N

 

Nabarmenkeria, iz. Ohore publikoen peskizan norberaren lehiakideak duen ospea. Opera komikoko agertokirako Jakoben eskailera, gora eta behera dabiltzan aingeruz hornitua.

 

Nagikeria, iz. Behe mailako pertsonak zilegi ez duen atseden jarrera.

 

Naturaltasun, iz. Emakumeek ar mireslearen gaineko ikasketa luze eta praktika zorrotzen ondoren lortzen duten nolabaiteko dohain liluragarria. Arrak pozik pentsatzen du dohain horrek bere ume koxkorraren sinpletasun xaloaren antza duela.

 

Nektar, iz. Olinpoko jainkoen oturuntzetan zerbitzatzen zen edaria. Prestatzeko sekretua galdua da, baina gaurko kentuckyarrek haren osagai nagusia zer zen jakitetik hurbil direla uste dute.

 

                Junok edan zuen nektarra,

                ez zion txaldartu kazkarra,

                Junok edan zuen whiskya

                akabo haren zuhurtzia.

J. G.

 

Nepotismo, iz. Norberaren amonari kargu bat ematea alderdiaren onerako.

 

Neskatxa, iz. Sexu desleialeko pertsona gaztea, jokabide asmagaitzerako eta krimenerainoko eromena sor lezaketen ikuspegietarako jaidura duena. Espezie honek hedapen geografiko zabala du, bilatzen den alde orotan aurkitzen da eta aurkitzen den alde orotan damuarazten du. Neskatxa ez da, oro har, begirako desatsegina, ez eta (bere piano eta iritzirik gabe) belarrirako jasanezina ere, nahiz eta ez den urrutitik ere ortzadarra bezain eder eta, entzungarria duen aldeari dagokionez, kanarioarekin inondik ere lehiatzerik ez duen... eta, gainera, kanarioa eramangarriagoa da.

 

                Neskatxa maitasun kexuz ari

                zen ahaire goxo hau kantari:

                «Hau da maite dudan futbolari

                gihartsu denaren ohoretan,

                aspaldi-aspalditik kapitan

                behar baitzuen harexek izan!

                Eta garaileen taula gainean

                distiratsu erregeen gisan

                kixkaliko baita beti... nigan!»

Opoline Jones.

 

Newtondar, iz. Newtonek sortutako Unibertsoaren filosofiari dagokiona, deskubritu baitzuen sagarra zuhaitzetik lurrera erortzen zela, nahiz ez gauza izan zergatik esateko. Haren jarraitzaile eta ikasleek aurrerapen izugarria egin dute: gai dira noiz eroriko den esateko.

 

Ni. Alfabetoko lehen letra, hizkuntzako lehen hitza, adimenaren lehen pentsamendua eta maitasunaren lehen xedea. Gramatikan, lehen pertsonaren izenordaina da, eta numeroz singularra. Plurala gu dela esan ohi da, baina ni bat baino gehiago nolatan izan daitezkeen argiago dago gramatikarientzat hiztegi paregabe honen egilearentzat baino. Bi ni-ren ideia zaila da, baina fina. Ni graziaz erabiltzeak bereizten ditu idazle ona eta txarra; azken horrek lapurrak bere harrapakina bezala ezkutuan eraman ohi du.

 

Nihilista*, iz. Tolstoiz gainerako guztiaren existentzia ukatzen duen errusiarra. Eskola honen burua Tolstoi da.

 

Nire, izord. Nire jabetzakoa, hartu edo harrapatzea lortuz gero.

 

Niri*, izord. Ni-ren kasu aurkagarria. Izenordain pertsonalak ingelesez hiru kasu ditu, menpekoa, aurkagarria eta jasalea. Bakoitza hirurak da.

 

Nirvana, iz. Erlijio budistan zuhurrei saritzat ematen zaien ezerezte atsegineko egoera, bereziki ideia hori ulertzeko bezain argiak badira.

 

Noble, iz. Gizartearen goi maila eta bizimodu goitarra jasan nahi duten amerikarrentzat Naturak ematen duen sorkaria.

 

Noumeno*, iz. Izatea duena. Ez da nahastu behar izatearen itxura besterik ez duenarekin, horri fenomenoa deitzen baitzaio. Noumenoa zail samarra da harrapatzen; arrazoituz baizik ez daiteke atzeman... eta hori fenomeno bat da, izan ere. Hala ere, noumenoen aurkikuntzak eta agertarazpenak aukera zabala ematen dute, Lewisek «pentsamendu filosofikoaren aniztasun eta aztoramen amaigabea» deitzen duenerako. Gora (beraz) noumenoa!

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia