Teologoak

 

        Jardina errausturik, kalizak eta aldareak profanaturik, zaldiz sartu ziren hunoak monasterioko liburutegian, eta liburu ulertezinak hautsi eta irainkatu eta erre zituzten, letren estalkian beren jainkoaren aurkako biraorik ote zegoen beldurrez; eta burdinazko zimitarra bat zen haien jainkoa. Sutan erre ziren palimpsestoak eta kodizeak, baina sutearen bihotzean, errauts artean, ia kalterik gabe iraun zuen Civitas Deiaren hamabigarren liburuak, zeinean baitator Platonek Atenasen irakatsi zuela ezen, mendeen buruan, gauza orok bere lehenagoko egoera berreskuratuko duela, eta berak, Atenasen, entzulego beraren aurrean, berriro ere irakatsiko duela dotrina hori. Sugarrek barkatu zuten testu hori bereziki gogoko gertatu zen jendearen begietara, eta eskualde urrun hartan hura irakurri eta berrirakurri zutenek, azkenean, ahantzi zuten hobeki errefusatu ahal izateko baizik ez zuela agertu dotrina hori. Handik mende batera, Aurelianok, Aquileako erretore-laguntzaileak, jakin zuen Danubio ibai ondoan monotonoen (bestelako deituraz anulareak) sekta berri-berriak sinesten zuela historia zirkulu bat dela eta deus ez dela lehenago izan ez denik eta geroago izango ez denik. Mendietan, Gurpilak eta Sugeak kendua zioten bere lekua Gurutzeari. Ikaraz zeuden denak; denen kemenaren indargarri, ordea, zurrumurrua zebilen Juan de Panonia, Jainkoaren zazpigarren atributuari buruzko tratatu bat zela medio ospez gailendu zen jakintsua, prest zegoela halako heresia malapartatua ezestera.

        Aurelianori deitoragarri zitzaizkion berriok, azkena batez ere. Ongi zekien teologia kontuan ez dagoela berrikuntzarik arrisku gaberik; gero gogoeta egin zuen denbora zirkular baten tesia sobera ezberdina zela, sobera harrigarria, arriskua larria izan zedin. (Ortodoxiarekin nahas daitezkeen heresiei izan behar diegu, hain zuzen, beldur.) Areago mindu zuen Juan de Panoniaren esku hartzeak —mutur sartzeak—. Bi urte lehenago, bere De septima affectione Dei sive de aeternitate berbatsu harekin ostu zion Aurelianori hura bereziki aditua zeneko gai bat; orain, denboraren auzia berea balu bezala, prest omen zegoen, apika Procusto-ren argudioz, Sugea baino gaitzagoko erremedioz, anulareen okerrak zuzentzeko... Gau hartan, Aurelianok Plutarco-k orakuluen azkentzeari buruz aspaldian idatzitako elkarrizketaren orriak ikuskatu zituen; hogeita bederatzigarren paragrafoan, eguzki, ilargi, Apolo, Diana eta Poseidon kopuru infinituzko mundu-ziklo infinitu bat aldezten duten estoikoen kontrako iseka bat irakurri zuen. Aurkikuntza hura bere aldeko iragarpentzat jorik, Juan de Panoniari aurrea hartu eta Gurpilaren heretikoak gezurtatzea deliberatu zuen.

        Bada emakume baten maitasuna hartaz ahanzteko bilatzen duenik, hartaz ez gehiago pentsatzeko; Aurelianok, era bertsuan, nahi zuen Juan de Panonia gainditu, hark sorrarazten zion arrangura hartatik sendatzeko, ez hari kalterik egiteko. Lan soilak, silogismogintzak eta irain asmakuntza hutsak, nego eta autem eta nequaquamen erabilerak ematurik, arrangura hura ahazteko modua izan zuen. Luze-zabal korapilaturiko periodo ia askaezinak eraiki zituen, intzisoz trabatuak, zeinetan zabarkeriak eta solezismoak destainaren formak baitziruditen. Kakofonia lanabes bilakatu zuen. Kalkulatu zuen Juanek profeta baten tonu larriz ziplatuko zituela anulareak; harekin bat ez egitearren, laidoa hautatu zuen. Agustinek idatzia zuen jainkogabeak dabiltzaneko labirinto biribiletik salbatzen gaituen bide zuzena dela Jesus; Aurelianok, berriz, arrunkerian ahalegintsu, Ixion-ekin parekatu zituen, Prometeoren gibelarekin, Sisiforekin, bi eguzki ikusi zituen Tebasko errege harekin, hiztoteltasunarekin, loroekin, ispiluekin, oihartzunekin, noriako mandoekin, silogismo adarbikoitzekin. (Jentilen alegiek iraun zirauten, apaingailutara apaldurik.) Liburutegi baten jabe den orok bezala, berea azkeneraino ez ezagutzearen errua zeraman Aurelianok bere baitan; auzi hark bide eman zion ordura arteko arduragabetasuna aurpegiratzen edo zion liburu askorekikoa egiteko. Hala erantsi ahal izan zuen Origenes-en De principiis obraren pasarte bat, zeinean ukatzen baita Judas Iskariotek berriro salduko duela Jauna eta Paulok Jerusalemen Estebanen martirioa berriro ikusi; bai eta Zizeronen Academica priora direlakoetako beste bat, zeinean autoreak burlagai hartzen baititu bera Lukulo-rekin solasean ari den bitartean beste Lukulo eta beste Zizeron batzuk, kopuru infinituan, kopuru infinituko mundu berdinetan, gauza bera esan eta esan ari direla amesten dutenak. Horrez gainera, monotonoen arbuiagarri Plutarko-ren testua erabilirik, agerian utzi zuen zein eskandalagarria zen idolatra bati areago baliatzea lumen naturae soila, haiei Jainkoaren hitza bera baino. Bederatzi egun behar izan zituen lan horretarako; hamargarrenean, Juan de Panoniaren errefusapenaren aldaki bat igorri zioten.

        Ia barregarri izateraino laburra zen; Aurelianok destainaz begiratu zuen, eta gero beldurrez. Lehen parteak Hebrearrei egindako Gutunaren bederatzigarren kapituluaren akaberako bertsetak zituen glosagai, non esaten baita Jesus ez dela munduaren hasieratik hainbat aldiz sakrifikatua izan, orain mendeen burutzapenean behin bakarrik baizik. Bigarrenak, berriz, jentilen errepikapen alferrikakoez Bibliak ematen zuen agindua alegatzen zuen (Mateo 6:7) eta Plinioren zazpigarren liburuko harako pasarte hura, zeinaren arabera ohargarri baita nola ez diren kausitzen mundu zabalean bi aurpegi berdin. Juan de Panoniaren aburuz, berriz, bi arima ere ez, eta bekataririk doilorrena Jesusek harengatik isuri zuen odola bezalako preziatua da. Gizon bakar baten egintzak (zioen) bederatzi zeru kontzentrikoek baino munta handiagoa du, eta arinkeria gaitza da hura galdu eta gero berriz itzul daitekeelako ustean erortzea. Denborak ez du berregiten galtzen duguna; eternitateak loriarako edo eta sutarako gordetzen du. Tratatua garden-gardena zen, unibertsala; ez zirudien pertsona zehatz batek idatzia, edozein gizonek baizik, edo, beharbada, gizon orok.

        Aurelianok umiliazio ia fisikoa sentitu zuen. Burutik pasatu zitzaion bere lana suntsitu edo eraberritzea; gero, prestutasun arranguratsuz, Erromara bidali zuen, hitzik aldatu gabe. Handik hilabeteetara, Pergamoko kontzilioa bildu zenean, monotonoen errakuntzei kontra egiteko kargua hartu zuen teologoa (espero izateko zenez) Juan de Panonia izan zen; haren errefusapen jakituriaz eta zuhurtziaz betea aski izan zen Euforbo heresiarka sutan erretzera kondena zezaten. «Hau dagoeneko gertatu da eta berriz ere gertatuko da —esan zuen Euforbok—. Ez duzue sumeta bat irazekitzen, suzko labirinto bat baizik. Izan naizen su guztiek bat eginen balute, ez lirateke lur osoan kabituko eta aingeruak itsurik geratuko lirateke. Anitz aldiz mintzatu izan naiz honelaxe.» Gero oihu egin zuen, zeren sugarrek heldu baitzioten.

        Erori zen Gurpila Gurutzearen aurrean [1], baina Aureliano eta Juanen isilpeko gudu hura ez zen horrenbestez amaitu. Armada bereko gudari ziren biak, galardoe beraren irrikan zeuden, Etsai beraren aurka ziharduten borrokan, baina Aurelianok ez zuen hitz bat idatzi, itxurak itxura, Juani nagusitzeko xedera lerratua ez zenik. Buruz-buru hori ikusezina izan zen; indizeen ugaritasunean tronpatu ez banaiz, behin bakarrik ere ez da ageri bestearen izena Migne-ren Patrologia mardulak dakarren Aurelianoren liburu mordoan. (Juanen obretatik, soilik hogei hitzek iraun dute.) Biek gaitziritzi zieten Konstantinoplako kontzilioko anatemei; biak jazarri zitzaizkien arrianoei, zeinek ukatzen baitzuten Semearen sortze eternala; biek jo zuten ortodoxotzat Cosmas-en Topographia christiana delakoa, zeinak irakasten baitu lurra karratua dela, hebrear tabernakulua bezala. Zoritxarrez, lurraren lau aldeetatik beste heresia ekaiztsu bat nabarmendu zen. Egiptoan edo Asian zuen jatorria (ezen berri emaileak ez datoz bat eta Bousset-ek ez ditu onartu nahi Harnack-en arrazoiak), eta erruz hedatu zen sortaldeko probintzietan eta santutegiak eraiki zituen Mazedonian, Kartagon eta Treveris-en. Bazter guztietan zegoela zirudien; Britainiako elizbarrutian gurutzefikak buruz behera jarriak omen zituzten, eta Zesarean, berriz, ispilu bat ageri zen Jaunaren irudiaren ordez. Ispilua eta oboloa zismatiko berrien ikurrak ziren.

        Historiak anitz izenez ezagutzen ditu (espekularrak, abismalak, kainitak), baina guztietatik harrerarik onena izan duena histrioiena da, Aurelianok eman eta haiek ausardiaz berentzat hartu zutena. Frigian simulakroak zerizten, eta orobat Dardanian. Juan Damaskoarrak formak deitu zituen; egoki da hemen seinalatzea, hala ere, Erfjord-ek arbuiatu egin duela pasarte hori. Ez da heresiologorik haien aztura demasiatuak txundiduraz kontatzen ez dituenik. Histrioi askok aszetismoa aukeratu zuen; zenbaitek bere gorputz atalen bat moztu zuen, Origenes-ek bezala; beste batzuk lurpean bizi izan ziren, zikintzuloetan; beste batzuek beren begiak erauzi zituzten; beste batzuk, berriz (Nitriako nabukodonosor zirelakoak), «idiak bezala alatzen ziren eta haien ilea arranoena bezala hazten zen». Hilduratik eta bizimodu gogorretik, sarri askotan, krimenera pasatzen ziren: komunitate batzuek lapurreta toleratzen zuten; beste batzuek hilketa; beste batzuek, berriz, sodomia, intzestua eta animaliazalekeria. Oro ziren blasfemoak; ez zuten soilik kristauen Jainkoaz gaitzesaten, baizik eta beren panteoiko dibinitate arkanoez ere. Liburu sakraturik ere asmatu zuten; jakintsuek oraino deitoratzen dute liburuok galdu izana. Sir Thomas Browne-k, 1658 inguruan, honela idatzi zuen: «Denborak deuseztu ditu jadanik Ebanjelio Histrioniko asmoausart haiek; ez, ordea, haien Jainkogabekeriaren akuilagarri izan ziren Laidoak»: Erfjord-ek iradoki du «laido» direlako horiek (zeinak grekerazko kodize batean gorderik baitaude) ebanjelio galduak direla. Hori ulertezina da, histrioien kosmologia kontuan hartzen ez badugu.

        Liburu hermetikoetan ageri denez, behean dagoena goian dagoenaren berdina da, eta goian dagoena behean dagoenaren berdina. Histrioiek ideia horren aldaera gaizto batean funtsatu zuten beren dotrina. Mateo 6:12 («barka iezazkiguk gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegun bezala») eta 11:12 («zeruetako erreinuak indarra pairatzen du») aipatu zuten, lurrak zeruan eragiten duela frogatu nahirik, eta I Korintotarrei 13:12 («ispiluz dakusagu orain, ilunbean»), ikusten dugun oro faltsua dela adierazteko. Apika monotonoek kutsaturik, imajinatu zuten gizon oro bi gizon dela eta benetakoa bestea dela, zeruan dagoena. Orobat imajinatu zuten gure egintzak alderantziz ispilatzen direla beste aldean, halako moldez ezen, beila egiten badugu, besteak lo egiten du, fornikatzen badugu, bestea kastua da, ebasten badugu, bestea eskuzabala da. Behin hilez gero, harekin bat egingo dugu eta hura izango gara. (Dotrina horien oihartzunen batek Bloy-rengan iraun zuen.) Beste histrioi batzuek oldoztu zutenaren arabera, beraren posibilitateen kopurua ahitzen zen unean amaituko zen mundua; errepikapenik izan ez daitekeenez, jende prestuak egintzarik doilorrenak deuseztu (burutu) behar ditu, etorkizuna zikin ez dezaten eta hala Jesusen erreinuaren etorrera lasterrago gerta dadin. Beste sekta batzuek ukatu egin zuten atal hori, aitzitik aldeztu baitzuten munduaren historia gizon bakoitzarengan kunplitu behar dela. Gehienak, Pitagorasek bezala, gorputz askotara arimaldatu beharko dute askapena lortu arte; batzuk, proteikoak, «bizi bakar baten epean, lehoiak dira, herensugeak dira, basurdeak dira, ura dira eta zuhaitz bat dira». Demostenesek kontatzen du nola lohiaren bitartez purifikatzen zituzten iniziatuak, misterio orfikoetan; proteikoak, eredu berean, gaizkiaren bitartez purifikatzen saiatu ziren. Pentsatzen zuten, Karpokrates-ek bezala, inor ez dela kartzelatik irtengo azken oboloa ordaindu arte (Lukas 12:59), eta honako beste bertset honekin limurtu ohi zituzten penitentziagileak: «Ni etorri naiz gizonek bizia izan dezaten eta oparo izan dezaten» (Juan 10:10). Orobat esaten zuten gaiztoa ez izatea soberbia satanikoa zela... Askotariko mitologia dibergenteak irazkitu zituzten histrioiek; batzuek aszetismoa predikatu zuten, beste batzuek lizentzia, denek nahasmena. Teoponpok, Berenizeko histrioi batek, alegia guztiak ukatu zituen; haren esanetan, dibinitateak mundua sentitzeko proiektatzen duen organu bat da gizon bakoitza.

        Aurelianoren elizbarrutiko hereseak denborak errepikapenik onartzen ez duela ziotenetakoak ziren, eta ez egintza oro zeruan islatzen dela ziotenetakoak. Aski kontu bitxia zen hori; Erromako autoritateentzat egindako txosten batean, Aurelianok haren aipamena egin zuen. Txostena jasoko zuen prelatua enperadore-andrearen aitorlea zen; gauza jakina zen egiteko ez nolanahiko horrek debekupean jartzen zizkiola teologia espekulatiboaren arima barreneko atsegin goxoak. Haren idazkariak —Juan de Panoniaren laguntzaile ohi bat, orain harekin etsaiturik zegoena— edonolako heterodoxien inkisidore guztiz zorrotzaren ospea zuen. Aurelianok heresia histrionikoaren azalpen bat gaineratu zion bere lanari, Genua eta Akileako gaitzelkarteetako jardueraren araberakoa. Paragrafo batzuk idatzi zituen; gero, bi une berdin ez daudelako tesi latza orriratu nahi izan zuenean, Aurelianoren luma gelditu egin zen. Ez zuen aurkitu formula egokirik; dotrina berriaren araubideak («Ikusi nahi duk giza begik ikusi ez duenik? So egiok ilargiari. Aditu nahi duk belarrik aditu ez duenik? Entzun txoriaren kantua. Ukitu nahi duk eskuk ukitu ez duenik? Lurra uki. Egiaz diot Jainkoa mundua sortzeko dagoela oraino.») lar afektatu eta metaforikoak ziren beren hartan transkribatuak izateko. Bet-betan, hogei hitzeko otoitz bat izpirituratu zitzaion. Bertan idatzi zuen, atsegin bozkarioz; berehala, ordea, inorena zelako susmoak asaldatu zuen. Biharamunean, anitz urte lehenago Juan de Panoniak onduriko Adversus annulares hartan irakurria zuela oroitu zen. Liburuan hala zetorren begiratu zuen; hantxe zen aipua. Zalantza larri batek hartu zuen. Hitz horiek aldatu edo kentzea, espresioa ahultzea zen; uztea, berriz, higuin zuen gizon batenetik plagiatzea; iturria aipatzea, berriz, hura salatzea zen. Jainkoagana jo zuen, otoi lagun zezan. Bigarren arginabarraren hasiera aldera, bere goardako aingeruak tarteko irtenbide bat iradoki zion. Aurelianok hitzei eutsi zien, baina honako ohartarazpen hau ezarri zion aurrez: «Orain heresiarkek fedearen nahasmenerako zaunkatzen dutena, mende honetako gizaseme txit jakintsu batek esan zuen aspaldi, erru baino arintasun handiagoz». Gero, gerta zedin beldur zen, espero izateko zen, ezinbestean gertatu behar zuen hura gertatu zen noski. Aurelianok aitortu behar izan zuen nor zen gizaseme hori; Juan de Panoniari iritzi heretikoak aldeztearen salaketa egin zitzaion.

        Handik lau hilabetera, Aventinoko errementari batek, histrioien trikimailuek liluraturik, burdinazko esfera handi bat ezarri zuen bere semetxoaren sorbalda gainean, haren dobleak hegan egin zezan. Haurra hil zen; krimen horrek zorroztasun gogorrez jokarazi zien Juanen epaileei. Hark ez zuen makurtu nahi izan; errepikatu zuen bere perpausa ukatzea monotonoen heresia kiratsean erortzea zela. Ez zuen ulertu (ez zuen ulertu nahi izan) monotonoez mintzatzea jadanik ahantzia zenaz mintzatzea zela. Zahardadeari dagokion seta puntu horrekin, bere polemika zaharretako esaldirik bikainenak zerabiltzan parrastaka; epaileek entzun ere ez zuten egiten noizbait guztizko liluragarri izan zitzaiena. Histrionismo izpirik txikienaz ere purifikatzen saiatu beharrean, salaketagai zuen perpaus hura xuxen-xuxen ortodoxoa zela frogatzen ahalegindu zen. Beraren zortearen giltza zuten gizonekin eztabaidan jardun zuen, eta hankasartzerik larriena egin zuen ingenioz eta ironiaz eztabaidatzea. Urriaren 26an, hiru egun eta hiru gau iraun zuen eztabaida baten buruan, sutan hiltzeko epaia eman zioten.

        Aureliano han zen hilketa egunean, bestela jokatzea bere burua errudun aitortzea baitzen. Suplizioaren lekua muino bat zen, eta haren gailur berdean haga bat zegoen, lurrean barren-barrena sartua, eta haren inguruan egur sorta franko. Ministro batek irakurri zuen epaileen ebazpena. Hamabietako eguzkiaren pean, Juan de Panonia aurpegia hautsaren gainean zetzan, animaleko uluak jaurtiz. Lurrari atzamarka ari zen, baina borreroek erauzi zuten, biluztu zuten eta azkenik pikotara lotu zuten. Buruan lastozko koroe bat ezarri zioten, sufrez gantzutua; aldamenean, Adversus annulares kirats haren ale bat. Aurreko gauean euria egin baitzuen, egurrak ez zuen su onik hartzen. Juan de Panoniak grekeraz errezatu zuen, eta gero hizkuntza ezezagun batean. Suak harekikoa egin behar zuen puntuan, begiak jasotzera ausartu zen Aureliano. Su bolada biziak atertzean, aurreneko eta azkeneko aldiz ikusi zuen Aurelianok gorrotatuaren begitartea. Norbaitena gogorarazi zion, baina ez zuen asmatu zehazten norena. Gero, sugarrek irentsi zuten; gero garrasi egin zuen eta sute batek garrasi egitea bezala izan zen.

        Plutarkok kontatzen du Julio Zesarrek negar egin zuela Ponpeio hiltzean; Aurelianok ez zuen negarrik egin Juan hiltzean, baina jadanik beraren bizitzaren parte den eritasun erremediorik gabe batetik bat-batean sendaturiko gizon batek sentituko lukeena sentitu zuen. Akilean, Efeson, Mazedonian, urteak beraren gain pasa zitezen utzi zuen. Inperioaren mugaldeko bazter latzak bilatu zituen, lintzura dorpeak eta basamortu kontenplatiboak, bakardadeak lagun ziezaion bere patua ulertzen. Mauritaniako gelazulo batean, lehoiz betaturiko gauean, Juan de Panoniaren aurkako akusazio konplexua birraztertu eta, enegarren aldiz, ebazpena justifikatu zuen. Lan handiagoa izan zuen bere salaketa bihurritsu hura justifikatzen. Rusaddir-en, Arimagaldu baten haragitan pizturiko argien argia izenburuko prediku garaiz kanpokoa eman zuen. Hibernian, oihanak inguraturiko monasterio bateko etxoletan, gau batez, eguna argitzear, euriaren zurrumurrua iritsi zitzaion ustekabean. Zurrumurru zehatz-mehatz horixe halaxe heldu zitzaion Erromako beste gau batez gogoratu zen. Eguerdian, tximist batek zuhaitzak irazeki zituen eta Aurelianok Juan hil zen bezala hiltzeko parada izan zuen.

        Historiaren amaiera metaforaz konta daiteke soilik, zeruetako erreinuan gertatzen baita, eta han ez baita denborarik. Apika esan liteke Aureliano Jainkoarekin solastatu zela eta Hark hain interes gutxi duela erlijio-bereizkuntzez, ezen Juan de Panonia zela pentsatu baitzuen. Horrek, ordea, jainkoaren buru-nahaste bat iradokiko luke. Zuzenago da esatea paradisuan Aurelianok jakin zuela dibinitate igartezinarentzat berak eta Juan de Panoniak (ortodoxoak eta hereseak, gorrotatzaileak eta gorrotatuak, akusatzaileak eta biktimak) pertsona bakar bat osatzen zutela.

 

        [1] Gurutze runikoetan bi ikur etsaiak zeinu berean ezkondurik ageri dira.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia