Irakurlearen etika sineskeriaz betea

 

        Gure letren txirotasunak, erakargarri izateko erakutsi duten gaitasun-ezak, estiloaren sineskeria halako bat sorrarazi dute, alderdi partzialetan barreiatzen den irakurketa arretagaldu halako bat. Sineskeria horrek jota daudenek estilotzat daukatena ez da orrialde baten eragingarritasun edo eragingarritasunik eza, idazlearen itxurazko trebezia han-hemenkakoak baizik: darabiltzan konparaketak, haren akustika, haren puntuazio nahiz sintaxiaren pasadizoak. Soraio dira halakoak beren usterik sendoen zein emozioekiko: teknikeriak bilatzen dituzte (Miguel de Unamunorena da hitza), idazkiak beren begiko izateko eskubiderik duen ala ez jakiteko. Entzun dute adjektibazioak ez duela arrunkerian erori behar, eta esango dizute orrialde bat gaizki idatzita dagoela baldin eta adjektiboen eta sustantiboen arteko elkarketan ustekaberik ez bada, nahiz xede orokorra gauzaturik egon. Entzun dute labur idaztea bertute dela, eta hamar esaldi laburretan luzatzeari deritzote labur idaztea, eta ez luze bat taxuz erabiltzeari. (Laburtasunaren hitzontzikeria horren, sententziaka jardun behar zoro horren adibide arauemailerik bila daiteke Hamleteko Polonio daniar estatu-gizon ospetsuaren mintzakeran, edo eta Polonio berezkoarenean, Baltasar Gracián-enean, alegia). Entzun dute silaba batzuen hurbileko errepikapena kakofonikoa dela, eta prosan min ematen dielako itxura egingo dute, nahiz bertsotan halako atsegin berezi bat eragiten dien, hura ere itxura hutsa seguruenik. Alegia, ez diote arretarik jartzen mekanismoaren eragingarritasunari, osagarrien antolamenduari baizik. Etikaren mendean jartzen dute emozioa; eztabaidarik gabeko etiketa baten mendean, hobeki esan. Hainbesteraino zabaldu da irakurlearen berezko egitekoaren ukazio hori, ezen jadanik ez da ia irakurlerik geratzen, hitzaren zentzu tolesgabean, denak baitira, izan ere, kritikarigai.

        Hain du harrera ona sineskeria horrek, ezen inor ez bailitzateke ausartuko estilo-ezarik aitortzera, bera ukitzen duten obretan, bereziki klasikoak badira. Ez da liburu onik bere estilo-sailkapenik gaberik, inor ez baitaiteke hura gabe pasa... idazlea izan ezik. Adibide dakargun Kixotea. Espainiar kritikak, nobela horren bikaintasun ongi frogatuaren aurrean, ez du pentsatu nahi izan obraren baliorik handiena (eta beharbada ukaezina den bakarra) psikologiaren aldetikoa dela, eta hainbati misteriotsu gertatuko zaizkion estilo-dohainak egozten dizkio. Egia esan, aski da Kixoteko parrafo bat edo beste ikuskatzea Cervantes estilista ez zela sumatzeko (gutxienez hitzaren oraingo adiera akustiko-apaingarrian) eta interes handiegia zuela Kixote eta Santxoren patuetan, bere ahotsari kontu eginez haiekiko arreta barreiatzeko. Baltasar Gracián-en Agudeza y arte de ingenio delakoa —beste prosa narratzaile batzuei halako laudorioak eskainirik ere; Guzmán de Alfaracheri, esate baterako— ez da deliberatzen don Kixotez oroitzera. Quevedok haren heriotza txantxaz bertsotaratu, eta ahaztu egiten du. Bi adibideak negatiboak direla egotziko zait; Leopoldo Lugones-ek, gure aldian, argi eta garbi dio: «Estiloa da Cervantesen ahulezia, eta haren eraginak ekarri dituen kalteak larriak izan dira. Koloreen pobrezia, egituraren kilikolotasuna, sekula amaierarik asmatzen ez duten parrafo arnaslarrituak, azkenik gabeko itzulikan aihenkatuz; errepikapenak, proportzio falta, ondore hori jaso zuten, obra hilezkorraren lorpenik gorena forman bilatu beharrez, mami sendoa eta zaporea barnean gordetzen zituen oskol zakarra marruskatzera eman zirenek» (El imperio jesuítico, 59. orr.). Orobat Groussac gureak: «Gauzak diren bezala deskribatu behar badira, aitortu beharko dugu obraren erdia edo gehiago aski forma ahul eta apaingabez moldatua dela; horrek aise justifikatzen du Cervantesi bere arerioek leporatzen zioten harako hizkuntza xume harena. Eta horrenbestez ez ditut adierazi nahi bakarrik eta nagusiki hitz-desegokitasunak, errepikapen nahiz truka-bihurriketa onartezinak, ez eta hitzandikeria astunezko zati eramangaitzak, baizik eta bazkalondoko prosa horren eite oro har indargea» (Crítica literaria, 41. orr.). Bazkalondoko prosa, solas-prosa eta ez deklamaziozkoa dugu Cervantesena, eta bestelakorik ez du behar. Ez dut uste oso oker geundekeenik gauza bera esango bagenu Dostoievski edo Montaigne edo Samuel Butler-i buruz ere.

        Estiloaren banitate hori beste banitate patetikoago batez puzten da: perfekzioarenaz. Ez da neurtitz-idazlerik, txiripazko eta ezteusena izanik ere, bere soneto perfektoa zizelkatu (aditz hori ez da arrotz izaten halakoaren solasean) ez duenik; soneto hori izaki agian noizbait lortuko duen hilezkortasuna zainduko duen eta denboraren gorabehera eta suntsipenek errespetatu beharko duten oroitarri nimiñoa. Ripiorik gabeko soneto bat izaten da, eskuarki, baina oso-osorik ripio hutsa dena: hots, sobrakin bat, alferrikako den zerbait. Iraupen luzeko falazia hori (Sir Thomas Browne: Urn Burial) Flaubert-ek formulatu eta gomendatu du honako sententzian: Zuzenketak (hitzaren zentzurik jasoenean) Estigia aintzirako urek Akilesen gorputzean eragin zutena eragiten du pentsamentuan: zaurtezina eta suntsiezina bilakatzen du (Correspondance, II, 199. orr.). Ez du zalantzarik uzten, baina ez da niganaino iritsi halakorik egiaztatzen duen inolako esperientziarik. (Alde bat uzten dut Estigia aintzirako urek duketen bizkortze-indarra; infernuaren oroitaztarna hori ez da argudio bat, enfasi bat baizik.) Perfekziozko idazkia, idazki hura zeinetik ezein hitz ez baitaiteke kalterik gabe alda, huraxe da galkorrena. Hizkuntzaren mudantzek albo-zentzuak eta ñabardurak ezabatzen dituzte; idazki «perfektoa» da, hain zuzen, tasun delikatu horiez ondua baita, errazen higatzen dena. Aldiz, hilezkortasunera deitua den idazkiak hutsen, gutxi gora-beherako bertsioen, arreta handirik gabeko irakurketen, ez ulertuen sua iragan dezake, ahaleginean arima galdu gabe. Ez omen da zilegi (hala diote haren testua berfinkatzen dutenek) Gongorak fabrikaturiko lerroetatik bat ere aldatzea; Kixoteak, ordea, hil ondoko gudurik irabazten du bere itzultzaileen kontra, eta bizirik dirau bertsio zabar ororen gainetik. Heine-k, espainieraz sekula entzun ez bazuen ere, betiko kantatu ahal izan zuen haren loria. Biziagoa da Kixotearen mamu aleman nahiz eskandinaviar nahiz indostanikoa, estilistaren hitz-sorkari asmotsuak baino.

        Ez nuke nahi inork ulertzerik egiaztapen horretatik atera beharreko ikaskizuna etsipena edo nihilismoa denik. Ez dut utzikeriarik sustatu nahi eta ez dut sinesten esaldi baldarraren eta epiteto traketsaren mistikarik. Neurekiko daukat, ordea, bigarren mailako hiruzpalau atsegin horiei —metaforaren begi-jolas, erritmoaren belarri-gozo, interjekzioaren nahiz hiperbatonaren ustekabe harrigarriei— lekurik ez emateak frogatu ohi digula darabilen gaiaren grina nagusitzen dela idazlearengan; horixe besterik ez diot nik. Esaldi baten laztasuna hain zaio berdin literatura jatorrari nola haren leuntasuna. Ekonomia prosodikoa, izatez, kaligrafia edo ortografia edo puntuazioa bezain arrotz zaio arteari: erretorikak bere jatorria auzilaritzan eta kantuak berea musikagintzan izateak ez digu orain artean utzi egia garbi hori ikusten. Egungo literaturaren hankasartze kuttuna enfasia da. Behin betiko hitz erabatekoak, azti baten edo aingeru baten jakituria postulatzen duten hitzak, edo eta giza neurritik gorako sendotasun halako bat eskatuko luketen deliberoak —bakarra, sekula, beti, oro, perfekzioa, kunplitua—, horiek eta beste, barra-barra darabiltza idazle orok egunero. Ez zaie burutik pasatzen gauza bat sobera aipatzea hain dela trebeziarik ezaren seinale nola baita guztiz ez aipatzea, eta gauzak zabarki orokortu eta indarbiziagotzeko joera zabarretik pobrezia datorrela, eta hala irizten diola irakurleak ere. Halakoen zuhurgabekeriek haren balio-gutxitze halako bat eragiten dute. Hala gertatzen da frantsesez, non Je suis navré esamoldea «Ez naiz joango zuekin tea hartzera» edo adierazteko erabiltzen baita eskuarki, eta aimer aditza «gustatu» adierara makurrarazi baita. Frantsesaren hiperbolerako joera hori orobat ageri da hizkuntza idatzian: Paul Valéry-k, argitasun antolatzailearen heroiak, Lafontaine-ren lerrokada ahantzi eta ahanzteko moduko batzuk bere idazkian jaso eta honakoxe baieztapena degigu (norbaiten kontra): «ces plus beaux vers du monde» (Variété, 84).

        Orain etorkizun kontu jardun nahi dut, eta ez iragan kontu. Ikasi dugu dagoeneko isilean irakurtzen, zorionean ikasi ere; ez baita sintoma txarra. Bada dagoeneko neurtitz-irakurle isilik. Isil-trebetasun horretatik idazketa soil-soilik ideografikora —esperientzien, eta ez soinuen, komunikazio zuzenera— distantzia ahitezina dago, baina etorkizuna baino laburragoa beti ere.

        Ukaziook berrirakurri eta hona zer otu zaidan: Ez dakit musikak musikaren etsipena hartzen ote dakien eta marmolak marmolarena; literaturak, ordea, bera jadanik mutu egongo den garai hura iragartzen daki, eta bere bertutearen kontra gogor jardukitzen eta bere desegintzarreaz maitemintzen eta bere azkenari gortea egiten.

 

1930

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia