Hegoaldea

 

        1871n Buenos Aires-en lehorreratu zen gizonari Johannes Dahlman zeritzon, eta Ebanjelioaren Elizako pastorea zen; 1939an, haren bilobetako bat, Juan Dahlmann, Córdoba kaleko udal liburutegiko idazkaria zen eta argentinar peto-petoa sentitzen zen. Haren amaren aldetiko aitona lerroko infanteriako 2.eko gudari bat izan zen, Francisco Flores gogoangarria, Catriel-eko indioek Buenos Aires-eko mugan lantzaz hila; bere bi leinuen arteko tirabiran, Juan Dahlmann-ek (germaniar odolak hartaraturik nonbait) arbaso erromantiko edo erromantikoki hildako horrena hautatu zuen. Espresiorik gabeko gizon bizardun baten dagerrotipoa gordetzen zuen estutxe batek, ezpata zahar batek, musika jakin batzuen ditxa eta kuraiak, Martín Fierroko ahapaldien usadioak, urteek, desgogoak eta bakardadeak poliki sustatu zuten aldez gogoko zitzaion baina inoiz ere kanpora nabarmenduko ez zuen criollismo hori. Bere gastuak murriztearen truke, Dahlmann-ek lortua zuen Florestarrena izana zen Hegoaldeko estantzia bat abaildura segurutik salbatzea; eukalipto baltsamikoak eta noizbait gorrimin izandako etxe arrosakolore luze hura irudikatzea zen, hain zuzen, haren oroimenaren ohituretako bat. Eginbeharrek eta akaso halako soraiotasun batek iraunarazten zioten hirian. Uda joan eta uda etorri, aski zitzaion jabegoaren ideia abstraktua eta han, lautadako toki zehatz batean, bere etxea hantxe zain edukitzearen ziurtasuna. 1939ko otsaileko azken egunetan, zerbait gertatu zitzaion.

        Erruei itsu, patua gupidagabea izan daiteke oharkabeziarik txikienekiko. Arratsalde hartan, Dahlmann-ek Weil-en Mila eta bat gauen ale osagabetu bat inguratua zuen; aurkikuntza hori arakatzeko irritsez, ez zuen itxaron igogailua jaitsi arte, eta larri bizian igo zituen eskailerak; iluntasunean zerbaitek jo zuen axaletik bekokian: saguzar bat, txori bat? Atea ireki zion emakumearen aurpegian grabaturik izularria ikusi zuen; bekokitik pasatu eskua, eta gorri zegoen, odoletan blai. Norbaitek ixtea ahaztu zuen leiho-orri pintatu berri baten ertzak egingo zion noski zauri hori. Dahlmann-ek loak hartzea lortu zuen, baina goizaldera esna zegoen eta tenore hartatik aurrera gauza guztiei zapore jasangaitza hartzen zien. Sukarrak higatu zuen eta Mila eta bat gauetako alboirudiak lokamutsen apaingarritzat baliatu ziren. Adiskide eta ahaideek bisitatzen zuten eta neurriz gaineko irribarrez errepikatzen zioten oso ondo aurkitzen zutela. Dahlmann-ek halako sortasun motel batez entzuten zituen eta miragarri zitzaion haiek ez konturatzea infernuan zela. Zortzi egun pasatu ziren, zortzi mende irudi. Arratsalde batez, ohiko medikua mediku berri batekin agertu zen eta Ecuador kaleko eritetxe batera eraman zuten, ezinbestekoa baitzen radiografia bat ateratzea. Dahlmann-ek, hara eraman zituen alogerazko kotxean, pentsatu zuen berarena ez zen gela batean, azkenean, lo egin ahal izango zuela. Zoriontsu eta hiztun sentitu zen; iritsi bezain laster, erantzi egin zuten, buruko ileak moztu, ohatila bati metalez lotu, itsumen eta zorabioraino argiztatu, auskultatu, eta gizon mozorrotu batek orratz bat sartu zion besoan. Goragalez esnatu zen, lotailuz estekaturik, putzu bat gogorarazten zuèn gelaxka batean, eta ebakuntzaren ondoko egun eta gauetan, ulertu ahal izan zuen ordura arte infernuaren aldirietako auzune batean baizik ez zela egon. Jelak ez zion uzten ahoan freskuraren arrastorik txikiena ere. Egun horietan, Dahlmann-ek zehatz-mehatz gorrotatu zuen bere burua; gorrotatu zuen bere nortasuna, bere gorputzeko beharrak, bere umiliazioa, aurpegia lazten zion bizarra. Estoizismoz pairatu zituen sendaketak, mingarriak baitziren oso, baina zirujauak septizemia batek jota hiltzeko zorian egona zela esan zionean, Dahlmann-ek negar egin zuen, bere patuaz doluturik. Miseria fisikoek eta gau txarren etor-beldur atergabeak ez zioten utzi pentsatzen heriotza den bezain gauza abstraktuan. Beste egun batez, zirajauak esan zion oneratzen ari zela eta, laster, landetxera joateko moduan egongo zela gaitzondoa pasatzera. Sinesteak lan bazuen ere, iritsi zen agindutako egun hura.

        Errealitateak simetriak eta anakronismo arinak maite ditu; Dahlmann alogerazko kotxe batean etorria zen eritetxera, eta orain alogerazko kotxe batek zeraman Constitución-era. Udazkenaren lehen freskura, udako larriduraren ondoren, heriotzatik eta sukarretik erreskataturiko beraren patu haren sinbolo berezko baten gisakoa zen. Hiriak, goizeko zazpietan, gauak eman ohi dion etxe zahar aire horri eusten zion artean; kaleak bebarru luzeak irudi ziren, plazak patioak irudi. Dahlmann-ek zoriontasunez ezagutzen zuen toki bakoitza, eta zorabio puntu batez; beraren begiek atzeman baino segundo batzuk lehenago, gogora zetozkion izkinak, karteldegiak, Buenos Airesko berezitasun xumeak. Egun berriaren argi horitan, horra gauza guztiak berarengana itzultzen.

        Ez dago ez dakienik Hegoaldea Rivadavia-z bestaldean hasten dela. Dahlmann-ek esan ohi zuen hori ez dela konbentzio hutsa, eta kale hori zeharkatzen duena mundu antzinakoago eta sendoago batean sartzean dela. Kotxetik, eraikuntza berri artean, burdinhesidun leihoa bilatzen zuen, aldaba, ateko arkua, bebarrua, barren-barreneko patioa.

        Geltokiko hallean ohartu zen hogeita hamar minutu falta zirela. Tupustean gogoratu zitzaion Brasil kaleko kafe batean (Yrigoyen-en etxetik metro gutxira) katu handi-handi bat zegoela, jendeari laztan egiten uzten ziona, mundua deus ez litzaiokeen jainko halako bat irudi. Hara sartu zen. Hantxe zegoen katua, lo. Kikara bat kafe eskatu zuen, gozo puntua eman astiro, dastatu (plazer hori galarazirik izan zuen klinikan) eta bere artean egin zuen, ilaje beltza leuntzen zuen bitartean, ukipen hura irudipen hutsa zela eta kristal batek bereizirik bezala zeudela, ezen gizona denboran bizi da, jarraipenean, eta animalia magiko hura, berriz, gaurkotasunean, instantearen betikotasunean.

        Azken hurrengo nasan zehar trena zain zegoen. Dahlmann-ek, bagoiak korritu eta ia hutsik zegoen bat topatu zuen. Sarean paratu zuen maleta; kotxeak martxan jarri zirenean, hura ireki eta, zalantza bat edo besteren ondoren, Mila eta bat gauen lehen liburukia atera zuen. Beraren zorigaitzaren historiarekin hain loturik zegoen liburu hura aldean eramatea zorigaitz hori ezerezturik zegoela baieztea adina zen, eta gaizkiaren indar porrotatuei bozkariozko erronka isilpeko bat egitea adina.

        Trenaren alboetara, aldirietako hiriondoetan urratzen zen hiria; ikustate horrek, eta jardin eta landetxeenak gero, atzeratu egin zuten irakurketaren hasiera. Egia esan, Dahlmann-ek gutxi irakurri zuen; iman-harrizko mendia eta bere ongilea hilko duela zin egin duen jeinua —nork uka— miragarriak ziren, baina ez askoz miragarriago goiz hura eta munduan izatea bera baino. Zoriontasunak Shahrazad-en eta haren mirari debaldekoetatik barreiatu egiten zion arreta; Dahlmann-ek, liburua itxi, eta bizitzak bizi zezan uzten zuen, besterik gabe.

        Bazkaria (salda, metal dirdaitsuzko katiluetan zerbiturik, haurtzaroko udaldi dagoeneko urrunetan bezala) beste gozamen lasai bezain esker oneko bat izan zen.

        «Bihar estantzian esnatuko naiz», pentsatzen zuen, eta aldi berean bi gizon izatea bezala zen; udazken egun hartan eta aberriaren geografian beti aurrera zihoana, eta bestea, eritetxe batean kartzeleratua eta eguna joan eguna etorri morrontza berdinetara lotua. Ikusi zuen luzitu gabeko adreiluzko etxerik, zorrotz eta luze, pasatzen diren trenei begira infinituki; ikusi zuen zaldizkorik lur gordineko bideetan; ikusi zuen hobirik eta aintzirarik eta ganadurik; ikusi zuen marmolezko zirudien laino luze argitsurik, eta gauza horiek oro halabehar hutsezkoak ziren, lautadaren ametsak irudi. Ezagutu uste izan zuen, orobat, zuhaitzik eta sailik izendatzen asmatuko ez zuenik, zeren landa aldeaz zuen ezaguera zuzena askoz ere eskasagoa baitzen oroiminaren eta literaturaren bitartez zuena baino.

        Noizbait lo egin zuen, eta egin zituen ametsetan trenaren oldarra zegoen. Eguerdiko hamabietako eguzki zuri eramanezin hura iluntze aurreko eguzki horia zen dagoeneko, eta aurki gorria izango zen. Kotxea ere desberdina zen; ez zen Constitución-en nasatik irtetean izan zena; lautadak eta orduek zeharkatu eta antzaldatua zuten. Kanpoan bagoiaren itzal mugikorra ostertzerantz luzatzen zen. Ez herrik ez bestelako ezein giza seinalek ez zuen hausten lur elementalaren bakea. Dena zen zabal, baina aldi berean barnekoi eta, nolerebait, sekretua. Larre neurrizgainekoan, zenbaitetan ez zen ageri zezen bat baizik. Bakardadea bete-betea zen eta menturaz zantzu txarrekoa, eta aukera eman zion Dahlmann-i susmatzeko iraganera bidean zihoala eta ez soilik Hegoaldera. Asmabide fantastiko horretatik ikuskatzaileak atera zuen; txartela ikustean, ohartarazi zion trenak ez zuela betiko geltokian utziko, Dahlmann-ek doi-doi ezagutzen zuen beste aurreragoko batean baizik. (Gizonak azalpen bat gaineratu zuen, baina Dahlmann ez zen saiatu hura ulertzen, ez eta entzuten ere, gertakarien mekanismoa ez baitzitzaion axola.)

        Trena gelditu egin zen halako batean, neke handiz, ia larre erdian. Burdinbidearen bestaldean hantxe zegoen geltokia, aterpedun nasa bat baino askoz gehiago ez. Ibilgailurik ez zuten batere, baina geltoki-buruaren ustez agian bat lortzeko modua izan zezakeen berak seinalaturiko denda batean, handik hamar-hamabi koadratara hortxe.

        Dahlmann-ek abentura koxkor bat bailitzan ekin zion bideari. Eguzkia hondoratua zen jadanik, baina akaberako distiradura halako batek pizturik zeukan lautada bizi isila, gauak ezabatu aurretik. Ez hainbeste ez nekatzearren, nola gauza horiei iraunarazteko, astiro zihoan Dahlmann, zoriontasun larriz arnastuz hirustaren usaina.

        Biltegia, noizbait, punzó kolorekoa izan zen, baina urteek bere onerako moteldua zioten kolore bortitz hori. Haren arkitektura pobrean zerbaitek altzairu-grabatu bat gogorarazi zion, Pablo eta Virginiaren argitalpen zahar batekoa akaso. Hesoletan loturik zaldi batzuk zeuden. Dahlmann-ek, barruan, nagusia ezagutu uste izan zuen; gero konturatu zen eritetxeko enplegatuetako batekin zuen antzak engainatu zuela. Gizonak, kasua entzunik, zalgurdia lotzeko aginduko zuela esan zion; egun hari beste gertakari bat gehitzearren eta denbora hori betetzeko, biltegian jatea deliberatu zuen Dahlmann-ek.

        Mahai batean morroskote batzuk ari ziren arrabots handiz jan eta edaten, nahiz Dahlmann, hasieran, ez zien erreparatu. Zoruan, bizkarra salmahaiaren kontra hantxe kuzkurturik, gauza bat balitz bezalakoxe geldi, gizon zahar-zahar bat zegoen. Urte luzeek gutxitu eta leundua zuten, urek harri bat nola, edo gizonen belaunaldiek sententzia bat. Ilun, txiki eta iharra zen, eta denboratik at zegoela zirudien, halako betikotasun batean. Dahlmann-ek poz-atseginez kontu egin zien vinchari, baietazko pontxoari, chiripá luzeari eta moxal-larruzko botei, eta bere artean egin zuen, Iparraldeko eskualdeetako jendearekin edo Entrerríos-tarrekin izandako eztabaida hutsalez oroit, halako gauchorik Hegoaldean baizik ez dela gelditzen.

        Dahlmann leiho ondoan jarri zen. Iluntasuna bereganatuz zihoan larrea, baina haren usaina eta haren zurrumurruak artean ere iristen zitzaizkion burdin hagen artetik. Nagusiak sardinak ekarri zizkion eta gero okela errea; Dahlmann-ek hiruzpalau basokada ardo beltzez pasarazi zituen jakiak. Ezeren ardurarik gabe, zapore lakar hura ahoan dastatu eta lokalean barrena norarik gabe zerabilen begirada, ordurako logale samar begiak. Kerosenozko argiontzia zehar-hagetako batetik esekirik zegoen; beste mahaiko bezeroak hiru ziren: bik soroko peoiak ziruditen; hirugarrenak txino-hazpegi baldarrak zituen eta txanbergoa jantzirik edaten zuen. Bet-betan Dahlmann-ek igurtzi arin bat sumatu zuen aurpegian. Beira uharrezko edontzi zarpailaren ondoan, zamauaren marretako baten gainean, ogi apur bat zegoen. Hori besterik ez zen, baina norbaitek jaurtia behar zuen.

        Beste mahaikoak, itxura batean, beren gauzetan murgildurik zeuden. Dahlmann-ek, zurturik, erabaki zuen ez zela ezer gertatu eta Mila eta bat gauen alea ireki zuen, alegia errealitatea estali nahi balu bezala. Beste bolatxo batek jo zuen handik minutu gutxitara, eta oraingoan peoiek barre egin zuten. Dahlmann-ek bere golkorako pentsatu zuen ez zegoela ikaraturik, baina zentzugabekeria izango zela bera bezala gaixondo bete-betean zegoen batek ezezagun batzuei borroka ilun batean nahasteko bidea ematea. Kanpora irtetea erabaki zuen; jadanik zutik zegoela, nagusia hurbildu eta larritasuna salatzen zuen ahotsez erregutu zion:

        — Dahlmann jauna, ez egin kasurik gazteoi, erdi poxtuta daude eta.

        Dahlmann ez zen harritu besteak, orain, bera ezagutzea, baina sentitu zuen bakeragarri izan nahi zuten hitz haiek, gogoz beste, okerragotu egiten zutela egoera. Lehen, edonorena izan zitekeen aurpegi baten kontra zihoan peoien erronka, inori ez ia; orain, berriz, beraren kontra eta beraren izenaren kontra zihoan eta auzoek haren berri izango zuten. Dahlmann-ek, nagusia paretik kendu eta peoiei aurpegi eman eta ea zeren bila zebiltzan galdetu zien.

        Txinatar aurpegia zuen morroskoa zutik jarri zen, balantzaka. Juan Dahlmann-engandik urrats batera, irainetan oihuka ekin zion, oso urrun bailegoen. Zegoen baino mozkorragoaren itxura egitera jolasten zen, eta esajerazio hori ankertasuna zen eta burla. Hitz zatar eta berba lizun artean, buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean; begiekin jarraitu eta eskuan zirti-zarta erabili zuen; gero, borrokan hasteko gonbita egin zion Dahlmann-i. Nagusiak, ahots dardartsuz, alegatu zuen Dahlmann-ek armarik ez zuela. Horretan, inork pentsatuko ez zuen zerbait gertatu zen.

        Bazter batetik, gaucho zahar geldiak, arestian Dahlmann-ek Hegoaldearen (berea zuen Hegoaldearen) zeinutzat jo zuen agureak, daga biluzi bat bota zion, eta beraren oinetan erori zen doi. Bazirudikeen Hegoaldeak Dahlmann-ek buruz-burua onartzea erabaki zuela. Dahlmann daga jasotzera makurtu zen eta bi gauza sentitu zituen. Lehenbizikoa, egintza ia oharkabeko horrek borrokara behartzen zuela. Bigarrena, arma hark, beraren esku baldarrean, ez zuela balio izango bera defenditzeko, hil zezaten justifikatzeko baizik. Noizbait jolastua zen sastakai batez, gizon orok bezala, baina Dahlmann-en esgrima jakituria guztia zera zen: kolpeak gorantz jo behar direla, laban ahoa barrurantz. «Eritetxean ez zuten onartuko niri halakorik gertatzerik», egin zuen bere artean.

        — Goazemak kanpora —esan zuen besteak.

        Kanpora egin zuten, eta Dahlmann-engan esperantzarik ez bazegoen, ez beldurrik ere. Atalasa iragatean, sentitu zuen labanazko borroka batean hiltzea, zeru zabala aterpe arerioari ekinean, liberazioa zatekeela berarentzat, bozkario eta jaia, eritetxeko lehenbiziko gauean, orratza ziztatu zioten hartan. Sentitu zuen ezen, orduan berak aukeratu edo amestu ahal izan balu bere heriotza, hauxe dela aukeratu edo amestuko zuena.

        Dahlmann, apika erabiltzen jakingo ez duen labana hari irmo eutsi, eta lautadara irteten da.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia