IV
Ebakuntza-mahai estuaren gainean, luze-luze etzanik zegoen Sharik txakurra, eta haren burua indarrik gabe pilpiraka ari zen hulezko bururdiaren kontra. Sabela larru huts zeukan ordurako, eta orain, arnasa estu eta presaka, Bormental doktoreak haren burua soiltzen ziharduen, ilea mozteko makinatxoa tximen azpian sartuz. Filip Filipovitx, esku-azpiak mahaiaren muturrean bermaturik, begiak betaurrekoen urrezko uztaiak bezain distiratsu, jarduera horri adi zegoen eta gogo beroz mintzo zen.
— Ivan Arnoldovitx, aulki turkiarrera iristen naizen bezain laster, hipofisia eman eta josten hasi berehala, mesedez. Hori izango da ebakuntzaren une erabakigarria. Orduan odoljariorik bada, denbora eta txakurra, biak galduko ditugu. Dena dela, bestela ere ez du inolako aukerarik —lipar batez isildu, begiak ñarrotu, txakurraren begi maltzurki-antzean erdi irekiei begiratu bat eman, eta gaineratu zuen Badakizu?, erruki dut. Izan ere, lege handia hartu diot.
Hori esateaz batera, gorantz jaso zituen besoak, Sharik txakur dohakabea bere balentria gaitzagatik bedeinkatzen ari balitz bezala. Goma beltzean hauts-izpirik txikiena ere jar ez zekion ahalegintzen ari zen.
Txakurraren azal zurixka dirdirka hasi zen ile moztuaren azpian. Bormentalek, makinatxoa utzi, eta bizar-aitzurra hartu zuen. Txakurraren burutxo indargabea xaboitu zuen eta ile-hondarrak mozten hasi zen. Karranka-hots ozena entzuten zen bizar-xlaflaren azpian, odola agertu zen hor-hemen. Burua soildutakoan, bentzinaz bustiriko kotoi-puska batez igurtzi zuen hozkatuak; gero, txakurraren sabel biluzia tenkatu, eta arnaska esan zuen: «Prest dago».
Zinak konketaren gaineko txorrotaren giltza ireki zuen, eta Bormental bizkor joan zen eskuak garbitzera. Zinak flasko bateko alkoholaz busti zizkion.
— Joan naiteke, Filip Filipovitx? —galdetu zuen Zinak, begi-ertzetik txakurraren buru ile-moztuari beldurrez begiratzen ziola.
— Bai, joan zaitezke.
Desagertu zen Zina. Bormentalek lanean jarraitu zuen. Gazazko oihal-zerrendatxo mehe batzuk ipini zituen Shariken buruaren inguran, eta, orduan, inork inoiz ikusi ez bezalako txakur-burezur soil bat eta mutur bizardun bitxi bat azaldu ziren bururdiaren gainean.
Une horretan, doi bat mugitu zen sakrifizioburua. Gorputza tentetu, txakurraren buruari begiratu, eta esan zuen:
— Orain, Jainkoak bedeinka nazala. Xixta.
Bormentalek labanatxo sabel-handi bat hartu zuen mahaitxoaren gaineko tresna-pila distiratsutik eta sakrifizioburuari eman zion. Gero, sakrifizioburuarenak bezalako eskularru beltzak jantzi zituen.
— Lo dago? —galdetu zuen Filip Filipovitxek.
— Lo dago.
Filip Filipovitxek hortzak estutu zituen, haren begitxoek halako zorroztasun ziztagarri batez distiratu zuten, eta, labanatxoari airean eraginik, ebaki luze eta zuzen-zuzena egin zuen Shariken sabelean. Azala bertantxe zabaldu zen, eta odola indarrez zipriztinka isuri zen hainbat lekutatik. Bormental harrapari baten gisan inguratu zen eta gazazko bolatxoak jartzen hasi zen Shariken zaurian; gero, azukre-koskorrak hartzeko erabiltzen direnen moduko pintza txiki batzuk erabiliz, estu bildu zituen zauriaren ertzak, eta odoljarioa eten zen. Bormentalen bekokia izerdi-tantaz bete zen. Filip Filipovitxek beste ebaki bat egin zuen, eta Shariken gorputza urratzen hasi ziren biak, kakoekin, artaziekin, kizki moduko tresna batekin. Agerian geratu ziren berehala ehun arrosakara eta horixkak, odol-ura zeriela. Filip Filipovitxek batera eta bestera zerabilen xixta gorputzaren barruan, eta halako batean oihu egin zuen: «Artaziak!».
Tresna, une labur batez hozkatuaren eskuetan agertu, eta ziplo desagertu zen, hozkatua eskujokaria balitz bezala. Filip Filipovitxek barru-barruraino sartu zituen artaziak, eta, apur batean biraka erabili eta gero, hazi-guruinak atera zituen Shariken gorputzetik, haragi-puska batzuk itsatsirik zeuzkatela. Bormentalek, izerditan blai ahaleginaren eta urduritasunaren eraginez, beirazko flasko batera jo zuen lasterka eta beste hazi-guruin batzuk atera zituen handik, bustiak eta eroriak. Profesorearen eta laguntzailearen eskuetan jauzika eta bihurka hasi ziren hari labur eta heze batzuk. Orratz okerrek kirrinka-hots etena egin zuten pintzen kontra, eta hazi-guruin berriak josi zituzten Sharikenen tokian. Sakrifizioburuak, zauritik aldendu, barruan gazazko bolatxo bat sartu, eta agindu zuen:
— Josi azala, doktorea. Laster!
Gero, hormako erloju biribil zurira eraman zituen begiak.
— 14 minutuan egin dugu —esan zuen Bormentalek, hortzak estuturik, eta azal bigunean iltzatu zuen orratz okerra. Gero, urduri jartzen hasi ziren biak, hiltzaile presatu bi balira bezala.
— Xixta! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek.
Xixtak, bere kasa mugituko balitz bezala, haren eskuetara jauzi egin zuen, eta Filip Filipovitxen aurpegiak aire izugarria hartu zuen. Portzelanazko eta urrezko hortz-buruak estutu, eta, xixta-ukaldi bakar batez, marra gorri bat ebaki zuen Shariken bekokian, alderik alde. Azal ile-moztua haragitik bereizi zen, indioek garaikurtzat hartzen duten buru-larrua balitz bezala. Agerian utzi zuten burezurra. Filip Filipovitxek oihu egin zuen:
— Trepanoa!
Bormentalek zulagailu distiratsu bat eman zion. Ezpainak hozkaturik, Filip Filipovitx berehala hasi zen zulagailua sartzen eta Shariken burezurraren inguru guztian zulotxoak egiten, batetik bestera zentimetro baten tartea utziz. Bost segundo baino gutxiago behar izan zituen zulotxo bakoitza egiteko. Gero, forma bitxiko zerra baten muturra sartu zuen lehen zulotxoan, eta zerratzen hasi zen, dama baten jostotzara leuntzen ari balitz bezala. Zerra krisk eta krask ari zen isiltasunean. Hiru minutu geroago, burmuinaren estalkia kendu zioten Shariki.
Orduan, agerian geratu zen Shariken burmuinaren gainaldea, gris, zain urdinxkekin eta orban gorrixkekin. Filip Filipovitxek mintzen artean sartu zituen artaziak eta ebakitzen hasi zen. Bat-batean, odol-zurrustada bat sortu zen, eta gutxik egin zuen profesorearen begietan erori ez zenean eta txanoa busti ez zionean. Bormental, pintza hemostatikoak eskuan, tigre baten abailan inguratu zen eta odoljarioa gerarazteari ekin zion, eta gerarazi zuen. Bormental izerdi-patsetan zegoen, eta haren aurpegi handituak kolore guztiak hartzen zituen. Begiak jauzika zebilzkion profesorearen eskuetatik tresnen mahai gaineko platerera joan-etorrian. Filip Filipovitxek itxura zinez izugarria zuen ordurako. Txistuka irteten zitzaion arnasa sudurretik, hobietaraino ikusten zitzaizkion hortzak. Mintzak urraturik, sakonago sartu zen eta bere barrunbe irekitik atera zuen garuneko hemisferioa. Une horretan, Bormental zurbiltzen hasi zen, eskua Shariken bularrean jarri, eta ahots erlatsez esan zuen:
— Pultsua azkar ahultzen ari zaio...
Filip Filipovitxek basapiztia baten gisan begiratu zion, zer edo zer murduskatu zuen eta are barrurago sartu zen. Bormentalek beirazko anpulu bat kraskatu zuen, xiringa batez barruko isurkaria hartu, eta zitalki ziztatu zuen Sharik bihotzetik hurbil.
— Iritsi naiz aulki turkiarrera —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, eta eskularru labain odolduekin Shariken burmuin gris-horixka atera zuen burutik. Une horretantxe, Shariken muturrerantz okertu zituen begiak, eta Bormentalek beste anpulu bat hautsi zuen eta xiringa luze batera atera zuen barruko isurkari horixka.
— Bihotzean? —galdetu zuen, herabeki.
— Galdetzea ere! —egin zuen orro profesoreak, amorru biziz Dena dela, gutxienez 5 aldiz hil zaizu dagoeneko. Zizta ezazu behingoz! Egundo horrelakorik! —eta, hori zioen bitartean, gaizkile odolgose baten airea hartu zuen.
Doktoreak indarrez eta erraz iltzatu zuen orratza txakurraren bihotzean.
— Bizirik dago, baina ozta-ozta —murmurikatu zuen, herabeki.
— Orain ez dugu astirik bizirik dagoen ala ez eztabaidatzeko —esan zuen, ahots erlatsez, Filip Filipovitx izugarriak aulkian nago. Nolanahi ere, hil egingo da... A, hi, deab... Nilo sakratuaren ertzean... Ekarri hipofisia.
Bormentalek flasko bat eman zion, zeinaren barruko isurkarian halako bolatxo zuri bat baitzegoen hari batetik zintzilik. Esku batez —«Europa osoan ez dik parekorik... ez horixe!», pentsatu zuen Bormentalek lausoki—, Filip Filipovitxek flaskotik atera zuen bolatxo zintzilikaria, eta besteaz haren berdin bat moztu zuen artaziekin Shariken sakonean, garuneko hemisferio irekien artean; platerera bota zuen eta berria jarri zuen burmuinean, hari eta guzti. Bere hatz laburrak mirariz bezala mehe eta zalu, hari anbarkolorea bolatxoaren inguruan biribilkatzea lortu zuen. Gero, tenkagailuak eta pintzak atera zituen txakurraren burutik, ondo finkatu zuen burmuina bere hezur-barrunbean, tente jarri zen eta, lasaiago, galdetu zuen:
— Hil da noski...
— Pultsu harikara —erantzun zuen Bormentalek.
— Adrenalina gehiago.
Profesoreak mintzez estali zuen burmuina, hezur-estalkia bere tokian zehazki kokatu, buru-larrua gainean jarri, eta orro egin zuen:
— Josi!
Bormentalek bost minutuan josi zuen burua, hiru orratz apurturik.
Eta, orduan, Shariken mutur hits bizigabea agertu zen odolez tindaturiko bururdiaren gainean, buruaren inguru guztian zauria zuela. Une horretan, Filip Filipovitxek atzera egin zuen erabat, banpiro asea balitz bezala. Indarrez erantzi zuen eskularru bat, izerdiz bustiriko talko-hauts mordo bat airean barreiatuz, zarrastatu zuen beste eskularrua, lurrera jaurti zuen beregandik urrun eta txirrina jo zuen, hormako botoia sakatuz. Zina alartzean agertu zen, bizkarra emanik Sharik odoldua ez ikusteko. Sakrifizioburuak, eskuak talko-hautsez zuri-zuri, txano odolez zipriztindua erantzi eta oihuka esan zuen:
— Zigarreta bat, Zina, azkar! Azpiko arropa garbia eta bainua.
Kokotsa mahaiaren muturrean bermatu, bi hatzekin txakurraren eskuineko betazala ireki, begi nabariki hil-hurrenari begiratu bat eman, eta esan zuen:
— Mila deabru! Ez da hil. Baina hil egingo da edonola ere. Ai, Bormental doktorea, erruki dut txakurra, maltzurra zen, baina maitekorra.
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales