I
Auuuu-au-au-auu! O, begira iezadazue, hil zorian nago. Elur-erauntsia uluka ari da atarian nire hileta jotzen, eta ni intzirika ari naiz berarekin batera. Nireak egin du, nireak egin du. Txano zikineko gizatxar batek, Ekonomia Nazionalaren Sobiet Zentraleko enplegatuen mantenu normalerako jantokiko sukaldariak, ur irakina bota eta ezkerreko saihetsa kiskali dit. Hori gizon zitala, eta proletarioa gainera! Jainkoa, ene Jainkoa, hau mina! Hezurretaraino sartu zait ur irakina. Intziri eta intziri ari naiz orain, intziriek lagunduko balidate bezala.
Zer kalte egin diot nik, ordea? Ekonomia Nazionalaren Sobieta pikutara joango al da ni zakarrontziak arakatzen ibiltzeagatik? Tripazorro arraioa! Begira iezaiozue edonoiz haren aurpegiari: luze baino zabalagoa du. Mutur kobre-koloreko lapur ustela halakoa! Ai, gizajendea, gizajendea! Eguerdian ur irakina egin dit opari babo horrek, eta dagoeneko ilundu du, gutxi gorabehera arratsaldeko laurak izango dira, Pretxistenka kaleko suhiltzaile-etxetik datorren tipula-usainak adierazten duenez. Suhiltzaileek morokila afaldu ohi dute, badakizue. Baina hori azkenekoa da, hori eta onddoak. Bestetik, Pretxistenkan ditudan txakur lagun batzuek esan didatenez, Neglinaia kaleko «Bar» jatetxean zera ipintzen dute egunero bazkaritarako, onddoak saltsa minean, 3 errublo eta 75 kopek platerkada. Hori, zaleentzat; eskalapoiak miazkatzearen parekoa da... Auuuu...
Min izugarria dut saihetsean, eta ezin argiago ikusten dut nire etorkizuna: bihar zauriak agertuko dira, eta, galdetzen dut, nola sendatuko ditut? Udan, joan-etorri azkar bat egin nezake Sokolniki parkera —han badira belartxo berezi batzuk, oso onak eta, bide batez, nahi adina hestebete-mutur jan dohainik, eta herritarrek nonahi uzten dituzten paper koipetsuak miazkatu. Eta parkeko plazatxo biribilean atso-agure erretxinik ez badago ilargiaren argitan Aida maitea bihotza erdiratzeko moduan abesten, ezin hobeto. Orain, ordea, nora joango naiz? Zuei ez dizuete atzealdean ostikorik eman? Bai. Eta ez duzue saihets-hezurretan adreilukadarik hartu? Askotxo. Nik dena igaro dut, etsi onean daramat nire zoria, eta orain negarrez banago, min fisikoagatik eta hotzagatik baino ez da, oraindik ez baitut kemena galdu... Txakurrok eraman handikoak gara.
Baina hona hemen nire gorputza itxuragabeturik, jipoiturik, jendeak dagoeneko aski iraindurik. Txarrena da ur irakinak ilea jan didala, eta orain, zera, ezkerreko saihetsak ez du inolako babesik. Oso erraz harrapa dezaket biriketako gaitza, eta harrapatzen badut, herritarrok, gosez hilko naiz. Biriketakoak jota dagoenak etxe-sarrera nagusiko eskaileraren azpian etzanik egon behar du, eta, halatan, nor ibiliko da zakarrontzietan janari bila txakur bakarti eta etzan honentzat? Hotzak goitik beheraino hartuko dizkit birikak, arrastaka ibiliko naiz sabelaren gainean, ahuldu egingo naiz, eta intelligentsiako edozein argi-iturrik makilaka hilko nau. Eta kalezain plakadunen batek hanketatik heldu eta zalgurdi batera jaurtiko nau...
Proletario guztien artean, kalezainak zaborreriarik higuingarriena dira. Giza hondakinak, kategoriarik behekoena. Sukaldarien artean, aldiz, denetarik dago. Horra hor, esaterako, Vlas zena, Pretxistenkakoa. Zenbati salbatu zien bizia! Izan ere, gaixoaldietan, mokadu bat lortzea da garrantzizkoena. Eta, hara, txakur zaharrek diotenez, Vlasek hezurrak botatzen zizkien, eta hezur bakoitzak bi ontza haragi edukitzen zuen. Zeruko erreinua merezi du, itzal handiko gizon guztiz prestua izan baitzen, Tolstoi kondeen sukaldari jauna, eta ez Mantenu Normalaren Sobietekoa. Han mantenu normaltzat prestatzen dutenak gainditu egiten du txakur baten adimena. Sukaldari doilor horiek zer eta kirats nazkagarriko okela gazitua botatzen diote aza-zopari, eta enplegatu gizagaixoak ez dira ezertaz konturatzen. Lasterka iritsi, mauka-mauka jan eta zurrupaka edaten dute.
Horko andereño mekanografo hori IX. kategoriakoa da eta berrogeita bost errublo irabazten ditu. Hori bai, maitaleak zeta-antzeko hari finezko galtzerdiak oparituko dizkio. Baina zenbat adar-jotze jasan beharko dituen hari fin horren kontura! Eta gizonak ez du ohiko eran maitatzen, ez, maitamodu frantsesera behartzen du. Gure artean esanik, frantses horiek txerri hutsak dira. Baina bapo jaten dute, eta ardo beltzarekin beti. Bai... Andereño mekanografoa hona etortzen da, 45 errublorekin ez baitago «Bar» jatetxera joaterik. Zinematograforako ere ez dauka, eta zinematografoa da emakumezkoek bizitzan duten kontsolamendu bakarra. Dar-dar egiten du, bekokia zimurtzen du, baina jaten du... Egin kontu!, 40 kopek bi jakirengatik, baina bi jaki horiek hamabost ere ez dute balio, beste 25 kopekak ekonomi administratzaileak lapurtzen ditu. Gainera, hori al da berak behar duen mantenua? Gaitzen bat du eskuineko birikaren goiko muturrean, eta emakumezkoen gaixotasun bat maitamodu frantsesaren ondorioz, lanean dirua kendu diote soldatatik, jantokian janari ustela eman diote, eta hor dago, hor dago... Etxe-atarira doa lasterka, maitalearen galtzerdiak jantzirik. Hotz dauzka oinak, haizea sabeleraino sartzen zaio, ilea nirearen antzekoa baitu, eta praka arinak daramatza, farfailezko itxura hutsa. Maitalearentzako piltzarrak. Eta saia dadila flanelazkoak janzten!, maitalea hor hasiko zaio garrasika: Ez haiz batere dotorea! Gogaiturik nagon nire Matrionaz, nahikoa jasan ditinat jadanik flanelazko galtzak, orain nire ordua iritsi dun. Orain sailburua naun, eta hemendik aurrera lapurtzen dudan guztia emakumezkoen gorputzerako izango dun, karramarrotarako, Abrau Durso-tarako. Gose handiak igaro nitinan gazte-denboran, aski dinat horrenbestez, eta, gainera, ez zegon hil ondoko bizitzarik.
Errukia ematen dit, errukia! Baina are erruki handiagoa ematen dit neure buruak. Ez naiz hala mintzo nirekoikeriagatik, oi ez!, haren egoera eta nirea zeharo desberdinak direlako baizik. Berak, gutxienez, etxeko epeltasuna du, baina nik, nik... Nora joango naiz ni? Auuuu!...
— To, to! Sharik, aizak, Sharik... Zergatik ari haiz negar-intzirika, errukarri hori? Nork eman dik min? Ai...
Elur-erauntsi lehorrak, sorgin gaizto baten antzera, burrunba egin zuen atean eta erratzarekin astindu zituen andereñoaren belarriak. Belaunetaraino harrotu zion gonatxoa, agerian utzi zizkion galtzerdi kremakoloreak eta farfailezko oihal-zerrenda estu txarto garbitu bat, hitzak ito eta elurrez estali zuen txakurra.
Ene Jainkoa... Hau eguraldia... Ai... Eta sabeleko mina dinat. Okela gazituagatik dun, okela gazituagatik! Noiz amaituko da hau guztia?
Burua makurturik, erasoari ekin zion andereñoak, nekez igaro zuen ataria, eta, behin kalean, aldaroka abiatu zen haizearen mende, aldaroka eta itzulika; gero, elurrezko torlojua balitz bezala jirabiraka hasi, eta han desagertu zen.
Txakurra atariaren azpiko hutsartean gelditu zen, eta, saihetseko zauriez oinazeturik, horma hotzaren kontra estutu zen, arnasestuka, eta irmoki erabaki zuen ez zela gehiago handik mugituko, atari-azpi horretan emango zuela azken hatsa. Etsipena hartu zuen. Hain zeukan mindurik eta atsekabeturik gogoa, hain sentitzen zen bakarrik eta izuturik, ezen babalarru txikien antzeko txakur-malko txikiak isurtzen baitzituen begietatik, eta hantxe lehortzen zitzaizkion. Saihets kiskalian nahas-mahas ageri ziren ile-multzo izoztu batzuk, eta erreduren gorriune gaitz-iragarleak ikusten ziren haien artean. Zein ergela sukaldaria, zein inozoa, zein ankerra! «Sharik», halaxe deitu dio andereñoak... Zer «Sharik» eta zer arraio, ordea! «Sharik» hitzak lodia esan nahi du, mardula, adimen laburrekoa, morokil-jale aseezina, familia onekoa, eta bera txima-jarioa da, luzanga, argala, baldarra eta arlotea, etxerik gabeko kale-txakur ziztrina. Dena dela, eskerrik asko hitz on horrengatik.
Ate-danbatekoa entzun zen kalearen beste aldeko denda ondo argiztatu batean, eta herritar bat irten zen. Ez tobaritx bat, baizik eta, hain zuzen ere, herritar bat, eta, segur aski, jaun bat. Bai, hurbilago eta nabariago: jaun bat. Longainetik igarri diodala uste duzue? Zentzugabekeria handiagorik! Orain proletario askok ere janzten dute longaina. Bai, egia da beroki guztiek ez dutela horrelako leporik, hori esan beharrik ere ez dago, baina urrundik edonor nahas daiteke. Begietatik antzeman diot, begiek ez dute inor nahasten, ez hurbiletik eta ez urrundik. Begiak gauza adierazkorra dira. Barometro moduko bat. Dena ikusten da begietan: nork duen sekulako lehortea ariman, nork eman ahal dizun besterik gabe ostiko eder bat saihets-hezurretan, nor den guztien beldur. Atsegina izaten da azken morroi horiei orkatilan kosk egitea. Har ezak hau, beldur haiz eta! Beldur haizenez, merezi duk... Grrrrr... Uau, uau, uau...
Jaunak urrats sendoz zeharkatu zuen kalea elur-ekaitzaren zirimolaren erdian, eta atariaren azpiko hutsarterantz joan zen. Bai, bai, argi eta garbi antzematen zaio. Honek sekula ez du okela gazitu ustelik jango, eta non edo non hori ematen badiote, sekulako iskanbila sortuko du, egunkarietara idatziko du: niri, Filip Filipovitx-i, gehiegizko jana eman didate, nire osasunaren kalterako.
Hor dator, gero eta hurbilago dago. Oparo jaten du eta ez du lapurretarik egiten, ez da ostikoka hasiko, eta ez da inoren beldur, beti ase delako ez da inoren beldur. Lan intelektuala egiten du, mutur zorrotzeko kokots-bizar frantsesa du, eta bibote ileurdina, leuna eta dotorea, aitoren seme frantsesek bezala, baina usain txarra hedatzen du elur-erauntsian, ospitale-kiratsa. Eta zigarroarena.
Zer deabrutarako joan da Tsentrokhoz-en kooperatibara? Hemen da... Zeren bila dabil? Auuuu... Zer erosi ote du dendatxo kaxkar horretan? Okhotni-ko saltokiak ez dira aski berarentzat, ala? Zer da hori, gero?! Hes-te-be-te-a. Jauna, hestebete horiek zerez egiten dituzten jakingo bazenu, hurbildu ere ez zinateke egingo denda horretara. Emadazu niri.
Txakurra, geratzen zitzaizkion indar apurrak bildu, eta, ero legez, herrestan joan zen atari-azpitik espaloira. Elur-erauntsiak, buru gainean fusilaren danbaden antzeko zarata ateraz, airean altxatzen zituen oihalezko iragarki bateko letra erraldoiak: «Badago gaztetzerik?».
Horixe badagoela. Usainak, ospitale-kiratsari nagusitu zaion usain horrek, berakatz eta piperrekin nahasiriko behor-okela xehatuaren usain zoragarri horrek gaztetu egin nau, sabel gainetik altxarazi nau, bere jario beroaz estutu du nire urdail dagoeneko bi egunez hutsa. Sumatzen dut, badakit, larruzko berokiaren eskuineko sakelan dauka hestebetea. Nire gainean dago. Oi, nire jaun eta jabea! Begira iezadazu. Hil zorian nago. Esklaboa da gure arima, makurra gure zoria!
Txakurrak herrestan egin zuen aurrera, suge baten antzera, sabelaren gainean, negar-malkotan. Begira zer egin didan sukaldariak. Dena dela, ez didazu inola ere emango. Oi, oso ondo ezagutzen dut jende aberatsa! Zertarako behar duzu, ordea? Zertarako nahi duzu zaldiki ustel hori? Mosselprom-en beste inon ez duzu horrelako pozoirik lortuko. Gainera, gaur gosaldu egin duzu, zuk, gizonezkoen sexu-guruinei esker mundu osoan ospetsu zaren horrek. Auuuu... Zer gertatzen ari da mundu honetan? Inondik ere, oraindik ez zait iritsi hiltzeko ordua, eta etsipena benetako bekatua da. Eskuak miazkatuko dizkiot, besterik ezin dut egin.
Jaun misteriotsua txakurraren gainera makurtu zen, begiak dir-dir beren uztai urrezkoetan, eta bilgo zuri luzanga bat atera zuen eskuineko sakelatik. Eskularru gaztainkara argiak erantzi gabe, papera zabaldu —bisutsak airean eraman zuen berehala eta puska bat hartu zuen «Krakoviako berezia» zeritzon hestebete hartatik. Eta txakurrari bota zion hestebete-puska. Oi, zein gizon eskuzabala! Auu!
— Fiu, fiu! —deitu zion txistuka jaunak, eta ahots zorrotzez gaineratu—: Hartu! Sharik! Sharik!
Berriz ere Sharik. Bataiatu egin naute. Tira, nahi duzun bezala deitu. Merezi duzu, nirekin hain jokabide ohiz kanpokoa izateagatik.
Txakurrak berehalaxe kendu zion azala hestebeteari; ahuen eginez hortzak erantsi Krakoviakoari, eta begien itxi-ireki batean jan zuen. Hestebetea eta elurra eztarrian trabaturik, negar egiterainoko itolarria sumatu zuen, lokarria ere irensteko zorian egon baitzen, gosearen gosez. Gehiago, gehiago miazkatuko dizut eskua. Prakak musukatuko dizkizut, nire ongilea!
— Nahikoa duk oraingoz... —Jaunak zakar eta etenka hitz egiten zuen, aginduak ematen ari balitz bezala. Sharikenganantz makurtu, arreta handiz begitera so egin, eta, ustekabean, gozo eta samur laztandu zion sabela, eskularrua erantzi gabe.
— Horra! —esan zuen, oso doinu adierazkorrez lepokorik ez, ederto, hi haiz nik behar dudana. Hator nirekin. —Hatzak klaskatu zituen Fiu, fiu!
Zurekin joan? Munduko azken muturreraino ere. Jo nazazu feltrozko bota horiekin, ez dut txintik aterako.
Kaleko argiak pizturik zeuden Pretxistenka osoan. Saihetseko mina jasanezina zen, baina noizean behin ahaztu egiten zitzaion Shariki, pentsamendu bakarra baitzerabilen buruan: kaleko anabasan nola ez galdu begien bistatik larruzko berokiz jantziriko ikuskari miragarri hura eta nola erakutsi bere maitasuna eta leialtasuna. Eta zazpi bat aldiz erakutsi zizkion Pretxistenkatik Obukhov kalezulorainoko tartean. Botak musukatu zizkion Miortvi kalezuloko kantoian; bidea irekitzeko egiten zituen orro lazgarriek hain izu handia eragin zioten dama bati, ezen espaloiko izkina-harrian eseririk geratu baitzen; pare bat aldiz intziri egin zuen, berarenganako errukia iraunarazteko.
Bat-batean, bere burua siberiar arrazakotzat zeukan kale-katu zital handiusteko bat irten zen etxe bateko isurbidetik, eta, elur-erauntsia gorabehera, usain egin zion Krakoviakoari. Shariki odola ur bihurtu zitzaion pentsatze hutsarekin beharbada atari-azpietako txakur zaurituak jasotzen zituen aberats bitxiak berekin eramango zuela lapur hura ere eta, horrenbestez, erdi bana egin beharko zutela Mosselpromen produktua. Halatan, hain amorru biziz karraskatu zituen hortzak, ezen katua bigarren solairuraino igo baitzen isurbidean gora, ziztu bizian, ureztatze-hodi zulatu batek jotzen duenaren antzeko txistu-hotsa ateraz. Grrrrrr-au-au! Ospa hemendik! Mosselpormek ez dauka nahikoa janaririk Pretxistenkan alderrai ibiltzen diren arlote guztiak elikatzeko.
Jaunak estimatu egin zuen txakurraren leialtasuna, eta, suhiltzaile-etxearen parean, tronpa baten soinu atsegina hedatzen zuen leiho baten alboan, bigarren hestebete-puska bat eman zion saritzat, aurrekoa baino txikixeagoa, hogei gramo ingurukoa.
Bai xelebrea gizona! Nolako ahaleginak egiten dituen ni erakartzeko! Ez kezkatu! Ez dut inora alde egingo. Zure atzetik joango naiz agintzen didazun lekura.
— Fiu, fiu! Hona!
Obukhovera? Nola ez! Oso ondo ezagutzen dut kalezulo hori.
— Fiu, fiu! Horra? Atsegin hand... A, ez, ezta pentsatu ere! Ez. Hemen atezaina dute. Eta munduan ez dago hori baino jende okerragorik. Kalezainak baino askoz ere arriskutsuagoak dira. Jende-modu guztiz gorrotagarria. Katuak baino nazkagarriagoak. Borrero galoidunak.
— Ez izan beldur, hator!
— Osasuna, Filip Filipovitx.
— Osasuna, Fiodor.
Handikia da, alajaina! Ene Jainkoa, noren esku jarri nau nire txakur-patuak? Nor da atezainaren beraren aurrean kaleko txakurrak etxebizitza-kooperatiba batean sartu ahal dituen gizon hau? Begira gizatxar horri: txintik ere ez du atera, zirkinik ere ez du egin! Egia esan, goibel dauzka begiak, baina, oro har, axolagabe ageri da urrezko galoiekiko kapela-hegalaren azpian. Ezer berezirik gertatu ez balitz bezala. Begirune handia dio, jaunok, begirune handia benetan! Ondo da, ni berarekin nator eta beraren atzetik noa. Zer?, amorrua ematen dizu? Hor konpon! Kosk egingo nizuke oraintxe bertan proletario-oin maskurtsu horretan. Zuek atezainok egin dizkidazuen gaiztakeria guztiengatik. Zenbat aldiz apurtu didazue muturra erratzarekin, e?
— Hator, hator.
Ulertzen dut, ulertzen dut, ez kezkatu, mesedez. Zu nora, ni hara. Erakutsi bidea, ni ez naiz atzean geratuko, saihetsean min izugarria dudan arren.
Eskaileratik beheko alderantz:
— Ez dago niretzako gutunik, Fiodor?
Behetik eskailerarantz, begirunez:
— Bat ere ez, Filip Filipovitx. —Hitz-estalika eta ahopean gero, ordurako Filip Filipovitx bizkarrez zeukala baina bizilagunak ekarri dituzte hirugarren etxebizitzara.
Txakurren babesle itzaltsua ziplo jiratu zen eskaileran, eta, barandaren gainetik makurturik, ikaraz galdetu zuen:
— Benetan?
Begiak biribil-biribil zabaldu, eta bibotea gorantz jaso zitzaion, kea balitz bezala.
Atezainak, han behean burua altxatu, esku-ahurrak ezpainen albo banatan jarri, eta berretsi zuen:
— Bai horixe, lau lagun guztira.
— Jainko maitea! Imajinatzen dut zer geratuko den orain etxebizitza horretan. Tira, eta zer moduzkoak dira?
— Arruntak.
— Eta Fiodor Pavlovitx?
— Ateorde eta adreilu bila joan da. Holtzak egingo dituzte.
— Deabrua! Hau da hau!
— Etxebizitza guztietara ekarriko dituzte bizilagunak, Filip Filipovitx, zurera izan ezik. Batzarra egin dute oraintxe, etxeko bizilagunen batzorde berria hautatu dute, eta lehengoa kalera bota.
— Hamaika ikusteko jaioak gara! Ai, ai, ai... Fiu, fiu.
Banoa, ahalik eta azkarren. Mesedez, kontuan hartu saihetseko zauriek min handia ematen didatela. Uztazu bota miazkatzen.
Atezainaren galoiak agerritik kendu ziren behean. Marmolezko eskailera-buruan ur-hodietako berotasuna nabaritzen hasi zen; beste itzulbira bat egin, eta horra solairu nagusia.
© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Jose Morales