Babelgo Liburutegia

 

                        By this art you may contemplate the variation

                        of the 23 letters...

                                The Anatomy of Melancholy,

                                part. 2, sect. II, mem. IV

 

        Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua; haizeztapenerako hutsarte handi bana daukate erdigunean, baranda apalez hesituak. Edozein hexagonotatik beheko eta gaineko solairuak ikusten dira: azkenik gabe. Galerien banakuntza aldaerarik gabea da. Hogei apalek estaltzen dituzte, bosna apal luze aldeko, bi ez beste alde guztiak; haien garaiera, solairuena bera, doi-doi da liburuzain normal batena baino handiagoa. Alde libreetako batek behebarru mehar batera ematen du, eta handik beste galeria batera, hura ere aurrekoaren eta guztien berdin-berdina. Behebarruaren ezker-eskuin badira bi gelamodu txiki-txiki. Batek zutik lo egiteko aukera ematen du; besteak, azken beharrei men egitekoa. Hortik pasatzen da espiralezko eskailera, amilean nahiz goraka urrunean galduz. Behebarruan ispilu bat bada, zintzo-zintzo itxurak bikoizten dituena. Gizonek horretatik ondorioztatu ohi dute Liburutegia ez dela infinitua (zinez hala balitz, zertarako itxurazko bikoizte hori?); nik nahiago dut amestu ispiluen azal dirdaitsuok infinitua irudikatu eta agintzen dutela... Lanpara izenez ezagun diren fruitu esferiko batzuetatik dator argia. Bi daude hexagono bakoitzean; zeharka jarriak. Ematen duten argia eskasa da, etengabea.

        Liburutegiko gizon guztiak bezala, gaztetan bidaiari ibilia naiz; erromes abiatu nintzen liburu baten xerkan, menturaz katalogoen katalogoaren bila; orain, ene begiek idazten dudana ozta-ozta irakur dezaketen tenore honetan, jaio nintzen hexagonotik legoa gutxi batzuetara hiltzeko etsipena hartu dut. Behin hilez gero, ez da faltako barandatik behera botako nauen esku errukitsurik; aire hondogabea izango dut hilobi; ene gorputza luzaz hondoratuko da eta usteldu eta desegin egingo da amil-abiadak berak sorturiko haizetan, infinitua baita gainbehera. Ene iritziz Liburutegia baztergabea da. Idealistek argudiatzen dute sala hexagonalak espazio absolutuaren molde ezinbesteko direla edo, gutxienez, espazioaz dugun intuizioarena. Haien arrazoibidearen arabera, imajinaezina da sala triangular edo pentagonalik. (Mistikoek diotenez, berriz, ganbara biribil halako bat ematen die ikustera estasiak, eta bertan pareten jira guztia hartzen duen liburu biribil izugarri handi bat, bizkar etengabe bakarra ageri duena; susmagarria da, ordea, haien testigantza; haien hitzak, ilunak. Liburu zikliko hori Jainkoa da.) Aski bekigu, oraingoz, ebazpen klasikoa errepikatzea: Liburutegia esfera bat da zeinaren erdigune petoa edozein hexagono baita, eta zeinaren zirkunferentzia iristezina baita.

        Hexagono bakoitzeko horma bakoitzari bost apal dagozkio; apal bakoitzak formato berdineko hogeita hamabi liburu dauzka; liburu bakoitza laurehun eta hamar orrialdetakoa da; orrialde bakoitza berrogei lerrotakoa; lerro bakoitza kolore beltzeko laurogeiren bat letrakoa. Liburu bakoitzaren bizkarrean ere bada letrarik; letra horiek ez dute ez adierazi ez iragartzen orrialdeek dakartena. Loturarik ez hori, garai batean, misteriotzat jotzen zen. Soluzioa hemen laburki azaldu aurretik (aurkikuntza hori, bertatik eratortzen diren ondorio trajikoak gora-behera, historiaren mugarri nagusia da apika), ekar ditzadan gogora bizpahiru axioma.

        Lehena: Liburutegia ab aeterno existitzen da. Egia hori, zeinaren ondorio zuzen-zuzena etorkizunean ere mundua eternala izango dela baita, ezin dudan jar dezake ezein adimen zentzuzkok. Gizona, liburuzain moldegabea, halabeharrak edo demiurgo maltzurrek sortua izan daiteke; unibertsoa, ordea, apal sorta hain dotore hori, hainbeste liburu asmagaitz... eskailera luze aspergaitzak, bidaiazale denaren ibiltoki... komunzuloak, liburuzain eseriaren pausaleku... jainko baten obra baizik ezin izan liteke hori. Jainkozkoa denaren eta gizakizkoa denaren artean dagoen aldeaz ohartzeko, aski da ene esku hutsegiteetara hain emanak liburu baten azalean zirriborratzen dituen zeinu dardarti moldagaitz hauek barruko hizki organiko horiekin parekatzea: zehatz, fin, beltz-beltzak, imitatzerik ez dagoen moduan simetrikoak.

        Bigarrena: Ortografia zeinuen kopurua hogeita bostekoa da. [1] Hori jakitetik etorri zen, duela hirurehun urte, Liburutegiari buruzko teoria orokor bat formulatzea eta behar bezalako erantzuna aurkitzea ordura arte ezein asmabidek askatzerik lortu ez zuen korapiloari: ia liburu guztiak itxuragabeak eta kaotikoak baitira, izan ere. Bat, ene aitak hamabost laurogeita hamalau ibilbideko hexagono batean ikusi zuena, M C V letrez osatua zen: letra berberak maltzurki errepikaturik, lehenbiziko lerrotik hasi eta azkeneraino. Beste bat (alde honetan jende askok jotzen du liburu horretara) letrazko labirinto hutsa da, baina azken bigarren orrialdeak Oi denbora hire piramideak dio. Jakina: zentzuzko lerro bat edo berri zuzen bat topatzerako, hainbat legoatako bidea egin behar da kakofonia zoro, hitz mordoilo eta zentzugabekeria pilaren artetik. (Nik ezagutzen dudan eskualde seta gaiztoko batean liburuzainek gaitzesi egiten dute liburuetan zentzurik bilatzeko ohitura hori, sineskeriak eragindako aztura alferrikako hori, eta ametsetan edo eskuko marra kaotikoetan bilatzearen parekotzat jotzen dute... Onartzen dute idazkeraren asmatzaileek berezko hogeita bost sinboloak imitatu zituztela, baina halabehar hutsari zor omen zaio hartarako erabili izana eta liburuek ez omen dute berez deus adierazten. Ebazpen hori, ikusiko dugunez, ez da erabat arrazoigabea.

        Luzaroan pentsatu izan zen liburu asmagaitz horiek iraganeko edo antzinako hizkuntzei zegozkiela. Egia da antigoaleko gizonek, lehen liburuzainek, bestelako hizkera zerabiltela, oraingoaren arras desberdina; egia da milia batzuk eskuinetara dialektala dela eta laurogeita hamar solairu gorago ulertezina. Hori guztia, berriz diot, egia da, baina M C V betiberdinez osaturiko laurehunda hamar orrialde ezin izan daitezke ezein hizkuntzatakoak, nahi den bezain dialektal edo landugabea izanagatik hizkuntza hori. Zenbaitek iradoki zuen bazitekeela letra bakoitzak ondorengoan eragina izatea eta M C V letra segida horrek 71. orrialdean zuen esanahia ez izatea beste orrialde bateko beste posizio batean segida berak izan dezakeena; tesi lauso hori, ordea, ez zen aurrera atera. Beste zenbaitek kriptografiak ote ziren zioten; asmabide hori onartu egin da oro har, baina ez formulatu zutenek eman zioten zentzuan.

        Duela bostehun urte, goreneko hexagono bateko buruak [2] liburu bat atzeman zuen, besteak bezain nahasia zen arren, lerro homogeneoz osaturiko ia bi orri oso zeuzkana. Asmatzaile ibiltari bati erakutsi zion bere aurkikuntza, eta hark esan zion portugesez idatzirik zeudela; beste batzuek, berriz, yiddishez zegoela. Mendebete baino lehen ebatzi ahal izan zen zein hizkuntza zen: guaraniaren dialekto samoiedo-lituaniar bat, arabiera klasikoaren zenbait molde zerabiltzana. Mamiari ere antzeman zitzaion: analisi konbinatoriozko adigaiak, eta haien lagungarri, mugarik gabeko errepikapenezko aldakiak adibide. Adibide horiek zirela-eta aurkitu zuen liburuzain burutsu batek Liburutegiaren funtsezko legea. Pentsalari hori ohartu zenez, liburu guztiak, desberdintasunik handienagatik ere, elementu berdinez osatuak dira: espazioa, puntua, koma, alfabetoko hogeita bost letrak. Bidaiari guztiek baieztu duten beste zerbait ere erabili zuen bere arrazoibidearen alde: Ez daude, Liburutegiaren luze-zabalean, berdin-berdin diren bi liburu. Premisa ukaezin horietatik ondorioztatu zuen Liburutegia erabatekoa dela eta hogeitaka ortografia-ikurren konbinazio posible guztiak jasota daudela bertako apaletan (kopuru izugarri handia; ez, hala ere, infinitua), hots, adieraz litekeen guztia: hizkuntza guztietan. Den-dena: etorkizunaren historia zehatz-zehatza, goiaingeruen autobiografiak, Liburutegiaren katalogo doia, milaka eta milaka katalogo gezurrezkoak, katalogo horien faltsutasunaren frogabidea, benetako katalogoaren faltsutasunaren frogabidea, Basilidesen ebanjelio gnostikoa, ebanjelio horren iruzkina, zure heriotzaren kontaera zin-zinezkoa, liburu bakoitza hizkuntza guztietara itzulia, liburu bakoitza liburu guztietan tartekatua, Bedak saxoien mitologiaz idatz zezakeen (eta idatzi ez zuen) tratatua, Tazitoren liburu galduak.

        Liburutegiaren baitan liburu guztiak zeudela aldarrikatu zenean, lekuz kanpoko bozkario xelebre halako bat nagusitu zen hasieran. Gizon guztiak altxor ukigabe eta isilpeko baten jabe sentitu ziren. Ez zen arazorik, ez pertsonarenik ez munduarenik, hitz ederren bidezko konponbiderik ez zuenik: hexagonoren batean. Horra unibertsoa justifikaturik, horra unibertsoak beretzat hartu esperantzaren mugagabetasuna. Garai hartan guztien ahotan zebiltzan Aldezpideak: apologia eta profeziazko liburuak, unibertsoko gizon bakoitzaren egintzak betiko aldeztu eta etorkizunerako jakinbide miragarririk gordetzen zutenak beren baitan. Milaka jende gutiziatsuak han joan ziren, beren jaiotzako hexagono amultsua utzi eta eskaileretan gora oldarrean, beren Aldezpidea aurkitzeko asmo ustelaren deira lasterka. Erromes horiek lehia zakarrean ekiten zioten iraganbide meharretan, madarikazio ilunez elkarri erasotzen, eskailera jainkozkoetan batak besteari lepoa bihurritzen, tunelen sakonera harrika jaurtitzen liburu engainagarriak, eskualde urrunen bateko gizonek amilarazirik akabatzen. Beste batzuk erotu egin ziren... Aldezpideak, izan, badira (nik bi ikusi ditut etorkizunari dagozkionak, agian irudimen huts ez diren bi pertsonarenak), baina bilatzaileei ez zitzaien gogoratzen gizon batek berea, edo berearen aldaera maltzurren bat, aurkitzeko duen posibilitatea zerotzat jo daitekeela noski.

        Gizadiaren misterio oinarrizkoak argitzeko biderik izango zela ere uste izan zen orduan: Liburutegiaren eta denboraren jatorria, alegia. Ez da zertan ez sinetsi misterio larriok hitzez azaltzeko modurik badatekeela: filosofoen hizkera aski ez bada, Liburutegiak, formetan hain oparoa izanik, sortua duke dagoeneko hartarako egoki den hizkuntza inolaerekoa, bai eta hizkuntza horren hiztegi eta gramatikak ere. Lau mende badira gizonek hexagonoak aspertzen dituztela... Bilatzaile ofizialak izendatu dira, inkisidoreak. Ikusiak ditut beren eginkinzuna betetzen: unaturik itzultzen dira beti; mailarik gabeko eskailera bat aipatzen dute, nola beren akabua izan zen ia; galeriez eta eskailerez jarduten dute liburuzainarekin; behin edo behin, hurbileneko liburua hartu eta orri-pasa darabilte esku artean, hitz doilor bila. Bistan denez, inork ez du deus aurkitzerik espero.

        Neurrizgaineko esperantzaren ondoren, ohi denez, lurjotze gehiegizko bat etorri zen. Hexagonoren bateko apalen batean balio handiko liburuak zeudela eta hain baliotsu ziren liburuok hala ere iritsiezinak zirela jakitea eramangaitza zen oso. Sekta bat, hain ere parte txarrekoa, bilaketak bertan behera uztearen aldeko agertu zen; hobe zatekeela, alegia, gizon guztiak letrak eta sinboloak kartajokoan bezala nahasturik saia zitezela, halabeharraren opari gertagaitz bat lagun, arauzko liburu horiek eraikitzen. Agintariek xedapen zorrotzak eman behar izan zituzten aurki. Sekta horrenak egin zuen, baina ene haur denboran ikusi dut gizon zaharrik komunzuloetan luzaroan gorderik, metalezko disko batzuk jokontzi debekatu batean sartu eta jainkozko desordena beren esku ahulez berreratzeko ahaleginean.

        Beste batzuen iritziz, aitzitik, alferrikako obrak deuseztea zen funtsezkoena. Hexagonoetara oldarrean sartu, baimen-agiri ez beti faltsuak erakutsi, gogo txarrez liburuki bat orri-pasa eskuartean erabili, eta apal osoak kondenatzen zituzten: haien suhartasun garbikoi, aszetikoari, zor zaio milioika liburu hain zoroki galdu izana. Haien izena oinpean erabili ohi da; haien zoramenak suntsituriko «altxorrak» deitoratzen dituztenek, ordea, bi gauza aski nabari ahazten edo dituzte. Bata: Liburutegia hain da handia ezen gizakiak bertan eragindako murriztapen oro hutsaren hurrengotzat jo litekeen. Bestea: ale bakoitza bakarra da, ordezkaezina, baina (Liburutegia erabatekoa denez) beti daude ehunka milaka faksimileak, peto-petorik ez baina: letra baten edo koma baten aldea baizik ez duten obrak. Iritzi orokorraren kontra mintzatzea bada ere, Garbizaleek egindako sarraskien ondorioak berez diren baino larriagotzat eduki ditugulakoan nago, fanatiko horiek sorrarazi zuten izuaren kariaz. Hexagono Gorribiziko liburuak erdiesteko eldarnioak lehiarazi zituen hartara: liburu arruntak baino formato txikiagokoak; guztiahaldunak, ilustratuak, magikoak.

        Badugu garai hartako beste sineskeria baten berri ere: Liburuaren Ezagulearena. Hexagonoren bateko apalen batean (arrazoitu zuten gizonek) egon behar da libururen bat gainerako guztien adierazpide eta bilduma oso-osoa dena: liburuzainen batek ibili du liburu hori eta jainko baten parekoa da. Alderdi honetako mintzairan bizirik diraute oraino funtzionario urrun horren gurtzaren zantzu batzuek. Jende asko erromes joan zen Haren xerkan. Mende oso batez alferrik aspertu zuten edozenbat norabide. Nola kausitu haren ostatu zen hexagono gorde irrikatu hura? Norbaitek atzeranzko metodoa proposatu zuen: A liburua kausitzeko, aurrez B liburu batera jo eta hark A liburuaren tokia adieraziko digu; B liburua kausitzeko, aurrez C liburu batera jo, eta horrela infinituraino... Halako abenturetan xahutu eta agortu ditut ene urteak. Ez da, ene irudiz, zertan ez sinetsi unibertsoko apalen batean erabateko liburu bat badatekeela [3]; otoika nagokie jainko ezezagunei: gizon batek —batek bakarrak, bederen, orain dela milaka urteak!— liburu hori aztertu eta irakurriko ahal zuen. Ohorea eta jakituria eta zoriona enetzat ez badira, izan bitez besterentzat. Izan bedi zerurik, ene lekua infernua datekeen arren. Izan nadila ni iraindua eta ezereztua, baina istant batean, izaki batean, justifika dadila zure Liburutegi eskerga hau.

        Jainkogabeek esan ohi dute zentzugabekeria dela ohikoa Liburutegian, eta zentzuzkotasuna, berriz (eta are koherentzia soil-soila ere, bere xumean), halako salbuespen ia mirarizko bat. Hitzetik hortzera aipatzen dute (ondotxo dakit) harako «Liburutegi sukarrak hartua, zeinean liburuki halabehar hutsezkoak bata besteaz trukatzeko zorian baitaude etengabe, dena baiezturik, dena ukaturik, dena nahasturik, eldarnio zoro batek jotako jainko halako batek egingo lukeen gisan». Desordenaren salakuntza ez ezik haren etsenplu garbi ere badiren hitzok nabarmen ematen dute aditzera hala mintzo direnen gustu ezinago txarra eta haien ezjakintasun etsi-etsia. Hain zuzen ere, Liburutegiak hitzezko egitura guztiak biltzen ditu bere baitan, hogeita bost ortografia ikurrez molda litezkeen aldaera guztiak; ez, ordea, zentzugabekeria erabatekorik bat bakarrik ere. Esan gabe doa, neure ardurapean ditudan hexagonoetan, ez baitira gutxi, den alerik bikainenak Ostots orraztua duela izenburu, eta beste batek Igeltsuzko elektrikara eta beste batek Axaxas mlö. Perpaus horiek, lehen begiratu batera hanka-bururik gabeak, aise justifika litezke kriptografiaz nahiz alegoriaz baliaturik; justifikazio hori hitzezkoa da eta, ex hypothesi, Liburutegian da dagoeneko. Ezin konbina dezaket karakter multzorik

 

dhcmrlchtdj

 

jainkozko Liburutegiak bere baitarako aurrez pentsatu ez duenik eta haren hizkuntza sekretuetako batean zentzu ikaragarriren bat hartuko ez duenik. Inork ez dezake ebaki silabarik, xamurtasun eta beldurrez beterik ez dagoenik; mintzaira horietako batean jainko baten izen ahaltsua ez denik. Hitz egitea tautologietan erortzea da. Alferrikako gutun berbatsu hau hor da lehendik ere, ezin konta ahal hexagonoetako bateko bost apaletako hogeita hamar liburukietako batean —bai eta beronen ukapena ere. (Hizkuntza posibleetatik n kopuru batek hiztegi bera darabil; zenbaitetan, liburutegia sinboloari zuzen dagokio galeria hexagonalez osaturiko sistema nonerenahiko eta betiraunkorra adiera; liburutegia, ordea, ogia da, edo piramidea edo beste edozer gauza, eta definizioa osatzen duten zazpi hitzek bestelako esanahia dute. Zu, irakurle zaitudan hori, ziur zaude ene hizkuntza ongi aditzen duzula?)

        Egunean-eguneango idazte honek gizonen oraingo izate tristea apur batez ahantzarazten dit. Dena idatzirik dagoela jakiteak adoregabetu egiten gaitu, mamu antzeko bihurtzen. Barruti batzuetan, sinetsidazue, bada gazterik liburuen aurrean ahuspeztu eta orriei barbaroki muinka ekiten dienik; ez baitira gai, ordea, letra bakar bati ere tankerarik emateko. Izurriteek, gatazka heretikoek, erromesaldiek berek, erremediorik gabe bidelapurreria ustel bihurtzen baitira, txikizio latzak eragin dituzte jendeen artean. Aipatu ditut dagoeneko, oker ez banago, suizidioak; bada, urtean-urtean sarriago gertatzen dira. Zahardadeak eta beldurrak tronpaturik nabil beharbada, baina susmoa dut giza izaki-mota —den bakarra— galtzear dagoela, eta Liburutegiak, berriz, hortxe iraungo duela: argiztaturik, bakardade huts, infinitua, guztiz ere geldia, liburu preziatuz armatua, alferrikako, ustelgaitz, sekretua.

        Infinitua idatzi berri dut. Ez dut halako ohitura erretoriko batengatik edo ezarri adjektibo hori; esan nahi baitut ez dela logikaren kontrakoa pentsatzea mundua infinitua dela. Mugatutzat jotzen dutenen arabera, bazterreneko lekuetan ziplo amaituko lirateke, ez non eta ez han, iraganbideak eta eskailerak eta hexagonoak, eta hori absurdua da noski. Bazterrik gabetzat daukatenek, berriz, ez dute kontuan hartzen liburu posibleen kopurua mugatua dela. Zilegi bekit problema zaharraren honako soluzio hauxe iradokitzea: Liburutegia baztergabea eta aldizkakoa da. Bidaiari eternal batek iraganen balu edozein norabidetan, mendeen buruan egiaztatuko luke liburuki berak errepikatzen direla desordena berean (desordena hori, haatik, errepikaturik, ordena litzateke: Ordena). Ene bakardade goibelera poz izpi bat dakar itxaropen dotore horrek [4].

 

Mar del Plata, 1941

 

        [1] Jatorrizko eskuizkribuak ez dakar ez zenbaki ikurrik ez letra larririk. Puntuazioa komaz eta puntuz baliatzen da soilik. Bi zeinu horiek, tarteak eta alfabetoko hogeita bi letrek osatzen dituzte ezezagunaren aipamenaren arabera aski bide diren hogeita bost sinboloak. (Argitaratzailearen oharra.)

        [2] Lehen, hiru hexagonoko, gizon bat zegoen. Suizidioa eta biriketako eritasunak direla eta, gainbehera etorri da proportzio hori. Malenkonia erranezin batek hartzen nau hartaz oroitzean: batzuetan gauak eta gauak eman ditut iraganbide eta harri leunduzko eskaileretan zehar liburuzain bakarrik ere topatzeke.

        [3] Berriz diot: aski da liburu bat posible izatea, halako libururik egon dadin. Ezinezkoa dena baizik ez da kanpoan geratzen. Adibidez: ezein liburu ez da era berean eskailera bat, nahiz badagoen libururik posibilitate hori eztabaidatu eta ukatu eta frogatzen duenik, bai eta eskailera baten egitura itxuratzen duenik ere.

        [4] Letizia Alvarez de Toledok ohartarazi digu halako Liburutegi handia soberan dagoela; berez, aski litzateke liburuki bakar bat, formato arruntekoa, bederatziko edo hamarreko gorputzez inprimatua, infinituki meheak liratekeen orri kopuru infinitu batez osatua. (Cavalierik, XVII. mendearen hasieran, esan zuen gorputz solido oro plano kopuru infinitu baten gainezarpenez osaturik dagoela.) Halako vademecum seda-antzekoa erabiltzea ez litzateke erosoa: itxurazko orri bakoitza bi berdinantzekotan banatuko litzateke: erdiko orri irudikagaitzak ez luke ifrentzurik.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia