W
W* (v bikoitza) da alfabeto guztian izen kargatua duen letra bakarra, besteak monosilabikoak baitira. Latinezko alfabetoak grezierazkoaren aldean duen abantaila hau are estimagarriagoa da «pixoriambikÒw» bezalako grezierazko hitz sinple bat letraz letra ozenki eman ondoren. Hala ere, jakintsuen ustez bi alfabetoen arteko alde horrek baino eragin handiagoa izan zuen beste arrazoiren batek «Grezia zen loria»-k izandako beherakada eta «Erroma zen handitasuna»-k izandako gorakada argitzeko. Ez dago dudarik, dena den, «w»-ren izena sinpletuz (wow deituz, esate baterako) gure zibilizazioa hedatu ezin bada ere, jasangarriago bihur daitekeela.
Wall Street*, iz. Bekatuaren sinbolo bat, deabru guztiek gaitzetsi behar dutena. Wall Street lapur zulo bat dela sinestea baliagarria da lapur arrakastagabe guztientzat, zerua iristeko esperantzaren ordez. Andrew Carnegie handi eta zintzoak berak ere fede horren aitorpena egin du.
Borrokara deitu du Carnegie izukaitzak:
«Broker guztiak dira zorri eta bartzak.»
Carnegie, erne ibili, zail baita gailentzen,
erabili arnasa zeure belak puzten.
Itzuli lainopean den zure txokora,
isildu gaita eta tartana zokora.
Ben Lomondek semea etxera deitu du,
Wall Streetetik airoso alde egin ezazu,
oraindik dolarren bat duzun bitartean
(lasai-lasai utzazu nire izenean).
Finantza-gerretatik hobe aldentzea
eta aurrea balio galerei hartzea.
Finantzen Itsasoan Errege izateko,
mingain hori galgatu behar da hobeto!
Anonymus Bink.
Washingtondar*, izond. Potomak tribuko kidea, bere burua gobernatzearen pribilegioa gobernu onaren abantailaren truke eman zuena. Hari justizia egiteko esan behar da ez zuela horrelakorik nahi.
Botoa kendu zioten eta eman zioten ordainez
ogi-jateko eskubidea, irabaziz gero aurrez.
Alferrik dabil orain, gaixoa, bere «Jefe»-aren galdez
itzuli eta zentsutik bera ateratzeko eginez.
Offenbach Stutz.
Whangdepootenawah*, iz. Ojibwa hizkuntzan, hondamendi; gogor jotzen duen samin ustekabekoa.
Zergatik nagoen barrez,
zergatik nire algara,
ezpainak hain lasaiturik,
baraila hola astindurik,
diafragma gorabehera
mugituz, nola itsaso
edo tapiz astindua,
galdetzen didazunean,
hona nire erantzuna:
arimaren sakonetik
sakanik sakonenetik
sortzen zaidan algara da,
ura iturritik bezala
mendi-xirripen antzera
natorkizu esatera
benetan kontent naizela.
Jakin nahi duzu besterik?
Arimaren sakonetik,
sakanik sakonenetik,
zergatik irteten zaidan
honenbesteko algara?
Galdetzen didazunean,
hona nire erantzuna,
bihotza pozez saltoka,
indioen lengoaian
zintzotasunez emana:
William Bryan ohartu da
zer den Whangdepootenawah!
Ez al da lertsun lerdena
aintziran zut dagoena,
zutik hantxe isilean
hegalak gurutzatuta,
lepoa luze antzean,
mokoa ezkutatuta,
bere bular sakonean,
burua atzera duena,
eta sorbaldak aurrera?
Ez al da lertsun lerdena
hotzez dardaratzen dena
ipar haizeak jotzean,
pentsatuz hobe zuela
hiltzea txikia zela
txolarrearen antzera?
Ez, ez da lertsun lerdena
ainziran zut dagoena
aintzira arre hitsean
belaun bi-biak urean.
Ez, William paregabea,
William Bryan zintzoa da,
uste du ohartu dela
zer den Whangdepootenawah.
© Ambrose Bierce
© itzulpenarena: Xabier Olarra