Pierre Menard, Kixotearen egile

 

Silvina Ocampo-ri

 

        Aipagai dugun nobelagileak utzi duen ageriko obra erraz bil liteke zerrenda labur batean. Barkagaitzak dira, beraz, Madame Henri Bachelier-enean ageri diren hutsune eta gehikuntza nabarmenak, «protestante» joera aski ezaguneko egunkari batek batere lotsarik gabe argitaratu duen katalogo gezurrezkoan, haren irakurle deitoragarrien kalterako —nahiz gutxi eta kalbinistak diren irakurleok, edo are okerrago, masoi eta erdainduak—. Menard-en lagun zinezkoek arduraz ikusi dute katalogo hori; arduraz, eta nolabaiteko tristuraz ere bai. Esan liteke atzo bertan bildu ginela akaberako marmolaren aurrean eta zorigaitzeko altzifresen artean, eta dagoeneko Errakuntzak haren Oroipena lausotu nahi luke... Ezin utziko ditugu noski oker horiek, labur bada ere, ahalbait zuzendu gabe.

        Ongi dakit oso erraza dela nire autoritate eskaxa errefusatzea. Zilegi izango ahal zait, hala ere, bi testigantza goren aipatzea. Bacourt-eko baronesak (zeinaren vendredi ahanztezinetan izan bainuen gure malkoetako poeta ezagutzeko ohorea) ondoko lerroak onesteko grazia egin dit. Bagnoregioko kondesak, Monacoko printzerriko izpiriturik finenetako batek (eta orain Pennsylvaniako Pittsburgh-ekoa, ezkondu berri baita Simón Kautzsh nazioarteko filantropoarekin, zeinarengatik haren maniobra desinteresatuen biktimak ai! atergabe gaizkiesaten ari baitira) behingoz «zinezkotasunari eta heriotzari» sakrifikaturik (halaxe haren hitzak) bikaintasun berezkoaren ezaugarri den isilik egoten jakite dotore hori, hark ere bere oniritzia erakutsi dit orobat, Luxe aldizkarian argitaraturiko gutun ireki batean. Aitor-ageri horiek ez dira, ustez, hutsak.

        Esan dut Menard-en ageriko obra zerrenda batean erraz biltzeko modukoa dela. Arretarik handienaz haren artxibo partikularra arakaturik, honako pieza hauez osatua dela egiaztatu dut:

        a) Soneto sinbolista bat, La Conque aldizkarian (aldaera batzuekin) birritan agertu zena (1899ko martxo eta azaroko zenbakiak).

        b) Hizkuntza arrunta osatzen dutenen sinonimo edo perifrasi ez liratekeen kontzeptuen hiztegi poetiko bat eraikitzeko posibilitateari buruzko monografia bat. Kontzeptu berriok «konbentzio batez sorturiko objektu idealak lirateke, beharrizan poetikoetarako bereziki pentsatuak» (Nîmes, 1901).

        c) Descartes, Leibniz eta John Wilkins-en pentsamentuaren «nolabaiteko lotura edo kidetasun» batzuei buruzko monografia bat (Nîmes, 1903).

        d) Leibniz-en Characteristica universalis obrari buruzko monografia bat (Nîmes, 1904).

        e) Dorre-peoietako bat kenduz xake jokoa aberasteko posibilitateari buruzko artikulu tekniko bat. Menard-ek, proposatu, gomendatu, eztabaidatu, eta azkenean arbuiatu egiten du berrikuntza hori.

        f) Ramon Llull-en Ars magna generalis obrari buruzko monografia bat (Nîmes, 1906).

        g) Ruy López de Segura-ren Libro de la invención liberal y arte del juego del axedrez obraren itzulpen bat, hitzaurre eta oharrez hornitua (Paris, 1907).

        h) George Boole-ren logika sinbolikoari buruzko monografia baten zirriborroa.

        i) Frantses prosaren lege metriko funtsezkoenen azterketa bat, Saint-Simon-engandik harturiko adibidez lagundua (Revue des Langues Romanes, Montpellier, 1909ko azaroa).

        j) Luc Durtain-i emandako ihardespen bat (hark ukatu egin baitzuen halako legerik bazenik), Luc Durtain-engandik harturiko adibidez lagundua (Revue des Langues Romanes, Montpellier, 1909ko abendua).

        k) Quevedoren Aguja de navegar cultos obraren itzulpen eskuizkribatu bat, La Boussole des précieux izenburuz.

        l) Carolus Hourcade-ren litografia-erakusketaren katalogorako aitzinsolas bat (Nîmes, 1914).

        m) Les Problèmes d'un problème obra (Paris, 1917), zeinean ordena kronologikoan eztabaidatzen baitira Akiles eta apoarmatuaren problema ilustrearen soluzioak. Bi argitaraldi izan ditu liburu horrek orain arte; bigarrenak Leibniz-en harako aholkua dakar epigrafetzat: «Ne craignez point, monsieur, la tortue», eta Russell eta Descartes-i eskainitako atalak eraberriturik daude.

        n) Toulet-en «ohitura sintaktiko»en analisi temati bat (N.R.F., 1921eko martxoa). Menard-ek —gogoan dut— esan ohi zuen gaitzestea eta laudatzea operazio sentimentalak direla, kritikarekin batere zerikusirik ez dutenak.

        o) Paul Valéry-ren Cimitière marin delakoa, neurtitz alexandrinoetara aldatua (N.R.F., 1928ko urtarrila).

        p) Paul Valéry-ren gaitzerizpen bat, Jacques Reboul-en Errealitatea deusezteko orrietan. (Gaitzerizpen hori, derragun parentesi artean, Valéry-ri buruz benetan zuen aburuaren alderantzi doi-doia da. Hark hala ulertu zuen eta ez zen izan bien adiskidetasun aspaldikoa galtzeko arriskurik.)

        q) Bagnoregio-ko kondesaren «definizio» bat, kazetaritzaren nahitanahiezko huts eta okerrak zuzendu eta «munduari eta Italiari» bere pertsonaren irudi egiazko bat aurkezteko, beti baitu (beraren edertasun eta jokabidea direla bide) interpretazio erratu nahiz arinegiak jasateko arriskurik, dama horrek urtero argitaratzen duen «ale jaukalean» —lokuzioa beste kolaboratzaile batena da, Gabriele d'Annunzio-rena, hain zuzen.

        r) Bacourt-eko baronesari eskainiriko soneto sorta bikain bat (1934).

        s) Beren eragingarritasuna puntuazioari zor dioten bertso batzuen zerrenda eskuizkribatu bat. [1]

        Honaino (Madame Henri Bachelier-en album onarbera, edo oro-harrapari, horretarako soneto zirkunstantzial batzuen hutsa gora-behera) Menard-en ageriko obra, bere ordena kronologikoan. Nakion orain besteari: lurpeko, azkenik gabe heroiko, paregabe den obra. Obra, hala ere, orobat —ai gizonaren ahalmenak!— amaitu gabea. Obra hori, agian gure garaiko adierazgarriena, Don Kixotearen lehen parteko bederatzigarren eta hogeita hemezortzigarren kapituluek eta hogeita bigarrenaren zati batek osatzen dute. Badakit baieztapen horrek zentzugabekeria hutsa dirudiela; «zentzugabekeria» hori justifikatzea da, hain zuzen, ohar honen helbururik behinena [2].

        Balio desberdineko bi testu izan ziren eginbide horren bultzagarri. Novalis-en harako zati filologiko hura da bat —Dresden-eko argitalpenean 2.005 zenbakia daramana—, autore jakin batekiko erabateko identifikazioaren kontua aipatzen baita bertan. Bestea, berriz, Kristo bulebar batean, Hamlet Cannebière-n edo Don Kixote Wall Street-en kokatzen duten liburu bizkarkoi horietako bat da. Gustu oneko gizon orok bezala, higuin zituen debaldeko ihauteriok, ezin sor baitezakete —zioen— anakronismoaren atsegin merkea baino, edo (are okerrago baita) garai guztiak berdinak direlako edo desberdinak direlako ideia primarioak eragindako lilura. Interesgarriago zeritzon, nahiz egikeran kontraesantsua eta axalekoa izan, Daudet-en asmo ospetsua: figura batean elkartzea, Tartarin-engan, hain zuzen, Aitorenseme Ingeniotsua eta haren ezkutaria... Menard-ek bere bizitza Kixote garaikide bat idazteari eskaini ziola iradoki dutenek, gezurrez zikindu nahi dute haren izen garbi eta oroipen gardena.

        Ez zuen nahi beste Kixote bat konposatu —aski gauza erraza—, «Kixotea» baizik. Ez dago esan beharrik ez ziola sekula jatorrizkoaren transkribapen mekaniko bati ekin; ez zen kopiatzea noski haren asmoa. Miguel de Cervantes-enekin —hitzez hitz eta lerrorik lerro— bat etor zitezen orrialde batzuk sortzea zen Menard-en gutizia miresgarria.

        «Nire asmoa harrigarri hutsa da», idatzi zidan 1934ko irailaren 30ean Bayonne-tik. «Frogabide teologiko edo metafisiko baten azken jomuga —kanpoko mundua, Jainkoa, halabeharra, forma unibertsalak— apenas den nire nobela jende artean hain zabaldu hori baino antzinakotasun eta arruntasun gutxiagokoa. Alde bakarra da filosofoek liburuki atseginetan argitaratzen dituztela beren lanaren tarteko urratsak, eta nik, berriz, haiek galtzea erabaki dudala.» Hain zuzen ere, ez dago zirriborro bakarrik ere urtetako lan horren testigantza eman lezakeenik.

        Hasieran pentsatu zuen metodoa erlatiboki sinplea zen. Espainiera ongi ikasi, fede katolikoa berreskuratu, mairuen edo turkoen kontra gudukatu, 1602 eta 1918 urte bitarteko Europaren historia ahaztu, Miguel de Cervantes izan. Pierre Menard-ek prozedura hori aztertu zuen (badakit, esate baterako, XVII. mendeko espainiera nahikoa taxuz erabiltzera iritsi zela), baina errazegitzat baztertu zuen. Ezinezkotzat esan nahiko duzu!, egingo du irakurleak bere baitan. Konforme, baina eginbeharra aurretiaz zen ezinezkoa, eta, hura burutzeko era ezinezko guztietatik, huraxe zen interesik gutxien zukeena. XX. mendean XVII. mendeko herri-nobelagile bat izatea gutxiagotzea zen Menard-en begietan. Nola edo hala Cervantes izan eta Kixotera iristea errazagoa iruditu zitzaion —eta, beraz, interes gutxiagokoa—, Pierre Menard izaten segitu eta Pierre Menard-en esperientzien bitartez iristea baino. (Horrexek bultzatu zuen —derragun bidenabar— Don Kixotearen bigarren parteko hitzaurre autobiografikoa alde batera uztera. Hitzaurre horri leku ematea beste pertsonaia bat sortzea zatekeen —Cervantes—, baina horrek Kixotea pertsonaia horren arabera aurkeztea zekarkeen noski, eta ez Menard-en arabera. Menard-ek, esan gabe doa, uko egin zion errazkeria horri.) «Nire egitasmoa ez da zaila, funts-funtsean —irakurtzen dut gutunaren beste pasarte batean—. Aski nuke hura burutzeko hilezkorra izatea.» Aitortuko dut?: Neure baitan imajinatu ohi dut amaitzeko modua egin zuela, eta Menard-ek pentsatua balitz bezala irakurtzen dut Kixotea Kixote osoa—. Gau batzuk direla, XXVI. kapitulua orri-pasa irakurtzen ari nintzela —Menard-ek sekula saiatu gabeko atala—, gure lagunaren estiloa atzeman nuen, eta haren ahotsa-edo, esaldi bikain honetan: «las ninfas de los ríos, la dolorosa y húmida Eco». Adjektibo moral baten eta beste fisiko baten elkarketa hain ongi lortuak arratsalde batez eztabaidagai erabili genuen Shakespeare-ren bertso bat ekarri zidan gogora:

 

                Where a malignant and a turbaned Turk...

 

        Zergatik Kixotea prezeski?, esango du gure irakurleak. Hautabide hori, espainiar batengan, erraz antzean esplika zitekeen; nekezago, ordea, Nîmes-ko sinbolista batengan, zeinaren idazle kuttunetan kuttunena Poe baitzen, zeinarengandik sortu baitzen Baudelaire, eta harengandik Mallarmé, eta harengandik Valéry, eta harengandik Edmond Teste. Gorago aipaturiko gutunak argitzen du puntu hori. «Kixotea —dio Menard-ek— izugarri interesatzen zait, baina ez zait iruditzen, nola esan?, ezinbestekoa. Ezin dut imajinatu unibertsoa Poe-ren harako interjekzio hura gabe:

 

                Ah, bear in mind this garden was enchanted!

 

edo Bateau ivrerik edo Ancient Marinerik gabe; aitzitik, aise imajina dezaket mundua Kixoterik gabe. (Neure gaitasun pertsonalaz ari naiz, noski, eta ez obren garrantzi historikoaz.) Kixotea halabeharrezko liburua da, Kixotea ez da nahitaezkoa. Haren idazmoldea aldez aurretik pentsa eta idatz dezaket, tautologian erori gabe. Hamabi-hamahiru urte nituela irakurri nuen, agian osorik. Geroztik arretaz berrirakurri ditut atal batzuk; oraingoz saiatzerik pentsatzen ez dudan kapituluak, hain zuzen. Korritu ditut, halaber, entremesak, komediak, Galatea, Nobela ikasbidetsuak, Persiles eta Segismundaren lan dudarik gabe nekosoak eta Parnasoko bidaia... Kixoteaz dudan oroitzapena aise pareka liteke idatzi gabeko liburu baten aurretiazko imajina zehazkabearekin. Behin imajina hori postulatuz gero (inork ezin baitit lege onez ukatu) garbi dago nire arazoa Cervantes-ena baino askoz ere zailagoa dela. Nire aitzindari onarberak ez zion muzinik egin halabehar hutsaren laguntzari: nolabait à la diable edo osatuz zihoan, arian-arian, obra hilezkorra, hizkuntzaren eta asmamenaren inertziak eramanik. Nik, berriz, haren obra hitzetik hortzerako hori literalki berrosatzeko obligazio misteriotsua hartu dut neure gain. Nire joko bakarti hau bi lege polarrek gobernatzen dute. Lehenbizikoaren arabera, forma nahiz psikologia mailako hainbat aldaera saia ditzaket; bigarrenaren arabera, berriz, «jatorrizko» testura errenditzeraino sakrifikatu behar ditut, eta arrazoibide ukaezinez argudiatu, gainera, suntsipen hori... Eragozpen artifizial horiei beste bat gehitu behar zaio, berezkoa. XVII. mendearen hasieran Kixotea konposatzea egiteko zentzuzkoa zen, beharrezkoa, menturaz erremediorik gabea; XX.aren hasieran, berriz, ia ezinezkoa da. Ez dira alferrik pasatu hirurehun urte, gertakari guztiz ere katramilatsuz josiak. Besteak beste, bat bakarra aipatzearren: Kixotea bera.»

        Hiru oztopo horiek gora-behera, Menard-en Kixote zatikakoa Cervantes-ena baino sutilagoa da. Hark, modu gordin samar batez, zalduneriazko asmazioei bere herrialdeko errealitate probintzianoa kontrajartzen die; Menard-ek, berriz, Lepanto-ren eta Lope-ren mendeko Carmen-en lurraldea hautatzen du «errealitate»tzat. Zer espainiarkeria ez ote zizkion aholkatuko hautapen horrek Maurice Barrès-i edo Rodríguez Larreta doktoreari! Menard-ek, naturaltasun osoz, saihestu egiten du arrisku hori. Haren obran ez da ageri ijito kutsurik ez konkistatzailerik ez mistikorik ez Felipe II.ik ez fede-auturik. Ez du aintzat hartzen inongo tokiko jator kolorerik. Arbuio horrek nobela historikoaren zentzu berri bat adierazten du. Arbuio horrek erremediorik gabe kondenatzen du Salammbô.

        Ez du txundibide gutxiago eskaintzen kapituluak banaka aztertzeak. Araka dezagun, esate baterako, lehen parteko XXXVIII.a, «don Kixotek armez eta letrez egin zuen hitzaldiaz diharduena». Gauza jakina da don Kixotek (Quevedok beranduagoko La hora de todos bere liburuko pasarte analogoan bezala) letren kontra eta armen alde eman zuela auziaren epaia. Cervantes militar ohi bat zen: ulertzekoa da haren erabakia. Pierre Menard-en —La Trahison des clercs eta Bertrand Russell-en garaikide baten— don Kixotea halako sofisteria lainotsuetan berriro erortzea, ordea! Madame Bachelier-ek autorea heroiaren psikologiara makurtze tipiko bezain miresgarri halako bat ikusi du horretan; beste batzuek (batere sen zorrotzik erakutsi gabe) Kixotearen transkribapen bat; Bacourt-eko baronesak, berriz, Nietzsche-ren eragina. Hirugarren interpretazio horri (errefusaezina baiteritzot) ez dakit ausart naitekeen laugarren bat gaineratzera, Pierre Menard-en apaltasun ia jainkozkoarekin txit ongi ezkontzen dena: berak gogokoen zituenen alderantzi petoa ziren ideiak zabaltzeko joera etsi zein ironikoa. (Gogora dakargun berriro Jacques Reboul-en orri superrealistan argitaraturiko Paul Valéry-ren gaitzespen hura.) Cervantes-en testua eta Menard-ena berdin-berdinak dira hitzei dagokienez, baina bigarrena ia infinituki aberatsagoa da. (Anbiguoagoa, esango dute haren arbuiatzaileek; anbiguitatea, ordea, aberastasuna da).

        Errebelazio halako bat da Menard-en Don Kixotea eta Cervantes-ena parez pare jartzea. Cervantes-ek, esate baterako, honela idatzi zuen (Don Kixote, lehen partea, bederatzigarren kapitulua):

 

        ...la verdad, cuya madre es la historia, émula del tiempo, depósito de las acciones, testigo de lo pasado, ejemplo y aviso de lo presente, advertencia de lo por venir.

 

        XVII. mendean idatzirik, Cervantes «ingenio lego» hark idatzirik, enumerazio hori historiaren halako laudorio erretoriko bat besterik ez da. Menard-ek, aldiz, honela dio:

 

        ...la verdad, cuya madre es la historia, émula del tiempo, depósito de las acciones, testigo de lo pasado, ejemplo y aviso de lo presente, advertencia de lo por venir.

 

        Historia, egiaren «ama»; harrigarria da ideia. Menard-ek, William James-en garaikide batek, ez du definitzen historia errealitatearen ikerketatzat, haren sorburutzat baizik. Harentzat, egia historikoa, ez da gertatu zena; gertatu zela deritzoguna da. Azken perpausak —«presentearen etsenplu eta gaztigu, etorkizun denaren ohartarazpen»— ausarki pragmatikoak dira.

        Bizi-bizia da, halaber, estiloen kontrastea. Menard-en estilo antzinazaleari —hura arrotza izaki— afektazio apur bat atzematen zaio. Ez hala aitzindariarenari, airoso baitarabil bere garaiko espainiera arrunta.

        Ez da ariketa intelektualik azken finean alferrikakoa ez denik. Dotrina filosofiko bat hasieran unibertsoaren deskribapen sinesgarri bat da; urteen jiran, filosofiaren historiako kapitulu bat —edo eta parrafo bat edo izen bat— besterik ez da. Literaturan, are nabariagoa da azken fineko galkortasun hori. Kixotea —esan zidan Menard-ek— oroz gain liburu atsegin bat izan zen; orain, berriz, topa-egite aberkoietarako egokiera da, harrokeria gramatikalerako, luxuzko argitalpen lizunetarako parada. Ez ulertua izateko modu bat da loria, menturaz okerrena.

        Egiaztapen nihilista horiek ez dakarte deus berririk; berezia dena Pierre Menard-ek horretatik ondorioztatu zuen deliberoa da. Gizonaren neke guztiek zain daukaten alferrikakotasun horri aurrea hartzea erabaki zuen; aurretiaz hutsala zen egitasmo guztiz katramilatsu bati ekin zion. Aldez aurretik existitzen zen liburu bat mintzaira arrotz batean errepikatzeari eskaini zizkion bere ardura eta kezkak oro. Zirriborroak idatzi eta idatzi jardun zuen; zintzo-zintzo zuzendu zituen behin eta berriro, eta eskuizkribaturiko orriak milaka urratu zituen [3]. Ez zion inori ere orri horiek irakurtzen utzi eta kontu egin zuen bera hil ondoren haien arrastorik ez uzteko. Alferrik saiatu naiz orriok birrosatzen.

        Gogoeta egin dut zilegi dela Kixote «azken» horretan halako palimpsesto moduko bat ikustea, zeinean nolabait islatu behar baitute gure lagunaren «aurretiazko» idazkeraren aztarnek —ez garbi-garbi, noski, baina antzemateko moduan, hala ere—. Zoritxarrez, bigarren Pierre Menard batek baizik ezingo lituzke, aurrekoaren lana batekoz beste eginez, Troia horiek lurpetik atera eta berpiztu...

        «Pentsatzea, aztertzea, asmatzea —ziostan beste pasarte batean— ez dira egintza bitxiak, adimenduaren arnasa arrunta baizik. Eginkizun hori noiz edo noiz burutu izana zeruraino jasotzea, aspaldi batean inork izandako pentsamentuak altxor baten gisa gordetzea, doctor universalis delakoak behiala pentsatu zuenaren aurrean zur eta lur geratzea, geure kemenik eza edo geure barbarotasuna aitortzea da. Gizon orok behar luke ideia guztietarako gai izan, eta etorkizunean hala izango delakoan nago.»

        Menard-ek (agian nahi gabe) teknika berri batez aberastu du irakurketaren arte aukeran geldi eta baldarra, aspaldian aurrera egin ezinik baitzegoen: berariazko anakronismoaren eta okerreko egiletza egoztearen teknika, hain zuzen. Aplikazio infinituko teknika horrek dei egiten digu, eta bide ematen, Eneida baino beranduagokoa balitz bezala korritzera Odisea, eta Le Jardin du Centaure liburua, berriz, Madame Henri Bachelier-i, Madame Henri Bachelier-ena balitz bezala. Teknika horrek abenturaz betetzen ditu libururik patxadatsuenak ere. Kristoren imitazioa Louis Ferdinand Céline-ri edo James Joyce-ri egoztea, izan ere, ez al da gaztigu izpiritual aukeran motel samarron eraberritze nahikoa?

 

Nîmes, 1939

 

        [1] Madame Henri Bachelier-ek, horrez gainera, San Frantzisko Saleskoaren Introduction à la vie dévote obratik Quevedok egin zuen hitzez hitzeko bertsioaren hitzez hitzeko bertsio bat aipatzen du. Pierre Menard-en liburutegian ez dago halakoren aztarnarik. Gure lagunaren txantxa bat dateke noski, gaizki aditua.

        [2] Bide batez Pierre Menard-en irudia tankeratzeko asmoa ere izan nuen. Nola ausartu, ordea, Bacourt-eko baronesa prestatzen ari omen den orrialde urregorrizkoekin edo Carolus Hourcade-ren arkatz fineziaz eta zehaztasunez bete horrekin lehian?

        [3] Gogoan ditut haren koaderno koadrikulatuak, tatxadura beltzak, tipografia-ikur bitxiak eta intsektu-letra hura. Arratsapaletan Nîmes-ko aldirietan barrena ibiltzea maite zuen; koaderno bat eraman ohi zuen aldean, eta su alai bat egiten.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia