Emma Zunz

 

        1922ko urtarrilaren 14an, Emma Zunz-ek, Tarbuch eta Loewenthal ehungintza-lantegitik itzultzean, gutun bat aurkitu zuen bebarruaren sakon-sakonean, Brasilgo data zekarrena, eta haren bitartez jaso zuen aitaren heriotzaren berria. Lehen begiratuan, zigiluak eta kartazalak engainatu zuten; gero, letra ezezagunak kezkatu. Bederatzi-hamar lerro zirriborratuk bete nahi zuten orria; Emmak irakurri zuen nola Maier jauna, veronal dosi gogor bat nahi gabe irentsirik, Bagé-ko ospitalean zendu zen hil honen 3an. Aitaren pentsio-lagun batek sinaturik zetorren berria, Fein edo Fain delako bat, Rio Grande-koa; ezin jakin zezakeen noski hildakoaren alabari ari zitzaiola.

        Emmak papera lurrera erortzen utzi zuen. Hasierako inpresioa sabeleko eta belaunetako ondoezarena izan zuen; gero erru itsuarena, irrealtasunarena, hotzarena, beldurrarena; gero, jadanik hurrengo egunean egon balitz desiratu zuen. Berehala konturatu zen nahikunde hori alferrikakoa zela, zeren aitaren heriotza baitzen munduan inoiz gertatu zen eta azkenik gabe gertatzen jarraituko zuen gauza bakarra. Papera jaso eta bere gelara joan zen. Ezkutuka, tiradera batean gorde zuen, nolabait handik aurrerako gertakariak jadanik ezagutuko bailituen. Zetorrenari tankera ematen hasia zen jadanik, apika; jadanik bazen gero izango zena.

        Iluntasun gero eta handiagoan negarka, egun haren azkenera arte gogoetatu zuen Emmak Manuel Maier-en, antzinako egun zoriontsuetan Emanuel Zuntz izan zenaren, suizidioa. Gogoratu zuen landa-soro batean, Gualeguay-tik hurbil, pasatutako udaldirik; gogoratu zuen (gogoratzen saiatu zen) bere ama; gogoratu zuen Lanús-eko etxetxoa, nola errematean kendu zieten; gogoratu zituen leiho bateko losange horiak; gogoratu zuen kartzelaratze-epaia, jasan zuten laidoa; gogoratu zituen anonimoak, eta haien barruan nola zekarren egunkariko berri-atalak «diruzainaren defalkua»; gogoratu zuen (hori ez zuen, ordea, inoiz ahazten) aitak, azken gauean, zin egin ziola Loewenthal zela lapurra. Loewenthal, Aarón Loewenthal, lehenago lantegiko gerente izana eta orain jabeetako bat. Emmak, 1916tik, isilpean gordetzen zuen sekretua. Ez zion inori azaldu, ezta bere lagunik onenari ere, Elsa Urstein-i. Ez zion, beharbada, aurre egin nahi ezjakitunen sinesgogortasunari; beharbada, iruditzen zitzaion aita joanaren eta bien arteko lokarri bat zela sekretua. Loewenthal-ek ez zekien jakinaren gainean zegoenik; Emma Zunz, huskeria badirudi ere, boteretsu sentitzen zen horrenbestez.

        Ez zuen gau hartan lorik egin, eta lehen argiak leihoaren laukia zehaztu zuenerako, azkeneraino pentsatua zuen plana. Saiatu zen egun hura, amaigabea gertatu bazitzaion ere, besteak bezalakoa izan zedin. Greba zurrumurruak zebiltzan lantegian; Emma, beti bezala, bortizkeria ororen kontra agertu zen. Seietan, lana bukaturik, gimnasio eta igerilekua duen emakume-klub batera joan zen Elsarekin. Sarrera-orria betetzerakoan, errepikatu eta letraz letra eman behar izan zituen izen-deiturak; ikuskaketaren inguruan egin ohi diren broma gordinei jaramon egin behar izan zien. Igande arratsaldean zein zinematara joango ziren eztabaidatu zuen Elsarekin eta Kronfuss-tarretako gazteenarekin. Gero, senargaiez hizketan hasi ziren, eta ez zen espero izatekoa Emmak hitz egiterik. Apirilean hemeretzi urte beteko zituen, baina gizonek beldur ia patologikoa sortzen zioten oraindik... Etxera itzulirik, tapioka zopa bat eta lekari batzuk prestatu zituen; goiz afaldu, oheratu, eta lo egitera behartu zuen bere burua. Hala joan zen, egitekoz bete bezain apartekorik gabe, ostiral 15a, bezpera.

        Larunbatean, egonezinak iratzarri zuen. Egonezinak, ez urduritasunak, eta, orobat, azkenean egun hartara iritsi izanaren lasaitasun bereziak. Ez zuen gehiago irazkitzen eta imajinatzen ibili beharrik; handik ordu batzuetara egintzen besterikgabetasuna erdietsiko zuen. La Prensan irakurri zuen Malmö-ko Nordstjärnan ontzia gau hartan abiatuko zela, 3 zenbakiko nasatik; Loewenthal-i telefonoz hots egin eta iradoki zion grebari buruzko zerbait esateko zeukala, eta ez zuela nahi lagunek jakiterik, eta hitz eman zion idazgelatik pasatuko zela, iluntze aldera. Dardarez zeukan ahotsa; egoki ematen zuen dardarak salatari batengan. Beste ezer gogoangarririk ez zen gertatu goiz hartan. Emmak hamabiak arte lan egin zuen eta igandeko pasealdiaren xehetasunak finkatu zituen Elsarekin eta Perla Kronfuss-ekin. Bazkal ondoren oheratu eta, begiak itxirik, irazkitua zuen planaren gorabeherak errepasatu zituen. Pentsatu zuen azken egitaldia ez zela izango lehenbizikoa bezain latza, eta aukera emango ziola, dudarik gabe, garaipenaren eta justiziaren zaporea dastatzeko. Bat-batean, ordea, larriak harturik jaiki, eta komodako tiraderara lehiatu zen lasterka. Ireki, eta, Milton Sills-en erretratuaren azpian, bi gau lehenago utzia zuen lekuan, hantxe zegoen Fain-en gutuna. Inork ezin izango zuen ikusi; irakurtzen hasi eta hautsi egin zuen.

        Arratsalde hartako gertakariak kontatzea zaila litzateke, eta akaso zentzurik gabea. Infernuko gauzen ezaugarrietako bat irrealtasuna da, eta ezaugarri horrek, itxura batean haren izuak ematzen baditu ere, larriagotu egiten ditu apika. Nola eman egiaren antza hura burutu duenak ia-ia sinetsi ez duen ekintza bati, nola berreskuratu dagoeneko Emma Zunz-en oroimenak arbuiatu eta nahasten duen kaos labur hori? Emma Almagro aldean bizi zen, Liniers kalean; ziur dakigu arratsalde hartan portura joan zela. Uztaileko Pasealeku zorigalduan bere burua ispiluek biderkatua, argiek agerkatua eta begi goseek biluztua ikusi zuen beharbada, baina zentzuzkoagoa da noski pentsatzea hasieran noraezean ibili zela, inork arretarik jartzeke, oilandazoka antsikagabean... Bizpahiru tabernatan sartu zen, eta beste emakume batzuen errutina edo trikimailuei erreparatu. Nordstjärnaneko gizonak topatu zituen azkenean. Batek, oso gaztea baitzen, bihotzondorik sorraraziko ote zion beldurrez, beste bat hautatu zuen, apika bera baino baxuagoa eta trauskila, egitera zihoan izugarrikeriak inolako aringarririk izan ez zezan. Gizonak ate bateraino eraman zuen eta gero susmo txarreko bebarru batera eta gero eskailera bihurri batera eta gero sarrera-gela batera (zeinean beiradura bat baitzegoen, Lanús-eko etxekoen losange berdin-berdinak zituena) eta gero pasilu batera eta gero berehala itxi zen ate batera. Gertakari larriak denboratik at daude, dela haietan iragan hurbila etorkizunetik zatitua irudi geratzen delako, dela haiek osatzen dituzten parteek ez diruditelako bata bestearen segidakoak.

        Denboratik ateko denbora hartan, loturarik gabeko sentsazio lazgarriz beteriko nahasmen noraezeko hartan, pentsatu ote zuen Emma Zunz-ek, behin bakarrik, sakrifizioaren zioa zen harengan, hildakoarengan? Nirekiko daukat behin pentsatu zuela, eta une hartan kolokan egon zela haren asmo zuhurgabea. Pentsatu zuen (ez da pentsatzekoa hori ez pentsatu izana) bere aitak egina ziola lehenago amari orain berari egiten ari zitzaizkion gauza higuingarri hura bera. Halako harridura motel batez hori pentsatu, eta gero, berehala, zorabioan babestu zen. Gizonak, suediar edo finlandiarra baitzen, ez zekien espainieraz; tresna bat izan zen Emmarentzat, Emma harentzat izan zen bezala; gozamenerako tresna neska, eta gizona, berriz, justiziarakoa.

        Bakarrik gelditu zenean, Emmak ez zituen begiak berehala ireki. Ohe ondoko mahaitxoan, gizonak utzitako dirua zegoen: Emmak, ohean tentetu eta dirua puskatan eman zuen, lehenago gutuna puskatu zuen bezala. Dirua puskatzea jainkogabekeria da, ogia botatzea bezala; Emma damutu egin zen, hautsi orduko. Soberbiazko egintza nabarmena; noiz, eta egun hartan... Beldurra gorputzaren tristuran galdu zen, higuinean. Higuinak eta tristurak kateaturik zeukaten, baina Emma astiro-astiro jaiki eta janzten hasi zen. Gelan ez zen gelditzen kolore bizirik; hondarreko ilunabarra larriagotuz zihoan. Emmak inork beregan erreparatu gabe irteteko modua izan zuen; izkinan Lacroze batera igo zen; mendebalera zihoan. Bere planarekiko zintzo, aurreneko eserlekua aukeratu zuen, aurpegia ikus ez ziezaioten. Akaso adoreberrituko zen ikusirik, kaleetako zarramarra zaporegabean, gertatutakoak ez zituela gauzak kutsatu. Auzo gero eta apalago, opakoetan barrena bidaiatu zen, ikusi eta bertan ahazturik guztiak, eta Warnes-eko kale-aho batean jaitsi zen. Paradoxikoki, sentitzen zuen nekea indar bilakatzen zitzaion, ezen abenturaren xehetasunetan kontzentratzera behartzen zuen, eta azken funtsa eta jomuga ezkutatzen zizkion.

        Aarón Loewenthal, jende guztiarentzat, gizon serioa zen; beraren lagun min bakanentzat, zeken hutsa. Lantegiko goi solairuetan bizi zen, bakarrik. Hiribazter biluz-baldarrean finkaturik, lapurren beldur zen; lantegiko patioan zakur tzar bat zeukan eta idazmahaiko tiraderan, mundu guztiak zekien, errebolber bat. Dolu gisatsuz deitoratua zuen, aurreko urtean, bere andrearen heriotza ustekabekoa —Gauss-tar bat, dote ederra ekarri ziona!—, baina dirua zuen benetako maitegrina. Konturatuta zegoen, ordea —eta hori lotsabide zitzaion, txit, bere baitan—, trebeagoa zela, dirua irabazten baino, hari eusten. Erlijiozalea zen, oso; itun berezi bat egina zuen Jaunarekin bere ustetan, zuzen jokatzeko agindua betetzeko obligaziotik libre uzten zuena, otoitz eta jaiera truke. Burusoil, gorpuzkera sendokoa, doluz jantzia, kelausoturiko kebedoak sudurgainean, ilehoria bizarra, hantxe zegoen, leiho ondoan zutik, Zunz behargin neskaren isilberrien zain.

        Han ikusi zuen burdinlanga bultzatzen (berariaz utzia zuen berak ixteke) eta patio itzala zeharkatzen. Han ikusi zuen itzulinguru txiki bat egiten, zakur lotuak zaunka egin zuenean. Emmaren ezpainek ahots isilez errezatzen duenarenek bezala ziharduten; nekaturik, Loewenthal jaunak hil aurretik entzungo zuen epaia errepikatzen zuten.

        Gauzak ez ziren gertatu Emma Zunz-ek aldez aurretik pentsatu bezala. Aurreko goizaldetik, askotan ikusia zuen bere burua, ametsetan: errebolber irmoa harengana zuzendu, eta bihotz-zeken hura bere erru zekena aitortzera behartzen zuen, garbi utziz Jainkoaren Justiziari giza justiziaren gainetik gailendu zedin baliatu zela jukutria bipil hartaz. (Ez beldurrez, Justiziaren bitarteko bat zelako baizik, Emmak ez zuen nahi bera zigor zezaten.) Gero, bala bakar bat bularrean erdiz erdi, Loewenthal-en paraderoari errubrika jarriz. Baina gauzak ez ziren hala gertatu.

        Aarón Loewenthal-en aurrean, bere aita mendekatzeko premia baino areago, hura zela-eta pairatu behar izan zuen laidoa ordainaraztekoa sentitu zuen Emmak. Ezin ziezaiokeen bizitzarik barka, desohore zehatz-mehatz haren ondoren. Betarik ere ez zuen noski antzezkerietan alferrik galtzeko. Eseririk, herabe, Loewenthal-en aurrean desenkusaturik, leialtasun-legea aipatu zuen (salatari zen ber) bere jokabidearen zuribide, izen batzuk eman zituen, beste batzuk iradoki, eta gero bat-batean moztu, beldurra nagusiturik irudi. Loewenthal kopa bat ur ekartzera irten zedin lortu zuen. Nagusia, neskaren espantuekiko sinesgogor, baina hala ere barkabera, jangelatik itzuli zenerako, Emmak jadanik aterea zuen tiraderatik errebolber astuna. Birritan sakatu zuen. Gorputz puska lurrera amildu zen, zartatekoek eta keak hautsi balute bezala; ur basoa kraskatu zen; aurpegiak harridura eta suminez begiratu zion neskari; aurpegiko ahoak irainka ekin zion espainieraz eta yiddishez. Hitz zatarrek ez zuten atertzen; Emmak tiro egin behar izan zuen ostera. Patioan, zakur kateatua zaunkan hasi zen, eta tupusteko odol jario bat isuri zen ezpain lizunetatik eta bizarra eta arropa zikindu. Emmak ekin egin zion prestaturik zeukan egozpenari («Aita mendekatu dut eta ezin izango naute zigortu...»), baina ez zuen bukatu, zeren Loewenthal jauna hilik baitzegoen jadanik. Ez zuen sekula jakin ulertzera iritsi ote zen.

        Eten beharreko zaunkek gogorarazi zioten ezin zuela, artean ere, atsedenik hartu. Dibana nahastu, gorpuaren jaka askatu, kebedo zipristinduak kendu, eta fixategiaren gainean utzi zituen. Gero, telefonoa hartu eta hitz horiekin nahiz besterekin hainbestetan errepikatuko zuena errepikatu zuen: «Sinestezina den gauza gertatu da... Loewenthal jaunak grebaren aitzakiaz etorrarazi nau... Nitaz abusatu nahi izan du; hil egin dut...».

        Historia, izan ere, sinestezina zen, baina denek sinetsi zuten, funts-funtsean egia baitzen. Egia zen Emma Zunz-en tonua, egia haren ahalkea, egia gorrotoa. Egia zen, orobat, pairatu zuen laidoa; zertzeladak, ordua eta izen propio bat edo beste ziren soilik faltsuak.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia