-orbanaren ondoan letra presatua.)

        Eguerdiko 12:12an txakurrak «A-b-i-r» zaunkatu du argi eta garbi.

        (Tarte zuria koadernoan, eta gero, inondik ere zirrararen ondorioz, akats bat):

        Abenduaren 1a. (Marraturik, zuzendurik) 1925eko urtarrilaren 1a. Goizean argazkiak egin dizkiogu. Argi eta garbi zaunkatzen du «Abir», hitz hori ozen eta alai-antzean errepikatuz. Arratsaldeko 3etan (letra handiz) barre egin du, eta zorabioa eragin dio Zina neskameari. Arratsaldean 8 aldiz jarraian esan ditu «Abir-valg» eta «Abir» hitzak.

        (Arkatzez, letra etzanaz): profesoreak «Abir-valg» hitza deszifratu du, «Glavriba» esan nahi du... Ikaratzekoa...

        Urtarrilaren 2a. Argazkiak egin dizkiogu magnesio-argiaren aurrean irribarre egiten zuen bitartean. Ohetik altxatu da eta ordu erdiz irmo eutsi dio gorputzari atzeko hanken gainean. Nire garaiera berekoa da gutxi gorabehera.

        (Koadernoari erantsitako orri batean.)

        Errusiako zientzia galera handia izateko zorian egon da.

        F. F. Preobrajenski profesorearen txosten klinikoa.

        1:13an Preobrajenski profesoreak zorabio larria izan du. Lurrera erotzean aulki baten hanka jo du buruarekin. Belar bedeinkatuzko tintura.

        Zina eta biok bertan ginela, txakurrak (txakurra deitzerik badago, jakina) Preobrajenski profesorearen ama iraindu du.

 

* * *

 

        (Oharren etena.)

 

        Urtarrilaren 6a. (Hitz batzuk arkatzez, beste batzuk tinta morez.)

        Gaur buztana erori zaio, eta gero «garagardotegia» esan du, ezin argiago. Fonografoa lanean ari da. Hau bai harrigarria.

 

* * *

 

        Ez dut ezer ulertzen.

 

* * *

 

        Profesoreak ez du pazienterik hartzen. Arratsaldeko 5az geroztik birao gordinak eta «atera beste bi» hitzak entzuten dira azterketa-gelan, izakia batera eta bestera baitabil hor.

        Urtarrilaren 7a. Hitz asko esaten ditu: «Kotxezaina», «Ez dago lekurik», «Arratsaldeko egunkaria», «Haurrentzako oparirik onena» eta errusierak dituen irain-hitz guztiak.

        Itxura bitxia du. Buru gainean, kokotsean eta bularrean soilik geratu zaio ilea. Gorputzaren gainerakoa soila du, azal bigunez estalia. Sexu-organoen aldean gizonezko baten forma hartzen ari da. Burezurra izugarri hazi zaio. Bekokia irtena eta zapala du.

 

* * *

 

        Jainko maitea!, zoratu egingo naiz.

 

* * *

 

        Filip Filipovitx ondoezik dago oraindik. Nik egiten dut behaketa-lan gehiena. (Fonografoa, argazkiak.)

 

* * *

        Albistea ahoz aho dabil hirian.

 

* * *

 

        Ondorioak ezin neurtuzkoak dira. Gaur arratsaldean alferrontziz eta atso zaharrez beterik egon da kalezulo osoa. Orain ere begiluze batzuk daude leihoen azpian. Goizeko egunkarietan ohar harrigarri hau azaldu da: «Obukhov kalezuloko martetarrari buruzko zurrumurruek ez dute inolako funtsik. Sukhariovka plazako merkatariek zabaldu dituzte, eta zigor latza jasoko dute horregatik». Deabrua, zein martetarrez ari dira, gero? Hau amesgaizto hutsa da.

 

* * *

 

        Vetxernaia egunkarikoa are hobea izan da: biolina jotzen duen umetxo bat jaio dela idatzi dute. Eta irudi bat erantsi diote albisteari: biolin bat eta nire argazki txiki bat, eta argazkiaren azpian hitz hauek: «Preobrajenski profesorea, amari zesarea egin dion medikua». Ezin sinetsizkoa da hau guztia... Beste hitz bat esaten du: «Polizia».

 

* * *

 

        Nonbait, Daria Petrovna nitaz maitemindurik egon zen garai batean, eta nire argazkia hartu zuen Filip Filipovitxen albumetik. Gero, kazetariak etxetik bidali ditugunean, haietako bat sukaldean sartu da eta abar.

 

* * *

        Kontsulta-orduak zoratzekoak dira! Gaur 82 dei izan ditugu. Deskonektatu egin dugu telefonoa. Dama antzuak zoratu egin dira eta saldoka etortzen zaizkigu...

 

* * *

 

        Etxeko batzorde osoa etorri da, Shvonder buru. Zertara? Haiek ere ez zekiten.

        Urtarrilaren 8a. Arrats beranduan diagnostikoa erabaki dugu. Filip Filipovitxek, behar bezalako zientzialaria denez, bere hutsegitea ezagutu du: hipofisia aldatzeak ez du gaztetzen, baizik eta erabateko gizaki bihurtzen (hiru aldiz azpimarraturik). Dena dela, horrek ez dio balio-izpirik ere kentzen haren aurkikuntza miragarri eta txundigarriari.

        Gaur, lehen aldiz ibili da etxebizitzan barrena. Barre egin du korridorean, lanpara elektrikoari begira. Gero, Filip Filipovitx eta biok lagun gintuela, langelara joan da. Finko eusten dio gorputzari atzeko hanken gainean (marraturik) ... giza zangoen gainean, eta gizonezko txiki eta ixuragabe baten antza du.

        Barre egin du langelan. Haren barrea gozakaitza da eta artifiziala ematen du. Gero, hatz egin du garondoan, ingurura begiratu du, eta ezin argiago ahoskatu duen beste hitz bat idatzi dut: «Burgesak». Birao egin du. Biraoak sistematikoak dira, etengabeak, eta, itxuraz, zeharo zentzugabeak. Nolabaiteko izaera fonografikoa dute: dirudienez, izakiak non edo non entzun ditu lehenago birao-hitzok, automatikoki gorde ditu burmuinean, ohartu gabe, eta orain denak batera esaten ditu noizean behin. Hala ere, ni ez naiz psikiatra, mila deabru!

        Ez dakit zergatik, baina birao horiek harrigarriro nahigabetzen dute Filip Filipovitx. Batzuetan, bertan behera uzten du fenomeno berrien behaketa neurritsu eta hotza, eta egonarria galtzen duela ematen du. Halatan, biraoa entzun bezain laster, urduri oihukatu du:

        — Aski da!

        Horrek ez du inolako ondoriorik ekarri.

        Langelako osteratxoa amaiturik, bion artean azterketa-gelan sartu dugu berriro Sharik.

        Gero, bilera izan dugu Filip Filipovitxek eta biok. Aitortu behar dut lehen aldiz ikusi dudala burunahasirik gizon ziur eta harrigarriro buruargi hori. Ohi bezala ezpain artean abestuz, galdetu du: «Zer egingo dugu orain?». Eta berak erantzun du, honela hitzez hitz: «Moskvoshveia, bai... Sevillatik Granadara. Moskvoshveia, doktore maitea...». Ez dut ezer ulertu. Argitu egin dit: «Ivan Arnoldovitx, mesedez, erosi berarentzako aldagarriak, galtzak eta jaka».

        Urtarrilaren 9a. Bost minutuz behin (batez beste) lexikoa hitz berri batez aberasten da, eta gaurko goizaz geroztik esaldiz ere bai. Badirudi buruan izozturik zeuzkala eta orain urtu eta kanpora irteten direla. Behin hitz bat aterata, erabiltzen jarraitzen du. Atzoko arratsaldeaz geroztik, fonografoak hauek jaso ditu: «Ez bultzatu», «Gizatxarra», «Jaitsi hadi pikabuztanetik», «Larrutik ordainduko duk», «Amerikak aintzat hartu gaitu», «Petrolio-labetxoa».

        Urtarrilaren 10a. Janzteari ekin diogu. Gogo onez utzi digu barruko elastikoa janzten, barre eta guzti egin du, alai. Galtzazpiei uko egin die, oihu erlatsez protesta eginez: «Banan-banan, sasikumeok, banan-banan!». Jantzi dugu azkenean. Galtzerdiak handiegi dauzka.

        (Marrazki eskematikoak koadernoan. Itxura guztien arabera, txakur-hankak giza zango nola bilakatzen diren irudikatzen dute.)

        Oin-zolako hezurduraren atzeko erdia luzatzen ari da. Behatzen hazkundea. Azazkalak.

        Komuna erabiltzen irakasteko saio sistematiko eta etengabeak. Neskamea zeharo lur jota dago.

        Nolanahi ere, aipatzekoa da izakiaren adimen argia. Gauzak ezin hobeto doaz.

        Urtarrilaren 11. Erabat ohitu da galtzetara. Esaldi luze eta barregarri bat esan du: «Zigarrotxo bat eman, zuloak dituk galtzetan».

        Buruko zurdak leunak ditu, zeta-antzekoak. Erraza da iletzat hartzea. Dena dela, parietalean orban gorrixkak geratu zaizkio. Gaur belarrietako azken ile-izpiak erori zaizkio. Jangura izugarria. Gogo biziz jaten ditu sardinzar ketuak.

        Arratsaldeko 5etan gertaera gogoangarri bat jazo da: lehen aldiz, izakiaren hitzak ez dira izan inguruko gorabeherekiko loturarik gabeak, haien ondorioa baizik. Hain zuzen ere, profesoreak oihuka esan dio: «Ez bota janari-hondarrik lurrera», eta berak hitzetik hortzera erantzun du: «Utzi bakean, zorri horrek!».

        Filip Filipovitx harri eta zur eginik gelditu da; gero, bere onera etorri da eta esan du:

        — Inoiz berriro doktorea edo ni iraintzen bagaituk, astinaldi ederra emango diat.

        Une horretan argazki bat egiten ari nintzaion Shariki. Zin egiten dut ulertu dituela profesorearen hitzak. Itzal goibel batek aurpegia ilundu dio. Haserre samar begiratu dio, begi-ertzetik, baina isildu egin da.

        Ufa!, ulertu egiten du!

        Urtarrilaren 12a. Eskuak galtzetako sakeletan sartzen ditu. Biraoak botatzeko ohitura kentzeko ahaleginak egiten ari gara. Oi, sagartxoa abestia txistukatu du. Elkarrizketari lotzeko gai da.

        Ezin dut etsi hipotesi batzuk azaldu gabe. Oraingoz, doala deabruetara gaztetzearen kontua. Bestea askoz ere garrantzitsuagoa da: Preobrajenski profesorearen esperimentu miragarriak giza burmuinaren misterioetako bat argitu du. Orain badakigu zein den hipofisiaren (burmuinaren luzakinaren) funtzio enigmatikoa. Giza gorpuzkera taxutzen du. Haren hormonak organismoko garrantzitsuenak direla esan dezakegu: gorpuzkeraren hormonak dira. Arlo berri bat zabaldu da zientziaren eremuan: homunkulu bat sortzea lortu da Faustoren inolako erretortarik gabe. Kirurgialariaren eskalpeloak gizaki berri bat ekarri du bizitzara. Preobrajenski profesorea, kreatzaile zara. (Tinta-orbana.)

        Baina gaiaz beste egin dut... Lehen esan bezala, elkarrizketari lotzeko gai da. Nire hipotesiaren arabera, hau gertatu da: behin organismo berrira egokiturik, hipofisiak mintzamenaren zentroa ireki du txakurraren burmuinean, eta hitzak parrastaka irteten hasi dira. Nire ustez, garatzen ari den burmuin berpiztu bat dugu aurrean, eta ez berriro sorturiko burmuin bat. Oi, bilakaeraren teoriaren berreste miragarria! Oi, txakurrarengandik Mendeleiev kimikariarenganainoko katearen luzea! Beste hipotesi bat ere badut: bere bizitzako txakurraldian Shariken burmuinak ezin konta ahal nozio metatu zituen. Aurrena erabili dituen hitz guztiak kaleko hitzak dira; burmuinean gordetzen zituen entzun ahala. Orain, kalean nabilenean, ezkutuko izuz begiratzen diet bidean topatzen ditudan txakurrei. Batek daki zer daukaten gorderik burmuinean.

        Sharikek irakurri egiten zuen. Irakurri (3 harridura-ikur). Igarri egin diot. Glavriba hitzari esker. Hain zuzen ere, atzekoz aurrera irakurtzen zuen. Eta badakit zein den enigma horren azalpena: txakurraren nerbio optikoen etena.

 

* * *

 

        Moskun gertatzen ari dena giza adimenak ezin ulertuzkoa da. Sukhariovka plazako zazpi merkatari espetxean daude jadanik, boltxevikeek munduaren azkena ekarri diguten zurrumurrua zabaltzeagatik. Daria Petrovnak kontatu digu hori, eta egun zehatza ere esan digu: 1925eko azaroaren 28an, San Stefan martiriaren egunean, Lurrak zeruaren ardatzaren kontra joko du... Iruzurti batzuk hitzaldiak ematen hasi dira. Hain da handia hipofisiarekin sortu dugun iskanbila, ezen etxetik lasterka alde egiteko gogoa ematen baitu. Berak hala eskaturik, Preobrajenskiren etxebizitzara aldatu naiz, eta harrera-gelan igarotzen dut gaua, Sharikekin batera. Azterketa-gela harrera-gela bihurtu da. Azkenean, zuzen zegoen Shvonder. Etxeko batzordea pozez zoratzen dago gure ezbeharrak direla eta. Armairuetan ez da beira bat bera ere geratzen, Shariken jauzien ondorioz. Nekez lortu dugu ohitura hori kentzea.

 

* * *

 

        Filipi zerbait arraroa gertatzen zaio. Nire hipotesiez eta Sharikengan oso nortasun psikiko handia garatzeko itxaropenaz hitz egin diodanean, purrustada egin eta honela erantzun dit: «Hala uste duzu?». Haren tonua goibela zen. Oker ote nabil? Zaharrak zerbait darabil buruan. Nik txosten klinikoa idazten dudan bitartean, berak buru-belarri aztertzen du hipofisia kendu diogun gizonari buruzko txostena.

 

* * *

 

        (Koadernoari erantsitako orri batean.)

 

        Klim Grigorievitx Txugunkin, 25 urte, ezkongabea. Alderdirik gabea, jarraitzalea. 3 aldiz epaitua eta absolbitua: lehen aldian, froga nahikorik ez zegoelako; bigarrenean, bere jatorriak salbatu zuen; hirugarrenean, 15 urteko espetxe-zigorra eta baldintzapeko askatasuna. Lapurretak. Lanbidea: balalaika jotzen du tabernetan.

        Txikia, itxuragabea. Gibela handitua (alkohola). Heriotzaren zergatia: labankada bat bihotzean garagardotegi batean («Stop-Signal», Preobrajenski atetik hurbil).

 

* * *

 

        Zaharrak Klimen txosten klinikoa aztertzen du begiak behin ere jaso jabe. Ez dut ulertzen zer gertatzen den. Zer edo zer murduskatu du, anatomia patologiko sailean Txugunkinen gorpua osorik aztertzea bururatu ez zitzaiola edo horrelako zerbait esanez. Ez dut ulertzen zer gertatzen den. Ez al da berdin hipofisia norena zen?

        Urtarrilaren 17a. Zenbait egunez ez dut ezer idatzi: gripea izan dut. Denbora horretan, giza gorpuzkera guztiz eratu da:

        a) goitik beherako gizona gorputzaren egituraz;

        b) gutxi gorabeherako pisua: 3 pud;

        c) garaiera txikia;

        d) buru txikia;

        e) erretzen hasi da;

        f) giza janaria jaten du;

        g) laguntzarik gabe janzten da;

        h) aise hitz egiten du.

 

* * *

 

        Zorioneko hipofisia (tinta-orbana).

 

* * *

 

        Amaiera ematen diot txosten kliniko honi. Organismo berri bat dugu aurrean; hasiera-hasieratik ikertu behar dugu.

        Eranskina: ohar estenografikoak, fonografoaren grabazioak, argazkiak.

        Sinadura: F. F. Preobrajenski profesorearen laguntzailea

 

Bormental doktorea.

 

 

 

© Mikhail Bulgakov

© itzulpenarena: Jose Morales

 

 

"Mikhail Bulgakov / Txakur-bihotza" orrialde nagusia