II

 

        Irakurtzen ikastea ez da inola ere beharrezkoa okelaren usaina urrundik ere berez aditzen denean. Hala ere, Moskun bizi bazara eta buruan argi apur bat baduzu, nahitaez ikasten duzu irakurtzen, inolako ikastarorik egin gabe gainera. Moskuko berrogei mila txakurretatik, zeharo ergelak diren banaka batzuk soilik ez dira gai letrekin «hestebete» hitza osatzeko.

        Sharik koloreen arabera hasi zen ikasten. Lau hilabete egin bezain laster, ohol berde-urdin batzuk eseki zituzten Mosku osoan, idazkun honekin: «MSPO — Harategia». Berriro diogu hori guztia alferrik dela, okelaren usaina berez aditzen baita. Dena dela, egun batean, huts egin zuen Sharikek: gasolina-motor baten keak usaimena itzali zion, eta, kolore urdin bizia gidaritzat harturik, harategian sartu ordez, tresna elektrikoen denda batean sartu zen, Golubizner anaienean, Miasnitskaia kalean. Han, kable elektrikoa dastatu zuen txakurrak, eta kotxezainen zartailua baino gordinagoa gertatuko zitzaion. Une gogoangarri hura hartu behar dugu Shariken ikaskuntzaren hasieratzat. Berriro espaloian, Sharik berehala hasi zen ulertzen «urdina»k ez duela beti «okela» esan nahi, eta, min biziaren eraginez intzirika eta buztana atzeko hanken artean estuturik, ondo gogoan gorde zuen nola, harategi guztietan, ezkerretik hasita lehena ikur hanka-zabal bat egoten den, gorrixka edo urrekara, lera baten itxurakoa.

        Harrezkero, emaitza hobeak izan zituen. Mokhovaia kaleko kantoiko Glavriba-n «A» letra ikasi zuen, baita «B» ere, geroxeago —izan ere, errazago zitzaion «riba» hitzaren amaieratik hurbiltzea, hitzaren hasieran polizia bat egon ohi zen eta.

        Moskuko kale-kantoiak apaintzen zituzten axuleiuzko laukitxoek «g-a-z-t-a» esan nahi zuten, beti eta salbuespenik gabe. Txitxkin izenaren hasierako ikur beltza samovarraren giltzaren antzekoa zen, eta gogora ekartzen zituen dendaren ugazaba izan zena, Holandako gazta gorri piloak, txakurrei gorroto dieten dendari bihozgabeak, lurrean barreiaturiko zerrautsa eta backstein gazta kirastun nazkagarria.

        Akordeoia jotzen bazuten —aukeran hobe zen hori Aida maitea baino eta saltxitxa-usaina bazegoen, kartel zurietako lehen letrak ikaragarri ondo antolatzen ziren «debek...» hitza eratzeko, zeinak adierazten baitzuen «debekaturik dago hitz gordinak esatea eta eskupekoak ematea». Batzuetan, liskar handiak pizten ziren leku horietan, gizajendea ukabilez jotzen zuten muturrean, gutxitan, hori bai; txakurrak, ordea, beti jotzen zituzten, aho-zapiarekin zein botarekin.

        Leihoan zintzilik urdaiazpiko zaharrak eta hegalean mandarinak bazeuden... guau, gau... ga... gastronomia. Halako likido txar batez beteriko botila ilunak ikusten baziren... a-erre-ar-de-o-do-ardo... garai batean Eliseiev anaiena izaniko ardotegia.

        Jaun ezezagunak bere atzetik eraman zuen txakurra solairu nagusiraino, bere etxebizitza aberatseko ateraino bertaraino, eta txirrina jo zuen. Txakurrak berehala jaso zituen begiak beira kizkur arrosakoloreko ate zabalaren alboan esekirik zegoen txartel beltz handiko letra urrekaretarantz. Aise bereizi zituen lehen hiru letrak: «Pe-erre-o. Pro». Baina haien ondoan sabel bikoitzeko txerrikeria bat zegoen, eta antzik ere ez zion hartu haren esanahiari. «Proletarioa, beharbada?», pentsatu zuen Sharikek, harriturik... «Ez, hori ezinezkoa duk.» Sudurra gorantz jaso, berriz ere larruzko berokiari usain egin, eta ziurtasunez pentsatu zuen: «Ez, hemen ez zegok proletario usainik. Hitz zientifikoa duk, batek zekik zer esan nahi duen».

        Beira arrosakoloreaz bestaldean argi ustekabeko eta alai bat piztu zen bat-batean, eta are gehiago nabarmendu zuen txartelaren beltza. Atea alderik alde zabaldu zen batere zaratarik egin gabe, eta mantaltxo zuriz eta farfailezko txanoz jantziriko emakume gazte polit bat agertu zen txakurraren eta haren jabearen aurrean. Jainkozko berotasun bat jabetu zen bietako lehenaz, eta emakumearen gonak usain gozoa hedatu zuen, mugetarenaren antzekoa.

        «Hau bai, hau ulertzen diat», pentsatu zuen txakurrak.

        — Mesedez, Sharik jauna —esan zion jaunak ironiaz, sartzeko gonbita eginez, eta Sharikek aurrera egin zuen, buztanari eraginez.

        Harrera-gela dotorea denetariko gauzez mukuru beterik zegoen. Oso deigarria gertatzen zen lurreraino bertaraino iristen zen ispilu bat, zeinak berehala islatu baitzuen Sharik higatu eta hondatu baten irudia, eta, horrekin batera, orein baten adar ikaragarriak han goian, ezin konta ahal beroki eta eskalapoiak, eta argi-tulipa opalokara bat sabaiaren azpian.

        — Baina non aurkitu duzu hau, Filip Filipovitx? —galdetu zuen emakumeak, irribarrez, azeri-larruzko eta orban urdinxkekiko beroki arre-belzkara astuna eranzten laguntzen zion bitartean Jainkoarren! Hori hazteria duena!

        — Txorakeriak esaten ari zara. Non du hazteriarik? —galdetu zuen jaunak, zorrotz eta zakar.

        Berokia erantzitakoan, oihal ingelesezko traje beltz batez jantzirik agertu zen, eta urrezko kate batek dir-dir egin zion sabelaren parean, alaitsu eta motel.

        — Egon geldi apur batean, ez mugitu, fiu... Ez mugitzeko, kokolo hori! Ea! Hau ez da hazteria... Baina hago geldi, mila deabru!... Jum! A, a! Hau erredura da. Zein gizatxarrek erre hau ur irakinaz? E? Egon geldi, baina!...

        «Sukaldari batek, sukaldari zital batek», erantzun zuen txakurrak, begiak kexati, eta intziri egin zuen.

        — Zina —agindu zuen jaunak eraman ezazu oraintxe bertan azterketa-gelara eta ekar ezazu nire mantala.

        Emakumeak txistu egin zuen, hatzak klaskatu zituen, eta txakurra, une batez zalantzan egon, eta haren atzetik joan zen. Korridore estu eta argi ahuleko batean aurrera joan ziren biak; ate bernizatu bat igaro, amaierara iritsi, ezkerretara jo, eta gelatxo ilun batean sartu ziren. Gelatxoa bertatik gertatu zitzaion desatsegina txakurrari, hango usain gaitz-iragarlea zela eta. Klik sor bat entzun, eta iluntasuna egun itsugarri bihurtu zen, inguru guztia argitsu, distiratsu eta zuri agertu baitzen bat-batean.

        «A, ez... —esan zuen txakurrak bere artean, intzirika barkatu, baina ez dut amore emango! Orain ulertu diat, deabruak eraman ditzala haiek eta haien hestebetea! Txakurrentzako klinika batera ekarri naitek amarruz. Orain errizino-olioa edanaraziko zidatek eta saihets guztia ebakiko zidatek labanarekin, noiz eta orain, ukitu ere ezin denean!»

        — E, ez, nora hoa?! —egin zuen oihu Zina esaten zioten hark.

        Txakurrak izkintxo egin zion; uzkurtu, ustekabean jauzi egin, eta hain gogor jo zuen atea saihets onarekin, ezen danbatekoak burrunba egin baitzuen etxebizitza osoan. Gero, atzeraka erori, sokatxoak dantza eraginiko zibaren antzera jirabiraka hasi, eta ontzi zuri bat bota zuen lurrera, eta ontziko kotoi-puskak hegan barreiatu ziren inguru guztian. Biraka ibili zen bitartean, hormak, tresna distiratsuz beteriko armairuak, mantal zuria eta emakumearen aurpegi itxuragabetua hegan eta jauzika aritu ziren haren inguruan.

        — Nora hoa, deabru txima-jario hori? —egin zuen oihu Zinak, sutsuki Demonio madarikatua!

        «Non dago zerbitzarien eskailera?...», pentsatu zuen txakurrak. Abiada hartu eta, bola bat eginik, beirate baten kontra jauzi egin zuen itsumustuan, hura alboko atea izango zelako ustean. Beira-puskatxo mordo bat indarrez barreiatu zen, zarataka eta txistuka; flasko zapal bat lurrera erori, eta barruan zeukan zikinkeria gorrixkak zorua zikindu eta kirats nazkagarria hedatu zuen berehala. Benetako atea alderik alde ireki zen.

        — Geldi, as-astakilo hori —egin zuen garrasi jaunak, mantalaren mahuka bat bakarrik jantzirik zeukala eta txakurrari hanketatik helduz Zina, eutsi lepotik piztitxar honi!

        — Ja... Jainkoarren, hau txakurra!

        Are zabalago ireki zen atea, eta mantalez jantziriko beste gizonezko bat sartu zen, oldarrean. Beira hautsiak zapalduz, txakurrarenganantz joan beharrean, armairura jo zuen, ireki, eta usain gozoegi eta okagarri batez bete zen gela osoa. Gero, irmo eseri zen txakurraren sabelaren gainean, eta txakurrak gogoz egin zion hozka botako lokarrietatik goraxeago. Gizonak garrasi egin zuen, baina ez zen kikildu. Isurkari higuingarriak arnasa eten zion txakurrari, eta zorabiatu egin zitzaion burua; gero, hankak ahuldu, eta nora ezean joan zen, okerka eta zabuka. «Eskerrik asko, aski duk —pentsatu zuen, erdi lo, beira zorrotzen gainean etzaten zen bitartean Agur, Mosku! Ez ditiat berriro ikusiko Txitxkin eta proletarioak eta Krakoviako hestebetea. Paradisura noak, nire etsi onagatik. Borrero maiteok, zergatik egiten didazue hau?»

        Eta, hori esanik, saihetsaren gainera abaildu eta bertan akabatu zen.

 

* * *

 

        Berpiztu zenean, zorabio arin bat zuen buruan eta goragale txikiak sabelean, baina saihetsa gozo-gozo mutu zegoen, saihetsik ez balu bezala. Txakurrak erdi ireki zuen bere eskuin begi iluna eta haren ertzetik ikusi zuen saihetsak eta sabela lotailuz estu bildurik zeuzkala. «Azkenean, hondatu egin naitek putakume horiek —pentsatu zuen lausoki baina, hori bai, trebetasun handiz egin dutela aitortu behar.»

        — «Sevillatik Granadara... gau iluneko isiltasunean» —hasi zen abesten haren gainean ahots laxo eta zakar bat.

        Harritu egin zen txakurra, zabal-zabal ireki zituen begiak eta bi urratsera gizonezko baten zangoa ikusi zuen aulki zuri batean. Galtza eta galtzazpia belauneraino jasorik zeuden, eta berna biluzi horixka odol lehorrez eta iodoz zikindurik ageri zen.

        «Ene Jainkoa! —pentsatu zuen txakurrak horrek esan nahi dik hozka egin diodala. Nik egina duk hori. Jipoi ederra emango zidatek orain!»

        — «Durundi egiten dute serenatek, durundi ezpata-ukaldiek!» Zergatik egin diok hozka doktoreari, arlote horrek? E? Zergatik puskatu duk beira? E?

        — Uuuu —hasi zen intzirika txakurra, errukarri.

        — Ederki, heure senera etorri haiz, gera hadi hor etzanik, inozo hori.

        — Baina nola lortu duzu, Filip Filipovitx, hain txakur urduria honaino ekartzea? —galdetu zuen gizonezko baten ahots atseginak, eta artilezko galtzazpia behera jaitsi zen. Tabako-usaina aditu zen, eta flaskoek tintin egin zuten armairuan.

        — Laztanekin. Izaki bizidunak tratatzeko dagoen modu bakarrarekin. Izuaren bidez ez dago ezer lortzerik animaliengandik, haien bilakaera-maila edozein dela ere. Egiaztatu egin dut hori, egiaztatu egiten dut eta egiaztatu egingo dut. Haiek arrazoirik gabe uste dute izuak lagundu egingo diela. Bada, ez, ez, ez die lagunduko, zuria, gorria zein gaztainkara izanik ere! Izuak erabat geldiarazten du nerbio-sistema. Zina! Krakoviako hestebetea erosi diot alproja honi, errublo bat eta berrogei kopek. Mesedez, goragaleak joaten zaizkionean, emaiozu jaten.

        Beira-puskek karraska egin zuten erratzaren azpian, eta emakume-ahots batek limurkeriaz esan zuen:

        — Krakoviakoa! Jainkoaren izenean, hogei kopeken haragi-hondakinak erosi behar zenizkion. Krakoviako hestebetea hobe nik jaten badut.

        — Etzazula dastatu ere egin! Pozoi hutsa da giza urdailarentzat. Neska heldua zara, eta edozein txerrikeria hartzen duzu ahoan, haur txikiek bezala. Kontuz, gero! Jakinaren gainean jartzen zaitut: ez ni ez Bormental doktorea ez gara zutaz arduratuko urdailetik gaixotzen zarenean... «Beste emakume bat hemen zure berdina izan daitekeela uste duten horiek...»

        Bitartean, txirrin-hots ahul etenak entzuten ziren etxebizitza osoan, eta han urrun, harrera-gelan, ahotsak aditzen ziren etengabe. Telefonoak behin eta berriro jotzen zuen. Zina desagertu egin zen.

        Filip Filipovitxek, zigarretaren mutxikina ontzi batera bota, mantalaren botoiak lotu, hormako ispilutxoaren aurrean bere bibote leuna txukundu, eta txakurrari deitu zion:

        — Fiu, fiu. Ea, lasai, lasai. Goazen pazienteengana.

        Txakurra zutik jarri zen bere hanka koloken gainean, aldaroka eta dardaraka ibili zen apur batean, baina berehala suspertu eta Filip Filipovitxen mantal-barren kulunkarien atzetik joan zen. Berriro igaro zuen txakurrak korridore estua, baina orain ikusi zuen leiho biribil batek dir-dir argiztaturik zegoela goitik. Ate bernizatua ireki zenean, langelan sartu zen Filip Filipovitxekin batera, eta hango altzarien apainak liluraturik utzi zuen txakurra. Dena zen distira han: distira bizia sabai modelatuaren azpian, distira bizia mahai gainean, distira bizia hormetan eta armairuko beiratean. Argitasunak langelako gauza ugariak biltzen zituen, guztien artean hontz izugarri handi bat nabarmentzen zela, horman adar batean jarririk.

        — Etzan hadi —agindu zion Filip Filipovitxek.

        Gelaren beste aldeko ate zizelkatua ireki, eta hozkatua sartu zen. Oso eder eta gazte ageri zen orain langelako argitasun bizian, bere kokots-bizar zorrotzarekin. Filip Filipovitxi orri bat eman, eta esan zuen:

        — Lehengo hura...

        Hori esanik, isilik joan zen, eta Filip Filipovitx, mantal-barrenak zabaldurik, idazmahai erraldoi baten aurrean eseri zen eta aire izugarri serio eta arduratsua hartu zuen bat-batean.

        «Ez, hau ez duk klinika bat, beste nonbaitera ekarri naitek —pentsatu zuen txakurrak, nahasirik, eta tapiz dotore batean etzan zen larruzko diban astunaren alboan eta gero argituko diagu hontzarena.»

        Emeki ireki zen atea, eta gelan sartu zenak hain harridura handia eragin zion txakurrari, ezen zaunka egin baitzuen, herabetasun handiz baina.

        — Ixo! Hara, hara, ez duzu lehengo antzik batere, adiskidea.

        Sartu berriak begirune eta aztoramendu handiz agurtu zuen Filip Filipovitx, buru-makurtua eginez.

        — Ji, ji! Magoa eta aztia zara, profesorea —esan zuen, gogoa nahasirik.

        — Erantz itzazu galtzak, adiskidea —agindu zion Filip Filipovitxek, eta zutik jarri zen.

        «Jesukristoren izenean —pentsatu zuen txakurrak hau elementua!»

        Elementuaren buruko ileak berde-berdeak ziren, eta tabako-kolore herdoilkara hartzen zuten garondoan; haren aurpegia zimurrez josirik zegoen, baina zurigorria zen, haur jaioberriena bezala. Ezkerreko zangoa ez zitzaion tolesten, herrestan eraman behar zuen tapizaren gainean; eskuinekoa, aldiz, jauzika ibiltzen zen, txotxongilo baten zurezko hanka balitz bezala. Begi-itxurako harribitxi bat nabarmentzen zitzaion jaka ezinago dotorearen papar-hegal batean.

        Txakurrari goragale guztiak joan zitzaizkion bat-batean, ikusminaren ikusminaz.

        — Guau, guau!... —egin zuen zaunka, leunkiro.

        — Ixilik egon hadi! Eta zer moduz loa, adiskidea?

        — Je, je! Bakarrik gaude, profesorea? Ezin azalduzkoa da —ekin zion bisitariak, aztoraturik Parole d'honneur, 25 urtean behin ere ez zait horrelakorik gertatu —gizon xelebrea galtzetako botoiak askatzen hasi zen sinets iezadazu, profesorea, neska biluzi saldoak ikusten ditut gauero. Guztiz liluraturik nago. Aztia zara, gero!

        — Jum! —egin zuen Filip Filipovitxek, kezkatu-antzean, bisitariaren begi-ninia aztertzen zuen bitartean.

        Hark, azkenean, botoiak menderatu eta galtza marradunak erantzi zituen. Sekula ikusi ez bezalako galtzazpi harrigarriak agertu ziren haien azpian. Kremakoloreak ziren, zetazko katu beltzak zeuzkaten brodaturik eta perfume-usaina zerien.

        Txakurrak ezin izan zuen jasan katuen ikuskizuna, eta hain modu izugarrian hasi zen zaunkaka, ezen gizon xelebreak jauzi txiki bat egin baitzuen.

        — Ai!

        — Astinaldi ederra emango diat! Ez beldurrik izan, ez du hozka egiten.

        «Ez dut hozka egiten?», harritu zen txakurra.

        Galtzetako sakelatik gutunazal txiki bat erori zen tapizaren gainera. Adats ugaria bildu gabe zeukan emakume eder baten irudia ageri zen gutunazalean. Gizon xelebreak jauzi txiki bat egin zuen; makurtu, gutunazala jaso, eta gorri-gorri jarri zen.

        — Dena dela, kontuz ibili —ohartarazi zion Filip Filipovitxek, bekokia zimurturik eta hatzarekin mehatxu eginez kontuz ibili, gero! Ez gehiegikeriarik egin!

        — Ez dut gehi... —hasi zen gizon xelebrea, zezelka eta urduri, arropak eranzten jarraitzen zuen bitartean saio moduan soilik egin dut, profesore maitea.

        — Ondo da. Eta? Nolako emaitzak? —galdetu zuen, zorrotz, Filip Filipovitxek.

        Gizon xelebreak eskuari eragin zion, estasian liluraturik.

        — Horrelakorik deus ez 25 urtean, profesorea, Jainkoaz zin egiten dizut. Azkenekoa 1899an izan zen, Parisen, rue de la Paixen.

        — Eta zergatik berdatu zara?

        Aurpegia goibeldu zitzaion bisitariari.

        — Jirkost madarikatua! Ezin duzu imajinatu ere egin, profesorea, gizatxar horiek zer eman didaten tindagaiaren ordez. Begira, begira —murduskatu zuen gizon xelebreak, begiekin ispilua bilatuz Muturra apurtzea merezi dute! —gaineratu zuen amorru bizian Zer egingo dut orain, profesorea? —galdetu zuen, negar-doinuz.

        — Mmm, bada, larru-arras moztu ilea.

        — Baina, profesorea, zuri-zuria haziko zait berriro —kexatu zen bisitaria Gainera, piura horrekin ezingo nintzateke lanean agertu, eta badira hiru egun bulegoa zapaltzen ez dudala. Ai, profesorea, ilea ere gaztetzeko modua aurkituko bazenu!

        — Aldian aldikoa, aldian aldikoa, lagun maitea —murmurikatu zuen Filip Filipovitxek.

        Makurtu, eta pazientearen sabel biluzia aztertu zuen, begiak dirdirka.

        — Ederki, ederki, behar bezala dago dena. Egia esan, neronek ere ez nuen hain emaitza onik espero. «Odola ugari, abestiak ugari»... Jantz zaitez, nire lagun maitea!

        — «Emakume guztietan ederrenarena naiz ni...» —lagun egin zion pazienteak, zartaginaren zirti-zarta gogorarazten zuen ahots dardaratsu batez, eta, pozarren, janzten hasi zen. Janzkiak ondo antolatzen zituen bitartean, jauzi txikiak eginez eta perfume-usaina hedatuz, billete-sorta bat eman zion Filip Filipovitxi eta samurtasunez estutu zizkion bi eskuak.

        — Bi astean ez duzu zertan etorririk —esan zion Filip Filipovitxek baina, mesedez, zentzuz jokatu.

        — Profesorea! —esan zuen haren ahotsak ateaz bestaldetik, pozez zoratzen egon zaitez guztiz lasai —barretxo gozoa egin eta han desagertu zen.

        Txirrinaren hots sorrak durundi egin zuen etxebizitzan; ate bernizatua ireki, hozkatua sartu, Filip Filipovitxi orritxo bat eman, eta esan zion:

        — Urteak ez daude zuzen. 54-55 hor nonbait ditu. Bihotz-taupaden hotsa motel samarra da.

        Hura desagertu, eta dama fris-fraskari batek ordeztu zuen. Kapela ozartasunez okerturik zeraman eta iduneko distiratsua zeukan lepo zimel zimurtsuan. Poltsa beltz ikaragarriak zeuzkan begien azpian zintzilik, eta masailak panpinek ohi duten kolore gorrimin horretakoak zituen. Izugarri urduri zegoen.

        — Andrea! Zenbat urte dituzu? —galdetu zion Filip Filipovitxek, oso zakar.

        Izuturik, dama zurbil jarri zen geruza gorriminaren azpian.

        — Nik, profesorea, zin egiten dizut... nolako drama dudan jakingo bazenu!

        — Zenbat urte dituzu, andrea? —errepikatu zuen Filip Filipovitxek, are zakarrago.

        — Nire ohoreaz zin egiten dizut... Zera, berrogeita bost...

        — Andrea! —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek zain daukat jendea. Ez berandutu, mesedez! Zu ez zara bakarra!

        Bortizki puztu zen damaren bularra.

        — Zuri bakarrik kontatuko dizut, zientzialari ospetsua zara eta. Baina, zinez diotsut, hain da izuga...

        — Zenbat urte dituzu? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, amorru biziz eta garrasika, eta betaurrekoek dir-dir egin zioten.

        — Berrogeita hamaika! —erantzun zuen damak, beldurrez dardaraka.

        — Erantz itzazu barruko galtzak, andrea —esan zuen Filip Filipovitxek, arindurik, eta bazter batean zegoen urkabe zuri bat seinalatu zion.

        — Zin egiten dizut, profesorea —zioen damak marmar lasterrean, hatz dardaratiz gerrian halako botoi batzuk askatzen zituen bitartean Moritz hori... Aitortzen dizut, aitortzan bezala aitortzen dizut...

        — «Sevillatik Granadara...» —hasi zen abesten Filip Filipovitx, laxoki, eta marmolezko konketaren pedala zapaldu zuen. Uraren hotsa entzun zen.

        — Jainkoaz zin egiten dizut! —zioen damak, eta masailetan egiazko orbanak azaleratzen ari zitzaizkion alegiazkoen artean Badakit hau nire azken grinaldia dela. Baina hain da zitala bera! Oi, profesorea! Iruzur egiten du karta-jokoan, Mosku osoak daki hori. Neska jostunik zirtzilena ere ez du huts egiten. Izan ere, hain da deabruzki gaztea.

        Marmarra eten gabe, damak farfailazko janzki zimurtu bat atera zuen gona zaratatsuaren azpitik.

        Txakurrari erabat gandutu zitzaizkion begiak, eta azpikoz gora irauli zitzaion dena buruan.

        «Zoazte deabruetara! —pentsatu zuen lausoki, burua hanken gainean jarririk eta lotsak logaleturik Eta ez nauk saiatuko hemen zer arraio gertatzen ari den ulertzen; saiaturik ere, ez nikek ezer ulertuko!»

        Hots batek ernatu zuen, eta ikusi zuen Filip Filipovitxek halako hoditxo distiratsu batzuk bota zituela azpil batera.

        Dama orbantsuak, eskuak bularraren kontra estutuz, itxaropentsu begiratzen zion Filip Filipovitxi. Hark serio zimurtu zuen bekokia, eta, mahaiaren aurrean eseririk, zerbait idazten hasi zen.

        — Tximino baten obulutegiak jarriko dizkizut, andrea —jakinarazi zion, zorrotz begiratzen ziola.

        — Ai, profesorea, ez da izango! Tximino batenak?

        — Bai —erantzun zuen Filip Filipovitxek, tinko.

        — Noiz egingo didazu ebakuntza? —galdetu zuen damak, zurbil eta ahots ahulez.

        — «Sevillatik Granadara...» Mmmm... astelehenean. Goizetik egon behar duzu klinikan. Nire laguntzaileak prestatuko zaitu.

        — Ai, ez dut klinikan nahi! Ezin liteke zure etxean, profesorea?

        — Begira, etxean kasu larri-larrietan soilik egiten ditut ebakuntzak. Oso garesti aterako zaizu, 500 errublo.

        — Ados nago, profesorea!

        Berriz entzun zen uraren hotsa, kapela lumaduna airean higitu zen; gero, platera baino soilagoa zen buru ilegabe bat agertu zen eta Filip Filipovitx besarkatu zuen. Txakurra erdi lo zegoen, joanak zituen ordurako goragaleak, berotasunaz eta saihetseko minik ezaz gozatzen ari zen, zurrunga ere egin zuen eta amets atsegin baten zati bat ikustea lortu zuen: isatseko luma-sorta oso bat erauzi zion hontzari... Gero, ahots hunkitu batek orro egin zuen haren buruaren gainean.

        — Ezagunegia naiz Moskun, profesorea. Zer egin dezaket?

        — Jauna! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, haserre horrela ezin da! Menderatu egin behar duzu zeure burua. Zenbat urte ditu neskak?

        — Hamalau, profesorea... Uler ezazu, albistea zabaltzen bada, nireak egin du. Zeregin batzuetarako atzerrira joateko mandatua jaso behar dut egunotan.

        — Baina ni ez naiz legelaria, adiskidea... Tira, bi urte itxaron eta ezkon zaitez berarekin.

        — Ezkondurik nago, profesorea.

        — Ai ene, jaunak, jaunak!

        Ateak irekitzen ziren, aurpegiak aldatzen ziren, tresnek hots egiten zuten armairuan, eta Filip Filipovitxek lan egiten zuen, atsedenik gabe.

        «Hau etxezulo zantarra —pentsatzen zuen txakurrak baina zein ondo egoten den! Zer arraiotarako behar nau, ordea? Bizirik utziko nau? Bai gizon bitxia! Begi-keinu bat egin, eta besterik gabe bereganatuko likek edonor liluratzeko moduko txakur paregabe bat! Tira, agian, ni ere txakur polita nauk. Argi zegok zori ona izan dudala! Baina hontz zikin hori... Lotsagabea halakoa!»

        Txakurra arratsalde beranduan iratzarri zen erabat, txirrin-hotsak amaitu zirenean eta, hain zuzen ere, ateak bisitari berezi batzuei sartzen utzi zien une berean. Lau ziren. Gazteak denak eta oso xume jantziak denak.

        «Zer nahi dute hauek?», pentsatu zuen txakurrak, harriturik. Askoz etsaitasun handiagoz hartu zituen bisitariak Filip Filipovitxek. Zutik zegoen idazmahaiaren alboan, eta gudalburuak arerioei bezala begiratzen zien sartu berriei. Behin eta berriro puzten zitzaizkion bere aztore-sudurreko zuloak. Sartu berriak batera eta bestera zebiltzan tapizaren gainean.

        — Profesorea —ekin zion haietako batek, zeinari gutxienez lau arshin garai zen adats guztiz ugari eta kizkur bat nabarmentzen baitzitzaion buruan zera dela eta etorri gara zurera...

        — Jaunok, zuen aldetik ez da batere zuhurra eguraldi honekin eskalapoirik gabe ibiltzea —eten zion Filip Filipovitxek, aholkulari lehenik, hotza harrapatuko duzue, eta bigarrenik, tapizak zikindu dizkidazue zapatekin, eta nire tapiz guztiak Pertsiakoak dira.

        Isilik geratu zen adats luzeduna, eta tinko begiratu zioten laurek Filip Filipovitxi, txunditurik. Isiluneak zenbait segundo iraun zuen, eta mahai gainean zegoen zurezko plater margotu bat hatzekin atabalatzean Filip Filipovitxek atera zuen zaratak soilik hautsi zuen.

        — Lehenengo eta behin, gu ez gara jaunak —esan zuen, azkenean, lauretan gazteenak, zeinak mertxika-itxura baitzuen.

        — Lehenengo eta behin —moztu zion hari ere Filip Filipovitxek zu gizonezkoa ala emakumezkoa zara?

        Isilik geratu ziren berriz ere laurak, eta ahoa ireki zuten. Oraingoan, adats luzekoa izan zen bere senera bihurtzen lehena.

        — Zer axola du horrek, tobaritxa? —galdetu zuen, harro.

        — Emakumezkoa naiz —aitortu zuen mertxika-itxurako gazteak, zeinak larruzko jaka bat baitzeukan jantzirik, eta gorri-gorri jarri zen. Haren ondotik, batek daki zergatik, sartu berrietako beste batek ere kolore gorri bizia hartu zuen. Ilehoria zen eta larruzko txano kaukasoar garai bat zeraman buruan.

        — Orduan, zu kapela jantzirik geratu ahal zara; baina zuri, jaun agurgarria, mesedez eskatzen dizut buru-estalkia kentzeko —esan zuen Filip Filipovitxek seriotasun handiz.

        — Ni ez naiz inondik inora ere jaun agurgarria —esan zuen, zakar, ilehoriak, txano kaukasoarra kentzen zuen bitartean.

        — Gu zurera etorri gara... —hasi zen berriro adats luzeko beltzarana.

        — Lehenengo eta behin, nor da gu hori?

        — Gu etxe honetako administrazio-batzorde berria gara —esan zuen beltzaranak, barnean eutsiriko amorruz Ni Shvonder naiz, emakume hau Viazemskaia da, hori Pestrukhin tobaritxa eta hori Jarovkin. Eta gu...

        — Zuek zarete Fiodor Pavlovitx Sablinen etxebizitzan kokatu direnak?

        — Bai, gu gara —erantzun zuen Shvonderrek.

        — Jainko maitea, akabo Kalabukhov etxea! —egin zuen oihu Filip Filipovitxek, etsia harturik, eta espantuz elkartu zituen eskuak.

        — Zergatik egiten duzu barre, profesorea? —sutu zen Shvonder.

        — Barre? Nik ez dut barrerik egiten! Etsi-etsirik nago —egin zuen garrasi Filip Filipovitxek zer gertatuko da orain lurrun-berogailuarekin?

        — Guri adarra jotzen ari zara, Preobrajenski profesorea?

        — Zertarako etorri zarete niregana? Hitz egin ezazue ahalik eta arinen, bazkaltzera joan behar dut eta.

        — Etxeko zuzendaritza-batzordea gara —esan zuen Shvonderrek, gorrotoz etxe honetako biztanleen biltzar nagusiaren ondotik etorri gara zuregana, biltzarrean etxeko gelen banaketa ukitu dugu...

        — Nork ukitu du nor? —egin zuen oihu Filip Filipovitxek Mesedez, saia zaitez zure ideiak argiago azaltzen.

        — Gela-banaketaren arazoa aztertu dugu.

        — Aski da! Ulertu dut! Dakizuenez, joan den abuztuaren 12ko aginduak gela-banaketa orotatik zein bizilagun gehiago hartzetik salbuetsi du nire etxebizitza.

        — Bai, badakigu —erantzun zuen Shvonderrek baina biltzar nagusiak, zure arazoa azterturik, oro har etxebizitza handiegia duzula ondorioztatu du. Guztiz handiegia. Bakarrik bizi zara zazpi gelatan.

        — Bakarrik bizi eta lan egiten dut zazpi gelatan —erantzun zuen Filip Filipovitxek eta zortzigarren bat nahi nuke. Ezinbestekoa dut, liburutegirako.

        Mutu gelditu zen laukotea.

        — Zortzigarren bat! E, je, je —esan zuen ilehoriak, buru-estalkia erantzirik hau da hau!

        — Hau gehiegizkoa da! —egin zuen oihu bere burua emakumezkotzat aurkeztu zuen gazteak.

        — Harrera-gela daukat, eta kontuan izan liburutegi ere badela, jangela, nire langela, 3. Azterketa-gela, 4. Operazio-gela, 5. Nire logela, 6, eta neskamearen gela, 7. Guztira, ez da nahikoa... Baina, dena dela, horrek ez du garrantzirik. Nire etxebizitza salbuetsirik dago, eta amaitu da elkarrizketa. Joan naiteke bazkaltzera?

        — Barka iezadazu —esan zuen laugarrenak, zeinak kakalardo sendo baten antza baitzuen.

        — Barka iezadazu —eten zion Shvonderrek hain zuzen ere, jangelaz eta azterketa-gelaz hitz egitera etorri gara. Biltzar nagusiak eskatzen dizu jangelari uko egiteko, onez onean, langileon diziplinak agintzen duen bezala. Moskun inork ez du jangelarik.

        — Ezta Isadora Duncanek ere —gaineratu zuen emakumeak, ozenki.

        Zer edo zer gertatu zitzaion Filip Filipovitxi, zerbaiten eraginez haren aurpegiak kolore gorrixka hartu zuen, eta ez zuen txintik ere atera, hurrena zer jazoko zain.

        — Eta uko egin behar diozu azterketa-gelari ere —jarraitu zuen Shvonderrek langela ederki asko erabil daiteke azterketa-gela gisa.

        — Bai —esan zuen Filip Filipovitxek, halako ahots bitxi batez eta non jango dut?

        — Logelan —erantzun zuten laurek batera.

        Filip Filipovitxen gorritasunak tonu doi bat grisaxka hartu zuen.

        — Logelan jan —ekin zion Filip Filipovitxek, ahotsa ito samarturik azterketa-gelan irakurri, harrera-gelan jantzi, ebakuntzak neskamearen gelan egin, eta pazienteak jangelan aztertu. Oso litekeena da Isadora Duncanek hala egitea. Beharbada, berak langelan jaten du, eta bainugelan zatikatzen ditu untxiak. Beharbada. Baina ni ez naiz Isadora Duncan! —egin zuen garrasi bat-batean, eta gorritasuna horitasun bihurtu zitzaion Nik jangelan jango dut, operazio-gelan egingo ditut ebakuntzak! Jakinaraz iezaiozue hori biltzar nagusiari, eta apaltasun handiz eskatzen dizuet zeuen zereginetara itzultzeko, eta niri utzi jaten jende normal guztiak jaten duen lekuan, hau da, jangelan, eta ez harrera-gelan edo umeen gelan.

        — Orduan, profesorea, egoskorkeria tematsu hori ikusirik —esan zuen Shvonderrek, ernegaturik zure kontrako kexa bat jarriko dugu goi-mailako instantzietan.

        — A, bai? —esan zuen Filip Filipovitxek hori egingo duzue? —eta haren ahotsak doinu susmagarriro adeitsua hartu zuen itxaron apur batean, arren.

        «Hau gizona hau! —pentsatu zuen txakurrak, gogoa beroturik Nire berdin-berdina. Oi, ederrak emango zizkiek orain, ederrak emango zizkiek! Oraindik ez zekiat nola, baina ederrak emango zizkiek. Ekin gogor! Oraintxe bertan helduko niokek hanka-luze horri belaunpeko gihar-zainetik, bota baino gorago... grrr, grrr, grrr...»

        Filip Filipovitxek, kolpe gogor bat emanik, telefonoaren mintzagailua hartu eta honela esan zuen:

        — Mesedez... bai... eskerrik asko... Piotr Aleksandrovitxekin hitz egin nahi dut, mesedez. Preobrajenski profesorea. Piotr Aleksandrovitx? Pozten naiz zu aurkitzeaz. Eskerrik asko, osasunez ondo. Piotr Aleksandrovitx, ez dugu egingo zure ebakuntza. Zer? Guztiz ezinezkoa da. Gainerako ebakuntza guztiak bezalaxe. Hona arrazoia: Moskun lan egiteari utziko diot, Moskun eta Errusia osoan... Lau gazte etorri berri zaizkit etxera, haietako bat emakumezkoa da, gizon-jantzian, eta bik errebolberrak dauzkate, eta izua sartu didate hementxe bertan, nire etxebizitzaren zati bat indarrez kentzeko asmoz.

        — Baina, baina, profesorea... —hasi zen Shvonder, aurpegiera mudatzen zitzaiola.

        — Barkatu... Ezin dizut errepikatu esan didaten guztia. Ni ez naiz zentzugabekerien zale. Aski da esatea nire azterketa-gelari uko egitea proposatu didatela, edo, beste hitz batzuekin esanik, zure ebakuntza orain arte untxiak zatikatzeko erabiltzen nuen lekuan egitea beste aukerarik ez didatela uzten. Ezinezkoa zait egoera horretan lan egitea, eta, gainera, ez dut horretarako baimenik. Horregatik, nire lanbidea bertan behera utzi, etxebizitza itxi, eta Sotxira joango naiz. Shvonderri eman ahal diot giltza. Egin ditzala berak ebakuntzak!

        Harri eta zur zeuden laurak. Botetako elurra urtzen ari zitzaien.

        — Zer egingo diogu!... Niretzat ere ez da batere atsegina... Nola? O, ez, Piotr Aleksandrovitx! O, ez. Ezin dut gehiago jasan egoera hau. Agortu da nire pazientzia guztia. Abuztuaz geroztik, bigarren aldia da hau gertatzen zaidala. Nola? Mmmm... Nahi duzun bezala. Hala biz. Baina baldintza batekin bakarrik: berdin dit nork, noiz eta nola egiten duen, baina agiri horrek nire etxebizitzako atera hurbiltzea ere galarazi behar die Shvonderri eta beste edonori. Behin betiko agiria izan behar du. Eraginkorra. Benetakoa! Blindatua. Nire izena aipatu ere egin ez dezaten. Bai horixe! Desagertu naiz haientzat. Bai, bai. Mesedez. Nork? A... Ondo, hori besterik da. A... Ondo da. Oraintxe bertan emango diot mintzagailua. Mesedez —esan zion, ahots maltzurrez, Filip Filipovitxek Shvonderri orain zurekin hitz egingo dute.

        — Baina, profesorea —esan zuen Shvonderrek, noiz gorrituz, noiz zurbilduz aldrebestu egin dituzu gure hitzak.

        — Mesedez eskatzen dizut horrelako esapiderik ez erabiltzeko.

        Shvonderrek, harriturik mintzagailua hartu, eta esan zuen:

        — Bai, esan. Bai... Etxeko batzordeko lehendakaria... Baina guk araudiak agintzen duen bezala jokatu dugu... Bai, profesorearen kasua guztiz berezia da... Badakigu haren lanen berri... Bost gela uzteko asmoa genuen... Bai, ondo da... Hala bada... Ondo...

        Zeharo gorriturik, mintzagailua eseki eta atzera jiratu zen.

        «Nola apaldu duen! Hau bai gizona! —pentsatu zuen txakurrak, liluraturik Hitz magikoak al dakizki? Bueno, orain jo ahal nauzue, nahi duzuen bezala, baina nik ez diat hemendik alde egingo.»

        Beste hirurak, aho zabalik, Shvonder apalduari begira zeuden.

        — Hau iraingarria da —esan zuen Shvonderrek, herabetasunez.

        — Eztabaidatzeko aukerarik egon balitz —hasi zen emakumea, sutan eta gorriturik Piotr Aleksandrovitxi frogatuko nion...

        — Barkamena eskatzen dizuet. Nahi duzue oraintxe bertan hasi eztabaida hori? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, gizalegez.

        Begiak txinpartaka hasi zitzaizkion emakumeari.

        — Ulertzen dut zure ironia, profesorea, oraintxe joango gara... Baina nik, etxeko kultur batzordeko lehendakaria naizen aldetik...

        — Lehendakari an-dre-a —zuzendu zion Filip Filipovitxek.

        — Proposatu nahi dizut —eta aldizkari deigarri eta elurrak hezetu batzuk atera zituen kolkotik emakumeak aldizkari batzuk erostea Alemaniako haurrei laguntzeko. Berrogeita hamar kopek balio du bakoitzak.

        — Ez, ez dizut erosiko —erantzun zuen Filip Filipovitxek, labur, begi-ertzetik aldizkariei begira.

        Harridura erabatekoa agertu zen aurpegi guztietan, eta emakumeak halako kolore morexka bat hartu zuen.

        — Zergatik ez?

        — Ez dut nahi.

        — Ez dituzu erruki Alemaniako haurrak?

        — Erruki ditut.

        — Berrogeita hamar kopek aurreztu nahi dituzu?

        — Ez.

        — Orduan, zergatik?

        — Ez dut nahi.

        Isildu egin ziren.

        — Badakizu, profesorea? —esan zuen neskak, asperen sakona eginik Europan ospe handia ez bazenu eta inolako zalantzarik gabe egunen batean agerian jarriko ditugun pertsona horiek (ilehoriak jakaren ertzetik tira egin zion, baina neska eskutik jaregin zitzaion) hain modu sumingarrian babestuko ez bazintuzte, atxilo hartuko zintuzkegu.

        — Zergatik? —galdetu zuen Filip Filipovitxek, jakin-minez.

        — Proletarioen etsai zara! —esan zuen emakumeak, harrokeriaz.

        — Bai, nik ez ditut gogoko proletarioak —onartu zuen Filip Filipivotxek, tristuraz, eta botoi bat sakatu zuen. Txirrinaren hotsa entzun zen nonbait. Korridoreko atea ireki zen.

        — Zina —egin zuen oihu Filip Filipovitxek zerbitzatu bazkaria. Zuen baimenarekin, jaun-andreok!

        Isilik irten ziren laurak langelatik, isilik zeharkatu zuten harrera-gela, eta entzun zen nola sarrera nagusiko atea astun eta zaratatsu itxi zen haien atzean.

        Txakurra atzeko hanken gainean altxatu zen eta musulmanen otoitzaren antzeko zerbait antzeztu zuen Filip Filipovitxen aurrean.

 

 

 

© Mikhail Bulgakov

© itzulpenarena: Jose Morales

 

 

"Mikhail Bulgakov / Txakur-bihotza" orrialde nagusia