T

 

T. Alfabeto ingeleseko hogeigarren letra, grekoek tau izen zentzugabea ematen ziotena. Gurearen sorburu den alfabetoan garai hartako kortxo-kentzeko zakarraren forma zeukan, eta bakarrik zegoenean (feniziarrek sekula lortu ez zuten gauza) tallegal esan nahi zuen, Brownrigg doktore jakintsuak «zangotrabagailu» baliokideaz itzultzen duena.

 

Table D'Hôte,* iz. Etxeko menua. Hornitzaileak axolagabekeriarako grina unibertsalari egindako amore-emate eskuzabala.

 

                Pauchinello zaharra ezkondu berritan

                mahaira eseri zen jaki-irrikitan,

                emaztea jarririk zerbitzu lanetan

                harrapazka hasi zen plater-garbiketan.

 

                «Janari onak beti jartzen nau txoratzen,»

                esan zuen segituz presaka irensten.

                Emazte baztertuak hitzetik hortzera:

                «Etxeko menua da. Nahi beste libre da.»

Poeta elkartuak.

 

Tarifa*, iz. Inportazioetako tasa-eskala, bertako ekoizlea kontsumitzailearen gutiziatik babesteko prestatua.

 

                Giza Arimen etsaia

                kexu zebilen ikatza

                garestitua zelako,

                Estatu beregaineko

                baitzen Infernua jada:

 

                «Zuzena da errekina

                nik dohainik izatea;

                orain nire zeregina,

                zuhurkerian ibiltzea,

                bihurtu baita ezina

                erretokiak piztea.

                Nola moldatuko naiz ba?

                Jartzen ditugu txandaka,

                baina a zer bero kaka!

                Tarifa txar honek ditu

                deabru denak behartu

                iruzurra egitera,

                edozeinek nahi erara

                lehian sartzea baitauka.

                Prentsa dabilkit erreta

                ni baino kixkaliago.

                Abokatuek kolpeka

                bota naute beherago.

                Sendagileek botika

                franko didate lapurtzen,

                berez nire eskumenean

                diren bezeroak kentzen,

                eta bizirik mantentzen

                dituzte beren onean.

                Sermolariek etsenpluz

                egin gogo ez dutena

                predikatzen dute erraz.

                Politikariek burlaz

                aise egiten dute hitzez

                bete ezin beste promes.

                Honelako lehia latza

                ezin gainditurik natza,

                zertarako, ba, kexatu

                nik, Arrania-polatu!,

                egin beharko dut santu!»

 

                Errepublikano denak

                baitira santu zuzenak

                konkurrentziaren aurka

                altxa ziren; hura mauka!

                hasi ziren adarkadak,

                ozpinezko eztabaidak;

                baina Alderdi Demokratak

                bazituen esperantzak

                borroka hartan sartzeko:

                arriskuaz ohartzeko

                bi-biak ziren elkartu.

                Kentzea Zerga Sakratu

                hura ziur zen bekatu;

                beraz, Matxinatuaren

                kaltetan zena arintzeko

                sari bat eman zioten

                infernu hartan erortzen

                zen arima bakoitzeko.

Edam Smith.

 

Tarta*, iz. Indigestio deritzan txikizioaren mezularia.

 

        «Tarta hotza biziki estimatzen zuen gorpuak.» — Mucker dk. agurgarria. (Britainiar handiki baten hiletako hitzaldia)

 

                Tarta hotza da nazkagarria,

                amerikarrentzat jangarria.

                Horretxek hil nau —edo desegin—

                Londres maitetik urrin hain urrin.

(Noble batek Kalamazoon duen hilarritik hartua).

 

Teknizismo, iz. Auzitegi ingeles batean Home izeneko gizon bat auzipetu zuten, bere bizilagun bat hilketaz salatuz hari izena belzteagatik. Haren hitzak zehazki hauek izan ziren: «Sir Thomas Holtek aihotza hartu eta bere sukaldaria burutik behera jotzean, buruaren erdi bat sorbalda baten gainera eta bestea beste sorbaldaren gainera erori ziren». Auzitegiak akusatua libre uzteko agindua eman zuen; izan ere, epaile jakintsuek ziotenez, hitz horiek ez zuten hilketa-akusaziorik egiten, ez baitzuten sukaldariaren heriotza gertatu zenik esaten; hori ondorio bat besterik ez zen.

 

Telefono*, iz. Deabruaren asmakari bat, atsegin ez dugun pertsona urrun edukitzearen abantailetako batzuk ezeztatzen dituena.

 

Teleskopio*, iz. Tresna bat, telefonoak belarriarekin duenaren gisako harremana duena begiarekin; izan ere, urruneko gauzakiei alferrikako xehetasun mordo batez gu nardatzeko aukera ematen die. Zorionez ez dauka sakrifiziorako deia egiten duen txilinik.

 

Teosofia, iz. Erlijioaren ziurtasun guztia eta zientziaren misterio guztia dauzkan antzinako fede bat. Teosofo modernoak dio, budistekin batera, lur honetan konta ezin ahala aldiz eta beste hainbeste gorputzetan bizitzen garela, bizitza oso bat ez baita aski luzea gure gogoaren garapen erabatekoa lortzeko; hots, bizialdi bakar bat ez dugu aski, bihurtu nahi dugun bezain zuhur eta zintzo izateko. Erabat zuhur eta zintzo izatea perfekzioa da; eta teosofoak hain begi zolia duenez, badaki hobetu nahi duen orok azkenean lortzen duela perfekzioa. Behatzaile ez hain dohaintsuek katuak salbuesten dituzte, ez baitute ematen gu iaz ginen baino zuhurrago edo zintzoago. Teosofo berrienetako eta gizenenetako bat Madame Blavatsky zen, katurik ez zuen emakume bat.

 

Te-totalitario, izond. Ur-zalea, edari bortitzei muzin egiten diena, batzuetan erabat eta beste batzuetan erabat antzean.

 

Tinta, iz. Burdin tanogalatoz, goma arabiarrez eta urez osatutako konposatu bat, batik bat idioziaren kutsadura erraztu eta delitu intelektuala bultzatzeko erabilia. Tintaren tasunak bitxi eta kontraesankorrak dira: ospea eman eta desegiteko erabil daiteke; ospea belztu edo zuritzeko; baina erabilera zabalago eta onartuagoa du ospearen eraikineko harriak itsasteko mortero gisa, eta ondoren materialaren ziztrinkeria estaltzeko kare gisa. Badira kazetari deritzen gizon batzuk tinta-bainutegiak paratu dituztenak, eta jende batzuek horietan sartzeagatik ordaindu egiten dute gainera; beste batzuek, berriz, haietatik ateratzeagatik. Maiz gertatzen da sartzeko ordaindu duenak ateratzeko halako bi ordaintzea.

 

Torealeku, iz. Politikan, arratoi-zulo alegiazkoa, non politikariak bere jukutriekin borroka egiten duen.

 

Traidore, iz. Diskrezio baino ausardia handiagoko pertsona, aukera bat aprobetxatzean okerreko lagunak hautatu dituena.

 

Trebetasun, iz. Gizon abilak gizon hiletatik bereizten dituzten anbizio ziztrinen parte txiki bat betetzeko berezko hornidura. Analisiaren azken buruan, normalean, trebetasuna maila handi batean punpezia nabarmena dela aurkitzen da. Agian, ordea, dohain zirraragarri hori zuzen estimatua da; ez baita lan erraza ponpoxoa izatea.

 

Trenbide, iz. Gauden tokitik askoz hobeto egongo ez garenera joateko tresna mekanikoetan inportanteena. Trenbidea, hori dela-eta, biziki estimatzen du baikorrak, lekualdaketa horiek abailarik handienean egiteko aukera ematen baitio.

 

Trikinosi*, iz. Porkofagia proposatzen dutenei zerriak emandako erantzuna.

        Moses Mendlessohnek, gaixotu baitzen, mediku kristau bat eskatu zuen, eta hark filosofoaren gaitzari trikinosia zela berehala antzeman zion arren, beste izen bat eman zion, ez asaldatzeko.

        «Jan ohitura aldatzeko premia larrian zara,» esan zion. «Hemendik aurrera sei ontza zerriki jan behar dituzu egun biz bat.»

        «Zerrikia?» oihu egin zuen gaixoak. «Zerrikia? Ez dut inola ere zerrikirik jango.»

        «Benetan ari zara?» galdetu zion medikuak serio.

        «Zin egiten dut.»

        «Ederki... orduan, saiatuko naiz zu sendatzen.»

 

Troglodita, iz. Zentzu hertsian, paleolitoko harpeetako biztanlea, Zuhaitzekoaren eta Etxebizitzakoaren artekoa. Troglodita komunitate ospetsu bat Dabidekin bizi izan zen Adullameko leizean. Giza talde hura honela zegoen osatua: «estutasunak joak ziren guztiak, zorretan ziren guztiak eta pozik ez zeuden guztiak»... labur esateko, Judeako sozialista guztiak.

 

Trust, iz. Estatu Batuetako politikaren arloan, enpresa handia, gehienbat langile zuhurrez, bizibide xumeko alargunez, zaintzaile eta auzitegien ardurapeko umezurtzez eta gisa bereko gaizkile eta herriaren etsai ugariz osatua.

 

Txabola*, iz. Jauregi deritzan lore baten fruitua.

 

                Txotxolok txabola bat zeukan,

                jauregi-jabe zen Potroso.

                Txotxolok zioen: «Ez dezan

                pentsa diodala gorroto,

                ahuspez natzaio makurtuko...

                Hau sentipenaren berria,

                benetan da harrigarria!

                Aurora borealis bezain bakana da ia.»

 

                Txotxolo makurtu denean

                burua sartuz hankartean,

                Potroso harritu da arraso,

                harroturik burua jaso;

                badu hor nahikoa lausengu:

                harrokeriak baitu puztu,

                ergelkeriak gaina hartu:

                bere burua ezarri du besteren eredu.

G. J.

 

Txalo, iz. Zozokeriaren oihartzuna.

 

Txaloaldi, iz. Antzinako Erroman, ahuku ofizial dotorea, nazioaren etsaientzat kaltegarri izandakoen ohoretan antolatua. «Garaipen» txikia. Gaur oker erabiltzen da, leku eta garai jakin bateko heroiaren aldeko herri omenaldi libre eta antolatu gabea adierazteko.

 

                «Txaloaldi bat egin didate,»

                esan zuen aktoreak.

                Baina herriak, nik hala uste,

                ditu belarri erneak.

                Txalo hitzaren erroak badu

                zer esanik hau argitzen.

                «xalo»-k inozo ere esan nahi du,

                dakienak daki zer den.

Dudley Spink.

 

Tximino, iz. Animalia zuhaitz zalea, zuhaitz genealogikoetan ere eroso sentitzen dena.

 

Txirotasun, iz. Erreformaren arratoien hortzetarako zorroztarria. Txirotasuna abolitzeko prestatutako planen kopuruak hura jasaten dutenen erreformatzaileena gehi hartaz deus ez dakiten filosofoena berdintzen du. Jasaten dutenen bereizgarriak hauek dira: bertute guztiak izatea eta aberastasunera eramango omen dituzten gidariengan duten fedea, paraje horretan beren ustez bertute ezezagunak baitira.

 

Txorakeriak, iz. pl. Hiztegi bikain honi jartzen zaizkion erreparoak.

 

Txotxongiloak, iz. pl. Antzerki mota bat, non istorioa hizkuntza txikitu gabe kontatzen den. Egintza dramatikoaren formarik jasangarrienetakoa.

 

Txukun, izond. Leku eta garai bateko moduetarako nazkagarriro prestatua.

        Boorioboola-Gahko herrian gizona txukun prestatua da zeremonietarako, baldin eta sabelaldea urdin argiz pintaturik eta behi isats bat erantsirik badarama; New Yorken, nahi badu, pintura alde batera utz lezake, baina ilunabarrean artilezko bi isats eraman behar ditu beltzez pintaturik.

 

Tze-tze (edo Tse-tse) euli, iz. Afrikako intsektu bat (Glossina morsitans), zeinaren ziztada loezinerako erremediorik hoberena kontsideratzen den, nahiz eta zenbait gaixok nahiago duten nobelagile amerikarrarena (Mendax interminabilis).

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia