Traidorearen eta heroiaren gaia

 

                        So the Platonic Year

                        Whirls out new right and wrong,

                        Whirls in the old instead;

                        All men are dancers and their tread

                        Goes to the barbarous clangour of a gong.

                                W.B. Yeats, The Tower

 

        Chestertonen (hainbat misterio dotoreren asmatzaile eta apaintzaile horren) eta Leibniz gorte-kontseilariaren (zeinak aurrez ezarririko harmonia asmatu baitzuen) eragin nabariz, agian noizbait idatziko dudan argumentu hau irudikatu dut, dagoeneko nolabait justifikatzen nauena, alferrikako arratsaldeetan. Argitu beharreko xehetasunik bada, zuzendu eta egokitu beharrik; historiaren alde batzuk ez zaizkit oraindik errebelatu; gaur, 1944ko otsailak 3, honelatsu dakust.

        Zapalduriko herrialde egoskor batean gertatzen da ekintza: Polonia, Irlanda, Veneziako errepublika, Hegoamerikako edo Balkanetako Estaturen bat... Gertatu da, hobeki esateko, ezen, nahiz narratzailea gure garaikoa izan, kontakizuna XIX. mendearen erdi alde edo hasieran jazo zen. Derragun (narrazioaren erosotasunerako) Irlanda; derragun 1824. Narradoreak Ryan du izena; Fergus Kilpatrick gazte, heroiko, eder, asasinatuaren birbiloba da; Kilpatrick, zeinaren hilobia misterioski bortxatu zuten; zeinaren izenak Browning eta Hugoren bertsoetan distiratzen duen; zeinaren estatua padura gorri arteko muino gris baten gainean hantxe gailen ageri den.

        Kilpatrick konspiratzailea izan zen, isilpeko konspiratzaile-buru loriosa; Moisesen antzera, zeinak agindutako lurra Moab-eko lurretik ikusi eta hartan oinik ezartzerik ez baitzuen izan, gogotan erabili eta amesturiko matxinada garaile irten bezperan galdu zuen bizia Kilpatrick-ek. Heriotza horren lehen ehun urteurrena betetzear dago; krimenaren inguruko gorabeherek erabat ilun diraute; Ryan, heroiaren biografia idazteari emana, konturatzen da ezjakintasun hori polizia-kontu hutsetik harago doala. Kilpatrick antzoki batean hil zuten; britainiar poliziak ez zuen sekula hiltzailerik atzeman; historiagileek diote porrot horrek ez duela haren izen ona auzitan jartzen, zeren agian poliziak berak hilarazi baitzuen. Enigmaren beste alderdi batzuek artegatzen dute Ryan. Ziklikoak dira alderdiok: munduko bazter urrunetako, antzinako aro urrunetako gertakariak errepikatu edo konbinatzen dituztela dirudi. Hala, ez dago ez dakienik heroiaren gorpua arakatu zuten polizi morroiek gutun itxi bat aurkitu zutela, zeinean ohartarazten baitzitzaion gau hartan antzokira joatearen arriskuaz; Julio Zesarri ere, bere lagunen labanak zain zeuzkan lekura zihoala, ohartarazpen bat eman zioten, irakurtzeke geratu zena, zeinean agerian jartzen baitzen saldukeria, traidoreen izen eta guzti. Zesarren andreak, Kalpurniak, Senatuak berarentzat izendaturiko dorre bat lur jorik ikusi zuen ametsetan; gezurrezko zurrumurru izengabeek, Kilpatrick-en heriotzaren bezperan, herrialde guztian zabaldu zuten Kilgarvan-eko dorre biribila suak hartu zuela, eta gertatuko zenaren zantzutzat har zitekeen noski hori, Kilgarvan-en jaioa baitzen Kilpatrick. Zesarren historiaren eta irlandar konspiratzaile baten historiaren paralelismo horiek (eta bestek) bide ematen diote Ryan-i denboraren forma ezkutu bat burutan hartzeko, errepikatzen diren marraz osaturiko marrazki bat. Condorcet-en historia dezimala gogoratzen zaio; Hegel, Spengler eta Vico-k proposaturiko morfologiak; Hesiodoren gizonak, zeinak urretik burdinara endekatzen baitira. Arimen lekualdaketa gogoratzen zaio, zelten letrak izugarri bihurtzen dituen dotrina, Zesar berak britainiar druidei egozten diena; bururatzen zaio Fergus Kilpatrick Julio Zesar izan zela, Fergus Kilpatrick izan aurretik. Labirinto zirkular horietatik konprobazio bitxi batek salbatzen du, eta bestelako labirinto are antzemangaitzago batzuetan amilarazten: haren heriotzako egunean Fergus Kilpatrick-ekin solastatu zen eskale baten hitzak Shakespearek erabili zituen, aldeak alde, Macbeth trajedian. Historiak historia kopiatzea bera ere aski txundigarria zen berez; historiak literatura kopiatzea, berriz, imajinaezina da... Ryan-ek ikertu eta kausitzen du ezen 1814an James Nolan-ek, heroiaren kiderik zaharrenak, Shakespeareren drama nagusiak gaelikora itzuli zituela; besteak beste, Julio Zesar. Artxiboetan, horrez gainera, Nolan-en eskuko artikulu bat aurkitzen du, Suitzako Festspieleei buruzkoa; herriz herriko antzerki emanaldi eskergak, zeinetan milaka antzezleek parte hartzen baitute, gertatu ziren hiri eta mendi beretan berrituz jazoera historikoak. Beste dokumentu argitaragabe batek jakinarazten dio ezen, bere akabera baino egun batzuk lehenago, Kilpatrick-ek, azken biltzarraren buru gisa, traidore baten heriotza-epaia sinatu zuela, geroztik norbaitek izena ezabatu badu ere. Epai hori ez dator bat Kilpatrick-en kristau jokabide onberekin. Ryan-ek, zer guztiak ikertu (ikerketa hori argumentuaren hiatoetako bat da) eta enigmaren korapiloa askatzea lortzen du.

        Kilpatrick antzoki batean akabatu zuten, baina orobat antzoki izan zen hiri osoa ere, eta antzezleak erruz izan ziren, eta heriotza horrek koroatu zuen dramak egun asko eta gau asko hartu zituen. Hona zer jazo zen:

        1824ko abuztuaren 2an konspiratzaileen bilera izan zen. Herria matxinadarako zori-zorian zegoen; zer edo zerk, ordea, huts egiten zuen beti: biltzarrekoen artean traidoreren bat bazen. Fergus Kilpatrick-ek James Nolan-i eman zion traidore hori aurkitzeko ardura. Nolan-ek bere lana bete zuen: biltzarraren erdian iragarri zuen Kilpatrick bera zela traidorea. Froga ukaezinez bermatu zuen denen aurrean salaketa; matxinoek heriotzara kondenatu zuten beren lehendakaria. Hark bere epaia sinatu zuen, baina arren eskatu zuen beraren zigorrak ez ziezaiola aberriari kalterik ekar.

        Orduan Nolan-ek burutazio bitxi bat izan zuen. Irlandak idolatratu egiten zuen Kilpatrick; haren doilorkeriaren susmorik apurrenak ere zalantzabidean jar zezakeen matxinada; Nolan-en planak traidorearen hilkintza aberriaren askapenerako tresna bihurtu zuen. Asasinatzaile ezezagun baten eskuetan hil behar zuen kondenatuak, iradoki zuen Nolan-ek, inguramendu berariaz dramatiko batean, herriaren irudimenean josirik gera zedin, hala matxinada bizkorragotzeko. Kilpatrick-ek zin egin zuen bere partea beteko zuela egitasmo horretan, hala aukera baitzuen bere izen onaren zorra kitatzeko, bere heriotzaren izenpez.

        Nolan-ek, astirik ez eta, ezin izan zituen goitik beheraino asmatu hilketa anitzaren inguruko gorabeherak; beste dramagile bat plagiatu behar izan zuen, William Shakespeare ingeles arerioa, hain zuzen. Haren obretako eszena batzuk errepikatu zituen: Macbeth, Julio Zesar. Jendarteko antzeztaldi isilpekoak egun batzuk hartu zituen. Kondenatua Dublinen sartu zen; eztabaidatu, ekin, errezatu, gaitzetsi, hitz patetikoak esan zituen, eta geroak aintzaz jasoko zituen egintza horietako bakoitza Nolan-ek aurretiaz pentsatua zen. Ehunka antzezleek lagun egin zioten protagonistari; zenbaiten papera konplexua izan zen; beste zenbaitena, berriz, une-unekoa. Esan eta egin zituztenak kondaira-liburuetan jasorik daude, Irlandaren oroimen suharrean. Kilpatrick-ek, aldi berean kitapen eta galbide zuen patu guztiz zehaztu haren sukarrez, behin baino gehiagotan aberastu zuen, hitzetik hortzerako ekintza eta perpausez, bere epailearen testua. Hala zihoan denboran zabalduz drama jendetsua, harik eta 1824ko abuztuaren 6an, Lincoln-ena iragartzen zuen palko bateko errezel hiletakoloreen artean, traidorearen eta heroiaren bular barnera bala irrikatu bat oldartu zen arte; Kilpatrick-ek ozta-ozta josi ahal izan zituen, brasteko odol borbor biren artean, aurrez ikasitako hitzen batzuk.

        Nolan-en obran, Shakespearerengandik harturiko pasarteak dramatikotasunik gutxien dutenak dira; Ryan-ek susmoa du etorkizunean norbaitek egia atzeman zezan tartekatu zituela egileak. Ohart da Nolan-en irazkiaren parte dela bera ere... Gogoeta ez batere samurren buruan, aurkikuntza isilpean edukitzea erabakitzen du. Heroiaren loriarako liburu bat argitaratzen du; hori ere, menturaz, aurrez pentsaturik zegoen.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia