P

 

Pagano*, iz. Argi gutxiko izakia, ikus eta uki dezakeena adoratzeko erotasunak joa. Kaliforniako Estatu Unibertsitateko Howison irakaslearen arabera, hebrearrak paganoak ziren.

                Howison filosofo kristauak hau dio:

                hebrear jendajea omen da pagano.

                Barka zakarkeria, ni naiz agnostiko

                eta erlijiozko liskarretarako

                bertsotan aritzea dudana gogoko.

 

                Hebrearrek Howison ezin ongi hartu,

                modus vivendi batek nola haiek elkartu?

                Baina zeruak ni nau, hortaz, aukeratu,

                liskarrean tartean jo eta su sartu

                nadin eta benetan dezadan gozatu.

 

                Niretzat hauxe duzu kontuaren muina,

                benetan esango dut neure egia zina:

                nirekin bat ez dena ez da gizon duina

                niri hartuagatik erraz aski gaina,

                dela -iko nahiz -zale nahiz -ante fin-fina.

 

                Howisonek kokotsa altxagatik gora

                eroapenik gabe ez goaz inora.

                Erre-usaina harentzat hutsa izango da

                baina nago barrutik kea dariola...

                Doala berarentzat egin infernura!

Bissell Gip.

 

Paldotu*, du ad. Herri hizkeran, zaurian finko sarturik geratzen den edozein armaz sastatzea. Hau, ordea, ez da erabat zuzena; paldotzea, hain zuen, beste hau da: zutoin zorrotz bat gorputzean sartuz hiltzean, biktima eserita geratzea. Hau zigor mota arrunta zen antzinako herri askotan, eta oraindik ere franko erabiltzen da Txinan eta Asiako beste zenbait aldetan. Hamabosgarren mendearen hasieran oso zabaldua zegoen herexe eta zismatikoak «elizaren arrastoan sartzeko». Wolecraftek «damu-jarlekua» deitzen dio, eta herri xeheak, txantxetan, «zaldi hankabakarraren gainean ibiltzea» esaten zion. Ludwig Salzmannek diosku Tibeten hauxe dela erlijioaren aurkako lege-hausteetarako zigorrik egokiena; eta Txinan batzuetan lege-hauste sekularrengatik ezarri arren, maizago esleitzen omen da sakrilejio kasuetan. Paldotzearen esperientzia bizitzen ari den pertsonarentzat axola gutxiko kontua izan behar du bere deserosotasuna zein okerrengatik merezi izan duen, erlijiozko edo zibilengatik; baina, dudarik gabe, atsegin emango lioke bere burua ikusi ahal izango balu Benetako Elizaren kanpandorreko haize-orratzeko oilar bihurturik.

 

Pandemonium*, iz. Literalki Deabru Guztien Bizilekua. Haietako askok politikan eta finantzetan aurkitu zuten babeslekua, eta leku hura orain Erreformatzaile Ahoberoak irakurgela gisa erabiltzen du. Hizlariaren ahotsak asaldatzen dituenean, antzinako oihartzunek harrotasun gehiegizkoari dagozkion erantzunak ematen dizkiote.

 

Panteismo*, iz. Dena Jainkoa dela dioen doktrina, Jainkoa dena dela dioenaren aurkakoa.

 

Pasaporte, iz. Herritarrari bere herrialdearen mugetatik kanpora atera behar duenean traizioz ezartzen zaion agiria, atzerritarra dela agerian jartzen eta gaitzespen bereziaren eta laidoen xede bihurtzen duena.

 

Patrika, iz. Motibazioaren sehaska eta kontzientziaren hilobia. Emakumeak ez du organo hau; horregatik, motiborik gabe jarduten du, eta haren kontzientziak, hilobia ukatu baitzaio, beti bizirik irauten du, besteren bekatuak aitortuz.

 

Pattar, iz. Bixigarri mota bat honela osatua: parte bat trumoi-tximista, parte bat bihotz-zimiko, bi parte hilketa odoltsu, parte bat herio-infernu-eta-hilobi eta lau parte Satan argitsu. Dosia, burua-bete, denbora guztian. Pattarra, Johnson doktorearen arabera, heroien edaria da. Heroi bat bakarrik arriska daiteke edatera.

 

Patu, iz. Tiranoak krimenerako duen agintearen oinarria eta txoroak porrot egitean ematen duen aitzakia.

 

Pedigree, iz. Igeritarako puxikaz hornitutako arbaso zuhaiztar batetik ondorengo hiritar zigarrodunerainoko bidearen zati ezaguna.

 

Perdigoikada*, iz. Estatu Batuetako sozialisten eskariei erantzuteko, etorkizuna prestatzen ari den argudioa.

 

Peripatetiko*, izond. Batetik bestera dabilena. Aristotelesen filosofiarekin lotua, irakasten zuen bitartean batetik bestera ibiltzen baitzen, ikasleen erreparoei iskintxo egiteko. Arreta alferra... ez baitzekiten filosofiaz hark baino gehiago.

 

Piano, iz. Salako tresna bat, bisitari nekaezina uxatzeko baliagarria. Makinaren teklak eta entzuleen animoa zanpatuz funtzionatzen du.

 

Pigmehar, iz. Gizon txiki-txikiz osatutako tribu bateko kidea, antzinako bidaiariek munduko alde askotan baina oraingoek Afrika Erdialdekoan bakarrik aurkitua. Pigmeharrei izen hori zuriengandik bereizteko ematen zaie... zuriei pigzabal deritze.

 

Pikota, iz. Norbaiten nabarmenkeria agerian jartzeko tresna mekanikoa: egungo egunkarien aurrekaria, zeinen zuzendariak bertute larderiatsu eta ohitura eredugarriz jantzitako pertsonak baitira.

 

Pintura, iz. Gainalde leunak eguraldiaren erasoetatik babestu eta kritikariarenen mende uzten dituen artea.

        Garai batean pintura eta eskultura elkarren osagarri ziren: antzinako artistek beren eskulturak pintatzen zituzten. Bi arte horien lotura, gaur egun, hau besterik ez da: gaurko pintoreak bere babesleak zirizelkatzen dituela.

 

Pirata, iz. Maila apaleko konkistatzailea, handitasunaren meritu santifikatzailerik ez duten anexioak egiten dituena.

 

Pirateria, iz. Bortxa-atorrarik gabeko salerosketa, Jainkoak egin bezalakoxea.

 

Pirronismo*, iz. Antzinako filosofia, sortzailearen izena hartu duena. Pirronismoaz gainerako beste edozertan batere ez sinestea zuen funtsa. Gaurko jarraitzaileek horretan ere ez sinestea erantsi diote.

 

Plagiatu, ad. Norberak sekula santan irakurri ez duen beste idazle baten pentsaera edo estiloa hartu.

 

Plagio*, iz. Kointzidentzia literarioa, lehentasun zalantzazko eta ondorengotasun fidagarriz osatua.

 

Plana egin, du ad. Halabeharrezko emaitza bat lortzeko metodorik hoberenaz kezkatu.

 

Platoniko, izond. Sokratesen filosofiarekin lotua. Maitasun platonikoa ezintasun eta hoztasunaren arteko atxikimenduari ematen zaion izen txoroa da.

 

Plebeiu*, iz. Bere herriaren odolean eskuak baizik zikintzen ez zituen antzinako erromatarra. Patrizioarekin ez da nahastu behar, hura disoluzio saturatua baitzen.

 

Pleonasmo*, iz. Pentsamenduaren kaporal bat eskoltatzen duen hitzezko armada.

 

Poesia, iz. Aldizkarien Lurraldeaz haraindiko adierazpide mota berezia.

 

Poker, iz. Karta joko bat, lexikografo honek zer helburu duen ez dakiena.

 

Polemika, iz. Liskar bat, non kanoi bala mingarriaren eta baioneta gaizki heziaren ordez listua eta tinta erabiltzen diren.

 

                Eztabaida sutsuetan egizu ahalegina

                —hori baita zahar-gazteen hitz borroka duin-duina—

                etsaiak amorraturik egin diezaion mina

                berak bere buruari zuk berari adina.

                Betortz hilgarriez zauri dadila amorraturik,

                nola sugea lurrean burua zanpaturik.

                Mirakulu hau lortzeko bidea hauxe duzu:

                lehenik haren ideiak banaka har itzazu,

                kontrakoa berarixe frogaraz iezaiozu,

                bere ideiak hankapetik kenduko baitizkizu.

                Azal ezazu orduan frogatu nahi duzuna,

                argudioen sarreran erabili zentzuna.

                Esan beti: «Zuk hain ongi lehen esan duzunez»,

                edo: «Zentzu handiz bikain zerorrek diozunez»,

                edo: «Bidenabar, zure ikuspegitik, beraz...»,

                edo: «Zure argudio sendoa hartuz ardatz...»

                Horrez gaineko guztia berak egin dezala,

                ziurtatu gero bere hitza bete duela:

                zure ikuspegia ongi iruditzen zaiola.

Conmore Apel Brune.

 

Poligamia, iz. Damu etxea edo penitentziarako kapera, damu aulki zenbait dituena, monogamiak ez bezala, bakarra baitu.

 

Politika, iz. Printzipioen eztabaidaz mozorrotutako interes borroka. Afera publikoak abantaila pribaturako bideratzea.

 

Politikari, iz. Gizarte antolatuaren eraikinaren pilareak sartuta dauden lokatzean bizi den aingira. Bihurrikatzen denean bere buztanaren inarrosaldiak eraikinaren astinduekin nahasten ditu. Estatu gizonekin alderatuz gero, bizirik egotearen desabantailen zama du bere gainean.

 

Polizia, iz. Babesteko eta partiketarako indar armatua.

 

Populista*, iz. Nekazaritzako lehen garaietako abertzale fosildua, Kansasko lurpeko xaboi-harri gorri antzinakoetan aurkitzen dena; belarri handitasuna du ezaugarri, eta horrek naturalista zenbaiti hegaldatzeko ahalmena eztabaidarazi dien arren, Morse eta Whitney irakasleek pentsamenduaren ildo desberdinetatik zorroztasunez ohartarazi dutenez, dohain hori izan balu, beste edozein tokitara hegaldatua izango zen honezkero. Bere garaiko hizkera bitxian, guganaino hondar batzuk iritsi baitira, «Kansasko Arazoa» esaten zitzaion.

 

Portu, iz. Ekaitzetatik babesturik dauden ontziak aduanazainen amorruaren mende geratzen diren lekua.

 

Portugantzar, iz. Jatorriz Portugalekoa den antzara espezie bat. Gehien bat lumagabeak dira, eta jateko ez oso onak, baratzuriz beteta ere.

 

Positibismo*, iz. Benetakoaz dugun ezagutza ukatzen duen eta Itxurazkoaz dugun ezjakintasuna baieztatzen duen filosofia. Defendatzailerik luzeena Comte du, zabalena Mill eta trinkoena Spencer.

 

Prebarikatzaile*, iz. Gezurti bat beldar egoeran.

 

Predestinazio, iz. Gauza guztiak programa baten arabera gertatzen direla dioen doktrina. Ez litzateke nahastu behar aurre-erabakiaren doktrinarekin, horrek baitio gauza guztiak programaturik daudela, baina ez horren arabera gertatzen direnik; izan ere, hori beronen sorburu diren beste doktrina batzuen ondorioa da. Diferentzia hori aski izan da kristautasunean tinta-uholdeak sortzeko, eta odol uholdeez hobe ez mintzatzea.

        Bi doktrinen arteko bereizketa gogoan edukiz eta biak neurrizko begirunez sinetsiz, betiko hondamenari iskintxo egiteko esperantza izan dezakegu, libratuz gero.

 

Prelatu, iz. Elizako karguduna, santutasun maila gorenekoa eta sustapen lodikoa. Zeruko aristokraziako kidea. Jainkoaren markexa.

 

Prerrogatiba, iz. Erregeak okerra egiteko duen eskubidea.

 

Presa, iz. Traketsen egikera itsumustukoa.

 

Presati, izond. Gure aholkuen balioa aintzat hartzen ez dakiena.

 

                «Utzazu bertan behera zure apustua,

                bestela bukatuko duzu lumatua.»

                «Egon lasai, gizona, ez naiz jokalari.»

                «Hain presati zinela nork esango niri?»

Bootle P. Gish.

 

Presbiteriano, iz. Eliz agintariek «presbitero» izena beharko luketela defendatzen duen pertsona.

 

Presidente, iz. Giza talde txiki bateko kide nagusia. Talde horretaz —eta horretaz bakar-bakarrik— ziur dakigu beren herritar gehienek ez dutela horietako inortxo ere Presidentetarako nahi.

 

                Ohore bat liteke, baina areago

                ikusle izatea egilea baino.

                Begira zer naizen ni, pertsona zintzoa,

                inork ez dit sekula ukatu botoa.

                Sekula gaitzetsi zein burlatu gabea,

                ahots batez ninteke ni Presidentea.

                Tira, egin ba txalo, menpeko guztiak,

                denak aditzeko prest ditut belarriak!

Jonathan Fomry.

 

Presidentzia, iz. Estatu Batuetako politika arloan zerri-harrapaketako zerri gantzutua.

 

Presiditu*, ad. Erabakiak hartzen dituen talde baten norabidea emaitza desiragarrira bideratu. Kazetarien mordoiloan, musika-tresna bat jo; adibidez, «hark presiditu zuen piccoloa».

 

                Titulugileak proba harturik eskuetan,

                leitu zuen serioski: «Eskualde honetan

                ez da sekula aditu antzeko musikarik,

                organoa presidituz Brownek joa lakorik.»

                Titulugileak proba bazterrean utzirik,

                airoso idatzi zuen luma presaka harturik:

                «Joaldi bikaina, Presidente Brownek emanik.»

Orpheus Bowen.

 

Prestu, izond. Irispide-ahalmenean ezintasunak joa. Legebiltzarretan kide guztiei esan ohi zaie prestu; adibidez, «halako jaun prestua zakur ustel bat da».

 

Prezio, iz. Balioa gehi arrazoizko kopuru bat, prezio hori eskatzeak sortzen dituen kontzientziako pena eta nekeak jasateko.

 

Primatu, iz. Eliza bateko burua, bereziki gogoz kontrako kontribuzioaz eusten zaion Estatu Eliza batekoa. Ingalaterrako Primatua Canterburyko Artzapezpikua da, bizirik dagoenean egoitza Lambetheko Jauregian izaten duen agure atsegina, eta hilda dagoenean, berriz, Westminster Abbeyn. Normalean hila izaten da.

 

Proba-zuzentzaile, iz. Gaizkile bat, zuk idatzitakoa ez-hanka-ez-buru duen zerbait bihurtu izanaren damua konposiziogileari testua ulertezin bihurtzen utziaz purgatzen duena.

 

Probidentzial, izond. Ustekabekoa eta nabarmenki onuragarria, horrela azaltzen duen pertsonarentzat.

 

Proboszi*, iz. Elefantearen organo garatu gabea, Eboluzioak orain arte sardexka-labanak ukatu dizkionez, horien ordez erabiltzen duena. Umorezko asmoak tarteko, tronpa esaten dio herri xeheak.

        Elefante bat bidaian abiatzekoa zela nola asmatzen zuen galdetu ziotenean, Jo. Miller ospetsuak bere tormentatzaileari zeharbegirada bat egin, eta erantzun zion, burua beste zerbaitetan zuela: «Atarian dagoenean», eta bere burua itsasora bota zuen labar batetik. Horrela hil zen bere loriaren gailurrean antzinako umoristarik handiena, gizateria negarretan urtzen utziaz! Titulu hori merezi duen jarraitzailerik ez da azaldu oraindik, nahiz eta Edward Bok jauna, The Ladies' Home Journal-ekoa, oso errespetatua den bere izaera garbi eta goxoagatik.

 

Puntu, iz. Bertsoak, maiz kaxkarrak, bukaeran duen hots berdintasuna. Bertsoa bera, hitz lautik bereizia, batik bat zozoa bada. Askotan (oker ordea) «phuntu» idazten da.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia