Hengist-ek gizonak nahi ditu

 

(449 A.D.)

 

        Hengist-ek gizonak nahi ditu.

        Etorriko dira itsaso luzeetan galtzen diren hareazko bazterretatik, kez beteriko txaboletatik, lur landerretatik, otso-oihan sakonetatik, zeinen erdigune zehazkabean Gaizkia baitago.

        Laborariek goldea utziko dute eta arrantzaleek sareak.

        Beren emazte eta seme-alabak utziko dituzte, gizonak baitaki gauaren edozein tokitan aurki dezakeela emazterik, egin dezakeela haurrik.

        Hengist mertzenarioak gizonak nahi ditu.

        Oraindik Ingalaterra ez deritzon uharte bat menderatzeko nahi ditu.

        Meneko eta krudel jarraituko zaizkio.

        Baitakite giza guduan aurrena izan dela beti.

        Baitakite behin bere mendeku zorra ahantzi zuela eta ezpata biluzi bat eman ziotela eta ezpatak bere lana egin zuela.

        Arraunka iraganen dituzte itsasoak, bruxularik ez mastarik gabe.

        Ezpatak eta erredolak ekarriko dituzte, basurdearen itxurako buruoskolak, uzta ugalarazteko aztieleak, kosmogonia lausoak, hunoen eta godoen alegiak.

        Lurraren jabe egingo dira, baina ez dira inoiz sartuko Erromak abandonatutako hirietan, gauza konplexuegiak baitira halako buru barbaro batentzat.

        Hengist-ek garaipenerako, harrapaketarako, haragiaren usteltzerako eta ahanzturarako nahi ditu gizonok.

        Hengist-ek gizonok (ez baitaki, ordea) inperiorik handienaren sorkuntzarako nahi ditu, Shakespeare-ek eta Whitman-ek kanta dezaten, Nelson-en ontziek itsasoa beren mende har dezaten, Adan eta Ebak, eskutik heldurik, isilik, galdu duten Paradisutik alde egin dezaten.

        Hengist-ek gizonok (ez baitu, ordea, jakingo) nik letra hauek marraz ditzadan nahi ditu.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia