Diskoa

 

        Egurgina naiz. Izenak ez du axola. Jaio nintzen basetxea, laster bertan hilko naizena, oihanpean da. Oihana lur osoa inguratzen duen itsasoraino luzatzen omen da eta itsaso horretan zurezko etxeak omen dabiltza, nirea bezalakoak. Ez dakit; inoiz ez dut ikusi. Oihanaren beste aldea ere ez dut ikusi. Anaia nagusiak, txikiak ginela, zin eginarazi zidan bion artean oihaneko zuhaitz guztiak moztuko genituela, bat bera ere ez uzteraino. Anaia hil da eta orain beste zerbaiten bila nabil eta halaxe ibiliko ere. Sartalderantz errekasto bat bada, nik eskuz arrantza egiteko egokia. Oihanean bada otsorik, baina otsoek ez naute ikaratzen eta nire aizkora leial izan zait beti. Ez dut neure urteen konturik eraman. Badakit asko direla. Nire begiek jadanik ez dute ikusten. Herrian —ez bainaiz gehiago joaten, bertan galtzeko beldurrez— zeken fama dut; zer liteke, ordea, oihaneko egurginaren gordailua?

        Etxeko atea harri batez ixten dut, elurra sar ez dadin. Arratsalde batez urrats neketsuak entzun nituen eta gero kolpe bat. Ireki eta arrotz bat sartu zen. Gizaseme zahar garai bat zen, burusi maiztu batean bildua. Orbain bat zuen aurpegian alderik alde. Urteek, ahuldadea baino areago, aginpidea emendatu ziotela zirudien, baina ohartu nintzen neke zuela eskumakilaren laguntzarik gabe ibiltzea. Gogoan ez ditudan hitz batzuk trukatu genituen. Azkenean esan zuen:

        — Ez dut bizilekurik eta ahal dudan lekuan egiten dut lo. Saxonia guztia korritu dut.

        Ongi zihoazkion hitzok haren zahartasunari. Aitak Saxonia aipatzen zuen beti; orain jendeak Ingalaterra deritzo.

        Banuen ogia eta arraina. Otordu bitartean ez genuen solasik egin. Euria hasi zuen. Larru batzuez etzangi bat antolatu nion lurrezko zoruan, anaia hil zen lekuan. Gaua iristean, lo egin genuen.

        Argi-urratzearekin irten ginen etxetik. Euria atertua zuen eta elur berriz estalirik zegoen lurra. Eskumakila erori zitzaion eta jasotzeko agindu zidan.

        — Zergatik egin behar dizut men? —esan nion.

        — Errege naizelako —erantzun zuen.

        Erotzat hartu nuen. Makila jaso eta eskura eman nion.

        Bestelako ahotsez mintzatu zen.

        — Sekgenstarren erregea nauk. Sarri askotan eraman nitian gudu gogorrean garaitzera, baina patuaren tenorean neure erreinua galdu nian. Isern diat izena eta Odinen leinukoa nauk.

        — Nik ez dut Odin gurtzen —erantzun nion—. Nik Kristo gurtzen dut.

        Entzun ez banindu bezala ekin zion:

        — Desterruko bideetan barrena nabilek, baina oraindik errege nauk, diskoa baitut. Ikusi nahi duk?

        Esku-ahurra zabaldu zuen, hezurtsua baitzen. Eskuan ez zen deus ere. Hutsik zegoen. Orduan baizik ez nintzen konturatu ordura arte beti itxirik eduki zuela.

        Tinko so eginez, esan zidan:

        — Uki dezakek.

        Jadanik apur bat goganbeharturik, hatz muturrak ahurrean ezarri nituen. Gauza hotz bat sentitu nuen eta distira bat ikusi. Tupustean itxi zen eskua. Ez nuen deus esan. Besteak egonarriz ekin zion bereari, haur bati ari balitzaio bezala:

        — Odinen diskoa duk. Alde bakarra dik. Lurrean ez duk beste gauzarik alde bakarra duenik. Eskuan dudan bitartean errege izango nauk.

        — Urrezkoa da? —esan nion.

        — Ez zakiat. Odinen diskoa duk eta alde bakarra dik.

        Orduan diskoaz jabetzeko irrika sentitu nuen. Nirea izanez gero, urre-barra baten aldera sal nezakeen eta errege izango nintzen.

        Honela esan nion bidedarraioari, oraino ere gorroto baitut:

        — Basetxean txanponez beteriko kutxa bat daukat gorderik. Urrezkoak dira eta aizkoraren pareko distira dute. Odinen diskoa emadazu, eta nik kutxa emango dizut.

        Egoskor esan zuen:

        — Ez diat nahi.

        — Hortaz —esan nuen nik—, bazoazke zeure bidean.

        Bizkarra eman zidan. Aizkorakada bat garondoan aski eta sobera izan zuen alderoka hasi eta lurrera erortzeko, baina erortzean eskua ireki zuen eta airean distira ikusi nuen. Aizkoraz lekua ondo markatu eta errekaraino eraman nuen gorpua herrestan, ur-handiturik baitzetorren. Hara bota nuen.

        Etxera itzultzean diskoaren bila hasi nintzen. Ez nuen aurkitu. Urteak dira bila nabilela.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia