Argumentum ornithologicum

 

        Begiak itxi eta txori aldra bat ikusten dut. Ikustateak segundo bat iraun du edo beharbada gutxiago; ez dakit zenbat txori ikusi ditudan. Zehatza ala zehazkabea zen haien kopurua? Auziak bere baitan darama Jainkoaren existentziarena ere. Jainkoa existitzen bada, zehatza da kopurua, zeren Jainkoak badaki zenbat txori ikusi ditudan. Jainkoa existitzen ez bada, zehazkabea da kopurua, inork ezin izan baitu konturik eraman. Kasu horretan, hamar txori baino gutxiago ikusi ditut (adibidez) eta bat baino gehiago, baina ez ditut ikusi bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru edo bi txori. Haien kopuruari dagokion zenbakia, beraz, hamar eta bat bitartean dago, eta ez da bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, eta abar. Halako zenbaki osoa imajinaezina da; ergo, bada Jainkorik.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia