Ebanjelioa Markosen arabera

 

        Los Alamos-eko landetxean gertatu zen, Junín-go eskualdean, hego alderantz, 1928ko martxoko hilaren azken egunetan. Gertatuaren protagonista medikuntzako ikasle bat izan zen, Baltasar Espinosa. Buenos Aires-eko mutil arrunt horietakotzat defini dezakegu oraingoz, ez baitzuen beste ohargarririk, ez bada oratoriarako gaitasun berezi bat, Ramos Mejía ingeles ikastetxean sari bat baino gehiago irabazarazia ziona, eta halako ontasun ia mugarik gabe bat. Ez zitzaion gustatzen eztabaidan jarduterik; nahiago zuen solaskideak arrazoi izatea eta ez berak. Jokoaren gorabeherak interesatzen zitzaizkion arren, jokalari txarra zen, atsekabe baitzitzaion irabaztea. Buru argia zuen, ernea bezain nagia; hogeita hamahiru urterekin ikasgai bat gainditzea falta zuen graduatzeko: gogokoen zuena, hain zuzen. Aitak, librepentsazale baitzen, garaiko jaun guztiak bezala, Herbert Spencer-en dotrinan hezia zuen, baina amak, Montevideorako bidaia baten aurretik, gauero Aitagurea errezatu eta gurutze santua egin zezala eskatu zion. Urteak joanean, ez zuen inoiz promes hori hautsi. Ez zen mutil kikila; goiz batez, haserre bainoago ezaxola, bizpahiru ukabilkada trukatu zituen unibertsitateko greba batean parte hartzera bortxatu nahi zuten kide batzuekin. Etorkor izan beharrez, ez zitzaion falta iritzi eta ohitura aski eztabaidagarririk: axola gutxiago zitzaion herria, kanpoan hemen lumak erabiltzen ditugulakoa zabaltzeko arriskua baino; jainkoturik zeukan Frantzia, baina frantsesak gutxiesten zituen; ez zituen aintzat hartzen amerikarrak, baina ongi zeritzon Buenos Airesen etxeorratzak egoteari; ordokiko gauchoak mendi erpin edo muinoetakoak baino zaldun hobeak direla uste zuen. Daniel bere lehengusuak uda Los Alamos-en pasatzea proposatu zionean, berehala esan zuen baietz, ez landaldea gustatzen zitzaiolako hainbestean, baizik eta berezko etorkortasunez eta ez zuelako bilatu ezetz esateko arrazoi baliozkorik.

        Landetxearen kroskoa handia zen eta apur bat utzia; kapatazak —Gutre zuen izena— aldamenean zuen bizilekua. Gutretarrak hiru ziren: aita, semea, bereziki baldarra, eta guraso ziurrik gabeko neskatxa bat. Garaiak ziren, sendoak, hezurtsuak, ilea gorri-antxa eta aurpegiak indiar eitekoak. Ez zuten ia hitzik egiten. Kapatazaren emaztea urteak lehenago hila zen.

        Espinosa, jakin ez ezik, susmorik ere ez zuen hainbat gauza ikasiz joan zen landaldean. Esate baterako, ez dela galopa ibili behar etxeetara hurbiltzean, eta inor ez dela zaldiz abiatzen, eginbehar batera izan ezik. Denborarekin, txoriak beren oihuz bereiztera iritsiko zen.

        Egun gutxi barru, Daniel-ek hiriburura lekutu behar izan zuen, abere-tratu bat zerratzeko. Gehien jota, astebete beharko zuen. Espinosa, ordurako lehengusuak bonnes fortunes direlakoez eta joskintzaren aldaerez erakusten zuen interes nekaezinaz aspertuxe, nahiago izan zuen landetxean gelditu, bere testu-liburuekin. Gogor ari zuen beroa eta gauak ere ez zuen arintzen. Goiznabarrean, ostotsek iratzarri zuten. Haizeak gogotik astintzen zituen kasuarina-arbolak. Espinosak lehen tantak entzun zituen eta eskerrak eman zizkion Jainkoari. Tupustean etorri zen haize hotza. Arratsalde hartan, Salado ibaiak gainez egin zuen.

        Biharamunean, Baltasar Espinosak, galeriatik urak hartutako soroei begira, bere artean egin zuen panpa itsasoarekin parekatzen duen metafora ez zela, goiz hartan behinik behin, erabat faltsua, nahiz Hudson-ek bere garaian idatzia zuen ezen ontzi gainetik ikusten dugulako —eta ez zalditik edo geure paretik— ez dirudiela itsasoak handiagoa. Euriak ez zuen amor ematen; Gutretarrek, kaletarraren laguntza edo eta trabarekin, azienda puska salbatu zuten, nahiz abere asko bertan ito zen. Landetxera iristeko bideak lau ziren: denak ere estali zituen urak. Hirugarren egunean, itokin batek mehatxupean jarri zuen kapatazaren etxea; Espinosak gela bat utzi zien, etxearen barren-barrenean, lanabesen etxordearen ondoan. Aldaketak hurbildu egin zituen ezarian; elkarrekin egiten zuten otordua, jangela zabalean. Elkarrizketa zail gertatzen zen; Gutretarrek, soroko kontuez hainbeste gauza jakinda, ez zekiten batere azaltzen. Gau batez, Espinosak galdetu zien ea jendea oraindik gogoratzen ote zen komandantzia Junín-en zegoen garaiko indiarren gaitzaldiez. Baietz esan zioten, baina berdin erantzungo zioten Karlos Lehenaren hilketari buruzko galdera bati ere. Espinosari gogoratu zitzaion beraren aitak esaten zuela landaldean gertatzen diren adinluzetasun kasu ia guztiak oroimen eskasari edo daten ulerkera lauso bati zor zaizkiola. gauchoei berdintsu ahaztu ohi zaie jaio ziren urtea eta berak sortu zituenaren izena.

        Etxe guztian ez zen liburu apur batzuk baino: La Chacra aldizkariaren ale sorta bat, albaitaritzako eskuliburu bat, Tabaré ale luxuzko bat, Historia del Shothorn en la Argentina delakoa, kontaera erotiko nahiz poliziakoren bat edo beste eta berrikitan argitaraturiko nobela bat: Don Segundo Sombra. Espinosak, ezinbesteko otorduondoa nola edo hala arindu beharrez, kapitulu pare bat irakurri zien Gutretarrei, analfabetoak baitziren. Zoritxarrez, kapataza ganadu-eramaile izana zen eta ezin zitzaizkion noski interesatu inoren ibilaldiak. Lan hori arina zela esan zuen, behar zen guztia garraiatzen zuen zamari bat zeramatela beti eta, ganadu-eramaile izan ezean, ez zela inoiz helduko Gómez-en Aintziraraino, Bragado ibairaino eta Nuñeztarren soroetaraino, Chacabuco-ko partean. Sukaldean gitarra bat bazen; peoiak, kontatzen ari naizen gertaeron aurretik, gurpil bat osatuz esertzen ziren, norbaitek trenpuan jartzen zuen gitarra, eta azkenean inoiz ez zen jotzera iristen. Gitarraldi bat esaten zitzaion horri.

        Espinosa, bizarrari luzatzen utzia ordurako, ispilu aurrean geratu ohi zen luzaro bere aurpegi aldatuari so, eta irribarre egiten zuen, pentsatuz Buenos Airesen aspertu ederra emago ziela bere mutil-lagunei Salado ibaiaren uholdea kontatuz. Gauza bitxia, inoiz joaten ez zen eta joango ez zen zenbait lekuren hutsmina sentitzen zuen: Cabrera kaleko izkina bat, gutunontzi bat zegoenekoa; Jujuy kaleko atetzar batean —Hamaikagarrenetik ez urruti— lehoi batzuk irudikatzen zituen harrilana; non ote zen oso garbi ez zekien biltegi bat, lauzazko zorua zuena. Anaiek eta aitak, berriz, jakingo zuten noski ordurako, Daniel-en bitartez, urgora zela-eta, isolaturik zegoela —hitza, etimologikoki, zuzena zen.

        Etxea arakaturik, urek inguraturik baitzeukaten beti ere, ingelesezko Biblia bat topatu zuen. Azken orrialdeetan, Guthrietarrek —horixe zuten izen jatorra— beren historia idatziz emana zuten. Inverness-ekoak ziren jatorriz; hemeretzigarren mendearen hasiera aldera etorriak ziren, dudarik gabe peoi gisa, kontinente honetara, eta gero indiar jendearekin gurutzatu. Mila zortziehun eta hirurogeita hamapiku aldera amaitzen zen kronika; ordurako ez zekiten idazten. Belaunaldi gutxi batzuen buruan, ahantzia zuten ingelesa; gaztelaniak, Espinosak ezagutu zituenean, lanak ematen zizkien. Sineskabeak ziren, baina haien odolean iraun zirauten, zantzu ilun gisa, kalbinozalearen fanatismo gogorrak eta panparen sineskeriek. Espinosak bere aurkikundea aipatu zien eta entzun ere ez zuten egin ia.

        Liburukia hartu eta orriak pasakeran, Markosen araberako Ebanjelioaren hasieran ireki zuten Espinosaren hatzek. Itzulpen ariketa gisa eta menturaz ea ezer ulertzen zuten jakite aldera, jatordu ostean testu hura irakurtzea deliberatu zuen. Bere harrigarri, aurrena arretaz eta gero interes isilez entzun zuten. Beharbada azaleko letra urrezkoen presentziak areagoko itzala emango zion beraren jardunari. Odolean daramate, pentsatu zuen. Orobat otu zitzaion gizonek, denboran zehar, bi historia errepikatu dituztela: itsaso mediterraneoetan uharte maite baten bila dabilen ontzi galdu batena, eta Golgota mendian bere burua gurutzifikarazten duen jainko batena. Ramos Mejía ikastetxeko esatari-ariketak gogoraturik, zutik jartzen zen parabolak predikatzeko.

        Gutretarrek bizkor egiten zituzten okela erre eta sardinekikoak, Ebanjelioa ez berantaraztearren.

        Neskatxak txerak egiten eta xingola zerurdin batez apaintzen zuen arkumetxo bat hesi-sastakan zauritu zen. Odol-jarioa eteteko, amaraun bat jarri nahi zioten; Espinosak pastila batzuekin sendatu zuen. Sendakuntza horrek piztu zuen eskerrona harrigarri gertatu zitzaion guztiz. Hasieran, Gutretarrekiko mesfidati, bere liburuetako batean ezkutatu zituen aldean zeramatzan berrehun eta berrogei pesoak; orain, berriz, nagusia kanpoan zela, berak hartua zuen haren lekua; berak aginduak eman, herabe samar aukeran, eta puntuan betetzen zituzten Gutretarrek. Geletan barrena eta korridorean zehar segika joaten zitzaizkion, galduta balebiltza bezala. Irakurtzen ari zela, ohartu zen mahai gainean utzitako otapurrak kentzen zizkiotela. Arratsalde batez berari buruz zihardutela harrapatu zituen, begirunez eta hitz gutxiz jardun ere. Markosen Ebanjelioa amaiturik, falta ziren hiruetako beste bat irakurri nahi izan zuen; aitak eskatu zion jadanik irakurria zuena errepika zezala, ongi ulertzeko. Espinosak sentitu zuen haurrak bezalakoak zirela, haurrek gogokoago baitute errepikapena, aldaera edo berrikuntza baino. Gau batez Uholde Gaitzaz amets egin zuen, ez baita harritzekoa; arka egiten ari zirenen mailukadek iratzarri zuten, eta pentsatu zuen menturaz ostotsak zirela. Izan ere, euria, tartean atertu bazuen ere, gogor ari zuen berriro. Hotz zegoen oso. Esan zioten ekaitzak lanabesen etxordea hautsi zuela eta habeak konpondutakoan erakutsiko ziotela. Ez zen gehiago haien artean arrotz; denek abegi ona egiten zioten eta ia txerak ere bai. Ezeini ez zitzaion atsegin kafea, baina beti zeukaten kikara bat harentzat prest, azukrez mukuru.

        Ekaitza astearte batez gertatu zen. Ostegun gauean, ate joka leun batek akordarazi zuen; badaezpada ere, giltzaz ixten baitzuen beti atea. Jaiki eta ireki egin zuen: neskatxa zen. Ilunbetan ez zuen ikusi, baina pausoengatik sumatu zuen ortozik zegoela eta gero, ohatzean, etxe barrenetik biluzik etorria zela. Neskatxak ez zuen besarkatu, ez zion hitz bakarrik ere egin; ondoan etzan zitzaion eta dardaraz zegoen. Lehen aldia zuen gizonik ezagutzen zuela. Alde egin zuenean, ez zion musurik eman; Espinosak pentsatu zuen neskatxaren izenik ere ez zekiela. Argitzen saiatu ez zen zio ezkutu batek akuilaturik, zin egin zuen Buenos Airesen ez ziola inori kontatuko historia hura.

        Hurrengo eguna aurrekoak bezala hasi zen, salbu eta aitak Espinosarekin hitz egin zuela eta galdetu ziola ea Kristok gizon guztiak salbatzearren utzi zuen hil zezaten. Espinosa, librepentsazale izaki baina irakurritakoa justifikatzera beharturik, erantzun zion:

        — Bai. Guztiak infernutik salbatzearren.

        Gutrek orduan:

        — Zer da infernua?

        — Lurpeko toki bat non arimak erretzen egongo diren sekulako.

        — Eta iltzeak josi zizkiotenak ere salbatu ziren?

        — Bai —ihardetsi zion Espinosak, zeinaren teologia ez baitzen ziur-ziurra ere.

        Beldurrez egona zen aurreko gauean alabarekin gertatuaz kargu har ziezaion. Bazkal ondoren, azken kapituluak berrirakur zitzan eskatu zioten.

        Espinosak lokuluska luze bat egin zuen, mailukada atergabez eta aurrezantzu lausoz etendako loaldi arin bat. Arratsapal aldera, jaiki eta korridorera irten zen. Ozenki pentsatzen ari balitz bezala esan zuen:

        — Behera egin dute urek. Gutxi falta da jadanik.

        — Gutxi falta da jadanik —errepikatu zuen Gutrek, oihartzuna irudi.

        Hirurak joanak zitzaizkion jarraika. Lurrezko zoruan belaunikaturik, bedeinkapena eskatu zioten. Gero madarikatu egin zuten, tu egin zioten eta barreneraino bultzatu zuten. Neskatxa negarrez ari zen. Espinosak ulertu zuen zer zeukan ateaz bestaldean zain. Ireki zutenean, ortzia ikusi zuen. Txori batek oihu egin zuen; bere artean pentsatu zuen: «txolarrea noski». Etxordea sabai-hutsik zegoen; Gurutzea egiteko erauziak zituzten habeak.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia