Z

 

Zabor, iz. Balio ez duen gauza, hala nola Boreaplastik hegoalderantz lapazorriak bezala ugaritu diren tribuen erlijioak, filosofiak, literaturak, arteak eta zientziak.

 

Zahar, izond. Erabat erabilezina izan ez arren, erabiltzeko egoera kaxkarrean dagoena, adibidez agurea. Denboraren joanak ospegabetua eta herriaren gustuarentzat mingotsa, liburu zahar bat, kasu.

 

                «Liburu zaharrak,» zioen Gobyk «pikotara doazela!

                Egin berria nahi dut ogia, liburuak ere hala.»

                Naturak berak zuzenesten du Goby horren erregela

                eta ematen digu unero egin berri den ergela.

Harley Shum.

 

Zaharkitu*, izond. Lotsatiek erabiltzeari utzi diotena. Batik bat hitzei buruz esaten da. Lexikografo batek zaharkitutzat jo duen hitza horrez geroztik beldurgarri eta higuingarri bihurtzen da idazle ergelarentzat; hala ere, hitz egokia bada, eta ez badu baliokide berri xuxen egokiagorik, behar bezain egokia da idazle onarentzat. Izan ere, idazle batek hitz «zaharkituekin» duen jarrera haren trebetasun literarioaren neurri zuzena da, beste edozeinen parekoa, obraren funtsa salbu. Hitz zaharkituentzat edo zaharkitzeko bidean direnentzat hiztegia ez litzateke soilik izango perpausaren zati sendo eta ederretan aberatsa; irakurle konpetentea izatea suertatu ez litzaiokeen idazle konpetente bakoitzaren aberastasunak franko handituko lituzke.

 

Zahartzaro, iz. Bizitzako aro bat, irispidetik kanpo ditugun bizioengatik gaizki esaka arituz, oraindik atsegin ditugunekin konponbideak bilatzen dituguna.

 

Zakur*, iz. Emendiozko edo ordezko Jainko mota, munduaren adorazio gehiegizko eta haborokina bereganatzeko izendatua. Izaki Jainkozko honek, bere haragizkotze txikien eta leunenetan, ezein giza arrek lortzerik espero ez duen lekua hartzen du Emakumearen atxikimenduan. Zakurra antigoaleko hondar bat da, anakronismo bat. Ez du lurra lantzen, ez du ehuntzen, eta hala ere Salomon bere loria guztian ere ez zen egun oson etzanda egoten lanpas baten gainean, eguzkipean izerditan blai, euli-bazka bihurturik eta guri-guri, bere jabeak lan egiten zuen bitartean isats salomonikoaren dantza alferra eta gainera esker oneko begirada gozoa erosteko.

 

Zalantza, iz. Arrakastaren osagai nagusia; «zeren,» Sir Thomas Brewboldek esan zuenez, «ezer ez egiteko bide bakarra eta zerbait egiteko, berriz, bide asko daudenean, zeinetatik, ziurrenik, bakarra den zuzena; ondoriotzat ateratzen da zalantzagatik geldi geratu zenak ez zeukala aurrera jo zuenak adina aukera okerreko bidea hartzeko». Arazoaren azalpen argi eta egokia.

        «Eraso egitea horren laster erabakitzea,» esan zion behin Grant jeneralak Gordon Granger jeneralari, «miresgarria izan da; bost minutu besterik ez zenituen erabaki hori hartzeko.»

        «Bai, jauna,» erantzun zion menpeko garaileak, «benetan gauza handia da larrialdietan zer egin jakitea. Eraso egin edo atzera egin zalantzan nagoenean, ez naiz zalantzan minutu bat ere egoten... txotx ala motx egiten dut.»

        «Zer diozu? Hori egin duzu oraingoan?»

        «Bai, jenerala; baina, Jainkoaren izenean, ez eman erritarik. Txotxak esandakoaren kontrakoa egin baitut.»

 

Zaldun, iz.

 

                Behinola gerrari noble jaioa,

                pertsona bat, gero, merituzkoa,

                orain sekulako txoropitoa.

                Gerrari, pertsona, txoro ez gehio

                zakurrak zaldundu behar beherago

                iristeko; orduan Zaldun zakurdun

                ginateke, edo Zaldun eulidun,

                San Extoanen Ordenako zaldun,

                San Phantzarten zaldun kokots-handiak.

                Jaunak uxa bitza zalduneriak

                ekarri dituen erokeriak!

 

Zango, iz. Zuhaitzaren besoa edo emakume amerikarraren hanka.

 

                Damak bota pare bat zuen erosia;

                saltzailea haiek lotzen zitzaion hasia

                nire ustez, zilegi den baino gorago...

                eta han komeni zen baino estuago.

                Zeren Bibliak dio... ez zaigu axola.

                Ez daukat inola

                besterengan aurkitu eta zehatzerik

                neronek egin ohi ez dudan bekaturik,

                joeraz naiz hola.

                Bakoitzak ditu bere ahultasun txikiak:

                nirea, saihestea bekatu guztiak.

                Halere, ez litzateke batere zuzena

                harrika hasterakoan ni izatea lehena.

                Gainera, esan behar, gauza den bezala,

                bota haien eitea halakoa zela.

                Gizonak lokarria estutu ahala,

                dama muzindu eta lotsaz dio honela:

                «Botak altuegiak dira, alajainkoa!,

                hilduratzen didate ederki zangoa.»

                Saltzaileak egin du irriño goxoa,

                bailitzan asmo txarrik gabeko haurtxoa.

                Gero hantxe gelditu eta bat-batean

                tristura azaldu zaio begien tartean.

                Nahiz eta gizonari bost axola izan

                dama haren nekeak, behatzak neurtzean,

                erantzun zion modu egokienean:

                «Ez nituzke mindu nahi zure zango finak.»

                Hala zuen eskatzen emandako minak.

B. Percival Dike.

 

Zani, iz. Antzinako antzerki italiarreko pertsonaia, aldrebeskeria barregarriz saiatzen zena buffone edo pailazoak egiten zuenaren histak egiten, eta horrenbestez tximu baten tximu bihurtzen zena; izan ere, pailazoak antzerkiko pertsonaia serioa imitatzen zuen. Zani izan zen komiko profesionalaren guraso, gaur gure zoritxarrerako ezagutzen dugun eran. Zaniren baitan sorkuntza etsenplu bat dugu; umoristaren baitan, transmisioarena. Zani modernoaren beste espezimen bikain bat apaiza da, zeinak erretorearen histak egiten dituen, zeinak apezpikuaren histak egiten dituen, zeinak artzapezpikuaren histak egiten dituen, zeinak deabruaren histak egiten dituen.

 

Zantarkeria, iz. Bestek guri buruz erabiltzen duen gaitzespen hizkera.

 

Zanzibartar, izond. Zanzibarko Sultanerriko biztanlea; Afrikako Ekialdeko kostaldearen parean da. Zanzibartarrak, herri gerrazalea, gure herrialdean duela urte batzuk gertatutako istilu diplomatiko batengatik ezagutzen ditugu hobeki. Hiriburuko kontsul amerikarra itsasora ematen zuen etxe batean bizi zen, eta tartean hondartza bat zen. Diplomatikoaren familiari eskandalu handia eman arren, eta kontsularen beraren kexu ugariak gorabehera, herriko jendea hondartzan bainatzen tematu zen. Egun batean emakume bat iritsi zen hondartzara eta jantzita zeukan guztia (sandalia pare bat) eranzten ari zela, kontsulak, bere onetik aterata, perdigoi zaparrada bat bota zion pertsona haren alderik nabarmenenera. Zoritxarreko gertakizuna ordurarte bi herri handiok zuten entente cordiale-rako; izan ere, Sultanaren andrea zen.

 

Zarata, iz. Belarriak jasaten duen kiratsa. Musika hezigabea. Zibilizazioaren emaitza nagusia eta hari jatortasuna ematen diona.

 

Zartagin*, iz. Emakumearen sukaldea den zigor erakundean erabiltzen den zigor tresneriako osagai bat. Zartagina Kalbinek sortu zuen, eta bataiatu gabe hildako arra beteko haurrak frijitzeko erabili; eta behin batean, zabor-ontzitik haur frijitu bat konturatu gabe hartu eta jan zuen eskale bat ikusi zuelarik, teologo handiari bururatu zitzaion heriotza bere izu guztietatik libratzea, eta horretarako zartagina Genevako etxe guztietara zabaltzea. Hortik mundu osoko txoko guztietara hedatu zen, eta laguntza paregabea izan da haren fede iluna zabaltzeko. Dirudienez, hurrengo lerroek (Potter Apezpikuarenak omen dira) esan nahi dute tresna hau ez dela mundu honetan bakarrik baliagarria, baizik eta, bizitza honetan erabiltzearen ondorioak hurrengo bizitzaraino iristen direnez, beste alde hartan ere erabiltzen dela, jarraitzaileentzako sari gisa:

 

                Deabrua behin batean

                deitu zuten zerura.

                Pedrok: «Asmo-alorrean

                ona duzu itxura,

                asmaketa berrietan

                behar duzu freskura.»

 

                «Hara, gogor saia zaitez

                aspaldiko plan hura

                martxan jartzen; diotenez,

                zartagiko tortura

                ez da makala; aidanez,

                gaiztoentzat onura.

 

                »Zartagin bat har ezazu,

                koipea bota hara;

                gaiztoak hantxe kixkaldu.»

                «Beste hau hobea da:

                Haien jana han maneatu,

                dena bota bertara.»

 

Zatarkeria, iz. Guk besteri buruz erabiltzen dugun gaitzespen hizkera. Hitza sotiltasun guztiz klasikokoa da; are gehiago, alegia batean erabili omen zuen Georgius Koadjutoreak, hamabosgarren mendeko idazlerik zozoenetakoak... Zozokeriaren Eskolaren sortzailetzat hartu ohi dena, bestalde.

 

Zatikapen, iz. Bereizketa, adibidez lurra banatzerakoan egiten dena; alegia, bakoitzak banaka lurra edukitzea, ez partzuergoan. Indioen zenbait tribu lurra zatiturik edukitzeko behar bezain zibilizatu gabekotzat jotzen dira, tribu erakundeen bitartez antolatu izan baitute lurraren kontua, eta ez baitzuten zilegi lurrak Zuriei saltzea kristalezko perlen eta patata-whiskyaren truke.

 

                Oi indio gaixoa, buru hain txarrekoa,

                aurrean hilobia, atzean herioa!

                Kolonoek ez dute nahi zu hor gelditzea,

                nahiago zure puska urriez jabetzea.

                Desjabetzeak bere liluraren jolasez

                asko eskaini dizu, baina eman ezer ez.

                Bere gar iraunkorra eta har hilezkorra

                «lurzati banatuak» hitz polit itsaskorra

                erabiliz hoztu da edo hil azkenean,

                eta orain loturik zaude kate motzean.

 

Zatitzaile, iz. Pertsona batena den diru kopurua beste baten patrikan zenbat aldiz dagoen adierazten duen zenbakia... normalean han eduki daitekeen adina aldiz.

 

Zelebrekeria, iz. Nabarmentzeko metodorik merkeena, hain merkea non txoroek beren ezina nabarmentzeko erabiltzen duten.

 

Zenit, iz. Zutik dagoen gizon batek edo hazten ari den azaburu batek gain-gainean duen zeruko puntua. Ohean den gizonak edo eltzean den azaburuak zenitik ez dutelako ustea zabaldua da, nahiz eta garai batean adituen artean gaiaren ikuspegi horretatik eztabaida handiak izan ziren, batzuek esaten baitzuten gorputzaren postura ez zela funtsezkoa. Horiei horizontalistak esaten zitzaien, besteei, berriz, bertikalistak. Heresia horizontalista Xanobusek menderatu zuen, Abarako errege-filosofoak, bertikalista amorratua baitzen. Gaia eztabaidatzen ari zen filosofo batzar batera sartzean, giza buru moztu bat bota zuen bere etsaien oinetara, eta eskatu zien haren zenita zehazteko, horrekin batera argituz buru haren gorputza orpoetatik zintzilik zegoela kanpoan. Horizontalistek, beren buruaren burua zela oharturik, ipurdia galduz onartu zuten koroak nahi zuen edozein fede, eta Horizontalismoak fides defuncti-en artean hartu zuen bere lekua.

 

Zenobita*, iz. Gaiztakeriaren bekatuaz gogoeta egiteko bere burua leku itxi batean sartzen duena; eta bere buruan hori ahaztu gabe edukitzeko jarraibide okerrak ematen dituen anaidi bateko kide egiten dena.

 

                Oi zenobita, oi zenobita,

                monje kastako ardia,

                zu ez zaitugu anakoreta,

                hura baita bakartia:

                otoitz zaparradaz jotzen duzu Txerren,

                tiro bakanez hark doi du alditxartzen!

Quincy Giles.

 

Zentauro*, iz. Lanaren banaketa gehiegi espezializatu baino lehenagoko giza arraza bat, antzinako atsotitz merkezalearen jarraitzailea zena: «Gizon bakoitza bere zaldi.» Saileko onena Kiron zen, zaldiaren zuhurtziari eta bertuteei gizakiaren arintasuna erantsi baitzien. San Joan Bataiatzailearen burua erretiluan ekartzeari buruzko istorioak erakusten du mito paganoek nolabait historia sakratua aberastu dutela.

 

Zentzudun, izlag. Geure iritziek kutsatzeko arriskua duena. Amore ematera, atzera egitera eta ihes egitera emana.

 

Zerbero, iz. Hadesko ate-zakurra, eginbehartzat sarrera zaintzea zeukana; ez dago garbi zeren edo noren aurka, denek lehen edo geroago hara joan beharra baitzeukaten eta inork ez baitzuen atera nahi. Zerberok hiru buru omen zituen, eta poeta batzuek ehun ere egotzi izan dizkiote. Graybill irakasleak, bere erudizio liburutikoa eta grezieraren ezagupen sakona dela medio iritzi pisuzkoa aitortzen zaionak, kalkulu guztien batez bestekoa egin du, eta hogeita zazpi zituela dio: iritzi bueltarik gabea izan zitekeena, Graybill irakasleak jakin izan balu:

        a) Zerbait zakurrei buruz.

        b) Zerbait aritmetikari buruz.

 

Zerri, iz. Bere apetituaren katolikotasunagatik aipagarria den txoria, gurea argitzeko balio duena. Mahomatarrek eta juduek ez dute zerria estimatzen beren ohiko otorduetako osagai gisa, baina begirunea diote zerriari, ez baitzaie oharkabean pasatzen zerriaren ohituren fintasuna, lumajearen edertasuna eta ahotsaren zolitasuna. Txori hau abeslari gisa da estimatua batik bat; kaiola bat osorik kantari hasiz gero, laster jarriko du bat baino gehiago marruka negarrez. Txoritxo honen izen zientifikoa Porcus Rockefelleri da. Rockefeller jaunak ez zuen zerria deskubritu, baina harekin duen antza dela-eta horretarako eskubidea onartu zaio.

 

Zeru, iz. Gaiztoek beren arazo pertsonalez mintzatuz zu kezkatzeari utzi eta zintzoek, zureak azaltzen dizkiezunean, arretaz entzuten dizuten lekua.

 

Zetro, iz. Erregearen aginte makila, bere ahalaren zeinu eta sinboloa. Hasieran zurkaitz bat izaten zen, Erregeak erabiltzen zuena bere bufoiari errita emateko eta gobernu erabakiak geldiarazteko, proposatzaileari bizkarra hautsiz.

 

Zeus, iz. Greziako jainkoen aita, Jupiter izenpean erromatarrek gurtzen zutena, eta gaurko estatubatuarrek Gure Jainko, Urre Jainko eta gisako izenen pean adoratua.

        Ameriketako itsasertza jo izan duten esploratzaile batzuek, eta lehorrean franko barneratu omen zen batek bereziki, pentsatu izan dute izen horiek beste hainbeste jainkori dagozkiela, baina Frumppek Iraun duten Fedeak bere lan eskergan dio bertako biztanleak monoteistak direla, bakoitzak ez baitu bere buruaz beste jainkorik, eta hura adoratzen baitu izen sakratu askoren pean.

 

Zigilatzaile, iz. Eliza Erromatar Katolikoko goi mailako funtzionarioa, eginkizun inportanteenetako bat honako hau duena: Aita Santuaren zezenak Datum Romae hitzez markatzea. Printzeen gisako lansariaz eta Jainkoaren adiskidetasunaz gozatzen du.

 

Zigilu*, iz. Zenbait agiritan, haien jatortasuna eta garrantzia frogatzeko ezartzen den marka. Batzuetan argizari gainean ezartzen da eta paperari itsasten zaio; beste batzuetan, paperean bertan ezartzen da. Zigilaketa, zentzu honetan, paper garrantzitsuetan hitz edo zeinu kabalistikoak idazteko antzinako ohituraren aztarna da, paper haiek adierazten zuten autoritatearekin zerikusirik ez zuen indar magikoa emateko erabilia. British Museum-en antzinako agiri asko daude gordeta, gehienak apaiz jendearekin zerikusia dutenak, pentagrama nekromantikoz eta bestelako zeinuz balioztatuak, arao hitz gisa erabilitako inizialez; eta kasu askotan gaurko zigiluekin egiten den bezala ezarriak dira. Ia garai hauetako ohitura, errito edo formalismo zentzugabe eta esanahigabe diruditen gehienek antzinako praktika zentzuzkoren bat dutenez sorburu, atsegina da aurkitzea antzinako zentzugabekeria bat, mendetan zehar benetan baliagarri bihurtu dena. Gure «sintzero» hitza, «sine cero»-tik sortua da, «argizaririk gabe», alegia, baina jende ikasia ez dator bat horren esanahiari buruz: batzuen ustez zeinu kabalistikorik eza adierazten du, eta beste batzuek uste dute gutunak garai batean jendearen begietatik ezkutatzeko erabiltzen zen argizariaren oihartzuna dela. Garaien ikuspegi biak dira baliagarriak hipotesi premia larrian dagoenarentzat. Agiri legalei normalean eransten zaizkien L.S. inizialek, «locum sigillis», zigiluaren lekua, adierazten dute, nahiz eta zigilurik ez den gehiago erabiltzen... kontserbadurismoaren adibide paregabea, Gizakia eta animalia hilkorrak bereizten dituena. «Locum sigillis» hitzak apaltasunez proposatzen dira Pribiloff Uharteen ikurretarako, estatu burujabe gisa beren lekua Estatu Batuetan hartzen dutenerako baliagarri izan daitezkeelakoan.

 

Zimitarra, iz. Aho zorrotzegiko ezpata makurra, zeina erabiltzen ekialdetar batzuek harritzeko trebetasuna lortzen duten, hemen kontatuko den gertaerak erakusten duen bezala. Kontaera Japonieratik Shushi Itama zeritzan XIII. mendeko idazle ospetsu batek itzulia da:

        Gichi-kuktai handia Mikado zela, lepoa moztera kondenatu zuen Jijiji Ri, Gorteko goi funtzionario bat. Erritoa konplitzeko jarritako ordua jo eta berehala, a zer ustekabea hartu zuen bere Maiestateak, hamar minutu lehenago hilda behar zuen gizona lasai-lasai tronura hurbiltzen ikustean!

        «Hamazazpi mila dragoi ezinezko!» oihu egin zuen monarka amorratuak. «Ez al nian ezarri hiruretan puntuan azokan egoteko eta borreroak lepoa mozteko epaia? Eta ez al dira hirurak eta hamar?»

        «Mila jainkotasun ospetsuren semea,» erantzun zuen ministro kondenatuak, «esaten duzuna hain da egia, non egia bera horren aldean gezurra den. Baina Maiestate zerutar horren desira distiratsu biziemaileak nazkagarriro oinperatuak izan dira. Pozik joan naiz korrika nire gorputz hutsala azokan paratzera. Borreroa zimitarra biluzia aldean duela etorri da, arrandiz airean astindu, eta gero, ni lepoan jo ondoren, joan egin da, herri xehearen erasopean, beti kuttuna izan bainatzaio. Justizia eske etorri naiz, traidore etoi horren burua eskatzera.»

        «Zein borrero errejimentutakoa da koldar heste-ustel hori?» galdetu zuen Mikadoak.

        «Bederatzi mila zortziehun eta hogeita hamazazpigarren errejimentu ausartekoa... ezagutzen dut. Sakko-Samshi du izena.»

        «Ekarraraz ezak nire aurrera,» esan zion Mikadoak zerbitzari bati, eta handik ordu erdira erruduna bere aurrean zeukan.

        «Erpururik gabeko hiru hankako bizkarroker baten sasikumea!» esan zuen subiranoak trumoitsu, «zergatik jo duk hain ahulki atseginez moztu behar hukeen lepoa?»

        «Lertsun eta gerezi loreen Jauna,» erantzun zuen borreroak soraio, «agin iezaiozu gizon honi zintz egin dezan.»

        Agindua betez Jijiji Rik sudurrari behatzez heldu, eta elefanteenaren zalaparta ateraz egin zuen zintz, denak buru moztua braust erortzeko zain zeudela. Ez zen ezer gertatu: egintza bakean burutu zen azkeneraino, inolako gorabeherarik gabe.

        Begi guztiak orain borreroarengana itzulirik zeuden, Fujiama gailurreko elurra baino zuriago jarri baitzitzaion. Zangoak dardarka zeuzkan, eta arnasa estu eta larri, izuak eraginik.

        «Brontzezko lehoien zenbait isats zorrotz!» oihu egin zuen. «Ezpatari galdua eta zorigaiztokoa naiz! Gizatxar hau ahulki jo badut lepoan, ezpata astintzean oharkabean neure lepoa alderik alde pasatu dudalako izan da. Ilargiaren Aita, uko egiten diot nire karguari.»

        Hori esanik, bere mototsari heldu, burua erauzi, eta tronurantz hurbildurik, Mikadoaren oinetan utzi zuen apaltasunez.

 

Zin, iz. Zuzenbidean, Jainkoari egiten zaion dei solemnea, kontzientzia behartzen duena egia esatera, zinauste zigorpean.

 

Zinegotzi, iz. Gaizkile argi bat, bere lapurreta ezkutukoak ingurumarian nabarmenki ibiltzeko itxuraz estaltzen dituena.

 

Zinetan, adlag. Agian, beharbada.

 

Ziniko*, iz. Ikusmen akats baten ondorioz, gauzak, behar luketen bezala ikusi beharrean, diren bezala ikusten dituen lotsagabea. Hortik sortu zen Esziten artean zinikoari begiak ateratzeko ohitura, hari ikusmena hobetzeko.

 

Zipriztindu, du ad. Maliziaz besteri eratxiki norberak egiteko tentazio eta aukerarik izan ez duen gaiztakeriak.

 

Ziri*, iz. Hortzak oraindik zorroztu gabeak dituen gezurra. Gezurti porrokatuaren egiaranzko hurbilketarik handiena: bere orbita eszentrikoaren perigeoa.

 

                «Gizon guztiak, gezurti hutsak,» Dabidek behin esana da,

                esaldi hori bera ere da, niretzat, ziri galanta;

                hark ez zuen nahi, agi danean, egin egizale planta,

                hitz hutsak baino etsenplu ona askozaz hobea baita.

 

                Ez, Dabid ez zen inoiz makurtu Egia Hutsaren hesira,

                kolpea zabal hedatu zuen gizateria guztira;

                mailu kolpeak huts egin zuen, nahiz bota erdi-erdira:

                ez gara denok gezurti hutsak, batzuk zenduak baitira.

Bartle Quinker.

 

Zirku, iz. Zaldi, pony eta elefanteentzako leku bat; bertan uzten zaie ikusten gizon, emakume eta haurrek egiten dituzten lerdokeriak.

 

Zirto, iz. Arrapostuz egiten den irain zuhurra. Bortizkeria izaeraz higuingarri zaien baina laidotzeko joera bortitza duten jaunek erabilia. Hitzezko borrokan, Ipar Ameriketako indioen taktika.

 

Ziur, izond. Eztarria urratu beharrean defendatutako okerra.

 

Zomorro, iz. Politikaren arloan bere buruarekiko begirunearen eta buruaskitasunaren bizioak joa. Gutxiespenezko hitza.

 

Zoologia*, iz. Animalien erreinuaren zientza eta historia, barne hartzen duena haren erregea, Etxeko Eulia (Musca maledicta), alegia. Zoologiaren aita Aristoteles izan zen, orok onartzen duenez, baina haren amaren izena ez zaigu iritsi. Zientzia honen iruzkintzaile handienak Buffon eta Oliver Goldsmith izan dira, honako obra hauetan (L'Histoire Générale des Animaux eta Natura Bizidunaren Historia) behiak adarrak bi urtetik behin galtzen dituela erakutsi digutenak.

 

Zor, iz. Esklabo-jabearen kate eta zigorraren ordezko ongi asmatua.

 

                Aquarium-ean harrapaturik amuarraina bezala,

                ihesbidea non den bilatuz jotzen du gogor kristala;

                jirabiraka etengabean egiten du eginahala,

                ez du ikusi ere egiten norbaitek preso daukala.

                Halaxe zordun gizagaixoak ingurua libre dela

                ikusi arren, badaki ongi mugak hor behar duela;

                zorraz ederki damutu eta saihestu nahi berehala,

                ohartu baita lehenago ere pagatzea bazeukala.

Barlow S. Vode.

 

Zor izan, ad. Zorretan egon eta egoera horri eutsi. Hitzak garai batean beste esanahi bat zuen, biologiarekin lotura estuagoa adierazten zuena, «zorri izan» baitzen jatorrizko forma.

 

Zorion, iz. Besteren miseriaren ikusmirak sortzen duen sentsazio atsegina.

 

Zorion emate, iz. Bekaizkeriaren gizalegea.

 

Zoro, iz. Espekulazio intelektualaren eremua gainditu eta egintza moralen bideetan bere burua barreiatzen duen pertsona. Oroegile, eiteoroko, orobereganatzaile, orojakile, oroahaltsua da. Berak sortu zituen letrak, moldiztegia, trenbidea, bapore-ontzia, telegrafoa, zozokeria, eta zientzien zirkulua. Abertzaletasuna sortu zuen eta gerra erakutsi zien nazioei... teologia, filosofia, zuzenbidea, medikuntza eta Chicago fundatu zituen. Gobernu monarkiko eta errepublikanoa ezarri. Betieretik betierera dirau... kreazioaren egunsentiak ikusi zuen bezala egiten du orain ere zoroarena. Denboraren goiznabarrean lehenbiziko mendietan kantatu zuen, eta izatearen prozesioaren buru izan zen existentziaren eguerdian. Amona xaharrarenaren gisako eskuaz goxoki gorde zuen zibilizazioaren ilunabarreko eguzkia, eta ilunsentian gizonaren afaria —esne eta moralitate katilukada— prestatzen du eta hilobi unibertsalaren ohe-estalkiak ezartzen ditu. Eta gainerako guztiok betiko ahanzturako gauerako erretiratzen garenean, bera giza zibilizazioaren historia idaztera eseriko da.

 

Zorroztasun, iz. Umorista amerikarrari bere sukaldaritza intelektuala alferrik galtzen dion gatza; ez erabiltzeari esker, jakina.

 

Zozokeria, iz. Literatura herrikoiaren funtsezko elementu eta maila gorena. Kea darien hitz bafadak zurrungaz botatzen dituen pentsamendua. Milioi bat txororen jakintza, ergelak adierazia. Harri artifizialean fosilizatutako sentimendua. Alegiarik gabeko irakaspena. Hildako egiak hilkortasunetik duen guztia. Moraltasun-esne kikarakada erdia. Hegazterren lumatuaren pailazo sudurra. Pentsamenduaren itsasertzean ihartzen den marmoka. Arrautzak baino iraupen luzeagoko azala. Epigrama disekatua.

 

Zuhaitz*, iz. Naturak zigor tresna izateko asmatutako landarea, nahiz eta, justiziaren desbideratzea dela medio, zuhaitz gehienek fruitu kaxkarrak ematen dituzten edo bat ere ez. Berezko fruituak ematen dituenean, zuhaitza zibilizazio eragile mesedegarri eta moral publikoaren bultzagile garrantzitsua da. Mendebalde gupidagabean eta Hegoalde sentiberan haren fruitua (zuria batean, beltza bestean) ez jan arren, atsegin zaio herriaren gustuari, eta ez esportatu arren, mesedegarria da ongizate orokorrerako. Zuhaitzaren eta justiziaren arteko lotura bidezkoa Lynch epaileak egindako aurkikuntza ez dela (hark, egia esan, ez baitzion farola edo zubi-habeari buruzko lehentasunik ematen) argi geratzen da hura baino bi mende lehenagoko Morrysterren pasarte honetan:

 

        «Lurralde artan Ghogo çuaitza ecustea egoquitu citzatan, ceinaren gainean asco gauza nituen adituac; baña ura ecusi nuanean ez nion ecer bereciric somatu, ura cegoen errico nagusiac onela esan cidan:

        «Çuaitzac ez du fruituric orain, baña bere sasoian Erregueri afrontu eguin diotenac lain ecusico dizcazu adarretatic cincilic.»

        Eta guerora esan cidaten «Ghogo» itzac gure izcuntzan «jendalla» itzac duan esanai bera duala berenean». — Sortaldera eguindaco bidaldiac.

 

Zuhur*, izond. Meritu handiko pertsona askok eskuratu nahi dutena edukitzeko desio okerra duena.

 

                Johnsonek Macphersoni:

                «Eskoziar zekena!

                Ni prest nauk guztiekin

                partitzeko dena.»

 

                «Horixe egia froga

                behar ez duena,

                haiek baldin badute

                hik nahi hukeena.»

Anita M. Bobe.

 

Zuri, izond. eta iz. Beltz.

 

Zurkaitz, iz. Agintea adierazten duen zeremonietako makila. Bere taxukerak, zutoin sendoarenak, jatorrizko zeregina adierazten du, desadostasunetik begiraraztekoa, alegia.

 

Zurrut egin, ad. Txispatu, mozkortu, kazkartu, muturra berotu, atxurra bildu, lepakada bildu, zurrutari eman. Bakarkako zurruta gaizki ikusia da, baina nazio zurruteroak zibilizazioaren eta boterearen gailurrean daude. Mahomatar urzaleak kristau edanzaleekin borrokatzen zirenean, belarra segaren aurrean bezala erortzen ziren. Indian ehun mila rosbif-jale eta brandy-sodazale britainiarrek arraza ario bereko berrehun eta berrogeita hamar milioi barazkijale urzale mendean eduki zituzten. Eta ikusi besterik ez dago Amerikar whiskyzaleak zein aise bota zituen espainiar neurritsuak beren lurretatik. Halaxe izan da bikingo eroek Europako mendebaldeko kostalde osoan lapurretak egin eta bereganatutako portu bakoitzean mozkortuta lurrean geratzen ziren garaietatik: nonahi ikusten da gehiegi edaten duten nazioak aski ongi moldatzen direla borrokan, eta ez direla berriketan ibiltzen. Horregatik, Estatu Batuetako armadatik kantinak kendu zituzten atso estimagarriak zuzentasun osoz harro senti daitezke nazioaren ahalmen militarra benetan handitu izanaz.

 

Zuzenbide, iz. Salgai bat, Estatuak gutxiago edo gehiago adulteraturik herritarrari saltzen diona, bere leialtasun, zerga eta zerbitzu pertsonalen sari gisa.

 

Zuzentasun, iz. Garai batean Pantidoodletarren artean aurkitutako bertute sendoa; Oque penintsularen behe aldean bizi ziren. Europara itzultzean zenbait misiolarik nolabaiteko ahaleginak egin zituzten beren herrialdeetan zabaltzeko, baina dirudienez ez zuten asmatu ongi azaltzen. Azalpen exkax horren adibide bat Rowley Apezpiku zintzoaren sermoi kontserbatu bakarretik hartutako pasarte honetan dugu:

 

        «Orain zuzentasuna ez datza soilik gogo egoera jainkozkoan, ez eta errito erlijiosoak betetzean eta legeari hitzez hitz makurtzean ere. Ez da aski norbera zintzo eta zuzena izatea: besteak ere egoera horretan egon daitezen saiatu behar da; eta horretarako bitarteko egokia da besteak behartzea. Nire jokabide okerrak besteri kalte egin diezaiokeenez, haren zuzentasun ezak ere beste bati egin diezaioke kalte, eta hori galaraztea neure jokabide okerra saihestea bezain nabarmenki bete beharrekoa da. Horregatik, zintzoa banintz, neure auzoaren jokabide okerra eragotzi beharko nuke, indarrez behar izanez gero, neure buruari, jarrera hobearekin eta zeruko laguntzarekin, eragozten dizkiodan jokabide kaltegarri guztietan».

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia