O

 

Obsesionatu*, ad. iz. bur. Izpiritu gaizto batek mendean hartua, Gadarako zerri talde hura eta beste kritikari batzuk, adibidez. Obsesioa gaur baino ohikoagoa zen garai batean. Arasthusek aipatzen du nekazari batek asteko egun bakoitzean deabru desberdina gorputzean sartua izaten zuela, eta igandean, berriz, bi. Maiz ikusten ziren, haren itzal bihurturik, bakarra sartua zuenean, baina herriko notarioak uxatu zituen azkenean, gizon santua baitzen; hala ere, nekazaria berekin eraman zuten, eta betiko ezkutatu zen, gizagaixoa. Reimseko Artzapezpikuak emakume baten baitatik uxatu zuen deabru batek kaleetan barrena ihes egin zuen, atzetik ehun lagun segika zituela, lurralde soilera iritsi zen arte, non elizdorrea baino jauzi handiagoa eginez txori baten baitan babestu baitzen. Cromwellen armadako kaperau batek deabruak hartutako soldadu bat exortzizatu zuen uretara botaz, eta orduan deabrua ur gainera atera zen. Soldadua ez, tamalez.

 

Ofentsibo, izond. Sentipen edo sentsazio desatseginak sortzen dituena, armada batek bere etsaiaren aurka aurrera egitean, adibidez.

        «Etsaiaren taktika ofentsiboa al zen?» galdetu zuen Erregeak.

        «Baietz esango nuke!» erantzun zuen jeneral garaituak. «Zerri horiek ez ziren ateratzen beren babeslekuetatik!»

 

Oharpen, iz. Errieta xumea, harakin-aizkorarekin edo ematen dena. Adiskidearen abisua.

 

                Lagunen oharpenez baitzen baliatu,

                arima behin betiko horrelaxe galdu.

Judibras.

 

Ohitura, iz. Libreentzako lokarria.

 

Oinezko, iz. Automobilarentzat errepidearen parte aldakorra (eta entzungarria).

 

Oinzola-jipoi, iz. Egur gainean ibiltzea, batere ahaleginik egin gabe.

 

Oker, iz. Lege hauste xumea, delitua baino duintasun txikiagokoa eta goi mailako gaizkileen artean sartzeko eskaeretan behar adinako pisurik ez duena.

 

                Okerren bidez igo nahi zuen krimenaren goi mailara.

                Gizagaixoa! Industri jaunek egin zioten algara,

                finantzetako Erregeek bota zuten azkar bazterrera,

                trenbidearen jabeek, berriz, hari barre muturrera,

                banku-lapurtzen hasi zen baina ez zen hain ongi atera,

                meritu aski egin baino lehen sartu zuten espetxera.

S.V. Hanipur.

 

Oleaginoso*, izond. Oliotsu, leuna, lustreatua.

        Disraelik behin Wilberforce Apezpikuaren estiloa «koipetsu, oleaginoso, xaboitsu» hitzez deskribatu zuen. Eta prelatu zintzoari harrezkero Sam Xaboitsua esaten zioten. Gizaki bakoitzarentzat bada hiztegietan bigarren azal baten gisa egokituko litzaiokeen hitzen bat. Etsaiei dagokie hitz hori aurkitzea.

 

Oliadura, iz. Gantzutzea, koipatzea. Azken oliaduraren erritoa hiltzeko zorian den norbaiten gorputzeko alde batzuk Apezpiku batek sagaratutako olioz ukitzean datza. Marburyk kontatzen du noble ingeles bati oliadura eman ondoren ohartu zirela olioa behar bezala sagaratu gabea zela eta besterik ez zegoela eskuratzerik. Hori gaixoari esan ziotenean, haserre esan omen zuen: «Orduan, deabruak eramaten ahal nau, hiltzen banaiz!»

        «Horren beldur gara,» esan zuen apaizak.

 

Olinpoko, izlag. Garai batean jainkoen bizileku izan zen Thesaliako mendi bati buruzkoa; gaur, berriz, turisten presentzia eta haien apetituaren lekuko diren egunkari horitu, garagardo botila eta sardina-pote zirtzilduak pilatzen diren lekua.

 

                Minervaren tenplua arbeltzat du hartu

                turistak, bere izena han zirriborratu,

                non trumoika ibili zen Olinpoko Zeus

                gaur turisten apeten hustuleku ezdeus.

Averil Joop.

 

On, izond. Idazle honen merituez ohartzen dena, andrea. Idazle horixe bakean uztearen abantailez ohartzen dena, jauna.

 

Onartezin, izond. Aintzat hartua izateko onargarritasunik gabea. Zinpekoen epaimahaiek zenbait kasutan aintzat ez hartzera behartuak direnean eta, horrenbestez, zinpekorik gabe dihardutenean ere epaileek baliogabetzen dituzten zenbait lekukotasuni buruz esaten da. Besteren lekukotasuna onartezina da, hitzen aipamena egiten zaion lekuko hori ez baitzen zinpean mintzo eta ez baitago epailearen aurrean galdeketa egin diezaioten; hala ere, garrantzi handieneko egintza gehienak bai arlo militarrekoak, bai komertzialekoak eta baita beste edozein motatakoak ere, besteren lekukotasuna oinarri hartuz gauzatzen dira. Ez da erlijiorik munduan besteren lekukotasunaz bestelako oinarririk duenik. Errebelazioa besteren lekukotasunean oinarritzen da, Eskriturak Jainkoaren hitza direla esaten diguten lekukoak aspaldi hilak dira; haien nortasuna ez dago batere argitua eta ez dago inondik ere frogatua zein zentzutan zin egin zuten. Gaur herrialde honetan dauden frogabideetarako arauen arabera, ez da Bibliako baieztapen bakar bat ere auzitegietan froga onargarri gisa hartzeko moduko oinarririk duenik. Ez dago frogatzerik Blenheimeko gudua sekula gertatu zenik, Julio Zesarrik izan zenik, Asiriako Inperioak existitu zuenik.

        Baina Auzitegietako aktak onargarriak direnez, aise froga daiteke garai batean izan zirela sorgin ahaltsu gaiztoak eta arrisku latza zirela gizateriarentzat. Emakume batzuk sorginkeriagatik kondenatu eta hiltzeko erabilitako frogak (aitorpena barne) akats gabeak ziren; oraindik ere aurkaezinak dira. Epaileek haietan oinarrituz hartutako erabakiak logika eta lege aldetik aurkaezinak ziren. Ez da sekula izan inolako auzitegitan ezer goitik beheraino frogatuagorik zenbaiti heriotza ekarri zioten sorginkeria-salaketak baino. Sorginik sekula izan ez bada, giza lekukotasunak eta giza arrazoibideak ez dute batere balio.

 

Ondore, iz. Desilusio mota berezi bat. Salbuespena arauaren berrespentzat hartzen duen adimenaren ustez egintza baten zuhurtzia ondorearen arabera juzkatu behar da. Hori txorakeria galanta da; egintza baten zuhurtzia egileak hura burutzean zuen argitasunaren arabera juzkatu behar da.

 

Ondorengotza, iz. Autore ospetsu baten garaikideen epaia hankazgoratzen duen apelazio auzitegia, apelatzailea bere lehiakide ezezaguna delarik.

 

Ondorio, iz. Beti elkarrekin ordena berean gertatzen diren bi fenomenoetako bigarrena. Lehenbizikoa, Kausa deritzana, izaten omen da bigarrena sortzen duena... eta, hala ere, zakurra untxiari segika baizik ikusi ez zukeenak untxia zakurraren kausa dela esateak adina zorroztasun erakutsiko luke.

 

Ongile, iz. Esker txarra handizka erosten duena, hala ere, prezioan eragin handirik gabe, oraindik guztien erospidean baitago.

 

Opera*, iz. Beste mundu bateko bizimodua irudikatzen duen antzerkia. Mundu horretan biztanleek ez dute hitz egiten, kantatu baizik, mugitu ordez imintzioak egiten dituzte, ez dute posturarik, jarrerak baizik. Antzezpen oro da simulazio eta «simulazio» hitza simia hitzetik dator, tximino-tik alegia. Baina operan aktorearentzat eredua simia audibilis da (edo Pithecanthropos stentor), tximino oihukalaria, alegia.

 

                Aktoreak, tankeran gizonaren histak egiten ditu;

                opera egiten duenarentzat tximinoa da hista-eredu.

 

Opiazeo, iz. Norberaren barreneko presondegian dagoen ate irekia. Kartzelako patiora ematen du.

 

Oposizio*, iz. Politikan, Gobernuari txikizio hiltzaileetara jotzea galarazten dion alderdia, zangotrabaketaren bidez.

        Ghargarooko Erregeak, gobernatzearen zientzia ikasteko atzerrian ibiliak, bere menpeko lodienetakoen artetik ehun izendatu zituen parlamentario, zerga-bilketarako legeak egiteko. Horietako berrogei Oposizioko Alderdikide izendatu zituen eta bere Lehen Ministroari agindu zion haiei erakusteko erregearen edozein erabakiri aurka egiteko eginbeharra. Hala ere, lehenbizi aurkeztutako proposamena aho batez onartu zen. Oso haserre, Erregek betoa ezarri zion, eta ohartarazi zion Oposizioari bere egoskorkeria larrutik ordainduko zuela berriro gauza bera egiten bazuen. Berrogeiek, berehala, hesteak eguzkitara ateraz hil zuten bere burua.

        «Zer egingo dugu orain?» galdetu zuen Erregek. «Instituzio liberalek ezin dute aurrera egin Oposizioko alderdirik gabe.»

        «Unibertsoa handia da,» erantzun zuen lehen Ministroak, «egia da ilunpetako zakur jendeok beren kredentzialak gabe geratu direla, baina dena ez da galdua. Utzi kontu hau zizare honen esku.»

        Hala, Ministroak bere Maiestatearen Oposiziokoen gorpuak baltsamatu eta lastoz betearazi, beren lehengo botere aulkietan jarri eta bertan iltzez josiarazi zituen. Harrezkero, erabaki bakoitzaren aurka berrogei boto biltzen ziren, eta nazioak aurrera egin zuen. Baina egun batean, karatxoen gaineko zerga bat ezetsia izan zen... Gobernuko alderdikideak ez baitzeuden beren aulkietan iltzaturik! Gertaera horrek halako haserrea eragin zion Erregeri, non Lehen Ministroari heriotza ezarri baitzion, parlamentua artilleri bateria batez desegin, eta hortxe izan zuen bukaera Ghargarooko herriaren, herriaren bidezko eta herriarentzako Gobernuak.

 

Orain, iz. Desilusiorako lurraldeak itxaropenaren erresumatik bereizten dituen eternitatearen partea.

 

Oratoria, iz. Hitzaren eta egintzaren arteko konspirazioa, ulermenari ziria sartzeko. Takigrafiak bere neurrira eratzen duen tirania.

 

Ordain, iz. Oker baten kalteordain gisa ematen den asebidea, eta okerra egitean sentitutako asetasunari kendu behar zaiona.

 

Ordain emate, iz. Okerraren ordaina bai baina asetasunik ez ematea.

        Anglosaxoien artean Erregeak oker egin ziola zioen gizon bati, jasandako laidoa frogatzeko, errege laidotzailearen brontzezko irudi bat makilatzeko aukera ematen zioten, eta gero bizkarra berotzen zioten makila harexekin. Erritoaren azken zati hori borrero publikoari uzten zitzaion. Hori egiteak nolabaiteko moderazioa bermatzen zuen, demandagileak egiten baitzuen makila-aukera.

 

Ordainsari*, iz. Su eta sufrezko euria, zintzo eta gaiztoen gainean berdin erortzen dena haietatik babesteko lekua bilatzeaz arduratu ez direnean.

        Hurrengo lerroetan, Aita Gassalasca Jape poeta agurgarria erbestean zegoen Enperadore bati mintzo, badirudi aurpegiratzen diola Ordainsaria ematetik iheska ibiltzea kontu garbiketa egitean.

 

                Oi! Dom Pedro, itzuli nahi duzu etxera

                zure egunak Brasilen lasai bukatzera?

                Nola zaude seguru hala izango dela?

                Ez da denbora asko urduri zinela,

                menpekoek, juxtutik, zintzurretik heldu

                eta ez zintuztela han bertan garbitu.

                Inperioak dira esker txarrekoak,

                Errepublikak ote seguruagoak?

 

Ordena ikurrak*, iz. pl. Antzinako eta ohorezko zenbait Ordenaren intsignia, pitxi eta janzki bereizgarriak, esate baterako honako hauenak: Adanen Zaldunak, Txorakeria Atsegingarriaren Ameslariak; Troglodita Modernoen Antzinako Ordena; Txantxa Santuaren Liga; Falangisten Urrezko Falangea; Alproja Damutuen Elkarte Abegitsua; Ordenakide Zoragarrien Itun Mistikoa; Zakur Horiaren Zaldun eta Andereak; Mendebaldeko Semeen Ekialdeko Ordena; Gai Jasanezinaren Hitzontziak; Arku Luzeko Gerrariak; Adarkizko Koilare Handiaren Zaindariak; Astakirtenen Banda; Emazte-egurtzaile Damugabeen Ordena; Nabarmen Gartsuen Legio Bikaina; Erlikiontzi Zilarkararen Gurtzaileak; Irisgaitz Distiratsuak; Atzaparkada Berdingaitzaren Kilikilariak; Hegazterren Zabalduaren Jenizariak; Tenplu Magikoaren Hazikin Lumatuak; Oingeldiko Ahaldunen Kabala Handia; Gurinaren Salerosketako Jainkojendearen Elkartea; Traketsen Lorategia; Karatxo Berdintsuekiko Gizonen Anaitasun Bihozbera; Durduzatzaile Distiratsuak; Laborriaren Andereak; Ospegoseen Lankidetza Elkartea; Edengo Dukeak; Fede Ezkutuaren Dizipulu Militanteak; Atezakurraren Zaldun Garaileak; Artalde Santua; Baikor Kementsuak; Zerri Abegitxarraren Anaidi Zaharra; Gezurteriarako Errege Elkarretaratuak; Ur beltz Mistikoen Duke Zaindariak; Gailentzearen Prebentziorako Elkartea; Zurrutaren Erregeak; Jaundotoreen Federazio Ongihezia; Pergamino Dekodeezinaren Ordena Misteriotsua; Merezimendu eta Gosearen Erregeak; Hegoaldeko Izarraren Semeak; Kupela eta Ezpataren Apezpikuak.

 

Oroahaldun, iz. Ahalmen guztia duena. Ministro oroahalduna ahalmenak oro dituen ministroa da, horiek ez baliatzeko baldintzapean.

 

Oroitarri, iz. Oroimenera ekartzerik merezi ez duen edo oroitzerik ez dagoen zerbait oroitarazteko egitura.

 

                Agamenonen hezurrak ikuskizun dira,

                eta haren oroitarria hondakin,

 

baina Agamenonen ospeak ez du, ondorioz, behera egin. Oroitarrien ohiturak baditu bere reductiones ad absurdum-ak, «hildako ezezagunari» egindako oroitarriak, adibidez... oroitzapenik utzi ez dutenen oroitzapenak iraunarazteko oroitarriak alegia.

 

Oroitu, ad. Batek lehen ez zekiena emendioekin gogora ekarri.

 

Ortodoxo, iz. Erlijio onartuaren uztarria daraman idia.

 

Ortografia, iz. Belarriarekin egin beharrean begiarekin hitzak zatitzeko zientzia. Eroetxeetatik ihes egindakoek argitasun baino suhartasun gehiagoz defendatua. Chaucerren denboretatik zenbait kontzesio egin behar izan dituzte haren aldekoek, baina horrek ez ditu defentsiban jarri etorkizunean egin beharko dituztenen aurrean.

 

                Ortografia-arauen eraberritzailea

                bere aurrera deiturik, lehenik epailea

                patxadan eseri, eta esan zuen. «Asqui da,»

                «Choro honen çuçiari khen bequio arguia,

                ez daquiola seculan çuri honi hilhobia.»

 

Orubezale*, iz. Dennis Kearneyren ikuspegi politikoari atxikitako animalia ugaztun ornoduna; Kearney San Frantziskoko demagogo ospetsu bat izan zen, entzuleak hiriko orubeetan biltzen zituena. Bere espezieko tradizioarekin fidela izaki, proletargoaren lider hura lege-eta-ordenaren aldeko bere etsaiek erosi zuten, eta isiltasun onuragarrian bizi izan zen eta aberastasun porrokatuan hil. Baina bere traizioa baino lehen, Kaliforniari ezarri zion konstituzioa solezismoz jositako idazki traketsa zen benetan. «Orubezale» hitzak «orobeherazale» hitzarekin duen antza problematikoki adierazgarria da, baina dudarik gabe iradokitzailea.

 

Ospetsu, izond. Nabarmenki urrikalgarria.

 

                Begira gerrenerako sortu zen gaixoari,

                ospetsu izan nahi zuen, bestela ezin etsi.

                Bai, horren gerrenak badu urre geruza, noski,

                berorren txigorraldiak nork ez ditu miretsi?

Hassan Brubuddy.

 

Ostatari, iz. Kazetaritzako Hirutasun atsegingarriaren bigarren pertsonaren izen ez hain erabilia. Honela osatzen da: Logelaria, Ohelaria eta Otordularia.

 

Ostra, iz. Maskor lingirdatsu eta aho handikoa, zeina hesteak bota gabe jateko ausardia ematen dien zibilizazioak gizakiei.

 

Ostruka, iz. Hegazti handi bat, (bere bekatuengatik dudarik gabe) naturak ukatu diona atzeko hatz lodia, non hainbat naturalista bihotz onekok ikusi duten asmo gaizto baten froga nabarmena. Hegal pare egoki baten falta ez da akatsa; izan ere, zorrozki adierazi izan denez, ostrukak ez du hegan egiten.

 

Otoitz egin, ad. Unibertsoaren legeak bakar baten erreguengatik bere alde aldatzeko eskatu, merezi ez duela erregutzaileak berak aitorturik.

 

Ozeano*, iz. Gizakiarentzat egindako mundu baten hiru laurdenak betetzen dituen ur masa... eta gizakiak zakatzik ez izaki.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia