Etsaiaren pasadizoa

 

        Hainbeste urte ihes egiten eta igurikatzen, eta orain etxean neukan etsaia. Leihotik ikusi nuen muinoko bide lakarretik neke handiz igotzen. Makila bat zekarren bidelagun, esku zahar haietan arma bat ez eta makulu bat baizik izan ez ziteken makila baldar bat. Kostatu zitzaidan sumatzen espero nuena: ate joka motela. So egin nien, ez nostalgiarik gabe, neure eskuizkribuei, zirriborro bukatu samartuari eta Artemido-ren ametsei buruzko tratatuari; hor aski ezlekuan den liburua bera, ez baitakit grekerarik. Beste egun bat alferrik galdurik, egin nuen neure artean. Borroka gogorra egin behar izan nuen giltzarekin. Beldur nintzen gizona lurrera plaust eroriko ote zen; alabaina, zalantzazko pauso batzuk eman, makila jaregin, ez bainuen gehiago ikusi, eta nire ohe gainera amildu zen, unaturik. Ene arrangurak maiz imajinatua zuen, baina ordura arte ez nintzen ohartu Lincoln-en azken portretaren antza zuela, anaia batek anaia batena bestekoa ia. Arratsaldeko laurak izango ziren.

        Gainera makurtu nintzaion, entzun nintzan.

        — Batbederak uste du batbederarentzat pasatzen direla urteak —esan nion— baina gainerakoentzat ere pasatzen dira. Azkenean topo egin dugu biok, eta lehen gertatu zenak ez du zentzurik.

        Ni mintzo nintzen bitartean, soingainekoa ireki zuen. Eskuin eskua jakaren poltsikoan zeukan. Zerbaitek seinalatzen ninduen eta errebolber bat zela sentitu nuen.

        Ahots sendoz esan zidan orduan:

        — Zure etxean sartzeko, errukiaz baliatu naiz. Orain neure mende zauzkat, eta ez naiz gupidatsua.

        Hitz batzuk saiatu nituen. Ez naiz gizon indartsua eta hitzek baizik ezin ninduten salbatu. Honenbeste esaten asmatu nuen:

        — Egia da aspaldi batean tratu txarra eman niola haur bati, baina zu ez zara jadanik haur hura, ez eta ni ere orduko zentzugabe hura. Gainera, mendekuak ez du barkamenak baino banitate eta irribidekeria gutxiago erakusten.

        — Hain zuzen ere haur hura ez naizelakoxe zaitut —ihardetsi zidan— hil beharra. Ez da mendeku kontua, justizia ekintza baizik. Zure argumentuak, Borges, hil ez zaitzadan zure izuak irazkitzen dituen trikimailu huts dira. Ezin dezakezu dagoneneko deus ere egin.

        — Gauza bat egin dezaket —erantzun nion.

        — Zein? —galdetu zidan.

        — Esnatu.

        Eta halaxe egin nuen.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia