Biltzarra

 

        Ils s'acheminèrent vers un château immense, au frontispice duquel on lisait: «Je n'appartiens à personne et j'appartiens à tout le monde. Vous y étiez avant que d'y entrer, et vous y serez encore quand vous en sortirez».

DIDEROT, Jacques Le Fataliste

et son Maître, 1769

 

        Alejandro Ferri dut izena. Oihartzun martzialik badu izen horrek, baina ez loriaren metaleak ez mazedoniarraren itzal handiak —esaldia Marmolaken egilearena da, haren adiskidantzaren ohorea izan baitut— ez dute lerrook harilkatzen dituen gizon gris apalaren antzik, hemen, Santiago del Estero kaleko hotel bateko solairu garaian ari naizela, dagoeneko Hegoaldea ez den Hegoalde batean. Edozein momentutan hirurogeitaka urte beteak izango ditut; ikasle gutxiri ingeles eskolak ematen segitzen dut. Erabaki faltaz edo utzikeriaz edo bestelako arrazoiz, ez nintzen ezkondu, eta orain bakarrik nago. Ez zait mingarri bakardadea; bada lanik aski nork bere buruari eta bere maniei tamaina hartzen. Zahartzen ari naizela sumatzen dut; zalantzarik gabeko sintoma da noski ez didatela interesik edo harridurarik sortzen berritasunek, beharbada ohartzen naizelako ez dela ezer funtsean berririk haien baitan, eta bariazio doi-doiak baizik ez direla. Gazte nintzelarik, arratsapalek, hiribazterrek eta zoritxarrak erakartzen ninduten; orain, berriz, erdialdeko goizak eta lasaitasunak. Aspertu naiz Hamlet izatera jolasteaz. Partidu kontserbadoreko kide egin naiz, eta xake-klub batekoa; ikusle gisa joaten naiz, eta batzuetan ez dut arreta handirik ere jartzen. Jakingura dena saia liteke México kaleko Liburutegi Nazionaleko apal ilunen batean lurperaturik egon behar duen nire John Wilkins-en hizkuntza analitikoaren azterketa laburraren ale bat bilatzen; beste argitalpen bat ondo merezi lukeen lana bera: besterik ez bada, dituen akats ugariak zuzendu edo ematzeko. Liburutegiaren zuzendari berria, entzun dudanez, antzinako hizkuntzen ikasketari buru-belarri emana dagoen letragizon bat da, alegia oraingoak nahikoa baldar ez balira bezala, eta labangizonez jositako Buenos Aires alegiazko baten goralpen demagogikoari, orobat. Ez dut inoiz ezagutzeko gogorik izan. Ni 1899an heldu nintzen hiri honetara eta behin bakarrik jarri ninduen halabeharrak labangizon baten edo halakoaren fama zuen tipo baten aurrean.

        Esana dut jadanik bakarrik nagoela; duela egun batzuk, haren aipamena entzun zidan bizilagun batek esan zidan Fermín Eguren Punta del Este-n hila zela.

        Inondik inora ere nire adiskidea izan ez zen gizon haren heriotza seta gogorrean saiatu da, hala ere, handik hara tristuran bizi nadin. Ohart naiz bakarrik nagoela; Biltzarraren, gertakari gogoangarri haren zaindari bakarra naiz dagoeneko lurrean, eta ezingo dut haren oroipenik inorekin partekatu. Azken biltzarkidea naiz gaurgero. Egia da gizon guztiak orobat direla, ez dela planetan izakirik hala ez denik, baina ni bestelako moduz naiz biltzarkide. Jakin dakit hala naizela; horrek desberdintzen nau oraingo nahiz etorkizuneko nire ezin konta ahal kideetatik. Egia da 1904ko otsailaren 7an sakratuenaren izenean zin egin genuela ez ezagutzera ematea —ba ote lurrean ezer sakraturik, ezer sakratua ez denik?—. Biltzarraren historia, baina ez da gutxiago egia ni orain zin-hausle bilakatu izana ere Biltzarraren parte dela. Adierazpen hau iluna da, baina agian irakurriko nautenen jakinmina piztu dezake.

        Nolanahi ere, neure buruari behartu diodan egitekoa ez da erraza. Ez diot inoiz ekin, ezta gutun moldean ere, genero narratiboari, eta, dudarik gabe anitzez ere okerrago dena, hona jasoko dudan historia sinesgaitza da. José Fernández Iralaren, Marmolak idatzi zuen poeta merezi gabe ahantzi horren lumari zegokiokeen berez egiteko hau, baina berandu da honezkero. Ez ditut neure gogoz gertakariak faltsatuko, baina aurrez susmatzen dut nagitasunak eta trakeskeriak behin baino gehiagotan eragingo didatela okerrik.

        Data zehatzek ez dute axola. Gogora dezagun 1899an etorri nintzela Santa Fe-tik, sortzezko nire probintziatik. Ez naiz egundo itzuli; ohitu egin naiz Buenos Aires-era, erakartzen ez nauen hiri honetara, bere gorputzera edo gaitz zahar batera egokitzen denaren moduan. Gogoan darabilt, interes handirik gabe, aurki hil behar dudala; euts diezaiodan, bada, digresiorako nire joera honi eta egin dezadan ahalbait aurrera kontakizunean.

        Ez dute urteek gure esentzia aldatzen, halakorik baldin badugu batere; gau batez Munduaren Biltzarrera eramango ninduen barne-bultzada bera izan zen hasiera hartan Ultima Horaren erredakziora ekarri ninduena. Probintzietako mutil gaixo batentzat, kazetari izatea destino erromantiko bat izan daiteke, hala nola hiriburuko mutil gaixo batek imajina baitezake erromantikoa dela gaucho baten edo soroko peoi baten destinoa. Ez nau lotsalarritzen kazetari izan nahi izanak, nahiz orain errutina horri ezdeusa deritzodan. Entzun izan uste diot Fernández Irala neure kideari kazetariak ahanzturarako idazten duela, eta oroimen eta denborarako idaztea zuela berak irrika. Ordurako zizelkatua zuen (erabilera arruntekoa zen aditz hori), gero, ukitu arinen bat edo bestez, Marmolakeko orrietan argitaratuko ziren soneto betegin haietakoren bat.

        Ezin dut zehaztu noiz entzun nuen lehen aldiz Biltzarraren aipamena. Beharbada, kontulariak nire hilebeteko soldata ordaindu eta nik, Buenos Airesek onartu ninduelako froga hori ospatzeko, Iralari elkarrekin afaltzera joateko proposamena egin nion arratsalde hartan. Irala desenkusatu egin zitzaidan, alegia ezin zuela inolaz ere hutsik egin Biltzarrera. Berehala konturatu nintzen ez zela ari espainiarrez beteriko hiribide baten muturrean kupula eta guzti ageri den eraikin harro horretaz, beste zerbait sekretuago eta garrantzizkoagoaz baizik. Jendeak barra-barra aipatzen zuen Biltzarra, zeinek ageri-ageriko burlaizez, zeinek ahotsa apalduz, zeinek larridura nahiz jakinminez; denek ere, ustez, ezjakintasunez. Larunbat batzuen buruan, berekin joatera gonbidatu ninduen. Aurrez eginak zituen, konfiantzan esan zidanez, nik han sarbide izateko egin beharrekoak.

        Arratseko bederatziak edo hamarrak izango ziren. Tranbian esan zidanez, aitzin-bilkurak larunbatetan izaten ziren eta don Alejandro Glencoe-k, akaso nire izenak hartaraturik, emana zuela dagoeneko bere sinadura. Gasaren Goxodendan sartu ginen. Biltzarkideak, hamabost-hogeiren bat, mahai luze baten jiran jarririk zeuden; ez dakit oholtza koxkor bat ba ote zen han, ala oroimenak beretik gehitzen duen. Artean sekula ikusi gabea banintzen ere, ber-bertatik ezagutu nuen lehendakaria. Don Alejandro aire duineko gizaseme bat zen, adinean sartuxea; bekokia zabala zuen, begiak grisak, eta bizar gorrixta ile xuri sarriz hornitua. Lebita ilunez jantzirik ikusi nuen beti; eskuak gurutzatu eta bere makilaren gainean atsedendu ohi zituen. Sendo eta garaia zen. Haren ezkerretara beste gizon askoz gazteago bat bazen, ilegorria hura ere; haren kolore odolbiziak sua iradokitzen zuen, eta Glencoe jaunaren bizarrarenak, berriz, udazkeneko hostoak. Eskuinetara, aurpegi luze eta bekoki bereziki apaleko mutil gazte bat bazen, dandy baten gisako jantzi apainez. Denek eskatu zuten kafea, eta batek edo bestek kopa bat ajenjo. Aurrena nire arreta piztu zuena emakume baten presentzia izan zen, hainbeste gizonen artean hantxe bera bakarrik. Mahaiaren beste muturrean hamar urteko haur bat bazen, marinel jantzita; denbora luze gabe, loak hartu zuen. Baziren han, halaber, pastore protestante bat, bi judu argi eta garbi eta beltz bat, sedazko zapiz eta arropa estu-estuz jantzia, kalekantoietako compadritoak bezala. Beltzaren eta haurraren aurrean txokolate katilu bana zegoen. Gainerakoak ez ditut gogoan, salbu eta Marcelo del Mazo delako jaun bat, kortesia bikaineko eta elkarrizketa fineko gizona bera, geroztik gehiago ikusiko ez nuena. Gorderik daukat oraindik bilkuretako baten argazki lauso halamoduzko bat, zeina argitaratzeko asmorik ez baitut, zeren garaiko janzkerak, adats luzeek eta biboteek, halako aire irrigarri eta are arlote bat emango bailiokete noski, eta horrek eszena faltsatuko luke. Talde guztiek dute joera beren dialektoa eta beren errituak sortzeko; niretzat amets baten jiteko zerbait izan zen beti Biltzarra, eta, antza, hango lege esangabearen arabera, partaide bakoitzak aurkitu behar zuen, presarik gabe, elkartearen jomuga ez ezik, beren kideen izen-deiturak berak ere. Berehala jabetu nintzen itaunik egiteke egotea zegokidala, eta, hala, ez nion Fernández Iralari deus ere galdetu, eta hark ere ez zidan txintik ere esan. Ez nuen larunbat bakarrik ere huts egin, baina hilabete bat edo bi joan ziren ni hango gorabeheraz jabetu orduko. Bigarren bilkuratik aurrera, Donald Wren egokitu zitzaidan mahai-auzo, Ferrocarril Sud konpainiako ingeniari bat, gerora ingeles eskolak emango zizkidana.

        Don Alejandrok oso gutxi hitz egiten zuen; besteak, berriz, ez zitzaizkion zuzenean mintzatzen, baina antzematen zitzaien harentzat jarduten zutela eta haren oniritzia bilatzen zutela. Aski zen esku mantsoaren keinu bat eztabaidaren gaia alda zedin. Arian-arian jabetuz joan nintzen ezker aldeko gizon gorrastari Twirl zeritzola; ondo deitura bitxia, horratik. Gogoan dut haren aire hauskorra, oso garaiak diren zenbait pertsonengan ohi denez, alegia altuerak eragiten dien bertigoak konkorraraziko balitu bezala. Eskuartean jostari erabiltzen zuen, ondo gogoan dut, kobrezko bruxula bat, eta tarteka mahai gainean uzten zuen. 1914ko azken aldera hil zen, irlandar gudaroste bateko oinezko soldadu gisa. Beti ezker aldeko lekuan esertzen zena, berriz, bekoki apaleko gaztea zen, Fermín Eguren, lehendakariaren iloba. Ez dut sineste handirik errealismoaren metodoetan, horixe baita, halakorik baldin bada, generorik artifizialena; nahiago dut kolpe batez azaldu urratsez urrats ulertuz joan nintzena. Aurrez, ordea, orduko nire egoera gogorarazi nahi diot irakurleari: Casildako gazte koitadu bat nintzen, baserrikumea, Buenos Aireseko hirira heldu eta bat-batean bere burua —hala sentitu nuen— Buenos Airesen —eta menturaz, nork daki, munduaren— barren-barreneko erdigunean aurkitzen zuena. Mende erdi bat joan da, eta oraindik sentitzen dut hasierako liluramendu hura; eta ez zen hura noski azkena izan.

        Hona hemen gertakariak; labur zurrean kontatuko ditut. Don Alejandro Glencoe, lehendakaria, sortaldeko etxalde-jabe bat zen, Brasilgo muga ondoan lurrak zituena. Haren aita, Aberdeen-eko jatorria, aurreko mendearen erdi aldera finkatua zen kontinente honetan. Ehun bat liburu ekarri zituen aldean; don Alejandrok bere biziaren joanean irakurri zituen bakarrak, ni guztiz oker ez banago. (Eskuartean izan ditudan liburu heterogeneo horien aipamena egoki da hemen, zeren horietako batean baitago nire historiaren sustraia.) Lehen Glencoe-tarrak, hiltzean, alaba bat eta seme bat utzi zituen, eta hura izango zen gerora gure lehendakaria. Alaba, berriz, Egurendar batekin ezkondu, eta Fermín-en ama izan zen. Don Alejandrok diputatu izateko asmoa ere izan zuen noizbait, baina buruzagi politikoek itxi egin zizkioten Uruguaiko Biltzarreko ateak. Gizonak, arras gaizkoatu, eta urrutiago iritsiko zen beste Biltzar bat sortzea erabaki zuen. Gogoratu zitzaion, Carlyle-ren idazki sumendi-irudi horietako batetik, harako Anacharsis Cloots haren nondik-norakoa: Arrazoi jainkosaren gurtzaile amorratua izaki, hogeita sei atzerritarren buru, nola mintzatu zen Pariseko batzarre baten aurrean «giza generoaren hizlari» gisa. Haren ikasbideak eraginik, don Alejandrori bururatu zitzaion Mundu Biltzar bat antolatu behar zuela, nazio guztietako gizon guztiak ordezkatuko zituena. Aitzin-bilkuren gunea Gasaren Goxodenda zen; hasiera emateko ekitaldiak, berriz —aurreikusitako epea betetzekotan, handik lau bat urtera egitekoa— don Alejandroren landetxean izango zuen egoitza. Izan ere, hark, hainbat sortaldetarren gisa, ez baitzen Artigas zalea, Buenos Aires maite zuen, baina Biltzarra beraren jaioterrian izan zedila deliberatu zuen. Bitxia bada ere, doitasun ia magikoz bete zen hasieratik ezarritako epea.

        Hasieran geure dietak kobratzen genituen, eta ez ziren huskeria, baina guztiok izekirik ginduzkan sukarrak laster eraman zuen Fernández Irala, ni bezain pobrea izanagatik, bereari uko egitera, eta halaxe egin genuen besteok ere. Neurri hori onuragarri gertatu zen, lastoa eta garia bereizteko balio izan baitzuen; biltzarkideen kopurua gutxitu egin zen eta leialak baizik ez ginen gelditu. Soldatapeko kargu bakarra Nora Erfjord idazkariarena izan zen, ez baitzuen bizibiderik eta lan ikaragarria baitzuen bere gain. Planeta osoa hartzen duen erakunde bat ez da egiteko ezdeusa. Gutunak joan-etorri bizian zebiltzan, eta orobat telegramak. Perutik, Danimarkatik eta Indostanetik iristen ziren adostasunak. Boliviar batek ohartarazi zuenez beraren aberriak itsasorako inolako irtenbiderik ez zuela eta huts tamalgarri horrek izan behar zuela aurren-aurreneko eztabaidetakoa.

        Twirl-ek, azkar bezain argia bera, errepararazi zigun filosofia mailako arazo baten aurrean jartzen gintuela Biltzarrak. Gizon guztiak ordezkatuko zituen batzarre bat egitasmatzea arketipo platonikoen kopuru zehatza finkatzea bezala zen, eta ez alferrik izan da mendeetan enigma hori pentsalarien buruhaustea. Iradoki zuen ezen, esate baterako, don Alejandro Glencoe-k etxalde-jabeak ordezka zitzakeela, baina baita sortaldetarrak eta baita aitzindari bikainak eta baita gizon bizar-gorriak eta besaulki batean eserita daudenak ere. Nora Erfjord norvegiarra zen. Nor ordezkatzen ote zuen: idazkariak, norvegiarrak ala emakume eder guztiak, besterik gabe? Aski ote zen ingeniari bat ingeniari guztiak ordezkatzeko, are Zelandia Berrikoak ere?

        Orduan bota zuen, ustez, Fermín-ek berea.

        — Ferri gringoen ordezkaritzan dago hemen —esan zuen, algaraz.

        Don Alejandrok zorrotz begiratu, eta patxadaz esan zuen:

        — Ferri jauna etorkinen ordezkaritzan dago, haien lanik gabe ez baikenuke herri hau aurrera aterako.

        Fermín Egurenek ezinikusia eduki zidan beti. Harro egoteko motiborik ez zitzaion bere ustetan falta: sortaldetarra izatea, kriolloa izatea, emakume guztiak erakartzea, jostun garesti bat aukeratu izana eta, sekula ez dut jakingo zergatik, euskaldun jatorrikoa izatea, oraindaino jende horrek ez baitu, historiatik bazter, behiak jetzi besterik egin.

        Jazoera guztiz arrunt batek zigilatu zuen gure elkarrenganako etsaigoa. Ekitaldi baten ondoren, Egurenek Junín kalera joan gintezen proposatu zuen. Ez nuen gogo handirik, baina baiezkoa eman nuen, haren burlei biderik ez emateko. Fernández Iralarekin joan ginen. Etxetik irtetean, gizon sendokote batekin topo egin genuen, Egurenek, apur bat edana nonbait, bultzakada bat eman zion. Besteak, bidea itxi eta esan zigun:

        — Irten nahi duenak aizto honetatik pasatu beharko du.

        Gogoan dut altzairuaren distira bebarruko iluntasunean. Egurenek atzera egin zuen, izularriturik. Ni ere ez nengoen lasai-lasaia ere, baina gorrotoa nagusitu zitzaion ikarari. Eskua galtzarbera eraman, arma bat ateratzeko bezala, eta ahots irmoz bota nuen:

        — Kalean konponduko diagu auzia.

        Ezezagunak, jadanik bestelako ahotsez, erantzun zidan:

        — Horrelakoak gustatzen zaizkit niri gizonak. Probatzeko zirikatu zaituztet, adiskide.

        Orain barrez ari zen, lagunkiro.

        — Adiskidearena zure kontura doa —ihardetsi nik, eta irten egin ginen.

        Aiztoduna putetxera sartu zen. Gero esan zidatenez, Tapia edo Paredes edo halakoren bat zeritzon, eta liskarzale fama zuen. Behin espaloian, Iralak, bitarte guztian bere senik galdu gabe egona, bizkarrean txalo jo eta enfasiz aldarrikatu zuen:

        — Hiruron artean mosketero bat bazen. Salbe, d'Artagnan!

        Fermín Egurenek ez zidan sekula barkatu beraren adore-galtze haren lekuko gertatu izana.

        Iruditzen zait orain baizik ez dela hasten benetan historia. Orain arteko orriek ez dituzte jaso hain gertakari sinesgaitza, beharbada nire bizi osoko bakarra, noizbait gerta zedin halabeharrak edo patuak agintzen zituzten baldintzak baizik. Don Alejandro Glencoe zen beti irazkiaren erdigunea, baina pixkana-pixkana, eta ez harrimen eta larridurarik gabe, benetako lehendakaria Twirl zela sumatzen hasi ginen. Bibote dirdaitsuko pertsonaia bitxi horrek koipea ematen zion Glencoe-ri, eta are Fermín Egureni ere, baina hain modu esajeratuan, ezen burlatzat pasa baitzitekeen eta ez baitzuen haren duintasuna auzitan jartzen. Glencoe-k bere diru-ondasun naharoaren harrokeria zuen; Twirl-ek azti igarri zuen, hari egitasmo bat inposatzeko, aski zela gastuak goregi joko zutela iradokitzea. Hasieran, Biltzarra ez zen izan, susmoa dut, izen lauso bat baino; Twirl-ek etengabeko zabalkuntzak proposatzen zituen, eta don Alejandrok onartu egiten zizkion beti. Zirkulu hazkor baten erdian egotea bezala zen, hura azkenik gabe handituz, urrunduz doala ikusten. Besteak beste, Biltzarra ezin omen zen pasatu kontsulta-obrazko liburutegi bat gabe; Nierenstein, liburudenda batean lan egiten baitzuen, Justus Perthes-en atlasak eta hainbat entziklopedia luze-zabal lortuz joan zen, Plinioren Historia naturalis eta Beauvais-en Speculumetik hasi, eta frantses entziklopedisten, Britannicaren, Pierre Larousse-ren, Brockhaus-en eta Montaner y Simón-en labirinto atseginetaraino (Fernández Iralaren ahotsez berrirakurtzen ditut hitzok). Oroit naiz nola horrek aukera eman zidan Txinako entziklopedia baten liburuki seda-antzekoak ferekatzeko; nola leopardo baten larruko mantxak baino misteriotsuagoak iruditu zitzaizkidan hango karakter pintzel trebez marraztuak. Ez dut oraindik aipatuko zertaratu ziren liburuok; nik, bidenabar esanda, ez dut deitoratzen haien paraderoa.

        Don Alejandrok nahitasun berezia hartua zigun Fernández Irala eta bioi, zurikerian jarduten ez genion bakarrak ginelako apika. La Caledonia etxaldean egun batzuk pasatzera gonbidatu gintuen; ordurako, peoi igeltseroak lanean ari ziren bertan.

        Ibaian gora puska luze bat ontziz eta beste puska bat almadiaz egin ondoren, egunsenti batez, beste aldea jo genuen. Gero pulperia txiroetan pasatu behar izan genituen gauak eta langa asko ireki-itxi behar izan genituen Cuchilla Negra-ko basabideetan. Zalgurdi batean gindoazen; jaio nintzen basetxekoa baino handiagoa eta bakarragoa iruditu zitzaidan landaldea. Etxaldearen bi irudi desberdin dauzkat oraindik gogoan: aurrez uste nuena eta nire begiek azkenean ikusi zutena. Absurduki, amets batean bezala, Santa Fé-ko ordokiaren Ur Jariakorren Jauregiaren konbinazio ezinezko bat imajinatzen nuen; La Caledonia adobezko etxe luze bat zen; sabaia lastozkoa zuen, bi isurkinekoa, eta adreiluzko korridore bat. Gogortasunerako eta denboraren luzerako eraikia iruditu zitzaidan. Ia kanabeteko lodiera zuten horma koskoilek, eta ateak meharrak ziren. Inori ez zitzaion bururatu arbola bat landatzerik. Lehen eguzkiak eta azkenak jotzen zuten. Eskortak harrizkoak ziren; ganadua ugaria, argala eta adar-luzea zen; zaldien isats zurrunbilatuak lurreraino iristen ziren. Lehen aldiz ezagutu nuen animalia akabatu berriaren okelaren zaporea. Opil saski batzuk ekarri zituzten; kapatazak, handik egunetara, bizi guztian ez zuela ogirik probatu. Iralak komuna non zen galdetu zuen; don Alejandrok, esku-imintzio zabal batez, kontinentea erakutsi zion. Ilargi-gaua zen; buelta bat ematera irten, eta han topatu nuen, ñandu bat begira zeukala.

        Beroa, gauak ez baitzuen ematu, eramanezina zen, eta denek zuten freskura aipagai. Gelak baxuak ziren eta ugariak, eta hornidura eskasekoak iruditu zitzaizkidan; hegoaldera ematen zuen bat egokitu zitzaigun, eta bertan bi oharka eta komoda bat, bere palangana eta txarroarekin, zilarrezkoak biak. Zorua lurrezkoa zen.

        Hurrengo egunean liburutegia topatu nuen, eta bertan Carlyle-ren liburukiak. Giza generoaren hizlariari, Anacharsis Clootsi eskainitako orriak bilatu nituen, hark eraman baininduen goiz hartara eta bakardade hartara. Gosariaren ondoren, zeina otorduaren berdina izan baitzen, don Alejandrok lanak erakutsi zizkigun. Legoa bat egin genuen zaldiz, lur eremuen artean. Iralak, zaldiz ibiltzen ikaratia izaki, istripu koxkor bat izan zuen; kapatazak iribarrerik ere gabe iruzkindu zuen:

        — Porteñoa trebea da zalditik jaisten.

        Urrutitik ikusi genuen obra. Hogei bat lagunen artean, zatikako anfiteatro moduko bat eraikia zuten. Aldamio eta mailadiak ditut gogoan, eta haien tarteetatik zeru atalak.

        Behin baino gehiagotan saiatu nintzen gauchoekin hitz egiten, baina alferrik. Nola edo hala bazekiten desberdinak zirela. Elkar ulertzeko, brasileraz kutsaturiko halako espainiera kinkun batez baliatzen ziren; gutxi, hala ere. Indiarren eta beltzen odola zebilen noski haien zainetan. Sendo bezain txikerrak ziren; La Caledonia-n ni gizon garaia nintzen, ez baitzitzaidan ordura arte sekula gertatu. Ia denek chiripá zerabilten, eta batek edo bestek bombacha. Apenas zuten zerikusirik Hernández-en edo Rafael Obligado-ren pertsonaia minberekin. Larunbatetako alkoholak kitzikaturik, erraz zakartzen ziren. Ez zen han emakumerik eta sekula ez nuen entzun gitarrarik.

        Mugalde horretako gizonek bainoago, don Alejandrori atzeman nion erabateko aldaketak irabazi zidan arreta. Buenos Airesen, gizon atsegin neurriko bat zen; La Caledonia-n, berriz, klan baten buruzagi zorrotza, bere arbasoak bezala. Igande goizetan Izkribu Saindua irakurtzen zien peoiei, zeinek ez baitzuten hitzik ere ulertzen. Gau batez, kapataza, bere aitaren kargua jarauntsia zuen mutil gazte bat, albesteko bat eta peoi bat labanak dantzatzen ari zirelako gaztiguarekin etorri zen. Don Alejandro patxadarik galdu gabe altxatu zen. Giza-gurpilera heldurik, aldean eraman ohi zuen arma kendu eta kapatazari eman zion —kikilduta zegoela iruditu zitzaidan mutila—, eta altzairuen artea bide egin zuen. Berehala entzun nuen ordena:

        — Utzi bertan behera labanok, mutilak.

        Ahots lasai beraz gaineratu zuen:

        — Orain eskua eman elkarri eta txintxoak izan. Ez dut nahi istilurik hemen.

        Biek obeditu zuten. Biharamunean jakin nuen don Alejandrok kapatazari despedida eman ziola.

        Bakardadeak inguratzen ninduela sentitu nuen. Buenos Airesera berriro sekula ez itzultzeko beldurrak jo ninduen. Ez dakit Fernández Irala ere beldur horren partaide ote zen, baina askotan aipatzen genuen Argentina eta itzulitakoan egingo genuena. Jujuy kaleko atetzar bateko lehoiak, Hamaikaren plazatik gertu, edo topografia zehazkabeko biltegi bateko argia botatzen nituen faltan, eta ez ohiko tokiak. Beti izan naiz zaldizko trebea; zaldia hartu eta distantzia luzeak korritzera ohitu nintzen. Oraindik ere gogoan dut, dagoeneko hilik egongo da baina, neuk zelatu ohi nuen beltxuri hura. Baliteke arratsalde batean edo gau batean Brasilen sartu izana, mugarriz trazaturiko lerro batek baizik ez baitzituen bereizten herrialdeak.

        Egunak ez kontatzera ohitua nintzenean, hara non, besteak bezalako egun baten buruan, don Alejandrok esaten digun:

        — Orain erretiratu egingo gara denok. Bihar goizeko ihintzetan martxa dugu.

        Behin ibaian behera, hain sentitu nintzen zoriontsu, ezen ordura arte ez bezalako txeraz jantzi baitzitzaidan La Caledonia-ren oroipena.

        Berriro ekin genion larunbateroko gure legeari. Lehenbiziko bilkuran, Twirl-ek, hitza eskatu eta, ohiko lore erretorikoez lagundurik, esan zuen Munduaren Biltzarraren liburutegia ezin zela kontsulta-liburuetara mugatu eta nazio eta hizkuntza orotako obra klasikoak zinezko testigantza zirela, eta lekukotasun hori ahantzi edo bazter batera uztea arriskutsua zatekeela. Ber-bertan onartu zen ponentzia; Fernández Iralak eta Cruz doktoreak, zeina latin irakaslea baitzen, beren gain hartu zuten behar ziren testuak aukeratzeko ardura. Twirl-ek aipatua zion ordurako Nierenstein-i kontua.

        Garai hartan ez zen argentinar bat bakarrik ere Utopia Parisko hiria ez zitzaionik. Gure artean beharbada Fermín Eguren zen harako amorratuena; gero Fernández Irala zetorren, arras arrazoi desberdinez. Marmolak idatzi zuen poetarentzat, Paris Verlaine eta Leconte de Lisle zen; Egurenentzat, Junín kalearen jarraipen hobetu bat. Susmoa dudanez, Twirl-ekin tratua egina zen. Hark, beste bilkura batean, biltzarkideek erabiliko zuten hizkuntzaz jardun zuen, eta bi ordezkari Londresera eta Parisera joatearen aldeko agertu zen. Inpartzialtasunaren itxura egiteko, aurrena nire izena proposatu zuen eta, zalantza txiki baten ondoren, bere lagun Egurenena. Don Alejandrok, beti bezala, baiezkoa eman zuen.

        Ustez idatzia dut jadanik Wren-ek, italiera-eskola batzuen truke, lehen urratsak ematen lagundu zidala ingeles hizkuntza infinitu horren ikasketan. Alde batera utzi zituen, ahalbait, gramatika hutsa eta ikasketarako propio taxuturiko esaldiak, eta olerkietara jo genuen zuzenean, poesiaren formek laburtasuna eskatzen dutelako. Gerora nire bizitzan halako erroak egingo zituen hizkuntzarekin izan nuen lehen kontaktua, hain zuzen, Stevenson-en Requiem adorez bete hori izan zen; Percy-k XVIII. mende itxura-apain horri errebelatu zizkion baladen txanda etorri zen gero. Londresera abiatu aurretixe, Swinburne-ren liluramendua ezagutu nuen, eta haren kariaz zalantzan jarri nuen lehen aldiz —eta erru bat bailitzan bizi nuen zalantza hori— Iralaren alexandrinoen bikaintasuna.

        Mila bederatziehun eta biko urtarrilaren hasieran iritsi nintzen Londresera; gogoan dut elurraren fereka: egundo elurrik ikusi gabea, estimatu egin nuen. Zorionez, ez zitzaidan egokitu bidaia Egurenekin egitea. Pentsio merke-merke batean hartu nuen ostatu, Britainiar Museoari bizkar, eta hango liburutegira joaten nintzen goiz eta arratsaldez, Munduaren Biltzarraren duin zatekeen hizkuntza baten bila. Ez nituen albora utzi hizkuntza unibertsalak; aztertu nituen esperantoaren nondik-norakoak —hizkuntza «ekitatibo, sinple eta ekonomikoa», Lunario sentimentalaren arabera— eta volapük-arenak, zeinak hizkuntz ahalbide guztiak ikertu nahi dituen, aditzak deklinatuz eta sustantiboak jokatuz. Latina berpiztearen alde eta kontrako argumentuak kontsideratu nituen, haren nostalgiak bizirik baitirau oraino mendeen buruan. John Wilkins-en hizkuntza analitikoaren azterketan luzatu nintzen, orobat, non hitz bakoitzaren definizioa hura osatzen duten letretan baitago. Salako kupula garaiaren azpian ezagutu nuen Beatriz.

        Hau Munduaren Biltzarraren historia orokorra da, ez Alejandro Ferri-rena, nirea, baina lehenbiziko horrek azkena ere harrapatzen du, beste guztiak bezala. Beatriz garaia zen, lerdena; hazpegi aratzak zituen eta hori-gorria adatsa, Twirl zeharmakur harena gogoraraz ziezadakeen eta sekula gogararazi ez zidan kolorekoa. Ez zituen artean bete hogei urte. Iparraldeko konderrietako batetik etorria zen, unibertsitateko letretako ikasle izateko. Jatorri xumekoa zen, nerau bezala. Buenos Airesen, italiar aihenekoa izatea izen txarrekoa zen artean; Londresen konturatu nintzen askorentzat halako atributu erromantiko bat zela. Arratsalde gutxi behar izan genuen amorante bilakatzeko; nirekin ezkontzeko eskatu nion, baina Beatriz Frost, Nora Erfjord bezala, Ibsen-ek predikaturiko fedearen jarraitzaile zintzoa zen eta ez zuen inorekin lotu nahi. Haren ahotsetik jaio zen ni esatera ausartzen ez nintzen hitza. Oh gauak, oh ilunbearen goxo eta epela, oh maitasun ibai sekretu bat bezala isurtzen dena, oh bozkarioaren une hura zeinean bakoitza biena den, oh bozkarioak berezko duen xalotasun tolesgabea, oh bategite zeinean itsu galtzen baikinen gero lo itsuan murgiltzeko, oh egunaren lehen argiak eta ni maiteari begira.

        Brasilgo mugalde latzean nostalgiaren eraso sarriak jasan behar izan nituen; ez hala Londreseko labirinto gorrian, hainbeste gauza eman zidan hirian. Irteera atzeratzeko asmatu nituen aitzakiak gora-behera, urtearen azkenean itzuli behar izan nuen; elkarrekin ospatu genuen Eguberria. Agindu nion don Alejandrok gonbidatuko zuela Biltzarraren partaide izatera; lauso-antza ihardetsi zidan interesa zukeela hemisferio australa bisitatzeko eta bere lehengusu bat, dentista bera, Tasmanian bizitzen jarria zela. Beatrizek ez zuen itsasontzia nahi izan; despedida, haren ustetan, enfasi bat zen, zorigaitzaren ospakuntza zentzugabe bat, eta berak gorroto zituen enfasiak. Beste negu batez elkar ezagutu genuen liburutegian esan genion agur elkarri. Gizon koldarra naiz; ez nion nire helbiderik utzi, gutunen zain egotearen larriari itzuri beharrez.

        Ohartua naiz etorriko bidaiek gutxiago irauten dutela joanekoek baino, baina Atlantikoan zeharreko itsasaldi hura, oroipenez eta estualdiz astun, oso luzea iruditu zitzaidan. Pentsamentu batek ematen zidan, oroz gain, minik handiena: nire bizitzarekiko paraleloki Beatriz berea biziz joango zela, minutuz minutu eta gaurik gau. Orrialde askotako gutun bat idatzi nuen, eta ontzia Montevideoko kaitik irtetean hautsi nuen. Ostegun batez iritsi nintzen aberrira; Irala zain neukan nasan. Chile kaleko nire lehengo bizitokian jarri nintzen ostera; egun hura eta hurrengoa solasean eta ibiltzen eman genituen. Nik Buenos Aires berreskuratu nahi nuen. Eskerrak, hala ere, Fermín Egurenek Parisen segitzen zuen; hura baino lehenago itzuli izanak pisua kenduko zion, nolabait, nire erbestaldiaren luzeari.

        Irala lur jota zegoen. Fermín neurrizgaineko dirutzak xahutzen ari zen Europan eta behin baino gehiagotan uko egina zion berehala itzultzeko aginduari. Aurrez pentsatzekoa zen hori. Areago kezkatu ninduten beste berri batzuek; Twirl-ek, Irala eta Cruz-en oposaketa gora-behera, eta Plinio Gaztearen aipuaz baliaturik (zeinaren arabera ez baita hain liburu txarrik non ez dakarren ezer onik), proposamen berria egina zuen zirt-zart erosteko La Prensaren bildumak, Kixotearen hiru mila eta laurehun ale, formato desberdinetan, Balmes-en epistolarioa, unibertsitate-tesiak, kontuak, boletinak eta antzerki-programak. Oro da testigantza, esan omen zuen. Nierenstein alde jarri zitzaion; don Alejandrok, «hiru larunbat ozenen buruan», bere onespena eman zuen. Nora Erfjord-ek bere idazkari-kargua utzia zuen; haren lekuan zegoen bazkide berria, Karlisnki, Twirl-en eskumakila hutsa zen. Pakete eskergak pilatuz eta pilatuz zihoazen, katalogorik eta fixategirik gabe, don Alejandroren etxetzarreko sakoneneko geletan eta sotoan. Ekainaren hasieran, Irala astebete pasea zen La Caledonia-n; igeltseroek bertan behera utzia zuten lana. Kapatazari galdeturik, hark, hala agindu zuela noski nagusiak eta denborari hainbestean sobratzen zaiona egunak direla.

        Londresen txosten bat idatzia nuen, hemen jasotzerik merezi ez duena; ostiralean, don Alejandrori diosala egin eta testu hori ematera joan nintzen. Fernández Irala ere nirekin etorri zen. Arratsaldeko ordua zen eta panpa-haizea sartzen zen etxean. Alsina kaleko atetzarraren aurrean gurdi bat zain zegoen, hiru zaldiz. Gogoan ditut gizon konkortu batzuk beren fardelak azken patioan deskargatzen; Twirl-ek, larderiatsu, ordenak ematen zizkien. Han ziren, halaber, zerbaiten susmoa bailuten, Nora Erjford eta Nierenstein eta Cruz eta Donald Wren eta beste biltzarkide bat edo bi. Norak besarkatu egin ninduen eta musu eman, eta basarkada hark eta musu hark beste batzuk gogorarazi zizkidaten. Beltzak, onpuska eta zoriontsu, eskuan muin egin zidan.

        Geletako batean sotoko ateorde karratua irekita zegoen; porlan gordinezko maila batzuk itzalean galtzen ziren.

        Tupustean pausoak entzun genituen. Ikusi aurretik, banekien don Alejandro zela sartzen ari zena. Ia korrika bailebilen, han iritsi zen.

        Ahotsa desberdina zuen; ez zen larunbatetako lehendakari genuen jaun patxadatsu harena, ez eta labanazko duelo bat debekatzen eta bere gauchoen artean Jainkoaren hitza predikatzen zuen etxalde-jabe feudalarena, baina azken horren antz handiagoa zuen.

        Inori begiratzeke agindu zuen:

        — Hasi ateratzen hor behean pilatutako guztia. Ez dadila geldi liburu bat ere sotoan.

        Ia ordubete hartu zigun lanak. Gutako garaienak baino meta garaiago bat bildu genuen. Atzera eta aurrera genbiltzan denok; soilik don Alejandro ez zen mugitu.

        Gero ordena entzun genuen:

        — Orain su emaiezue azkar mukuru horiei.

        Twirl zurbil-zurbil zegoen. Soilik Nierenstein-ek lortu zuen ahopeka esatea:

        — Munduaren Biltzarra ezin da pasatu nik halako maitasunez aukeratu ditudan lagungarri preziatu horiek gabe.

        — Munduaren Biltzarrak? —esan zuen don Alejandrok. Barre egin zuen, burlaizez, eta nik ez nuen barre egiten inoiz entzun.

        Bada halako plazer misteriotsu bat suntsipenean; sugarrek zartaka ekin zioten distiratsu, eta gizonok hormen kontra edo geletara jo genuen trumilka. Gau, errauts eta erre usaina patioan geratu ziren. Gogoan ditut salbatu ziren orri galdu batzuk, lur gainean zuri. Nora Erfjord-ek, emakume gazteek gizon zaharrei ohi dakarkieten maitasun hori baitzekarkion don Alejandrori, ulertzeke esan zuen:

        — Don Alejandrok badaki zer ari den.

        Iralak, literaturari leial, esaldi bat saiatu zuen:

        — Hainbat mendez behin erre egin behar da Alexandriako Liburutegia.

        Gero errebelazioa etorri zen:

        — Lau urte behar izan ditut orain esaten ari natzaizuena ulertzeko. Abiatu garen egitekoa hain da handia, non —orain badakit— mundu osoa harrapatzen duen. Ez da hitzontzi koadrila bat etxalde galdu bateko zoko-gela batean nor txundituko. Munduaren Biltzarra munduaren lehen instantearekin hasi zen eta aurrera jarraituko du hauts izan gaitezenean ere. Ez da lekurik hura bertan ez denik. Munduaren Biltzarra, erre ditugun liburuak dira. Munduaren Biltzarra zesarren lejioak garaitu zituzten kaledoniarrak dira. Munduaren Biltzarra Job simaurtegian eta Kristo gurutzean dira. Munduaren Biltzarra nire ondarea putatan parrastatzen duen mutil alfer hura da.

        Neure buruari eutsi ezinik, moztu egin nion:

        — Don Alejandro, ni ere errudun naiz. Amaitua nuen jadanik hona ekarri dizudan txostena, eta han segitu nuen, hala ere, Ingalaterran, zure dirua alferrik xahutzen, emakume baten maitasunagatik.

        Don Alejandrok jarraitu zuen:

        — Banuen susmoa, Ferri. Biltzarra nire zezenak dira. Saldu ditudan zezenak eta nireak ez diren larre-puskak dira Biltzarra.

        Ahots espantatu bat altxatu zen; Twirl-ena zen.

        — Ez diguzu, bada, esango La Caledonia saldu duzunik?

        Don Alejandrok patxadaz erantzun zion:

        — Saldu egin dut, bai. Ez zait gelditzen arrabete lut ere, baina hondamendia ez zait mingarri, orain jakitun bainaiz. Beharbada ez dugu gehiago elkar ikusiko, Biltzarrak ez baitu gure premiarik, baina azken gau honetan Biltzarra ikustera irtengo gara denok.

        Garaipenez hordi zegoen. Haren irmotasunak eta haren fedeak blaitu gintuen. Inork ez zuen, segundo batez ere, erotuta zegoenik pentsatu.

        Zalgurdi ireki bat battu genuen plazan. Ni aurrealdean jarri nintzen, gurtzainaren ondoan, eta don Alejandrok agindu zuen:

        — Hiria korritu behar dugu, maisu. Nahi duzun lekura eraman gaitzazu.

        Beltzari, ointoki baten gainean zutik, ez zitzaion irribarrea aurpegitik kentzen. Ez dut sekula jakingo ezer ulertu ote zuen.

        Oroimen baltzuzko bat postulatzen duten sinboloak dira hitzak. Orain historiatu nahi dudana soilik nirea da; oroimen horren partaide zirenak hilik daude jadanik. Mistikoek arrosa bat aipatzen dute, musu bat, txori guztiak den txori bat, izar guztiak eta eguzkia den eguzki bat, pegar bat ardoz betea, jardin bat edo sexu-egintza. Metafora horietatik ezein ere ez zait baliagarri bozkario-gau horretarako, zeinak goiznabarraren mugetan hantxe utzi baikintuen, nekeak eta zoriontasunak jota. Ez genuen la hitzik egin, gurpilak eta kroskoak harrien gainean durundaka. Goizalba gabe, akaso Maldonado ibaia edo akaso Errekastoa zen ur ilun xume baten ondoan, Nora Erfjord-en ahots garaiak Patrick Spens-en balada kantatzeari ekin zion, eta don Alejandrok bertsoren bat edo bestetan korua egin zion, ahots baxuz, desafinatuki. Ingeles hitzek ez zidaten ekarri Beatrizen irudia. Nire atzean Twirl-ek murmurikatu zuen:

        — Gaizkia egin nahi izan dut eta ongia dagit.

        Gau hartan gure begien aurretik pasatu zenetik ez da dena galdu —Recoleta-ko hormatzar gorrizta, kartzelako hormatzar beilegia, gizon bikote bat otxabarik gabeko kalekantoi batean dantzari, bebarru xake-irudi bat bere burdinsarearekin, trenbideko langak, nire etxea, merkatu bat, hondorik gabeko gau hezea—, baina gauza iheskor horietatik, zeinak besterik baitziratekeen apika, ezeinek ere ez du axola. Axola duena da sentitu genuela gure plan hura, behin baino gehiagotan burlaz hartu genuen egitasmo hura, sekretuki egia zela eta unibertsoa zela eta gu ginela. Esperantza handirik gabe, urtetan bilatu dut gau horren zaporea; noizbait berreskuratu uste izan dut musikan, maitasunean, oroimen zalantzaz betean, baina ez da itzuli, salbu eta goizalde bakar batez, amets batean. Inori ezer ez esateko zina egin genuenerako, larunbat goiza zen.

        Ez ditut geroztik ikusi, Irala izan ezik. Ez genuen historia hura sekula komentatu; edozein hitz profanazio bat izango zen gure aldetik. 1914an, don Alejandro Glencoe hil egin zen eta Montevideon hilobiratu zuten. Irala aurreko urtean hila zen jadanik.

        Nierenstein-ekin Lima kalean gurutzatu nintzen behin, eta ezikusiarena egin genion elkarri.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia