III
Ertzinguru beltz zabaleko plater lore paradisutarrez margotuetan izokin-xerra meheak eta aingira marinatuak zeuden. Zurezko erretilu astun batean gazta-zati ebaki berri bat, eta zilarrezko ontzi batean, elurrez inguraturik, kabiarra. Plateren artean kopatxo finak eta kristalezko hiru pitxer txiki kolore desberdineko vodkez beteak. Gauza horiek guztiak haritz-zurezko arasa erraldoi baten aldamenean eroso kokaturiko marmolezko mahaitxo txiki batean zeuden, eta arasatik kristalaren zein zilarraren argi-distirak irteten ziren. Gelaren erdian, mahai handi bat, hilobi bat bezalako astuna, zamau zuri batez estalia, eta, zamauaren gainean, jateko bi tresna-sorta, ezpain-zapiak, aita santuaren tiararen antzera tolesturik, eta hiru botilatxo ilun.
Zinak zilarrezko azpil estali bat ekarri zuen, zeinaren barruan marraka ari baitzen zerbait. Hain usain gozoa hedatzen zuen azpilak, ezen txakurrari ahoa ur bihurtu baitzitzaion berehala. «Semiramisen lorategiak!», pentsatu zuen, eta zoruko parketa jotzen hasi zen buztanarekin, makila balu bezala.
— Ekar itzazu hona —agindu zuen Filip Filipovitxek, harrapari baten goseminez Bormental doktorea, mesedez, utzi bakean kabiarra. Eta, aholku on bat nahi baduzu, ez edan vodka ingelesa, Errusiako arrunta baizik.
Hozkatu lirainak —erantzia zuen mantala eta janzki beltz egoki bat zeukan orain soinean bere sorbalda zabalak uzkurtu, gizalegez irribarre egin, eta vodka gardena isuri zuen bere kopara.
— Novoblagoslovenia? —galdetu zuen.
— Jainkoak gorde gaitzala, adiskidea! —erantzun zuen etxeko jaunak Hau alkohola da, Daria Petrovnak vodka bikaina egiten du etxean.
— Ez esan hori, Filip Filipovitx, mundu guztiaren ustez, oso ona da vodka hori, 30 gradu ditu.
— Bai, baina, lehenik eta behin, vodkak 40 gradu izan behar ditu, ez 30 —eten zion Filip Filipovitxek, aditu baten ganoraz eta, bigarrenik, batek daki zer botatzen dioten. Zuk badakizu zer bururatu ahal zaien horiei?
— Edozer —esan zuen hozkatuak, ziurtasunez.
— Bat nator zurekin —gaineratu zuen Filip Filipovitxek, eta arnasa batean hustu zuen eztarrian bere koparen edukia ...mmm... Bormental doktorea, mesedez, dasta ezazu oraintxe bertan jakitxo hau, eta esaten badidazu ez dela... zure etsai amorratua izango naiz bizitza osoan. Sevillatik Granadara...
Hori esateaz batera, ogitxo ilun baten antzeko zerbait hartu zuen atzapar-itxurako sardexka zilarrezkoarekin. Hozkatuak ere halaxe egin zuen. Filip Filipovitxen begiak ñirñirka hasi ziren.
— Txarra da hau? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, mastekatzen zuen bitartean Txarra? Erantzun ezazu, doktore agurgarria.
— Paregabea da —erantzun zuen hozkatuak, egiazale.
— Bai horixe... Kontuan izan, Ivan Arnoldovitx, boltxebikeek oraindik lepoa moztu ez dieten lurjabeek soilik jaten dituztela zizka-mizka hotzak eta zopa. Bere buruari begirune apur bat dion edonork zizka-mizka beroei ekiten die. Eta Moskuko zizka-mizka bero guztien artean, hau da onena. Garai batean, ezin hobeto prestatzen zuten Azoka Eslaviarrean. Hartu, hartu!
— Txakurra jangelan jatera ohitzen baduzu —entzun zen emakumearen ahotsa gero ez da egongo hemendik ateratzeko modurik.
— Ez du axolarik. Jan zaharra da gaixoa. —Filip Filipovitxek sardexkaren muturrean zeukan zizka-mizka eman zion txakurrari, zeinak zalutasun miragarriz hartu baitzuen, eta gero ur-ontzira jaurti zuen sardexka, zarata handiz.
Gero, karramarro-usaineko lurruna altxatu zen plateretatik; txakurra zamauaren itzalpean eseririk zegoen, bolbora-biltegia zaintzen ari den jagolearen antzera. Filip Filipovitx, ezpain-zapi zurrunaren muturra alkandora-lepoaren azpian sarturik, predikatzen hasi zen:
— Jatea, Ivan Arnoldovitx, ez da txantxetako kontua. Jakin egin behar da jaten, baina hara non jende gehienak inondik inora ere ez dakien jaten. Zer jan ez ezik, noiz eta nola jan ere jakin behar da. —Filip Filipovitxek koilarari eragin zion oso modu adierazkorrean Eta zertaz hitz egin jaten den bitartean. Bai. Zure digestioak arduratzen bazaitu, aintzat hartu nire aholku ona, otorduetan ez hitz egin boltxebismoaz edo medikuntzaz. Eta, Jainkoarren, jan aurretik ez irakurri egunkari sobietarrik.
— Jum... Besterik ez dago, ordea.
— Bada, ez irakurri ezer. Hara, 30 behaketa egin ditut nire klinikan. Eta badakizu zein izan den emaitza? Egunkaririk irakurtzen ez duten pazienteak ezin hobeto dabiltza osasunez. Pravda irakurtzera berariaz behartzen nituenak, ordea, argaldu egiten ziren.
— Jum... —erantzun zuen hozkatuak interesez, zoparen eta ardoaren eraginez gorrixkatzen hasirik.
— Eta ez hori bakarrik. Belauneko erreflexuen moteltzea, jateko gogo urria, gogo-aldarte eroria.
— Mila deabru...
— Halaxe da. Baina zertan ari naiz, gero? Ni neu hasi ez naiz, bada, medikuntzaz hizketan!
Filip Filipovitxek, gorputzari atzera eraginik, txirrina jo zuen, eta Zina azaldu zen ate aurreko errezel gerezikolorean. Txakurrari gaiztaka-puska margul eta gizen bat egokitu zitzaion, zeina ez baitzitzaion batere gustatu, eta haren ondo-ondotik roastbeef-xerra odoltsu bat. Hura irentsi bezain laster, txakurrak bat-batean sumatu zuen logale zela eta ezin zuela janari gehiagorik ikusi. «Hau sentipen bitxia —pentsatu zuen, betazalak astun ixten zitzaizkiola nire begiek ez ditek inolako janaririk ikusi nahi. Eta bai ergelkeria galanta jan ondoren erretzeko ohitura hori.»
Jangela ke urdin gogaikarriz bete zen. Txakurra erdi lo zegoen, burua aurreko hanken gainean jarririk.
— Saint-Julien ardo bikaina da —entzun zuen txakurrak amets artean baina orain ez dago inon lortzerik.
Sabaiak eta tapizek itotako koral sor bat entzun zen nonbait, gelaren goiko aldean eta alboetan.
Filip Filipovitxek txirrina jo zuen, eta Zina etorri zen.
— Zinusha, zer esan nahi du horrek?
— Biltzar nagusia egin dute berriro ere, Filip Filipovitx —erantzun zuen Zinak.
— Berriro ere! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, atsekabeturik Oraingoan bai, akabo da Kalabukhov etxea, harenak egin du. Hemendik alde egin beharra dago, baina nora?, hori da arazoa. Betikoa gertatuko da orain. Hasieran abestiak arratsaldero, gero kakalekuetako hodiak izoztuko dira, hurrena lurrun-berogailuaren galdara lehertuko da eta abar. Ez du erremediorik Kalabukhov etxeak.
— Nahigabeak jota dago Filip Filipovitx —ohartarazi zuen, irribarrez, Zinak, eta plater pila bat eraman zuen aldean.
— Nolatan ez naiz, bada, nahigabeak jota egongo? —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek gogoan izan nolakoa zen lehen etxe hau!
— Ilunegi ikusten duzu dena, Filip Filipovitx —erantzun zuen hozkatu lirainak orain zeharo aldatu dira gauzak.
— Zuk ondo ezagutzen nauzu, adiskidea! Ez da hala? Ni gertaerazalea naiz, behaketazalea naiz. Hipotesi funsgabeen etsaia naiz. Eta hori oso ondo dakite ez bakarrik Errusian, baita Europan ere. Zer edo zer esaten badut, gertaera jakin bat hartzen dut oinarritzat, eta hortik ateratzen ditut ondorioak. Eta hemen duzu gertaera jakin bat: gure etxeko beroki-kakoak eta eskalapoien gordetegia.
— Interesgarria da hori...
«Eskalapoiak, zozokeria handiagorik! Zoriona ez zegok eskalapoietan —pentsatu zuen txakurrak baina, guztiarekin ere, ezagun dik izen handiko gizona dela.»
— Ondo baderitzozu, har dezagun adibidetzat eskalapoien gordetegia. 1903 urteaz geroztik bizi naiz etxe honetan. Bada, 1917ko martxoa arte, denbora horretan guztian behin ere ez da gertatu, eta arkatz gorriz azpimarratzen dut behin ere ez, gure etxeko bebarrutik eskalapoi pare bat ere desagertzea, eta atea irekirik egoten zen ia beti. Kontuan izan 12 etxebizitza daudela hemen, haietako bat nire klinika. 1917ko martxoko egun batean, eskalapoi guztiak desagertu ziren, besteak beste nire pare bi, hiru makila, berokia eta atezainaren samovarra. Eta orduz geroztik ez dago gehiago eskalapoi-gordetegirik. Adiskidea! Eta lurrun-berogailua aipatu ere ez dizut egingo. Aipatu ere ez. Nonbait, behin iraultza soziala eginik, ez dago zertan pizturik. Baina nik zera galdetzen dut: istorio hau guztia abiatu zenean, zergatik hasi ziren denak eskalapoiekin eta feltrozko bota zikinekin ibiltzen marmolezko eskaileretan gora eta behera? Zergatik gorde behar dira orain eskalapoiak giltzapean? Eta zergatik jarri behar da soldadu bat zaindari inork lapur ez ditzan? Zergatik kendu dute eskailera nagusiko tapiza? Debekatu al du Karl Marxek eskaileretan tapizak edukitzea? Non edo non esan al du Karl Marxek Pretxistenka kaleko Kalabukhov etxeko 2. ataria oholez itxi behar dela eta zerbitzarien patiotik itzulingurua eginez sartu behar dela? Nork behar du hori? Zergatik proletarioek ez dituzte eskalapoiak behean uzten, zergatik zikintzen dute marmola?
— Baina, Filip Filipovitx, proletarioek ez dute eskalapoirik —adierazi zion hozkatuak.
— Ez zera! —erantzun zuen Filip Filipovitxek, trumoi-ahotsez, eta ardoz bete zuen edalontzia Mmm... ez ditut gomendatzen likoreak bazkaldu ondoren: digestioa astuntzen dute eta kalte egiten diote gibelari... Ez zera! Badute eskalapoirik, eta, gainera, eskalapoi horiek... nireak dira! Hain zuzen ere, 1917 urteko udaberrian desagertu ziren eskalapoi haiek berak dira. Nor izan zen lapurra, horixe jakin nahi nuke. Ni? Ezinezkoa da. Sablin burgesa? —Filip Filipovitxek sabai aldera jaso zuen hatza Barregarria da hori pentsatze hutsa. Polozov, azukre-lantegiaren jabea? —Filip Filipovitxek albo batera seinalatu zuen Ez hurrik eman ere! Horko abeslari horiek lapurtu zituzten! Bai horixe! Tira, kontuak kontu, gaitz erdi eskaileran erantziko balituzte! —Filip Filipovitx gorritzen hasi zen Zer arraio dela eta kendu dituzte eskailera-buruetako loreak? Jainkoak oroimena gorde badit, argindarra bi aldiz bakarrik joan da 20 urtean; zergatik orain hilean behin eteten da, hutsik egin gabe? Bormental doktorea, estatistika gauza ikaragarria da. Zuk, nire azken ikerlana ezagutzen duzunez, inork baino hobeto dakizu hori.
— Nahaspila, Filip Filipovitx.
— Ez —erantzun zuen Filip Filipovitxek, erabateko ziurtasunez ez. Zu zara, Ivan Arnoldovitx maitea, hitz hori erabili beharko ez lukeen lehena. Hori irudikeria da, kea, fikzioa. —Filip Filipovitxek guztiz zabaldu zituen bere hatz laburrak, eta dortoka-itxurako bi itzal higitzen hasi ziren zamauaren gainean Zer da zure nahaspila hori? Atso zahar makiladun bat? Beira guztiak hautsi eta lanpara guztiak itzali dituen sorgin bat? Halakorik ez da munduan, ordea. Zure ustez, zein da hitz horren esanahi ezkutua? —galdetu zion Filip Filipovitxek, amorru biziz, arasatik hurbil buruz behera esekirik zegoen kartoizko ahate zoritxarreko bati, eta berak erantzun zuen haren ordez Hauxe da kontua: ni, arratsaldero, ebakuntzak egin ordez, etxean beste lagun batzuekin batera abesten hasiko banintz, nahaspila nagusituko litzateke nire etxebizitzan. Ni, komunera joaten naizenean, eta barkatu hitz hauek erabiltzea, txiza komun-ontziaren alboan egiten hasiko banintz, eta Zinak eta Daria Petrovnak ere hala egingo balute, nahaspila jabetuko litzateke komunaz. Beraz, nahaspila ez dago komunetan, buruetan baizik. Hau da, baritono horiek «behera nahaspila!» oihukatzen dutenean, nik barre egiten dut. —Hain bortizki okertu zen Filip Filipovitxen begitartea, ezen hozkatuak ahoa ireki baitzuen Zin egiten dizut, barregura ematen dit! Horrek esan nahi du haietako bakoitzak kokoteko ederra eman behar diola bere buruari! Ameskeria horiek guztiak uxatu eta estalpeen garbitasunaz arduratzen direnean, hori baita haien zeregina, berez amaituko da nahaspila. Ez dago bi Jainkori zerbitzatzerik! Ezinezkoa da aldi berean tranbien bideak eskobatzea eta espainiar zarpatsu batzuen patua erabakitzea! Inork ez luke lortuko hori, doktorea, eta are gutxiago aurrerabidean europarrengandik 200 urte atzean gelditu diren eta oraindik beren galtzetako botoiak behar bezala lotzen ikasi ez duten batzuek!
Filip Filipovitx bere onetik irten zen. Behin eta berriro puzten zitzaizkion bere aztore-sudurreko zuloak. Bazkari oparoak indarberriturik, orro egiten zuen behialako profeten antzera, eta haren buruak zilarrak bezala distiratzen zuen.
Haren hitzak txakur lokartuaren gainera amiltzen ziren, lurpeko burrunba sor baten antzera. Ametsetan, une batez agertzen zitzaizkion noiz hontza bere begi horixka ergelekin, noiz sukaldariaren mutur zitala txano zuri zikinaren azpian, noiz Filip Filipovitxen bibote harroa, lanparako argi elektriko biziak argiturik, noiz lera geldo kirrinkari batzuk, eta, bitartean, roastbeef-puska itxuragabea urdailean txegosten zitzaion, zukuetan igeri.
«Dirutza ederra irabaz lezakek mitinetan —amesten zuen, lausoki, txakurrak tratulari bikaina duk. Dena dela, dirudienez, diruz josirik zegok bestela ere.»
— Udaltzain bat! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek Udaltzain bat!
«Gur, gur, gur!», halako burbuila batzuk lehertu ziren txakurraren burmuinean.
— Udaltzain bat! Hori eta bakarrik hori. Eta ez du batere axolarik aldean zer daraman, plaka ala kepi gorria. Udaltzain bat jarri pertsona bakoitzaren aldamenean, eta gure herritarren kantu-grinak baretzera behartu udaltzainok. Nahaspila esan duzu. Bada, nik zera diotsut, doktorea, abeslari horiek kate motzean lotu arte ezertxo ere ez dela hobera aldatuko ez gure etxean ez eta beste edozein etxetan ere! Beren kontzertu horiek bertan behera uzten dituzten bezain laster, berez eta besterik gabe hobetuko da egoera.
— Iraultzaren kontrako gauzak esaten ari zara, Filip Filipovitx —ohartarazi zion, txantxetan, hozkatuak Jainkoari nahi ez dakiola baten batek zuri entzutea.
— Ez dago inolako arriskurik —erantzun zuen Filip Filipovitxek, sutsuki Kontrairaultzarik ez. Horra ezin jasan dudan beste hitz bat. Ez dago inola ere jakiterik zer ezkutatzen den haren azpian! Deabruak daki! Horregatik diot: nire hitzetan ez dago iraultzaren kontrako ezer. Zentzutasuna eta bizitzaren eskarmentua besterik ez dago.
Hori esanik, Filip Filipovitxek, ezpain-zapi distiratsu itxuratxartuaren muturra alkandora-lepoaren azpitik atera, eta, zimurturik, edalontzi ardo hustu gabearen alboan utzi zuen. Hozkatuak bertantxe zutitu eta eskerrak eman zizkion: «Merci».
— Egon apurtxo batean, doktorea! —geldiarazi zuen Filip Filipovitxek, galtzetako sakelatik billete-zorroa ateratzeaz batera. Begiak ñarrotu, billete batzuk zenbatu, eta hozkatuari luzatu zizkion, honela zioela Gaur 40 errublo irabazi dituzu, Ivan Arnoldovitx. Hartu, mesedez.
Txakurraren biktimak, gizalegez eskerrak eman, eta, gorrituz, jakako sakelan gorde zuen dirua.
— Gaur arratsaldean ez nauzu behar, Filip Filipovitx? —galdetu zuen.
— Ez, eskerrik asko, adiskidea. Gaur ez dugu ezer egingo. Lehenik, untxia hil egin da, eta bigarrenik, gaur Aida dago Bolshoin. Eta aspaldian ez dut entzun. Atsegin zait... Gogoan duzu? Duoa... Tari-ra-ri.
— Nondik ateratzen duzu horretarako astia, Filip Filipovitx? —galdetu zuen sendagileak, begirunez.
— Inorako presarik ez duenak edozertarako du astia —azaldu zion etxeko jaunak, esakuntsu Jakina, neure zereginez arduratu beharrean, egun osoa bileraz bilera eta urretxindorraren antzera kantari emango banu, ez nuke ezertarako astirik izango.
Sakelan, errepika-erlojuak nota zerutiar batzuk jo zituen Filip Filipovitxen hatzen azpian.
— Zortziak dira... Bigarren ekitaldira iritsiko naiz... Lana banatzearen aldekoa nauzu. Bolshoin abes dezatela, eta nik ebakuntzak egingo ditut. Hala behar du. Eta inolako nahaspilarik ez... Dena dela, Ivan Arnoldovitx, zu erne egon: gorpu egoki bat agertu bezain laster, mahaitik isurkari fisiologikora zuzenean, eta hona ekarri.
— Ez kezkatu, Filip Filipovitx, anatomia patologiko sailekoek hala agindu didate.
— Ederto. Guk, bitartean, kaleko neurasteniko honen bilakaera aztertuko dugu. Ea orbaintzen zaion saihetseko zauria.
«Nitaz arduratzen duk —pentsatu zuen txakurrak oso gizon ona duk. Bazekiat nor den. Magoa duk, txakur-ipuinetako aztia... Ezinezkoa duk hau guztia ametsa izatea. Ala ametsetan nago? —Txakurrak dar-dar egin zuen ametsetan Bat-batean esnatuko nauk... eta ezer ere ez. Ez zetaz jantziriko lanpararik, ez berotasunik, ez asetasunik. Berriro ere atari azpiko hutsartea, hotz gogorra, asfalto izoztua, gosea, gizatxarrak... Jantokia, elurra... Jainkoa, zein latza gertatuko zaidan!...»
Baina ez zen horrelakorik gertatu. Bereziki, atari azpiko hutsartea amesgaitzo baten antzera aienatu zen, eta ez zen berriro itzuli.
Egia esan, nahaspila ez zen hain handia. Hura gorabehera, egunean birritan leiho-hegalaren azpiko hauspo grisak lurrun bero-beroz betetzen ziren, eta beroa bafadaka zabaltzen zen etxebizitza osoan.
Argi eta garbi zegoen: txakurrari sari nagusia egokitu zitzaion txakurren loterian. Egunean bi aldiz gutxienez, Pretxistenkako jakintsuaren alderako esker oneko malkoz betetzen zitzaizkion begiak. Gainera, harrera-gelako armairuen arteko ispilu handiek txakur eder zoriontsu baten irudia islatzen zuten.
«Ederra nauk. Agian, ezkutuko txakur-printze ezezagun bat nauk —oldozten zuen txakurrak, mutur alaiz ispiluetako urruntasunean batera eta bestera zebilen txakur iletsu kafekoloreari begira Ziur asko, nire amonak bekatu egin zian Ternuako txakur batekin. Izan ere, orban zuri bat ikusten diat nire muturrean. Norena dut bestela? Filip Filipivotxek oso gustu ona dik, ez zian berekin eramango edozein kale-txakur.»
Aste betean, kalean goserik igaro zuen azken hilabete eta erdian adina jan zuen txakurrak. Kopuruari dagokionez bakarrik, jakina. Filip Filipovitxen etxeko janariaren kalitateaz hitz egin beharrik ere ez dago. Kontuan hartu gabe Daria Petrovnak 18 kopeken haragi-hondakin mordoa erosten zuela egunero Smolenski merkatuan, aski da aipatzea arratsaldeko 7etan jangelan egiten zituzten otorduak, zeinetan, Zina xarmantaren protestak gorabehera, txakurra presente egoten baitzen. Otordu horietan Filip Filipovitxek behin betiko irabazi zuen jainko-titulua. Txakurra atzeko hanken gainean zutitzen zen eta koxk egiten zion jakan; txakurrak Filip Filipovitxen txirrin-jotzea ikasi zuen —bi hots ozen eten larderiatsu eta ziztu bizian joaten zen harrera-gelara, zaunkaka ongi etorria egitera. Azeri-larruzko beroki arre-belzkara jantzirik sartzen zen, milioika elur-bristadaz distiratsu, mandarinen, zigarroen, perfumeen, limoien, bentzinaren, Kolonia uraren eta oihalaren usaina zeriola, eta haren ahotsak durundi egiten zuen bizitegi osoan, aginte-turuta baten antzera.
— Zergatik apurtu duk hontza, txerri horrek? Traba egiten zian? Galdetu diat ea traba egiten zian! Zergatik hautsi duk Metxnikov profesorea?
— Behin bakarrik bada ere, zigorraz jo beharko genuke, Filip Filipovitx —esan zuen Zinak, haserre—; bestela, zeharo gaiztotuko da. Begira zer egin duen zure eskalapoiekin.
— Ezin da inor jo —erantzun zuen Filip Filipovitxek gogoan gorde hori behin betiko. Gogatzea da gizakiekin zein animaliekin jokatzeko bide bakarra. Okela eman diozu gaur?
— Jainkoarren, etxe osoa jan du. Horrelakorik galdetzea ere, Filip Filipovitx. Harriturik nago, ez dakit nola ez den oraindik lehertu.
— Jan dezala eta on degiola... Zer kalte egin dik hontzak, astakirten hori?
— Uuuu, uuuu! —egin zuen intziri txakurrak, losintxari, eta lurrean etzan zen, hankak zabaldurik.
Gero, oihuka, lepotik heldu eta herrestan eraman zuten harrera-gelatik langelara. Txakurrak ulu egiten zuen, hortzak erakusten zituen, tapizari heltzen zion, ipurtaldearen gainean zebilen, zirkuan bezala. Langelaren erdian, beirazko begiekiko hontza tapizaren gainean zetzan, sabela zarrastaturik, halako zatar gorri naftalina-usaineko batzuk kanpora atarata. Potret bat eroririk eta txiki-txiki eginik zegoen mahai gainean.
— Nahita ez dut jaso, etxekalte honen lana miresteko aukera izan dezazun —jakinarazi zion Zinak, atsekabeturik mahai gainera igo da bilau malapartatu hau! Eta isatsetik heldu dio! Konturatu naizerenako, zeharo txikitu du. Sar iezaiozu muturra hontzaren barruan, Filip Filipovitx, behingoz ikas dezan gauzak ez direla hondatu behar.
Eta ulu-zalaparta ikaragarria hasi zen. Tapizari itsatsirik, arrastaka eraman zuten txakurra hontza zegoen lekura, eta barruan sartu zioten muturra. Txakurrak, bitartean, malko mingotsak isurtzen zituen eta honela zioen bere artean: «Jo nazazu, baina ez bidali etxetik».
— Bidal ezazu gaur bertan hontza disekatzailearenera. Eta hemen dituzu 8 errublo eta 16 kopek tranbiarako, joan Miurrera eta lepoko on bat erosi, kate eta guzti.
Biharamunean, lepoko zabal distiratsu bat jarri zioten txakurrari. Hasieran, ispiluari begiratu zion lehen aldian, atsekabe handia hartu zuen; buztana hanken artean sartu eta bainugelara alde egin zuen, bere artean hausnartzen nola hautsiko zuen lepokoa kutxa edo tiradera baten laguntzaz. Baina berehala ohartu zen inozo hutsa zela. Zinak Obukhov kalezuloan paseatzera eraman zuen katez loturik. Txakurra preso baten antzera zihoan, lotsa-lotsa eginik, baina, Pretxistenkatik Kristoren tenplurainoko bidean, ezin hobeto ulertu zuen zer esan nahi duen lepoko batek bizitzan. Amorruzko bekaizkeria igartzen zen kalean aurkitzen zituen txakur guztien begietan, eta, Miortvi kalezuloko kantoian, buztana mozturik zeukan kale-txakur luzanga batek «aristokraten zaborra» eta «morroi zikina» esan zion zaunkaz. Tranbiaren burdinbidea zeharkatzean, polizia batek atseginez eta begirunez begiratu zion lepokoari, eta, etxera itzultzean, inoizko gauzarik harrigarriena gertatu zen: Fiodor atezainak bere eskuekin ireki zuen sarrera nagusiko atea eta sartzen utzi zion Shariki, aldi berean Zinari ohartarazten ziola:
— A ze txakur iletsua eskuratu duen Filip Filipovitxek! Eta izugarri lodi dago.
— Beharko!, sei lagunek beste jaten du eta —argitu zion Zinak, hotzak zurigorriturik eta ederturik.
«Lepokoa agiri-zorroaren berdin-berdina duk», pentsatu zuen txakurrak, zirtolari, eta, ipurtaldea ezker-eskuin kulunkatuz, solairu nagusira jo zuen, handikien antzera.
Behin lepokoaren balio zehatza ezaguturik, txakurrak lehen aldiz bisitatu zuen paradisuko alderdi nagusia, Daria Petrovna sukaldariaren erresuma alegia, ordu arte zorrotz debekaturik eduki baitzuen hango sarrera. Etxebizitza osoak ez zuen Dariaren erresumaren laurdentxoa ere balio. Egun guztian sugarrak txinpartaka eta zirtaka aritzen ziren sutegi beltzean, zeinak lauza beiraztatuz jantzirik baitzeukan gainaldea. Pindarra zerion labeari. Daria Petrovnaren aurpegia betiereko jasan-behar latz baten eta irrika ase gabe baten suak kiskaltzen ageri zen gar-zirimola gorriminen artean, koipez lustretsu eta distiratsu. Moda-modara orrazturik zegoen, ile argiak belarrien gainean bildurik eta saski-itxuran txirikordaturik garondoan, non 22 diamante faltsuk distiratzen baitzuten. Hormetan eltze urrekarak zeuden kakoetan esekirik, sukalde osoa usain gozoz beterik zegoen, borborka eta txistuka lapiko estalietan...
— Ospa hemendik! —esan zion Daria Petrovnak, garrasika Ospa hemendik, litxarrero arlote hori! Hi besterik ez nian behar hemen! Astinaldi ederra emango diat bertzunarekin!
— Zer duzu, baina? Zergatik ari zara zaunka? —txakurrak begi samurrez begiratu zion Zergatik deitu didazu litxarreroa? Ez diozu erreparatu lepokoari? —eta saiheska sartu zen atetik, muturra aurreraturik.
Sharik txakurrak halako dohain sekretu bat zuen jendearen bihotza xarmatzeko. Bi egun geroago, saskien zokoaren alboan etzanik zegoen, Daria Petrovnak nola lan egiten zuen begira. Aizto estu zorrotz batez buruak eta hankatxoak mozten ari zitzaien ganga azpibeltz babesgabe batzuei; hori egindakoan, borrero amorratu baten antzera, mamia bereizi zuen hezurretatik, erraiak atera zizkien oiloei, eta zer edo zer bota zuen okela xehatzeko makina barrura. Sharik, bitartean, ganga azpibeltz baten burua txikitzen ari zen. Gero, esnetan bustiriko ogi-zatitxoak atera zituen Daria Petrovnak katilu batetik, ohol baten gainean okela-orez nahasi, hori guztia esnegainez estali, gatza eman, eta kroketak modelatu zituen oholean. Sutegia zartaka ari zen, sute batean bezala, eta zartagina, berriz, txirtxirka, pilpilka eta ziliportaka. Labearen ahoa trumoi-hotsez ireki zen, eta agerian utzi zuen barruko infernu ikaragarria, sugar zirtakari eta distiratsuz betea.
Ilunabarrean harrizko ahoa itzaltzen zen, errezel labur zurien gainetik Pretxistenkako gau ilun eta handientsua ikusten zen sukaldeko leihoan, izar-bakar. Sukaldeko zorua heze zegoen, eltzeek argi motel eta misteriotsu batez distiratzen zuten, suhiltzaile-txano bat zegoen mahai gainean. Sharik sutegi beroaren gainean etzanik zegoen, lehoia garaipen-arkuaren gailurrean nola, eta, entzun-minez belarri bat jasorik, begiratzen zuen nola larruzko gerriko zabaleko gizon bibote-beltz barnebero batek Daria Petrovna besarkatzen zuen Zina eta Daria Petrovnaren gelako ate erdi irekiaz bestaldean. Daria Petrovnaren aurpegia jasan-beharrez eta irrika biziz erretzen zegoen, goitik beheraino, gorpu-antzeko sudur irinezatua izan ezik. Argi-zerrendatxo batek bibote beltzeko gizonaren potreta biltzen zuen, eta pazko-arrosa bat ikusten zen potretean esekirik.
— Deabru bat bezala itsasten zara —murduskatu zuen Daria Petrovnak erditzalean utzi bakean! Zina oraintxe etorriko da. Zer gertatzen zaizu?, zu ere gaztetu zaituzte, ala?
— Nik ez dut horren beharrik —erantzun zuen bibote-beltzak, ahots erlatsez eta bere burua nekez menderaturik Hain zara zu beroa!
Gauean Pretxistenkako izarra errezel lodien atzean gordetzen zen, eta, Bolshoi antzokian Aida jokatzen ez bazuten eta Errusia osoko kirurgia elkargoaren bilkurarik ez bazegoen, jainkoa langelan gelditzen zen besaulki sakonean eseririk. Sabaiko argia itzalirik zegoen. Mahai gaineko lanpara berdeak soilik argiztatzen zuen gela. Sharik tapizean etzanik zegoen, ilunpean, eta, begirada baztertu gabe, hango lan ikaragarriei begiratzen zien. Isurkari uher nazkagarri batez beteriko beirazko ontzi batzuen barruan giza burmuinak zeuden. Jainkoaren besoek, ukondoraino biluzik, gomazko eskularru gorrixkak zeuzkaten jantzirik, eta hatz labur labainak batera eta bestera mugitzen ziren burmuineko goraguneetan. Batzuetan, jainkoak aizto txiki distiratsu bat hartu eta astiro-astiro ebakitzen zituen garun hori malguak.
— Nilo sakratuaren ertzean —abesten zuen jainkoak ahots apalez, ezpainak hozkatuz eta Bolshoi antzokiko barrualde urrekara gogoan.
Ordu horietan, hodiak inoiz baino gehiago berotzen ziren. Beroa hodietatik sabairaino igo eta gela osora hedatzen zen handik. Txakurraren larruan berpiztu egin zen azken arkakusoa, Filip Filipovitxek orraziaz oraindik kendu gabea baina jadanik kondenatua. Tapizek etxebizitzako hotsak itotzen zituzten. Eta gero sarrerako atea entzun zen, urrun.
«Zinka zinematografora joan duk —pentsatu zuen txakurrak baina, inondik ere, itzultzen denean, afaldu egingo diagu. Lepoa egingo nikek gaur txahal txuletak ditugula!»
* * *
Egun izugarri hartan, Sharikek susmo txarra hartu zuen goiz-goizetik. Horren ondorioz, goibeltzen hasi zen bat-batean eta batere goserik gabe jan zuen gosaria —katilu erdi olo-ahi eta bezperako arkume-hezurtxo bat. Gogoilun, nora gabe ibili zen puska batean harrera-gelan barrena, eta intziri leunak egin zizkion han bere irudiari. Baina, arratsaldean Zinak bulebarrera paseatzera eraman zuenez geroztik, ohi bezala igaro zen eguna. Egun hartan ez zegoen kontsularik, zeren eta, jakina denez, astearteetan ez da kontsultarik egoten, eta jainkoa langelan eseririk zegoen, irudi koloretsuekiko liburu astun batzuk mahai gainean zabaldurik zeuzkala. Bazkariaren zain zeuden. Txakurrak sukaldean zehatz-mehatz jakin zuenez, indioiloa zeukaten jaki nagusi, eta ideia horrek apur bat suspertu zuen. Korridoretik igarotzean, txakurrak entzun zuen nola telefonoak zakar eta ustekabean jo zuen Filip Filipovitxen langelan. Filip Filipovitx, mintzagailua hartu, arretaz entzun, eta kilikatu egin zen bat-batean.
— Ederto —entzun zen haren ahotsa ekar ezazu oraintxe bertan, oraintxe bertan!
Urduri mugitzen hasi, txirrina jo, eta bazkaria berehala zerbitzatzeko agindu zion Zinari.
— Bazkaria! Bazkaria! Bazkaria!
Hori esan bezain laster, plateren zarata entzun zen jangelan, Zina hara eta hona lasterka hasi zen, Daria Petrovnaren purrustadak iritsi ziren sukaldetik, indioiloa oraindik ez zegoela prest. Txakurrak egonezina sentitu zuen berriro ere.
«Ez ditiat gogoko iskanbilak etxean», esan zuen bere artean... Eta, hori pentsatu orduko, are gogaikarriagoa bilakatu zen iskanbila, batez ere Bormental doktore behinola hozkatua agertu zelako. Maleta kirasdun bat zekarren berekin, eta, berokia erantzi ere gabe, oldar bizian joan zen korridoretik zehar azterketa-gelara, maleta eta guzti. Filip Filipovitxek, sekula halakorik egiten ez bazuen ere, hustu gabe baztertu zuen kikara kafea, eta, sekula halakorik egiten ez zuen arren, lasterka jo zuen Bormentalengana.
— Noiz hil da? —egin zuen oihu.
— Duela hiru ordu —erantzun zuen Bormentalek, txano elurrez estalia erantzi gabe eta maleta zabalduz.
«Nor hil da? —pentsatu zuen txakurrak, kopetilun eta atsekabez, eta Filip Filipovitxen zangoen artean sartu zen ezin ditiat jasan urduri daudenean.»
— Hoa nire zangoen artetik! Azkar, azkar, azkar! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek alde guztietara, eta, txakurrari iruditu zitzaionez, txirrin guztiak jotzen hasi zen. Zina lasterka iritsi zen Zina! Ardura dadila Daria Petrovna telefonoaz, idatz ditzala deitzen duten guztien izen-abizenak, baina ez dezala inor har! Zure laguntza behar dut. Bormental doktorea, azkar, azkar, azkar, mesedez!
«Ez zaidak gustatzen, ez zaidak gustatzen», txakurrak bekozko iluna jarri zuen, mindurik, eta etxebizitzan barrena batera eta bestera ibiltzen hasi zen, baina iskanbila guztia azterketa-gelan zen. Zina hil-oihalen antzeko mantal batez jantzirik agertu zen ustekabean, eta azterketa-gelatik sukaldera eta handik atzera berriz azterketa-gelara lasterka hasi zen.
«Mokadu bat jatera joango nauk. Doazela pikutara!», erabaki zuen txakurrak, eta ezuste handia hartu zuen bat-batean.
— Ez eman ezer Shariki —egin zuen burrunba aginduak azterketa-gelatik, trumoiaren antzera.
— Ez da erraza, gero, txakur hori zaintzea!
— Bada, jar ezazue giltzapean!
Losintxen bidez Sharik erakarri, eta bainugelan giltzapetu zuten.
«Hau lotsagarrikeria —pentsatu zuen Sharikek, bainugelako erdilunpean eseririk ergelkeria galanta...»
Eta ordu laurden inguru eman zuen bainugelan oso aldarte bitxiko, noiz haserre, noiz halako gogo-abaildura astun batek jota. Dena zen goibela, lausoa.
«Ondo zegok, ikusiko dituk bihar hire eskalapoiak, Filip Filipovitx jaun txit agurgarri horrek —pentsatzen zuen dagoeneko bi pare erosi dituk, eta beste pare bat erosi beharko duk. Txakurrak giltzapean ixteagatik.»
Baina ziplo eten zitzaion amorruzko pentsamendu hura. Ezkutuko arrazoiren batengatik, bat-batean eta argi etorri zitzaion gogora bere gaztarorik samurrenaren zati bat: Preobrajenski atearen alboko patio eguzkitsu eta izugarri handi bat, eguzki-izpiak botiletan, adreilu hautsiak, kale-txakur askeak.
«Ez, hemendik ez diat inongo askatasunera ihes egingo. Zertarako engainatu neure burua? —zioen txakurrak bere artean, triste, sudurretik arnaska ohitu egin nauk. Txakur handikia nauk orain, izaki ikasia, bizimodurik onena dastatu diat. Eta zer da askatasuna? Horixe, kea, irudikeria, fikzioa... Zorigaiztoko demokrata horien sukar-ametsa...»
Gero, bainugelako erdilunpea izugarria bilakatu zen, Sharik uluka hasi zen, ateari eraso zion, atzaparka.
— Uuuuu, uuuuuuu! —haren uluak etxebizitza osora hedatu ziren, upel batetik irtengo balira bezala.
«Berriro txikituko diat hontza», pentsatu zuen txakurrak, amorruz baina indarrik gabe. Gero, makaldu egin zen, etzanik egon zen apur batean, eta, altxatu zenean, ilea laztu zitzaion bat-batean, zeren eta, batek daki zergatik, otso baten begi beldurgarriak ikusi uste izan baitzituen bainugelan.
Eta, estiraren gorenean, atea ireki zen. Txakurra, kanpora irten, gorputza inarrosi, eta goibel abiatu zen sukaldera, baina Zinak lepokotik heldu zion eta, ahalegin handia eginez, arrastaka eraman zuen azterketa-gelara. Txakurrari hotzikara bat sartu zitzaion bihotzeraino.
«Zertarako behar naute? —pentsatu zuen, goganbehartsu orbaindu zaidak saihetsa, ez diat ezer ulertzen.»
Eta parket labainkorrean hankak irristatuz eraman zuten azterketa-gelaraino. Sartu bezain laster, txunditurik utzi zuen hango argitasunaren handiak. Sabaiko globo zuriak min ematen zien begiei, hain zen bizia haren argia. Argitasun zuri haren erdian zutik sakrifizioen apaizburua zegoen, ezpain artean Nilo sakratuaren ertzari abesten. Zerion usain zehazgabetik soilik igar zitekeen hango hura Filip Filipovitx zela. Eliz-nagusien buru-estalkia gogorarazten zuen txano zuri baten azpian ezkutaturik zeuden haren ile urdin laburrak; jainkoa zuriz jantzirik zegoen burutik oinetaraino, eta estola zirudien gomazko mantal estu bat zeukan soineko zuriaren gainean. Eskuak eskularru beltzez jantzirik zeuzkan.
Hozkatuak ere eliznagusien buru-estalkiaren tankerako txanoa zeukan jantzirik. Mahai luzea zabaldurik zegoen, eta hanka bakar distiratsuko mahaitxo karratu bat jarria zuten haren aldamenean.
Une hartan, txakurrak beste inori baino gorroto handiagoa hartu zion hozkatuari, batez ere egun horretan zituen begiengatik. Eskuarki ausart eta tolesgabeak baziren ere, alde guztietara baztertzen ziren orain, txakurraren begiei ihesi. Erne zituen, itxurati, eta haien sakonean asmo gaizto, zitalen bat ezkutatzen zen, edo, beharbada, krimen huts baten burubidea. Txakurrak zorrotz eta kopetilun begiratu zion eta zoko batera joan zen.
— Lepokoa, Zina —esan zuen Filip Filipovitxek, ahots mehez baina kontuz, asaldatu gabe.
Zinaren begiak hozkatuarenak bezain doilorrak bilakatu ziren bat-batean. Txakurrarengana hurbildu, eta itxurakeria nabarmenez laztandu zuen. Txakurrak tristeziaz eta destainaz begiratu zion.
«Zer egin dezaket?... hiru zarete. Nahi baduzue, harrapatu egingo nauzue. Baina lotsa eman beharko lizueke... Zer egingo didazuen jakingo banu sikiera...»
Zinak lepokoa askatu zion, txakurrak buruari eragin zion, ufa egin zuen. Hozkatua aurrean jarri zitzaion, halako kirats zorabiagarri bat zeriola.
«Hau nazka... Zergatik nago hain zorabiaturik eta izuturik?...», pentsatu zuen txakurrak, eta atzeraka urrundu zen hozkatuarengandik.
— Azkar, doktorea —esan zuen Filip Filipovitxek, berantetsirik.
Usain sakorra eta gozoegia zegoen airean. Hozkatuak, bere begi erne gaiztoak txakurrarengandik aldendu gabe, eskuineko eskua bizkar atzetik atera, eta, bizkor-bizkor, kotoi-puska heze bat jarri zion txakurrari sudurrean. Sharik harriturik gelditu zen, zorabio arin bat sumatu zuen buruan, baina atzera egiteko denbora izan zuen oraindik. Hozkatua jauzi batez oldartu zitzaion eta, bat-batean, mutur osoa estali zion kotoiaz. Arnasa eten zitzaion txakurrari, baina ihes egitea lortu zuen berriro. «Gizatxarra halakoa», pentsatu zuen une batez. «Zergatik?», eta berriro estali zioten muturra. Orduan, ustekabean, aintzira bat agertu zen azterketa-gelaren erdian, eta aintziran, txalupetan, hilobiaz haraindiko txakur alegiazko batzuk, arrosakoloreak eta oso alaiak. Hankak bigun tolestu zitzaizkion, hezurrik ez balute bezala.
— Mahaira! —entzun ziren nonbait, ahots alaiz, Filip Filipovitxen hitzak, eta zurrunbilo laranjetan barreiatu ziren. Joan zen izua, alaitasunak ordezturik. Bi segundoz, arian-arian iraungiz zihoalarik, txakurrak hozkatua maite izan zuen. Gero, mundua azpikoz gora itzuli zen, eta txakurrak esku hotz baina atsegin bat sumatu zuen sabelaren azpian. Gero, ezer ez.
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales