Irazkia

 

        Beraren izua bete-betea izan dadin, Zesarrek, estatua baten pean bere lagunen labana egonezinez artegek erasorik, topo egiten du, aurpegi eta altzairuen artean, Marko Junio Bruto, beraren kuttun, akaso beraren semea denaren begitartearekin, eta ez da gehiago defendatzen eta hots egiten du: «Zu ere bai, beraz, seme?!». Shakespeare-k eta Quevedok jaso zuten oihu patetikoa.

        Patuari atsegin zaizkio errepikapenak, aldaerak, simetriak; hemeretzi mende geroago, Buenos Aireseko probintziako hegoaldean, gaucho bat beste gaucho batzuen erasopean erortzen da, eta lurrera doala, bere besoetako bat ezagutzen du taldekoen artean, eta honela diotsa, kargu hartzeko doinu otxanez eta bere astia hartzen duen ustekabe halako batez (hitzok entzun egin behar dira, ez irakurri): «Baina, che?!». Akabatu dute, eta ez daki eszena bat errepika dadin hil dela.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia