In memoriam J.F.K.

 

        Antzinakoa da bala hau.

        1897an Arredondo zeritzon Montevideoko mutil batek tira zuen Uruguaiko presidentearen aurka; Arredondo denbora luzea emana zen inor ere ikusteke, konplizerik ez zuela garbi gera zedin. Hogeita hamar urte atzerago, jaurtikin horrek berak Lincoln hil zuen, antzezle baten egintza kriminal edo eta magiko bat tarteko; izan ere, Shakespeare-ren hitzek Marko Bruto, Zesarren hiltzailea, bihurtu baitzuten antzezle hura. XVII. mendearen erdi aldera, Suediako Gustavo Adolfori bizia kentzeko erabili zuen mendekuak, bataila baten jendarteko triskantzaren erdian.

        Lehenago, besterik ere izan zen bala hori, zeren Pitagorasen araberako batetikbesteratzea ez baitagokie gizonei bakarrik. Visireei Sortaldean ematen zaien sedazko kordela izan zen, eta El Alamoko defendatzaileak jo-ta-txikituta utzi zituzten fusil eta baionetak, eta erregina baten sama ebaki zuen labana hiru-ertz zorrotza, eta Berreroslearen haragia eta Gurutzearen zura zulatu zuten iltze ilunak, eta kartagotar buruzagiak burdinazko eraztun batean gorderik zeukan edena, eta arratsapal batean Sokratesek edan zuen kopa soseguz betea.

        Denboraren egunsentian, Kainek Abelen kontra jaurti zuen harria izan zen, eta gaur egun imajinatzerik ere ez daukagun hainbat gauza izango da aurrerantzean ere, eta baliteke gauza horiek azkenean akabera ematea gizonei eta gizonen patu hain mirarizko eta hain hauskorrari.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia