Aleph-a

 

        O God, I could be bounded in a nutshell and count myself a King of infinite space.

Hamlet, II, 2

 

        But they will teach us that Eternity is the Standing Still of the Present Time, a Nunc-stans (as the Schools call it); which neither they, nor any else understand, no more than they would a Hic-stans for an Infinite greatnesse of Place.

Leviathan, IV, 46

 

        Beatriz Viterbo hil zeneko otsaileko goiz gorian, instant batez ere ez sentimentalismora ez beldurrera makurtu ez zen agonia larri baten ondoren, ohartu nintzen Constitución Plazako karteldegi burdinazkoek berritua zutela tabako gorrizko ez dakit zein zigarro markaren iragarkia; mingarri gertatu zitzaidan, zeren ulertu bainuen unibertsoa, atsedenik eta mugarik ez dakien unibertso hau, harengandik apartatzen ari zela jadanik, eta aldaketa hori serie infinitu batetik lehenbizikoa zela. Unibertsoa aldatuko da baina ni ez, pentsatu nuen banitate malenkoniatsuz; noizbait, badakit, nire jaiera etsiak bere onetik aterea zuen; behin hilik, bete-betean eman nezakeen neure izate guztia haren oroipenera, esperantzarik gabe, baina orobat umiliazioarik gabe. Apirilaren 30ean haren urtebetetzea zen; egun hartan Garay kaleko etxea bisitatzea, Beatrizen aita eta Carlos Argentino Daneri, haren lehengusu propioa, agurtzeko, kortesiazko egintza zen, tatxarik gabea, apika ekidinezina. Berriro itxaroten egongo nintzen gauzaz mukuru egindako salatxo hartako ilunabarrean, berriro aztertuko nituen haren erretratu ugarietako gorabeherak. Beatriz Viterbo, profilez, koloretan; Beatriz, antifazez, 1921eko ihauteetan; Beatrizen lehen jaunartzea; Beatriz, Roberto Alessandri-rekin ezkondu zen egunean; Beatriz, dibortziatu eta pixka batera, Zaldi-Elkarteko bazkari batean; Beatriz, Quilmes-en, Delia San Marco Porcel eta Carlos Argentinorekin; Beatriz, Villegas Haedo-k oparitu zion pekin-txakurrarekin; Beatriz, aurrez eta hiru laurdenez, irribarrez, eskua kokotsean... Hartan ez nintzen behartuko, bestetan bezala, liburu eskaintza xumez nire presentzia justifikatzera: azkenerako ikasi bainuen, hala ere, haien orriak ebakitzen, gero, handik hilabeteetara, ukitzeke zeudela ez konprobatzearren.

        Beatriz Viterbo 1929an hil zen; ordudanik, ez nuen apirilaren 30ik huts egin haren etxera itzuli gabe. Zazpiak eta laurdenetan iritsi eta hogeitabost minutuz geratu ohi nintzen; urtean-urtean beranduxeago agertzen nintzen eta apur bat gehiago luzatzen bertan; 1933, euri jasa ikaragarri batek faboretu ninduen: jatera gonbidatu behar izan ninduten. Geroztik ez nuen alferrik galdu, pentsatzekoa denez, aukerako egokiera hura; 1934an, han agertu nintzen, zortziak jota, santafe-opil batekin; naturaltasun osoz, afaltzera geratu nintzen. Hala, halako urtemuga malenkoniaz eta erotismo hutsalez beteetan, Carlos Argentino Daneri-ren isilberriak jasotzen hasi nintzen pixkanaka.

        Beatriz garaia zen, herbala, doi-doi bat okertua; bazuen ibileran (oximorona onartzeko modukoa bada) halako baldartasun graziaz bete bat, halako estasi-hastapen bat; Carlos Argentino xurigorria da, mardula, ileurdintsua, hazpegi finetakoa. Hegoaldeko hiribazterretako liburutegi irakurgaitz batean behe mailako ez dakit zer kargutan dihardu; agindu zalea da, baina gauzak onik burutzeko ezgauza; oraindik orain, bere etxetik ez irteteko profitatzen zituen arratsak eta jaiak. Bi belaunaldi atzeragotik, italiar eseak eta italiarren zeinuketa naharoak bizirik diraute harengan. Etengabea du buru-jarduna, suharra, edozertara moldakorra eta erabat ezdeusa. Oparoa da ezertarako ez diren analogiatan eta inora ez doazen eskrupulutan. Eskuak (Beatrizek bezala) handiak ditu, zorrotz-ederrak. Hilabete batzuez Paul Fort-en obsesioak jota egon zen, ez hainbeste haren baladengatik nola tatxarik gabeko loriaren ideiarengatik. «Frantziako poeten Printzea da», errepikatzen zuen ergelkiro. «Alferrik jazarriko zatzaizkio; ez du harrapatuko, ez, zure gezirik pozoitsuenak ere.»

        1941eko apirilaren 30ean, ohiko opilari botila bat koñak, bertakoa, gehitzera ausartu nintzen. Carlos Argentinok dastatu zuen, poliki zegoela iritzi, eta han ekin zion, kopa batzuen buruan, gizon modernoaren aldezpen bati.

        — Neure baitan irudikatzen dut —esan zuen, zio garbi-garbirik gabeko bizitasun halako batez— gizona bere ikerketa-gelan, hiri bateko dorre nagusian, esaterako, telefonoz, telegrafoz, fonografoz horniturik, irratitelefonogailuz, zinematografoz, linterna magikoz, hiztegiz, ordutegiz, arautegiz, albistariz...

        Ohartarazi zuen hala ahalbideturiko gizon batentzat guztiz alferrikakoa zela bidaiatzea; gure XX. mendeak Mahomaren eta mendien alegia eraldatua zuen; mendiak, orain, Mahoma modernoaren ondora etorri zetozen nondiknahi.

        Hain funtsgabe iruditu zitzaizkidan ideiok, hain puztu eta hain gaitza haien azalpena, ezen berehala lotu bainituen literaturarekin; esan nion ea zergatik ez zituen idazten. Pentsatzekoa zenez, jadanik idatziak zituela erantzun zidan: adigai horiek, eta berritasun ez gutxiagoko beste batzuk, réclamerik gabe, arrabots sorgarririk gabe, lana eta bakardadea deritzen bi makulu horien laguntzaz beti ere, aspaldiko urteetan lantzen ari zen poema baten «Augure-Kantu», «Atari-Kantu» edo besterik gabe «Hitzaurre-Kantu» delakoan bildurik omen zeuden. Aurrenik irudimenaren isuria jaregiten zuen; gero limaz baliatzen zen. Poemak «Lurra» zuen izena; izan ere, planetaren deskribapena zen, eta ez zen falta noski bertan digresio pintoreskoa eta apostrofe beregainekoa.

        Erregutu nion pasarte bat, laburra badarik ere, irakur ziezadala. Idazmahaiko tiradera bat ireki zuen, Juan Crisóstomo Lafinur Liburutegiko ezaugarria zeramaten block-orri sorta mardul bat atera, eta satisfazio ozenez irakurri zuen:

 

                Ikus dut, grekoak lez, gizonen hiritzarrik,

                Nekeak, egun argi-ilunak, goseterik;

                Ez daipat inor oker, ez dakart gezur txarrik,

                Voyage hau, ordea, dut... autour de ma chambre nik.

 

        — Ahapaldi dudarik ere gabe interesgarria —ebatzi zuen—. Lehen lerroak katedratikoaren, akademikoaren, helenistaren txaloa bereganatzen du, eta are sasi-eruditoena, ez baitira gutxi iritzi-emaileen artean; bigarrena Homerotik Hesiodora pasatzen da (isilbidezko omenaldi ez nolanahikoa eginez, eraikuntza jaukalaren frontisean, poesia didaktikoaren aitalehenari); ez, hala ere, jatorri-leinua Idatzi Donean duen prozedura bat berriztu gabe: enumerazio, metaketa edo konglobazioa, alegia; hirugarrena —barrokismoa, dekadentismoa, formaren gurtza aratz-irazi bezain fanatikoa?— bi hemistikio bikiz osatua da; laugarrenak, elebidun garbi, ene alde jarriko du erabat, inolako zalantzarik gabe, zirtoaren erronka alaiekiko sentibera den izpiritu oro. Ez dut deus esango errima ezohiaz eta erakutsitako ilustrazioaz, zeinak aukera eman baitit —pedantekeriarik gabe!— lau bertsolerrotan hiru alusio erudiziozko pilatzeko, literatura hertsi-hertsizko hogeita hamar mende besarkatuz: lehenbizikoa Odisearena, bigarrena Nekeak eta egunak delakoarena, hirugarrena saboiarraren lumaren aisiek eskaini diguten huskeria hilezkorrarena... Behin berriro ulertzen dut arte modernoak irriaren baltsamua eskatzen duela, scherzoa. Ez da dudarik: Goldonik du hitza!

        Beste ahapaldi asko irakurri zidan, eta denek merezi izan zioten onespena eta iruzkin ugaria. Deus gogoangarririk ez zen haietan; aurrekoa baino askoz okerragotzat ere ez nituen jo. Ahalegin saiatua, etsipena eta halabeharra ibiliak ziren elkarlanean haien idazketan; Daneri-k egozten zizkion bertuteak geroztikakoak ziren. Konturatu nintzen poetaren lana ez zetzala poesian, baizik eta poesia hura miragarri bilakarazteko arrazoiak asmatzean; geroko lan horrek, jakina, obra aldarazten zuen harentzat, baina ez besterentzat. Daneri-ren ahozko hitz-ebakiera bitxia zen; bertsoaren neurri kontuan hain trakets izateak eragotzi zion, salbuespen bakanen bat gora-behera, poemari bitxitasun hori eranstea [1].

        Neure denboran behin bakarrik izan dut egokiera Polyolbioneko, Michael Drayton-en epopeia topografiko horretako hamabost mila dodekasilaboak aztertzeko; Ingalaterraren fauna, flora, hidrografia, orografia, historia militar eta monastikoa jasorik dago bertan; ziur nago obra hori, ez-nolanahikoa izanik ere mugatua baita, ez dela Carlos Argentinoren taxu bereko eginbide gaitza bezain aspergarria. Izan ere, planetaren biribiltasun oso-osoa eman nahi zuen neurtitzetan; 1941erako jadanik bertsoetaratuak zituen Queensland estatuko hektarea batzuk, Ob ibaiaren ibilbidearen kilometro bat baino gehiago, Veracruz-etik iparralderanzko gasometro bat, Concepción parrokiako saltoki nagusiak; Mariana Cambaceres de Alvear-ek Belgrano-n, Irailaren Hamaika kalean, zuen landetxea, eta Brighton-eko akuario hain izen onekotik ez urruti zegoen etxe bat, turkiar bainuak eskaintzen zituena. Bere poemaren australiar aldeko pasarte neke handiko batzuk irakurri zizkidan; alexandrino luze itxuragabeok ez zeukaten hitzaurreak aldez erakusten zuen nolabaiteko bizitasunik ere. Hona ahapaldi bat:

 

                Jakin. Zutoin arrunt soil batetik eskuinesku

                (Ipar-iparsartaldez, bestela ez da berdin)

                Hezurdura asper da —Margoz? Zuri-zerurdin—

                Eskortak hezurtegi-itxura muturbeltz du

 

        — Bi ausartzia —harrotu zen, oihuz—; hala ere, diozu noski ahapeka, arrakastak erreskatatuak! Aitortzen dut, aitortzen dut. Bata, «arrunt» epitetoa, zeinak ez arrazoirik gabe salatzen baitu, en passant, aberezain eta nekazarien lanei datxekien aspergarritasun ezinbestekoa, ez georgikak eta ez gure Don Segundo dagoeneko ospearen ereinotzez koroatua egundaino horrela, gori-gorian, salatzera ausartu ez diren aspergarritasuna, hain zuzen. Bestea, «hezurdura asper da» prosaismo indartsua, zeina mizke denak higuinez eskumikatu nahi izango baitu, noski, baina bere bizitzaz gain preziatuko baitu kritikari giza-jite beteko denaren dastamenak. Bertso osoa, bestetik, kilate gorenetakoa da. Bigarren hemistikioa irakurlearekiko solas bizi-bizian sartzen da; aurrea hartzen dio haren jakinmin larriari, galdera bat jarri ahoan, eta neurriko erantzuna ematen dio... ber-bertan. Eta zer diostazu aurkikuntza horretaz: «zuri-zerurdin» Hizperriak, bere pintoreskotasunean, zerua iradokitzen du, eta hori da, hain zuzen, australiar paisajearen alderdirik garrantzizkoenetakoa. Halako ebokaziorik gabe goibelegi gertatuko lirateke zirrimarraren tintak, eta irakurleak liburua itxi beste erremediorik ez luke, sendaezineko malenkonia beltzez zauritua barren-barrenetik arima.

        Gauerdi aldera despeditu nintzen.

        Bi igande barru, Daneri-k telefonoz hots egin zidan, ustez bizi guztian lehen aldiz. Lauretan bil gintezen proposatu zidan, «elkarrekin esnea hartzeko, Zunino-ren eta Zungri-ren progresismoak —nire etxearen jabeak dituzu, ausaz gogoratuko duzunez— hemen ondoko izkinan inauguratzen duen saloi-barrean; ez baituzu hutsaren hurrengotzat joko goxotegi hori ezagutzea». Baiezkoa eman nion, bozkarioz bainoago etsipenez. Lanak izan genituen mahai librerik aurkitzeko; «saloi-bar» delakoa, gupidarik gabe modernoa, doi-doi zen nire aurreikuspenak baino jasangarriagoa; aldameneko mahaietan, jendeak, zalaparta handiz, hitzetik hortzera zerabiltzan Zuninok eta Zungrik, errekardaritu gabe, hartarako jarriak zituzten dirutzak. Carlos Argentinok harritu itxurak egin zituen, argiaren antolaketaren ez dakit zertzuk bikaintasun zirela-eta (dudarik gabe, aurrez ezagutzen zituen), eta gogor antxa esan zidan:

        — Gogoz kontra bada ere, aitortu beharko duzu toki honi ez diola eramaten Flores-eko apaintsuenak ere.

        Gero, poemaren lau edo bost orrialde berrirakurri zizkidan. Hitz-dotorekeriazko araubide zital baten arabera eginak zituen zuzenketak: lehen «urdinkara» idatzia zuen lekuan, orain «urdinantz», «urdinsko» eta are «urdiño» zerabilen barra-barra. «Esneantzeko» hitza ez zen harentzat aski itsusia; artile ikuztegi baten deskribapen oldartsuan, aukeran nahiago zituen «esnekizko», «esnekintsu», «esnekutsu», «esnedun»... Mingots eraso zien kritikariei; gero, onberago, «metal preziaturik ez dutenez, ez eta lurrinezko prentsa, laminagailu eta sufre-azidorik, altxor-dirurik txanpontzeko, onenean besteei altxor baten lekua seinala diezaieketen» pertsona horiekin parekatu zituen. Jarraian, prologomania desegokietsi zuen, «aspaldian erabili baitzuen jada trufagai, Kixotearen aitzinsolas antzetsuan, Ingenioen Printzeak». Aitortu zuen, halaz guztiz, obra berriaren atarian egoki zetorkeela hitzaurre deigarria, gauzari zorrotz eta sendo heltzen zekikeen lumalari baten bizkar-bultzada, sinadura eta guzti. Bere poemaren hasierako kantuak argitaratzekotan zegoela gaineratu zuen. Horrenbestez ulertu nuen telefonozko gonbidapen berezi harena; mordoilo pedantesko hari hitzaurrea egin niezaiola eskatu behar zidan tipoak. Funtsgabea gertatu zen nire beldurra: Carlos Argentinok, miresmen arranguratsuz, hizpidera ekarri zuen ez zuela uste huts egiten zuenik sendo epitetoa egozten bazion Alvaro Melián Lafinur-ek zirkulu guztietan bereganatua zuen prestigioari, eta letragizon horrek, nik neure ahalegintxoa eginez gero, pozez xoraturik egingo ziola noski hitzaurrea poemari. Porrotik barkaezinenari itzurtzeko, bi meritu zalantzagaberen bozeramale bilakatu behar nuen: perfekzio formala eta zehaztasun zientifikoa, hain zuzen, «ezen tropo, irudi, edergailuzko lorebaratze naharo horrek ez baitu onartzen egia zorrotzak baiezten ez duen xehetasun bat bakarrik ere». Gero gaineratu zuen Beatrizek beti laket izan zuela Alvaroren konpainia.

        Baietza eman nion, eta nola. Egia-itxura handiagoa emateko, esan nion ez nintzela astelehenean mintzatuko Alvarorekin, ostegunean baizik: Idazleen Klubaren bilkura oro koroatu ohi duen afari koxkorrean. (Ez da halako afaririk, baina ukaezina da bilkurak ostegunez izaten direla; Carlos Argentino Daneri-k egunkarietan konproba zezakeen hori, eta esaldiak nolabaiteko sinesgarritasuna zuen hala.) Erdi azti erdi maltzur agertu nintzaion: hitzaurrearen kontua atera aurretik, obraren egitasmo harrigarria deskribatuko nuen. Despeditu ginen; Bernardo de Irigoyen-eko kalekantoia itzuli orduko, inpartzialtasun osoz eman nien aurpegi aurrean nituen etorkizunei: a) Alvarorekin hitz egin, eta esatea Beatrizen harako lehengusu propio hark (azalpenak beharturiko eufemismo horrek aukera emango zidan Beatrizen izena aipatzeko) luze ondua zuela kakofoniaren eta kaosaren posibilitateak infinituraino zabaltzeko gauza zirudien poema bat; b) ez hitz egitea Alvarorekin. Ernea izaki, argi aurreikusi nuen nire axolagabetasunak b hautatuko zuela.

        Ostiral goiz-goizetik, telefonoaz artegatzen hasi nintzen. Neure onetik ateratzen ninduen pentsatzeak tresna hori, noizbait Beatrizen ahots berreskuraezina sorrarazi zuen bera, Carlos Argentino Daneri haren iruzur-kexu alfer eta apika suminduak jasotzeraino makur zitekeela. Zorionez, ez zen ezer gertatu —salbu eta halako egiteko delikatua nire gain jarri eta gero hala ahazten ninduen gizon hark piztu zidan arrangura ekidinezina.

        Telefonoak bere izuak galdu zituen; urriaren azken aldera, ordea, Carlos Argentinok hitz egin zidan. Asaldaturik zegoen oso; ez nuen ahotsa ezagutu, hasieran. Tristura eta haserre biziz murduskatu zuen Zunino eta Zungri jadanik mugarik gabeok, beren goxotegi neurrizgaineko hura zabaltzeko aitzakian, beraren etxea bota behar zutela.

        — Nire aita-amen etxea, nire etxea, Garay kaleko etxe xahar betieredanikoa! —errepikatu zuen, apika doinuan bere oinazea ahantziz.

        Ez zitzaidan oso zail gertatu haren bihotzminaren partaide egitea. Behin berrogei urteetatik gora, aldaketa oro denboraren iragatearen sinbolo gorrotagarria da; etxe horrek, gainera, Beatrizen oroitzapenak zekarzkidan infinituki. Ñabardura hain delikatu hori argitu nahi izan nuen; nire solaskideak ez ninduen entzun. Zunino eta Zungri beren asmo zentzugabe hartan setatzen baziren (esan zuen), Zunni doktoreak, beraren abokatuak, ipso facto auzibideratuko zituen kalte eta galerengatik, eta ehun mila nacional ordainaraziko zien.

        Zunni-ren izen ospetsuak miretsirik utzi ninduen; Caseros eta Tacuarí-n duen bulegoak ongi merezitako fama du, bere seriotasunagatik. Itaundu nuen ea bere gain hartua zuen ordurako kasua. Daneri-k esan zuen arratsalde hartan bertan elkarrizketatzekoa zela. Zalantza baten ondoren, barren-barreneko kezka bat inori aitortzean erabili ohi dugun ahots lau, inpertsonal horrez, esan zidan poema amaitzeko ezinbestekoa zuela etxea, zeren sotoko bazter batean Aleph bat baitzegoen. Aleph bat puntuak oro beren baitan dauzkaten espazioko puntuetariko bat dela argitu zuen.

        — Jangelaren azpiko sotoan da —azaldu zuen, mintzaera larridurak arindurik—. Nirea da, nirea; nik aurkitu nuen haurtzaroan, eskolarako adinera baino lehen. Sotoko eskailera txorrotxa da, osaba-izebek galarazia zidaten jaistea, baina norbaitek esan zuen sotoan mundu bat zegoela. Kutxa bati buruz ari zen, gero jakin nuenez, baina nik mundu bat zegoela ulertu nuen. Isilka jaitsi nintzen, eskailera debekatuan itzulikatu nintzen, eta amildu. Begiak ixtean, Aleph-a ikusi nuen.

        — Aleph-a? —errepikatu nuen.

        — Bai, leku hura non ludi osoko leku guztiak baitaude, nahasteke, angelu guztietatik ikusirik. Inori ez nion azaldu nire aurkikuntza hura, baina laster itzuli nintzen. Haurtxoak ezin uler zezakeen noski halako dohain-opari bikaina egokitzea berari, gizon helduak gero poema zizelka zezan! Ez naute lauskituko Zunino eta Zangri-k; ez, eta mila bider ez. Kodea eskuan, Zunni doktoreak nire Aleph-a ajenaezina dela frogatuko du.

        Arrazoitzen saiatu nintzen.

        — Baina ez al da oso iluna sotoa?

        — Egia ezin barneratu adimen egoskorrean. Lurreko leku guztiak badaude Aleph-ean, hantxe egongo dira argi guztiak, argigailu guztiak, argi-iturri guztiak.

        — Oraintxe bertan joango naiz ikustera.

        Moztu nuen, debekurik jaulkitzeko betarik eman gabe. Aski ohi da zerbaitetaz jabetzea, kolpetik haren baieztagarri sorta bat atzemateko, ordura arte susmorik ere ez izan arren; harrigarri zitzaidan une hartara arte ez ulertu izana Carlos Argentino eroa zela. Viterbotar guztiok, bestetik... Beatriz (nik neuk errepikatu ohi dut hori) argitasun ia gupidagabeko emakume bat, neskato bat zen, baina bazen harengan arreta-galtze, sorraldi, destaina, zinezko krudelkeriarik, apika azalpen patologiko bat eskatzen zuenik. Carlos Argentinoren eromenak poztasun maltzurrez bete ninduen; barren-barrenean, elkar ezin ikusia zegoen gure artean betidanik.

        Garay kalean, mesedez itxaron nezala esan zidan neskameak. Mutikoa sotoan omen zegoen, beti bezala, argazkiak errebelatzen. Lore bakarrik ere gabeko txarroaren ondoan, alferrikako pianoaren gainean, irribarrez zegoen (anakroniko bainoago denboragabe) Beatrizen erretratu handia, kolore baldarrez egina. Inork ezin gintuen ikusi; bihotz-samurtasunak etsipeneraino jota, erretratura hurbildu eta esan nion:

        — Beatriz, Beatriz Elena, Beatriz Elena Viterbo, Beatriz maitea, Beatriz betiko galdua, ni naiz, Borges naiz.

        Handik pixka batera sartu zen Carlos. Lehor mintzatu zen; konturatu nintzen ez zela gai beste pentsamenturik izateko, Aleph-aren galbidearena besterik.

        — Sasikoñaketik kopatxo bat —agindu zuen— eta txorrotxean sartuko zara sotoan. Badakizu, bizkar-dekubitoa derrigorrezkoa da. Orobat iluntasuna, gelditasuna, begi-jarrera jakin bat. Lauzazko zoru gainean etzan, eta, han baita eskailera bat, harexen hemeretzigarren mailan finkatzen dituzu begiak. Nik alde egiten dut, ateordea itxi, eta bakarrik geratzen zara. Marruskari batek beldurra sartzen dizu; ez da lan zaila! Handik minutu gutxira Aleph-a ikusiko duzu. Alkimista eta kabalisten mikrokosmoa, adiskideetan adiskide zehatza, multum in parvo gurea!

        Jadanik jangelan, gaineratu zuen:

        — Hala ere, ikusten ez baduzu, zure gaitasun-ezak ez du noski nire testigantza baliogabetzen... Jaitsi; aurki bai aurki Beatrizen irudi guztiekin elkarrizketan hasteko aukera izango duzu.

        Bizkor jaitsi nintzen, jardun hutsalez ok eginik. Sotoak, ozta-ozta eskailera baino zabalagoa, putzu itxura ez gutxi zuen. Carlos Argentinok aipatu zidan kutxa bilatu nuen begiradarekin, alferrik. Botilaz beteriko kaxa handi batzuk eta lonazko poltsa batzuk trakesten zuten zoko bat. Carlosek, poltsa bat hartu, tolestu, eta toki zehatz batean ezarri zuen.

        — Burkoa xumeantza da —azaldu zuen—, baina zentimetro bakar bat altxatzen badut, ez duzu fitsik ere ikusiko eta lotsaturik eta aztoraturik geldituko zara. Luze-zabal ezazu gorputz puska hori zoru gainean eta zenbatu hemeretzi maila.

        Bete nituen eskakizun barregarriok; azkenean alde egin zuen. Kontu handiz itxi zuen ateordea; iluntasunari, gero bereizi nuen zirritu bat gora-behera, erabatekoa iritzi nion tenore hartan. Bet-betan konturatu nintzen arrisku gertuaz: han netzan, ero batek lurpera emanik, pozoi bat harrarazi ondoren. Carlosen erronka-eupadek garbi adierazten zuten nik miraria ez ikusteko hark zuen beldur barren-barrenekoa; Carlosek, bere eldarnioa defendatzeko, ez jabetzeko burutik eginda zegoela, hil egin behar ninduen. Ondoez lauso bat sentitu nuen, eta zurruntasunari egozten saiatu nintzen, eta ez narkotiko baten eraginari. Begiak itxi nituen; ireki, eta hara hantxe Aleph-a.

        Iritsia naiz, hona, nire kontakizunaren muin erranezinera; hemen hasten da nire idazle-etsipena. Hizkuntza oro sinbolo-alfabeto bat da eta, baliagarri izan dadin, ezinbestekoa da solaskideentzat amankomuna den iragan bat; nola eman aditzera besteei Aleph infinitua, nire oroimen ikaratiak ozta-ozta hartzen baitu bere baitan? Mistikoek, jite bertsuko kinkan, enblemak darabiltza oparo: dibinitatearen adierazgarri, nolabait txori guztiak den txori bat aipatzen du pertsiar batek; Insulis-eko Alanusek, berriz, esfera bat, zeinean erdigunea leku guztietan den eta zirkunferentzia inon ez; Ezekielek, lau aurpegiko aingeru bat, Sortaldera eta Sartaldera, Iparraldera eta Hegoaldera, aldi berean doana. (Ez ditut alferrik gogora ekartzen analogia irudikagaitzok; badute zerikusirik Aleph-arekin.) Apika jainkoek ez lidakete ukatuko horien pareko irudi baten aurkikuntza, baina berri-emate hau literaturaz, faltsutasunez kutsaturik geratuko litzateke horrenbestez. Edozein modutan, arazo nagusiaren korapiloa askaezina da: multzo infinitu baten enumerazioa, are soilik haren zati batena. Lipar erraldoi horretan, milioika egintza ikusi ditut, atsegin nahiz lazgarri; horiek guztiak baino txundigarriagoa zen, ordea, denak ere puntu berean gertatzea, irudien gainezarpenik ez gardentasunik gabe. Nire begiek ikusi zutena aldiberekoa izan zen: paperera aldatuko dudana, berriz, hurrenez hurrenekoa, hizkuntza hala delako. Zerbait, halaz guztiz, bilduko dut.

        Mailaren behereneko partean, eskuin aldera, dirdir-isla zuen esfera koxkor bat ikusi nuen, nekez jasan zitekeen distira zeriona. Hasieran jirakaria zela pentsatu nuen; gero konturatu nintzen esferak bere baitan zeuzkan ikuskizun zorabiagarriek sorturiko irudikeria zela mugimendu hura. Aleph-aren diametroa bi edo hiru zentimetrokoa izango zen, baina espazio kosmikoa hantxe zegoen, bere tamaina ezertan gutxitu gabe. Gauza bakoitza (ispilu-azala, demagun) infinitu gauza zen, zeren nik garbi ikusten bainuen hura unibertsoko puntu guztietatik. Ikusi nuen itsaso naharoa; ikusi nuen goiznabar eta arratsaldea; ikusi nituen Amerikako jendetzak; ikusi nuen zilarrezko amaraun bat piramide beltz baten erdigunean; ikusi nuen labirinto hautsi bat (Londres zen); ikusi nituen ezin konta ahal begiak, ondoz-ondo, azkenik gabe, nigan ispilu batean bezala beren buruei so; ikusi nituen planetako ispilu guztiak eta batek ere ez ninduen islatu; ikusi nituen, Soler kaleko patiostean, duela hogeita hamar urte Fray Bentos-eko etxe bateko bebarruan ikusitako zoru-lauza berak; ikusi nuen mahats-mordorik, elurrik, tabakorik, metal-zerrorik, ur-lurrunik; ikusi nuen ekuatorealdeko basamortu konbexurik eta haietako hondar ale bakoitza; ikusi nuen, Inverness-en, ahaztuko ez dudan emakume bat; ikusi nuen adats odolbizia, gorputz harroa; ikusi nuen minbizi bat bularrean; ikusi nuen lur lehorreko zirkulu bat espaloi batean, lehenago arbola bat egon zen lekuan; ikusi nuen Adrogué-ko landetxe bat; Plinioren lehenbiziko ingeles bertsioaren, Philemon Holland-enaren, ale bat; ikusi nuen aldi berean orrialde bakoitzeko letra bakoitza (txikitan, miragarria iruditzen zitzaidan itxitako liburu bateko letrak beren artean ez nahastea eta gauaren joanean ez galtzea); ikusi nuen gaua eta egun aldikidea; ikusi nuen Querétaro-ko ilunabar bat, Bengalako arrosa baten kolorea islatzen zuela zirudiena; nire logela ikusi nuen eta inor ez bertan; ikusi nuen Alkmaar-eko salatxo batean lurbira-esfera bat, hura azkenik gabe biderkatzen duten bi ispiluren artean; ikusi nituen zurda-ileak nahasirik zeuzkaten zaldi batzuk, Kaspio Itsasoko hondartza batean, goiznabarrean; ikusi nuen esku baten hezurdura; ikusi nituen gudu batetik bizirik irten zirenak, posta-txartelak bidaltzen; ikusi nuen Mirzapur-eko erakustoki batean espainiar karta-pilo bat; ikusi nituen iratze batzuen itzal zeharkakoak negutegi bateko zoruan; ikusi nuen tigrerik, enbolorik, bisonterik, itsaskirik eta gudarosterik; ikusi nituen lurrean diren inurri guztiak; ikusi nuen Pertsiako astrolabio bat; ikusi nuen, idazmahaiko kaxoi batean (eta letrak dardaraz jarri ninduen), Beatrizek Carlos Argentinori zuzendutako gutun lizun, sinestezin, zehatzik; ikusi nuen oroitarri kuttun bat Chacarita-ko kanposantuan; ikusi nuen bizitan Beatriz Viterbo izan zen zer haren erlikia lazgarria; ikusi nuen neure odol ilunaren ibilia; ikusi nuen maitasunaren engranajea eta heriotzaren mudantza; ikusi nuen Aleph-a puntu guztietatik; ikusi nuen Aleph-ean lurra, eta lurrean berriro Aleph-a eta Aleph-ean lurra; ikusi nuen neure aurpegia, neure erraiak; ikusi nuen zure aurpegia eta zorabioa sentitu nuen eta negar egin nuen, zeren nire begiek ikusia baitzuten asmabidez baizik iristerik ez dugun zer ezkutu hori, zeinaren izena gizonek bidegabeki aipatzen baitute, baina ezein gizonek ez baitio so egin: unibertsoa, irudikaezina baita.

        Benerazio infinitua sentitu nuen, lastima infinitua.

        — Burutik egingo zitzaizun honezkero, inork sarrerarik eman ez dizun lekuan hainbeste kuxkuxeatuta —esan zuen ahots gorrotatu bezain jostari batek—. Alferrik nekatuko duzu burua, mende batean ere ez didazu ordainduko errebelazio hau. Halako behatoki bikainik, che, Borges!

        Carlos Argentinoren zapatak goreneko mailan ageri ziren. Erditzal tupustekoan, doi asmatu nuen jaiki eta hitzok murduskatzen:

        — Bikaina. Bai, bikaina.

        Neure ahotsaren soraiotasunak harritu ninduen. Egon ezinez, Carlos Argentinok bereari segitzen zion:

        — Dena ongi ikusi duzu, koloretan?

        Une hartantxe bururatu zitzaidan mendekua. Onbera, nabarmen errukiturik, urduri, itzurkor, bere sotoan ostatu eman izana eskertu nion Carlos Argentino Daneri-ri, eta arren eta arren egin nion profita zezala etxea bota beharrak ematen zion aukera, gaizpidea baizik ez zekarren eta inor ere —inortxo ere, gero!— barkatzen ez zuen hiritzar hartatik alde egiteko. Garbi utzi nion, irmotasun otxanez, ez nengoela prest Aleph-az ezbaian jarduteko; azken agurrarekin, besarkatu, eta errepikatu nion landako eguratsa eta patxada mediku bikainak direla.

        Kalean, Constitución-eko eskaileretan, metroan, ezagunak iruditu zitzaizkidan aurpegi guztiak. Ikara sentitu nuen pentsaturik ez zela geratuko txundi nintzakeen gauzarik; ikara, ez ninduela sekula utziko itzultzearen inpresioak. Zorionez, lorik gabeko gau batzuen buruan, bere lana egin zuen berriro nigan ahanzturak.

 

 

        1943ko martxoaren leheneko posdata. Garay kaleko etxe-multzoa bota eta handik sei hilabetera, Procusto Argitaletxea ez zen kikildu poema ez nolanahiko haren luzeraren aurrean, eta «argentinar zati» sorta aukeratu bat merkaturatu zuen. Alferrik errepikatuko dut orduan gertatua; Carlos Argentino Daneri-k Bigarren Literatur Sari Nazionala jaso zuen [2]. Lehenbizikoa Aita doktoreari eman zioten; hirugarrena Mario Bonfanti doktoreari; sinesgaitza bada ere, Jokalari maltzurraren kartak izenburuko nire obrak ez zuen boto bakarrik ere lortu. Behin berriro ere, ezulertua eta bekaizkoa garaile! Aspaldi luzea da Daneri ikusterik izan ez dudala; egunkariek diotenez aurki emango digu beste liburuki bat. Haren luma, hain adur oneko luma hori (Aleph-ak ez baitio gehiago eragozten) Acevedo Díaz doktorearen epitomeak neurtitzetan ematera eskainirik dago buru-belarri.

        Bi ohartxo gaineratu nahi ditut: bata, Aleph-aren izateaz; bestea, haren izenaz. Izena, gauza jakina denez, hizkuntza sakratuko lehenbiziko letrarena da. Nire historiako diskoari izen hori egoztea ez bide da halabehar hutsa. Kabalarentzat, letra horrek En Soph delakoa adierazten du, dibinitate mugagabe, puru-purua; esan izan da, halaber, zerua eta lurra seinalatzen dituen gizon baten itxura duela, aditzera eman nahirik beheko mundua goikoaren ispilua dela, eta haren mapa; Mengenlehre delakoarentzat, zenbaki transfinituen sinboloa da, osotasuna beren zatiren bat baino handiagoa ez den zenbakiena, alegia. Nahi nuke jakin: Carlos Argentinok aukeratu egin zuen izen hori, ala bere etxeko Aleph-ak errebelatu zizkion ezin konta ahal testuetakoren batean irakurri ote zuen, puntu guztiek bat egiten duten beste puntu bat izendatzeko erabilia? Zeinahi ere den sinesgaitza, nik sinesten dut badela (edo izan zela) beste Aleph bat, nik sinesten dut Garay kaleko Aleph-a Aleph faltsu bat zela.

        Hona nire arrazoiak. 1867 aldera Burton kapitainak britaniar kontsularen karguan jardun zuen Brasilen; 1942ko uztailean Pedro Henríquez Ureña-k Santos-eko liburutegi batean haren eskuizkribu bat aurkitu zuen; idatzi horren gaia ispilu bat da, eta haren jabea, Sortaldeko tradizioaren arabera, Iskandar Zu al-Karnayn, Alexandro Adarbikoitz Mazedoniakoarena, alegia. Haren kristalean unibertso osoa islatzen zen. Burton-ek eite bereko beste artifizio batzuk ere aipatzen ditu —Kai Josru-ren kopa zazpikoitza, Tarik Benzeyad-ek dorre batean aurkitu zuen ispilua (Mila eta bat gau, 272), Luziano Samosatakoak ilargian aztertu ahal izan zuen ispilua (Historia Egiazkoa, I, 26), Capella-ren Satyriconaren lehen liburuaren arabera Jupiterrek zerabilen ispilu-lantza, Merlin-en ispilu unibertsala, «biribila eta hutsa eta beirazko mundu baten antzekoa» (The Faerie Queene, III, 2, 19)— eta hitz bitxiok gaineratzen ditu: «Baina aurreko horiek (ez existitzearen akatsaz gainera) optika-tresnak dira soilik. Kairo-n, Amr-eko mezkitara biltzen diren sinestunek ondotxo dakite erdiko patioa inguratzen duten harrizko zutabeetako baten barruan dagoela unibertsoa... Inork ezin du, jakina, ikusi; baina belarria haren azalera hurbiltzen dutenek, haren zurrumurru egitekotsua sumatzen omen dute aurki... VII. mendean eraikia da mezkita; zutabeetarako islam-aurreko erlijioetako tenpluetakoak baliatu dira, ezen, Abenjaldun-ek idatzi duenez: «Nomadek sorturiko errepubliketan, arrotzen eskuhartzea ezinbestekoa da noski hormagintza kontuan».

        Ba ote da, izan, harri baten barren-barreneko Aleph hori? Ikusi ote dut gauza guztiak ikusi ditudanean, eta gero ahantzi? Porotsua dugu gogoa ahanzturarekiko; ni neu ere faltsatuz eta galduz noa, urteen higadura lazgarriaren mende, Beatrizen hazpegiak.

 

Estela Canto-ri.

 

        [1] Gogoan ditut, hala ere, poeta txarrak gogor zigortzeko erabili zituen ziri-bertsoetako lerrook:

                Urliak poemari damaio iskildura

                Jakituriazkoa; Sandiak hitz-farfaila.

                Alferrik eraginki barregarri hegala...

                Beharrena gal dute, ai, EDERTASUN gura!

                Bere kontrako etsai-oste gupidagabe eta boteretsu bat sortzeko beldurrak baizik ez zion (esan zidan) poema hori besterik gabe argitaratzeko idea burutik kendu.

        [2] «Jaso dut zure zorionagur penatua», idatzi zidan. «Purrust dagizu, ene adiskide deitoragarria, ondamuz, baina aitortuko duzu —itotzerainoko amorruz bada ere!— oraingo honetan lumarik gorrienaz koroatu ahal izan dudala neure boneta, errubirik kalifaenaz neure turbantea.»

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia